Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 2koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena. Honen bidez, 2022ko udako euskara ikastaroetarako deia egiten zaie Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileei.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: HAEE; Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 93
  • Hurrenkera-zk.: 2070
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/05/02
  • Argitaratze-data: 2022/05/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Funtzio publikoa

Testu legala

Azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legeak, euskararen erabilpena arauzkotzekoak, ezartzen du herri-agintariek xedezko neurriak hartuko dituztela Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioari atxikitako langileak arian-arian euskalduntzeko, herritarrei aitortzen zaien eskubidea gauzatzeko helburuarekin, administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz nahiz gaztelaniaz izan daitezen.

Legeak aurreikusitakoak garatzeko apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzeko dena eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari dagozkion hainbat ekimen xedatzen dituena, Hizkuntza prestakuntzaren arloan.

Hori guztia kontuan izanik,

Lehenengoa. Helburua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileen Hizkuntza-gaikuntzan eragitea eta bultzatzea.

Bigarrena. Parte-hartzaileak.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileek parte hartu ahal izango dute Hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuen deialdi honetan.

    Aurrekoa gorabehera, deialdi honetan ezin izango dute parte hartu Osakidetza-Euskal osasun zerbitzura dauden langileek, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzura diharduten irakasleek, Ertzaintzako langileek eta Justizia Administrazioko langileek. Langile horiek beren eremuetarako berariaz ezarritako deialdietan parte hartu ahal izango dute, beren dimentsioaren eta behar espezifikoen arabera.

  2. Nolanahi ere, IVAPek hizkuntza-prestakuntza eskainiko du, bere aurrekontu-baliabideen barruan.

    Hirugarrena. 2022ko udako ikastaroen ezaugarriak.

    Udako ikastaroak 2022ko uztailean, abuztuan eta irailean egingo dira. Aurrez aurreko ikastaroak lanorduetan eta lanorduz kanpoko ordutegian egingo dira, eta autoikaskuntzako ikastaroak, berriz, lanorduz kanpoko ordutegian.

    Ikastaro guztiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

    HABEk araututako moduluak izan behar dute.

    Euskaltegi edo autoikaskuntzako zentro publiko edo pribatu homologatuek eman beharko dituzte.

    Aurrez aurreko ikastaroek gutxienez 80 orduko iraupena izan beharko dute.

    Autoikaskuntzako ikastarok gutxienez 70 orduko iraupena izan beharko dute.

    Laugarrena. Eskabideak nola eta noiz egin.

    Deialdi honetan IVAPek gehienez hiru eskabide onartuko ditu pertsona bakoitzeko.

  1. Eskabideak nola egin.

    Interesdunak https://ivap.euskadi.eus/izapideak helbidean egingo du eskabidea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan onartuta dagoen edozein identifikazio-bitartekoren eta sinadura elektronikoaren bidez identifikatu ondoren. Honako helbide honetan kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus/certificados-electronicos

    Interesdunak ez badu https://ivap.euskadi.eus/izapideak helbidean sartzeko aukerarik, zein ikastaro egin nahi duen jakinaraziko dio bere saileko edo erakundeko solaskideari, eta hark grabatuko du eskabidea IVAPeko euskara-ikastaroak kudeatzeko aplikazioan.

  2. Eskabideak aurkezteko epea.

    2022ko maiatzaren 17tik 31ra, biak barne.

    Bosgarrena. Lanorduetako ikastaroak.

  1. Interesdunak bete beharreko baldintzak.

    Lanorduetan euskara-ikastaro bat hasi ahal izateko:

    Interesdunak ikastaroren bat eginda izan behar du IVAPen edozein deialditan, eta, beraz, ikaste-prozesua hasita.

    Interesduna 2021-2022 ikasturteko urrian edo otsailean hasi ez bazen, ordu-kreditu positiboa izan beharko du udako ikastaroaren hasieran, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langile publikoak euskalduntzeko, ordu-kredituak aplikatzea ezartzen duen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2004ko apirilaren 30eko Aginduaren bosgarren artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz; EHAA: 2004-05-07; 85. zk.

    Interesdunak aldi baterako lan-kontratua edo bitarteko izendapena badu, kontratatuta edo izendatuta egon beharko du 2022ko abenduaren 31ra arte gutxienez.

  2. Eskaera.

    Interesdunak lanorduetako ikastaroetan parte hartzeko eskabidea aurkeztuko du, deialdi honen laugarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

  3. Hizkuntza-prestakuntzarako baimena.

    Interesatuak atxikita dauden sailek eta erakundeek lanorduetako euskara ikastaroetan parte hartzeko eskabideak eskuratu ahal izango dituzte.

    Sail bakoitzak kudeatuko ditu eskabideak, IVAPen aplikazio informatikoaren bidez. Sail bakoitzak eskaera horiek baimendu edo ukatuko ditu IVAPek berariaz jakinaraziko dion epearen barruan.

    Eskabideak aztertu ondoren, sailek eta erakundeek honako hau egiaztatuko dute:

    Aldi baterako lan-kontratuko langileen eta bitarteko funtzionarioen kasuan, kontratazio-baldintza edo izendapenaren indarraldia 2022ko abenduaren 31ra arte betetzen dela.

    Ondoren, sailek eta erakundeek lanorduetan euskara-ikastaroetan parte hartzeko eskabideak onartu edo atzera botako dituzte.

    IVAPek ulertuko du sail edo erakunde batek onartutako eskabide guztiek betetzen dituztela baldintza horiek.

  4. IVAPek ordu-kredituaren betekizuna egiaztatzea.

    IVAPek egiaztatuko du sailak edo erakundeak baimendutako pertsona guztiek ordu-kreditu positiboaren saldoa betetzen duten ala ez, deialdi honen zortzigarren oinarrian ezarritakoaren arabera. Horrez gain, euskalduntze prozesuan aurretik IVAPekin hasiak direla ere ziurtatuko du.

  5. Ikastaroen finantzaketa.

    Udako ikastaroak IVAPek finantzatuko ditu matrikula-orriaren bidez.

    IVAPek matrikula-orri bat emango dio interesdunari baimendutako ikastaro bakoitzeko, berak aukeratutako euskaltegi publiko edo pribatu homologatuan matrikula dadin.

    Matrikula egiteko, ezinbestekoa izango da matrikula-orria euskaltegian aurkeztea.

    Ikaslea ez bada inongo euskaltegitan matrikulatzen, sailak edo erakundeak matrikula-orria itzuli beharko dio IVAPi.

    IVAP arduratuko da matrikula-orria ordaintzeaz, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:

  1. Interesdunak matrikula-orrian zehaztutako moduluan matrikulatuta egon beharko du.

  2. Interesdunak matrikula-orria ikastaroa hasi aurretik aurkeztu beharko du aukeratutako euskaltegian.

  3. Interesduna matrikulatzen den ikastaroek deialdi honen hirugarren oinarrian aurreikusitako baldintzak bete beharko dituzte.

    Baldintza horiek guztiak betetzen direla egiaztatu ondoren, IVAPek matrikula-orria onartuko du eta horren kostua bere gain hartuko du. Barnetegi-erregimeneko ikastaroen kasuan, ostatuaren eta mantenuaren kostua ere bere gain hartuko du.

    Aitzitik, IVAPek ez du bere gain hartuko ikastaroen ondoriozko beste gasturik (joan-etorriak, materialak, etab.).

    Ikasleak egindako matrikulazioak lehen aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, IVAPek ez du ordainketarik egingo eta bere erabakia dagokion zerbitzu-zuzendaritzari jakinaraziko dio, ikasleari horren berri eman diezaion.

    Seigarrena. Lanorduz kanpoko ikastaroak.

  1. Interesdunak bete beharreko baldintzak. Baldintzak betetzen direla egiaztatzea eta, hala badagokio, baimena ematea.

    Honako baldintza hauek bete behar ditu interesdunak lanorduz kanpoko euskara-ikastaro bat hasi ahal izateko:

    Interesdunak ikastaroren bat eginda izan behar du IVAPen edozein deialditan, eta, beraz, ikaste-prozesua hasita.

    Interesdunak aldi baterako lan-kontratua edo bitarteko izendapena badu, kontratatuta edo izendatuta egon beharko du 2022ko abenduaren 31ra arte gutxienez.

    Lanorduz kanpoko autoikaskuntzako ikastaroen kasuan, sail edo erakunde bakoitzak emandako baimenen kopurua ezin izango da izan lanorduz kanpoko ordutegiaren barruan hizkuntza-prestakuntzarako baimentzen dituen eskaera guztien % 20 baino handiagoa.

    IVAPek automatikoki egiaztatuko du baldintza horiek betetzen direla. Indarrean dagoen araudiaren arabera, eskatzaileak berariaz uko egin ahal izango dio IVAPen egiaztapen horri. Aurka eginez gero, baldintza betetzen duela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du langileak, eta, aurkeztu ezean, eskabidea ezin izango da onartu.

  2. Eskaera.

    Interesdunak lanorduz kanpoko ikastaroetan parte hartzeko eskabidea aurkeztuko du, deialdi honen laugarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

  3. Lanorduz kanpoko ikastaroak kudeatzea.

    Eskabidea aztertu eta deialdi honetan eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, IVAPek matrikula-orri bat emango dio interesdunari baimendutako ikastaro bakoitzeko, euskaltegi publiko edo pribatu homologatuan edo aukeratzen duen autoikaskuntzako zentroan matrikula egin dezan.

    Matrikula egiteko, ezinbestekoa izango da matrikula-orria euskaltegian aurkeztea.

    IVAP arduratuko da matrikula-orria ordaintzeaz, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:

  1. Interesdunak matrikula-orrian zehaztutako moduluan matrikulatuta egon beharko du.

  2. Interesdunak matrikula-orria ikastaroa hasi aurretik aurkeztu beharko du aukeratutako euskaltegian.

  3. Interesduna matrikulatzen den ikastaroek deialdi honen hirugarren oinarrian aurreikusitako baldintzak bete beharko dituzte.

    Baldintza horiek guztiak betetzen direla egiaztatu ondoren, IVAPek matrikula-orria onartuko du eta horren kostua bere gain hartuko du.

    Barnetegi-erregimeneko ikastaroen kasuan, ostatuaren eta mantenuaren kostua ere bere gain hartuko du.

    Aitzitik, IVAPek ez du bere gain hartuko ikastaroen ondoriozko beste gasturik (joan-etorriak, materialak, etab.).

    Ikasleak egindako matrikulazioak lehen aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, IVAPek ez du ordainketarik egingo eta bere erabakia dagokion zerbitzu-zuzendaritzari jakinaraziko dio, ikasleari horren berri eman diezaion.

    Zazpigarrena. Ikastaroen hasiera eta bertaratzea.

  1. Ikastaroen hasiera.

    Ikasleak ikastaroaren lehen egunean hasi beharko dira klasean.

  2. Egunero bertaratzea.

    Ikasleek eta dagozkien sailek asistentziaren jarraipen espezifikoa egin ahal izan dezaten, IVAPek aplikazio informatikoaren bidez emango du informazio hori, eta ikasleen ez-bertaratze egunak zehaztuko ditu.

  3. Lanorduetan ikastaroetara joateko arau espezifikoak.

    Ondorio guztietarako, ikastaroa ematen den euskaltegia lantokitzat hartuko da. Beraz, bertaratze- eta puntualtasun-hutsegiteak dagokion zerbitzu-zuzendaritzan justifikatu beharko dira, laneko ez-betetze guztiekin egiten den bezala.

    Ikastaroetara joateko baimena ematea zerbitzu zuzendaritzaren eskumena denez, hari dagokio, halaber, baimendutako aldian langileak etenik gabe eskolatuko direla bermatzea.

    Zortzigarrena. Lanorduetako ikastaroetako ordu-kreditua.

    Lanorduetako ikastaroetan ordu-kredituen sistema ezartzen duen Agindua aplikatuko da (Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2004ko apirilaren 30eko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langile publikoak euskalduntzeko, ordu-kredituen aplikazioa ezartzen duena; 2004-05-07ko EHAA; 85. zk.).

    Agindu horren bosgarren artikuluan ezarritakoaren arabera, euskara ikastaro bat lanorduetan hasi ahal izateko, beharrezkoa izango da ikasturtearen hasieran ordu-kreditu positiboa izatea.

    Deialdi honetan aurreikusitako euskara-ikastaroei dagokien ordu-kreditua ezartzeko, ikasle berriaren hasiera-maila 2021eko urrikoa izango da, edo 2022ko otsailekoa, urrian egin ez badu.

    Ondorioz, IVAPek honela aplikatuko du ordu-kredituaren gaineko kontrola:

    1. 2022ko udako ikastaroa lanorduetan hasten dutenei ordu-kredituaren kontrola aplikatuko zaie ikasturtea hasi aurretik. Saldo positiboa agortuta dutenek ezingo dute ikasturtea hasi.

    2. 2021-2022 ikasturtean, lanorduetako ikastaroa 2021eko urrian hasi zutenei ikasturte horretako ordu-kredituaren kontrola aplikatuko zaie. Beraz, urrian ordu-saldo positiboa bazuten, udako ikastaro bat egin ahal izango dute lanorduetan, nahiz eta udako prestakuntza-ekintza hasten den egunean ordu-kreditua agortuta izan.

    3. 2021-2022 ikasturtean, lanorduetako ikastaroa 2022ko otsailean hasi zutenei ikasturte horretako ordu-kredituaren kontrola aplikatuko zaie. Beraz, otsailean ordu-saldo positiboa bazuten, udako ikastaro bat egin ahal izango dute lanorduetan, nahiz eta udako prestakuntza-ekintza hasten den egunean ordu-kreditua agortuta izan.

      Bederatzigarrena. Lanorduz kanpoko euskara-ikastaroen aprobetxamendua.

      Lanorduz kanpoko euskara-ikastaroetan matrikulatutakoek aprobetxamendu-irizpidea bete beharko dute. Gainera, mailak gainditzeko aldizkako ebaluazioak egiteko konpromisoa hartuko dute.

      Sailek eta erakundeek bertaratze- eta ebaluazio-datuak eskuratu ahal izango dituzte, IVAPek horretarako jartzen duen aplikazio informatikoaren bidez, baimena emateko balorazioa egin ahal izan dezaten.

      Hamargarrena. Ikastaroak bertan behera uztea eta ondorioak.

      Ikastaroa hasi ondoren norbaitek behin betiko uzten badu, berehala jakinarazi beharko dio IVAPi, https://ivap.euskadi.eus/izapideak helbidearen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan onartuta dagoen identifikazio- eta sinadura elektronikoko edozein bitartekoren bidez identifikatu ondoren, helbide honetan kontsulta daitezkeenak: https://www.euskadi.eus/certificados-electronicos

      Interesdunak ez badu https://ivap.euskadi.eus/izapideak helbidean sartzeko aukerarik, bere saileko edo erakundeko solaskideari jakinaraziko dio zer ikastaro utzi nahi duen bertan behera, eta hark grabatuko du eskabidea IVAPeko euskara-ikastaroak kudeatzeko aplikazioan.

      Arau orokor gisa, ikastaroa utzi izanaren jakinarazpena aurkezten den egunetik aurrera, honako hauek geldituko dira:

      Lan-ordutegiko ikastaroen kasuan, ordu-kredituaren zenbaketa.

      Lanorduz kanpoko ikastaroen kasuan, asistentziaren zenbaketa.

      Hala ere, autoikaskuntzako ikastaroetan, ikastaroa uzteak ez ditu aipatutako zenbaketak geldiaraziko.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta datuak babesteari buruz indarrean dagoen gainerako araudia betez, jakinarazten da izaera pertsonaleko datuak «EAEko administrazio publikoetako langileen euskalduntzea» izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla. Tratamendu horren helburua izango da EAEko administrazio publikoetako langileen hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak kudeatzea eta ebaluatzea, eta, hala badagokio, programatzea eta bertaratzea gestionatzea, bai eta hizkuntza-gaikuntzagatik esleitutako ordu-kreditua kudeatzea ere.

Tratamendu horren arduraduna Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaritza izango da, eta haren aurrean, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Datuak Babesteko Ordezkariaren aurrean, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, transferitzeko, mugatzeko, aurka egiteko eta errebokatzeko eskubideak baliatu ahal izango dira, baita aplikatu beharreko araudiak aurrez ikusitako beste edozein eskubide ere.

Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonei buruzko datuak EAEko langileen arloan eskumena duten erakundeei jakinaraziko zaizkie (bertaratzeari eta ebaluazioari buruzko informazioa); Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, normalizazio-planaren betetze mailari buruzko ebaluazio-txostena egiteko (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 6. artikulua); eta HABEri Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa betez). Datuak ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legeak kontrakoa agintzen ez badu.

Datuak babesteari buruzko informazio gehigarri eta xehatua hemen kontsultatu dezakezu:

https://www.euskadi.eus/tratamendu-jardueren-erregistroa-tje/web01-aprat/eu/eu/contenidos/informacion/rat/eu_def/adjuntos/0215_eu.html

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik