Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2009ko martxoaren 16koa, Ingurumen sailburuordearena, Manufacturas Eléctricas SA enpresak sustatuta, Mungian Arrotxikito H-5 industria-alorra urbanizatzeko proiektuak ingurumenean duen eraginaren Adierazpena egiteko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 211
  • Hurrenkera-zk.: 5876
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/03/16
  • Argitaratze-data: 2009/11/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Otsailaren 27ko Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, I. eranskineko B) atalean agertzen diren proiektuak ingurumenaren gaineko eragina banaka ebaluatzeko jardunbide baten menpe egongo dira eta jardunbide horri amaiera emateko Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpena egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko edo, hala badagokie, baimentzeko hartzen den administrazio erabakiaren aurretik.

Manufacturas Eléctricas SA enpresak sustatuta, Mungian Arrotxikito H-5 industria-alorra industriarako urbanizatzeko proiektua onartzeko prozedura hasita, eta otsailaren 27ko 3/1998 Legean eta proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginari buruzko testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa aplikatuz, besteak beste, proiektu horrekin zerikusia duten eta jarraian jasotzen diren izapideak gauzatu dira:

Kontsulten izapidea. Proiektuaren sustatzaileak eskatuta, 2008ko irailaren 23an Ingurumen Sailburuordetzak proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeari buruzko kontsulten izapideari ekin zion. Izapide hori jasota dago, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 8.1 artikuluan. 2008ko azaroaren 5ean eta 20an, ingurumen-organoak aipatutako kontsulten izapidean jasotako erantzunak bidali zizkion proiektuaren sustatzaileari.

Jendaurrean jartzeko izapidea. Mungiako Udalak jendaurrean jarri zituen proiektua eta proiektu horrek ingurumenean duen eraginaren ebaluaziorako azterlana (2008ko abenduaren 2ko 232. zenbakiko Bizkaiko Aldizkari ofiziala).

Espedientea bidaltzea. 2009ko otsailaren 13an Mungiako Udalak espedientea Ingurumen Sailburuordetzara bidali zuen, aipatutako urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 12.1. artikuluan ezarritakoa betez.

Erreferentziazko proiektuaren espedientean dauden txostenak eta dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterketa zuzena dela, eta indarrean dagoen araudian aurrez ikusten diren alderdiei egokitzen zaiela aintzat hartuta, Ingurumen Sailburuordetzak, Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpena emateko eskumena duen organoa izanik eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren arabera, ondokoa

  1. Manufacturas Eléctricas SA enpresak sustatuta, Mungian Arrotxikito H-5 industria-alorra industriarako urbanizatzeko proiektuak Ingurumenean duen Eraginari Buruzko aldeko Adierazpena egitea.

  2. Honako baldintza hauek ezartzea proiektua burutzeko; baldintzok lotesleak dira Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraiki.

    A. Proiektua, ingurumenaren gaineko eragi­naren ebaluazioa egiteko Ingurumen Sailbu­ruordetza honetan aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera, eta berariaz ebazpen honetan finkatutako zehaztapenen arabera gauzatu beharko da.

    B. Proiektua aldatu edo handitu nahi izanez gero, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16 artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da, bere II. eranskineko 9.k) epigrafearekin bat. Beraren bidez onartu zen Proiektuek ingurumenean duten eragina Ebaluatzeko Legearen testu bategina.

    Proiektuan egingo diren aldaketa jakinak aurreko idatz-zatian adierazitako garrantzirik ez dutenean, lanak burutzeko falta diren gainerako prozeduretan sortzen direnean, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira, eta aldaketok proiektuko neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-pleguetan sartuko dira.

    C. Neurri babesle eta zuzentzaileak.

    Neurri babesle eta zuzentzaileak egitasmoaren sustatzaileak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko aurkeztu zituen agirietan jasotakoaren arabera gauzatuko dira. Era horretan, neurri hauek hartzeak, batetik, eta kontrolerako esleitutako pertsonalak, bestetik, azterketan ezarritako eta ingurumenaren gaineko eraginaren aitorpen honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatu ahal izango dituzte. Ondorengo idatz-zatietan adierazitako neurriak gehitu beharko dituzte.

    Neurri hauek guztiak, obra kontratatzeko baldintzetan sartu beharko dira eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua izan beharko dute.

    c.1. Natur ondarea babesteko neurriak.

    Bertako hainbat baso-espezieren berariazko araubideari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Arauan jasotakoa betetzeari utzi gabe, neurri hauek aplikatuko dira:

    c.1.1. Lurzorua erabiltzea eragiten duten obrak, eta bai obra horien eragiketa osagarri guztiak ere, proiektuaren eremuan egingo dira. Ahal dena murriztuko da eremuak obrako materialez betetzea, bai eta makineriak eta ibilgailuek horientzako gaitutako eremuetatik kanpo zirkulatzea ere.

    Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatuko balitz, zuzentzeko eta leheneratzeko neurri egokiak aplikatuko lirateke, ebazpen honetako 2.c.10 idatz-zatian ezarritako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

    c.1.2. Obrarako sarbideak, makinak gordetzeko guneak, obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenean ahalik eta kalte gutxiena sortzeko irizpidea izango da kontuan.

    Instalazio-gune horiek kontratistak egokituko ditu, bertan gauzatuko diren jarduera desberdinen ondorioz ingurumenean sor daitezkeen kalteak ahal dela gutxitzeko.

    Kontratistak erabiliko dituen guneen ezaugarriak eta mugak Obraren Zuzendaritzak onartu behar ditu, 2.c.10. aipatutako ingurumen aholkularitzak txostena egin ondoren.

    c.2. Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

    Aplika daitezkeen prozeduren esparruan Uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzaz gain, honako neurri babesleak eta zuzentzaileak ere hartu beharko dira:

    c.2.1. Obrako makinentzako eta horien mantentze-lanetarako utziko den azalera isolatu egingo da drainatze-naturaleko sare batekin. Zola iragazkaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango ditu olioek eta erregaiek lurzorua eta ura kutsa ez dezaten. Ezin izango da erregairik zamatu, oliorik aldatu eta oro har tailerreko lanik egin adierazitako gunetik kanpo.

    c.2.2. Eraikuntza-lanak egin bitartean, ahalik eta material xehe gutxien bota behar da drainatze-sarera. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak proiektatu eta egingo dira, obren ondorioz kutsatutako urak bertan biltzeko.

    Sistema horien kokalekua eta neurri zehatzak Ebazpen honen 2.c.11 idatz-zatian aipatzen den lan programan jasoko da.

    c.2.3. Makinak uraren ibilbidetik pasatu behar badute bideetatik igaroko dira.

    c.2.4. Ekialdeko ubidearen trazadura berria ubideratzeko lanetan, ibai-ohe irregularra osatuko da, uda garaian ura kontzentratu dadin eta uretako faunarentzako mikrohabitatak sor daitezen.

    c.2.5. Urbanizazio berriko euri- eta hondakin-uren sareen ezaugarri nagusiak Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa egiteko aurkeztu den proiektuan jasotakoak izango dira.

    Adierazitakoaren arabera, urak husteko sistemak euri-urak eta hondakin-urak bereiziko ditu. Sare baten bidez, euri-urak proiektuaren eraginpeko eremuan zehar igarotzen diren ibai-ibilguetara isuriko dira zuzenean, eta, beste sare batetik, hondakin-urak lur-zatiaren iparraldea eta hego-ekialdea zeharkatzen dituen ur fekalen kolektorean isuriko dira.

    Edonola ere, isuri horren baldintzek aipatutako saneamendu-sarea kudeatzen duen organoak ezarritakoa bete beharko dute.

    c.3. Airearen kutsadura saihesteko neurriak.

    c.3.1. Obrak dirauen bitartean, pistak eta behin-behinean hutsik dauden azalerak ureztatzeko sistema eduki beharko da, ibilgailuak igarotzean hauts gutxiago zabaltzeko.

    c.3.2. Obra-guneko irteeran ibilgailuak garbi­tzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak biltzeko sistema bati kateatuta.

    Aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak Ebazpen honen 2.c.11 puntuan zehaztutako dokumentazioan adieraziko da.

    c.4. Soinuek eta bibrazioek eragindako eragina gutxitzeko neurriak.

    c.4.1. Eraikuntza-faseak iraun bitartean, ingurumen-eraginaren azterlanean aipatzen diren neurriak aplikatu beharko dira, hauei dagokienez: makinek bete behar dituzten baldintzak, lan-ordutegiak eta jatorrian zarata gutxitzea.

    c.4.2. Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurrez ikusitakoari jarraituz, zonakatze akustikoa, kalitate helburuak eta ateratako zaratari dagokionez, lanetan erabiliko diren makinek, aire librean erabiltzeko makinen zaratari buruz indarrean dagoen legerian ezarritakoa bete beharko dute. Batez ere otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan ezarritakoa beteko dute, hau da, aire librean erabiltzeko zenbait makinek atera dezaketen zarata arautzen duena, eta gainerako arau osagarriak.

    c.5. Hondakinak kudeatzeko neurriak.

    c.5.1. Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta arautegi zehatzetan aurrez ikusitakoarekin bat etorriz kudeatuko dira, honelako hondakinak barne direla: hondeaketa-hondakinak, obra-arloak prestatzeko eragiketetatik sortzen direnak, enbalajeak, baztertzen diren lehengaiak eta garbiketa lanetako soberakinak.

    Hondakinak teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak badira, baimendutako hondakinen balioztatzaile batengana eraman behar dira.

    Hondakinak deusestatzera bidali ahal izango dira baldin eta aldez aurretik horiek balioztatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik bideraezina dela frogatzen bada soilik.

    c.5.2. Hondakindegira eraman behar diren hondakinak, hondakinak hondakindegian utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuan eta hondakin geldoen eta geldotuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira. Hondakin horiek Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiarekin bat etorriz karakterizatu beharko dira. Erabaki horren bidez hondakinak zabortegietan hartzeko irizpide eta prozedurak ezartzen dira, 1999/31/EEE Zuzentarauaren 16. artikuluarekin eta II. eranskinarekin bat.

    Lur-beteketa eta egokitzapenetara bideratu behar diren hondakinak, hondakin geldoen eta geldotuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

    Lur-beteketetan eta eta lurzorua egokitzeko lanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Adierazle horiek lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen I. eranskinean daude jasota.

    c.5.3. Proiektua eraikuntza- eta eraiste-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan jasotakoaren arabera garatuko da.

    Halaber, urbanizazioko proiektuan eraikinak deuseztatu eta eraisteko aurrez ikusitako jarduerak gauzatzeko, gogoan izango dira «Euskal Autonomia Erkidegoan gaikako eraispen-proiektuak lantzeko 2005eko metodologia-gida»n aurrez ikusitako prozedurak.

    Amiantoa duten hondakinen presentzia atzemanez gero, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuan, amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzekoan ezarritako eskakizunak bete beharko dira. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egitean segurtasun eta osasun arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

    c.5.4. Hondakin arriskutsuentzako ontzietan uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du Dekretu horrek) 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte; itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

    Aurreko paragrafoan aipatzen diren ontziak etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du; etiketa aipatutako uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa ere izango da.

    c.5.5. Erabilitako olioei dagokienez, erabilitako industria-olioen kudeaketari buruzko ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua aplikatuko dira.

    Ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenean aurrez ikusitako baimendutako kudeaketa bateraturako sistema bat ezartzen ez den bitartean, irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoan erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenean, begiesten diren aurreikuspenak bete beharko dira.

    Baimendutako kudeatzaile bati eman arte, erabilitako olioa andel estankoetan bilduko da estalitako biltegi batean; andelok etiketatuta egon eta azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitz gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta, elementu nagusia hautsiko balitz ere.

    c.5.6. Araudi hau betetzea errazte aldera, zeregin desberdinetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatuko dira. Sistema horiek zeregin bakoitzaren arduradunek kudeatuko dituzte eta beraiek arduratuko dira langileei behar bezala betearazteaz. Bereziki, inolaz ere ez da eragingo kontrolatu gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzean eta makineria mantentzeko lanak egitean, ezta hondakinik erreko ere.

    Berariaz debekatuta dago sortutako hondakin-mota desberdinak beren artean edo beste hondakin batzuekin nahastea, eta jatorritik bereizi egin behar dira, eta nahasketa horiek saihesteko bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak jarri behar dira.

    Aurrekoa kontuan izanik, ebazpen honetako 2.c.1.2. atalean aipatzen diren espazioetan alde berezi bat egokituko da, instalazio estaliekin. Horietan, hondakin arriskutsuak bilduko dira aldi baterako: olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak, e.a. Gainera, horietatik bereiztuta egon behar diren edukiontziak jarriko dira hondakin inerteentzat. Halaber, sortutako hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira obran (bidoiak, e.a.). Hondakinok euren izaeraren arabera bereiztuko dira, betiere aipatutako puntu garbian aldi batez biltegiratu ondoren.

    c.5.7. Lanetan sortutako hondakinen jarraipenari buruzko txostena egingo da, eta hondakin horien kontrolerako, jarraipenerako eta egokitzapenerako agiriak erantsiko dituzte gainera, indarrean dagoen legeriari jarraituz.

    c.5.8. Hondeaketa eta lur-mugimendu garaian lurzoruaren kutsaduraren aztarnaren bat aurkituz gero, otsailaren 4ko 1/2005 Legeak, lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari buruzkoak, 10.2 artikuluan jasotzen duenaren arabera jokatuko da.

    c.6. Maileguko materialak

    Urbanizazioko lubetak eta lur-beteketak egiteko materialei dagokienez, honako hauek bakarrik erabili ahal izango dira:

    Obra honetan edota inguruan industutako materialak, betiere, gai kutsatzaileen edukia otsailaren 4ko 1/2005 Legearen, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoaren, I. eranskinean jasota dauden VIE-A ebaluazioko adierazleen balioa baino baxuagoarekin.

    Eraikuntza eta eraispenetako hondakinak balioztatu ondoren sortutako bigarren mailako agregakinak.

    Zepa beltzak, arku elektrikoko labeetan altzairua ekoizten sortu eta balioztatze prozesutik igaro ondoren. otsailaren 18ko 34/2003 Dekretuan ezarritako moduan. Dekretu horretan dago araututa Euskal Autonomia Erkidegoan altzairua arku elektrikoko labean ekoiztean sortzen diren zepak balioztatu eta gerora erabiltzea. Zepa horiek ez dira metatuko beti urpean dauden guneetan; oro har lur beteketak egiteko erabiliko da, beste material naturalen edo obrako material geldoen estradosean.

    Agregakin naturalak.

    c.7. Kultura ondarea babesteko neurriak.

    Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean xedatutako kaltetu gabe, obran zehar aztarna arkeologikoren bat dakarren aurkikuntzarik eginez gero, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari horren berri emango zaio berehala, eta hark adieraziko du zein neurri hartu behar den.

    c.8. Obrak lehengoratu eta integratzeko neurri zuzentzaileak.

    Proiektuak Ingurumenaren gainean duen Eraginaren Ebaluazioa egiteko sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurrez ikusitako neurriez gain, honako beste neurri zuzentzaile hauek hartuko dira:

    c.8.1. Obrak amaitu ostean landare berriak landatzeko lanetan erabiltzeko asmoz kenduko den lur begetala modu egokian biltegiratuko da, lurra ez trinkotzeko, modu desegokian ez pilatzeko eta euria egiten duen egunetan gaizki ez manipulatzeko; horrela, ukitutako eremuak lehengoratzeko eta horietan landare berriak landatzeko lanak errazago burutuko dira.

    c.8.2. Lanek erasandako alde guztiak leheneratuko dira; baita ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean agertzen ez zirenak baina azkenean, proiektuaren ondorioz kaltetu direnak ere. Alde horiek leheneratzeak esan nahi du urbanizatu gabeko aldeetan sortutako kalteak konpontzea, landarez estali daitezkeen eremu guztiak landareberritzea, eta herri barruko aldeetan berriz, lorategietako elementuak berriro jartzea.

    c.8.3. Fallopia japonica edo antzeko beste landare inbaditzaileak ez zabaltzeko ekintzak burutuko dira. Alde horretatik, landare-estalkia leheneratzeko erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da, espezie horiekin kutsatutako lurrak ez erabiltzeko.

    c.8.4. Ingurua leheneratu ondorengo bi urtean, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak landareberritu.

    c.9. Garbiketa eta obra bukatzea.

    Lanak amaitu ondoren garbiketa kanpaina zorrotza egingo da, proiektuaren eremutik obra-hondar guztiak garbitzeko. Eraispenetatik, enkofratuak kentzetik, eta oro har, garbitze-lanetan sortutako hondakinak lanen eremutik kendu eta Ebazpen honen 2.c.5 atalean xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

    c.10. Ingurumenari buruzko aholkularitza.

    Obrak amaitu arte eta horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan, ondo jantzitako aholkularitza eduki beharko du Obraren Zuzendaritzak, ingurumenaren eraginari buruzko azterlaneko erabakien arabera. Betekizunen pleguan Obraren Zuzendaritzari izendatutako egitekoak direla eta, aipatutako gaiei buruz Obraren Zuzendaritzak erabakiak hartu aurretik aholkularitza horretako espezialistek egindako txostena hartu beharko dute gogoan.

    c.11. Lan-programaren diseinua.

    Lanak hasi aurretik kontratatzaileak jarraian datozen idatz-zatietan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehaztua egin beharko du. Proposamen horiek lanen gauzatze-programarekin batera jasoko dira eta lanen zuzendariak berariaz onartu beharko ditu, Ebazpen honetako 2.c.10 idatz-zatian aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren. Honakoak dira agiriok:

    Lanek gehien eragingo duten aldea kartografía xehatu bidez seinaleztatzea.

    Kontratistaren instalazioen eremuaren kokagunea eta ezaugarriak, Ebazpen honen 2.c.1.2. atalean aurrez ikusitakoaren arabera.

    Ebazpen honen 2.c.2.2 idatz-zatian urak bideratzeko eta sedimentuei eusteko aurrez ikusitako sare eta sistemen xehetasunak.

    c.3.2 idatz-zatian aurrez ikusitako kamioien gurpilak garbitzeko gailuen ezaugarriak eta kokapena.

    D. Ingurumena zaintzeko programa.

    Ingurumena Zaintzeko Programa sustatzaileak proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginari buruzko ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurrez ikusten denaren arabera egingo da (lekuak, parametroak eta neurketen maiztasuna). Gainera, ondoren zehazten diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

    Programa hau, obra kontratatzeko baldintza-orrietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

    d.1. Gorabeheren erregistroa.

    Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, baita neurri zuzentzaileak eta babesleak noraino bete diren jasotzeko ere. Erregistro hori Ingurugiro Sailburuordetzak ikuskatzeko moduan egin beharko da eta, obrak amaitzen direnean, nolanahi ere, Sailburuordetzara bidali beharko da. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Aldaketa guztiak, ingurumenean eragin dezaketen kaltearen ikuspegitik justifikatu behar dira.

    d.2. Leheneratzearen arrakasta kontrolatzea.

    Landareberritzeko lanen ondoren, landareberritu diren guneak kontrolatu eta horiek jarraipena egingo da sei hilero, bi urtean gutxienez. Jarraipen horren bidez kontrolatu eta zehaztu ahal izango da higaduraren eboluzioa, paisaiaren leheneratzea eta landareberritutako eremuak behar bezala mantentzen direla.

    d.3. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

    Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu eta Ingurumen Sailburuordetza honetara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira ingurumenean aditua den erakundeak egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean emaitzen analisia jasoko da, epe horretan emandako gertakari nagusiak, gertakarien arrazoiak eta konponbideak bereziki aipatuta.

    Sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez eta Herri Administrazioen ikuskaritza zerbitzuen eskueran egongo dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

    E. Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, baita neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Era berean, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, aldaraz daitezke, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

    F. Ebazpen honek aurreko idatz-zatietan ezarritakori kalterik egin gabe, proiekturen sustatzaileak jarraian aipatutako agiriak helaraziko dizkio ingurumen-organo honi espedientean txertatzeko.

    f.1. Obrak amaitu eta bi hilabeteko epean baino lehen, hondakinen jarraipenaren txostena, 2.c.5.7 idatz-zatian adierazitakoaren arabera.

    f.2. Obrak amaitu eta bi hilabeteko epean baino lehen, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, neurri babesleak eta zuzentzaileak zein neurritaraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen 2.d.1 idatz-zatian aurrez ikusitakoaren arabera.

    f.3. Urtero, obrak hasten denetik, ebazpen honen 2.d.3 idatz-zatian aurrez ikusitako ingurumena zaintzeko programari buruzko dokumentua.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorraren 47.8 artikuluaren arabera, bi urteko epea ezartzea proiektua exekutatzen hasteko, Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik. Epe hori proiektuari hasiera eman gabe bukatzen bada, sustatzaileari egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik, Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpen hau baliogabetu egingo da. Hala ere, organo aginpidedunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoirik balego.

  4. Urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuak (Proiektuek ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak), bere 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen organoari proiektuari dagozkion lanak zein egunetan hasiko diren.

  5. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2009ko martxoaren 16a.

    Ingurumen sailburuordea,

    IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik