Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko martxoaren 10ekoa, Portu eta Itsas Gaietako zuzendariarena, Ondarroako portuan sartzeko eta aparkatzeko zerbitzua arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 64
  • Hurrenkera-zk.: 1422
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/03/10
  • Argitaratze-data: 2022/03/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoko Portuei eta Itsas Garraioari buruzko ekainaren 28ko 2/2018 Legearen 5.2.b) artikuluak xedatzen duenez, portuen arloan eskumena duen sailari dagokio, besteak beste, «Portuko domeinu publikoaren kudeaketa, eraikitzea, ustiapena, kontserbazioa, babesa, defentsa eta diziplina». Bestalde, Sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 8. artikuluak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari esleitzen dio portuen eta itsas gaien arloa. Azkenik, Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuak, 14. artikuluan, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzari esleitzen dio, Industria Sailburuordetzaren barruan, portuetako jabari publikoa kudeatzea, eraikitzea, ustiatzea, kontserbatzea, babestea, defendatzea eta bertan diziplina ezartzea.

2/2018 Legearen 32.1.1) artikuluak portuko zerbitzutzat hartzen du ibilgailuak zerbitzugunean aparkatzea. Portuei eta Itsas Garraioari buruzko Legeaz gain, portuen arloko araudi sektorial autonomikoa jasota dago, halaber, Portuko Lanei buruzko Araudia onartzen duen urriaren 21eko 236/1986 Dekretuan. Araudi horrek «portu-aldeetarako sarrera» arautzen du IV. kapituluan, eta Sailari ematen dizkio arlo horretan mugak eta betebeharrak ezartzeko eskumenak.

Zehazki, araudiak honako hau ezartzen du printzipio orokor gisa: ibilgailuen aparkalekua horretarako seinaleztatutako eremuetara eta portuko jarduerekin zerikusia duten ibilgailuetara mugatuta egongo da, eta behar den gutxieneko denborara mugatu beharko da. Horretarako, Sailak portu bakoitzean sartzeko eta zirkulatzeko arauak ematea eta eragindako eremuak behar bezala zehaztea aurreikusten du.

Printzipio orokorra azaldutako hori izanik, adierazi behar dugu araudiak berak salbuespena onartzen duela portuko jarduerekin zerikusirik ez duten ibilgailuei sartzen edo aparkatzen uzteko, arrazoi justifikatuak badaude eta jarduera horien garapen normalari kalterik egin ezean.

1980ko hamarkadaren hasieran, Ondarroako portuak ibilgailuen sarbidea eta aparkalekuak kontrolatzeko neurriak ezarri zituen. Horretarako, eta portuko jardueren garapen optimoari eusteko (itsasontziak atrakatzea, arrainak kargatzea eta deskargatzea, ontzien mantentze-lanak, etab.), Zuzendaritza honek portuko jarduerekin lotutako zenbait irizpide hartu zituen neurri arautzaile gisa, portu-esparruaren barrualderako sarbidea finkatzeko.

Gaur egun, 24 orduko zaintzapeko sarbide-kontrola dago urteko 365 egunetan, eta bertan kudeatzen dituzte baimen horiek, ezarritako irizpideei jarraituz. Era berean, zenbait erabiltzaile finkok, sarbide-irizpideen arabera finkatutako identifikazio-txartelen bidez, eskubidea dute ibilgailuarekin portura sartzeko, edozein unetan eta inguruabarretan. Txartelen bidez baimendutako ibilgailuen kopurua 300 ingurukoa da, eta, gaur egun, baimendutako ibilgailu askok ez dute portu-jarduerarik egiten.

Duela gutxi ezarritako arrain-lonja berriak murriztu egin du orain arte aparkalekuetarako erabili den azalera.

Horregatik, portuko jarduerarekin zerikusia duten ibilgailuak edo egoiliarrak esparruaren barruan sartu eta aparkatzeko baimen izendunak, baita behin-behinean emandakoak ere, esleitzeko irizpideak berrikustea beharrezkotzat jotzen dugu. Kontrol-postuan dauden zaintzaileak arduratuko dira baimen horiek administratzeaz.

Hori horrela, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuak (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoak), 14.1 artikuluan, ematen dizkidan eskumenak baliatuz, honako hau

Ondarroako portuko sarbide kontrolatuko eremuan ibilgailuak sartu eta aparkatzeko zerbitzua arautzeko eta kudeatzeko arau hauek ezartzea.

Lehenengoa. Aplikazio-eremua.

Ebazpen honen aplikazio-eremua Ondarroako portuko sarbide kontrolatuko eremua da.

Bigarrena. Zerbitzua emateko modua.

Antolamendu honen xede den zerbitzua zuzenean kudeatuko dute Portuko Administrazioaren zerbitzuek beraiek, edo zuzenbidearen araberako beste edozein formula erabiliko da.

Ondarroako portuko zerbitzugune kontrolatuan ibilgailuz sartzeko, baimena beharko da, baimen hori berariazkoa edo behin-behinekoa izan.

Eskatu eta Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak onartu ondoren, sarbidea matrikula irakurriz kontrolatzeko sistema automatikoan sartutakoa hartzen da berariazko baimentzat.

Ondarroako portuan sartzea eta aparkatzea baimen-sistema baten bidez kudeatuko da; hala bada, baimena duten ibilgailuek bertan sartu eta aparkatzeko aukera izango dute, haien matrikulak sarbideak kontrolatzeko sisteman sartuta egongo baitira.

Behin behineko baimenak sartzeko kontrol-postuan bertan emango zaizkie arrazoi justifikatu batekin portuan sartu behar diren ibilgailuei, ohiko erabiltzaile ez izan arren.

Behar bezala seinaleztatutako eremuetan aparkatuko dute, eta, salbuespen gisa, portuko administrazioak zehazten dituen eremuetan.

Hirugarrena. Ondarroako portuan sartzeko baimenak erabakitzea.

Ondarroako portuan sartzeko baimenak honela banatzen dira:

  1. Ondarroako portuko egoiliarrentzako baimenak (eskatzaile bakoitzeko bat), betiere betekizunak betetzen dituztela egiaztatu eta ebazpen honen seigarren ebazpen-zatian ezarritako agiriak aurkeztu ondoren.

  2. Arrantzarekin zerikusia duten jardueretarako baimenak: alturako itsasontzien enpresak (itsasontzi bakoitzeko txartel bat gehi enpresa bakoitzeko bat), betiere ebazpen honen zazpigarren ebazpen-zatian ezarritako betekizunak betetzen badituzte eta adierazitako dokumentazioa aurkezten badute.

  3. Arrantzarekin zerikusia duten jardueretarako baimenak: baxurako itsasontziak (itsasontzi bakoitzeko txartel bat gehi enpresa bakoitzeko bat), betiere ebazpen honen zazpigarren ebazpen-zatian ezarritako betekizunak betetzen badituzte eta adierazitako dokumentazioa aurkezten badute.

  4. Arrantzarekin zerikusia duten jardueretarako baimenak: handizkako merkaturatzaileak eta kontserba-enpresak (bi baimen enpresa bakoitzeko), betiere alturako eta/edo baxurako salmentetan aktibo badaude, ebazpen honen zazpigarren ebazpen-zatian ezarritako betekizunak betetzen badituzte eta adierazitako dokumentazioa aurkezten badute.

  5. Tailer mekaniko edo elektrikoen enpresentzako baimenak. Enpresa bakoitzeko baimen bat eta hiru artean esleituko dira, langile kopuruaren arabera.

    1 eta 3 pertsona artean: baimen bat.

    4 eta 10 pertsona artean: bi baimen.

    10 pertsonatik gora: hiru baimen.

    Betekizunak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute, eta ebazpen honen zazpigarren ebazpen-zatian ezarritako agiriak aurkeztu beharko dituzte.

  6. Elkarteentzako baimenak: altuerako armadoreak eta kofradia (bost baimen elkarte bakoitzeko), betiere ebazpen honen zazpigarren ebazpen-zatian ezarritako betekizunak betetzen badituzte eta adierazitako dokumentazioa aurkezten badute.

  7. Txikizkako merkaturatzaile eta garraiolarientzako baimenak (baimen bat bakoitzeko), betiere ebazpen honen zazpigarren ebazpen-zatian ezarritako betekizunak betetzen badituzte eta adierazitako dokumentazioa aurkezten badute.

  8. Portuan jarduerak dituzten enpresentzako baimenak; baimen bat enpresa bakoitzeko, Arrankoba eta Fca. Sta. Clara enpresei izan ezik. Azken horiei, txandak direla-eta, lau baimen ere emango zaizkie, betiere ebazpen honetako zazpigarren ebazpen-zatian ezarritako betekizunak betetzen badituzte eta adierazitako dokumentazioa aurkezten badute.

    Laugarrena. Gainerako erabiltzaileak portuan sartzea.

  1. Erakunde publikoak. Sarbide librea izango dute, bai ibilgailu ofizialarekin bai norberaren ibilgailuarekin, behin identifikatuta eta dituzten betebeharrak betetzeko bada.

  2. Arrantzarekin lotutako jardueretarako baimenak, hala nola alturako itsasontziak deskargatze dituzten langileentzat. Zaintzaileek behin-behineko baimena emango dute.

  3. Laneko arrazoiengatik automobila erabiltzea justifikatzen duen erabiltzaile orori, portuan sartzeko behin-behineko baimena emango diote zaintzaileek, gehienez ere bi ibilgailu aldi berean enpresa bakoitzeko, lehendik baimendutakoez gain.

  4. Portuko jarduerekin lotutako merkataritza-jarduera bat egiten ari diren industria-ibilgailuek ez dute berariazko baimenik beharko portu-esparruaren barruan sartzeko, eta, hala badagokio, sarrera-kontroleko langileek emango dute behin-behineko baimena. Hala eskatuz gero, zirkulazio-baimena aurkeztu beharko dute, ibilgailuaren industria-izaera egiaztatzeko.

  5. Egoiliar gisa adierazitakoez bestelako pertsona partikularrak, baldin eta, sartzeko baimenik izan gabe, portu-esparruaren barruan autoarekin sartu nahi badute, piezak eta/edo salgaiak portu-esparruan sartu edo handik ateratzeko edo arrantza-jarduerarekin edo portu-jarduerarekin lotutako kudeaketak egiteko baino ezin izango dira sartu, baldin eta jarduera horiek ibilgailuarekin sartzea justifikatzen badute.

  6. Behin-behinean eta salbuespenez baimendu ahal izango da lokalen edo enpresen jabeen ibilgailuak sartzea, baldin eta sarbide mugatua duen portuko eremutik baino ezin badira sartu haietara, eta ibilgailua erabili beharra justifikatzen badute.

    Kasu horietan guztietan, kudeaketak egiteko behar-beharrezkoa den denboran baino ez dira erabiltzaileak egongo portu-esparruaren barruan, eta ezin izango dute portu-esparrua aparkaleku gisa erabili.

    Bosgarrena. Zerbitzu publikoen ibilgailuak sartzea.

    Portuko esparruaren barruan edozein zerbitzu eman behar duten zerbitzu publikoek taxiek, autobusek eta abarrek ez dute berariazko baimenik beharko bertan sartzeko. Zerbitzu horiek ezin izango dute portua aparkaleku gisa erabili, ezta portukoak ez diren beste zerbitzu batzuetarako ere.

    Seigarrena. Ondarroako portuko egoiliarrentzako plazak.

    Ondarroako portuko egoiliartzat hartzen dira sarbide bakarra portuko sarbide kontrolatuko eremutik duten etxebizitzetan erroldatuta dauden pertsonak.

    Egoiliarrentzat gordetako eremuetan aparkatu ahal izateko, pertsona horiek betekizun hauek bete beharko dituzte:

  1. Etxebizitza, izatez eta modu iraunkorrean, Ondarroako portuko Egidazuko kaian izatea.

  2. Ibilgailua Egidazuko kaian dagoen etxebizitza baten jabe edo maizter den pertsona fisiko batena izatea. Eskatzailea udal-erroldan alta emanda egon beharko da etxebizitza horretan, gutxienez urtebete etenik gabe, baimen-eskaera aurkeztu aurretik.

  1. Eskatzailea salbuetsita egongo da epearen azken betekizun hori betetzetik, baldin eta errolda-ziurtagiria eta etxebizitzaren salerosketa-eskritura edo etxebizitzaren alokairu-kontratua aurkezten baditu. Azken kasu horretan, kontratuaren iraupena urtebetetik gorakoa izango da.

  2. Era berean, ibilgailua eskabidea egiten duenaren jabetzakoa ez izatea onartuko da bi kasu hauetan:

    1. Eskatzaileak ibilgailua finantza-errentamenduko kontratu baten bidez eskuratu badu, ez badauka bere jabetzako ibilgailurik eta ibilgailuaren aseguruan «ohiko gidari» gisa ageri bada. Hala bada, bosgarren atalean jasotako dokumentazioaz gain, ibilgailuaren finantza-errentamenduko kontratua aurkeztu beharko du.

    2. Ibilgailua lan egiten duen enpresak utzi badio, sartzeko baimena lortu ahal izango du, betiere baimena duen beste ibilgailurik ez badu. Hala bada, ebazpen-zati honen laugarren atalean ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko du, eta enpresak emandako agiri bat erantsi beharko dio, honako hauek egiaztatzeko: bera baino ez dela ibilgailua erabiltzen duen pertsona bakarra, lan-ordutegitik kanpo erabiltzeko baimena duela, aseguru-kontratuan ohiko gidari gisa ageri dela eta ibilgailua erabiltzeak gauzazko ordainsari gisa tributatzen duela Pertsona Fisikoen Errentaren Aitorpenaren ondorioetarako. Enpresak ibilgailua finantza-errentamenduko erregimenean erosi badu, errentamendu horren kontratua ere aurkeztu beharko du.

      Bi kasu horietan, eskatzaileak artikulu honetan ezarritako betekizun guztiak bete beharko ditu, ibilgailuaren jabetzarena izan ezik.

  3. Jabea izan dadin baimena eskatu duten ibilgailua gidatu ohi duena.

    Onartu egingo da, halaber, ibilgailua eskuarki gidatzen duena eta gidabaimenaren titularra dena jabearen ezkontidea edo izatezko bikotekidea izatea, dagokion Erregistro Publikoan hala jasota dagoenean, edo haren odol-ahaidetasuneko lehen mailako zuzeneko ondorengoa izatea. Hala bada, sartzeko baimena emateko beharrezkoa den etxebizitza berean erroldatuta egon behar dira jabea eta ohiko gidaria.

    Desgaitasunen bat duten edo gidabaimenik ez duten ibilgailuen jabeek edo errentariek gidari bat eduki ahal izango dute, minusbaliotasun-ziurtagiria eta egoiliarraren eta gidariaren arteko lan-kontratua aurkeztu ondoren.

    Ahaidetasun-harremana egiaztatzeko, ibilgailuaren jabearen edo errentariaren eta gidariaren errolda-ziurtagiria aurkeztu beharko dute, bai eta familia-liburua edo izatezko bikoteen erregistroak emandako ziurtagiria ere.

  4. Ondarroako portuan ibilgailuak sartzeko eta aparkatzeko baimena lortu nahi dutenek erantsitako ereduaren arabera aurkeztu beharko dute eskabidea. Eskabidearekin batera dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte:

    Eskatzailearen NANa, indarrean.

    Gidabaimena, indarrean.

    Baimena eskatzen duten ibilgailuaren zirkulazio-baimena.

    Etxebizitzaren titulartasunaren edo errentamenduaren egiaztagiria.

    Errolda-ziurtagiria.

    Atal honetan jasotako dokumentazioaz gain, ebazpen honetan jasotako egoera bakoitzari dagozkion ataletan ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, halaber.

    Ebazpen honetan berariaz aurreikusitako kasuetan izan ezik, aurkeztutako dokumentuetan ageri diren helbideak bat etorri beharko dira eskabidean adierazitakoarekin, eta ibilgailuaren dokumentazio guztia eskatzailearen izenean agertu beharko da.

    Zazpigarrena. Ondarroako portuan kokatutako enpresa, emakidadun, tailer eta elkarteentzako baimenak.

    Hirugarren ebazpen-zatiko 2., 3., 4., 5., 6., 7. eta 8. ataletan zerrendatutako kolektiboentzat erreserbatutako sarbide-baimenak eskatzeko, honako betekizun hauek bete beharra egongo da:

  1. Portuan kokatutako enpresaren, emakidadunaren, tailerraren edo elkartearen titularra edo ordezkaria izatea.

  2. Ondarroako portuko sarbide kontrolatuko eremuan emandako emakiden eta baimenen kasuan, tasak ordainduta izatea.

  3. Aipatutako datuak egiaztatzeko, interesdunek dagokion eskabidea aurkeztu beharko dute, honako agiri hauekin batera:

    Eskatzailearen NANa, indarrean.

    Enpresaren edo elkartearen IFZa.

    Sartzeko baimena eskatzen duten trakzio mekanikoko ibilgailuen matrikularen zenbakia edo zenbakiak.

    Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren (JEZ) ordainketa eguneratuaren egiaztagiria.

  4. Handizkako enpresa merkaturatzaileak eta kontserba-enpresak gutxienez honako hauen erregistroetako batean aktibo egon beharko dira arrantza-produktuak erosteko: Ondarroako Alturako Arrantzako Ekoizleen Elkartea (OPPAO) edo portu bereko Santa Klara arrantzale-kofradia.

  5. Handizkako enpresa merkaturatzaileak eta kontserba-enpresak, baldin eta Ondarroan arraina erosteko jarduera hasi behar badute eta sartzeko baimena eskuratu nahi badute, aurreko lerrokadan adierazitako erregistroren batean agertu beharko dira aldez aurretik.

    Zortzigarrena. Portuko sarbidea erabiltzeko araubidea.

    Aipatutako edozein aparkaleku-eremutan aparkatzeko, aurretik aipatutako kolektibo bakoitzerako berariazko betekizunez gain, honako betekizun orokor hauek bete beharko dira:

  1. Ibilgailua urteko egun guztietan eta edozein ordutan aparkatu ahal izango da lehentasunezko portu-erabileretarako, alde batera utzi gabe Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak, salbuespen gisa, ebazpen honen xede diren aparkaleku-plazak unean-unean erabili behar dituen egoerak.

  2. Talde bakoitzarentzat ezarritako kopuruan emango dira sartzeko baimenak. Tailerrek, alturako armadoreen elkarteak, kofradiak, merkaturatzaileek, garraiolariek eta portu-jarduerarekin zerikusia duten enpresek, portu-esparruaren barruan kokatuta badaude, kolektibo bakoitzarentzat ezarritako ibilgailu kopurua halako birentzat eskatu ahal izango dute baimena, baina ezin izango dira eremu mugatuaren barruan egon, aldi berean, kolektibo edo talde bakoitzarentzat ezarritakoa baino ibilgailu gehiago. Egoera hori automatikoki kontrolatuko du ezarritako sarbide-kontroleko sistemak berak.

  3. Portuko sarreran kontrol-zentro bat egongo da, ibilgailuen sarrerak eta irteerak zaintzeko, bai eta sartzeko baimenen erabilera zaintzeko ere. Halaber, behar diren egiaztapenak egingo dira ibilgailuak eta dagozkien baimenak behar bezala erabiltzen dituztela egiaztatzeko.

  4. Sartzeko berariazko baimenek lau urteko indarraldia izango dute, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta. Baimenak berritu nahi dituztenek ebazpen honen arabera emandako baimenen indarraldia amaitu baino bost egun lehenago eskatu beharko dute gutxienez. Berritzeko eskabidearekin batera, kasuan kasu ezarritako nahitaezko dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

  5. Sartzeko eta aparkatzeko baimena emateko behar diren betekizunetako edozein galtzeak baimena bera galtzea ekarriko du.

  6. Eskatutako betekizunak aldatuz gero, horren berri eman beharko zaio Bizkaiko Portuen Lurralde Zerbitzuari, aldaketa gertatu eta 15 eguneko epean, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak, betekizunak ikusita, sartzeko baimenari eustea edo baimena kentzea erabaki dezan.

  7. Sartzeko baimenaren titularra den pertsona edo enpresa da baimen horren gaineko erabileraren erantzule.

    Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak beste edozein froga dokumental eskatu ahal izango du eta/edo ofizioz egin ahal izango ditu egoki iritzitako egiaztapen guztiak sartzeko eta aparkatzeko baimena eskatzen dutenek aurkeztutako datuak egiazkoak direla egiaztatzeko. Egindako egiaztapenetatik ondorioztatzen bada sartzeko baimenaren titularrak iruzurrezko erabilera egin duela, edo faltsutu egin dituela baimena lortzeko emandako datuak, baimena kentzeko espedientea hasiko da, dagokion zehapen-espedientea hastea baztertu gabe. Egindako jarduketetatik ez-zilegi penalaren zantzurik dagoela ondorioztatzen bada, organo eskudunari igorriko zaizkio jarduketak.

    Baimen bidez (berariazkoa edo behin-behinekoa) baino ez da egongo Ondarroako portuko zerbitzugune kontrolatuan ibilgailuz sartzeko aukerarik.

    Bederatzigarrena. Aparkalekuak.

    Portuko esparruan sartzen diren ibilgailu guztiek horretarako mugatutako eremuetan aparkatu beharko dute. Zamalanetarako, salbuespen gisa, eta portuko edo zaintzako langileek aldez aurretik baimenduta betiere, mugatu gabeko eremuetan aparkatuko dute, baina ahalik eta lasterren utzi beharko dituzte eremu horiek aparkatzea eragindako lanak egin ondoren.

    Zehaztutako aparkalekuetan tokirik ez badago, portuko esparrutik kanpo aparkatu beharko dute.

    Hamargarrena. Betekizunak ez betetzea.

    Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak sartzeko baimena kentzeko espedientea hasiko du, eta ofizioz kenduko du baimen hori, baldin eta ikusten badu sartzeko baimenean ezarritako betekizunen bat behin eta berriz urratzen dutela; eta portuko esparruan ibilgailuz sartzerik ez izatea ekarriko du horrek, ondorioz.

    Betekizun horiek urtebetean bitan edo gehiagotan urratuta ondorioztatuko da behin eta berriz egindako urraketa gertatu dela.

    Hamaikagarrena. Eskabideak aurkeztea.

    Ondarroako portuko sarbide kontrolatuko eremuan ibilgailuekin sartzeko baimena lortu nahi duten pertsonek eskabidea aurkeztu ahal izango dute, erantsitako eredua beteta. Eta pertsona edo enpresa erabiltzaileen kolektiboaren arabera eskatutako dokumentazioa erantsiko diote eskabide horri.

    Eskabideak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dituzte, hilabeteko epean, honako leku hauetan:

    Ondarroako Portu Zerbitzuko bulegoa.

    Arrain-lonjaren eraikina (Itsas aurre kalea 10, 2. solairua).

    Bizkaiko Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzaren bulegoa. (Elkano kalea 3, Bilbao).

    Correosen bulegoak: posta ziurtatua.

    Indarrean dauden xedapenek onartutako beste edozein toki.

    Hamabigarrena. Kontrol-sistema berria ezartzea.

    Ondarroako porturako sarbideak kontrolatzeko sistema berria bi hilabeteren buruan hasiko da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    Aldi baterako, eta aipatutako epea amaitu arte, indarrean jarraituko du sarbideak kontrolatzeko egungo sistemak. Bi hilabeteko epea igarota, sarbideak kontrolatzeko sistema berria aplikatuko da.

    Hamahirugarrena. Berariazko baimenak ematea.

    Baimen-eskaera egin eta aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak erabakiko du sartzeko eta aparkatzeko baimena eman behar den ala ez.

    Dokumenturen bat falta dela ikusiz gero, pertsona edo enpresa interesdunak zuzendu egin beharko du, gehienez ere hamar egun naturaleko epean, horren berri ematen zaion egunetik zenbatzen hasita. Epe horretan egin ezean, ezetsitzat joko da baimen-eskabidea.

    Baimena bidezkoa bada, sarbidea kontrolatzeko sisteman sartuko da, eta, horrenbestez, eremu mugaturako sarbide automatikoa izango dute baimendutako ibilgailuek.

    Hamalaugarrena. Tasak.

    Sartzeko baimenaren titulartasuna eskuratzen dutenek T-7 tarifa ordaindu beharko dute tasaren kontzeptuan; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasei eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bateginean, irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoan, jasota dago tasa hori.

    Zenbateko hori urtero eguneratuko da, dagokion tasari buruzko araudiak zehaztutako proportzio berean, eta likidazioan aurreikusitako moduan ordaindu beharko da.

    Ondarroako portuko sarbide mugatuko eremuan sartzeko berariazko baimenei dagokienez, portuan aldi berean sar daitezkeen ibilgailuen kopuruari dagozkion tasak ordainduko dira.

    Era berean, sartzeko baimen baten titularrak aplikatzekoak diren beste kontzeptu batzuengatik ezarritako gainerako zenbatekoak ordaindu beharko ditu.

    Hamabosgarrena. Errekurtsoak.

    Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

    Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 10a.

    Portu eta Itsas Gaietako zuzendaria,

    AITOR ETXEBARRIA ATUTXA.