Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren esparruan arau-hausteen berri emateko eta informatzaileak babesteko barneko informazio-sistema
- Testuingurua, xedea eta elementuak
- Zeri buruzko informazioa eman daiteke eta nork eman dezake?
- Irisgarritasuna, konfidentzialtasuna eta arduradunaren funtzioak
- Prozedura
- Babes-baldintzak eta informazio osagarria
Testuingurua, xedea eta elementuak
Testuingurua
EB 2019/1937 Zuzentarauan eta horren transposizioa egiten duen legean aurreikusitakoa betez, 2023ko ekainaren 13an, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren
esparruan arau-hausteen berri emateko eta informatzaileak babesteko barneko informazio-sistema sortu eta arautzen duen Dekretua.
Laster argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, euskal gizarteak horren berri izan dezan. Halaber, horren berri emango da Euskadi.eus, IREKIA eta egoki iritzitako beste hedabide batzuen bidez.
Dekretuaren xedea
Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan arau-hausteei buruzko informazioa emateko eta informatzaileak babesteko barne-sistema eratzen da, Arau-hausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonak babesteko 2023ko otsailaren 20ko 2/2023 Legearen II. tituluan aurreikusitako baldintzetan.
Xedapenaren helburua da informazioaren edo komunikazioaren kultura bultzatzea eta indartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren eremu funtzionalean interes publikoaren aurkako mehatxuak prebenitzeko eta detektatzeko mekanismo gisa, betiere erakundeen eta haiek osatzen dituzten pertsonen integritatea bilatuz.
Barneko informazio-sistema osatzen duten elementuak
- Barneko komunikazio-kanala
- Sistemaren arduraduna
- Barneko kanalaren bidez aurkeztutako informazioak kudeatzeko prozedura
Zeri buruzko informazioa eman daiteke eta nork eman dezake?
Zeri buruzko informazioa eman daiteke?
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan integratutako entitate eta antolakundeetan gertatutako ekintzei edo ez-egiteei buruzko informazioa, baldin eta arau-hauste penal edo administratibo astun edo oso astun gisa har badaitezke edo, hala badagokio, Europar Batasuneko Zuzenbidearen arau-hauste gisa har badaitezke, Arauhausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonak babesteko 2023ko otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 2. artikuluan ezarritako baldintzetan, kasuan kasuko jakinarazpena egiten duten pertsonen ukigabetasuna bermatzen eta babesten duen esparru batean.
Nork eman diezaioke informazioa Sistemari?
Bai sektore pribatuan bai publikoan lan egiten duten pertsona fisikoek, baldin eta arau-hauste horiei buruzko informazioa lortu badute lan- edo lanbide-testuinguru batean, eta informazio horrek Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeei eragiten badie. 2/2023 Legearen 3.1 artikuluan zehazten direnek:
- Langile publikoak.
- Besteren konturako langileak.
- Autonomoak.
- Akziodunak, partaideak eta enpresa bateko administrazio-, zuzendaritza- edo ikuskapen-organoko kideak, kide ez-exekutiboak barne.
- Kontratisten, azpikontratisten eta hornitzaileen ikuskaritzapean edo zuzendaritzapean lan egiten duen edozein pertsona.
Halaber, sistemak babesten ditu, amaitutako lan- edo estatutu-harreman baten esparruan lortutako arau hausteei buruzko informazioa jakinarazten duten pertsonak, boluntariotza-araubideko pertsonak, bekadunak, prestakuntza-aldian dauden langileak, ordainsaria jaso zein ez jaso, bai eta funtzionario edo lan-harremana hasi gabe duten langileak ere, baldin eta arau-hausteei buruzko informazioa hautaketa-prozesuan zehar lortu bada.
Irisgarritasuna
Komunikazioak idatziz edo ahoz aurkeztu ahal izango dira, ezarritako egoitzan aurrez aurreko bilera eginda, posta bidez, edo horretarako prestatutako edozein bitarteko elektronikoren bitartez, edo telefonoz edo ahots-mezularitzaren bidez.
Konfidentzialtasuna
Barneko informazio-kanalera helarazitako komunikazioak aurkezten diren unetik aurrera
kudeatuko dira, konfidentzialtasun zorrotzeko araubide baten pean. Araubide horrek informatzailearen anonimotasuna, eta hala dagokionean, nortasuna eta harekin lotutako gainerako datuak babestuko ditu beti, bai eta komunikazioa aurkezteko inguruabarrak ere, eta azaldutako egitateetan aipatzen direnei ez zaizkie inola ere jakinaraziko.
Konfidentzialtasun-araubide bera aplikatuko zaie komunikazioan aipatutako hirugarren guztiei eta komunikazioak ukitutako pertsonari.
Barne-kanalaren aurrean aurkeztutako informazioak kudeatzean konfidentzialtasuna hautsiz gero, horrek ordenamenduaren ez-betetze larria ekarriko du, eta, horrenbestez, dagozkion
administrazio-erantzukizunak exijituko zaizkie egileei.
Nor da barneko sistemaren arduraduna eta zer egiten du?
Barneko sistemaren arduraduna barneko kanalaren funtzionamenduaz eta jakinarazitako arau-hausteak jasotzeko, izapidetzeko eta ikertzeko prozedurak babesteko eta kudeatzeko neurriak hartzeaz arduratuko da. Bere eginkizunak modu independentean beteko ditu, eta ezingo du inolako jarraibiderik jaso bere jardunean.
Arduraduna barneko informazio-sistema hau atxikita dagoen sailari atxikita geratuko da, baina haren egitura hierarkikoan sartu gabe, eta autonomia hierarkiko eta funtzional osoa izango du.
Zuzendari-mailarekin parekatutako maila edo kategoria duen Kargu bat izango da, eta Gobernu Kontseiluak izendatuko du, Zuzenbidean eta Administrazio Publikoaren Antolaketan espezializatutako ezagutzak kontuan hartuta, sei urterako, luzaezina den aldi baterako. Izendapen-aldian zehar bere eginkizunak betetzen dituen bitartean, ezin izango da lekuz aldatu, baldin uko egiten ez badio edo bere eginkizunak betetzean dolu edo zabarkeria larria egiten ez badu.
Laster, Gobernu Kontseiluak haren izendapenari ekingo dio.
Barneko kanalaren bidez aurkeztutako informazioak kudeatzeko prozedura
Erregistroa
Barne-kanal horren aurrean formulatutako informazio guztiak, aurkezteko formatua edozein dela ere, behar bezala erregistratuko dira, eta bertan jasoko dira horiek kudeatzeko oinarrizko mugarriak. Tresna horrek erabateko konfidentzialtasuna gordeko du beti, eta sistemaren arduradunak eta bere bulegoko langileek soilik izango dute sarbidea.
Aurkeztutako komunikazioa jaso izanaren agiria
Aurkeztutako komunikazioa jaso izanaren agiria bidaliko zaio informatzaileari. Komunikazio hori ez bada bitarteko elektronikoen bidez egiten –bitarteko elektronikoen bidez, jaso izanaren agiria berehala bidaltzen da–, komunikazioa jaso eta gehienez ere zazpi egun naturaleko epean formalizatuko da, baldin eta horrek ez duen arriskuan jartzen konfidentzialtasuna.
Komunikazioa baloratzeko aurretiazko prozesua: Komunikazioan azaldutako gertakariak edo jokabideak baldintzekin bat datozen egiaztatuko da, eta alderdiren bat osatu behar dela ikusiz gero, informatzaileari informazio osagarria eskatu ahal izango zaio.
Egin beharreko balorazioak egin ondoren, sistemaren arduradunak uste badu aurkeztutako informazioak ez dituela betetzen Legeak eta dekretuak eskatutako baldintzak edo betekizunak, hala izapidetzeko nola beharrezko ikerketa behar bezala garatzeko, artxibatu egingo du.
Honako egoeretako edozein gertatzen denean, sistemaren arduradunak onartezintzat joko ditu komunikazioa eta haren izapidetzea; horrenbestez, artxibatu egingo du, eta informatzaileari horren berri emango dio aurkeztu eta bost eguneko epean: Kontatutako gertaerek inolako egiantzik ez dutenean; Komunikazioak argi eta garbi oinarririk ez duenean edo, sistemaren arduradunaren iritziz, delitu bat eginez lortu dela pentsatzeko arrazoizko zantzuak daudenean (kasu horretan, ez onartzeaz gain, delitutzat jotzen diren gertaeren zerrenda zehatza igorriko zaio Fiskaltzari); Komunikazioak arau-hausteei buruzko informazio berri eta esanguratsurik ez duenean, aurreko komunikazio batekin alderatuta, zeinari buruzko prozedurak amaitu diren, salbu eta bestelako segimendu bat justifikatzen duten gertakari edo zuzenbideko inguruabar berriak gertatzen direnean.
Ikerketa fasea
Balorazio prozesua amaitu ondoren, berehala ekingo zaio informazioan jasotako gertaerak ikertzeari eta egiaztatzeari. Horretarako, inplikaturiko organo edo erakundeetako arduradunengana joko du, informazioa benetakoa den egiaztatzeko.
Komunikazioan jasotako gertaerak, zantzuen arabera, delitua izan badaitezke, berehala bidaliko dio informazioa Ministerio Fiskalari, eta amaitutzat emango du bere jarduna. Horren berri emango die informatzaileari eta ukitutako organismo edo erakundea atxikita dagoen saileko sailburuari, bai eta barneko informazio-sistema atxikita dagoen saileko sailburuari ere.
Informazioan jasotako gertaerak ikertzeko eta egiaztatzeko jarduketak ukitutako pertsonen errugabetasun-presuntzioa eta ohorea ahalik eta begirune eta errespeturik handienarekin gordez garatuko dira, bai eta datu pertsonalak babesteari buruzko legezko xedapenak betez ere.
Era berean, ukitutako pertsonak eskubidea izango du egozten zaizkion ekintzen edo ez-egiteen berri izateko eta edozein unetan eta xedatzen den denboran eta moduan entzuna izateko.
Sistemaren arduradunak edo haren bulegoko edozein kidek, berezkoak dituzten ikerketa-zereginetan ari direla, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko administrazio, organismo edo erakundeen titularrei edo arduradunei errekerimendua eginez gero, albait lasterren eta ahalik eta prestutasun handienarekin erantzun beharko diete eskaerei.
Izapideak amaitzea
Aurkeztutako informazioaren berri emateko eskatzen diren ikerketa-jarduketei erantzuteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, informazioa jasotzen denetik zenbatzen hasita. Informazioak ukitutako kasuak bereziki konplexuak badira, epe hori beste hiru hilabetez luzatu ahal izango da, informatzaileari behar bezala arrazoituz jakinarazita.
Arau-hauste administratiborik ez dagoela ondorioztatzen bada, sistemaren arduradunak espedientea artxibatuko du eta emandako informazioari buruzko datu pertsonalak berehala ezabatuko ditu.
Ikerketa amaitu ondoren ikusten bada, zantzuen arabera, delitua egon daitekeela, sistemaren arduradunak informazioa eta ikertutako egitateak bidaliko dizkio Ministerio Fiskalari, eta amaitutzat emango du bere jarduna. Horren berri emango dio ukitutako organismo edo erakundea atxikita dagoen saileko sailburuari, bai eta barneko informazio-sistema atxikita dagoen saileko sailburuari ere, hargatik behar den erreserba eragotzi gabe, jardun horiei buruzko sekretu-adierazpen judiziala egingo balitz.
Arau-hauste administratiboa egon daitekeela ondorioztatuz gero, sistemaren arduradunak idatzi bat helaraziko dio inplikaturiko organismoa edo erakundea atxikita dagoen saileko sailburu titularrari. Idazki horretan, ikerketaren ondorioak azalduko ditu, eta hautemandako arau-hausteak zuzentzeko eta dagozkion erantzukizunak argitzeko beharrezkoak diren jarduketak hasteko eskatuko du.
Jakinarazi zaizkion informazioei dagokienez arau-hausteen berri emateko eta informatzaileak babesteko barne-sistemaren arduradunak hartu dituen erabakien aurka ezin izango da errekurtsorik jarri administrazio-bidean, ez eta administrazioarekiko auzien bidean ere, Arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzeko eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko
otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 13.5 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Babes-baldintzak eta informazio osagarria
Arau-hausteei buruzko informazioa dekretu honetan ezarritakoaren arabera jakinarazten edo ezagutzera ematen duten pertsonek eskubidea izango dute erabateko ukigabetasuna atxikitzeko eta, horretarako, arau-hausteei buruzko informazioa emateko eta informatzaileak babesteko dekretu honen bidez arautzen den barne-sistemaren esparruan, behar diren laguntza- eta babes-neurriak jasotzeko, jasan ditzaketen errepresalien aurka, 2/2023 Legean jasotako baldintzetan. Neurri horiek honako hauei ere aplikagarri izango zaizkie:
- Langileen legezko ordezkariak, informatzaileari aholkuak eta laguntza emateko eginkizunak betetzen ari direnean.
- Informatzailearekin harremana duten eta errepresaliak jasan ditzaketen pertsona fisikoak.
- Informatzaileak zerbitzuak ematen dituen antolakundearen esparruan, prozesuan hari laguntza ematen dioten pertsona fisikoak.
- Informatzaileak ugazaba dituen pertsona juridikoak, edo berarekin lan-testuinguru batean bestelako edozein harreman duten pertsona juridikoak, edo beraren partaidetza esanguratsua dutenak.
Informazio osagarria
Azken aldaketako data: