Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko urtarrilaren 31koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariarena, zeinaren bidez Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako Agente eta Agente Lehen kategorietako karrerako funtzionarioentzat Bide Segurtasuneko Espezializazio Ikastaroan sartzeko hautapen-prozesurako deialdia egiten baita.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia; Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 32
  • Hurrenkera-zk.: 736
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/01/31
  • Argitaratze-data: 2022/02/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Segurtasuna eta justizia; Gizarte gaiak eta emplegua; Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Herrizaingoa; Lana eta enplegua; Funtzio publikoa

Testu legala

Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 23. artikuluan eta Euskal Herriko Polizia Hautatzeko eta Prestatzeko Araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz, Segurtasuneko sailburuordeak egindako eskaera aintzat hartuta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusiak Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako Agente kategoriako karrerako funtzionarioentzat Bide Segurtasuneko Espezializazio Ikastaroan sartzeko hautapen-prozesurako deialdia egiten du, hauen arabera:

OINARRIAK

Lehenengoa. Deialdiaren xedea.

  1. Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako funtzionarioentzat Bide Segurtasunean Espezializatzeko ikastaroan sartzeko, oposizio-lehiaketa sistema bitartez, hautaketa prozedurarako deia egiten da.

    Deitutako ikastaroak espezializazio-ikastaro izaera du, Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuko 54 eta ondorengo artikuluetan ezarritakoaren arabera.

  2. Deitutako plazak 120 dira, jarraian xehatuko denaren arabera:

    85 plaza, Agente kategoriako karrerako funtzionarioentzat.

    35 plaza, Agente Lehen kategoriako karrerako funtzionarioentzat.

    Deitutako plazen kopurua handitu ahal izango da Bide Segurtasuneko espezialitateari atxikitako kategoria desberdinetan hutsik dauden lanpostuen arabera, hautaketa prozesu honen garapenean zehar gerta daitekeen edozein arrazoirengatik. Kopurua handituz gero, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki-taulan argitaratuko da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren Ebazpenaren bidez, Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 40.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

    Plaza-gehikuntza oinarri hauen bidez arautuko da eta Hamaikagarren oinarrian, 3. puntuan, aurreikusitako izapidearen aurretik ezarri beharko da.

    Bigarrena. Izangaien betekizunak.

  1. Hautaketa prozeduran parte hartu nahi duen pertsona onartua izateko, ondoren zehazten diren baldintzak bete beharko ditu:

    1. Aldez aurretik eskabidea betetzea.

    2. Ondoko egoeretako batean izatea:

      1. Agente Kategoriako 85 plazetako hautaketa-prozeduran parte hartzeko, kategoria horretan karrerako funtzionario izendatuta egotea eta kategoria horretako administrazio-egoera aktiboan izatea.

      2. Agente lehen Kategoriako 35 plazetako hautaketa-prozeduran parte hartzeko, kategoria horretan karrerako funtzionario izendatuta egotea eta kategoria horretako administrazio-egoera aktiboan izatea.

    3. Ebazpen hau argitaratzen denean, izangaia atxikitako lanpostuan gutxieneko iraunaldi baten menpe ez egotea, aldi hori beteta ez badago, edo eskudun organoak errenuntzia onartu ez badu, edo atxikipen bera eskatzen den beste lanpostu baterako parte hartu nahi ez bada, uztailaren 22ko 1/2020 Legearen 97.3 eta abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren azken paragrafoko 5.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.

    4. Bide publikoetatik edozein potentzia eta pisutako motozikletak (A motako gidabaimena) gidatzeko administrazio-baimenaren titularra izatea, Gidarien Erregelamendu Orokorra onartzen duen maiatzaren 8ko 818/2009 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

    5. Bide Segurtasunean Espezializatzeko ikastaroetan sartzeko hiru deialdi baino gehiagotan parte hartu gabe egotea. Deialdi bat agortutzat emango da, eta zenbatgarritzat joko da, funtzionarioa ikastaroan parte hartzeko ontzat ematen den kasuan. Ez ordea, deia egiten duen organoak ikusten badu, nahi gabeko kausa dela-eta, izangaia ikastarora ez dela bertaratu edo ikastaroa ez duela amaitu. Hala denean, behar bezala justifikatuta egon beharko du.

    6. Bide Segurtasuneko espezialitatea ez edukitzea.

  2. Hautapen-prozesuan parte hartu nahi dutenek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete beharko dituzte aurreko atalean ezarritako betekizun guztiak.

  3. Izangaia hautapen-prozesuan onar dadin eta horretan parte har dezan, nahikoa izango da eskaeran baldintza guztiak betetzen dituela adieraztea, betiere eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean. Organo deitzaileak ofizioz egiaztatuko du hori, eta, horretarako, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren ziurtagiria eskatuko du, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren agiritegietan jasota ez dauden datuei dagokienez.

  4. Aurrekoa hala bada ere, hautaketa prozeduraren edo prestakuntza ikastaroaren edota praktika-aldiaren uneren batean, onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda egiten duen organo eskudunak jakingo balu izangaietariko bati deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzen bat falta zaiola, hautaketa prozeduratik kanpo utziko luke, eta hala badagokio, prestakuntza ikastarotik baztertu egingo luke, betiere interesdunari entzun ondoren.

    Hirugarrena. Eskabideak.

  1. Hautaketa prozeduran parte hartu nahi dutenek eskabide-orria bete beharko dute departamentuko Intranetaren Gurenet bitartez, helbide horretan eskuragarri dagoen eskabide eredua betez.

  2. Eskabideak aurkezteko epea, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita 20 egun baliodunekoa izango da.

  3. Eskabidean zehaztu egin beharko dute zein hizkuntzatan egin nahi dituzten oposaketa-probak, gazteleraz edo euskaraz. Eskabide hori loteslea izango da oposizioko proba guztietarako.

    Laugarrena. Izangaiak onartzea.

  1. Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak hautapen-prozesuan onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onartuko du, eta zerrenda hori Hamalaugarren Oinarrian adierazi bezala argitaratuko da.

  2. Bazter utzitako izangai bakoitzari buruz, bazter utzi izanaren arrazoiak eman beharko dira aditzera behin-behineko zerrenda horretan. Erreklamazioak aurkezteko eta eskaerak izan ditzakeen akatsak zuzentzeko 10 egun balioduneko epea izango dute interesdunek.

  3. Aurkeztutako erreklamazioak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onartu edo baztertuko dira, eta horren bitartez egingo da behin betiko onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda, zeina Hamalaugarren Oinarrian adierazi bezala argitaratuko den.

    Bosgarrena. Epaimahai Kalifikatzailea.

  1. Uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren eta Euskal Herriko Poliziaren 4/1992 Legean aurreikusitakoen arabera, oposizio probak erabakitzeko, garatzeko eta ebaluatzeko Epaimahai Kalifikatzaile bat izendatuko da. Epaimahai hori mahaiburu batek, bi bokalek eta idazkari batek osatuko dute.

    Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten kideen eta horien ordezkoen izendapena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bitartez argitaratuko da, Hamalaugarren Oinarrian adierazi bezala.

    Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 28ko 4/2005 Legean xedatutakoaren arabera, epaimahaian emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua egongo da.

  2. Epaimahai Kalifikatzailearen jardunak organo kolegiatuen funtzionamenduko araudi erregulatzailean indarrean diren xedapenak aintzat hartuko ditu.

    Epaimahai Kalifikatzailearen kideei, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 23. eta 24. artikuluetan jasotako errekusatze- edo abstentzio-zioak aplikatuko zaizkie.

  3. Hautaketa sistema osatzen duten proben garapena eta ebaluazioa Epaimahai Kalifikatzaileari dagozkio, autonomia osoz jokatuz. Epaimahai hori prozeduraren objetibotasunaz arduratuko da eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.

  4. Epaimahaiak aholkulari edo adituak hartu ahal izango ditu bere lanetarako, nahiz hautaketa proba guztietarako, nahiz baterako. Aipatutakoek euren espezialitateen barruan aholkuak eta laguntza teknikoa emango dituzte.

  5. Hautaketa prozedura garatzeko beharrezko diren neurriak hartu ahal izango ditu Epaimahaiak deialdi honetan finkatuta ez dauden guztietan, eta gainera, deialdiko oinarriak interpretatzean eta aplikatzean eta beren lanetarako jardunetan.

  6. Epaimahaiak hautatutako izangaien kopurua ezin izango da izan deialdian jasotako plazen kopurua baino handiagoa. Muga horretaz kanpo leudekeen proposamenak erabat deusezak izango lirateke.

  7. Epaimahai Kalifikatzailearen erabakiak Hamalaugarren Oinarrian adierazi bezala argitaratuko dira.

  8. Aipatutako Epaimahai Kalifikatzailean parte hartzen duenak, legez aurreikusitako ordainsaria izango du.

  9. Epaimahai Kalifikatzaileari helbide elektroniko honetara bidaliko zaizkio idazkiak: 2022seguridadvial@seg.euskadi.eus

    Epaimahaiak bide berberaz, hots, posta elektronikoz, erantzungo die jasoko dituen idazkiei, beti Ertzaintzako funtzionarioen banakako helbide elektroniko korporatiboari.

    Seigarrena. Hautaketa-prozedura.

  1. Hautaketa-sistema oposizio-lehiaketa izango da eta, horretan parte hartzen dutenen gaitasuna eta lehentasun-ordena zehazte aldera, oposizio- eta lehiaketa-prozedurak bata bestearen atzetik burutuko dira.

  2. Lehiaketa-fasea ez da baztertzailea izango eta horretan lortutako puntuak ez dira kontutan hartuko oposizio ariketa gainditutzat emateko ezta ariketotan lortutako emaitzak aldatzeko ere.

  3. Oposizio-lehiaketaren guztirako puntuazioa bere bi faseen gehiketatik lortutakoa izango da. Puntuazio horri gehitu egingo zaio euskararen ezagupenaren merezimendutik ondorioztatutako puntuazioa, eta hautaketa-sisteman parte hartzen dutenen lehentasun-ordena zehaztuko du.

    Zazpigarrena. Oposizioa.

    Oposizioa proba hauek osatuko dute:

  1. Lehenengo proba, nahitaezkoa eta kanporatzailea, ezagutzak ebaluatzea helburu duena, test moduko galde-sorta bati idatziz erantzutea izango da.

    Galde-sortaren edukiak, agiri honi erantsitako programaren arabera zehaztuko dira.

    Test moduko galde-sortaren galderetako bakoitzak lau erantzun izango ditu aukeratzeko, eta bakarra izango da zuzena.

    Proba horretan, erantzun zuzen bakoitzari puntu bat emango zaio eta erantzun oker bakoitzari 0,333 puntu kenduko. Galdera bati erantzun bat baino gehiago ematen bazaio, ez-erantzuntzat joko da. Erantzun ez diren galderak ez dira zigortuko.

    Proba horri 0 eta 60 puntu arteko puntuazioa emango zaio, eta automatikoki kanpoan geratuko dira gutxienez 30 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

    Hautapen-sistemaren ordena egokia izan dadin, epaimahai kalifikatzaileak, eskatu beharreko gutxiengo maila eta proba horretan erakutsitako ezagutza-maila kontuan hartuta, eta izangaien identitatea jakin baino lehen, proba gainditzeko beharrezkoa den gutxieneko puntuazioa non jarri erabaki ahal izango du eta erabaki hori argitaratuko du. Kasu horretan, proba horretako puntuazioa lortzeko, aurreko paragrafoan azaldutakoarekin bat etorriz, Epaimahai kalifikatzaileak formula hau aplikatuko du:

    HAP = (APgeh / 2) x (1 + (PZ - m) / (PZgeh - m))

    Hau da:

    HAP = Hautagaiak lortutako azken puntuazioa.

    APgeh = Ariketan gehienez lor daitekeen azken puntuazioa (deialdiaren oinarrien arabera, ariketan lor daitekeen gehieneko puntuazioa: 60 puntu).

    PZ (Hautagaiak lortutako puntuazio zuzena) = Erantzun zuzenak (errore-kopurua x 0,333).

    m = Epaimahaiak ezarritako ariketa gainditzeko gutxienez lortu beharreko puntuazio-atalasea.

    PZgeh = Probaren gehieneko puntuazio zuzena (Proban gehienez lortzen den puntuazio zuzena = Galdera guztiak ondo erantzunda dituen azterketa bateko erantzun zuzenen kopurua).

  2. Proba psikoteknikoa.

    Hautagaiek Bide Segurtasuneko polizia-jarduerak egiteko dituzten gaitasunak ebaluatzea izango du helburu probak. Test psikotekniko bati erantzungo zaio idatziz, aldagai hauek ebaluatzeko: hitzezko gaitasuna, arrazoitzeko gaitasuna, arretarako eta pertzepziorako gaitasuna eta gaitasun espaziala. Aldagai horietako bakoitzari 10 puntu emango zaizkio gehienez.

    Testeko galdera bakoitzak lau erantzun izango ditu aukeratzeko, eta bakarra izango da zuzena.

    Erantzun zuzen bakoitzari puntu bat emango zaio eta erantzun oker bakoitzari 0,333 puntu kenduko. Galdera bati erantzun bat baino gehiago ematen bazaio, ez-erantzuntzat joko da. Erantzun ez diren galderak ez dira zigortuko.

    Nahitaezko proba horri 40 puntu emango zaizkio gehienez, eta automatikoki kanpoan geratuko dira gutxienez 20 puntu lortzen ez dituzten hautagaiak.

    Hautapen-sistemaren ordena egokia izan dadin, Epaimahai kalifikatzaileak, eskatu beharreko gutxiengo maila kontuan hartuta, eta hautagaien identitatea jakin baino lehen, proba gainditzeko beharrezkoa den gutxieneko puntuazioa non jarri erabaki ahal izango du eta erabaki hori argitaratuko du.

    Horrelakoan, ariketa bakoitzeko puntuazioa lortzeko, aurreko paragrafoan azaldutakoarekin bat etorriz, Epaimahai kalifikatzaileak formula hau aplikatuko du:

    HAP = (APgeh / 2) x (1 + (PZ - m) / (PZgeh - m))

    Hau da:

    HAP = Hautagaiak lortutako azken puntuazioa.

    APgeh = Ariketan gehienez lor daitekeen azken puntuazioa (deialdiaren oinarrien arabera, ariketan lor daitekeen gehieneko puntuazioa: 30 puntu).

    PZ (Hautagaiak lortutako puntuazio zuzena) = Erantzun zuzenak (errore kopurua x 0,333).

    m = Epaimahaiak ezarritako ariketa gainditzeko gutxienez lortu beharreko puntuazio-atalasea.

    PZgeh = Ariketaren gehieneko puntuazio zuzena (ariketan gehienez lortzen den puntuazio zuzena).

    Zortzigarrena. Oposizio-proben garapena.

  1. Probak ezin izango dira hasi, harik eta deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik bi hilabete igaro arte.

  2. Lehenengo proba egiteko eguna, ordua eta lekua gutxienez zazpi egun natural lehenago iragarriko dira, Hamalaugarren Oinarrian aurreikusitako moduan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Gainerako probak egiteko iragarkiak Hamalaugarren Oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko dira, gutxienez hirurogeita hamabi ordu lehenago.

  3. Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, Epaimahai Kalifikatzaileak erabaki ahalko du deialdi hau osatzen duten probak eta ariketa guztiak finkatutakoaz bestelako hurrenkera batean egitea, baita egun berean proba batzuk burutzea ere. Kasu horretan, bakar-bakarrik ebaluatuko dira aurreko ariketak gainditu dituztenen probak.

  4. Automatikoki hautaketa-prozeduratik kanpo geratuko dira Epaimahaiaren deiaren arabera ezarritako ordu, egun eta lekuan nahitaezko probak eta/edo ariketak egitera agertuko ez direnak, ez aurkezteko ezinbesteko arrazoiak izanda ere. Arau bera aplikatuko zaie nahitaezko edozein proba eta/edo ariketa hasi ondoren azalduko direnei ere.

    Nahitaezko probaren batek ariketa bat baino gehiago balu, ez agertutzat joko da haietariko batera ez aurkeztea edo berandu azaltzea.

  5. Parte-hartzaileak proba guztietara aurkeztu beharko du bere nortasuna egiaztatzen duen agiria aldean daramala. Epaimahai Kalifikatzaileak edozein unetan agiri hori erakusteko eska diezaioke.

  6. Proben emaitzak Epaimahai Kalifikatzailearen ebazpen baten bidez jakinaraziko dira, Hamalaugarren Oinarrian aurreikusitako moduan.

    Kategoria desberdinetako plazetan parte hartzen duten izangaien emaitzak bereiziko dira.

    Bederatzigarrena. Lehiaketa.

  1. Lehiaketa fasearen kalifikazioa oposizioa gainditu dutenei baino ez zaie ezarriko.

  2. Bakarrik ebaluatu ahal izango dira eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehenago lortutako merezimenduak.

  3. Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza araudia onartu zuen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 13.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, merezimendutzat ezin izango dira hartu deialdian parte hartzeko eskatutako eskakizunak eta baldintzak.

  4. Ez da beharrezkoa izango merezimenduak alegatzea edo egiaztatzea. Epaimahai Kalifikatzaileak Giza Baliabideen Zuzendaritzari eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritzari eskatuko die oposizio-fasea gainditu duten pertsonen merezimenduak ziurtatzeko oinarri honen 5. atalean ezarritako parametroen arabera.

    Administrazioan jasota ez dauden 5.2 ataleko merezimenduak egiaztatzeko, izangaiek oposizio-fasea amaitu baino lehen bidali beharko dituzte egiaztagiriak Giza Baliabideen Zuzendaritzara.

  5. Lehiaketa fasean merezimenduak guztira 40 punturaino baloratuko dira, baremo honen arabera:

  1. Historia profesionala aintzat hartuko da, eta, horren barruan, Trafikoko Lurralde Unitateei atxikitako lanpostuak bete izana, bai Ikerketa Kriminalaren espezialitatekoak, bai Bide Segurtasunekoak, baldin eta Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzen duen 388/1998 Dekretuaren II., III. eta IV. kapituluetan lanpostuak betetzeko aurreikusitako moduetako edozeinen bidez lortu badira.

    Lanpostu bakoitza Ertzaintzako lanpostuen zerrendan jasotako lanpostu-kodearen bidez identifikatuko da. Ez dira lanpostu desberdintzat hartuko lanpostu-kode bereko dotazio desberdinak.

    Atal honi gehienez 25 puntu emango zaizkio, 0,30 puntu zerbitzuen hilabete oso bakoitzeko (unitatea baino zatiki txikiagoak baztertu egingo dira).

  2. 5 puntu emango dira Errepideko Motozikletak Gidatzeko Hobekuntza Ikastaroa egin eta gainditu izanagatik. Irizpide beraren arabera, balorazio bera esleituko da Bide Segurtasuneko Espezializazio-ikastaroko «Zuzkidura-ibilgailuak gidatzea» izeneko 3. moduluko «Motozikleta gidatzea» ikasgaia ikasi eta gainditzeagatik.

  3. Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak jakitea merezimendu gisa baloratuko da, eta atal honetan gehienez lor daitekeen puntuazioa ez da inoiz 5 puntutik gorakoa izango. Hizkuntza bakoitzeko 2,50 puntu emango zaizkie B-2 mailako edo maila handiagoko ezagutzak dituztela egiaztatu dutenei, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailen gainean ezarritakoaren arabera, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

    Merezimendu horiek titulu ofizialen bidez egiaztatzea baino ez da onartuko. Ez da probarik egingo Europar Batasuneko hizkuntza ofizialen ezagutza egiaztatzeko.

  4. Antzinatasun-merezimendua Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzan dauden datuen arabera baloratuko da, eta 0,5 puntu emango dira Ertzaintzan emandako antzinatasun-urte oso bakoitzeko (unitatea baino zatiki txikiagoak baztertuko dira); gehieneko puntuazioa ez da inoiz 5 puntutik gorakoa izango. Ertzaintzan emandako antzinatasuna Akademian sartzen den egunetik aurrera hartuko da kontuan.

    Hamargarrena. Euskararen ezagutza maila baloratzea.

    Euskararen ezagutza agirien bidez egiaztatuko da. Hautapen-prozesuan ez da euskararen ezagutza egiaztatzeko probarik egingo.

    Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna hartuko da kontuan baloratzerakoan, zehaztapen hauen arabera:

    Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da, eta 10 puntu emango zaizkie Ertzaintzaren 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta dutenei, edo 297/2010 Dekretuak, azaroaren 9koak, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko mailekin parekatzeko denak (2010eko azaroaren 15eko EHAA, 219. zk.) ezarritakoaren arabera aitortu edo parekatu zaienei.

    5 puntu emango zaizkie Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta dutenei, edo 297/2010 Dekretuak, azaroaren 9koak, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko mailekin parekatzeko denak (2010eko azaroaren 15eko EHAA, 219. zk.) ezarritakoaren arabera aitortu edo parekatu zaienei.

    Hamaikagarrena. Oposizio-lehiaketako azken kalifikazioa.

  1. Oposizio-lehiaketako azken puntuazioa bi faseetan lortutakoaren batuketa izango da, baina horri gehituko zaio merezimendu gisa euskara-ezagutzaren ebaluaziotik sortuko dena eta horrexek zehaztuko du hautaketa-prozedurako parte-hartzaileen lehentasun-ordena.

  2. Sailkapeneko ordenan puntuazio berdinketak ondorengo irizpideen arabera ebatziko dira, hain zuzen ere, irizpideak ezartzen diren ordenan:

    1. otsailaren 18ko 4/2005 Legea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa.

    2. Puntuazio hobea lortzea ezagupenen proban.

    3. Puntuazio hobea lortzea gaitasun proban.

  3. Hautatzeko prozeduraren kalifikazioa amaitu ondoren, Epaimahai Kalifikatzaileak Hamalaugarren Oinarrian ezarritakoaren arabera onartu eta argitaratuko du, eta datu hauek bidaliko dizkio Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritzari:

    1. Hautaketa-prozedura gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuaziorik altuenetik baxuenera ordenatuta.

    2. Hautatutako pertsonen zerrenda, kategoriaren arabera, zeina hautaketa-prozedura gainditu dutenek eta deitutako plaza-kopuruaren barruan sartzen direnek osatzen baitute. Kategoria desberdinetako plazetan parte hartzen duten pertsonen emaitzak desberdinduko dira.

    3. Hautatu ez diren pertsonen zerrenda, zeina sailkapen-ordenaren lehentasunari jarraituz hautapen-sistema gainditu dutenek baina deitutako plaza-kopuruaren barruan sartu ez direnek osatzen baitute. Kategoria desberdinetako plazetan parte hartzen duten pertsonen emaitzak bereiziko dira.

  4. Aurreko puntuan ezarritako argitalpenaren eta Bide Segurtasuneko Espezializazio Ikastarora sartzearen artean aldaketarik gertatzen bada hautatutako pertsonen zerrendan, Hamalaugarren Oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko da aldaketa hori zehaztuko duen Erabakia edo Ebazpena.

    Hamabigarrena. Bide-segurtasunean espezializatzeko ikastaroa.

  1. Hautatutakoak, 11.3.b) Oinarrian xedatutakoaren arabera, Bide Segurtasunean Espezializatzeko Ikastaroa egiteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak deituko ditu bere Ebazpenaren bitartez.

  2. Horrela hautatutakoak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak banatu ahal izango ditu, irakaskuntza-beharren eta Ertzaintzaren zerbitzuaren eta haren antolaketaren beharren arabera.

  3. 11 3.b) Oinarrian aipatutako pertsonen zerrenda amaituta dagoelako plazak ezin badira bete, 11.3.c) Oinarrian aipatutako zerrenda osatzen duten pertsonekin osatuko dira, Oinarri honen bigarren puntuan ezarritako esleipen-ordenaren arabera.

  4. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiak izapidetuko die hautatutako pertsonei lanean hasteko jakinarazpena, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez.

  5. Bide-segurtasunean espezializatzeko ikastaroa Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian edo Akademiako zuzendariak izendatuko duen zentroan egingo da, eta ikastaro edota txanda batzuetan egin ahal izango da.

  6. Ikastaroaren azken kalifikazioa Hamalaugarren Oinarriak ezarritako moduan argitaratuko da.

  7. Prestakuntza-ikastaroa edo praktikaldia ikastaroa amaitu baino lehen nahita uzteak aukera emango dio Administrazioari uko egiten dion pertsonari eska diezaion bere prestakuntzan inbertitutako zenbatekoak itzul ditzan.

    Ondorio horietarako, jarduketa hauen ondoriozko zenbatekoak erreklamatu ahal izango dira:

    Prestakuntza-ikastaroaren zenbatekoa (indarrean dagoen prezio publikoei buruzko araudiaren arabera).

    Prestakuntza-ikastaroan entregatutako ekipamendu pertsonalaren zenbatekoa.

    Hamahirugarrena. Espezialitate-zortasuna eta Bide Segurtasuneko espezializazioko lanpostu hutsak betetzea.

  1. Deialdi honetan borondatez parte hartzen da; beraz, ikastaroa gainditzen duten pertsonak Bide Segurtasuneko espezialitatea behar duten plazetara atxikiko dira zerbitzu-eginkizunen bidez, eta horrek ez du kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik ekarriko.

    Era berean, baliabide-aurrezkiaren printzipioa aplikatuta, eta bereganatutako prestakuntza errentagarri egiteko eta optimizatzeko, Bide Segurtasuneko Espezializazio Ikastaroari dagokion prestakuntza amaitu duten pertsonak Bide Segurtasuneko espezialista izendatuko dira, aurreko paragrafoan aurreikusitakoa aplikatuz.

  2. Bide Segurtasuneko Espezializazio Ikastaroa gainditu izanak, berez, ez du emango espezialitate hori baldintza duen lanpostu jakin batera behin betiko atxikitzeko eskubidea. Hala ere, ikastaro hori gainditzen duten pertsonek eskuratutako prestakuntza eta ezagutzak betetzeko behar dituzten lanpostu huts guztiak eskatu beharko dituzte, sortzen den lehenengo deialdian, bai 94. artikuluan jasotako ohiko sistemen bidez, bai uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 105. artikuluko ez ohiko sistemaren bidez, eta lehentasunez. Hala egin ezean, lanpostu horietara nahitaez atxiki edo horiek esleitu ahal izango zaizkie. Azken kasu horretan, ez da konpentsazio ekonomikorik jasotzeko eskubiderik izango.

    Hamalaugarrena. Argitalpenak.

    Berariaz besterik xedatzen ez bada, argitalpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulan egingo dira, hargatik eragotzi gabe Gurenet intranet korporatiboan kontsultatu ahal izatea. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulan argitaratuko den data erabakigarria izango da epeak zenbatzeko.

    Hamabosgarrena. Azken xedapenak.

  1. Hautatutako izangaia ikasle gisa dagoenean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Barne Araudiaren Erregelamenduko barne erregelamendu eta diziplinazkoaren arauen menpe izango da. Araudi horrek ordezko izaera edukiko du, hain zuzen, Euskal Herriko Poliziaren Kidegoen Diziplinazko Erregelamenduko Arauetan, egintza ikasle-diziplina baino gehiago izan ahal den kasuetan.

  2. Deialdi honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, zuzenean aurkaratu ahal izango dute administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 14. artikuluan xedatutakoaren arabera eskumena duen Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

    Deialdi honetatik, Epaimahai Kalifikatzailearen jardueratik edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako organoetatik eratorritako administrazio-egintzak aurkaratu ahal izango dituzte interesdunek, administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian aurreikusitako kasuetan eta moduan.

    Arkauti, 2022ko urtarrilaren 31.

    Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

    ANDRÉS ZEARRETA OTAZUA.

Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua.

Atariko titulua. Xedapen Orokorrak.

  1. titulua. Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko eskumenak betetzea eta koordinatzea.

  1. kapitulua. Eskumenak.

  1. titulua. Zirkulazio jokabideei buruzko arauak.

  2. titulua. Seinaleak.

  3. titulua. Administrazio-baimenak.

  4. titulua. Zehapen-araubidea.

Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legea.

Atariko titulua.

Lehen kapitulua. Aplikazio-eremua.

  1. titulua. Errepideko garraioaren zerbitzuak eta jarduerak.

    Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2015 Legea: Arauaren xedea eta helburua. Printzipio orokorrak. Araudian eta administrazio-jardueran berdintasuna bultzatzeko neurriak.

    Otsailaren 18ko 4/2005 Legearen VII. kapituluaren II. atala Etxeko tratu txarren eta sexu-erasoen biktimentzako arreta eta babesari buruzkoa eta Etxeko tratu txarrak eta sexu-indarkeria jasaten duten emakume biktimenganako laguntza hobetzeko II. Erakundearteko Hitzarmenari buruzko oinarrizko nozioak.