Arte eta Kultura
Ondare kulturala
Idiakaitzeko (Irikaitz) arkeologi aztarnategia 1996an aurkitu zuten Azpeitiko Antxieta Jakintza taldeko kideek Urola ibaiaren alboko mendi-hegal batean.
Zestoako erdigunearen eta bainuetxe ezagunaren artean dago, aire zabalean, Zumarraga eta Zumaia lotzen zituen antzinako trenbidearen ondoan. Aztarnategia garrantzitsua da oso, historiaurreko industria litikoaren aztarnak aurkitu baitituzte bertan, oso egoera onean gainera. Bost maila ezberdin topatu dituzte; horietako bat Behe-Paleolitoari dagokio. Horrek berebiziko garrantzia du, Euskadin aurkitutako bakanetakoa eta Gipuzkoako bakarra baita. Guztira, 400 bat pieza sailkatu dituzte.
Adituen ustez, gizakiek egin eta aztarnategia dagoen lekuan utzi zituzten duela milaka urte. Urtero, uda garaian, indusketak egiten dira inguru honetan.
Arkeologia-aztarnategia