Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 5ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez Ingurumen Adierazpen Estrategikoa egiten baita Baskonia Kirol Hiria SL sozietateak Vitoria-Gasteizen sustatzen duen «Ekialdeko hedapena - 3, Salburua parkea» 15. sektorearen (E3 eta E4 enklabeak) Plan Partzialaren seigarren aldaketaren gainean.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 110
  • Hurrenkera-zk.: 2535
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/05/05
  • Argitaratze-data: 2022/06/08

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2019ko maiatzaren 9ko Ebazpenaren bidez (EAED-091 espedientearen barnean), orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak Baskonia Kirol Hiria SL sozietateak Vitoria-Gasteizen sustatzen duen «Ekialdeko hedapena - 3, Salburua parkea» 15. sektorearen (E3 eta E4 enklabeak) Plan Partzialaren seigarren aldaketaren (aurrerantzean, Plana) irismen-dokumentua formulatu zuen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan ezarritako baldintzetan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Vitoria-Gasteizko Udalak jendaurrean jarri zituen 45 egunez Planaren hasierako bertsioa eta ingurumen-azterketa estrategikoa, haren eraginpean zeudenek egoki zeritzeten alegazioak egin zitzaten, beren interesen defentsan.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, Vitoria-Gasteizko Udalak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, zeinak aurretik ere kontsultatuak izan baitziren arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten.

Vitoria-Gasteizko Udalak ohartarazi zuenez, alegazio batzuk eta zenbait txosten jaso zituzten, eta horien emaitza nahiz edukia administrazio-espedientean daude jasota; gainera, aipatutako alegazio eta txosten horiek kontuan hartu dira Planaren behin betiko bertsioa idazteko orduan.

2022ko otsailaren 25ean, Vitoria-Gasteizko Udalak Baskonia Kirol Hiria SL sozietateak Vitoria-Gasteizen sustatzen duen «Ekialdeko hedapena - 3, Salburua parkea» 15. sektorearen (E3 eta E4 enklabeak) Plan Partzialaren seigarren aldaketaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egiteko eskaera bete zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean, urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera.

Eskabidearekin batera, hauek aurkeztu zituen: azken plan-proposamena, haren ingurumen-azterketa estrategikoa eta informazio publikoaren izapidea eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzeko zenbait dokumentu.

Espedientean dauden txostenak ikusita, 2022ko martxoaren 31n, ingurumen-organoak beste txosten bat eskatu zion Salburuko KBE/HBBEaren organo kudeatzaileari, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzari, ingurumen-adierazpen estrategikoa egiteko behar diren irizpen-elementuak izan zitzan. 2022ko maiatzaren 2an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan jaso zen KBE/HBBEaren organo kudeatzailearen txostena, 2022ko apirilaren 26koa.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko eraginen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaie administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako plan eta programak, bai eta haien aldaketak ere, haien prestaketa eta onespena beharrezkotzat jo badu legezko edo erregelamenduzko xedapen batek, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Vitoria-Gasteizko Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute plan partzialaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela, indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola eta irismeneko dokumentuan jasotako baldintzak betetzen dituela, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

Lehenengoa. Baskonia Kirol Hiria SL sozietateak Vitoria-Gasteizen sustatzen duen «Ekialdeko hedapena - 3, Salburua parkea» 15. sektorearen (E3 eta E4 enklabeak) Plan Partzialaren seigarren aldaketaren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea, ondoren adierazten den moduan:

  1. Vitoria-Gasteizko «Ekialdeko hedapena - 3, Salburua parkea» 15. sektorearen (E3 eta E4 enklabeak) Plan Partziala (aurrerantzean, Plana) 2001eko maiatzaren 2an onartu zen behin betiko, eta hainbat aldaketa izan ditu.

    Plan Partzialaren seigarren aldaketa Baskonia Kirol Hiria SL sozietateak sustatua bi guneri buruzkoa da: Ekialdeko hedapena 15. sektoreko E3 eta E4 enklabeak. E4 enklabea urbanizatuta dago, gaur egun, baina E3 enklabea garatzeke dago. Aldaketaren xede den eremuak 6,69 ha-ko azalera du (66.850,43 m2).

    Indarrean dagoen antolamenduaren arabera, enklabe bakoitzaren benetako eraikigarritasuna gainerako enklabeei esleitutakoaren araberakoa izango da, eta horien baturak ezingo du inoiz gainditu 50.000 m2c-ko eraikigarritasuna.

    Plan Partzialaren seigarren aldaketak proposamen hauek egiten ditu:

    E3 enklabean:

    Indarrean dagoen antolamenduaren arabera, enklabea 3 eremutan banatzen da: enklabearen mendebaldeko erdia espazio libre pribatura bideratzen da (ELPR geruza), lur gaineko aparkalekuarekin. Enklabearen ekialdeko erdian 2 geruza bereizten dira: B (hegoaldea) eta C (iparraldea), eraikuntza-erabilerak barne hartzen dituztenak.

    Seigarren aldaketak aldaketa hauek dakartza:

    Espazioaren geometriari dagokionez, ez da aldatzen E3 enklabearen azalera (28.560,03 m2), baina geruzak etorkizuneko kirol-erabileretara egokitzen dira, banaketa honekin:

    A geruza. Enklabearen hegoaldeko bi herenak hartzen ditu, hezegunetik hurbilen daudenak, eta eraikigarritasun txikiagoa esleitzen zaio. Geruza horretan, Planak entrenamendurako arauzko bi futbol-zelai instalatzea proposatzen du, zerbitzurako eta mantentze-lanetarako perimetro-espazioekin.

    C geruza. Iparraldeko herenean dago, hezegunetik urrunago, eta eraikigarritasun handiena hartzen du.

    ELPR espazio libre pribatua. Azalera nabarmen murrizten da, aire zabalean aparkatzeko azalera jada ez delako behar. Horrela, ELPR geruza berria sektorearen iparraldeko muturrean dago, C geruzaren ondoren, Biosferaren pasealekuko sarbidean.

    Erabilera-erregimenari dagokionez, E4 enklabearekin homogeneizatzen da, eta kirol-ekipamenduaren erabilera ere barne hartuko du. Erabilera horiek ekipamenduen erabilera xehatuak dituzten eraikuntzetarako ere izango dira, baldin eta hirugarren sektoreko edo merkataritzako erabilera orokorrarekin bateragarriak badira.

    A geruzako eraikuntza-parametroei dagokienez, honako aldaketa hauek proposatzen dira:

    Eraikinaren gehieneko altuera 11 metrotik 8 metrora murrizten da.

    Solairuen kopurua BS+2tik BS+1era murrizten da.

    Eraikinak hartu beharreko gutxieneko lurzatia 3.000 m2-koa izaten jarraituko du.

    Berdegunerako gutxieneko tartea, enklabearen muga-lerro kurbatutik neurtuta, 35 metrokoa izaten jarraituko du. Gainerako lerrokadurak ere bere horretan geratuko dira.

    Eraikinak okupatuko duen azalera % 75ekoa izatetik % 15ekoa izatera igaroko da, E4 enklabearekin parekatuz.

    Geruza horretan ezin da eraikuntzaren atzeraemangunea zehazten duen lerroa gainditu sestra azpiko eraikuntzarekin.

    C geruzako eraikuntza-parametroei dagokienez, honako aldaketa hauek proposatzen dira:

    Eraikinak 14 metroko garaiera izan beharrean 15ekoa izango du.

    Profilak BS+3koa izaten jarraituko du.

    Lurzatiaren gutxieneko azalera murriztuko da, 3.000 m2 izatetik 1.500 m2 izatera igaroko da, geruza horretan bi lurzati bereizi baino gehiago jarri ahal izateko.

    Lurzati mugakideen mugarako tartea 4,5 metrotik 3 metrora murriztu da, eta lurzati mugakideetako eraikuntzen arteko tartea 9 metrotik 6 metrora. Berdegunerako gutxieneko tartea, enklabearen muga kurbatuarekiko neurtuta, 35 metrotik 25 metrora estutuko da.

    Sestra azpiko solairuak hartzen duen azalera handitu egiten da, eta aukera ematen da enklabearen mugaraino iristeko, eraikinaren atzeraemangunea definitzen duen lerroa kontuan hartu gabe, HAPOk ezartzen duen gutxieneko aparkaleku-zuzkidura betetzeko eta sestrapeko edozein eraikin hezeguneen eragin-eremutik ahalik eta gehien urruntzeko.

    E4 enklabean:

    Enklaberako ezarri den erabilera-erregimena aldatu eta zabalduko da. Erabilerak hirugarren sektoreko eta merkataritzako erabilera orokorrarekin bateragarriak diren ekipamenduen erabilera xehatuetarako izango dira.

    Hirigintza-parametroak zuzendu, eta aurreko aldaketaren fitxan behar bezala ageri ez ziren azalera-datuak eguneratuko dira.

    Sestra azpiko solairuaren okupazio-azalera aldatuko da, E3 enklabean adierazi diren irizpide berberekin (E4 enklabearen azpiko sotoak hezeguneetatik aldentzea). Kasu honetan, eta, C geruzan bakarrik, sestra azpiko solairurako sarbidea (maldan) E4 enklabearen mugaraino irits daiteke, gainazalean eraikuntzaren atzeraemangunea mugatzen duen lerrora egokitu behar izan gabe.

    Era berean, E3 eta E4 enklabeen hirigintza-araudian ezartzen denez, San Tomas ibaiaren jabari publiko hidraulikoaren eta eraikinaren artean gutxienez 12 metroko tartea egongo da, uren arloan eskumena duten erakundeen txostenen arabera. Era berean, debekatutako erabileren atalean, EAEko ibaiertzak eta errekaertzak antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren araudiaren E2 apartatuko baldintzak jasotzen dira, bai eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 849/1986 Errege Dekretuaren 14 bis artikulua ere, «Uholde-arriskuko eremuan lurzoruaren erabilerak mugatzea».

    Kudeaketa-sistema berdin mantentzen da bi enklabe horietarako: «Jarduera geroratua, xehetasunezko azterlanaren bidez, edo zuzeneko jarduera, baldin eta enklabeko lurzati guztietarako oinarrizko proiektu bateratu bat aurkezten bada».

    Ingurunearen ezaugarriak.

    Plan Partzialaren eremua (15. Sektorea - Ekialdeko hedapena) eremu zabala da, 22,68 ha-koa, eta bertan nabarmen antropizatutako gainazalak daude gehienbat, eta eraikitako eta urbanizatutako lurzatiak eta hiri-garapena egiteke dagoen lurzatiak daude. Aurreko lurzoru-erabilerek (zereal-laboreak), azken hamarkadetan, landaredi erruderal/nitrofiloaren garapena ekarri dute, belar-geruza nagusi dela, eta zenbait zuhaitz-espezie edo zuhaixka-itxurako espezie batzuk ere garatu dira, espezie aitzindariekin, hala nola makala.

    Plan Partzialaren seigarren aldaketaren xede diren enklabe zehatzei dagokienez (E3 eta E4 enklabeak), adierazi behar da E3 enklabeak (28.560,03 m2) hiri-garapena egiteke duela eta, beraz, landare-estaldura erruderala duela, erdialdean izan ezik, antzinako bi ubideren inguruan naturalizatuta baitago. Bestalde, E4 enklabea (38.290,40 m2) urbanizatuta dago gaur egun, eta duen landaredi bakarra lorategi-izaerakoa da.

    E3 eta E4 enklabeetan ez da aurkitu interes geologikoko punturik, ezta sare hidrografikoko beste elementurik ere. Ez dago kutsatuta egon daitekeen lurzorurik. Orobat, ez dago kultura-ondareko elementurik. Bi guneak Vitoria-Gasteizko ikuseremuan daude, eta oso paisaia arruntekoak dira.

    Plan Partzialaren seigarren aldaketaren eremuaren zati bat interes hidrogeologikoko kokagune batean dago; hain zuzen ere, Gasteizko kuaternarioko jalkin alubialek eta alubial-kolubialek osatutakoan. Eremuak iragazkortasun handia du, eta akuiferoa kutsatzeko arriskua ere handia da. Eremua San Tomas errekaren zaintza-eremuan dago, eta ia E3 enklabe osoa eta E4 enklabearen hegoaldeko muturra 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremuan daude.

    Eremuko ingurumen-baldintzatzaile nagusia Salburuko hezegunetik gertu egotea da. Bi enklabeek, E3k eta E4k, hegoaldean muga egiten dute hezegune horrekin. Hezegune hori Euskal Autonomia Erkidegoko Natura 2000 Sarearen parte da, eta Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (HBBE) da aldi berean, bat etorriz ekainaren 30eko 121/2015 Dekretuarekin. Dekretu horren bidez, Salburua Hegaztientzako Kontserbazio Bereziko Eremu eta Babes Bereziko Eremu izendatu zen. Gainera, Salburua nazioartean garrantzia duten hezeguneen RAMSAR zerrendan dago, eta EAEko Hezeguneen LPSren II. taldekoa da (antolamendu xehatua egiten da).

    Aipatu ditugun bi enklabeak (E3 eta E4) Natura 2000 Sareko espazioaren babeserako eremu periferikoaren barruan daude. Babes-eremu periferikoan Habitatei buruzko Zuzentarauaren 6.3 artikuluko prebentziozko araubidea aplikatzen da (Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46.4 artikulua), eta helburutzat du hezegunetik gertuen dagoen ingurunean eragin negatiboak ez ezik, alterazioak ere prebenitzea baliabide hidrikoaren kantitateari eta kalitateari dagokienez; hala, horren mende dauden habitatak, espezieak eta prozesu ekologikoak kontserbatzea bermatzen da.

    Salburuaren kasuan, babes-eremu periferikoa mugatzeko irizpidea geologikoa/hidrologikoa da, eta, funtsean, bat dator Gasteizko akuifero kuaternarioa lurpetik kargatzeko eremuekin, etengabe edo aldi batez hezegunera isurtzen diren ubideak eta errekak barne.

    Eremu babestu horrek jasaten dituen presioak kontuan hartuta, aipatutako 121/2015 Dekretuan ezarritako helburu eragileen artean dago hezegunearen funtzionaltasun ekologikoa bermatzea, haren dinamika naturalari eutsiz. Horretarako, «Hezegunearen inguruetan hirigintza-garapen berriak programatzea saihestu beharko da» (1. helburu eragilea). Ildo horretan, lurzorua berrerabiltzeari eta birziklatzeari eman beharko zaio lehentasuna, garapen berriak jada artifizializatuta dauden eta natura-balio nabarmenik ez duten lekuetan kokatuz.

    Salburuko hezegunearen ingurumen-balio garrantzitsuena da hegazti komunitatea eta batik bat abifauna urtarra. Horien garrantzia dela eta, aipatu eremua nazioarteko garrantziko hezeguneen RAMSAR zerrendan sartuta dago, eta HBBE gisa sailkatuta. Salburuan espezie mota ugari daude. Penintsulan mehatxupean diren espezieak igarobidean edo negu-pasa egoten direla kontuan izateaz gain, ez dugu ahaztu behar eremua garrantzi handikoa dela, zenbait hegazti-espeziek EAEn ugaltzeko duten toki bakarra delako, Hegaztiei buruzko Zuzentarauaren I. eranskinaren arabera. Iberiar penintsula mailan, udazkeneko migrazioan zehar, ur-benarrizaren (Acrocephalus paludicola) pausaleku gisa aipagarria da.

    Salburuko KBE/HBBEan kontserbatu beharreko elementuak dira, hegazti komunitateaz gain, kiropteroen populazioa (arriskuan dauden zenbait espezie barne hartzen ditu), bisoi europarra (Mustela lutreola), galzorian katalogatuta dagoena, eta uhalde-enara (Riparia riparia), kaltebera gisa katalogatuta dagoena (azken biek kudeaketa-plan onartua dute Araban); apoarmatu korrontezalea (Mauremys leprosa), kaltebera gisa katalogatuta dagoena; baso-igel jauzkaria (Rana dalmantina), kaltebera hori ere; baita hainbat intsektu populazio ere, kontserbazio-interesekoak (koleopteroak, tartean Rosalia alpina eta Lucanus cervus; odonatuak, Coenagrion mercuriale, esaterako; eta lepidopteroak, Euphrydrias eurinia, kasu). Habitat Zuzentarauaren II. eta IV. eranskinetan bilduta dauden espezieak dira.

    Eremu babestuaren iparraldeko mugan, eraiki gabe dauden espazio bakarrak dira E3 enklabea eta E4 eta E5 enklabeen artean dagoen lurzati librea, zeina erabat baitago beteta landaredia erruderalaz. Aldaketaren xede den E3 enklabearen erdialdean, antzinako bi ubide daude, ur gezako habitat naturalizatuak. Fauna eta flora populazio hainbat dago, sahastiak nabarmentzen direla. KBE/HBBEaren organo kudeatzaileak 2021eko abenduaren 14ko txostenean dioenaren arabera, E3 enklabearen jarduketa-eremua bisoi europarraren interes bereziko eremuaren barnean dago (hegoaldean), eta ubideen ingurunea arestian aipatutako espezie eta fauna taldeen habitat potentziala da, guztiak ere Salburua KBE/HBBEan kontserbatu beharreko funtsezko elementuak direnak.

    Inpaktu nagusiak.

    Plan Partzialaren seigarren aldaketak egindako aldaketek, funtsean, E3 enklabeari eragiten diote. Adierazi den bezala, enklabe hori garatzeko baldintza nagusia Salburua KBE eta HBBEtik hurbil egotea da, Natura 2000 Sareko gune horren babes-eremu periferikoan baitago.

    Ondorioz, inpaktu handienak izango dira, bai jarduketak gauzatzeko fasean, bai proposatutako instalazioen bizitza erabilgarrian, zuzenean edo zeharka eragin diezaieketenak hezeguneari eta harekin lotutako fauna komunitateei, kontserbazio-balio handia duten espezie mehatxatuak barne, bereziki, abifauna urtarra, hala migratzailea zein habiagilea, eta, jakina, kiroptero komunitatea.

    Organo kudeatzailearen 2021eko abenduaren 14ko txostenean, KBE/HBBEan kontserbatu beharreko funtsezko elementuen gaineko inpaktuak zehazten dira, E3 enklabearen garapenetik erator daitezkeenak, eta, bereziki, dauden ubideen ingurunean naturalizatutako habitat urtarra ezabatzetik eratorritakoak.

    Espezie horiek sentiberak dira (abifauna, kiropteroak, bisoi europarra) kutsadura akustikoarekiko, argi-kutsadurarekiko eta Plan Partzialaren seigarren aldaketak ezarri nahi dituen kirol-ekipamenduen eta erabilera tertziarioen ondorioekiko, beraz, alderdi hori oso kontuan hartzekoa da, egin nahi diren jarduketen ingurumen-bideragarritasuna baldintzatu dezakeelako. Ekainaren 30eko 121/2015 Dekretuaren arabera, hezegunearen inguruko hiri-eraldaketa da Salburua kontserbatzeko presio garrantzitsuena. Habitat naturalaren eskasiaz gain, hiri-erabilerek nahiz erabilera publikoek beste presio batzuk eragiten dituzte faunarengan, adibidez, etortzeari uztea, migratzaile gautarrak desorientatzea eta gaueko harrapakaritza handitzea.

    Beste inpaktu bat ere izan daiteke esanguratsua; Salburuko putzuak hornitzen dituen akuiferoan izan daitezkeen eraginak, Planean proposatzen diren sestra azpiko indusketa-jarduketen eta gainazalen iragazgaiztearen ondorioz.

  2. Planak barne hartu ditu ingurumen-azterketa estrategikotik eratorritako ingurumen-alderdiak, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza zenaren 2019ko abuztuaren 19ko ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakontasun-, xehetasun- eta zehaztasun-maila bermatuta.

  3. Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-ebaluazio estrategikoa zabaltzea eskatzen duen jarduketa berririk; hala ere, ES2110014 Salburua KBE/HBBEaren organo kudeatzailea den Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzaren 2022ko apirilaren 26ko txostenaren arabera, E3 enklabeko antolamendu xehatuaren aurreikuspenetako batzuk birdefinitu egin beharko dira, aurrerago garatuko den eran.

  4. Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.

    1. Natura-ondarea babesteko neurriak.

    Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzak 2022ko apirilaren 26an egindako txosten horren arabera (ebazpen honekin batera doa txosten horren kopia), E3 enklabearen barruan bi afekzio-eremu zehaztu eta grafikoki adierazi dira:

    1. gunea (hezegunetik hurbilen dagoena): ES2110014 Salburua KBE/HBBEaren babes-eremua. Eremu horrek babes-eremu periferiko gisa dituen funtzioei eutsi beharko die, Habitatei buruzko Zuzentarauaren 6.3 artikuluko prebentzio-araubidean oinarrituta, eta bertan dauden natura-elementuak modu aktiboan kontserbatuko dira.

    2. gunea: hirigintza-aukerak dituen eremua, zeinetan uste baita KBEarentzat kaltegarriak ez diren jarduerak gara daitezkeela.

      Txosten horretan ondoriozta daitekeenez, «1. gunea urbanizatzeak KBEko kontserbazio-elementu giltzarriak diren espezieak edo habitatak desagerraraztea edo haiei eragitea ekarriko luke, eta horrek zuzenean eta zeharka eragingo luke KBEaren habitat, espezie eta prozesu ekologikoen kontserbazioan, nahiz eta uste den bateragarria izan daitekeela urbanizazio partzial batekin, baldin eta prebentzio- eta konpentsazio-neurri hauek garatzen badira».

      1.1. Beraz, jarduketak garatu ahal izateko, beharrezkoa da planean neurri babesle eta zuzentzaile hauek sartzea:

      15. sektorearen eremuan eta/edo E3 enklabea barne hartzen duen lurzatian bertan beste antolamendu-alternatibarik ez badago, lurzoru-erreserba bat aurreikusi beharko da hegoaldean eta enklabearen perimetroan (A geruza eta 1. gunea, organo kudeatzaileak zehaztuta), eta honako funtzio hauek izango ditu:

      Bermatzea ez dela biodibertsitatea galduko, eta ez dela eraginik izango Salburuko KBE/HBBEan kontserbatu beharreko basa-fauna eta -florako habitaten eta espezieen kontserbazio-egoeran.

      E3 enklabeko urbanizazio- eta eraikuntza-lanek Salburuko KBE/HBBEan eta, bereziki, Betoñuko putzuan dituzten ondorioak apaltzea, eraikuntza-fasean zein eragiketa-fasean.

      Planean aurreikusitako jarduerak gauzatuz ezabatuko diren habitatak leheneratzeko aukera ematea, KBE/HBBEaren organo kudeatzaileak planteatutako neurri zuzentzaileak eta konpentsazio-neurriak aplikatuz.

      Organo kudeatzaileak bere txostenean adierazi duenez, eragina zuzentzeko edo konpentsatzeko, «Eremu naturalizatuek 6.000 m2 inguruko gutxieneko azalera izan beharko lukete». Beraz, beharrezkotzat jotzen du «eremu horren barruan KBEtik hurbilen dagoen hegoaldeko eremuan hezegune bat sortzea. Hezegune horren azalera galdutako azalera hezearen antzekoa izango da». Baldintza hori betetzen dela bermatzeko, Planak deuseztatuko den hezegunearen azalera eta horri lotutako landaredia kuantifikatuko ditu, behar beste lurzoru erreserbatzeko.

      1. gunearen gainerakoan aire zabaleko instalazioak egongo dira, eta trantsizio-espazio bat sortuko da eremu babestuaren eta eraikitako eremuaren artean.

      1. Enklabearen eraikigarritasuna 2. gunean metatuko da, hezegunetik urrutien dagoen lurzatiaren gunean, eta eraikinak Zurbaoko Atearekin eta Biosferaren pasealekuarekin ahalik eta lerrokatuen egongo dira.

      2. E3 enklabearen hirigintza-araudiak honako aurreikuspen hau jasoko du: enklabe hori garatzeko proiektuak leheneratze-proiektu bat izango du, dagokion aurrekontuarekin, KBE/HBBEaren organo kudeatzaileak ezarritako baldintzak betetzeko. Hurrengo apartatuan zehazten dira baldintzok.

        1.2. E3 enklabea garatzeko proiektuak KBE/HBBEaren organo kudeatzaileak 2022ko apirilaren 26ko txostenean ezarritako neurri zuzentzaile eta konpentsatzaile hauek jaso beharko ditu, eta, hala badagokio, ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura bete beharko du:

      1. Ubideen ingurunean prospekzio bat egingo da aurretiaz, bertako fauna- eta flora-komunitatea ezagutzeko, eta arriskuan dauden edo interesgarriak diren espezieak detektatzen ahalegin berezia egin beharko da.

      2. E3 enklabearen hegoaldeko eremuan, KBE/HBBEtik hurbilen dagoen eremuan, hezegune berri bat sortuko da, proiektuaren bidez ezabatuko denaren ordez. Horretarako, lurzatiaren erregimen hidrikoa ebaluatuko da eta natura-ingeniaritzako teknikak erabiliko dira. Hezegune hori enklabearen erdialdeko ubideak kendu aurretik sortu beharko da, anfibioen, ornogabeen eta intereseko landarediaren aleak egungo hezegunetik putzu berrira lekualdatu ahal izateko. Ubideak pixkanaka lehortuko dira, eremu berrira ura ponpatuz, eta, horri esker, bertan dauden ale guztiak errazago antzemango dira. Era berean, ubideak eta sortutako putzu berria lotzeko aukera aztertuko da.

      3. «Sahastiak» funtsezko elementua kentzeak berekin ekarriko du lurzatian sahatsen ibaiertzeko habitat bat lehengoratzea, hezegune berriaren ondoan, eta horren neurriek galdutako sahasti-azaleraren antzekoak izan beharko dute.

      4. Gaur egun trinkotuta edo erruderalizatuta dauden lursailen egitura fisikoa eta organikoa hobetuko da, eta, ondoren, leheneratu egingo da, belar-espezieak ereinez eta KBEko espezie propioetako zuhaixkak eta zuhaitzak era heterogeneoan landatuz, multzotan edo banaka, KBEtik hurbilen dagoen 1. guneko lurzatiaren hegoaldean.

      5. Era berean, Quercus robur espeziearen aleak landatuko dira eremu horretan, gutxienez 1.200 m2-ko azaleran.

      6. Eremu horretan dauden animalia-espezieen gaineko inpaktuak arintzeko, zuhaitz-zerrenda bat sortuko da ildo-bitarte landareztatuaren gainean (1-3 m-ko altuera, 2-6 m-ko zabalera, gunean guneko beharrizan zehatzen arabera). Neurri horren helburua da ikus-, soinu- eta argi-hesi bat sortzea eremu naturalaren edo naturalizatuaren eta azkenean sortuko diren eraikinak eta azpiegiturak kokatuko diren eremu urbanizatuaren eta lurzatiaren mugakide direnen artean (bidea eta BAKH). Nolanahi ere, euri-urak behar bezala husten direla bermatu beharko da, eta eremuko uholde-arriskua ez dela handituko.

      7. Eremu horretan, planteatutako eraikin eta azpiegituren zati gisa sartu beharreko berdeguneak, espazio autoktonoekin landareztatu beharko dira, eta naturalizatzeko asmoz mantenduko dira. Ez da espezie aloktonorik erabiliko lurzatia landareztatzeko.

        2. Intereseko landaredia babesteko neurriak.

        Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, proiektuak berezitasun hauek hartu beharko ditu aintzat:

      1. Obrak, bai eta lurzorua erabili beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira.

      2. Beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, bertako landarediari eragitea saihestuko da.

      3. Obrak egiten hasi aurretik, zehaztasunez balizatuko dira afektazioetatik salbu geratu behar duten landareak, bai eta inausketen eragina jasan dezaketen zuhaitzak ere, bota ez ditzaten. Zuzeneko okupaziorik aurreikusten ez den eremuetan ez da landarerik moztuko, ez garbituko.

        3. Jabari Publiko Hidraulikoa (JPH) babestera eta uholde-arriskuak ahalik eta txikienak izatera bideratutako neurriak.

      1. Uraren Euskal Agentziaren eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren espedienteko txostenetan ezarritako baldintzak bete beharko dira, bereziki lurzatiaren uholde-arriskuari buruzko neurriak.

      2. Planean jasotzen diren eta zaintza-eremuan dauden jarduketa guztiek arroko erakundearen (Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren) nahitaezko administrazio-baimena beharko dute gauzatu aurretik. Ura Uraren Euskal Agentziak izapidetuko du.

        4. Uren kalitatearen gaineko eragina murrizteko neurriak.

      1. E3 enklabea garatzeko proiektuak lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak aurreikusi beharko ditu; adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.

      2. Urbanizazio-proiektuak hondakin- eta euri-urak bereiz biltzeko sare bat diseinatu beharko du. Saneamendu-sarearen diseinua eta baldintza teknikoak erakunde eskudunek isurketa-baimenean ezarritako zehaztapenetara egokituko dira.

        5. Lurraldearen leheneratze ekologiko eta paisajistikorako neurriak.

      1. E3 enklabea garatzeko proiektuak barne hartuko du ukitutako eremua lehengoratzeko proiektu bat, proiektuak eta ebazpen honen D.1.2 apartatuan deskribatutako neurriek eragindako zona guztiak leheneratzeko. Leheneratze-proiektu hori Salburuko KBE/HBBEaren organo kudeatzaileak onartu beharko du.

      2. Eremuko berdeguneak diseinatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» hartuko da kontuan, Udalsarea 21en lan-koadernoa, 20.b zenbakia, 2017ko apirilekoa (http://www.udalsarea21.net/Publicaciones/Ficha.aspx?IdMenu=892e375d-03bd-44a5-a281-f37a7cbf95dc&Cod=ec1f62b8-a941-4c9a-9280-e4202e656a69&Idioma=eu-ES) eta Eusko Jaurlaritzaren «Ibaietako natura-ingeniaritzako tekniken eskuliburua»

        (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza//contenidos/documentacion/manual_tec_ing_nat_amb_flu/eu_doc/index.html)

      3. Ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoen zabalkundea saihesteko neurriak hartuko dira (Robinia pseudoacacia, Buddleja davidii, etab.). Ildo horretan, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie inbaditzailerik sar ez dadin mugitutako lurren eta landarerik gabe utzitako lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketen babesa eta abar). Gainera, landare-lurrak modu berezituan kudeatzea proposatuko da, baldin eta lur horiek aipatutako espezieak barreia ditzaketen propaguluak badituzte. Lorategi-guneak sortzeko, «Espezie apaingarriak hautatzeko gida» ere hartuko da kontuan (http://www.udalsarea2030.eus/argitalpenak/20a-udalsarea21-koadernoa-espezie-apaingarriak-hautatzeko-gida)

        6. Kultura-ondareari dagozkion neurriak.

        Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, lur-mugimenduak egin bitartean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeelako zantzuren bat aurkitzen bada, lanak eten egingo dira, eta berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

        7. Zaraten eraginak gutxitzeko neurriak.

      1. Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

      2. Obrek dirauten artean, eragiketa-jardunbide egokiak aplikatu beharko dira zarata jatorrian murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-eragiketetan, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorretan ere, eta zarata eta bibrazioak jatorrian murriztu beharko dira, obretan erabilitako ekipamenduen soinu-emisioak kontrolatu eta abar. Obrek 6 hilabetetik gorako iraupena badute, beharrezkoa izango da inpaktu akustikoaren azterketa bat egitea, behar diren neurri zuzentzaileak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluari jarraikiz.

      3. Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta bereziki egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

        8. Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

      1. Plan partzialaren eremuan eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko Etxebizitzen Eraikingintza Jasangarriaren Giden gomendioak hartu beharko dira kontuan, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko.

      2. Era berean, eta aipatutako eremuaren urbanizazioari dagokionez, «Urbanizazio-proiektuen garapen jasangarrirako gida»ko gomendioak kontuan hartu beharko dira (http://www.guiaurbanizacionsprilur.com/pdf/Guia_completa_v2.pdf). Gidaliburu horren helburua da proiektu horien diseinuaren, egikaritzearen, mantentzearen eta bizitza-amaieraren jasangarritasun-maila balioestea.

        Neurriok, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

        Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

        Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

        Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

        Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

        Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.

        Atmosfera. Gas-, hauts-, zarata-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

        Eraikinen barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

        Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.

        Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.

        Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

        Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea edo kontserbatzea.

        Paisaia. Sektorearen eta haren instalazioen paisaia-integrazioa.

        Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.

        Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren efektuetara egokitzea.

        9. Klima-aldaketa apaltzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak.

        Bat etorriz Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin, Plana gauzatzeko proiektua klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko da.

        10. Ingurumena babesteko neurri orokorrak aurreikusitako garapena gauzatzen den bitartean.

        Aurreikusitako garapenetan, ingurumen-balioei eustea bermatzen duten neurri guztiak aplikatu beharko dira. Bereziki:

        Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea eta hondakinak kudeatzea.

        Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

        Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta Eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

        Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena).

        Industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

        Vitoria-Gasteizko Udalari eta Ingurumen Jasangarriko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

        Zabortegira bidali beharreko hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira.

        Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira. Soilik EBA-A ebaluazioko balio adierazleetatik beherako eduki kutsatzaileak dituzten materialak utzi ahal izango dira lursailak betetzeko edo egokitzeko, Lurzoruaren Kutsadura Prebenitu eta Zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean jasotakoari jarraikiz.

        Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (obrako instalazio osagarriak iragazgaiztea, material xurgatzaileak erabiltzea, etab.).

        Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea: eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

  5. Ingurumen-jarraipenaren plana.

    Ingurumen-azterketa estrategikoak ingurumen-zaintzako programa bat jasotzen du. Programa horren xedea da zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, eta horien bidez egiaztatzea planaren aurreikuspenak betetzen diren, proposatutako jarduketek ingurumen-eskakizunak betetzen dituzten eta eremu naturalizatuen eta leheneratuen egoera egokia den. Ingurumen-azterketa estrategikoak hainbat kontrol proposatzen ditu Planaren barneko proiektuaren obra-faserako; jarraipen-adierazleen eta atalase-balio jakin batzuen arabera burutu beharreko jarduketa batzuk dira kontrol horiek.

  6. Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluaziorako arau orokorrak.

    Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioan kontuan hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza zenaren 2019ko maiatzaren 9ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan adierazitako ingurumen-irizpideak, ebazpen honetan ezarritako babes-, zuzenketa-, konpentsazio- eta zaintza-neurriak, eta, bereziki, Salburuko hezeguneko KBE/HBBEa babesteari buruzko D.1.2 apartatuko neurri zuzentzaileak eta konpentsatzaileak.

    Ebazpen honen aurreko apartatuetan jasotakoaren laburpen gisa, besteak beste, honako alderdi hauek azpimarratu behar dira: Salburuko hezegunearen gaineko eragina minimizatzea eta saihestea, KBE/HBBEan kontserbatu beharreko habitaten eta espezieen egoera zaintzea eta hobetzea, deuseztatuko den habitat naturalizatua leheneratzea, ukitutako eremu osoa leheneratzea, esku-hartzeen paisaia-integrazio egokia egitea, sortutako lur-soberakinak eta hondakinak egoki kudeatzea, jabari publiko hidraulikoa babestea, natura-arriskuak minimizatzea, eremuko kalitate akustikoa zaintzea, argi-kutsadura murriztea eta, oro har, kalteak prebenitzea lehenestea kalteengatik konpentsatzearen aurrean.

    Bigarrena. Baskonia Kirol Hiria SL sozietateak Vitoria-Gasteizen sustatzen duen «Ekialdeko hedapena - 3, Salburua parkea» 15. sektorearen (E3 eta E4 enklabeak) Plan Partzialaren seigarren aldaketa onartzeko, bi urteko gehieneko epea ezartzea, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, proiektua onartu ez bada, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta ez da gehiago eraginkorra izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztia, bat etorriz Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin.

    Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinarazi behar zaio bai Vitoria-Gasteizko Udalari, bai eta Salburuko KBE/HBBEaren organo kudeatzaileari ere.

    Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 5a.

    Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

    JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik