Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko apirilaren 20koa, HABEko zuzendariarena, helduen euskalduntzearen alorreko metodologiagintzan ikertzaileak gaitzeko beka bat emateko deia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: HABE; Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 85
  • Hurrenkera-zk.: 1908
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/04/20
  • Argitaratze-data: 2022/05/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoko azaroaren 25eko 29/1983 Legeak, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortaraztekoa eta euskaltegiak araupetzekoak, 2.b) artikuluan zehazten du HABEren egitekoen baitan helduei euskara irakasteko metodologiagintzaren eremuan ikerlanaren sustapena eta bere helburuak lortzearren irakasbide eta tresna egokienen bilaketa. Lege honen 12. artikuluak Hizkuntzaren Didaktika-zerbitzura biltzen ditu egitekook, euskaltegietako irakasleen prestakuntza eta eguneratzearekin batera.

HABEk ikerketa-eremu berriak zabaldu eta landu nahi ditu helduen euskalduntzearen curriculumgintzan zein ebaluazio-egiaztatzegintzan, lan-eremuotako adituen prestakuntzarako egitasmo zehatzak emanez. Horretarako, ikertzaileen gaikuntzarako beka-deialdia egitea erabaki du.

Gainera, 2022ko otsailaren 16ko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren Aginduaren bidez sailaren 2022ko dirulaguntzen urteko plana onartu zen eta 2021-2024 epealdiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aldatu zen, honako beka deialdia bertan aurreikusiz.

Horregatik guztiagatik, eta HABEren arau organikoak onesten dituen otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoa betez,

Lehenengoa. Beka baterako (1) deialdia egitea, helduen euskalduntzearen didaktika aplikatuaren metodologiagintzaren eremuan ikertzaileen gaikuntzarako, eta deialdi horren oinarriak onartzea ebazpen honetan ageri diren eran.

Bigarrena. Ebazpen honetan aurreikusi gabe geratu diren gaietan, azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintza Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta Lege horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuak ezarritakoa aplikatzea.

Hirugarrena. Interesdunei jakinaraztea Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak, eta bere aurka, administrazio-bidea agortzen ez duenez, gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, argitaratu eta hilabeteko epearen barruan.

Donostia, 2022ko apirilaren 20a.

HABEko zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.

OINARRIAK

  1. Deialdiaren xedea.

    Deialdiaren xedea da helduen euskalduntzearen didaktika aplikatuaren metodologiagintzaren alorrean ikertzaileak gaitzeko beka bat ematea, hain zuzen ere, HABEk eta UPV/EHUk adostutako lankidetza-hitzarmenaren baitan, IXA taldeak garatuko dituen CALL (ordenagailu bidezko hizkuntza-ikaskuntza) tresnetarako materialen azterketa eta egokitzapen linguistikoa, HABEren mintzamen-proben datu-basearen prestaketa, eta bi elkarteen ikerketa-jardunean sor litekeen edozein ikerketaren garapena burutzeko.

  2. Baliabide ekonomikoak.

    HABEren aurrekontuetan ezarritako aurrekontu-kredituetatik deialdi honetarako gorde diren diru-baliabideak berrogeita bi mila eta zortziehun (42.800) euro dira guztira, honela banatuta:

    1. Hamalau mila berrehun eta hirurogeita zazpi (14.267) euro 2022an ordaintzeko kredituan.

    2. Hogeita bat mila eta laurehun (21.400) euro 2023ko konpromisozko kredituan.

    3. Zazpi mila ehun eta hogeita hamahiru (7.133) euro 2024ko konpromisozko kredituan.

  3. Bekaren edukia.

    1. Beka-hartzaileak helduen euskalduntzearen didaktika aplikatuaren metodologiagintzaren atal jakinetako ikerketan aditu gisa gaitzeko aukera izango du.

    2. Beka honen deialdia abian jartzeko helburuak honako hauek dira:

      1. Bigarren hizkuntzen irakaskuntzari aplikatutako hizkuntza-espezializazio osagarria lortzea.

      2. Ebaluazio zein egiaztatzegintzan aditu gisa prestakuntza osagarria lortzea.

  4. Onuradun izateko baldintzak.

    1. Deialdi honetan parte hartzeko, eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzaz gain:

      1. Unibertsitateko goi-mailako titulazioa edukitzea, batez ere pedagogia, hizkuntzalaritza edo filologia eta soziologia arloetakoa, oinarri hauen VIII.3.a) puntuan ezarritakoaren arabera. Nolanahi ere, atzerrian edo Espainiako zentro ez-estataletan eskuratu diren tituluek baliozkotuta edo aintzatetsita egon behar dute eskabidea aurkezten denean.

      2. Gutxienez, Euskararen C1 ALTE ezagutza-maila ziurtatzen duen egiaztagiriren baten jabe izatea (C1 maila HABE; EGA; 3. H.E. IVAP; C1 maila H.E.O), edo:

        urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak, unibertsitate-ikasketa ofizialen antolamendua ezartzekoak, araututako unibertsitate-titulu ofiziala izan, lurralde nazional osoan baliozkoa dena, eta ondoren zenbatutako baldintzetakoren bat betetzea:

        (Ikus .PDF)

        edo,

        urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak, unibertsitate-ikasketa ofizialen antolamendua ezartzekoak, araututakoak baino lehenagoko unibertsitate-titulu ofizialetakoren bat izatea; betiere, 2008ko apirilaren 16aren ondoren eskuratutakoa bada eta lurralde nazional osoan baliozkoa, eta ondoren zenbatutako baldintzetakoren bat betetzen bada:

        (Ikus .PDF)

      3. Eduki berdina edo euskararen irakaskuntzaren arloko prestakuntzarekin lotura duen bekarik jaso gabea izatea.

      4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeretako batean ez egotea, besteak beste:

        Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.

        Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean ez izatea.

        Zigor- eta administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta egotea, edo horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean egotea.

        Baldintza horiek beka-eskaera aurkezten den unetik beka bera amaitu arte bete beharko dira.

    2. Bekaren esleipena, eta ordainketa hala dagokionean, baldintzatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere autonomiadun erakundeek izaera berarekin emandako dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik tramitatzen ari den edozein prozedura, izan itzulketakoa zein zehapenekoa, amaituta izatera.

  5. Bekaren ezaugarriak.

    1. Bekaren iraupena hogeita lau hilabetekoa izango da, onuradunak onartzen duen egunetik zenbatzen hasita.

    2. Beka hilero mila eta seiehun (1.600,00) euroko zenbateko gordina emanez gauzatuko da, eta zerga-atxikipenak aplikatuko zaizkio, XI.f) puntuan aipatutako txostena aurkeztu ondoren.

    3. Zuzkidura horrez gain, HABEren kontura izango dira ere honako gastu hauek:

      Bekadunari hilero aplikatu beharreko Gizarte Segurantzaren kotizazio-gastuak, kasu bakoitzean,

      prestakuntzarekin lotutako ikastaro eta kongresuetako izen-emateak, bai eta bidaia-gastuak ere, tutorearekin edo hark eskuordetutako pertsonarekin egiten dituen bileretara edo bisitetara joaten denean, gehienez ere 2.000 euroko mugarekin, betiere, gastu horiek egin aurretik, HABEren Zuzendaritzak ontzat ematen baditu, eta ondoren bekadunak frogagiriz zuritzen baditu. Bidaia-gastuetarako garraio publikoari emango zaio lehentasuna, eta ezinezkoa bada, autoa erabiltzeagatik 0,29 euro/km. ordainduko da.

    4. Beka hau jasotzen bada, ezin izango da beste erakunderen baten laguntzarik jaso; soilik jaso ahal izango dira, salbuespen moduan, kontu pertsonalei lotutakoak. Era berean, bateraezina da onuradunak bere edo besteren baten kontura egindako ordaindutako lanekin.

    5. Beka eman eta gozatzea, prestakuntzako helburuaz egiten denez, ez du inolako kontratu edo estatutupeko harremanik sortzen HABErekin, ez eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin ere. Administrazioaren bulegoetan arituko den beka-onuradunaren egutegiek, lanaldiek eta ordutegiek ez dute zertan bat etorri Administrazioko langileek dutenekin, lan-kontratudunekin edo funtzionarioekin. Bekadunak egutegi propioa izango du.

    6. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak erantzukizun zibileko eta istripuetarako poliza bat harpidetuko du, bekadunaren alde.

    7. HABEk bekari etekin egokia atera diola frogatzen duen bekadunari ziurtagiria luzatuko die, horren lekuko.

  6. Eskariak.

    1. Eskariak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi honen ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

    2. Beka eskatzaileek bitarteko elektronikoak erabili ahal izango dituzte eskabidea egiteko, kontsultak egiteko edo deialdi honi buruzko edozein izapide egiteko.

      Aurrez aurreko bidea edo bide elektronikoa erabiltzeak, bai eskabideak aurkeztean, bai dokumentazioa aurkeztean, ez du behartzen prozedurako hurrengo izapideetan erabiltzera, Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuak ezartzen duen bezala.

      Aurrez aurre: eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira HABEren bulegoetan aurretiazko hitzordua hartuta (https://www.euskadi.eus/s23-aphitzor/eu/aa14aUIWar/habe/aa14aInit.jsp?lang=eu); Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan aurretiazko hitzordua hartuta https://www.euskadi.eus/zuzenean-aurrez-aurreko-arreta/web01-a2zuzen/eu/ helbidean edo horretarako bakarrik jarritako 945 01 90 00 telefonoan; EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoaren erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 7272008 Dekretuan jasotakoetan) edo Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.

      Bide elektronikoa: izapidetza-jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak eskuragarri dauden administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, eskabide-inprimakira sartzeko erabiltzen dena, helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1095502

    3. Eskabideak (I. eranskina) eta erantzukizunpeko adierazpenak (II. eranskina) aurrez aurre nahiz bide elektronikoz izapidetzeari buruzko informazioa helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1095502

      Eskabidea bide elektronikoz aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «nire karpeta» bidez egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

      Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

      Elektronikoki ere izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez, eta, horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

    4. Administrazioak beka ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako Hirugarrenen Erregistro elektronikora jo beharko du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

    5. Eskabidea eta harekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan egin ahal izango dira, bekaren eskatzailearen aukeran. Halaber, prozeduran zehar, beka eskatzen dutenek aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2 a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

    6. Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, 8. puntuan ezarritakoa kontuan izanik:

      1. Titulu eta ziurtagiri akademiko pertsonala, irakasgai guztien kalifikazioak eta deialdiak adierazita.

      2. Curriculum vitaea, honako hauek zehaztuz:

        Bekaren xede den jakintza-arloetako graduondoko masterrak eta ikastaroak, eta bestelako merezimenduak (akademikoak nahiz metodologiaren ikerketa eta garapenekoak) helduen bigarren hizkuntzen irakaskuntzaren alorrean.

        Helduei euskara irakasteko jasotako edo emandako ikastaroak.

        Helduei euskara irakasteko metodologiari buruzko argitalpenak.

        Ordenagailu bidezko hizkuntza-ikaskuntzaren arloan egindako eta emandako ikastaroak eta argitalpenak.

        Lan- edo lanbide-esperientzia.

        Hizkuntzak jakitea, lortutako ziurtagiriak edo tituluak adierazita.

        Bekaren xedearekin hertsiki lotutako beste edozein merezimendu.

      3. Curriculum vitaean alegatzen diren merezimenduen egiaztagiriak.

    7. Eskariarekin batera aurkeztutako agiriak egiazko kopiak izango dira.

      Aurkeztutako dokumentuek, aurrez aurre edo elektronikoki aurkeztutakoek, baldintza hauek bete behar dituzte:

      1. Deskargagarriak diren ereduak erabiliko dira, halakorik dagoenean, eredu-formatuan.

      2. Gainerako dokumentazioa, ahal bada, pdf formatuan aurkeztuko da.

      3. Dokumentazio elektroniko guztien gehieneko tamaina 30 Mb-koa izango da.

    8. Eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio beka-deialdiaren organo kudeatzaileari dokumentazioa eskuratzeko edo egiaztatzeko (Zerga Administrazioako Estatu Agentzian (AEAT) zerga-betebeharren ordainketa egunean izatea, Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketa egunean izatea, Hezkuntza eta Kultura Ministerioko unibertsitate-tituluak, Euskara Tituluen eta Ziurtagirien profilka eta Poliziaren Zuzendaritza Nagusian nortasun-datuen agiria), bide presentziala nahiz telematikoa erabiliz. Eskatzaileak uko egin diezaioke Administrazioak egiaztapena zuzenean egiteari, eta kasu hoetan interesatuak berak aurkeztu beharko du dokumentazioa.

    9. Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

    10. Eskabideak osorik beteta ez badaude edo horiekin batera aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe badago, HABEk atzemandako akatsa zuzentzeko edo falta den dokumentazioa aurkezteko eskatuko du. Horretarako, hamar eguneko epea emango dio interesdunari, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan aurreikusitako baldintzetan ebazpena eman ondoren.

    11. HABEk edozein unetan eskatu ahal izango du jatorrizko dokumentazioa entregatzeko, egiaztatze aldera.

  7. Organo kudeatzailea.

    1. HABEko Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuak burutuko ditu, Curriculum Garapena eta Prestakuntza Arloaren bitartez, bekaren esleipenak eta bekadunaren tutoretzak eskatzen dituzten kudeaketa-lanak.

    2. Halaber, aipatutako arloa arduratuko da bekadunaren tutoretza-lanez.

  8. Hautagaien hautaketa.

    1. Merezimenduak baloratzeko Hautapen Batzordea osatuko da honako kideekin:

      Mahaiburua:

      Curriculum Garapena eta Prestakuntza Arloaren arduraduna: Alex Mungia Idarreta.

      Mahaikideak:

      Hizkuntza Teknologien Arloaren arduraduna: Xabier Elortza Mujika.

      Metodologia eta Edukien Arloaren arduraduna: Eskarne Lopetegi Zalakain.

      Ebaluazio eta Egiaztatzerako Arloaren arduraduna: Iñaki Villoslada Fernández, batzordeko idazkari.

    2. Hautapen Batzordeak erabaki guztiak gehiengoz hartuko ditu.

    3. Bekadunaren hautapena, ondoren zehaztutako balorazio-irizpideak kontuan hartuta gauzatuko da:

      1. Eskatzailearen espediente akademikoa; pedagogia, hizkuntzalaritza, filologia eta soziologia alorretako ikasketak lehenetsiz. Gehienez 15 puntu.

        (Ikus .PDF)

      2. Bekaren xede den irakasgaietako masterrak eta graduondoko ikastaroak, eta beste merezimendu akademiko batzuk edo helduen bigarren hizkuntzak irakasteko metodologiaren ikerketa eta garapenean. Gehienez 5 puntu.

        (Ikus .PDF)

      3. Ezagutza ordenagailu bidezko hizkuntza-ikaskuntzen alorrean: gehienez 2 puntu.

      4. Euskararen komunikagaitasun-maila. Gehienez 5 puntu, honelaxe baloratuko direnak:

        C2 ALTE = 4. H.E. IVAP; C2 maila HABE; B agiria Euskaltzaindia; apirilaren 3ko 47/2012 eta otsailaren 26ko 28/2019 Dekretuen bitartez onartutako salbuespenak = 5 puntu.

      5. Ingeles maila. Gehienez 3 puntu, honelaxe baloratuko direnak:

        C1 ALTE= Hizkuntza Ofizialetako C1 mailako agiriak; Advanced; BEC3; BULATS3; ESOLl0-11; TRINITY 10-11; TOEFLen 600 puntu baino gehiago ohiko azterketetan = 3 puntu.

        B2 ALTE= Hizkuntza Eskola Ofizialetako B2 mailako agiriak; FIRST; BEC2; BULATS3; ESOL 7-9; TRINITY 7-8-9; TOEFLen 310 puntu baino gehiago ohiko azterketetan = 1,5 puntu.

        B1 ALTE= Hizkuntza Eskola Ofizialetako B1 mailako agiriak; PET; BECl; BULATS2; ESOL 5-6; TRINITY 5,6 = puntu 1.

      6. Frantses- edota aleman-maila. Gehienez puntu 1, honelaxe baloratuko dena:

        C1 ALTE= Hizkuntza Eskola Ofizialetako C1 mailako agiriak = puntu 1.

    4. Hautapen-batzordeak objektibatu egingo ditu beka eskatu duten pertsona guztiek lortutako puntuazioak eta bekaren esleipen-proposamena egingo du, eta balizko ukapen edo bestelako gorabeherarik izatekotan, beka eman dakien eskubidea izango duten ordezkoak ere proposatuko ditu dagokien hurrenkeran.

      Era berean, Batzordeak baztertu eskaerak eta baztertzeko arrazoiak ere azalduko ditu bere proposamenean, edo horrela estimatuz gero, beka esleitu gabe uzteko proposamena.

  9. Bekaren esleipena.

    HABEren zuzendari nagusiak, Hautapen Batzordearen proposamena ikusita, eskariak aurkezteko epea amaitzen denetik lau hilabeteko epean erabakiko du beka nori eman, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpenean. Ebazpen horren aurka, nahi izanez gero, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuaren aurrean, argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

    Ordeztu beharra izanez gero, ordezpena gertatzen denean bekadunari beka amaitzeko geratzen zaion tarterako eskubidea aitortuko zaio bekadun berriari, betiere gelditzen den epea hamar hilabetekoa edo luzeagoa bada.

    Deialdia hutsik gera liteke, inor aurkeztu ez delako edo hautagai bat bera ere ez delako eskatutako mailara iritsi.

    Beka esleitzeko epean dagokion ebazpenik argitaratzen ez bada, eskatzaileek ezetsitzat jo beharko dituzte beka-eskabideak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

  10. Bekaren onarpena.

    Bekaren onarpena idatziz jakinarazi beharko dio HABEren zuzendari nagusiari esleipendunak, bost egun balioduneko epearen barnean, esleipen-ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, aldi berean, ondoren zehaztutako erantzukizunpeko adierazpenak eginez:

    Beka emateak dakartzan betebeharrak betetzeko konpromisoa hartzen duela.

    Deialdi honetan finkatutako arauak onartzen dituela.

    Ez duela jaso beka honekin bateraezina den beste erakunde batek emandako laguntzarik.

    Ez duela bere edo besteren baten kontura ordaindutako lanik egiten.

    Familia-egoeraren aitorpena, zerga-atxikipenak kalkulatu ahal izateko.

  11. Onuradunaren betebeharrak.

    Bekadunaren betebeharrak honako hauek dira, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritakoaren arabera:

    1. Beka eman den helbururako erabiltzea.

    2. Bekari dagokion jarduera bost egun balioduneko epean hasi beharko du garatzen, beka onartzen duen egunetik kontatzen hasita.

    3. Prestakuntza-proiektuaren etapa desberdinak ondo aprobetxatuta bete beharko ditu, HABEko Curriculum Garapena eta Prestakuntza Arloak emandako jarraibideak betez.

    4. Erabiliko diren datu asko pertsonalak izango direnez, HABEren egoitza barruan bakarrik erabili ahal izango ditu bekadunak eta ezingo ditu kanpora atera edozein delarik erabilitako euskarria edo baliabidea. Hori dela eta, bekadunak HABEren egoitzan gauzatu beharko du prestakuntza-jarduera.

    5. Sekretua gorde beharko du beka lortzearen ondorioz jakin dezakeen beste edozein informazio-motari dagokionez, eta, ondorio horietarako, berariazko adostasuna eman beharko du.

    6. Hilabete bakoitza amaitzean eta hurrengo hamar egunak igaro aurretik, eta proiektua amaitzean ere, bekadunak egindako prestakuntza-jardueraren eta lortutako emaitzen txostena bidaliko dio HABEren zuzendari nagusiari; emaitzok Curriculum Garapena eta Prestakuntza Arloko buruaren adostasuna edo oniritzia izan beharko dute. Era berean, proiektua amaitzean, bekadunak egindako proiektuaren kopia aurkeztu beharko du jasotako dirulaguntza zuritzearen ondorioetarako bakarrik. Kopia hori entregatzeak ez darama berekin ustiapen-eskubideen lagapena.

    7. Bekaren bitartez egingo duen lanei buruzko argitalpenetan edo inolako publizitatean, HABEren kolaborazioa adierazi beharko du, erakundearen identitate-marka barne.

    8. Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, bekak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea HABEren zuzendari nagusiari.

    9. Beka ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin baldin bada, horren berri ematea HABEren zuzendari nagusiari.

    10. HABEk tutoretza-, kudeaketa- eta kontrol-jardueretarako egingo dituen egiaztapenen menpe egotea, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dion informazio guztia ematea, dirulaguntzen xedea fiskalizatzeko beren zereginetan ari direnean.

  12. Baldintzen aldaketa.

    Beka emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu egiten bada, dirulaguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu egin ahal izango da, betiere onuradun izateko arauzko oinarriak eta oinarri hauek ezartzen dituzten gutxienekoak betetzen baldin badira.

    Halaber, bekadunak jasandako gaixotasunaren edo istripuaren ondorioz baja-egoera aitortzen zaionean, etenda geldituko da prestakuntza-prozesua egoera horrek hilabete baino gehiago irauten badu. Kasu horretan hilabetero egiten zaion ordainketa ere etenda geldituko da, Gizarte Segurantzaren kotizazioari dagokion ordainketa-zatia salbu; ordainketa hori ez da etengo. Baja-egoerari dagokion prestakuntza-aldia iraupen guztia osatzeko gelditzen den denboraldian errekuperatuko da; hala ere, baja-egoerak hilabete baino gehiago iraun duen kasuetan, bekadunak beka-iraupenaren data atzeratzeko aukera izango du, gehienez ere prestakuntzaren epealdia etenda egon den epe berdina osatu arte.

  13. Ez betetzeak, kobratzeko eskubidea galtzea eta beka itzultzea.

    1. Esleipendunak deialdi honetan ezarritako betebeharrak urratzen baldin baditu, HABEren zuzendari nagusiak, espedienteko interesdunari entzunaldi-izapidea eskaini ondoren, emandako beka kobratzeko eskubidea galdu dela aitortuko du, edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli behar direla eta aplikagarriak diren interesak eskatu behar direla adieraziko du, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan ezarritakoaren arabera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

      Arau orokor gisa, jasotako zenbateko osoa itzuli beharko da. Hala ere, kasuan kasuko egoeren arabera, jasotako zenbatekoen zati bat itzultzeko erabaki ahal izango du, bitartean izandako aprobetxamenduaren arabera eta uko egiteko arrazoiei erreparatuta.

    2. Izapidetutako espedientearen zioz jasotako zenbatekoak itzuli behar direla ondorioztatzen bada, eta, hala badagokio, baita zenbateko horri dagozkion dirulaguntzen arloko atzerapen-interesak ere, ebazpen bat emango da, itzulketa hori egiteko beharrezko informazioa jasoko duena. Dirua bi hilabeteko epean itzuli beharko da, itzuli beharra adierazten duen jakinarazpena egiten denetik zenbatzen hasita, eta, betiere, kontuan hartu beharko da abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren tituluan ezarritakoa. Dekretu horrek, hain zuzen, Euskal Autonomi Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu.

    3. Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Ogasun eta Ekonomia Sailari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin ahal izateko, indarrean dauden xedapenak ezarritakoaren arabera.

  14. Bekari uko egitea.

    Esleipendunak bekari uko egiten badio, idatziz jakinarazi beharko dio HABEren zuzendari nagusiari eta aprobetxatu ez den bekaren zatirako V. oinarrian aurreikusten diren eskubide ekonomikoak galduko ditu. Uko egitea beste izapiderik gabe onartuko da. Halakoetan, HABEren zuzendariak ebatziko du Hautapen Batzordeko mahaiburuaren proposamena ikusita, ea beka ordezkoen zerrendan hurrengo puntuazioa duten pertsonei esleitu behar zaien.

  15. Datu pertsonalen tratamendua.

    Beka-deialdi honen kudeaketaren ondorioz eskuratutako datu pertsonalak abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak Europako Legebiltzarraren eta Batzordearen 2016/679 (UE) Erregelamenduak eta araututakoari jarraikiz, «Ikerketarako prestakuntza-bekak» izeneko tratamenduan erantsiko dira, Helduen euskalduntzearen alorreko metodologiagintzan ikertzaileak gaitzeko beka tutorizatuen kudeaketa burutzeko.

    HABEren zuzendari nagusia izango da tratamenduaren administrazio-organo arduraduna.

    Tratamendua beharrezkoa da legez ezarritako betebeharrak gauzatzeko eta interes publikokoa den jarduera sustatzeko.

    Interesdunak bere datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea izango du, baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

    Halaber, bere datuen tratamenduari buruzko informazio osagarria eskura dezake helbide honetan: http://www.habe.euskadi.eus/datu-pertsonalen-babesa

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.