Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko apirilaren 11koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiten baita Arraia-Maeztun (Araba) «4657 L04 Antoñana-Olarizu» izeneko 13,2 kV-eko tentsio ertaineko aireko linearen 1237 euskarria aldatzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 95
  • Hurrenkera-zk.: 2106
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/04/11
  • Argitaratze-data: 2022/05/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Industria; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2022ko urtarrilaren 24an, Eusko Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak eskaera bat egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Arraia-Maeztun (Araba) «4657 L04 Antoñana-Olarizu» izeneko 13,2 kV-eko tentsio ertaineko aireko linearen 1237 euskarria aldatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago arautua).

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2022ko otsailaren 16an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira zenbait erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; izan ere, horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie, «I. eranskinean eta II. eranskinean ageri ez diren arren, Natura 2000 Sareko gune babestuetan zuzenean edo zeharka nabarmen eragin dezaketen proiektuei».

Txosten honen xede den proiektua ez dago jasota abenduaren 9ko 21/2013 Legearen ez I. eranskinean ez II. eranskinean. Hala ere, aireko linea Ega-Berron Ibaia Kontserbazio Bereziko Eremuko (KBE) Natura 2000 Sareko gunearen gainetik (ES2110020) igarotzen da.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenean) xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Arraia-Maeztun (Araba) «4657 L04 Antoñana-Olarizu» izeneko 13,2 kV-eko tentsio ertaineko aireko linearen 1237 euskarria aldatzeko proiekturako, honela:

  1. Proiektuaren xedea «4657 L04 Antoñana-Olarizu» izeneko 13,2 kV-eko tentsio ertaineko aireko linearen zati bat berritzea da, linearen 1237 euskarriaren ordez sareta-euskarri berri bat jarriz antzeko kokapen batean, euskarria egoera txarrean baitago. Euskarri horretan, «Birgaragoien» izeneko aterpez kanpoko transformazio-zentroa dago (aurrerantzean, ATZ) (170028470), eta zentro hori euskarri berrian jarri beharko da. Gainera, eroalea aldatuko da 1237 eta 166 euskarrien artean.

  2. Arraia-Maeztun (Araba) «4657 L04 Antoñana-Olarizu» izeneko 13,2 kV-eko tentsio ertaineko aireko linearen 1237 euskarria aldatzeko proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideen arabera:

    1. Proiektuaren ezaugarriak.

      Linea berria 13,2 kV-eko potentziarekin eta 113 m-ko aireko linearen distantziarekin diseinatuta dago. Aldatu behar den 1237 euskarria eta proiektatutako N1237 euskarri berria hiri-lurzoruko lurzati pribatu batean daude. Lurzati hori, gaur egun, fruta-arbolak landatzeko erabiltzen da.

      Proiektatutako jarduketa guztiak Birgaragoiengo udalerriaren barruan gauzatuko dira, Arraia-Maeztuko udal-mugartean (Araba).

      Jarraian, proiektatutako jarduketak laburbilduko ditugu:

      1. 2000 motako sareta-euskarri berria eraikitzea, N1237 izenekoa. Euskarri berriak 16 metroko altuera, metalezko gurutzeta zuzena, transformadorearen euskarri metalikoa, autobalbulak eta konpositezko lotura-kateak izango ditu. Zimenduak hormigoizko bloke bakarrekoak izango dira.

        Beirazko lotura-kateen ordez, konpositezko lotura-kate berriak jartzea, eta portzelanazko XS fusibleen ordez, XS fusible polimeriko berriak jartzea 166. euskarrian.

        Lur-konexio berria eraztunean eta espaloi perimetrala 166 euskarrian.

        Desmuntatu behar den 1237 euskarrian dagoen «Birgaragoien» izeneko ATZa (170028470) proiektatutako N1237 euskarri berrian jartzea.

        Proiektatutako euskarri berrian hegazti-fauna babesteko elementuak instalatzea:

        Estalkiak interkonexioko zubi ahuletan eta eroalearen metro batean, esekidura- eta lotura-kateen alde banatan.

        Gainazalak lotura-grapetan, esekidura-grapetan, kanporatze-fusibleen buruetan, tximistorratzetan eta lurpeko kablearen terminaletan.

        Kartela bertikala gangako gurutzetetan, 60 cm-ko tartea izateko hegaztiak jartzeko eremuaren eta eroalearen artean, esekidura-katearekin.

        Talkak ekiditeko balizak 20 metroan behin eroale guztietan eta hiruzuloka, haien artean, eroale berrietan.

        «4657 L04 Antoñana-Olarizu» izeneko 13,2 kV-eko tentsio ertaineko zirkuitu bakuneko aireko linea berriaren hariteria lehendik zegoen 166 euskarriaren eta proiektatutako N1237 euskarri berriaren artean, aluminiozko eta altzairuzko LA-56 motako eroalearekin.

        «4657 L04 Antoñana-Olarizu» linearen 107 metro desmuntatzea lehendik zegoen 166 euskarriaren eta desmuntatu behar ben 1237 euskarriaren artean, LA-56 eroalearekin.

        Beirazko lotura-kateak desmuntatzea lehendik zegoen 166 euskarria desbideratzeko gurutzetan.

        Portzelanazko XS fusibleak desmuntatzea 166 euskarrian, eta, ondoren, XS fusible polimeriko berriak jartzea euskarri berean.

        Euskarri berria muntatzeko, beharrezkoa izango da zuinketa- eta ziriztatze-lanak egitea, baita euskarri bakoitzaren oinean 50 m2 inguruko azalera izango duen lan-plataforma bat sortzea, lehendik dauden zimenduak irekitzea, eta euskarri berriaren hormigoizko bloke bakarreko zimenduak egitea ere. 3,22 m3 induskatzea aurreikusten da.

        Ingurumen-dokumentuaren arabera, lehendik dagoen 1237 euskarria ordezteko eta proiektatutako N1237 euskarria instalatzeko lan-plataformak horien ondotik doan eta asfaltatuta dagoen kalean jarriko dira. Ez da aurreikusten sarbide berririk egitea. Proiektatutako euskarri berria lehendik dagoen euskarria baino urrunago jarriko da Ega ibaiaren ibilgutik, eta linearen segurtasun-korridoreak, funtsean, bat egingo du egungoarekin, euskarria behar besteko altueran proiektatuko baita Ega ibaiaren landaredian mozketa- edo inausketa-lanik egin beharrik ez izateko.

        Euskarri berria instalatu ondoren, ez igotzeko babesak jarriko dira eta babes- eta/edo maniobra-elementuak muntatuko dira, baita hegazti-fauna babesteko elementuak ere. Era berean, lehendik dagoen euskarria eta eroalea desmuntatu egingo dira.

        Sortuko diren hondakinak II. mailako EEHak izango dira batez ere, eta horien izaeraren arabera kudeatuko dira. Kaltetutako lurra, topografia eta landaredia leheneratuko dira, eta lana egin aurretik zuten egoerara itzuliko dira.

        Bi aukera aurkeztu dira: 0. aukera, eremuaren egungo egoerari eusteari buruzkoa, eta 1. aukera, proiektuak garatzen duena.

        Proiektuak 1. aukera hartu du, kontuan hartuta zerbitzu elektrikoaren kalitatea eta erabiltzaileei zerbitzua ematen jarraitzea bermatzen duela, eta hegazti-fauna babesteko araudia betetzen duela, sor daitezkeen inpaktuak minimizatuz. Zehazki, proiektatzen du N1237 euskarri atzeraeman berriarekin ordeztea egungo euskarria, Ega ibaiaren ibilgutik ahalik eta urrunen jartzea, lehendik dauden eraikinen gaineko segurtasun-zortasunek mugatuta.

    2. Proiektuaren kokapena.

      Proiektuaren eremua Birgaragoien herriaren hegoaldean dago, Araban. Zehazki, bai lehendik dagoen eta eraitsi behar den 1237 euskarria bai N1237 euskarri berria elkarrengandik hurbil daude, hirigunera doan Errosarioko Andre Maria kalearen ondoan, Ega ibaiaren ezkerraldean. Bestalde, 166 euskarria aipatutako ibilguaren eskuinaldean dago, A-132 errepidea zeharkatuz, nekazaritza-lur batean.

      Hauek dira eremuaren ezaugarri nagusiak:

      Proiektatutako euskarri berria buztin itxurako material litologiko iragazgaitzen gainean dago; 166 euskarria, berriz, porositate bidezko iragazkortasun handiko alubioi-metakinen gainean. Bi kasuetan, lurzoruak kanbisol motakoak dira.

      Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialak Nekazaritza nahiz Abeltzaintzako lurzoruan identifikatzen du 166 euskarria: Balio estrategiko handikoa. 1237 eta N1237 euskarriak hiri-lurzoruan kokatzen dira.

      Aztertu behar den eremua Ega ibaiaren unitate hidrologikoan dago, zehazki, Ega ibaiaren (Berron ere deitzen zaio) bi ibaiertzetan, eta Ega II ibaiaren ur-masa da jaiotzen denetik Sabando ibairaino (Igoroin eta Bezorri ibaiak barne hartzen ditu). 1237 eta N1237 euskarriak ibai horren ezkerraldean daude, ibilgutik metro gutxira; 166 euskarria, berriz, ibaiaren eskuinaldean dago.

      EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plangintza Sektorialak 0. maila ematen dio Ega ibaiari (10 eta 50 km2 bitarteko isuri-arroa), eta ibaiertzak balizko hirigintza-garapen berrietarako egokitzat jotzen ditu.

      Lurpeko urei dagokienez, eremua Urbasa mendilerrokoa da (ES091MSBT017). 1237 eta N1237 euskarriak akuiferoak kutsatzeko arrisku txikia duten lursailetan daude. Euskarri horien inguruan, 166 euskarriarekin bat etorriz, Interes Hidrogeologikoko Eremu bat identifikatu da. Eremu horrek akuiferoak kutsatzeko arrisku oso handia du.

      Eremuan dagoen landaredia da ubidean zehar dagoen ur-bazterreko sahastia, monolaborantzak eta 1237 eta N1237 euskarrien inguruan dauden hiri-eraikuntzak elkartzen diren gunean. Bestalde, 166 euskarria monolaborantza intentsiboko nekazaritza-lursail batean dago. Ez azterketa-eremuan, ez ingurune hurbilenean, ez da flora-espezie mehatxaturik ikusten.

      Ega ibaia, azterketa-eremutik igarotzean, bisoi europarraren ((Mustela lutreola) eta igaraba eurasiarraren (Lutra lutra) interes bereziko eremu gisa identifikatzen da. Espezie horiek galzorian dauden eta kontserbatzeko kudeaketa-planak dituzten espezie gisa katalogatuta daude.

      Ega ibaia EAEko azpiegitura berdearen bilbe urdinean sartzen da, eta EAEko Korridore Ekologikoen Sareko interes bereziko ibai-tarte gisa ere identifikatzen da. Horrez gain, proiektuaren eremua Ega-Berron Ibaia (ES2110020) Kontserbazio Bereziko Eremuaren iparraldean dago, eta Ega ibaiaren ibilguaren zati handi bat hartzen du EAEn.

      Ez eremuan, ez ingurune hurbilenean, ez da identifikatu interes geologikoko lekurik, ezta Eremu Babestuen Erregistroan jasotako gunerik ere. Halaber, ez dago jasota beste katalogo batzuetan (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian, ezta Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako interes naturalistikoko guneen zerrendan ere).

      Eremua Maeztuko ikusmen-arroan dago, eta «arrunta» eta paisaia-kalitate «oso txikokotzat» jotzen da; ez dago sartuta EAEko paisaia bikainen katalogoan.

      Proiektuaren eremuan ez da identifikatu katalogatutako kultura-ondarearen elementurik.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuak ez du uholde-arriskurik, higadura-arriskurik edo baso-suteen arriskurik, eta, halaber, lurzati bakar bat ere ez dago sartuta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lekuen inbentarioan. Arestian esan denez, eremuaren zati batek akuiferoak kutsatzeko arrisku handia du.

    3. Izan daitekeen inpaktuaren ezaugarriak.

      Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik esanguratsuenak obra-fasean sortuko dira. Proiektua aurrera eramatearen ondoriozko jarduketak egiteko, 50 m2 inguruko lan-plataformak lortu beharko dira euskarri bakoitzaren inguruan, eta bertan dagoen landaredia deuseztatu, eta lurzorua trinkotu egingo da makinen eta materialen joan-etorrien ondorioz. Nolanahi ere, ingurumen-dokumentuak adierazten du eraitsiko den euskarriaren lan-plataforma eta aurreikusitako euskarri berria horien ondotik doan kaleko lursail asfaltatuetan egongo direla.

      1237 euskarria eraisteko eta N1237 euskarri berriaren zimenduak egiteko beharrezkoak diren lur-mugimenduak eta 166 euskarrian aurreikusitako espaloi perimetrala txikiak izango dira. Horregatik, ez da aurreikusten nekazaritzako lurzoruan eragin nabarmenik izatea.

      Bestalde, jarduketen ondorioz, aldi baterako eta leku jakinetan, gutxitu egingo da faunaren eta gizakien habitaten kalitatea (zarata handitzea, hautsa, bibrazioak eta abar), lurzoruak edo urak kutsatu ahal izango dira lurra mugitzean sortutako istripuzko isurtzeen edo jariatzeen ondorioz, eta hondakinak sortu ahal izango dira.

      Deskribatutako inpaktuek garrantzi berezia dute Ega-Berron Ibaia KBEaren barruan, bertan baitaude eraitsi behar den euskarria eta proiektatutako euskarri berria. Hala ere, ingurumen-dokumentuaren arabera, euskarriak hiri-lurzoruan daude, nekazaritza-lurzati batean, eta euskarri horietarako lan-plataforma lursail antropizatuetan jarriko da. Bestalde, euskarri berria behar besteko altueran proiektatu da, linearen segurtasun-korridorerako inausketa-lanak egin beharrik ez izateko.

      Ildo horretan, ez da aurreikusten Ega ibaiaren ibaiertzeko landarediari eragingo zaionik, ezta KBE horren babespeko ingurumen-balioen gainean zeharkako inpaktu nabarmenik izango denik ere. Nolanahi ere, prebentzio-neurriak hartu behar dira faunaren eta haren intereseko habitataren gaineko eragina saihesteko, batez ere ugalketa-aldian.

      Funtzionamendu-fasean, inpaktu nagusiak hegazti-faunarengan izango dira, talka egiteko eta elektrokutatzeko arriskuagatik, baita paisaian ere. Hala ere, proiektuaren garrantzia mugatua da, eta, funtsean, lehendik dagoen trazadura egokituko da. Horrez gain, elektrokuzioaren aurkako eta talken aurkako neurri egokiak jarriko dira linea elektrikoan.

      Positiboki baloratzen da euskarri berriaren atzeraematea, ibilgutik urrunago jarriz, eta linea elektrikoaren tarte berria goi-tentsioko linea elektrikoetan hegazti-fauna talkatik eta elektrokuziotik babesteko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak xedatzen dituen erabakietara egokitzea.

      Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak ingurunearen aipatutako alderdietan inolako eragin negatiborik izango duenik.

      Bigarrena. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean eragin kaltegarri garrantzitsurik ez izateko eta ez dadin beharrezkoa izan Arraia-Maeztun (Araba) «4657 L04 Antoñana-Olarizu» izeneko 13,2 kV-eko tentsio ertaineko aireko linearen 1237 euskarria aldatzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntik egitea, betiere ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak aplikatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

      Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-agirian finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.

      Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obrako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

      Ondoko apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:

      Natura-ondarea babesteko neurriak.

      Proiektuak Dekretu hauetan jasotako ebazpenak hartu beharko ditu kontuan: 215/2012 Dekretua, urriaren 16koa, eskualde biogeografiko atlantikoko hamalau ibai eta estuarioren Kontserbazio Bereziko Eremuak izendatzeko eta kontserbazio-neurriak onartzeko dena, eta 34/2015 Dekretua, martxoaren 17koa, ingurune hidrikoari lotuta dauden Kontserbazio Bereziko Eremuetarako (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuetarako (BBE) arau orokorrak onartzen dituena.

      Obrak ez ezik, lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Hala badagokio, beharrezkoak diren mozte-, inauste- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak aldi baterako pilatzeko eremuak eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako pilatzeko eremuak barne ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, drainatze naturaleko sareari eta intereseko landarediari eragitea saihestuko da.

      Eremu horiek ezin izango dira kokatu inola ere Ega ibaiaren ibaiertzeko landaredia dagoen lurretan.

      Hori ziurtatzeko, obrak hasi aurretik, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian.

      Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredi naturala. Intereseko espezieren baten aleak egoera onean dauden eremuetan, kontu handiz jardun beharko da, proiektua egiteko beharrezkoa den eremutik kanpo ez eragiteko.

      Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ez da mozketarik edo inausketarik aurreikusten proiektuaren eremuko gune sentikorretan eta natura-balio handienekoetan (Ega ibaiaren ibaiertzeko landaredia). Nolanahi ere, eragiketa horiek egitea nahitaezkoa izanez gero, inausi egingo da, posible bada betiere, eta zuhaitzak behar-beharrezkoa denean moztuko dira soilik, eta bakar-bakarrik kolokan jarriko badute linea elektrikoaren segurtasuna haien gehieneko garapenera iristen direnean. Dena dela, lehendik dagoen zuhaixka-geruza osoa mantendu beharko da.

      Bertakoak ez diren zuhaitzak osorik moztu daitezke, betiere berehala birlandatzen badira tamaina txikiko espezieak edo hazkuntza motelekoak (esaterako, sahatsak, hurritzak eta haritzak).

      Arabako Foru Aldundiko zerbitzu teknikoekin elkarlanean adostuko dira irizpideak zein zuhaitz ebaki edo lepatuko den erabakitzeko.

      Zuhaitzak inaustea, botatzea edo sastrakak kentzea ezinbestekoa bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, gainerako landaredia autoktonoari kalterik ez eragiteko.

      Ega ibaiaren ertzetan arreta berezia jarriko da euskarria desmuntatzeko orduan, bertako espezieei kalterik ez egiteko neurriak zorroztuz; eta, hala badagokio, kaltetutako eremua lehengoratu egingo da.

      Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, lehendik dauden bideak erabiliko dira, ahal den neurrian. Trazadura berriko sarbideak eta lehendik dauden sarbideak egokitzeko lanak, hala dagokionean, lur-mugimendua murriztuz eta lehen aipatutako eremu kalteberen gaineko eragina saihestuz egingo dira.

      urriaren 27ko 880/2004 Foru Aginduaren (Lutra lutra igarabaren Linnaeus, 1758 kudeaketa-plana onartzen duena, Arabako lurralde historikoan) eta azaroaren 7ko 322/2003 Foru Aginduaren arabera (Arabako lurralde historikoan Mustela lutreola bisoi europarra kudeatzeko plana onartzen duena), Arabako Foru Aldundiko organo eskudunaren aurretiazko baimena beharko du interes bereziko guneetako jarduera orok, baldin eta jarduera horrek espezieak ugaltzeko erabilitako habitataren ezaugarriak aldatzea badakar. Gainera, mugak ezarri ahal izango dizkio lanak gauzatzeko moduari eta lanak egiteko uneari.

      Obrak egitean, mehatxatutako faunarentzat identifikatutako aldi kritikoa saihestuko da; bereziki, martxoa eta abuztua bitartean.

      abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, ingurumen-dokumentuan aireko linea elektrikoaren trazadura berri osorako zehaztutako neurriak hartuko dira, hegaztiek elektrokutatzeko edo talka egiteko dituzten arriskuak minimizatzeko.

      Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

      Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta isurkari kutsatzaile gutxien sortuko da, eta, era berean, ahalik eta material fin eta beste substantzia kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

      Hidrokarburoak xurgatzeko gai den material espezifikoa eduki beharko da eskura obretan, istripuzko isuri edo jarioren bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

      Beharrezkoa bada, obra-eremuetan, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen araberakoak direla bermatzeko.

      Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Zolata iragazgaitzaz gain, efluenteak biltzeko sistema bat ere izango du, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako jarritako guneetatik kanpo egin.

      Paisaia babesteko eta kaltetutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

      Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak lehengoratu egingo dira (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea eta abar). Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak saihesteko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horien inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotuko dira.

      Lurrak mugitzean, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obren ondorioz kaltetutako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

      Kanpoko landare-espezie inbaditzaileak sartu eta hedatzea hauteman eta saihesteko kontrol-neurriak hartuko dira. Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

      Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.

      Era berean, ahal den guztietan, errotik kenduko dira jarduketa-eremuetan aurkitutako espezie inbaditzaileak.

      Bai baldintza-agiriak eta bai obra kontratatzeko aurrekontuek aipatutako dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko. Aurrekontuan hutsarteak betetzeko eta landareak behin betiko errotzeko behar diren mantentze-lanetarako partida bat jasoko da.

      Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.

      Lanek iraun artean, beharrezkotzat jotzen diren jardunbide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Bestalde, proiektua garatzean, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, hori guztia dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoa alde batera utzi gabe.

      Egunez bakarrik egingo da lan.

      Hondakinak kudeatzera bideratutako neurriak.

      Sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

      Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.

      Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela.

      Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

      Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak bi xedapen hauen arabera kudeatuko dira: 105/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena, eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena.

      Zabortegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira.

      Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

      Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

      Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, beren tipologiarengatik, isurketaren baten ondorioz nahasiz gero, arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

      Sortzen den olio erabilia Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

      Gune jakin bat egokituko da aldi batez hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

      Airearen kutsadura ahalik eta txikiena izateko neurriak.

      Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, baita, atzemandako hauts-emisioen arabera, ureztatuko ere. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute beti.

      Hezetasun-egoera egokietan garraiatuko da indusketa-materiala, hain zuzen ere, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzearren.

      Kultura-ondarea babesteko neurriak.

      Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

      Jardunbide egokien sistema bat hartzea.

      Langileek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta gehien bermatzeko:

      Obra-eremuaren mugak kontrolatzea.

      Ega-Berron Ibaia KBEko (ES2110020) Natura 2000 Sareko gunean duen eragina kontrolatzea.

      Hondakinen isurpenak eta olio-isurien eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura saihestea.

      Proiektuaren eraginpeko eremuko biztanleguneetan bizi direnei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

      Garbiketa eta obra-akabera.

      Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.

      Ingurumen-aholkularitza.

      Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean obra-zuzendaritzak hartu behar dituen erabakiek, aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.

      Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, hondakinak kudeatzea eta natura-ondarea babestea.

      Hirugarrena. Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk Arraia-Maeztun (Araba) sustatzen duen «4657 L04 Antoñana-Olarizu» izeneko 13,2 kV-eko tentsio ertaineko aireko linearen 1237 euskarria aldatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

      Laugarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari.

      Bosgarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

      Seigarrena. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua baimentzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 11.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.