Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 12koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Vitoria-Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana (MIEPP).

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 103
  • Hurrenkera-zk.: 2327
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/05/12
  • Argitaratze-data: 2022/05/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2022ko martxoaren 10ean, Vitoria-Gasteizko Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, 2021-2025 aldirako Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egin zedin, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua aplikatuta, 2022ko martxoaren 11n, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Vitoria-Gasteizko Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, legearen helburua da ingurumenean efektu nabarmenak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Vitoria-Gasteizko Udalaren arabera, 2021-2025 aldirako Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela ondorio esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenerako ondorio esanguratsuak ekar ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. 2021-2025 aldirako Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, baldintza hauen arabera:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren lehen bertsioa 2007an sortu zuten, eta jasotzen zituen jarduerak eta estrategiak XXI. mendeko Gasteizen jasangarritasun-printzipioen araberako mugikortasuna garatzeko. Igaro diren urte guztien ondoren, Vitoria-Gasteizko Udalak beharrezkotzat jo du plana berrikustea eta egokitzea, Gasteizko errealitate berrira egokitzeko, gizarteari, hirigintzari, ekonomiari eta mugikortasunari dagokienez.

    Planak, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 2019ko otsailaren 21eko 4/2019 Legeak ezartzen dituen edukiei eta betebeharrei erantzuten die. Izan ere, lege horren helburuen artean dago mugikortasun arrazionalagoa eta jasangarriagoa sustatzea mugikortasun jasangarriko planak ezarriz (24. artikulua).

    Planaren eremua, funtsean, Gasteizko hirigunea da, nahiz eta jarduketa batzuek eragiten dieten udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeei; adibidez, kontzejuetarako BUX zerbitzua berrikustea, baina, nolanahi ere, jarduketa horrek ez dakar lurzoruari eragiten dion egiturazko neurririk.

    Planaren edukiari dagokionez, honako atal hauek landu dira:

    Gaur egungo egoeraren diagnosia.

    Esparru estrategikoa.

    Planaren printzipio gidariak eta helburu estrategikoak identifikatzea.

    Proposamenak garatzea.

    Ekintzak, helburuen eta ekintzen zerrenda eta horien garapena barne.

    Parte hartzeko prozesua.

    Ebaluazioa, helburu estrategikoei dagozkien adierazleen zerrenda barne.

    Aurrekontua.

    Planaren ingurumen-ebaluazioaren ondorioetarako, eduki garrantzitsuena da planaren helburuekin lotutako ekintzei dagokiena. Ekintza horiek mota askotakoak dira, jarduketa-eremuaren beharren eta ezaugarrien arabera. Besteak beste, zirkulazioa arintzeko eremuak ezartzea (superetxadiak), oinezkoentzako ibilbideen sarea hobetzea, hiri-seinaleztapena hobetzea, administrazio-ekintzak gauzatzea, aparkaleku-eskaintza berrantolatzea edota truke modaleko guneak.

    Plana osatzen duten ekintza bakoitzak adierazita ditu garatzeko aurreikusi diren jarduera-ildoak, lortu nahi diren helburu estrategikoak eta horiekin lotutako jarduera-ildoak. Gainera, ekintza bakoitzari lotutako esku-hartze zehatzen deskribapena ere jaso da. Azkenik, proposatutako ekintza bakoitza ezartzearen gutxi gorabeherako kostua zehaztu da.

    Hona hemen planak barne hartzen dituen ekintzen zerrenda. Lehenik eta behin nabarmendu dira beren diseinuagatik obra edo eraikuntza gehiago ekarriko dituzten ekintzak:

    Zirkulazioa asko baretzeko superetxadiak ezartzea, bateragarri egiteko hiri-funtzionaltasuna eta irisgarritasun unibertsala: barne hartzen ditu kale batzuen egiturazko erreformak, balizko obra txikiekin eta bestelako jarduketa txikiekin.

    Oinezkoentzako ibilbideen oinarrizko sarea indartzea eta hobetzea. Herri-bideak eraikitzea. Lehendik dauden herri-bideen sarea osatzeko jarduketa osagarriak aurreikusten ditu. Inolaz ere ez die eragingo Natura 2000 Sareko guneei.

    Eskola-bide seguruak sustatzeko eta sortzeko programa. Kasu batzuetan, esku-hartze eta obra txikiak eskatzen ditu ikastetxeak bizikleta-bideen sarera lotzeko.

    Bide-segurtasunari buruzko auditoria egitea eta irizpide gehigarriak txertatzea istripuen kontzentrazio-inguruneak hautemateko.

    Istripu kontzentrazio-tarteen definizioa (IKT).

    Hirik seinaleak mantentzeko eta hobetzeko plana.

    Semaforo-zikloak optimizatzea eta superetxadien barruan eta oinarrizko bideetan semaforoak egokitzea, erregulatzea eta kentzea.

    Kontu bereziko inguruneetan zirkulazioa antolatzeko diseinua hobetzea.

    Bide-segurtasuneko eta irisgarritasuna hobetzeko programa.

    Askotariko mugikortasun-moduren arteko bizikidetza hobetzeko programa.

    Zehapen-araubidea efektiboki aplikatzea.

    Alkoholaren eta drogen kontsumoa zaintzeko eta kontrolatzeko kanpaiak.

    Harrapatzeak prebenitzeko kontrol-kanpai espezifikoak.

    Arau-hausteak kontrolatzeko eta gidatzean izaten diren distrakzioak zaintzeko lehentasunezko inguruneak ezartzea.

    Hiriko autobus-lineen eskaintza berrantolatzea. Baliteke autobus-erreiak eta -gidak aldatzeko jarduketa txikiak egin behar izatea.

    Garraio publikoko sare berriko lineen arteko intermodalitatea hobetzea.

    Kontzejuetarako BUX zerbitzua berrikustea.

    Bizikleta bidezko joan-etorriak sustatzeko programa.

    Bizikleten erregistroa eguneratze.

    Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak arautzeko eta sustatzeko programa.

    Bizikleta bidezko mugikortasunaren oinarrizko sarea birdefinitzea eta garatzea. Honen bidez, hobetuko dira bizikleta erabiltzeko azpiegiturak eta gauzatuko dira egiteke dauden konexioak bizikleta bidezko mugikortasunaren oinarrizko sarean, industrialdeetan (hala nola Ehari-Gobeu eta Gamarra-Betoñu) eta Jundizko barneko bideetan.

    Hirigintzako araudia egokitzea bizikleten aparkalekuak ipintzeko bizitegi-eraikinetan, ekipamenduetan eta abarretan.

    Bizikleta-azpiegiturak mantentzeko eta hobetzeko programa. Barne hartzen ditu bizikleta-bideen sarea kontserbatzeko eta hobetzeko jarduketak, bizikletak aparkatzeko eskaintza handitzea eta abar.

    VGbiziz aparkaleku seguruen sarea sendotzeko eta handitzeko programa.

    Lovaina plazako biribilgunea berriz diseinatzea. Horretarako, biribilgunea aldatzeko proiektua idatzi eta plaza berritzeko lanak egin beharko dira.

    Aparkaleku-eskaintzaren kudeaketa berrantolatzea. Jarduera honen diseinua eratorri da Aparkalekuen Gida Planareb idazketatik.

    Truke modaleko eremuak sortzea hiriko sarbide nagusietan.

    Berrantolatzea zamalanetarako eremuen eskaintza.

    Zamalanetan ordutegiak kontrolatzeko tresna berriak ezartzea.

    Salgaien-hiri banaketa zentroak ezartzea (HBZ) ezartzea hiriko merkataritza-inguruetan. Baliteke zenbait hiri-eremu eraberritzeko lanak ekartzea, esaterako, Herrandarren kaleko garai bateko autobus geltokia edo trenbideko lanekin libre geratu den espazioa.

    Vitoria-Gasteizko Udalaren, bere sozietateen eta organismoen barne-mugikortasuneko plana definitzea eta abian jartzea.

    Mugikortasun jasangarriko zerbitzu-zentro bat sortzea.

    Mobility Lab sortzea, garatzea eta indartzea. Ekar dezake eraikin berriak altxatzea edo daudenak eraberritzea zein egokitzea, fundazioaren egoitza hartzeko.

    Udal ibilgailuen flota elektrifikatzea eta arrazionalizatzea.

    Ibilgailu elektrikoen karga azkarrerako azpiegiturak garatzea. Obra txikiak egitea ekarriko du, kargatzeko puntuak instalatzeko.

    Partikularren eta enpresen automobilen parkea elektrifikatzea sustatzea.

    Karga-bizikletak sustatzea mugikortasun-alternatiba gisa.

    Isurpen gutxiko eremu bat ezartzea.

    Mugikortasun jasangarriaren inguruko komunikazio-ekintzak gauzatzea herritarrak sentsibilizatzeko.

    Prestakuntza ematea zirkulazio efizienteari eta seguruari buruz talde zehatzentzat.

    Vitoria-Gasteizko Udalaren Bide Segurtasuneko Komunikazio Plana.

    Bide Segurtasuneko Planaren ezarpen transbertsala.

    Bide-segurtasuneko planak sustatzea enpresetan.

    Gasteizko MIEPPren jarraipena eta monitorizazioa.

    Bide-segurtasunaren behatokia sortzea.

    Udaltzainak prestatzea bide-segurtasunean.

    Beste administrazio eta erakunde batzuekin bide-segurtasunaren arloan lanean eta lankidetzan aritzeko organoak sortzea.

    Hiriko Bide Publikoetako Erabilera, Trafikoa, Zirkulazioa eta Segurtasuna Arautzeko udal ordenantza eguneratzea.

    Planak barne hartzen ditu bere sorrerarako printzipio gidariak eta helburu estrategikoak. Oinarrizko helburu batean labur daitezke: irisgarritasun unibertsala bermatzea, baita mugitzeko askatasuna ere, pertsona guztientzako diseinu-irtenbideen bidez eta ondasunak funtsezko elementu hartuta, hiriaren eta bertako bizilagunen garapen sozioekonomikorako.

    Planaren printzipio gidariak zehaztu dira emaitza neurgarriak dituzten helburuetan. Horiek koherenteak izango dira nazioartean, erkidegoan eta hirian hartutako karbonogabetze-konpromisoekin. Adierazleen bidez neurtuko da aurrerabide-maila, eta urtero laburpen bat argitaratuko da herritarrei jakinarazteko adierazle nagusien eta hartutako neurri nagusien egoera.

    Nolanahi ere eta Ingurumen Dokumentu Estrategikoarekin (IDE) bat etorriz, zehaztu behar da planak ez duela ezartzen markorik etorkizunean proiektuak baimentzeko, soilik identifikatzen ditu jarduketak eta markatzen ditu ildo estrategikoak Gasteizen mugikortasun jasangarria sustatzeko eta erabilera publikoko espazioak garatzeko.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Ondoriozta daiteke planak ez duela eragin nabaririk izango beste plan edo programa batzuetan, aintzat hartzen baditugu bere ezaugarriak, planetik eratortzen diren jarduketak, bere aplikazio-eremua Gasteizko hirira mugatzen dela eta ez duela planteatzen Natura 2000 sareko espazioei eragin diezaieketen jarduerarik.

      3. Plana egokia den ingurumen-arloko alderdiak barne hartzeko, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: plana egokia da garapen jasangarria sustatzera bideratutako ingurumen-alderdiak barnean hartzeko, horixe baita bere helburu nagusietako bat. Aurretik azaldu den bezala, planaren helburuak lerrokatzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legearen 5. artikuluan xedatutakoarekin.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatuz gero ingurumen-arazo adierazgarririk egongo litzatekeenik, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta ondare kulturalaren babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen ezaugarriak, eta eragina jasan dezakeen eremuarenak:

      Planaren funtsezko eremua, jasotzen dituen jarduketa nagusiena, Gasteiz da. Hirigune urbanizatua da eta berdegune eta espazio publiko garrantzitsuez gain (adibidez, hiriko eraztun berdea), ingurumen-balio handiko eremuak ditu, bai hirian bertan, bai inguruetan.

      Horien artean Natura 2000 sareko espazio hauek nabarmentzen dira:

      KBE ES2110013, Arabako Lautadako irla-hariztiak. Gasteizko hirigunetik hurbil.

      KBE eta HBBE ES2110014, Salburua. Hiriaren mugen barruan. Natura 2000 Sareko espazioa ez ezik, nazioarteko garrantzia duen hezegunea da (RAMSAR).

      KBE ES2110010, Zadorra ibaia. Gasteizen ipar-mendebaldeko muga ezartzen du.

      Inguru horiek Batasunaren intereseko habitatak eta espezieak jasotzeaz gain, mehatxatutako fauna-espezieen hedapen naturaleko eremuak dira (uhalde-enara) edo interes berezikoak (ur-ipurtatsa, igaraba, hegoaldeko katxoa...).

      Ingurumen-balioagatik nabarmentzen diren beste elementu batzuk hauek dira:

      Zadorra-Eraztun Berdea eta Zadorra-Ibilguaren erdialdea inguruetako paisaia bikainak.

      Magdalena kaleko 12. zenbakiko etxearen lorategian dagoen sekuoia erraldoia, Urkide ikastetxearen ondoan; zuhaitz berezi gisa katalogatuta dago.

      Bai eraztun berdea, bai lehen aipatutako naturaguneen sarea, bai planaren eremuko ibai-ibilguak, elementu garrantzitsuak dira lurraldearen konektibitate ekologikorako.

      Kultura-ondarearekin zerikusia duten alderdiak ere garrantzitsuak dira: Gasteizek kultura-ondare aberatsa du. Horregatik, planaren jarduketak kokatzerakoan eta gauzatzerakoan, aintzat hartu beharko dira katalogatutako eta inbentariatutako elementuak.

      Bestalde, ingurumen-arriskuei dagokienez, kontuan izan behar da, batetik, hirigunearen zatirik handienak arriskua duela lurpeko akuiferoaren kutsadura jasateko; bestetik, planaren eremu osoan banatuta badaudela zenbait leku Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan ageri direnak. Azpimarratzekoa da, halaber, hirian badaudela uholde-arriskua duten eremuak (10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborak), batez ere, Gasteizko hirigunearen iparraldean, Zadorra ibaikoak.

      Planaren ingurumen-balorazioa, sortuta dagoen modua aintzat hartuta, erabat positiboa da. Izan ere, plana diseinatzeko xedea da eraginkortasun energetikoa hobetzea eta udalerri barruko mugikortasunaren ondoriozko isuriak gutxitzea. Horretarako, berotegi-efektuko gasen (BEG) eta karbono dioxido (CO2) emisioak gutxitu behar dira eta airearen kalitatea hobetu behar da, batez ere, ibilgailuen zirkulazioak sortutako partikulek eragindako kutsadurari dagokionez (NO2 eta PM10, bereziki). Halaber, motordun ibilgailuen zirkulazioa gutxitzearekin batera, hiriko kutsadura akustikoa nabarmen hobetzea ere espero da. Berotegi-efektuko gasak, atmosferaren substantzia kutsagarrien eta soinu-immisioaren mailak gutxitzeko helburuak aldatu egiten dira planak aurreikusten dituen etorkizuneko egoeren arabera. Edonola ere, murrizketa hori adierazgarritzat jotzen da. Azken batean, mugikortasun arrazionalagoaren eta jasangarriagoaren aldeko apustuak, planak proposatzen duena kasu, ondorio positiboak izango ditu Gasteizko hiri-habitataren kalitatean eta herritarren osasunean.

      Ondorioz, ingurumenaren ikuspegitik, plana positiboa da. Planaren printzipio gidariak eta helburuak lerrokatzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legearen 5. artikuluan ezarritako xedeekin.

      Planak ez du ezartzen legez ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar zaien proiektuak baimentzeko esparrurik eta ezin die eragin Natura 2000 Sareko guneei, ezta ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeria edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako erregimenen bat duten eremuei ere. Kutsatutako lurzoruei ere ez diete eragingo.

    3. Ebazpen honetan, Planaren ezaugarriak direla eta, ez da ezarri babes- eta zuzenketa-neurririk, sustatzaileak ingurumen-dokumentu estrategikoan ezarritakoez gain, uste baita horiek nahikoa direla saihesteko planak ingurumenean eragin kaltegarri nabariak izatea eta ez dela beharrezkoa 2021-2025 aldirako Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, baldin eta planari txertatzen bazaizkio ingurumen-dokumentu estrategikoko babes- eta zuzenketa-neurriak.

      Bigarrena. Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, ez dela aurreikusten 2021-2025 aldirako Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Vitoria-Gasteizko Udalari.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, 2021-2025 aldirako Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 12a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik