Egoitza elektronikoa

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2002ko irailaren 19koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko unibertsitateko idazkari nagusiarena, Estatutuak egiteko Prozedurari buruzko Arautegia argitaratzeko Agindua emateko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 195
  • Hurrenkera-zk.: 5784
  • Xedapen-zk.: 6
  • Xedapen-data: 2002/09/19
  • Argitaratze-data: 2002/10/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Sailak; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak (aurrerantzean LOU) zehaztutakoari jarraituz, unibertsitateek Estatutuak egiteko prozedurari ekin behar izan diote. Izan ere, lege horretako bigarren xedapen iragankorrean honakoa dago jasota:

"Hautatutako Unibertsitate Klaustroak egingo ditu Estatutuak, eta Klaustroak berak erabakiko du zein izango den prozedura, bai eta gehiengoak nolakoak izango diren ere. Estutuak egiteko bederatzi hilabeteko epea dago, Klaustroa eretzen denetik kontatzen hasita." (jatorrizkoa gaztelaniaz)

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Klaustroa 2002ko uztailaren 11n eratu zen, eta Klaustroak egun horretan bertan egindako bileran onartu zen Estatutuak egiteko prozedurari buruzko arautegia, hain zuzen ere I. eranskinean jasota dagoena.

Unibertsitateei buruzko Legea betetzeko bidean orain arte egin dugun bezalaxe, Estatutuak egiteko prozedura unibertsitateko beste prozedura batean oinarritu dugu; izan ere, Estatutuak aldatzeko Klaustroko araudian jasota zegoen eskemari jarraituko diogu (Gobernu Batzarrak, 2002ko martxoaren 13an egindako bileran, Estatutuak onartu bitartean horri eustea erabaki zuen).

Klaustroaren funtzionamendurako arautegiaren eskemaren arabera, Estatutuak erreformatzeko ekimenak izan dezaketen organoetako bat errektorea da, zeinak klaustrokide guztiei bidali beharko dien zirriborroa prestatuko duen. Klaustrokideek hamabost eguneko epea izango dute zuzenketak aurkezteko Klaustroko batzorde bati. Batzordeak zuzenketak aztertuko ditu, eta testuan sartzea erabaki dezake, edo bertan behera uztea gehiengo kalifikatuak horrela erabakitzen badu; testuan sartuko ez diren eta bertan behera utziko ez diren zuzenketak, berriz, Klaustroak eztabaidatuko ditu osoko bilkuran.

Estatutuak aldatzeak daukan garrantzia kontuan izanda, araudian zehaztuta dago bi talde eratu behar direla Unibertsitateko Klaustroarekin batera aritzeko eta guztien artean Estatutuak LOUra egokitzeko, Unibertsitatean azken hamazazpi urteotan indarren izan diren Estatutuetan antzemandako akatsak zuzentzeko, eta Euskal Herriko unibertsitate publikoa XXI. mendera egokitzeko, eta ez bakarrik teknologien arloko erronkei aurre egiteko, ezpada ikasleen eskari berriak asetzeko, beti ere kontuan izanda gaur egungo ikasleek prestakuntza iraunkorra dutela helburu.

Horrela, bada, prozedura aurrera emateko talde tekniko bat izango da, errektoreak izendatua eta Estatutuen lehenengo zirriborroa egingo duena. Ondoren, estatutuen batzordeak (Klaustroak aukeratua bere kideen artetik) egokitu egingo du Klaustroko kide guztiei zirriborroa aurkezteko, haiek zuzenketak egin ditzaten.

Bestalde, Estatuak egiteko egutegi bat ere badago, prozesuan talde bakoitzak noiz hartuko duen parte zehazteko. Era berean, egutegiarekin bermatu nahi da Estatutuak egiteko LOUn zehaztutako bederatzi hilabeteko epea beteko dela, Estatuak, LOUk ematen dizkion ahalmenen babesean, gara ditzakeen beste araudi batzuetan xedatutakoa gorabehera.

Hori guztia kontuan hartuta, eta ekainaren 29ko 19/1998 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatea Antolatzeko denak, zehaztutakoaren babesean, honakoa hau

Bakarra.– Agindua ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Estatutuak egiteko prozedurari buruzko arautegia argitaratzeko I. eranskinean jasotako moduan.

Leioa, 2002ko irailaren 19a.

Idazkari nagusia,

ANÍBAL HERNÁNDEZ MARTÍN.

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak bigarren xedapen iragankorrean dioenez (aurrerantzean LOU), Klaustroak egin eta onartu behar ditu Estatutuak.

Klaustroak erabakiko du zein izango den Estatutuak egiteko prozedura, bai eta gehiengoak nolakoak izango diren ere. Estatutuak bederatzi hilabeteko epean egingo dira (epea 2003ko apirilaren 11n bukatuko da), eta Autonomia Erkidegoaren lege-kontrola gainditu beharko dute ondoren.

Estatutuak aldatzeko aplikagarriak izan daitezkeen Klaustroko arautegian jasotako xedapenetan oinarritzen da proposatzen dugun prozedura.

Klaustroaren funtzionamendurako arautegiaren eskemaren arabera, Estatutuak erreformatzeko ekimena izan dezaketen organoetako bat errektorea da, zeinak klaustrokide guztiei bidali beharko dien zirriborroa prestatuko duen. Klaustrokideek hamabost eguneko epea izango dute zuzenketak aurkezteko Klaustroko batzorde bati. Batzordeak zuzenketak aztertuko ditu, eta testuan sartzea erabaki dezake, edo bertan behera uztea gehiengo kalifikatuak horrela erabakitzen badu; testuan sartuko ez diren eta bertan behera utziko ez diren zuzenketak, berriz, Klaustroak eztabaidatuko ditu osoko bilkuran.

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Estatutuak egin eta onartzeko prozedura eskema horri jarraiki egituratu da.

  1. – Talde teknikoa

    Taldeko burua errektorea izango da, edota berak izendatuko duen ordezkoa (klaustrokide izango diren unibertsitateko irakasleen kidegoetako funtzionario doktoreen artetik aukeratutakoa). Taldea errektoreak berak nahi bezala izendatutako gutxienez beste sei lagunek osatuko dute, baina UPV / EHUko sektore guztiak eta hiru campusak egon beharko dira ordezkatuta.

    Bi eginkizun hauek eraman beharko ditu aurrera organo teknikoak:

    1. eginkizun aktiboa, Estatutuen lehen zirriborroa egin beharko baitu.

    2. laguntza emateko eginkizuna Estatutuak egiteko prozesu osoan, txostenak igorriko baitizkie erabakiak hartuko dituzten organoei.

      UPV / EHUko zerbitzu, atal eta organo guztiek laguntza eman beharko diote talde teknikoari.

  2. – Estatutuen batzordea

    Klaustrotik sortutako batzordea izango da, eta erabakiak hartuko ditu Estatutuak egiteko lehen fasean.

    Batzordea hamabost kidek osatuko dute guztira, eta Klaustroko talde guztiek izan beharko dituzte ordezkariak bertan:

    Unibertsitateko irakasleen kidegoetako funtzionario doktoreak 6 ordezkari.

    Gainerako irakasle eta ikertzaileak 3 ordezkari.

    Ikasleak 3 ordezkari.

    Administrazio eta zerbitzuetako langileak 2 ordezkari.

    Batzordeak, Klaustroko kideen artetik, batzordeburua proposatuko dio errektoreari, eta batzordeburuak eta aukeratutako gainerako hamalau kideek osatuko dute Batzordea.

    Batzordea Klaustroko kideek aukeratuko dute. Sektore bakoitzak hautagai-zerrenda itxi eta ordenatuak aurkeztuko dizkio Klaustroko Mahaiari. Hautagai-zerrenda horiek modu honetara aurkeztuko dira:

    Unibertsitateko irakasleen kidegoetako funtzionario doktoreen ordezkariak: hautagai-zerrendak hiru postu bete beharko ditu, gutxienez, eta hautagai guztien sinadurak agertu beharko dira. Hautagai izateko nahitaezkoa da klaustrokidea izatea.

    Gainerako irakasle eta ikertzaileen ordezkariak: hautagai-zerrendak bi postu bete beharko ditu, gutxienez, eta hautagaien sinadurak agertu beharko dira. Hautagai izateko nahitaezkoa da klaustrokidea izatea.

    AZPkoen ordezkariak: hautagai-zerrendak postu bat bete beharko du, gutxienez, eta hautagai guztien sinadurak agertu beharko dira. Hautagai izateko nahitaezkoa da klaustrokidea izatea.

    Ikasleen ordezkariak: hautagai-zerrendak campuska egituratuko dira. Campus bakoitzeko postu bat bete beharko du, eta hautagai guztien sinadurak agertu beharko dira. Hautagai izateko nahitaezkoa da kasuan kasuko campuseko klaustrokidea izatea.

    Hautagai-zerrendetan ordezkoak ere agertu ahal izango dira, sektore bakoitzean bete beharreko postuak beste.

    Estatutuen batzordea aukeratzeko Klaustroaren bilera baino 48 ordu lehenago aurkeztuko dira hautagai-zerrendak, Idazkaritza Nagusian bertan zein faxez.

    Hondar handienaren sistema proportzionalari jarraikizenbatuko dira botoak.

  3. – Bulego teknikoa

    Gorago aipatu diren talde teknikoaren eta batzordearen bulego teknikoa unibertsitateko Idazkaritza Nagusia izango da, laguntza eskainiko baitie Estatutuak egiteko prozesuan (informazioa bilatu, administrazio-gestioa aurrera eraman, eta lege-aholkuak eman).

Lana aurrera eramateko prozedura Klaustroak uztailean egingo duen bileran onartu ondoren, errektoreak talde teknikoko kideak eta, behar izanez gero, burua izendatuko ditu.

Talde teknikoak Estatutuen zirriborroa egingo du, honako hauek kontuan hartuta: araudi autonomoa izan behar da, unibertsitateak duen autonomiaren esparruan xedatzeko gaitasun zabala ematen duena. Horrela, bada, Estatutuen zirriborroak UPV / EHUk bere funtzioak betetzeko beharrezko dituen oinarrizko arauak garatuko ditu.

Testua urriaren 22a baino lehen egin beharko dute, eta Estatutuen Batzordeak osatutako testuari buruzko iritzia emango du. Batzorde horrek onartutako testua azaroaren 22a baino lehen bidaliko zaie klaustrokide guztiei.

Era berean, Batzordeak UPV / EHUko hiru campusetara ere bidaliko du zirriborroa, unibertsitateko kide guztiek izan dezaten horren berri.

  1. – Zuzenketak aurkeztea

    Klaustrokideek 2002ko abenduaren 10era arteko epea izango dute proposatuko zaien testuari egin nahi dizkioten zuzenketak aurkezteko.

    Estatutuen batzordeko buruari zuzendutako idatziaren bidez baino ezingo dira aurkeztu zuzenketok, unibertsitateko Erregistro Orokorraren edozein bulegotan.

  2. – Zuzenketa-motak

    Zuzenketak bi motatakoak izango dira: osoko zuzenketak, ordezko testua proposatuta; eta artikuluei egindako zuzenketak.

    Hauek izango dira osoko zuzenketak: Estatutuen zirriborroari dagozkion printzipioez edo izpirituaz ariko direnak, eta zirriborroa ordezkatzeko testu osoa proposatuko dutenak.

    Artikuluei egindako zuzenketak, berriz, artikuluak gehitu, aldatu edo kentzeko izango dira. Estatutuak egiteko prozeduraren barruan, honako hauek hartuko dira artikulutzat: xedapen gehigarriak, azkenak, indargabetzaileak eta iragankorrak; Estatutuetako tituluak; sistematizatuta dauden atalen izenburuak; antolamendu sistematikoa bera; eta hitzaurrea, baldin badago.

  3. – Zuzenketak onartzea

    Estatutuen batzordeak epe barruan eta behar bezala aurkeztutako zuzenketak onartuko ditu, baldintza hauek betetzen badituzte:

    1. Osoko zuzenketak

      1. – Justifikatu egin beharko dira, eta ordezko testu osoa aurkeztu.

      2. – Gutxienez 50 klaustrokidek sinatuko du zuzenketa bakoitza.

      3. – Zuzenketa Klaustroan nortzuek defendatuko duten jakinaraziko da.

    2. Artikuluei egindako zuzenketak

      1. – Zein artikulu zuzendu nahi den adieraziko da (eta epigrafea, bat baino gehiago egonez gero).

      2. – Zuzenketa justifikatu egin beharko da.

      3. – Ordezko testua aurkeztuko da, halakorik badago.

      4. – Gutxienez 25 klaustrokidek sinatuko du zuzenketa bakoitza.

      5. – Zuzenketa Klaustroan nortzuek defendatuko duten jakinaraziko da.

        Aurkeztuko diren zuzenketak talde teknikoak antolatu eta aztertuko ditu, eta zuzenketen artean kontraesanik dagoen ikusiko. Eta horren berri emango dio Estatutuen batzordeari, erabakia har dezan.

Osoko zuzenketak aurkezten badira, Klaustroak ezohiko bilera egingo du "Osoko zuzenketak eztabaidatu eta botoa ematea" izeneko gai bakarra aztertzeko. Zuzenketak aurkezteko epea bukatu eta, gehienez ere, hamabost egunera egingo da bilera hori.

Osoko zuzenketa bat baino gehiago aurkezten bada, Estatutuen batzordeak erabakiko du zein ordenatan ariko diren ordezko testua defendatuko duten klaustrokideak.

Aldeko txanda bat eta aurkako beste bat izango du osoko zuzenketa bakoitzak. Zuzenketa aurkeztu dutenek aukeratuko dute zuzenketaren defentsa egingo duen pertsona, eta horri Estatutuen batzordeko buruak izendatuko duen batzordekideak erantzungo dio.

Testu itxiak izango dira, eta ezingo dira aldatu bileran zehar. Dena dela, osoko zuzenketak onartzen badira, zuzenketak egin ahal izango zaizkie artikuluei ere, onartutako prozedurari jarraiki.

Osoko zuzenketa bakarra aurkezten bada, onartu egingo da baldin eta klaustrokideen gehiengo absolutua alde azaltzen bada.

Osoko zuzenketa bat baino gehiago aurkezten bada, denak batera bozkatuko dira baina zuzenketa bakarrari eman ahal izango diote botoa klaustrokideek. Klaustrokideen gehiengo absolutua zuzenketaren baten alde azaltzen bada, onartu egingo da. Lehen bozketa egin eta zuzenketa batek ere ez badu lortzen klaustrokideen gehiengo absolutua, bigarren bozketa egingo da; baina lehen bozketan boto gehien lortu dituen zuzenketari buruzko iritzia baino ez du eman beharko Klaustroak bigarren botazioan, osoko beste zuzenketa guztiak bertan behera geratuko direlako.

Osoko zuzenketaren bat onartzen bada beste epe bat irekiko da, onartutako testuko artikuluei buruzko zuzenketak aurkezteko.

  1. – Artikuluei egindako zuzenketak aztertzea

    Artikuluei egindako zuzenketak Estatutuen batzordeak aztertuko ditu eta testuan sartzea erabaki dezake, edo bertan behera uztea batzordeko 10 kidek behintzat horrela erabakitzen badute (kideen 2/3); testuan sartuko ez diren eta bertan behera utziko ez diren zuzenketak, berriz, Klaustroak eztabaidatuko ditu osoko bilkuran, eta, hala badagokio, onartu egingo ditu.

  2. – Estatutuen aurreproiektua bidaltzea

    Batzordeak martxoaren 14rako aztertuko ditu zuzenketa guztiak eta egun horretatik aurrera bidaliko zaizkie Estatutuen aurreproiektua eta osoko bilkuran aztertu beharko diren zuzenketak klaustrokide guztiei, azter ditzaten.

    Estatutuak onartzeko Klaustrorako deialdia ere aurreproiektuarekin batera bidaliko da. 2003ko apirilaren lehen egunetan hasiko beharko da Klaustro hori.

  1. – Estatutuak onartuko dituen Klaustroko bilerarako deia

    Deialdia ezohiko bilerarako izango da eta gai bakarra aztertuko da bertan: UPV / EHUko Estatutuak onartzea.

  2. – Artikuluei egindako zuzenketak eztabaidatu eta onartzea

    Artikulu berari egindako zuzenketak eztabaidatzeko, kontuan hartuko da zenbat aldentzen den zuzenketa testutik. Hau da, testutik gehien aldentzen den zuzenketaren bozketa egingo da lehendabizi, eta irizpide horri jarraiki beste guztiak. Kontraesanean dauden zuzenketetatik bat onartzen bada, beste guztiak bertan behera geratuko dira. Batzordeak antolatuko ditu artikulu bakoitzari egindako zuzenketak, aipaturiko irizpideen arabera.

    Hurbiltze-testuak eta aldaketa teknikoak edo estilokoak proposatu ahal izango dira eztabaidan zehar, eta zuzenketak proposatu dituztenek horiek bertan behera utzi edo aldatzeko aukera izango dute.

    Zuzenketen gainean aritzeko txanda bakarra izango da. Batzordeko buruak, edo berak izendatuko duen pertsonak, zuzenketari erantzuteko txanda izango du eta, ondoren, bozketa egingo da.

    Klaustrokideen gehiengo absolutuak ontzat emandako zuzenketak Estatutuen testuan sartuko dira.

  3. – Estatutuen behin betiko testua onartzea

    Artikuluei egindako zuzenketak eztabaidatu eta botoa eman ondoren, testu osoari buruzko iritzia adierazi beharko da. Testu osoa onartzeko Klaustroaren gehiengo osoak eman beharko du aldeko botoa.

LOUk zehazten duenez unibertsitateko Klaustroa nola osatu behar den, Klaustroaren funtzionamendurako arautegiko 10. artikuluko laugarren paragrafoa honela geratzen da:

"Ausentzia, eritasun edo justifikagarria den beste edozein kasutan, unibertsitateko irakasleen kidegoetako funtzionario doktore klaustrokideen artetik errektoreak izendatuko duenak ordezkatuko du mahaiburua; mahaikideak euren ordezkoek; eta idazkari nagusia unibertsitateko gerenteak."

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Arautegi honetan jaso ez den guztirako Klaustroaren funtzionamendurako arautegia izango da aplikagarri.

Estatutuen Batzordea aukeratzeko Klaustroa 2002ko urriaren 22a

Estatutuen zirriborroa bidaltzea 2002ko azaroaren 22a

Osoko zuzenketak aurkeztea 2002ko abenduaren 10era arte

Osoko zuzenketarik aurkezten bada:

Osoko zuzenketak bidaltzea 2002ko abenduaren 13a

Osoko zuzenketak eztabaidatzeko Klaustroa 2003ko urtarrilaren 14a

Ez badu aurrera egiten osoko zuzenketak:

testu berriko artikuluei zuzenketak aurkezteko epea 2003ko urtarrilaren 31ra arte

Osoko zuzenketarik aurkezten ez bada:

Artikuluei zuzenketak aurkezteko epea 2003ko urtarrilaren 31ra arte

Zuzenketei buruzko txostena 2003ko otsailaren 14ra arte

Zuzenketak aztertzea 2003ko martxoaren 14ra arte

Aurreproiektua aztertzea 2003ko martxoaren 19tik aurrera

Botoa emateko Klaustroa 2003ko apirilaren 8a