Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 6koa, Langileak Kudeatzeko zuzendariarena, zeinaren bidez oporraldiaren ordainketa aintzatesten baitzaie 2021-2022 ikasturtean zehar zerbitzuak bete dituzten bitarteko funtzionarioei.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 96
  • Hurrenkera-zk.: 2136
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/05/06
  • Argitaratze-data: 2022/05/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Funtzio publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Langileak Kudeatzeko zuzendaritza honek, dituen eskumenetan oinarrituta, Hezkuntza Sailarentzat ikasturtean zehar zerbitzuak bete dituzten bitarteko irakasleen oporraldiaren likidazioa egiten du urtero uztailean.

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa onartzen duen uztailaren 6ko 185/2010 Dekretuarekin bat etorriz, ikasturte batean 165 egunetan edo gehiagotan lan egin duten bitarteko funtzionarioek uztaileko eta abuztuko lansariak jasoko dituzte. Halaber, aldi horiei dagozkien puntuak jasoko dituzte, irakaskuntzako ordezkogaien zerrendaren baremoaren ondorioetarako. Eskubide horiek 165 egun baino gutxiago lan egin duten langileei ere aintzatesten zaizkie, bete dituzten zerbitzuen proportzioan, kidegoa, maila eta jarduna kontuan hartuz, Oporraldien Ordainketa Instrukzioak esaten duenaren arabera.

Ebazpen honen helburua da bitarteko funtzionarioei 2021-2022 ikasturtean zehar haiek sinatu dituzten izendapen desberdinen ondorioz sortutako eskubideen berri ematea. Era berean, jakinarazi nahi da, aintzatespen horiek, langile batzuen kasuan, zenbait eginbehar betetzea ekar dezaketela.

Aurrez esandakoa aintzat hartuz eta eman zaizkidan eskumenen arabera,

Lehenengoa. Uztaileko eta abuztuko lansarien ordainketen eskubidea aintzatestea 2021-2022 ikasturtean 165 egun edo gehiago lan egin duten bitarteko funtzionarioei.

Bigarrena. Dagozkien lansarien ordainketen eskubidea aintzatestea 2021-2022 ikasturtean 165 egun baino gutxiago lan egin duten bitarteko funtzionarioei, bete dituzten zerbitzuen proportzioan, kidegoa, maila eta jarduna kontuan hartuz, Oporraldien Ordainketa Instrukzio Arautzaileak esaten duenaren arabera.

Hirugarrena. Aurreko bi kasuetan, epe horiei dagozkien puntuak aintzatestea irakaskuntzako ordezkapenetarako izangaien zerrendaren baremoaren ondorioetarako.

Laugarrena. Kasu guztietan, izendapen eta kargu-uzte berri baterako eskubidea sortzen du oporraldiak.

Bosgarrena. Interesdunei jakinaraztea, oporraldiak beti izendapen eta kargu-uzte berri bat sortzen duenez, izendapen horrek Gizarte Segurantzan alta eragiten duela, eta, horregatik, langabezia-prestazioak jasotzen ari direnek, dagokion erakundera joan beharko dutela prestazioaren ordainketa eteteko Gizarte Segurantzan altan dagoen bitartean.

Seigarrena. Interesdunei jakinaraztea, era berean, ekainaren 30a baino lehen izendapena amaitzeagatik baja hartzen duten edo hartu duten eta oporraldia ordaintzen hasten den egunean izendapena egitea eta Gizarte Segurantzan alta ematea eragozten duen aldi baterako ezintasun-egoeran edo amatasun-, harrera-, adopzio- edo aitatasun-egoeran dauden pertsonek, uztailaren 1a baino lehen, dagozkien egiaztagiriak aurkeztu beharko dituztela dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzan.

Era berean, oporraldiko ordainketa hasten den egunean indarrean dagoen lan-kontratua dutenei ezin izango zaie izendapenik egin, baldin eta bi lanen bateragarritasuna onartuta ez badute.

Kasu horietan ofizioz egingo da dagokion oporretako likidazioa, kontuan hartuta ezin direla izendapena eta hari dagokion Gizarte Segurantzako alta formalizatu, non eta uztailaren 1a baino lehen ez duten eskatzen udako izendapena hastea lehen aipatutako izendapena eragozten zuen egoera bukatu ondoren.

Azkenengo aukera hori hautatu ahal izateko, interesdunak konpromisoa hartu beharko du dagokion lurralde-ordezkaritzan modu justifikatuan jakinarazteko izendapena eragotzi zuen egoera bukatu dela. Jakinarazpena egiten duen egunetik aurrera eguneratuko zaio dagokion udako ordainketa.

Zazpigarrena. Uztailerako eta abuzturako, edo kasu bakoitzean dagokion aldirako, izendatuak izateko eskubidea duten pertsonek eskubide horri uko egiteko aukera izango dute. Uko-egite hori idatziz eta uztailaren 1a baino lehenago eskatu beharko da, eta, data horren ondoren, ez dira uko-egiteak onartuko. Kasu horietan, lanean emandako egunen arabera egingo da dagozkion oporren likidazioa.

Zortzigarrena. Sar bedi ebazpen hau EHAAn, eta argitara bedi Sailaren web-orrian.

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango dio interesdunak Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuetarako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitara eman eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 6a.

Langileak Kudeatzeko zuzendaria,

BLANCA MARIA GUERRERO OCEJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik