Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Arautegia

Inprimatu

50/2022 EBAZPENA, maiatzaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko harremanetarako zuzendariarena, Donostiako Udalarekiko lankidetza-hitzarmena argitaratzea xedatzen duena, Bus Elektriko Adimenduna Donostian ezarri eta proiektua idazteko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 96
  • Hurrenkera-zk.: 2133
  • Xedapen-zk.: 50
  • Xedapen-data: 2022/05/09
  • Argitaratze-data: 2022/05/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: EAEko udalak; Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional; Sailak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta dagokion publizitatea emateko asmoz, honako hau

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 2a.

BILDU DIRA:

Ignacio María Arriola López jauna, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua.

Eneko Goia Laso, Donostiako Udaleko alkate-presidentea, Tokiko Gobernu Batzordeko Laguntza Organoko titularra lagun duela.

PARTE HARTZAILEAK

Ignacio María Arriola López jauna, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ordezkatuz. Haren ordezkaritza 2022ko otsailaren 15eko Gobernu Kontseiluaren akordiotik dator.

Eneko Goia Laso, Donostiako Udalaren lege ahalmena gauzatuz, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 124.4.a) artikuluaren arabera.

Parte hartzen duten guztiek aitortzen diote elkarri lankidetza hitzarmen hau egiteko lege gaitasuna, eta, xede horretarako, honako hauek adierazten dituzte

AZALPENAK

  1. Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.32 artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du gai hauetan: «Trenbideak, lehorreko, itsasoko, ibaietako eta kable bidezko garraioa, portuak, heliportuak, aireportuak eta Euskal Herriko Meteorologia Zerbitzua, hargatik eragotzi gabe Konstituzioaren 149.1.20 artikuluan xedatutakoa. Garraioaren arloko kontratazio zentroak eta zamalanetarako terminalak». Halaber, Autonomia Estatutuaren 11.1.a) artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumena du Estatuaren oinarriko legedia lege bidez garatu eta bere lurraldean betearazteko, besteak beste ingurumenean eta ekologian.

    Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideei dagokie trenbide eta tranbien eskumena, hala ezartzen baitu Euskadiko Autonomia Estatutuaren 10.32 artikuluak, bat eginda Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 6. artikuluan ebatzitakoarekin. Eta, garraioaren arloari dagokionez, aurreko xedapenen osagarri dira Euskadiko Garraio Agintaritza sortzen duen abenduaren 15eko 5/2003 Legean ezarritakoak, eta, bereziki trenbideen arloari dagokionez, «Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea» Erakunde Publikoari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legean xedatutakoa.

    Halaber, hau ebazten da aipatu azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 10. artikuluan: «Errepidetatikako ibilgailuzko garraioen alorreko legegintza, arauen bidezko garapena, goi mailako ikuskaritza, plangintza eta koordinazioa autonomia erkidego osorako erakundeei dagozkie. Lurralde historikoek, beren mugartean, eta indarrean dauden Estatuarekin indarrean dauden itunen arabera, Gipuzkoak orain dituen ahalmenak haiek eta nolako berdinez erabiliko dituzte».

  2. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 25.2 artikuluko a) eta g) letretan xedatutakoaren arabera, Donostiako Udalak, Estatuko nahiz Euskal Autonomia Erkidegoko legediaren ildotik, eskumen batzuk egikaritzen ditu arlo hauetan: bidaiarien garraio kolektiboa, trafikoa, ibilgailuentzako aparkalekuak eta mugikortasuna, hirigintzaren alorreko plangintza, kudeaketa, gauzatze lanak eta diziplina. Bestalde, lege horren 26.1.d) artikuluak ebazten du bidaiarien hiri garraio publikoa nahitaezko zerbitzu minimoa dela 50.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrietan. Azkenik, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak ebazten du beren-beregi udalerrien eskumenekoak direla, besteak beste, hirigintzaren antolamendua, kudeaketa, exekuzioa eta diziplina (17.1.9 artikulua), eta bidaiarien hiri barruko garraio publikoa zeinahi delarik garraiobidea antolatzea, planifikatzea, programatzea, kudeatzea eta sustatzea, eta horien inguruko diziplina ezartzea, betiere garraioa udalerriaren barruan egiten bada osorik (17.1.18 artikulua), horien egikaritzea lege horretan bertan eta aplikagarria izan daitekeen gainerako legerian ezartzen denari egokitzen zaion heinean.

  3. 2017ko ekainaren 13an, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak «Euskadiko Garraio Jasangarriaren 2030 Gida Plana» onetsi zuen Gobernu Kontseiluaren erabakiz. Plan horrek jarraipena ematen dio 2002-2012 aldirako egin zenari, eta bat egiten du Europako Batzordeak 2011n argitaratutako Garraioaren Liburu Zurian jasotzen diren gidalerro europarrekin eta Europa 2020-Hazkunde adimendun, jasangarri eta integratzailea lortzeko estrategiarekin. Orobat, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2015eko irailaren 25eko Ebazpenaren bidez onetsitako Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda ere aintzat hartuko da, osagarri modura.

    Euskadiko Garraio Jasangarriaren 2030 Gida Planaren xedea da garraio eredu jasangarri eta bateratua lortzea, EAEko gizarte kohesiorako eta garapen sozioekonomikorako baliabide izan dadin, eta, haren bidez, datozen urteetarako EAEn garraio gaietan politika bateratua antolatzeko konpromisoa hartzen du Jaurlaritzak. Plan hori Eusko Jaurlaritzak XI. Legegintzaldirako hartu dituen eta bere Euskadi 2020-Gobernu Programan jasota dauden konpromisoetako bat da; haren ekimenak jasotzen ditu, eta bertan zehazten diren xedeak lortzen lagundu behar du, batez ere berotegi efektua eragiten duten gas isurien % 20 murrizteko helburuari dagokionez.

  4. Garraioaren zeharkakotasuna dela eta, Garraio Jasangarriaren Gida Plan hori egikaritzeko orduan, aintzat hartu behar dira Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak onartuta dauzkan beste plan estrategiko batzuk, eta horien artean, bai estrategia mailan eta bai haien baitako ekintza planen bidez dituzten sinergiengatik, honako hauek:

    «2030erako Euskadiko Energia Estrategia», 2016ko uztailaren 7an onetsia, non zehazten baitira Eusko Jaurlaritzak energia politikaren arloan 2016-2030 aldirako dituen helburuak eta jarduketa ildo estrategikoak. Estrategia horren xedea da epe luzera energia kontsumo gutxiagoko eredu berri baterantz bideratzea EAEko eredu sozioekonomikoa, eta kontsumo hori izan dadila energia berriztagarrien erabilera pausoka txertatzen joango dena, energia elektrikoa lehenetsiz, betiere.

    Zehazten dituen jarraibideetako bat da petrolioarekiko mendekotasuna murriztea garraioaren sektorean, eta hiru ekimen aurreikusten dira horretarako: 1. Mugikortasun jasangarria eta garraiobide eraginkorragoen erabilera sustatzea; 2. Ibilgailu eraginkorragoen erabilera eta horiek modu eraginkorragoan erabiltzea sustatzea; eta 3. Ibilgailu parke publiko eta pribatuetan erregai eta teknologia alternatiboak erabil daitezen sustatzea.

    «Klima Aldaketaren 2050erako Euskadiko Estrategia», 2015ean onetsia eta Euskadiko 2020 Ingurumeneko IV. Esparru Programaren helburuetako batean jasotzen den konpromisoen ondorioz sortzen dena.

    Estrategia hori bide orritzat baliatuko da, BEG emisioak murrizteko eta klima aldaketarako EAEren moldaera gaitasuna indartzeko jarduera ildo nagusiak zehazteko, ekonomia lehiakorrean oinarrituko den garapenaren eta berrikuntzaren bidez. Hartarako, 14 jarduketa esparru zehaztu dira, eta horietako bat da garraio sektorearena, ezinbestekoa baitu klima aldaketaren egoerara moldatzea, BEGen emisioak murrizteko. Klima aldaketari buruz ezartzen dituen helburuen artean azpimarratzekoa da emisiorik gabeko garraiorantz bideratzeko premia.

  5. Donostiako Udalak interesa du mugikortasun adimendunarekin lotutako hainbat jarduketa egiteko; besteak beste: garraioaren elektrifikazioa, garraio publikoaren zirkulaziorako erreserbatutako plataformetan, lehentasuna emanda bidegurutzeetako semaforoetan eta hobekuntza teknologikoak eginda geralekuetara hurbiltzeko prozesuan; informazioa eta segurtasuna. Hori guztia, Hiri Mugikortasun Jasangarrirako 2008-2024 Planaren esparruan. Plan horretan, Donostian sartzeko korridoreetako mugikortasunari buruzko proposamenak daude.

  6. 2018ko otsailaren 13an, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak lankidetza protokolo orokor bat sinatu zuten, Smart Mobillity delakoarekin (mugikortasun eraginkorra eta integratua) lotutako zenbait jarduketa egiteko Donostian. Alderdien helburua zen elkarlanean aritzea, zirkulazioaren eta garraioaren arloan ingurumen jasangarritasun eta berrikuntza teknologiko handia duten jarduketa hauetan:

    1. Ingurumena eta akustika babesteko eremu baten ezarpena.

    2. Trafikoa kudeatzeko jarduketa multzoa.

    3. Aparkalekuak kudeatzeko jarduketa multzoa.

    4. Mugikortasun integratua.

    5. BEA-Bus Elektriko Adimendunaren sistema.

  7. Alderdiek sinatutako protokolo orokorreko konpromisoetako bat BEA-Bus Elektriko Adimendunaren sistemari zegoikijon. Protokoloan, garatu beharreko puntuak zehazten ziren, banan-banan, baina horiez gain gehiago ere garatu daitezke:

    1. % 100 elektrikoak diren autobusak martxan jartzea 28. linean.

    2. % 100 elektrikoak diren 18 metroko 11 autobus martxan jartzea.

    3. Geralekuetan eta garajeetan karga elektrikorako azpiegitura instalatzea.

    4. Bidegurutzeetan eta geralekuetan bus elektriko adimenduna integratzeko hirigintza jarduketak egitea.

    5. Geralekuetan txartelak saltzeko eta balioztatzeko sistema ipintzea.

    6. Seinaleztapen eta komunikazio sistema adimenduna, lehentasunezko erreia eta semaforo lehentasuna jartzea.

    7. Smart Mobility plataforman integratzea eta produkzioan jartzea.

  8. Protokolo Orokorraren laugarren klausularekin bat, erakunde arteko batzorde bat eratu zen jarduketak garatzean jarraitu beharreko urratsak zehazte aldera. Batzorde horrek garatu beharreko lanen egutegia zehaztu zuen, eta, maila tekniko eta ekonomikoan, jorratzeko aurreikusitako jardueren garapena definitu zen, eta erabaki zuen jarduketa horiek autobusaren 17. linean egitea, hasieran xedaturiko 28. linearen ordez. Gainera, protokoloan xedaturiko 11 autobus erosi beharrean, erosketa 9ra murriztuko da, BEA proiektuan beste puntu bat gaineratuta:

    1. Garajeetan gidatze autonomoa ezartzeko azterketa egitea.

  9. Protokolo orokorrak ezartzen zuenaren arabera, jarduketa edo jarduketa multzo bakoitzari dagokionez, behin haien garapenaren baldintzak zehaztu eta adostu ostean, eta beharrezko plangintza egin ondoren, hitzarmen bat sinatuko da, honako hauek ezartzeko: arlo teknikoko lankidetza betebeharrak, finantza betebeharrak eta jarduketen ondorioz sortzen diren eskubideen titulartasuna.

  10. Horren guztiaren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Donostiako Udalak hitzarmen bat sinatu zuten 2020ko uztailaren 10ean, bat zetorrelarik Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoarekin, bai eta erakunde erkideen eta udalerrien arteko harremanak arautzen dituzten xedapenekin ere, BEA-Bus Elektriko Adimenduna Sistema ezartzeko 17. linean.

  11. Hitzarmen horretan erabaki zuten proiektua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak idatziko zuela, eta Euskal Trenbide Sarea ente publikoaren bidez egin zitekeela.

  12. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Vitoria-Gasteizko Udalarekin antzeko proiektu batean izandako lankidetza esperientziaren ondoren ondorioztatu zutenez, hobe zen proiektua Donostiako Udalak idaztea, zehatzago ezagutzen baitzituzten garraio erabiltzaileen beharrak eta hiriaren ezaugarriak, eta hitzarmena sinatu zenetik urtebete baino gehiago igaro denez, eta lanen garrantzia kontuan hartuta, hitzarmena indarrik gabe uztea eta beste bat sinatzea komeni zela iritzi zioten.

  13. Horregatik, sinatutako hitzarmena elkarren arteko adostasunez suntsiaraztea erabaki zuten Tokiko Gobernu Batzarrak 2021eko irailaren 14an eta Gobernu Kontseiluak 2022ko otsailaren 15ean. Hori dela eta, beste hitzarmen bat sinatu behar dute, bi administrazioen lankidetza jasotzekoa, beharrezkoak diren azterlan, aurreproiektu eta proiektuen idazketa Donostiako Udalaren esku utzita eta bideratuta, 17. lineak Anoetako geltokian Topoaren igarobidearekin izango duen intermodalitatea ziurtatuko dutelarik.

    KLAUSULAK

    Lehenengoa. Hitzarmenaren xedea.

    Hitzarmen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Donostiako Udalaren arteko lankidetza arautzea, erakunde horien eskumeneko zenbait jarduketa batera finantzatzeko eta egiteko, beharrezkoak diren heinean, lehenengo eta behin, eraikitze proiektua idazteko, eta, bigarrenik, BEA-Bus Elektriko Adimendunaren sistema Donostiako 17. linean ezartzeko, 17. lineak Topoaren pasabidearekin Anoetako geltokian duen intermodalitatea ziurtatuta.

    Bigarrena. Administrazioen betebeharrak hitzarmenaren helburuari, garapenari eta finantzaketari dagokienez.

    1. autobus linea BEA linea bihurtzeko proiektua garatzeko eta gero ezartzeko aurreikusitako lanen aurrekontua 25.700.000 eurokoa da, gutxi gorabehera (BEZ barne), 17. linearen eta Topoko pasabidearen arteko intermodalitatea ziurtatuko dela Anoetako geltokian. Lau urtean, gutxi gorabehera, egina egongo da dena, ondo bidez.

      1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak konpromiso hauek hartzen ditu:

        1. Donostiako 17. linean autobus elektriko adimendunaren sistema ezartzeko azterlanak, aurreproiektuak eta proiektuak egiteko prozesuan teknikoki laguntzea, Anoetako geltokian 17. linearen eta Topoaren igarobidearen arteko intermodalitatea ziurtatutzen dutelarik. Lankidetza hori Euskal Trenbide Sarea (ETS) ente publikoaren bidez gauzatuko da, eta honako hauek zehaztuko dituzte: (i) azterlanak, aurreproiektuak eta proiektuak idaztean edo obrak egikaritzean sortzen diren arazo teknikoak konpontzen laguntzea, eta, horretarako, ingeniaritzekin eta aholkularitza enpresekin bilerak egitea, eta (ii) Anoetako geltokiaren sarrera berriko obrekin koordinatzea.

        2. Behar diren aurrekontu esleipenak egin ondoren, 2022, 2023, 2024 eta 2025 ekitaldietarako, azterlanak, aurreproiektuak eta proiektuak idaztearen kostuaren eta, ondoren, autobus elektriko adimendunaren sistema egungo Donostiako 17. linean ezartzearen % 65 finantzatzea, 17. linearen eta Topoaren igarobidearen arteko intermodalitatea ziurtatuz Anoetako geralekuan.

          Hori guztia, gehienez ere, guztira, 16.705.000 euroan (% 21eko BEZa barne). Hasieran kalkulatutako aurrekontuaren arabera, 16.705.000 euro (BEZ barne) izango lirateke, gehienez, 1000832000 1.51311.72100 2019/003754 aurrekontu aplikazioen kargura, honako urteroko hauek dituztelarik:

          2022an: 260.000 euro.

          2023an: 507.000 euro.

          2024an: 13.520.000 euro.

          2025ean: 2.418.000 euro.

      2. Donostiako Udalaren konpromisoak

        1. Autobus elektriko adimenduna ezartzeari eta, ondoren, egungo 17. linean ezartzeari buruzko azterlanak, aurreproiektuak eta proiektuak idaztea, 17. linearen eta Anoetako geltokian Topoaren igarobidearen arteko intermodalitatea ziurtatuta, Donostiako ezaugarriei eta erabiltzaileen beharrei hobekien erantzuteko moduan, eta hitzarmen honetan adierazitako helburu teknikoak eta protokoloan jasotako puntuak erreferentziatzat hartuta.

        2. Behar diren aurrekontu esleipenak egin ondoren, 2022, 2023, 2024 eta 2025etako ekitaldietarako, azterlan, aurreproiektu eta proiektuen nahiz eta, ondoren, bus elektriko adimenduna ezartzearen kostuaren % 35 finantzatzea. Hasieran kalkulatutako aurrekontuaren arabera, beraz, 8.995.000 euro izango lirateke (BEZa barne), garraio kolektiboko programaren 629.01 kontu aplikazioaren kargura eta honako urteroko hauek dituelarik:

          2022an: 140.000 euro.

          2023an: 273.000 euro.

          2024an: 7.280.000 euro.

          2025ean: 1.302.000 euro.

        3. Donostiako 17. linean autobus elektriko adimendunaren sistema ezartzeko azterlanak, aurreproiektuak eta proiektuak idaztea zein egin beharrekoak lizitatu eta betearaztea, Anoetako geltokian 17. linearen eta Topoaren igarobidearen arteko intermodalitatea ziurtatzen dutelarik.

          Kontratistarengandik BEA sistema ezartzearekin lotutako azpiegiturak, instalazioak eta hornidurak jaso ondoren, Udalaren titulartasunpekoak izango dira, eta azpiegitura horien mantentzea eta ustiatzea Udalari egokituko zaizkio, hitzarmen honen eremutik kanpo. Horrek dakarren gastu guztia Donostiako Udalak hartuko du bere gain, eta horretarako behar den kreditua izendatuko du.

          Udalak, autobus elektriko adimendunaren sistema ezartzeko jarduketak kontratatzeko egiten dituztenb lizitazioen barruan, berme epea amaitu ondoren sistema horiek mantentzeko prestazioak sartu ahal izango ditu, eta horiek finantzatzea hitzarmen honetatik kanpo geratuko litzateke. Aurreko paragragoan azaldu bezala Udalak bere gain hartuko du finantzaketa.

          Era berean, BEA ezartzeak eragindako espazio fisikoan kontratuaren jarduerak edo obrak barne hartu ahal izango ditu, baldin eta haren helburutik kanpo geratu arren BEA sistemaren lanak direla-eta egokitzat jotzen badira. Hori finantzatzea hitzarmen honetatik kanpo geratuko litzateke. Jarduketa edo obra horiek berariaz bereizi beharko dira proiektuaren aurrekontuan, kapitulu bereizi batean, behar bezala identifikatzeko.

          BEA ezartzeak eragindako eremu fisikoan jarduketak edo obrak gauzatzeak dakarren gastua Donostiako Udalak bere gain hartuko du oso-osorik, eta horretarako beharrezko kreditua gaituko da.

          Oro har, Donostiako Udalak berak edo haren alde ezarritako betebehar guztiak bete, betearazi eta gauzatu ahal izango ditu Donostiako Tranbia Konpainiaren Mugikortasuneko erakunde intrumentalaren bidez.

          Hirugarrena. Lanak finantzatu eta ordaintzea.

        1. Anoetako geltokian (II. fasea) 17. linearen eta topoaren aurreko linearen arteko intermodalitatea ziurtatuta, azterlan, aurreproiektu eta proiektuak (I. fasea) nahiz, ondoren, autobus elektriko adimenduna lizitatzeari dagokionez, eta Donostiako Udalak kontratazio espedienteak onartu aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Udalari igorriko dizkio kreditu egokiaren eta nahikoaren 16.705.000 euroko gehieneko estaldura egiaztatzeko ziurtagiriak (BEZ eta guzti). Kontratazio espedienteen guztizko zenbatekoa 25.700.000 euro baino gehiago bada (BEZa barne), soberakin hori finantzatzea hitzarmen honen eremutik kanpo geratuko litzateke, eta horrek dakarren gastu gehikuntza oso-osorik bere gain hartuko luke Donostiako Udalak, horretarako behar den kreditua gaituta.

          I. faseko nahiz II. faseko esleipen prezioan eragin ekonomikoa duten kontratu gorabeherak gertatuz gero, eta horien zenbateko metatuak bigarren klausulan adierazitako kostua gainditzen ez badu, hau da, 25.700.000 euro (BEZa barne), Donostiako Udaleko kontratazio organoak onartuko ditu, erakunde horrek hitzarmenaren jarraipen batzordeari gorabehera horien berri eman ondoren eta batzorde horren aldeko txostena jaso ondoren.

        1. Kontratuko gorabeheren zenbateko metatuak bigarren klausulan adierazitakoa gainditzen badu, hau da, 25.700.000 euro (BEZa barne), jarraipen batzordeak gorabehera horren aldeko txostena egin beharko du, eta Donostiako Udaleko kontratazio organoak onartu beharko du. Horrek dakarren gastu guztia Donostiako Udalak hartuko du bere gain, eta horretarako behar den kreditua izendatuko du.

        2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Donostiako Udalari egin behar dizkion ordainketak, bai azterlanei, aurreproiektuei eta proiektuei dagokienez, bai autobus elektriko adimenduna ezartzeari dagokionez, Anoetako geltokian 17. linearen eta Topoaren igarobidearen arteko intermodalitatea ziurtatuta, obrak eta lanak egin dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa (egiaztagiriak eta fakturenkopia konpultsatua) aurkeztu ondoren gautzauko ditu, bai eta egin beharreko ordainketak ere, zeinetean adieraziko duten zenbateko zatia dagokion Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, eta aipatutako dokumentazioa jaso eta hilabeteko epean horretarako ezartzen den kontuan sartu beharko du.

        3. Ekarpena jaso eta hilabeteko epean gehienez, fakturak ordaindu izanaren ziurtagiriak helaraziko dizkio Udalak beste alderdi sinatzaileari.

          Laugarrena. Kontu egoera eta egikaritzea.

          Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hala eskatzen duenean, Udalak konpromisotzat hartzen du proiektuaren egikaritze kontuen egoera orria eta proiektuari dagokionez esanguratsuak diren gorabehera guztien azalpen memoria bidaltzea; batez ere, dokumentu honetako aurrekontuan jasotakoarekin alderatuta proiektuaren kostuan atzerapena edo igoera eragin dezakeen edozein gorabehera.

          Bosgarrena. Jarraipen batzordea.

          Hitzarmena sinatzen duten erakundeek jarraipen batzorde bat sortuko dute, haietako bakoitzak izendatutako bina ordezkarik osatua, hitzarmena ondo betetzen dela begiratze aldera. Batzorde horretako lehendakaritzaz Udal ordezkari bat arduratuko da, eta idazkaritzaz, berriz, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak izendatutako ordezkarietako bat.

          Eginkizun hauek izango ditu batzorde horrek:

          1. Ontzat ematea aurkeztutako testu, azterlan eta proiektuei, lizitazio prozesuari eta kontratua gauzatzeari, bai eta kontratuko gorabeherei ere, hirugarren klausulan ezarritakoaren ondorioetarako.

          2. Behar diren izapideak azkar egiteko oztopo izan daitezkeen eragozpenak kentzeko bideak erraztea.

          3. Hitzarmen honen xede diren jarduketak beteko direla bermatzeko behar diren neurriak proposatzea eta haien inguruko txostenak egitea.

          4. Hitzarmenean aurreikusitako ekintzen segimendua egitea; elkar informatzea eta hartutako konpromisoak betetzea ahalbidetu dezaketen irizpideak eta moduak zehaztuta.

          5. Hitzarmen honek sor litzakeen interpretazio edo egikaritze arazoak konpontzen ahalegintzea.

            Hitzarmen hau indarrean dagoen artean, jarduketei bide egokia emateko behar den guztietan bilduko da batzordea, alderdietako edozeinek hala proposatuta. Batzordearen bileren bertaratze quorumak kide guztiak agertzea eskatzen du, eta aipatutakoek aho batez hartuko dituzte erabakiak.

            Hitzarmen honetan Jarraipen Batzordearentzat berariaz xedatu gabeko alderdietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak Atariko Tituluko II. kapituluko 3. atalean kide anitzeko organoei buruz jarritako xedapenak erabiliko dira.

            Seigarrena. Araubide juridikoa.

            1. Hitzarmen hau administratiboa da, eta, interpretatzeko eta garatzeko, administrazio publikoen arteko akordioei aplikatu beharreko ordenamendu juridiko-administratiboari jarraitu behar diote, bereziki Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluaren V. kapituluan xedatutakoari. Alderdiek berariaz onartzen dute eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende geratzen dira.

            2. Administrazio publikoen kontratuei buruzko legeria aplikatzeari dagokionez, kanpoan geratzen da, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 6.1 artikuluaren arabera, haren printzipioak sor daitezkeen zalantzak eta hutsuneak ebazteko aplikatu ahal izatea gorabehera.

            3. Jarraipen Batzordeak ebatziko ditu hitzarmen hau interpretatzean edo betearaztean sor daitezkeen arazoak, aurreko klausulan adierazitakoaren arabera. Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa izango da gai horien inguruan sor daitezkeen auzigaien berri izateko eskuduna.

              Zazpigarrena. Parte hartzen duten alderdien eskumenak errespetatzea.

              Hitzarmen hau sinatzeak ez dakar parte hartzen duten alderdiek beren eskumenei uko egitea edo eskumen horiek aldatzea; hala, alderdiok hartutako konpromisoei dagozkien erantzukizunak bakarrik egiten dituzte bere.

              Zortzigarrena. Hitzarmena aldatzea.

              Hitzarmen hau alda daiteke sinatzaile diren alderdi guztiek aho batez hartutako akordioaren bidez.

              Bederatzigarrena. Hitzarmenaren indarraldia eta suntsiarazpena.

            1. Sinatzen den unetik izango ditu ondorioak hitzarmen honek, eta harrezkero behartuta egongo dira alderdiak; lau urteko indarraldia izango du hitzarmenak, sinatzen duten egunetik. Nolanahi ere, indarraldi hori burutu baino lehen, alderdi sinatzaileek aho batez adostu ahal izango dute hitzarmena beste lau urtez luzatzea, baldin eta hartarako behar adinako aurrekontu esleipenik badago eta proiektu osoa egikaritzeko beharrezkoa bada.

            2. Indarraldia amaitzen denean egiaztatuko da hitzarmenaren azkentzea. Nolanahi ere, hitzarmena suntsiarazteko aukera egongo da, alderdi sinatzaile guztien ahobatezko akordioaren bitartez, haren xede diren jarduketak burututzat jotzen direnean, edo suntsiarazpen kausa gertatzen denean Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluan aurreikusten denaren arabera.

            3. Alderdietako batek, onartutako konpromisoak betetzen ez baditu, besteak eskubidea izango du hitzarmena suntsiarazi dadila eskatzeko. Hitzarmena suntsiarazten bada, 40/2015 Legearen 52. artikuluan aurreikusten diren ondorioak egongo dira, eta, hala badagokio, eginbidean leudekeen jarduketak amaitzeko baldintzak zehaztuko dituzte alderdiek.

              Hamargarrena. Finantzaketa bermea.

              Hitzarmen honetan aurreikusitako konpromiso ekonomikoa ordaintzen ez bada, Finantzen Euskal Kontseiluak Donostiako Udalari egin ez zaizkion finantza transferentziak atxikitzeko sistema bat erabakiko du, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 24.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

              Hitzartutakoa behar bezala jasota gera dadin, eta adostasunaren adierazgarri, hitzarmenaren bi ale sinatu dituzte alderdiek, idazpuruan adierazitako egunean eta lekuan, euskaraz eta gaztelaniaz, biak ala biak bertsio ofizialak baitira.

              Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean,

              IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

              Donostiako Udalaren izenean,

              ENEKO GOIA LASO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik