Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko urtarrilaren 13koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Arruloidi SL sozietateak Orion (Gipuzkoa) disko-arraina hazteko sustatutako instalazioari buruzko proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktuaren adierazpena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 28
  • Hurrenkera-zk.: 655
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/01/13
  • Argitaratze-data: 2022/02/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Industria; Ingurumena; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko ekainaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak jendaurreko informazioaren izapidean jarri zituen Arruloidi SL sozietateak Orion (Gipuzkoa) disko-arraina hazteko sustatutako instalazioari buruzko proiektua eta haren ingurumen-inpaktuaren azterketa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoarekin bat, interesdunek egokitzat jotzen zituzten alegazioak aurkez zitzaten. Izapide horri buruzko iragarkia 2021eko ekainaren 15eko Gipuzkoako Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen (116. zk.).

Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak jakinarazi zuen ez zela alegaziorik jaso.

Orobat, aipatutako abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, jendaurreko informazioaren izapideaz gain, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, euren eskumenez baliatuz, egoki iritzitako oharren txosten osoa egin zezaten, 30 eguneko epean, kontsulta jakinarazten zenetik aurrera. Espedientean jaso da izapide horren emaitza. Horri dagokionez, sustatzaileak adierazi du ingurumen-inpaktuaren azterketan kontuan hartu direla eraginpeko administrazio publikoen erantzun-txostenak.

2021eko azaroaren 30ean, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak eskabidea egin zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari, Arruloidi SL sozietateak Orion (Gipuzkoa) disko-arraina hazteko sustatutako instalazioari buruzko proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zezan, bat etorriz Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrarekin eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearekin.

Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu zen:

Proiektu teknikoa.

Arruloidi SL sozietateak Orion (Gipuzkoa) disko-arraina hazteko sustatutako instalazioari buruzko proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktuaren azterketa, 2021eko martxokoa.

Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitzei buruzko dokumentuak.

Eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzei buruzko dokumentuak.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, bat etorriz Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan sartzea, eta, aukerarik egokienak hautatzeari dagokionez, ingurumenean dauzkan ondorioen analisia egitea jarduerek eragindako metaketa- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak banakako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arautzen du, abenduaren 9ko 21/2013 Legean jasotzen den ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arruntaren baliokidea dena.

Horiek horrela, aipatu behar da Arruloidi SL sozietateak Orion (Gipuzkoa) disko-arraina hazteko sustatutako instalazioari buruzko proiektua Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorraren IB eranskinaren 5.11 epigrafean jasotako kasuetako bat dela: 獳rrain-hazkuntza intentsiboa.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak, organo substantiboa den aldetik, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa gehitu du espedientean eta kontsulta publikoak egin ditu; gainera, eraginpeko administrazio publikoek zein pertsona interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta proiektua aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera.

Hauek guztiak aztertu dira: Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Arruloidi SL sozietateak Orion (Gipuzkoa) disko-arraina hazteko sustatutako instalazioari buruzko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko aldeko adierazpena ematea.

Proiektuaren xedea da Arruloidi SL enpresa akuikulturako enpresen direktorioan sartzea.

Jarduera gauzatuko den lurzatia San Martin auzoan dago, Orioko udal-mugartean, 64.550 m2-ko azalera du, eta zaldi autoktonoak hazteko erabiltzen da. Lursail horietan, Aldagain baserriaren ondoan, urmael baten instalazioak daude, lurperatua, eta erabilerarik gabeak. Zaharberritzea da asmoa, eta arrain-haztegi gisa egokitzea, disko-arraina (Symphisodon sp.) hazteko eta apaingarri gisa saltzeko.

Jarduerarako aurreikusitako lokala eginda dago jada; 279,55 m2-ko azalera eraikia du, sotoaren eta erdi-sotoaren artean banatuta. Instalazioak honela banatzea proposatzen da:

Arrain-haztegiaren gune nagusia; 51 m3-ko andel bat eta loditzeko akuarioak (26) eta berrogeialdirakoak (6) dituena.

Hazteko barrutia (20 akuario), argi-baldintza kontrolatuekin.

Instalazioen eremua: ura oxigenatzeko eta elikadura automatikorako sistemak.

Instalazio osagarriak: aldagelak, komunak, bulegoa eta biltegia.

Instalazioek zuzenean kanpoaldearekin lotuta dagoen sarbide bat dago, eta barne-korridore bat, instalazioa eta baserriaren sotoa lotzen dituena.

Arrain-haztegiak, guztiz muntatutakoan, 62.600 m3 inguruko ur-bolumena izango du. Arrainak hazteko, birzirkulazio-sistemak (RAS teknologia) erabiliko dira, eta, estimazioen arabera, 13 m3 ur kontsumituko da hileko, gutxi gorabehera. Ura Gipuzkoako Urak saretik hornituko da. Ur-isuriaren bolumena 700 m3/urte da. Hondakin-ur horien zati bat baserriak duen hondakin-uren tratamendurako sistemara (hobi septikoa eta iragazki biologikoa) isuriko da, eta beste bat ureztatzeko erabiliko da (arrainak gizentzeko eremutik datozen urak, 364 l/egun-eko bolumen zenbatetsia, fruta-arbolen lursaila, 4.000 m2-ko azalera, ureztatzeko erabiliko dira; astero ureztatuko da).

Sare elektrikotik hartutako energia elektrikoa erabiliko da energia-iturri gisa, bai eta eguzki-panelak eta aerotermia-makinak ere. Aurreikusitako kontsumoak 2.500 Kw/h eta 4.500 Kw/h artekoak dira.

Jarduerak sortuko dituen hondakin nagusiak hauek dira: 35 kg/urte hondakin arriskugabe, eta 30 kg/urte hondakin arriskutsu, motaren arabera kudeatuko direnak.

Bigarrena. Baldintza hauek jartzea proiektua gauzatzeko (lotesleak dira, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluan xedatzen duenaren arabera):

  1. Proiektua garatzeko baldintzak bat etorriko dira indarrean dagoen araudiarekin eta ebazpen honen apartatu hauetan ezarritakoarekin, eta, aurrekoari aurka egiten ez dion guztian, bat etorriko dira proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honen aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denarekin.

  2. Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

    Proiektuan egingo diren aldaketa puntualak arrazoitu egin beharko dira ingurumenaren ikuspegitik, aurreko lerrokadan adierazitako garrantzirik ez badute ere. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen agirian jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

  3. Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

    Proiektuaren esparrua 64.550 m2-ko lurzati bat da; Orioko udal-mugarteko San Martin auzoan dago. Urbanizaezin gisa sailkatutako lurzorua da, eta hirigunearen ekialdean dago. Arrainak hazteko instalazioak lehendik dagoen eraikuntza batean jarriko dira; eraikin horrek 279,55 m2-ko azalera eraikia du sestra azpian.

    Hiri-periferiako ingurua da, eta ingurumen-baldintzatzaile nagusia hau izango litzateke: lurzatiko lurzoruen landa-izaerari eustea. Lurzatiko lursail batzuk altitude baxuetako sega-belardi elkorrak gisa sailkatuta daude (Batasunaren Intereseko Habitata, 6510 kodea). Alabaina, eraikinaren inguruan dagoen landaredia lorategi bat eta espezie apaingarrien sailak dira. Proiektuaren eremuan ez dago naturagune babesturik, espezie mehatxaturik edo hezegunerik. Ez dago Korridore Ekologikoen Sareko elementurik ere. Ez da interes geologikoko lekurik identifikatu, baina azpimarratu behar da interes hidrogeologikoko eremu batean dagoela.

    Arrisku posibleak kontuan hartuta, ez esparruan ez haren hurbileko inguruan ez da identifikatu lurrazaleko ur-masarik. Oria ibaiaren ibilgutik ia 300 m-ra dago, kota altuan; hortaz, eremua ez dago uholde-arriskuen eraginpean. Aztertutako eremua ez da lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituen edo izan dituen inbentariatutako ezein lurzati. Lursail horiek oso zaurgarritasun-maila txikia dute akuiferoen kutsadurarekiko; alabaina, interes hidrogeologikoko eremu bat da.

    Proposatutako jarduera hartuko duen eraikina Ermitarako Bidea kaletik gertu dago, eta Iparraldeko Done Jakue bidea igarotzen da hortik. Orobat, inguruko baserri batzuk balizko arkeologia-guneak dira. Edonola ere, identifikatutako elementuetako bakar bat ere ez dago proposatutako instalazioak hartuko dituen esparruan.

    Testuinguru horretan, ingurunearen gaineko inpaktu nagusiak funtzionamendu-fasean eragingo dira, arrainen eta instalazioen mantentze-lanetan, eta salgaiak jasotzeko eta bidaltzeko prozesuetan. Jarduera horietarako, baliabide naturalak kontsumitu beharko dira, eta hondakinak sortuko dira, batez ere uraren zikloarekin lotuak.

  4. Babes- eta zuzenketa-neurriak.

    Babes- eta zuzenketa-neurriak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

    Bestalde, neurri hauek eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumenaren gaineko inpaktuaren adierazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko.

    1. Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

    1.1. Ustiapen-fasean sortzen diren efluenteak isurtzeko, organo eskudunak isurketarako emandako baimena eduki beharko da, eta baimen horretan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

    2. Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

    2.1. Jarduerak behar diren neurriak hartuko ditu, instalazioak kanpoko ingurumenera zabaldu ez ditzan Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko F taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoak, betiere horiek aipatutako arauaren II. eranskinean jasotako prozeduren arabera ebaluatuta.

    3. Hondakinak kudeatzeko neurriak.

    3.1. Sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatu beharreko arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

    Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

    Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

    3.2. Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek karakterizatu egingo dira, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituen Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak xedatutakoari jarraikiz, eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritako jarraibideen arabera.

    3.3. Hondakinak biltzeko guneak edo guneek lurzoru iragazgaitza izan beharko dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isuriak edo lixibatuak sor baditzakete, bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen.

    3.4. Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Halaber, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren (Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena) 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

    Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

    3.5. Gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak besteak beste, lanpara fluoreszenteenak. Halaber, otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan (pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzkoa) xedatutakoa bete beharko dute pilen eta metagailuen hondakinek. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbuetsita egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

    3.6. Sortutako olio erabilia Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan ebatzitakoari jarraituz kudeatu beharko da.

    Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

    3.7. Hiltzeagatik edo bazterkin-prozesuaren ondorioz ezustean sortutako arrainen hondakinak aplikaziozko araudiaren arabera kudeatuko dira, hau da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko 1069/2009 (EE) Erregelamendua, zeinaren bidez ezartzen baitira gizakiak jatekoak ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatzeko osasun-arauak (SANDACH araudia bezala ezagutua), eta azaroaren 8ko 1528/2012 Errege Dekretua, zeinaren bidez ezartzen baitira gizakiak jatekoak ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatzeko arauak.

    4. Instalazioaren mantentze-lanetarako neurriak.

    4.1. Instalazioak garbitzeko, konpontzeko eta mantentzeko lanak ahalik eta hondakin, isurketa eta emisio gutxien sortuko den eran egingo dira.

    4.2. Arazteko eta kutsadura prebenitzeko ekipamenduen eta instalazioen egoera ona bermatzeko, titularrak programa batean zehaztuta izan beharko ditu mantentze-eragiketak, ikuskapenak eta kontrolak, eta horiek egiteko maiztasunak. Eragiketon erregistroa izan beharko da, izandako gorabeherak eta horiei emandako konponbideak zehaztuta.

    Hirugarrena. Jakinaraztea, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.3 artikuluarekin bat, jarduteko lizentzia emateko behar diren neurri zuzentzaileei buruzko txostena ordezten duela ondore guztietarako ingurumen-inpaktuaren adierazpen honek.

    Laugarrena. Lau urteko epea dago proiektua gauzatzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia eta utzi egingo dio dagozkion ondoreak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatutako epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztiori, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluarekin bat etorriz.

    Bosgarrena. Ebazpen honen berri ematea Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari eta Orioko Udalari.

    Seigarrena. Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2022ko urtarrilaren 13a.

    Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

    JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.