Legegunea, Euskal araudiaren ataria

Euskadi.eusen sartu

Arautegia

Inprimatu

66/2016 EBAZPENA, ekainaren 8koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Lurraldea, Paisaia eta Ondarea Katedra sortu, garatu eta bultzatzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 116
  • Hurrenkera-zk.: 2654
  • Xedapen-zk.: 66
  • Xedapen-data: 2016/06/08
  • Argitaratze-data: 2016/06/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak; Sailak; Instituzional

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 6a.

BILDUTA:

Alde batetik, Ana Isabel Oregi Bastarrika andrea, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua, Gobernu Kontseiluak 2016ko maiatzaren 17ko bileran emandako baimena daukana hitzarmen hau izenpetzeko.

Bestetik, Iñaki Goirizelaia Ordorika jauna, Universidad del Pais Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU aurrerantzean) errektorea, haren izenean eta ordezkari, UPV/EHUren Estatutuek emandako eskumenak erabilita. Aldeek honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa. UPV/EHUren helburu nagusietako bat da ezagutza sortzea eta hedatzea, jakintzaren aurrerapenari eta gizarte garapenari lagunduz, ikerketaren bidez eta ikerketaren emaitzak gizarteari helaraziz. Horretarako, bere giza baliabide, bitarteko tekniko eta azpiegitura guztiak erabiltzen ditu.

Bigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gaineko 2014ko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren xedea da lurralde-antolamenduaren esparruan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeko bitartekoak ezartzea, eta, horrekin batera, paisaiaren gaineko sustapen, sentsibilizazio, trebakuntza eta ikerkuntzarako neurri egokiak ezartzea.

Hirugarrena. Dekretu hori Gobernu Kontseiluak 2009ko uztailaren 21ean hartutako erabakiaren ondorioz eman zen; izan ere, horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoa atxiki zitzaien Paisaiari buruzko Europako Hitzarmeneko printzipioei, arauei eta postulatuei. Hitzarmen horrek, besteak beste, bi helburu nagusi ditu: paisaien babesa, kudeaketa eta ordenazioa sustatzea eta esparru horretan europar lankidetza antolatzea.

Laugarrena. Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen artean 2013ko ekainaren 5ean sinatutako Lankidetza Hitzarmenaren bidez alderdien konpromisoak arautu ziren, Kultur Paisaiak eta Ondarea Unesco Katedra sortu, garatu eta mantentzeko, eta hitzarmen horren indarraldia sinaduraren unetik 2016ko otsailaren 28ra artekoa zen, hamabigarren klausulan xedatzen denez.

Hortaz, bi erakundeen arteko lankidetza gauzatzeko xedez, dokumentu honetan jasotzen den lankidetza hitzarmena sinatzea hitzartu dute, jarraian aipatzen diren klausulen arabera.

KLAUSULAK

Lehenengoa. Helburua.

Hitzarmen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren bitartez eta EHUren arteko lankidetza arautzea, EHUko Kultur Paisaiak eta Ondarea Unesco Katedra garatu eta mantentzeko.

Bigarrena. UPV/EHUren konpromisoak.

Honako hauek dira UPV/EHUren konpromisoak, hitzarmen honi dagokionez:

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari laguntzea beharrezkoak diren paisaiaren eta lurraldearen inguruko jarduketetan, Jarraipen Batzordeak onartutako urteko jarduera-planaren arabera.

Prestakuntzaren, ikerketaren, dibulgazio eta sentsibilizazioaren, zabalkundearen eta gizarte-proiekzioaren arloko jarduerak sustatu eta gauzatzea katedraren baitan, adostutako jarduera-planaren eta aurrekontuaren arabera.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren aurrean justifikatzea katedra honetarako sail horrek egin duen ekarpena zertarako erabili den.

Nazioarteko aintzatespena duten ikertzaileen arteko lankidetza ahalbidetzea, baita inguruko eta munduko beste eskualde batzuetako bestelako erakundeekikoa ere.

Kultur Paisaiak eta Ondarea Unesco Katedraren kanpo-finantzazioa amaituko balitz, UPV/EHUk katedra hori bertan behera utz lezake.

Hirugarrena. Ingurumen eta Lurralde Politika sailaren konpromisoak.

Honako hauek dira Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren konpromisoak, hitzarmen honi dagokionez:

Hitzarmenaren garapena sustatzea, eta katedraren jarduketen jarraipenean parte hartzea.

Katedrak antolatutako sentsibilizazioko eta zabalkundeko ekintzetan parte hartzea.

Katedraren sustapenaren eta oinarrizko finantzazioaren bidez parte hartzea, dagokion organoak urtero adostutako zenbatekoekin, betiere, hitzarmen honen seigarren eta zazpigarren klausuletan ezarritako aurrekontu-mugen barruan.

Laugarrena. Katedraren jarduerak.

Hitzarmen honi dagokionez, honako hauek dira Kultur Paisaiak eta Ondarea Unesco Katedraren jarduerak:

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari lankidetza eta laguntza ematea Katedraren jarduera-esparruaren barruan gauzatzen dituen jardueretan. Jarduera horiek Jarraipen Batzordeak urtero onartzen duen Jarduera Planean zehaztuko dira.

Paisaiari, ondareari eta lurraldeari buruzko azterlanekin, ikerketarekin eta gizarte hedakuntzarekin zerikusia daukaten jarduerak bultzatu eta zabaltzea.

Denen intereseko alorretan diharduten erakundeen arteko truke eta lankidetza harremanak sustatzea, bereziki arloari lotutako Unesco Katedren Munduko Sarearekin.

Prestakuntza eta sentsibilizazioa sustatzea katedraren esparruan, eta egingo diren azterlan eta ikerlanetako emaitzak zabaldu eta hedatzea.

Doktorego tesiak egitea bultzatzea, baita gradu amaierako lanak eta master amaierako lanak ere, katedraren esparruan.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari lankidetza eta laguntza ematea, hala plangintzarako plataforma teknologikoen zabalkundean nola horri aplikatu beharreko araudiaren analisian.

Jarraipen Batzordeak onar ditzan, batzorde horri aurkeztea aurreko urteko kontuak eta hurrengo ekitaldian garatuko diren jarduerak, baita dagokien aurrekontua ere.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari eta Katedra atxikita dagoen UPV/EHUko Errektoreordetzari, urte bakoitzaren amaieran, garatu diren jarduerei buruzko txostena aurkeztea.

Bosgarrena. Katedraren arduraduna.

Katedraren arduraduna jardunean dagoen UPV/EHUko irakasle bat izango da, doktore-titulua duena, eta Unibertsitatearekin kontratu-harreman egonkorra duena. Lana egin behar duen eremuan ospe handia duen pertsona bat izan behar da, eta, era berean, ibilbide akademiko aipagarria duena. UPV/EHUko errektoreak izendatuko du arduradun hori, beti ere, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari entzun ondoren.

Katedraren arduradunak izango du haren jarduera sustatzeko eginkizunaren ardura, eta bere zuzendaritzapean hartuko du urteko jarduera-programa betearaztea, hauek barne: mintegiak, zabalkunde-ekintzak eta ikerketa-proiektuak, baita Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari lankidetza eta laguntza emateko jarduerak ere.

Horretaz gain, Jarraipen Batzordeari aurkeztu behar dizkio, hark onar ditzan, aurreko urteko kontuak, baita hurrengo ekitaldian egingo diren jarduerak eta dagokion aurrekontua ere.

Era berean, Katedraren arduradunak, urte bakoitzaren amaieran, egindako jarduerei buruzko memoria bat landuko du, zeina katedra hori atxikia duen UPV/EHUko Errektoreordetzara eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta lurralde Politika Sailera bidaliko baita.

Seigarrena. Jarraipen batzordea.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak eta UPV/EHUk erabaki dute Jarraipen Batzorde bat sortzea, hitzarmen honetan adierazitako helburuak beteko direla bermatzeko.

Jarraipen Batzordea UPV/EHUko bi ordezkarik eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko bi ordezkarik osatuko dute. Batzorde horren lehendakaritza-lanak bi alderdiek egingo dituzte, txandaka, eta sei hilean behin egingo da aldaketa. UPV/EHU izango da lehendakaritza bere gain hartuko duen lehena.

Jarraipen Batzordezko bileretara, Unesco Etxearen ordezkari bat ere joango da bileretara, zeinak hitz egiteko eskubidea izango baitu, baina ez boto-eskubiderik.

Jarraipen Batzordeak, besteak beste, honako egiteko hauek izango ditu:

Katedraren urteko jarduera-plana onartzea.

Katedraren urteko aurrekontua, hitzarmen honetan jasotakoa, onartzea.

Hitzarmen honetan jasotako aurrekontuaren urteko aurrekontu-betearazpena onartzea.

Katedraren arduraduna ere joango da bileretara, zeinak hitz egiteko eskubidea izango baitu, baina ez boto-eskubiderik.

Jarraipen Batzordea, gutxienez, urtean behin bilduko da. Bileretarako deialdia Jarraipen Batzordearen lehendakari denak egingo du; hiru hilean behin, behintzat, egin beharko du (kontu-ematea onartzeko, eta jarduerak eta aurrekontua onartzeko), eta aldeetako batek behar bezala justifikatuta eskatzen badu ere egin ahal izango du.

Jarraipen Batzordearen izaera kontuan hartuta, aurrekontua onartzeko, ezinbestekoa izango da hitzarmen hau sinatzen duten bi erakundeen ordezkariak bertan egotea, berorren eraginkortasuna bermatu ahal izateko. Nolanahi ere, ez da horren beharrik izango erakunderen batek bere egiten badu deialdiarekin batera bidaltzen zaion proposamena, eta hori idatziz adierazten badu bilera hasi aurretik.

Zazpigarrena. Alde sinatzaileen ekarpenak.

Katedra Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren ekarpen monetarioekin eta UPV/EHUren ekarpen ez-monetarioekin finantzatuko da; horiez gain, aurreikusitako jardueren esparruan lor ditzakeen diru-laguntzak, laguntzak eta kanpo finantzazioko bestelako iturriak erabili ahal izango ditu.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren ekarpenak.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak ondoren aipatzen diren kopuruak emango ditu gehienera 2016, 2017 eta 2018ko aurrekontu ekitaldietarako, 16.01.09.12.0000.4.418.01.43130.001/K aurrekontu sailaren kargura, hitzarmen honetan adierazitako ekintzak eramateko aurrera. Hauek dira urte bakoitzean emango dituen kopuruak:

2016 75.000 euro.

2017 75.000 euro.

2018 75.000 euro.

Hortaz, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak 225.000 euro emango ditu gehienera, finantziaziorako. Zenbateko hori behin betikoa da eta ez du onartzen ez eguneratzerik, ez eta egokitzapenik ere; beraz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak ez du inolaz ere finantzatuko klausula honetan adierazitako zenbatekoa handitzea ekarriko lukeen aurrekontu desbideratzerik.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren ekarpen ekonomikoa bateragarria izango da helburu bera erdiesteko dauden bestelako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, edozein dela ere laguntzak ematen dituen administrazioa, erakunde publiko edo pribatua, eta horiek estatukoak, Europar Batasunekoak nahiz nazioartekoak izan, betiere diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen ez bada, eta jasotzen diren gainerako diru-laguntzei buruzko araudiak horri buruz ezartzen duena urratzen ez bada.

UPV/EHUren ekarpenak.

UPV/EHUko Katedraren funtzionamenduari lagunduko dio unibertsitateko langileen laguntzarekin, eta bere gain hartuko ditu jarduerak aurrera eramateko erabiliko diren lokalen, azpiegituren eta unibertsitate-zerbitzuen mantentze-gastuak.

Zortzigarrena. Ordaintzeko era.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak zazpigarren klausulan ezarritakoaren arabera eta bederatzigarren klausulako betekizunak kontuan hartuta jarri behar duen zenbatekoa honela ordainduko zaio UPV / EHUri:

2016. urtean, 75.000 euroko lehenengo ordainketa bat egingo da, hitzarmen hau izenpetu eta 2016ko jarduera-plana onartu ondoren.

2017. urtean, ordainketa bakar bat egingo da, 2016ko ekitaldian justifikatutako gastuen bestekoa izango dena.

2016 eta 2017ko ekitaldietako gastuen gehienezko muga 150.000 eurokoa izango da.

2018an, ordainketa bakar bat egingo da, honela banatua:

2017ko ekitaldian justifikatutako gastuen % 50.

500 euroko zenbateko finko bat.

2019an, otsailaren 28a baino lehenago, 2018ko ekitaldiaren gastuak justifikatu beharko dira, eta diru-sarreren eta gastuen 2018ko abenduaren 31ko balantzea aurkeztu, likidazioa egiteko.

Bederatzigarrena. Justifikazioa.

Hitzarmen honi dagozkion ekarpen ekonomikoak justifikatuko dira katedraren Jarraipen Batzordeak burutu diren jarduerak onartzen dituenean, eta, betiere, sailaren aurrean ekitaldiko gastuak justifikatu ondoren, gutxienez, honako dokumentazio hau aurkeztuta:

  1. Txosten akademikoa edo jardueren memoria, hitzarmen honetan jasotako jarduerak zer neurritan bete diren eta zer emaitza lortu diren arrazoituko duena; txosten horretan, halaber, egitasmoan egindako aurrerapenak azalduko dira.

  2. Txosten edo memoria ekonomikoa, egindako jardueren kostua adierazita. Era berean, atal hauek jasoko dira bertan:

    Hitzarmenaren helburuak lortzeko egindako gastuak justifikatzen dituen memoria bat, eta zerrenda sailkatu bat (excel formatuan), zeinak ahalbidetuko baitu hauek guztiak identifikatzea: hartzekoduna, zenbatekoa, igorpen-eguna, eta, hala badagokio, ordainketa-eguna, betiere, gastu bakoitzaren dokumentu euskarria aipatuta. Euskarri hori izango da faktura edo balio berbera duen dokumentu frogagarri bat, merkataritza-trafiko juridikoan baliozkoa dena, edo administrazio-eraginkortasuna duena.

    Jarduera horiek finantzatu dituzten beste diru-sarrera edo diru-laguntza batzuen zerrenda zehatza, zenbatekoak eta jatorria adierazita.

    Unibertsitateak jasotzen dituen diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diru horren bidez aurrera eramango diren jardueren kostua, berak bakarrik edo estatukoak zein nazioartekoak diren beste erakunde publiko edo pribatu batzuen diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin batera.

    Hamargarrena. Publizitatea eta hedapena.

    Katedrak, UPV/EHUko nortasun juridikorik gabeko erakundea denez, unibertsitatearen irudi korporatiboa erabili beharko du unibertsitate jarduerei buruzko komunikazio orotan eta sortutako ezagutza hedatzeko eta zabaltzeko ekitaldi guztietan, eta UPV/EHUren irudi korporatiboaren ikusgarritasuna bermatuko da eskuliburuan aurreikusitako moduan. Ekoizpen zientifikoari dagokionez, UPV/EHU beti agertu beharko da. Katedrak, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ezarritako argibide guztiak errespetatuko ditu, haren irudi korporatiboari dagokionez.

    Katedrak egiten dituen ekitaldi eta jarduera guztietan UPV/EHUren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren logotipoak agertuko dira, antzeko neurri eta adierazgarritasunarekin, katedraren erakunde sustatzaile gisa, eragotzi gabe horregatik beste entitate edo erakunde laguntzaile batzuen logotipoak ere agertzea.

    Hamaikagarrena. Indarraldia.

    Lankidetza hitzarmen hau sinatzen den unetik aurrera egongo da indarrean, hiru urtez.

    Hamabigarrena. izaeRa eta interpretazioa.

    Hitzarmen honek administrazio izaera du, eta administrazio-zuzenbidearen arabera interpretatu eta garatuko da.

    Hamahirugarrena. Baliogabetzea.

    Hitzarmen hau baliogabetu egingo da aldeetako batek betetzen ez badu; halakoetan, beste aldea jakinaren gainean jarri beharko da, idatziz, gutxienez hilabete lehenago.

    Hitzarmen honetan jasotako klausulak edota indarreko legedian jasotzen diren izaera bereko beste batzuk ez betetzea hitzarmena baliogabetzeko arrazoia izango da berori izenpetzen duten aldeentzat.

    Nolanahi ere, denuntzia jakinarazten den unean hasita dauden jarduerak bukatzeko konpromisoa hartzen dute bi aldeek.

    Hitzarmena interpretatu, aldatu edo baliogabetzean eta bere ondorioak aztertzean gerta daitezkeen auziak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren ardurapekoak izango dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, 8.3 artikuluan adierazitakoaz bat.

    Hamalaugarrena. Aldaketak.

    Hitzarmen honetan edozein aldaketa egiteko, horren berri eman beharko zaie Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari eta UPV/EHUri, ontzat eman dezaten; ondoren, bi erakundeetako organo eskudunek onartu beharko dute aldaketa.

    Eta aurreko guztiarekin ados daudela erakusteko, alde biek hitzarmen hau sinatu dute, bi aletan, goiburuan adierazitako lekuan eta egunean.

    Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

    ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

    Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea,

    IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.
Euskadi, auzolana