Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko ekainaren 21ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall-en ikertzaile bisitari izateko laguntzaren deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 126
  • Hurrenkera-zk.: 2986
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/06/21
  • Argitaratze-data: 2022/06/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Hezkuntza Sailak eta Cambridgeko Unibertsitateak hitzarmena sinatu dute Clare Hall-en ikertzaile batek egonaldia egin dezan.

Clare Hall College 1966an sortu zuten, eta ikasketa aurreratuen zentroa da Cambridgeko Unibertsitatearen barruan. Ikertzaile bisitarientzako programa arrakastatsua du. Programa horri esker, mundu osoko akademikoek bizi eta lan egiten dute Cambridgen, hamabi hilera arteko egonaldietan. Cambridgeko Unibertsitateko gradudunen bost elkargoetako bat da. Zentro horretan, Euskal Herriari lotutako gaietan espezialista den ikertzaile bisitari bat izatea garrantzitsua izango da Euskal Herriari buruzko ezagutzak garatzeko.

Eskabidea egiteko, inskripzio-inprimakia bete beharko da, bide telematikoz eskuragarri egongo dena, sailaren egoitza elektronikoan, betiere 4/2022 Dekretuaren 3. artikulua aplikatuz (4/2022 Dekretua, urtarrilaren 11koa, zeinaren bidez bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra arautzen baita ikerketa arloko laguntzetarako eta sarietarako eskabideetan eta gainerako izapideetan).

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren bidez, Hezkuntza Sailari esleitu zitzaion ikerketa teorikoa eta aplikatua bultzatu eta koordinatzeko lana.

Deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioak publikotasuna, lehia, objektibotasuna, ezarritako helburuak lortzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia, gardentasuna, berdintasuna eta diskriminaziorik eza, betiere EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginari jarraikiz (arazoaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartu zuena), eta kontuan hartuta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatu zuen lege hori) eta dirulaguntzei aplikatzen zaizkien gainerako xedapenak; era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz. Adierazi behar da, halaber, deialdia hau jasota dagoela Hezkuntza Sailaren 2022rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, 1. helburu estrategikoa betetzeko dirulaguntza-lerroen barruan. Plan hori helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/dirulaguntzen-plan-estrategikoa/web01-s2hhome/eu/

Horrenbestez, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legea onetsi denez, honako hau

  1. Agindu honen helburua da dirulaguntza bat emateko oinarriak ezartzea eta prozedura arautzea, 2022-2023 ikasturtean Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall-en ikertzaile bisitari gisa aritzeko egonaldiak finantzatze aldera.

  2. Ikertzaile bisitariak diziplina hauetan lan egin ahal izango du: fisika, biologia zelularra eta molekularra eta arteak (giza zientziak, zuzenbidea eta gizarte-zientziak).

Egonaldiaren iraupena 9 hilabetekoa da, gehienez, eta urrian hasiko da. Hala ere, hautagaiek aukera dute egonaldi laburragoak egiteko, baina, gutxienez, 4 hilabete eta erdikoak izango dira.

Laguntza hau lor dezakete baldintza hauek betetzen dituztenek:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea, gutxienez urtebeteko antzinatasuna dutela 2022ko urtarrilaren 1ean. Hala ere, antzinatasun bera izanik, atzerrian bizi direnen eskabideak ere onartuko dira, baldin eta atzerrian bizi diren espainiarren erroldaren (AEE) bidez Euskal Autonomia Erkidegoan auzotasuna badute eta atzerrian bizi aurreko azken auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izan bada.

  2. Doktore gradua izatea.

  3. Cambridgeko Unibertsitateko sail edo fakultate batean onartuta egotea.

  4. Ingeles hizkuntzaren ezagutza-maila nahikoa izatea, unibertsitate-komunitatean lehen egunetik bizi eta lan egiteko gai izan daitezen.

  5. Ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan honako xedapen hauetan jasotako egoeraren batean daudenak: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan.

  1. Eskabidea egiteko, inprimaki bat bete beharko da, bide telematikoz eskuragarri egongo dena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0174005), betiere 4/2022 Dekretuaren 3. artikulua aplikatuz (4/2022 Dekretua, urtarrilaren 11koa, zeinaren bidez bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra arautzen baita ikerketa arloko laguntzetarako eta sarietarako eskabideetan eta gainerako izapideetan).

    Eskabideari atxikitako agiriak harekin batera bidali beharko dira, aplikazio elektronikoaren bitartez. Horretarako, hautagaiak alta eman beharko du erabiltzaile gisa, eta aplikazio horretan zehaztutako jarraibideak bete beharko ditu.

    Aplikaziora ziurtagiri elektroniko baten bidez sartu beharko da. Helbide elektroniko honetan daude jasota elektronikoki identifikatzeko onartutako sistemak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/. Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoari) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bidez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bidez.

  2. Eskabide telematikoa osorik betetakoan, eta artikulu honetako 5. apartatuan adierazitako agiriak aplikazioaren bidez atxikitakoan, eskatzaileak eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoa osatu beharko du; izan ere, sinadura elektronikoaren bidez eskabide bati balioa emateko, jasota geratu behar da erregistratu dela. Hori ziurtatzeko, eskatzaileak agirien erregistro-elektronikoa/aurkezpen-erregistroa eskura dezake, «Ikusi egiaztagiria E/E» aukerarekin. Ez da onartuko erabat modu elektronikoan bete eta erregistratu gabeko eskabiderik.

    Eskabidea identifikatzeko zenbaki bat izango du inprimaki ofizialak. Inprimaki ofiziala eskuz edo elektronikoki aldatuz gero, eskabidea automatikoki baztertuko da.

  3. Eskabidean, erantzukizunpeko adierazpen bat ere erantsi behar da: hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko 6. apartatuan aipatzen dena (Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu zen) (Ikusi eranskina).

  4. Eskabideak aurkezteko epea.

    Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  5. Eskatutako dokumentazioa.

    Zerrenda honetako dokumentuak aurkeztu beharko dira aplikazioaren bitartez:

    1. Doktore graduaren egiaztagiria.

    2. Errolda-egiaztagiria. Atzerrian bizi direnen kasuan, hauek aurkeztuko dira: Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon izanaren agiria (historikoa) eta atzerrian bizi diren espainiarren erroldan (AEE) erregistratuta egotearen ziurtagiria.

    3. Ingelesez idatzitako curriculum akademiko normalizatu eta zientifikoa.

    4. Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall-en garatu beharreko ikerketa-proiektua, agindu honen 1. artikuluan aipatutako diziplinetako edozeinetan. Ingelesez idatzi beharko da.

    5. Cambridgeko Unibertsitateko sail edo fakultate batean onartua izan dela adierazten duen gutuna.

    6. Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall-en «Application for a Visiting Fellowship» eskaera-inprimakia.

    7. Eskatzailea unibertsitateko irakaslea bada, unibertsitateko legezko arduradunak sinatutako dokumentu bat aurkeztuko da, eskatzaileari baimena ematen diona laguntzak iraun bitartean kanpoan egoteko.

    8. Hautagaiek beren irakaskuntza- eta ikerketa-lana ezagutzen duten ospe aitortuko hiru ikertzaileren aipamen-gutunak lortu beharko dituzte. Gutun horiek ingelesez idatzita egongo dira, eta Ikerketa Zuzendaritzari zuzenduko zaizkio.

Dirulaguntzaren eskabidea guztiz betetzen ez bada, edo nahitaezko agiriak aurkezten ez badira, Ikerketa Zuzendaritzak eskabideen sinatzaileei eskatuko die 5 egun naturaleko epean hutsak bete ditzatela edo nahitaezko agiriak aurkez ditzatela. Halaber, ohartaraziko die, hala egin ezean, haien eskabidean atzera egin dutela ulertuko dela, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin.

Zuzentzeko errekerimendua jakinarazteko, 8. artikuluaren 2. apartatuan ezarritako prozedura beteko da.

Ikerketa Zuzendaritzari dagokio laguntza hau kudeatzea.

  1. Eskabideak aurkezteko epea, eta, hala badagokio, zuzentzeko epea amaitu ondoren, hautaketa-batzordeak ebaluatuko ditu eskabide horiek, eta laguntzaren adjudikaziodunak aukeratuko ditu. Batzordea kide hauek osatuko dute:

    1. Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea edo hark eskuordetutako pertsona. Batzordeburua izango da.

    2. Clare Hall-eko «Fellowship Committee»ko presidentea.

    3. Bi aditu akademiko gehienez, bata Cambridgeko Unibertsitatekoa eta bestea Euskal Autonomia Erkidegokoa. Aditu horiek esperientzia handia izango dute hitzarmen honetako diziplina garrantzitsuetan, eta Clare Hall-eko «Fellowship Committee»ko presidenteak eta Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak aukeratuko dituzte, hurrenez hurren. Gaien esparrua zabala bada, alderdiek bigarren aditu akademiko bat proposatu ahal izango dute.

  2. Hautaketa-batzordeak bi fasetan ebaluatuko ditu hautagaiek aurkeztu dituzten eskabideak, irizpide hauei jarraikiz:

    1. Lehiaketaren lehenengo fasea.

      Curriculum akademikoa eta zientifikoa: 10 puntu.

      Argitalpenak, hitzaldiak, ezagutza gizarteratzea: 4 puntu.

      Zuzendutako ikerlanak eta tesiak: 3 puntu.

      Irakaskuntza-lana graduetan eta graduondoetan: 3 puntu.

      Argitalpenen kalitateari dagokionez, balio berezia emango zaie beren esparruko erreferentzia-indizeetan sartutako aldizkarietan argitaratu direnei, Ikerketa Jardueraren Ebaluazio Batzorde Nazionalaren 2021eko abenduaren 23ko Ebazpenean jasotako irizpide espezifikoen arabera. Ebazpen horretan eman ziren argitara ebaluazio-esparru bakoitzean onetsitako irizpide espezifikoak.

      Ikerketa-proiektua: 10 puntu.

      Kalitatea eta interes zientifikoa: 7 puntu.

      Ikerlanaren emaitzek euskal gizartean duten inpaktua: 3 puntu.

      Ikertzailearen prestasuna: 5 puntu.

      Bederatzi hilabeteko egonaldia: 5 puntu.

      Lau hilabete eta erdiko egonaldia: 2 puntu.

    2. Lehiaketaren bigarren fasea.

      Hautaketa-batzordearekin elkarrizketa izango dute, eta proiektua aurkeztuko diote, ingelesez: 10 puntu.

  3. Aurkeztutakoari buruzko galderak egin ditzake hautaketa-batzordeak, edo laguntzaren xedearekin lotutako beste alderdi batzuei buruzko galderak. Era berean, ingelesa jakiteko baldintza betetzen dela egiaztatuko du, 3.d) artikuluak adierazi bezala. Hautaketa-batzordeak gehienez lehenbiziko bost hautagaiei egingo die elkarrizketa. Hala ere, hautagai gehiago elkarrizketatu ahal izango dira, aurkeztutako hautagaien arabera, baldin eta hala egiteari egoki irizten badio hautaketa-batzordeak.

  4. Batzordeak, hautagaiak ebaluatzen amaitu ondoren, onuraduna aukeratuko du, eta ordezkoen lehentasun-ordena ezarriko; horrela osatuko du erreserben zerrenda, badaezpada adjudikaziodunak uko egingo balio edo laguntzarako eskubidea galtzen balu. Lehiaketaren bi faseetan puntu gehien lortu dituena izango da adjudikazioduna. Berdinketarik badago, elkarrizketaren fasean puntuaziorik onena izan duena hautatuko da.

  5. Adjudikaziodunak ezin baditu bederatzi hilabeteak bete, puntuazio handiena jaso duen bigarren hautagaiari aukera emango zaio egonaldi osoa amaitu arte geratzen den epealdia betetzeko.

  6. Clare Hall-en Gobernu Kontseiluak hautagaiei buruzko iritzia emango du, eta, bere irizpideen arabera eta arrazoiak emanez, proposatutako hautagairen bat onartu edo guztiak baztertu ahal izango ditu.

  7. Hautaketa-batzordeak laguntza eman gabe utziko du, baldin eta eskabiderik ez badago edo hautagaiek ez badute balorazio osoaren % 50 gainditzen. Halaber, egonaldi partzialetako epealdiren bat hutsik gera daiteke.

  1. Aurreko artikuluan xedatzen den hautaketa-prozesua amaitu ondoren, Hezkuntza Saileko Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez emango da laguntza, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo sei hilabeteetan.

  2. Ebazpenean, hauek adieraziko dira: nor diren pertsona onuradunak; noiz hasi eta amaituko den egonaldia; laguntzaren zenbatekoa, 9. artikuluan aurreikusitako kontzeptuen arabera banakatuta; hala badagokio, nor diren ordezkoak eta zer hurrenkera duten, eta zer hautagai ukatu edo baztertu den eta zergatik.

  3. Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa. Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko da bertara.

    Abisua bidaliko da interesdunak eman duen gailu elektronikora edo helbide elektronikora, jakinarazpena egoitza elektronikoan eskuragarri duela adierazteko.

    Alde batera utzi gabe aurreko 3. apartatuan ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berri bidali ahal izango die interesdunei, SMS edo mezu elektronikoen bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

  4. Laguntza ematen duen ebazpena argitaratu eta hurrengo 10 egunetan adjudikaziodunak uko egiten badio, erreserben zerrendan ageri eta emandako azken laguntzaren hurrengoak diren eskatzaileei emango zaizkie laguntzak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

    Horretarako, laguntzak emateko proposamena jakinaraziko die laguntzak emango dituen organoak interesdunei, 10 eguneko epe luzaezinean onar dezaten. Behin proposamena onartuta, laguntza emateko ebazpena emango du, eta interesdunei jakinaraziko die.

  5. Aipatutako ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntzako sailburuari.

  6. Ezarritako epean laguntza esleitzeko ebazpenik eman edo jakinarazten ez bada, eskabideak ezetsi direla ulertuko da. Kasu horretan, eta nahiz eta Administrazioak espresuki ebazteko betebeharra duen, gora jotzeko errekurtsoa jartzeko epea hiru hilekoa izango da, oinarri hauen 1. apartatuan ezarritako epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita.

  7. Aurrekontu-ekitaldiaren amaieran, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira onuradunen zerrenda eta emandako laguntzak.

2022-2023 ikasturtean bederatzi hileko egonaldia egiteko laguntzaren zuzkidura 55.496 eurokoa da. Zenbateko hori honela banakatzen da:

a) 44.496 euro Clare Hall-i ordainduko zaizkio, College-ren zeharkako gastuak estaltzeko, Clare Hall-ek emandako laguntza teknikoa barnean dela, bai eta ikertzailearen ostatua eta mantenua ere. Ostaturako zuzkidurak hauek estaltzen ditu: pertsona batentzako gela bakarreko estudio baten alokairua, elektrizitatea, berokuntza eta udal-tasak. Mantenuak astelehenetik ostiralera bitarteko aldia hartzen du. Kopuru horrekin, gainera, beste kontzeptu batzuk ere estaltzen dira: ikerketa-gastuak, establezimendu-gastuak eta ekitaldiak (profesionalak, harrerak, kontzertuak).

b) 10.800 euro, ikertzaile bisitariari ordaintzeko (hilean 1.200 euro), laguntza gisa. Laguntzaren zenbatekotik Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) konturako atxikipenak kendu behar dira, zerga hori arautzen duen araudia aplikatuz dagozkionak. Era berean, emandako laguntza guztien berri jakinaraziko zaie zerga-agintariei, indarrean dagoen zerga-araudian ezarritako baldintzetan eta hor finkatutako ondorioetarako.

  1. 200 euroko laguntza, bisa izapidetzeko.

    Horrez gain, onuradunak istripu-asegurua eta erantzukizun zibileko asegurua izango ditu, bai eta, atzerriko egonaldietarako, bidaiako laguntza-asegurua ere, besteen osagarri. Azken hori, interesdunak hala eskatuz gero, ezkontideak eta 25 urtetik beherako seme-alabek ere balia dezakete, egonaldian berarekin badira. Aseguru hori baliagarria izango da, era berean, antolamendu juridikoak onartzen dituen edozein frogagiriren bitartez egiaztatutako izatezko bikoteentzat.

    Diruz lagundu daitezkeen gastuei buruz artikulu honetan arautu ez den guztirako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan adierazitakoa beteko da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Clare Hall-i transferituko dizkio funtsak, laguntza honen ordainketa kudeatzeko erakunde laguntzailea baita, arau hauen arabera:

  1. Deialdia ebatzi ondoren eta onuradunak emandako laguntza onartu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak xedapen honen 9.a) artikuluan kontsignatutako zuzkidura osoaren % 75 emango dio Clare Hall-i.

    Bigarren ordainketa gainerako % 25a izango da, eta emandako laguntza osoaren gastua justifikatu eta gero ordainduko da. Egindako gastu hori frogatzeko, fakturak edo agiri baliokideak aurkeztu beharko dira. Agiri horiek ikasturte akademikoa amaitu ostean aurkeztu beharko dira, egindako ekintzei buruzko azalpen-memoriarekin eta kostuen balantze ekonomiko xehatuarekin batera.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak bi zatitan ordainduko dio laguntza onuradunari.

    Lehenengoa 9.b) artikuluan adierazitako zenbatekoaren % 75 eta 9.c) artikuluan adierazitako zenbateko osoa onuradunak Clare Hall-era sartzeko ziurtagiria Ikerketa Zuzendaritzan aurkeztu ondoren ordainduko da. Eskabidea egiteko erabili den aplikazio informatikoaren bidez aurkeztuko da ziurtagiri hori.

    Bigarrena, gainerako % 25a, 2023an ordainduko da, jarduera amaitu ondoren, eta aplikazio informatikoaren bidez dokumentu hauek aurkeztu ondoren:

    1. Egonaldiaren gainean Clare Hall-en arduradunak egindako egiaztagiria, hasiera- eta bukaera-egunak zehaztuta.

    2. Amaierako memoria, balantze zientifikoarekin batera. Bertan deskribatuko da egindako lana, argitalpenen, patenteen edo ikerketaren bestelako emaitzen erreferentzia barne hartuta.

    3. Onuradunak eguneratua izan beharko du hirugarrenen altaren agiria. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu behar da helbide honetan erabilgarri dagoen zerbitzuaren bidez: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

  3. Irailaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, onuradunari laguntza adjudikatzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da zehapen- edo itzulketa-prozedura oro amaituta egotea, zehazki Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

    Egoki iritziz gero, Ikerketa Zuzendaritzak informazio osagarria eskatu ahal izango du, eta, horretaz gain, zuzendaritzari berari atxikitako pertsona baten edo batzuen gomendio utzi dezake emandako laguntzaren segimendua, laguntza zertan erabili den ikusteko.

Laguntza hau ezin da bateratu helburu bererako ematen diren antzeko dirulaguntzekin.

  1. Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, dirulaguntza eman izanaren ebazpena jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamar eguneko epean onuradunak laguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, laguntza onartutakotzat joko da.

  2. Eman den xede zehatzerako erabiltzea dirulaguntza.

  3. Eskatzen duten informazio guztia ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, laguntzen helburua fiskalizatzeko lagungarria izan dakien.

  4. Clare Hall-eko Visiting Fellow gisa dagozkion ohiko ekitaldietan parte hartzea, bai eta Euskal Herriaren gaineko ezagutza hedatzeko jardueretan ere, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak hala eskatuz gero.

  5. Egonaldia amaitu ostean, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari eta Clare Hall-i txosten bat bidaltzea, egindako ikerketari buruz, bai eta Cambridgen zein Euskal Autonomia Erkidegoan parte hartu duen bestelako jarduerei buruz.

  6. Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntzei buruzko antolamendu juridikoan ezartzen diren bestelako betebehar guztiak, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluak dirulaguntza publikoen onuradunen betebeharrei buruz ezarritakoa eta Dirulaguntzen gaineko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluak xedatutakoa.

  1. Uko-egiteak Ikerketaren zuzendariari jakinaraziko zaizkio, idazki baten bidez, onuradunak berak sinatuta, eta bertan adieraziko dira zein diren uko egiteko arrazoiak eta uko-egite horrek zer egunetatik aurrera izango dituen ondorioak. Jakinarazpen hori, aplikazio telematikoaren bidez egingo da, uko-egiteak ondorioak izan baino 10 egun natural lehenago.

  2. Uko-egiteak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez onartuko dira.

  3. Onuradunak, laguntzari uko eginez gero, sortu ez diren eskubide ekonomiko guztiak galduko ditu.

    Uko-egiterik badago, Ikerketa Zuzendaritzak erreserben zerrendakoak izenda ditzake ikertzaile, laguntzari geratzen zaion gainerako aldirako.

  1. Onuradunak ez badu baldintzaren bat betetzen beka emateko ebazpenean, agindu honetan edo aplikagarri diren beste arauetan ezarritakoetatik, ebazteko organo eskudunak ebazpen bidez adieraziko du onuradunak jasotzeke duen zenbatekoa jasotzeko eskubidea galdu duela, eta jasotakoa eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola, hauetan ezarritakoekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzen berme eta itzulketetarako araubide orokorra eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizun, araubide eta betebeharrak zehazten dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

  2. Onuraduna edo, hala badagokio, laguntzailea modu esanguratsu batean hurbiltzen bada jarduera osoa betetzera, eta egiaztatzen bada jarduera inolako zalantzarik gabe konpromisoak betetzera zuzendu dela, itzuli beharreko zenbatekoa egonaldian behar bezala egiaztatutako denboraren arabera finkatuko da, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluko g) puntuan ezarritakoa betetzeko.

  3. Dirua itzultzeko arrazoia izango da justifikatzeko betebeharra ez betetzea edo nahiko ez justifikatzea, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 30. artikuluan adierazitakoaren arabera eta, hala badagokio, dirulaguntzaren arauen arabera.

Eskatzaileen datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Laguntzak eta dirulaguntzak (ikerketa sustatzekoak). Informazio hau emango da:

Arduraduna: Ikerketa Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: ikerketa finantzatzea eta bultzatzea.

Legitimazioa:

Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.

Hartzaileak:

Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

Ekonomia eta Ogasun Saila.

Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.

Eskubideak: eskaltzaileak eskubidea du datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/054300-capa2-es.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/ HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 21a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.