Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko apirilaren 13koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten baita Faes Farma enpresak Bizkaiko Teknologia Parkean (Derio) ezarriko duen instalazio berriaren proiekturako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 95
  • Hurrenkera-zk.: 2107
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/04/13
  • Argitaratze-data: 2022/05/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Industria; EAEko udalak; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko ekainaren 21ean, Derioko Udalak jendaurrean jarri zuen Bizkaiko Teknologia Parkean Faes Farma enpresaren instalazio berri bat ezartzeko proiektua eta dagokion ingurumen-inpaktuaren azterketa, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan adierazitakoaren arabera, interesdunek egokitzat jotzen zituzten alegazioak aurkez zitzaten. Izapide horri buruzko iragarkia 2021eko ekainaren 29ko Bizkaiko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen (122. zk.).

Jendaurreko informazioaren izapidea amaituta, Derioko Udalak jakinarazi du ez dela alegaziorik jaso.

Jendaurreko informazioaren izapidearen aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Derioko Udalak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei. Emaitza espedientean jasota dago. Horri dagokionez, sustatzaileak adierazi du ingurumen-inpaktuaren azterketan kontuan hartu direla eraginpeko administrazio publikoen erantzun-txostenak.

2022ko otsailaren 10ean, Faes Farmak Bizkaiko Teknologia Parkean (Derio) produktu farmazeutikoak ekoizteko instalazio berri bat ezartzeko proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren adierazpena emateko eskabidea osatu zuen Derioko Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu zen:

Faes oinarrizko proiektua. Instalazio berria Bizkaiko Teknologia Parkean, 2021eko maiatzekoa.

Faes Proiektuaren Ingurumen Inpaktuaren Azterketa. Instalazio berria Bizkaiko Teknologia Parkean, 2021eko ekainekoa.

Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitzari buruzko dokumentazioa.

Eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzei buruzko dokumentazioa.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; izan ere, horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko xedearekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan sartzea, eta, aukerarik egokienak hautatzeari dagokionez, ingurumenean dauzkan ondorioen analisia egitea jarduerek eragindako metaketa- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren planek eta proiektuek (publikoak zein pribatuak) ezinbestekoa izango dute ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Arau horren I.B) eranskinaren 8.6. epigrafean dago sartuta Faes Farmaren produktu farmazeutikoak ekoizteko instalazio berriaren proiektua.

Otsailaren 27ko 3/1998 Legeak arautzen duen ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 33. artikuluan eta hurrengoetan jasota dagoen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko ohiko prozedura baliokidetzat hartu behar dira.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Derioko Udalak, organo substantibo gisa, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu, eta eragindako administrazio publikoek eta interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta proiektua aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera.

Hauek guztiak aztertu dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Faes Farmak Bizkaiko Teknologia Parkean (Derio) ekoizpen farmazeutikorako instalazio berri bat ezartzeko proiektuaren aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea.

Proiektuaren xedea da Faes Farmak Bizkaiko Teknologia Parkean (Derio) ekoizpen farmazeutikorako instalazio berri bat eraikitzea.

Proiektatutako eraikinak neurri hauek izango ditu gutxi gorabehera: 300 m x 100 m, eta 18 m-ko altuera. Jarduera 3 gunetan egingo da:

Ekoizpen-eremuarekin lotutako erabileretarako gunea, mendebaldeko muturrean. Honako hauek izango ditu: bulegoak, bilera-gelak, ekitaldi-aretoa, langileentzako jantokia eta laborategiak.

Ekoizpen-gunea, erdialdean. Lehen solairuan solidoak ekoizteko eremua egongo da, eta bigarrenean, berriz, erdi-solidoak eta likidoak ekoizteko eremua. Gune horretan, beheko solairua eta sotoa aparkaleku gisa erabiliko dira.

Biltegi robotizatua eta biltegi arrunta, ekialdeko gunean.

Lurzati barruko obrez gain, obra osagarriak egin beharko dira kanpoko urbanizazioan, lehendik dagoen urbanizazioa Teknologia Parkeko Geldos Eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezian ezarritako urbanizaziora egokitzeko; izan ere, Plan horren zehaztapenak hizpide dugun proiektuan aplikatu behar dira.

Oinezkoentzako eta ibilgailuentzako solairuetarako sarbideak instalazio berriaren hegoaldeko fatxadaren parean dagoen bidean egingo dira.

Instalazioan sendagaiak ekoitziko dira, bi ekoizpen-lerroren bidez (lerro solidoa eta lerro likido eta erdi-likidoa). Horrela, honako produktu hauek lortuko dira: produktu konprimatuak, estaliak, gelatina gogor eta biguneko kapsulak, jarabeak, unifill anpoilak, pomadak, stickak, supositorioak, tantak eta anpoila edangarriak.

Solidoen lerroak urtean 76 milioi unitate (konprimatuak, estaliak eta gelatina gogor eta biguneko kapsulak) ekoizteko gaitasuna du. Likido ez-esterilen eta erdi-solidoen lerroan, urtean 41 milioi unitate inguru (jarabeak, unifillak, tantak, stickak, kremak eta supositorioak) ekoitziko dira.

Ekoizpen-prozesuak:

Lehengaiak jaso eta biltegiratzea (528 palet egunean; 24 tonako 22 kamioi egunean).

Solidoen lerroa: granulazioa, kapsulatzea, estaltzea, paketatzea eta bigarren egokitzapena (erabilera-orria gehitu, estutxean sartu eta sendagaia sartzea).

Likido ez-esterilen eta erdi-solidoen lerroa: osagai farmazeutiko aktiboak eta eszipienteak andeletan nahastea, ontziak betetzea eta bigarren egokitzapena.

Azken produktua biltegiratu eta bidaltzea (336 palet egunean; 24 tonako 14 kamioi egunean).

Forma farmazeutikoak fabrikatzeko gela garbien diseinuari buruz indarrean dagoen araudia betetzeko, berokuntza, aireztatze eta aire girotuko sistema bat diseinatu da, gelak behar diren tenperatura-, hezetasun- eta garbiketa-baldintzatan egoteko.

Jarduerak ura kontsumitzen du ekipamenduak, ontziak eta osagarriak garbitzean, baita forma farmazeutikoak fabrikatzean ere. Instalazio berriaren beharrak asetzeko ur-hornidura Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren hornidura-sarearen bidez egingo da.

Instalazioan industria-ur beroa beharko da Aire Tratamendurako Unitateak (ATU) eta ekoizpen-ekipamendu jakin batzuk hornitzeko. Prozesu horietan lurruna erabiltzen da, eta lurrun hori gas naturala erregai gisa kontsumitzen duten bi galdaratan sortzen da. Galdarak gela tekniko batean instalatuko dira, eta gela hori lurruna sortzeko ekipamenduetarako bakarrik erabiliko da. Gela horretan bertan, kondentsatuen depositu bat, purga-andel bat eta urak tratatzeko sistema bat instalatuko dira, sortze-sistemaren efizientzia areagotzeko.

Ur garbia tratatzeko bi solairu instalatuko dira; bat, ekoizpen-eremurako, eta bestea, laborategirako; horrela, prozesuak behar duen uraren kalitatea bermatuko da.

Industria-ur hotza aire bidez kondentsatutako hozkailuekin lortuko da, eta hozkailu horiek eraikinaren estalkian kokatuko dira. Industria-ur hotza banatzeko sistemak klimatizagailuen hotz-bateriak hornituko ditu batez ere, baina baita ur garbia sortzeko sistema, bero-trukagailuak eta ekoizpen-eremuko beste hozte-puntu batzuk ere.

Hauek izango dira materiaren eta energiaren kontsumoak:

Energia elektrikoaren kontsumoa (6,7 MW-ko potentzia). Iberdrolaren 30 kV-ko sarera konektatzea aurreikusten da, lurzatiaren inguruan lurpeko maniobra-zentro berri baten bidez. Horrez gain, eraikinak instalazio fotovoltaiko bat izango du, dokumentazioan aurkeztutako aurrekontuak jasotzen duen moduan.

Erregaien kontsumoa:

Galdaretarako gas naturala: lurrunezkoa. Batez besteko kontsumoa: 648 Nm3/h. Gehieneko kontsumoa: 800 Nm3/h.

Larrialdiko diesel-sistemarako gasolioa.

Ur-kontsumoa:

Erabilera sanitarioa: 26.280 m3 urtean.

Prozesu industriala: 138.700 m3 urtean.

Lehengaiak eta material osagarriak. Instalazioan 1.350 artikulu inguru ekoitziko dira eta, beraz, erabili beharreko lehengaien eta gai osagarrien zerrenda oso zabala da; 200 gai mota baino gehiago erabiliko dira, eta hein batean enpresak berak Leioan duen instalaziotik etorriko dira.

Instalazioko eraikinen estalkietako eta bideetako euri-urak udal-sarera isuriko dira zuzenean, aurrez tratatu beharrik gabe. Bestalde, ur beltzak bereizita bideratuko dira udalaren saneamendu-sarearen kolektorera.

Isuri aurretik, sukaldetik datozen urak koipe-bereizgailu batean tratatuko dira, saneamendu-sare publikoan sartu aurretik. Era berean, aparkalekuetako drainatze-urak hidrokarburoen bereizgailu batera igorriko dira, saneamendu-sare publikora isuri aurretik.

Gune sozialean kokatutako laborategietan, produktu kimikoak erabil ditzaketen guneetako saneamenduak bilduko dira, gero horiek tratatu, eta trataeraren kanpoko enpresari entregatzeko.

Prozesuko urak sare independente batean jasoko dira eta efluenteak tratatzeko instalaziora bideratuko dira, horiek neutralizatzeko eta pH-a doitzeko. Efluenteak tratatzeko sistemak txandakako bi neutralizazio-putzu izango ditu, 30 m3-koak; unitateko gaitasuna izango dute eta etenik gabe edo batch modura jardungo dute. Araztu ondoren, urak saneamendu-kolektorera isuriko dira. Hozte-prozesuen eta galdaren purgak modu independentean jasoko dira eta, kontrol-kutxatilatik igaro ondoren, aipatutako saneamendu-kolektorera bideratuko dira.

Instalazioan garatzen den jarduera ez da hartzen usain-foku potentzial gisa. Ez da aurreikusten usainen iturri izan daitezkeen gaiak erabiltzea.

Lanak egiteko epea 24 hilabetekoa izango dela aurreikusten da.

Bigarrena. Baldintza hauek jartzea proiektua gauzatzeko (lotesleak dira, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluan xedatzen denaren arabera):

  1. Proiektua garatzeko baldintzak bat etorriko dira indarrean dagoen araudiarekin eta ebazpen honen apartatu hauetan ezarritakoarekin, eta, aurrekoari aurka egiten ez dion guztian, bat etorriko dira proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Derioko Udalak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denarekin.

  2. Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

    Proiektuan egingo diren aldaketa puntualak arrazoitu egin beharko dira ingurumenaren ikuspegitik, aurreko paragrafoan adierazitako garrantzirik ez badute ere. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen agirian jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

  3. Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

    Proiektuak hartzen duen eremua jarduera ekonomikoetarako lurzoru urbanizagarri sektorizatu bat da, 55.000 m2-koa. Geldos edo Karetxo errekaren eskuineko ertzean dago kokatuta, eta Asua ibaira isurtzen ditu urak. Lurzatia ez dago Natura 2000 Sareko ezein naturagune babestutan, ez eta araudian jasotako eremu babestuetan ere. Lurzatietako eremu batzuetan, dagoeneko erabiltzen ez diren zenbait belardi daude; horietan sastrakak dira nagusi, Geldos sektorea urbanizatu ondoren alde batera utzi baita nekazaritza-jarduera.

    Geldos erreka Karetxo ere deitzen zaio Asua ibaiaren adar bat da, eta Derio eta Zamudio udalerrien arteko muga da; instalazioa eraikiko den lurzatiaren ekialdean dago, eta harekin egiten du muga, zati txiki batean. Errekak landare-zerrenda estua du ertzetan, eta lehentasunezko Batasunaren intereseko habitata da (91E0* kodea, haltzadi kantauriarra). Gainera, bisoi europarra (Mustela lutreola) kudeatzeko planak hobetzeko moduko tartetzat hartzen du eremua, ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuak onartutakoari jarraituz.

    Proiektatutako obrek ez dute okupatzen jabari publiko hidraulikoko lursailik, baina izenik gabeko bi jariatzeren ertzetako ibilguak zaintzeko eremuan dago, Karetxo errekaren eskuineko ertzean.

    Beste alde batetik, instalazioa Bizkaiko sinklinorioa (ES017MSBT017.005) izeneko lurpeko ur-masaren gainean dago kokatuta. Ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, iturburu bat (Deurikako putzua) dago eremuan.

    Lurzoruaren erabilerei dagokienez, erabiltzen ez diren belardiez osaturiko gunea da; belardi horietan landare belarkarak dira nagusi, hala nola sastrakak, fruta-arbolak eta hariztiko zuhaitzak. Era berean, espezie exotiko inbaditzaileak antzeman dira, batik bat Robinia pseudoacacia.

    Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuak ez du uholde-arriskurik, eta akuiferoak kutsatzeko arriskua oso txikia da. Baldintza geoteknikoak onuragarriak dira. Ez dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasan dituen edo jasaten dituen lurzoru inbentariaturik ere.

    Obren fasean, landaretza kentzeaz gain, lur-mugimenduek inpaktuak eragingo dituzte; izan ere, emisio atmosferikoak (partikulak, zarata) eta hondakinak sortuko dira, herritarrei enbarazu egingo zaie, obran sortutako efluenteek urak kaltetu ditzakete eta istripuzko isurketak gerta daitezke makinen mantentze-lanen ondorioz. Gainera, fase horretan sakabanatu egin daitezke eremuan dauden espezie inbaditzaileak.

    Eremuan haltzadia da balio gehien duen landarea, Geldos errekaren bidean; 80 metro ingurura dago, lurzatiaren ekialdean, eta obrek ez dute eragin zuzenik izango ibilgu horretan, ezta ibaiertzeko landaredian ere.

    Uste da indusketak 168.530,98 m3-ko bolumena izango duela, betelanek 10.035,60 m3-koa eta landare-lurrek, berriz, 12.103,41 m3-koa. Horrenbestez, indusketa-soberakinen 144.997,65 m3-ko bolumena balorizatu edo zabortegira bidali beharko da. Lehentasuna emango zaio indusketa-materialak horren beharra duten beste obra batzuetan erabiltzeari, eta, aztertutako dokumentazioari jarraikiz, soberakinen inbentarioa egingo da, beste obra batzuetan erabili ahal izateko.

    Funtzionamendu-fasean, lurzorua okupatzeaz gain, ekoizpen-prozesuak zenbait inpaktu izango ditu: baliabide, energia elektriko, gas natural eta uraren kontsumoa; hiri-hondakinen antzeko hondakinen sorrera, hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak; eta hondakin-ur sanitarioen eta industrialen isurketak. Era berean, funtzionamendu-fasean gai kutsatzaileak istripuz isurtzeko arriskua egongo da. Instalazioak emisio atmosferikoen fokuak izango ditu. Bestalde, ustiapen-fasean, gune horretan areagotu egingo da errepideko zirkulazioa, lehengaiak eta produktu amaituak garraiatu beharko direlako eta langileek bertara iritsi beharko dutelako.

    Honako hauek dira zarata egin dezaketen elementu nagusiak: hozkailuak, klimatizazio-unitateak (UTAk) eta eraikinen estalkian kokatutako erauzgailuak. Lurrun-galdarak eraikinen barruan kokatuko dira, eta, beraz, isolatuta daudenez, aurrekoek baino zarata gutxiago egingo dute.

    Zentzu horretan, jardueraren inpaktu akustikoari buruzko azterketa egin da eta, horren arabera, instalazio farmazeutiko berriak ez du zarata-arazorik sortuko inguruko bizitegi-eremuetan, ezta lurzatiaren mugetan ere. Azterketa horren arabera, emisioei buruzko informazio espektrala duten soinu-potentzia gisa emandako emisio-daturik ez dagoenez, ekipamenduen erosketa-xehetasunetan adieraziko da diseinua egitean tonu puruak saihestu direla.

    Instalazio berriaren efluenteak hiru saretan banatuko dira: euri-urak, ur beltzak eta industria-urak. Lehenengo biak udal saneamendu-sarera isuriko dira zuzenean, aurrez tratatu beharrik izan gabe, Bizkaiko Teknologia Parkeko isurketa-mugetan ezarritako kalitatea betetzen dutelako. Industria-sareko efluenteek detergenteak edo produktu farmazeutikoren baten arrastoak izan ditzakete eta, beraz, tratamendu-instalazio batera bidaliko dira lehenengo, sarera isuri aurretik.

    Lehengaiak eta gainerako egokitzapen-produktuak xede horretarako gaitutako eremuetan jasoko dira zuzenean, lehengaiak jasotzeko eta produktua igortzeko eremuan; horrela, bada, dagozkion segurtasun-baldintzak beteta deskargatu eta pilatuko dira materialak, istripu-arriskua minimizatzeko. Edonola ere, produktu kimikoak biltegiratzeko araudia beteko da: 656/2017 Errege Dekretua, ekainaren 23koa, Produktu Kimikoak Biltegiratzeko Erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak (MIE APQ 0tik 10era) onartzen dituena.

    Honako hauek dira instalazioan sortutako hondakin arriskutsu nagusiak: laborategiko hondakinak, iraungitako sendagaien hondakinak eta disolbatzaileak. Bestalde, honako hauek dira hondakin ez-arriskutsu nagusiak: hiri-hondakinak, eta plastikoen, paperaren eta kartoien hondakinak.

    Ingurumen-inpaktuaren azterketaren inpaktuak baloratzeko matrizean nabarmentzen denez, identifikatu diren 15 inpaktu potentzialetatik 14 bateragarriak dira eta beste 1 neurrizkoa da, zehazki obra-fasean zaratak sortzeari dagokiona; horrenbestez, ez dago neurrizko inpakturik edo inpaktu larririk. Era berean, ez da identifikatu inpaktu kritikorik. Ingurumen-inpaktuaren azterketak ondorioztatzen duenez, proposatutako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak aplikatu ondoren, proiektuak baliabide naturalen kontserbazioan eta eremuko faktore sozioekonomikoetan duen inpaktu globala bateragarria da jarduerarekin.

  4. Babes- eta zuzenketa-neurriak.

    Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoen aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera.

    Bestalde, neurri hauek eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ebazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko.

    Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.

    Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazitako neurriak.

    1. Instalazioak eraikitzeko baldintza orokorrak.

    1.1. Natura-ondarea babesteko neurriak.

  1. Obrak egitea eta lurzorua okupatu beharra dakarten operazio osagarriak proiektuaren mugen barruan garatuko dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatutako mugetatik kanpo zirkulatzea.

  2. Obrarako sarbideak, makina-parkea, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, hondeaketa-lurren eta hondakinen aldi baterako metaketak ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko moduan proiektatuko dira. Eremu horiek ezin izango dira inola ere kokatu intereseko landare-formazioak dituzten eremuetan eta azaleko uren ibilguetatik hurbileko lursailetan. Lanak hasi aurretik zehaztasunez balizatuko da babestu beharreko landaredia.

  3. Adierazitako eremutik kanpo istripuzko eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

  4. Kontrol-neurriak hartuko dira, mugitutako lurrak dituzten eta landaretzarik gabe geratu diren eremuetan landare-espezie inbaditzaileak sar ez daitezen. Gainera, lurren jatorria kontrolatu beharko da; bereziki, landare-estalkia lehengoratzeko lanetan erabilitako lurren kasuan. Ahal dela, ez da erabiliko espezie inbaditzaileekin kutsatuta egon litekeen lurrik.

    1.2. Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

    Organo eskudunak uraren arloan ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gain, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira aplikatu beharreko prozeduren esparruan:

  1. Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

  2. Lanak ibilguetatik hurbil egiteko eremuetan, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatuko eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta ondoen atxikitzeko eta isuriak lokalizatuta daudela eta indarreko araudiak ezarritako parametro fisiko kimikoen araberakoak direla bermatzeko.

  3. Obrako makinentzako eta horien mantentze-lanetarako utziko den azalera (instalazio osagarrien eremuak) isolatu egingo da drainatze naturaleko saretik. Zolata iragazgaitzaz gain, efluenteak biltzeko sistema bat ere izango du, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako guneetatik kanpo egin.

  4. Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa edukiko da, berehala erabili ahal izateko istripuzko isuri edo ihesik badago: biribilkiak, material pikortatua eta abar.

  5. Kantauri ekialdeko arroen Plan Hidrografikoaren berrikuspena onartzen duen urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretuaren 44.1 artikuluaren arabera, eta proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean jasotako dokumentazioan proposatutakoaren arabera, proposatzen den hirigintza-garapenak zeharkatuko duen arroaren drainatzea gehiegi ez eraldatzeko, drainatze jasangarriko sistemak ezarri beharko dira.

  6. Hormigoi-upelak espresuki horretarako egokitutako guneetan garbituko dira. Hormigoi-garbiketako esnea ezingo da inola ere isuri. Hormigoi-hondakinak ebazpen honen D.1.6 puntuan ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

    1.3. Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

    Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten leku gehiago aurkitzen badira obrak gauzatzean, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa bete beharko da.

    1.4. Hauts-emisioak gutxitzeko neurriak.

  1. Obrak dirauen artean, bideak eta ibilgailuak igarotzeko beste lekuak garbitzeko kontrol zorrotza egingo da, bai obrek eragindako ingurunean, bai horietarako sarbideetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako estali gabe dauden pista eta eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen kasuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilak ureztatuko dira.

  2. Lan-eremuen irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak egongo dira, aurkeztutako dokumentuetan zehaztutako moduan. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean.

  3. Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da indusketa-materiala, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

    1.5. Zaratak, dardarak eta horien eraginak gutxitzeko neurriak.

  1. Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, eta erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere.

  2. Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

  3. Beste alde batetik, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan, obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak; hori guztia, dekretu horren 35.bis artikuluan ezarritakoa eragotzi gabe.

  4. Horri dagokionez, obren aurreikusitako iraupena (sei hilabetetik gorakoa) kontuan hartuta, aipatutako dekretuaren 35.bis artikuluan ezarritakoa aplikatu behar da, eta, beraz, obrak hasi aurretik, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, eta hor artan zehaztuko dira obrak egin bitartean kalitate akustikoaren helburuak betetzeko kontuan hartu beharreko neurriak.

    1.6. Hondakinak kudeatzeko neurriak.

  1. Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, ebakiak, bilgarriak, eta errefuseko nahiz garbiketa-kanpainetako materialak.

  2. Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira desagerrarazi: behar bezala frogatzen bada horiek balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

  3. Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

  4. Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

  5. Zabortegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira.

  6. Obren indusketa-soberakinei dagokienez (kutsatu gabeko lurzoruak eta induskatutako material naturalak), horiek obra gauzatzeko soberakin gisa sortzen badira, eta betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, induskatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da, ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 34. artikuluko aurreikuspenak aplikatuz.

  7. Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira. Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

  8. Obrak amaitzean, proiektuaren sustatzaileak lurren mugimenduen balantze zehatza eta indusketa-soberakinen jarraipena igorri beharko dizkio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, bai eta hau zehaztu ere: atera ziren lekuetan ez beste leku edo obra batzuetan eraikuntzara bideratutako materialen kopuruak eta ezaugarriak.

  9. Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

  10. Aipatutako ontziak edo bilgarriak modu argi, irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

  11. Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia.

  12. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

  1. Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inola ere efluente kontrolatu gaberik sortuko.

  2. Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi baterako pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

  1. Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta txosten horretan sartu beharko dira indarreko legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak.

  2. Otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, eta hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Planak hondakinak kudeatzeko azterlanaren alderdiak xedatuko ditu, eta hura modu egokian gauzatzeaz arduratuko den pertsona zehaztuko du. Zuzendaritza fakultatiboak onartu eta jabetzak onetsi ondoren, plana obraren kontratu-dokumentuetako bat izango da. Ebazpen honen D.1.10 puntuan aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.

    1.7. Kultura-ondarea babesteko neurriak.

  1. Bat etorriz Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak ezarritako gainerako xedapenekin, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritzari; gero, beharrezkoa izanez gero, hark erabakiko du zer neurri ezarri.

  2. Deurika baserria desmuntatzeari eta haren intereseko elementuak kontserbatzeari dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterketan adierazitako jarraibideak hartuko dira, eta, hala badagokio, baita arlo horretan eskumena duen organoak ezarritakoak ere.

    1.8. Paisaiaren integrazioa.

  1. Instalazioa eraikitzeko proiektuak instalazioari lotutako lurrak eta instalazioak paisaiara egokitzeko beharrezkoak diren aurreikuspenak barneratuko ditu, horiei eremuan integratzen laguntzeko.

  2. Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-dokumentuan agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira. Ingurumen-lehengoratzean sartuko dira lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa, bai eta landare-estalkia izan dezaketen guneen landare-berritzea ere.

  3. Proiektuaren eremuan egin beharreko paisaia integratzeko eta landatzeko lanetan, zuhaixka- eta zuhaitz-espezie autoktonoak erabili beharko dira, haltzadi kantauriar, harizti azidofilo eta harizti-baso misto atlantikoko segiziokoak; edozein kasutan, espezie aloktonoak saihestuko dira, bereziki portaera inbaditzailea izan dezaketenak.

  4. Landareztatzeei esker, habitat naturalizatuak sortuko dira, eta zuhaitz eta zuhaixka autoktonoen multzo eta eraketa linealak ezartzeko saiakera egingo da.

  5. Lurrak mugitzerakoan, espezie inbaditzaileez kutsatuta ez dagoen landare-lurra kendu eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren. Landareztatze-lanetarako kendutako landare-lurra modu egokian biltegiratuko da, ez trinkotzeko, era desegokian ez pilatzeko, eta euria egiten duen egunetan ez manipulatzeko.

  6. Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez zabaltzeko ekintzak egingo dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatuta egon litekeen lurrik.

  7. Ingurua lehengoratu ondorengo bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak landareberritu.

  8. Loratutako eremuak berriz landareztatzeko irizpideak bat etorriko dira Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak argitaratutako agiri hauetan ezarritako irizpideekin:

    Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua (Udalsarea 21 lan-koadernoa, 20.b zenbakia), 2017ko apirilekoa.

    Espezie apaingarriak hautatzeko gida (Udalsarea 21 lan-koadernoa, 20.a zenbakia), 2017ko apirilekoa.

    1.9. Garbiketa eta obra-akabera.

    Behin obra amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginaren mende egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko. Egin daitezkeen errausketetatik, kofratuak kentzetik, edo, oro har, edozein garbiketa-jardueratatik eratorritako hondakinak eremutik kenduko dira, eta Ebazpen honetako D.1.6 apartatuan xedatutakoari jarraikiz kudeatuko dira.

    1.10. Lan-programa diseinatzea.

    Lanak hasi aurretik kontratatzaileak jarraian datozen apartatuetan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehaztua egin beharko du. Proposamen horiek ebazpen honetan kasu bakoitzerako ezartzen diren irizpideen arabera diseinatuko dira. Obra zuzendaritzak espresuki onetsi beharko ditu eta lanak burutzeko programan txertatuko dira:

  1. Kontratistaren instalazio-eremuen lokalizazioari eta ezaugarriei eta hondakinak aldi baterako biltegiratzeari buruzko xehetasunak, ebazpen honen D.1.1 eta D.1.6. apartatuetan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

  2. Ur-eroanbideen sareen eta solido esekiak atxikitzeko ebazpen honen D.1.2 apartatuan aurreikusitako gailuen xehetasunak eta kokapena.

  3. Obretan sortutako eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa-plana, Ebazpen honen D.1.6 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

    1.11. Ingurumen-aholkularitza.

    Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan, kultura-ondarearen zaintzan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan, aholkularitza gaitua eduki beharko du Obra Zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterketaren zehaztapenen arabera. Baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek, aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute. Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, makinek zarata sortzea, hondakinen kudeaketa, hondeaketako materialen kudeaketa, ibai-ibilguak babestea eta natura-ondarea babestea.

    1.12. Obra-amaierako txostena.

    Sustatzaileak obraren amaierako txostena bidali beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, dagokion organoaren bidez. Txosten horretan, obrak egin ahala sortutako gorabeheren berri emango da, eta ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanean eta ebazpen honetan jasotako neurri babesleak eta neurri zuzentzaileak zer neurritan bete diren adieraziko da.

    Horrekin batera, eta hala badagokio, proiektua egikaritu bitartean sartutako aldaketak xehetasunez dokumentatu beharko dira aipatutako txostenean, bai eta ingurumenaren gaineko eraginaren ikuspegitik duten justifikazioa azaldu ere. Halaber, eraikuntza-fasean ingurumen-arloan eginiko behaketa-programaren emaitzak eta hondeaketa-materialen helmuga zehatza dokumentatu behar dira, material horien kuantifikazio eta ezaugarriei buruzko datuak barne hartuta.

    2. Instalazioaren jardunerako baldintza orokorrak.

    2.1. Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

    Instalazio berrian 100/2011 Errege Dekretuko «Atmosfera Kutsa dezaketen Jardueren Katalogoa. CAPCA-2010» eranskinean jasotako jardueraren bat garatzen bada (100/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duena eta hura aplikatzeko oinarrizko xedapenak ezartzen dituena), kasu bakoitzean aplikatu beharreko prozedurak eta betebeharrak gauzatu beharko dira.

  1. Prozesuan zehar aireratzen den gai kutsatzaile oro bildu eta bide egokienetatik kanporatuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren. Emisio ez-konfinatuek ez dute arau orokor hori bete beharrik izango, horiek biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez bada, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen bada. Hodien sistemak emisioak kuantifikatzeko eta kontrolatzeko tresnak instalatzeko aukera eman beharko du.

  2. Neurri egokiak hartuko dira istripuzko emisioen probabilitatea murrizteko, eta haien efluenteak giza osasunerako nahiz segurtasun publikorako arriskutsuak ez izateko.

  3. Hozte-sistemak aerosolak sortzen baditu, jarduerak behar bezala bete beharko du uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretuak, legionellosia prebenitzeko eta kontrolatzeko irizpide higienikosanitarioak ezartzen dituenak, mota horretako instalazioetarako ezartzen duena.

    2.2. Urak isurtzeko baldintzak.

  1. Isurketek Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren kolektorera doazen isurketei buruzko Erregelamenduko mugak eta baldintzak bete beharko dituzte, erakunde horrek aintzat har ditzakeen zehaztapen, aldaketa eta salbuespenekin.

  2. Baimendutako industria-uraren isurketa kontrolatzeko kutxatila bat jarriko da; kutxatila horrek isurketen lagin esanguratsuak lortzeko beharrezkoak diren ezaugarri guztiak izango ditu. Kutxatilak sarbide zuzena ahalbidetzen duten lekuan jarriko dira, hala behar denean ikuskatu ahal izateko.

  3. Uren arazketa-sistema mantentzeko lanak behar beste aldiz egingo dira, sistemak ondo funtzionatuko duela bermatzeko. Lan horietan sartzen dira, halaber, lohia kentzea eta, gero, kudeatzaile baimenduari entregatzea.

  4. Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla egiaztatuz gero, beharrezkoak diren aldaketak egin beharko dira arazteko instalazioetan, isurketak baimendutako ezaugarrietara egokitzeko.

    2.3. Lurzorua babesteko neurriak.

    Produktu farmazeutikoak fabrikatzeko jarduera urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuaren (lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu gisa deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituena) I. eranskinean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren (zeinaren bidez garatzen baita Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea) I. eranskinean dago jasota.

    Horrenbestez, jardueraren titularrak behar bezala bete beharko ditu aurreko paragrafoan adierazitako araudian ezarritako betebehar guztiak, lurzorua babesteari dagokionez.

    Aurrekoari kalterik egin gabe, honako neurri hauek aplikatuko dira:

  1. Instalazioan egiten diren jarduera guztiak gauzatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak bete beharko dira, lurzorua, lurpeko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko.

  2. Besteak beste, olioak, disolbatzaileak, xurgatzaileak, eta, oro har, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa dezake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen instalazioko azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

  3. Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

  4. Produktu eta hondakin arriskutsuen biltegiratzeek behar diren segurtasun-neurriak izango dituzte, lurzoruari egin diezaioketen kaltea saihesteko. Oro har, lehengaiak, erregaiak eta produktuak biltegiratzean, isurketak, jarioak edo ihesak eragozteko moduan biltegiratuko dira. Era horretan, jarioak biltzeko sistema izango dute ontzi mugikorretan zein finkoetan biltegiratutako produktu kimiko likido guztiek (batez ere, gai eta prestakin arriskutsuek) eta biltegiratutako erregai likidoek.

    2.4. Instalazioan sortutako hondakinak modu egokian kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

  1. Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, beharrezkoa bada, karakterizatu egin beharko dira euren izaera eta helmuga egokiena zehazteko.

  2. Espresuki debekatuta dago sortzen diren hondakin mota ezberdinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorrian bertan bereiziko dira, eta hondakinak biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak jarriko dira, nahasketarik ez gertatzeko.

  3. Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu beharko da, balorizatzaile baimendu bati emanda. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira desagerrarazi: behar bezala frogatzen bada horiek balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Birsortzea/berrerabiltzea lehenetsiko da, beste balorizazio modu batzuen aurretik (modu materiala zein energetikoa izanda ere).

  4. Halaber, hondakin horiek tratatzeko instalazio baimenduak baldin badaude Euskal Autonomia Erkidegoan, instalazio horietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraikiz.

  5. Zabortegi baimenduan suntsituko diren hondakinen kasuan, hondakin horiek karakterizatu egingo dira, bat etorriz Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituen Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak xedatutakoarekin, eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritako jarraibideen arabera.

  6. Oro har, hustu aurretik, hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua bat datorrela ebazpen honen hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoekin.

  7. Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, bete egin beharko dira Estatuaren Lurraldearen Barruko Hondakinen Lekualdaketa arautzen duen 553/2020 Errege Dekretua eta arauari Euskal Autonomia Erkidegoan gerora emango zaion garapena.

  8. Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, bat etorriz ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin. Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31. artikuluan aurreikusitako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari. Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan hondakinak lekualdatzeari buruz ezarrita dagoena bete beharko da.

  9. Gailu elektrikoen eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak; besteak beste, lanpara fluoreszenteenak. Halaber, Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko dute pilen eta metagailuen hondakinek. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbuetsita egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu, betiere. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

  10. Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

  11. Zehaztapenak betetzen ez dituzten farmakoen hondakinak eta iraungitako farmakoak kudeatzean, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakin sanitarioak kudeatzeari buruzko martxoaren 3ko 21/2015 Dekretuan ezarritakoa hartu beharko da kontuan.

  12. Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan, oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isuriak edo lixibatuak sor baditzakete, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak eduki beharko dira, gerta daitezkeen isuriak kanpora irten ez daitezen.

  1. Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako ontziak edo bilgarriak modu argi, irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

    2.5. Jarduerak sortutako zaratari buruzko baldintzak.

  1. Jarduerak behar diren neurriak hartuko ditu, instalazioak kanpoko ingurumenera zabaldu ez ditzan Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko F taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoak, betiere horiek aipatutako arauaren II. eranskinean jasotako prozeduren arabera ebaluatuta.

  2. Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handiagoko guneetako zarata-maila.

    2.6. Argi-kutsadura murrizteko neurriak.

    Instalazioa eta kanpoko argiztapen-elementuak modu egokian diseinatu eta kokatuko dira, argi-kutsadurari aurrea hartuz eta aurrezten, behar bezala erabiltzen eta energia aprobetxatzen lagunduz; horretarako, behar diren osagaiak izan beharko dituzte.

    2.7. Jarduera bertan behera uzteko baldintzak.

  1. Instalazioak aldi baterako edo behin betiko itxi ondoren, titularrak justifikatu egin beharko du baimendutako instalazioaren erabateko deskontaminazioa egin dela, jarduera bertan behera utzi den unean biltegiratuta zeuden edo instalazioetan zeuden hondakinak eta produktu kimikoak aterata eta kudeatuta; era berean, horien kudeaketa egokia egin beharko du, eta hori egiaztatzeko dagokion dokumentazioa erantsi beharko du.

  2. Instalazioa aldi baterako edo behin betiko ixteko, lurzorua kutsa dezaketen jarduerei buruzko araudiak zentzu horretan arautzen dituen txostenak, azterketak eta prozedurak bete beharko dira.

  1. Ingurumena zaintzeko programa.

    Ingurumena zaintzeko programa indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko da, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

    Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egongo da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izango du.

    Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioari kontrol hauek gehitu beharko zaizkio.

    1. Ingurumena Zaintzeko Programa, obra-fasean.

    1.1. Gorabeheren erregistroa.

    Obrak egin ahala, sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaltzeko, dagokion organoaren bidez. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak.

    1.2. Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

    Egiaztatuko da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurreikusitako azalera baino eremu handiagorik.

    1.3. Uren kalitatea kontrolatzea.

    Oro har, uretara isurketak egin ditzakeen obraren bat egonez gero, ebazpen honen D.1.11 apartatuan aurreikusitako ingurumen-aholkularitzak egiaztapena egingo du, urak isuri aurretik urak bideratu, drainatu eta eusteko gailuak ondo dabiltzala ziurtatze aldera. Hau ere aztertuko du: ibaira material xeheak isuri ote diren, euri-aldietan batez ere.

    Ikusiko balitz sistema horien funtzionamendua ez dela eraginkorra, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten obretan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urak lurrazaleko ur-ibilguetara irits ez daitezen.

    1.4. Lehengoratzearen arrakastaren kontrola.

    Obra amaitu ondoko bi urteetan, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako eremuen lehengoratzeak izan duen arrakasta-mailari.

    2. Ingurumena Zaintzeko Programa, jardueraren funtzionamendu-fasean.

    2.1. Zarataren kontrola.

    Proiektuaren eraginpeko eremuan kutsadura akustikoa kontrolatuko da, ebazpen honen 4.2.5 apartatuan adierazitakoaren arabera.

    Horretarako, ingurumena zaintzeko programak laginketa-puntuen kopurua zehaztu beharko du, baita planoan duten kokapena, erabili beharreko metodoa eta neurketen maiztasuna ere.

    2.2. Emisio atmosferikoen kontrola.

    Ingurumena zaintzeko programak behar bezala barne hartu beharko ditu, hala badagokio, atmosfera kutsa dezakeen jarduera gisa baimenduta egotetik sortutako kontrolak.

    2.3. Uretara egindako isurien kontrola.

    Euri-uretara, ur beltzetara eta industria-uretara isurketak egitean, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak ezarritako baldintzak bete beharko dira.

    3. Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

    Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina egin beharko du sustatzaileak, non bilduko baitira ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.

    Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

    4. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

    Ingurumena Zaintzeko Programaren barruko txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio. Obrak bukatu eta lehengoratze-lanen berme-aldia amaitutakoan bidaliko da txosten hori.

    Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako erakunde batek egindako txostena ere aurkeztu behar da. Txosten hori emaitzen analisi bat izango da, aldi horretan gertatutako gorabeherak, balizko kausak eta konponbideak bereziki aipatuta, eta, aldez aurretik zehaztu ez denean, laginak hartzearen xehetasunak.

    Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

  2. Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Ingurumen-organoak, era berean, aldatu egin ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

  3. Hargatik eragotzi gabe ebazpen honen aurreko apartatuetan ezarritakoa, jarraian aipatzen diren dokumentuak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sar ditzan. Dokumentazio hori Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzara bidali beharko du organo substantiboak:

    1. Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, hondeaketa-soberakinen eta hondakinen ingurumen-jarraipenari dagozkion txostenak, ebazpen honen D.6 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

    2. Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen E.1 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

    3. Urtero, jardueraren funtzionamendu-fasean garatutako ingurumena zaintzeko programaren emaitzak.

    Hirugarrena. Lau urteko epea jartzen da proiektua gauzatzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta proiektua ez bada gauzatzen hasi, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio indarraldia, eta utzi egingo dio dagozkion ondorioak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatutako epea luzatzea adosten ez bada behintzat.

    Laugarrena. Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari, organo substantiboaren bitartez, zer egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.

    Bosgarrena. Derioko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

    Seigarrena. Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 13a.

    Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

    JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik