Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

ESEP Marko Orokorra eta dokumentu nagusiak

ESEP - Euskara Sustatzeko Ekintza Plana

Euskararen Aholku Batzordeak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) onetsi zuen 1998ko ekainean, eta plan hori bere egin zuen Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak hilabete bat geroago.

Euskara 21 izeneko gogoeta-prozesua mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak finkatzera etorri zen geroago, 2008-2009an hain zuzen ere. Gizartearen parte-hartze zabala izan zuen prozesu hark, eta, beste batzuen artean, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren berrikuspena ekarri zuen, hain zuzen ere, lanabes baliotsu hori XXI. mende hasierari begira findu eta egokitzeko.

2009an, Eusko Legebiltzarrak, legez besteko proposamen bat tarteko, bere onarpena eman zion Euskara 21 prozesuaren emaitzari, hizkuntza politikaren alorrean oinarrizko kontsentsuak sendotzen ari izatearen seinale. Emaitza «Itun berritu baterantz» dokumentuan bilduta dago.

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) berrikusteko bidean sortu zen Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP), Euskararen Aholku Batzordearen hilabeteetako lanaren ondoren.

Hona hemen onartutako testua:

Euskara sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) (PDF, 530 KB)

Euskara 21 egitasmoan osatutako txostenak:

Euskara 21 prozesuaren emaitzak «Itun berritu baterantz» txostenean jaso ziren. Ondorio praktiko nagusia honako hau izan zen: Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) berrikusi eta eguneratzea.

Agindu hori betetzeko xedez, EBPN berrikusteko bidean, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskararen egoerari eta bilakaerari buruzko txostena aurkeztu zuen 2011ko apirilean, 101 adierazlez osatua. Eusko Jaurlaritzak plan berri bat diseinatu zuen Euskararen Aholku Batzordearekin batera: Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP).

Handik hona, gero eta gehiago izan dira euskara sustatzeko ekintza planak abian jarri dituzten udalerriak; une honetan, udalen %82k onartua dauka plana, eta, datu hori eskuetan, esan dezakegu ESEP EAEko biztanleriaren %98ra iristen dela; beraz, 2.100.000 laguni baino gehiagori eragiten diete planek.

Azken batean, han eta hemen antolatu diren jarduera eta ekimen horiei esker euskarak bide berriak urratu ditu arnasa ematen dioten esparru gehienetan; hori guzti hori, euskararen erabileraren alde, hizkuntza ofizialen benetako berdintasunaren mesedetan eta gizartearen beraren bizikidetza hobetzeari begira.