Hasiera: Traslaviña
Helmuga: Gallarta
Burdin Mendien Bide Berdeen sarea Enkarterriko eta Ezkerraldeko Bide Berdeak lotzeko sortu da. Traslaviñako tren-geltokian emango diogu hasiera gure ibilbideari. Bide Berde honetako puntu kilometrikoak, 0 eta 29 artekoak hain zuzen ere, Blas de Otero, Federico Garcia Lorca, Octavio Paz, Miguel Hernandez, Violeta Parra edo Antonio Machadoren zitaz markatuta daude.
Kolitza ibaiaren bideari jarraituta, eta bi tunel, burdinola zahar bat eta minerala kargatzeko gune bat atzean utzita, Olabarrieta auzora iritsiko gara. Kontrako ibaiertzean beste burdinola bat eta minerala kargatzeko gune zahar bat ikusi ahalko ditugu. Apur batean Bide Berdetik irtengo gara, orain 2.000 urte baino gehiago erabiltzen ziren burdinola gehiago ikusteko. Castaño auzoraino, basoa (sai zuriaren bizitokia, alegia) izango dugu lagun. Bertan Catalina meategia eta Los Herreros tunela nabarmendu behar dira, eta El Alisal atsedenlekuan geldialdia egin ahalko dugu.
Tunel bat zeharkatu eta Pilarreko baseliza atzean utziko dugu Sopuerta Abentura deritzon zentrora heltzeko. Ondoren Jarralta presaren kargatzeko gunea ikusiko dugu, eta Arenao auzora iritsiko gara. Egurrezko pasabideek eta tunel txiki batek Atxuriagaraino gidatuko gaituzte. Auzo horretan Sestao-Galdames eta Castro-Traslaviña trenen bideak gurutzatu egiten ziren. Gainera, atsedenleku bat ere aurkituko dugu, eta antzina meatzarien herrixka bat zegoen bertan; gaur egun, aldiz, urtegi bat dago. Hurrengo kilometroetan, Cerco auzoraino, tunelak eta kolore berdea izango dira protagonista nagusi.
Handik gutxira, Bide Berdea utziko dugu El Pobaleko Burdinola, Peñas Negras Ingurumen Interpretazioko Zentroa eta Zugastieta bisitatzeko. Eta Trianoko mendietatik txangoa ere egin ahalko dugu. Berriz Bide Berdeari helduko diogu, eta Gallartan egingo dugu hurrengo geldialdia. Udalerri horrek Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa eta Concha meatzea ditu nabarmentzekoen artean, besteak beste.
Gainera, ibilbideari jarraituta Arena hondartzaren bista ikusgarriez gozatzeko abagunea izango dugu. Borja meatzearen zamatzeko gunea, Sobaco tunela, Cotorrioko aterpetxea, Sestao eta Galdames lotzen zituen trenaren ibilbidearen 11. kilometroan dagoen zamatzeko gunea eta atsedenleku bat (Olabarrietako geltokiaren ondo-ondoan) ere ikusiko ditugu.