Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko maiatzaren 24koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez Zarauzko (Gipuzkoa) ECAYA eskola-udalekuak (Ebro Etxea), monumentu kategoriarekin, babes ertaineko kultura-ondasun izendatzen baitira.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 105
  • Hurrenkera-zk.: 2395
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/05/24
  • Argitaratze-data: 2022/06/01

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Kultura eta Kirola
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE), Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Zarauzko (Gipuzkoa) ECAYA eskola-udalekuen (Ebro Etxea) ondare-interesa ikusita, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena aintzat hartuta, eta indarrean dagoen legerian xedatutakoari jarraituz, Kulturako sailburuordeak erabaki zuen ECAYA eskola-udalekuak, monumentu kategoriarekin, babes ertaineko kultura-ondasun izendatzeko espedienteari hasiera ematea, 2021eko ekainaren 14ko Ebazpenaren bidez (ekainaren 28ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 126. zk.).

Espediente horren administrazio-izapidean, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 13. artikuluan eta harekin bat datozen gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jarri zen espedientea, eta interesdunei entzunaldia eman zitzaien.

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea irekita, garaiz eta behar bezala aurkeztu zituzten alegazioak Xabier Txurruka Fernández jaunak, Zarauzko Udaleko alkate gisa, bai eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak Gipuzkoan duen Ordezkaritzaren Kultura Ondarearen Batzordeak ere.

Bi alegazio-idazkien helburua aurretik aipatutako deklarazio-espedientea bertan behera uztea da, haien aburuz ECAYA eskola-udalekuek ez dutelako EAEko monumentu izendatzea justifikatzen duen ondare-baliorik.

Alegazio horiei erantzuteko, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroak txosten tekniko bat egin zuen, aurkeztutako alegazio-idazkietan zalantzan jartzen diren ECAYA eskola-udalekuek dituzten kultura-balioei erantzun justifikatua emateko. Txosten horretan ondorioztatzen denez, eztabaidagai diren balioek behar beste eusten diote ECAYA eskola-udalekuen aldeko babes ertaineko kultura-ondasunaren deklarazioari, horiek bat datozelako Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 8.1.b) artikuluan aurreikusitako definizioarekin.

Txosten teknikoak esandakoa aintzat hartuta, ezetsi egiten da Xabier Txurruka Fernández jaunak, Zarauzko Udaleko alkate gisa, eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak Gipuzkoan duen Ordezkaritzaren Kultura Ondarearen Batzordeak egindako alegazio nagusia, deklarazio-espedientea bertan behera uztea eskatzen zuena. Hala ere, alegazio horietan proposatutako gogoeta batzuk partzialki onartu dira, eta balio konpositibo-formala eta hirigintzako balioei eta eraikinaren eraikuntza-kalitateari esleitutako garrantzia berrikusi da.

Aurreko guztiagatik, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 18.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Zerbitzu Teknikoek emandako aldeko txostenak ikusita, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluak deklarazio-proposamenari buruzko oniritzia eman ondoren 2022ko maiatzaren 16an egindako bilkuran, Euskal Autonomia Erkidegoko Ondareari buruzko urriaren 26ko 228/2021 Dekretuaren 3. artikuluarekin bat etorriz, eta Kulturako sailburuordearen proposamenez, honako hau

Lehenengoa. Kultura-ondasunaren babes-maila.

Zarauzko (Gipuzkoa) ECAYA eskola-udalekuak (Ebro Etxea), monumentu kategoriarekin, babes ertaineko kultura-ondasun izendatzea, eta agindu honen III. eranskinean jasotako babes-araubide berezia aplikatzea.

Bigarrena. Babestutako kultura-ondasunaren mugaketa.

Zarauzko (Gipuzkoa) ECAYA eskola-udalekuen (Ebro Etxea) mugaketa agindu honen I. eranskinean jasotzen dena izango da, bertan azaldutako arrazoiak oinarri hartuta.

Hirugarrena. Babestutako kultura-ondasunaren deskribapen formala.

Zarauzko (Gipuzkoa) ECAYA eskola-udalekuen (Ebro Etxea) deskribapen formala egitea, II. eranskinean adierazitakoarekin bat etorrita eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa betetzeko.

Laugarrena. Babestutako kultura-ondasuna hirigintza-plangintzan sartzea.

Zarauzko Udalari (Gipuzkoa) eskatzea ondasun higiezin hori babesteko, udaleko hirigintza-plangintzako tresna egokituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Bosgarrena. Argitalpena.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Agindua jakinaraztea.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak agindu honen berri emango die Zarauzko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola eta Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketarako departamentuei, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari eta prozeduran interesa duten gainerako pertsonei.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Jabetza-erregistroa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak agindu honen berri emango dio jabetza-erregistroari, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 20. artikuluan ezarritakoaren arabera.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Babestutako kultura-ondasunean esku-hartzeak baimentzea.

Oro har, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardura izango da agindu honen bidez babestutako kultura-ondasunean esku-hartzeak egiteko baimenak ematea, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Hirigintzako lizentziak eman aurretik, nahitaezkoa izango da aurreko paragrafoan aipatutako baimenak lortzea, monumentuari eragiten dioten obrak edo jarduketak egiteko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Errekurtsoa.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 24a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

Zarauzko ECAYA eskola-udalekuen monumentuaren mugaketak honakoak hartzen ditu: alde batetik, eraikina bera; eta, bestetik, babes-ingurune bat, Zumalakarregi kaleko 16. zenbakiko hiri-partzelaren mugarekin bat datorrena.

Aurreikusitako mugaketak zehazten du zer babes-eremu behar den multzoaren balio historiko, sozial, tipologiko, espazio-funtzional eta ingurumenekoak babesteko, eta babestutako kultura-ondasuna osatzen duten elementu guztiak behar bezala kontserbatzeko eta balioesteko.

(Ikus .PDF)

Ebro Compañía de azúcares y alcoholes S.A. (ECAYA) enpresa Zaragozan eratu zen 1911n, Azucarera del Ebro S.A. izenarekin, erremolatxa-azukrea eta deribatuak fabrikatzeko asmoz. 1928an, Compañía de Alcoholes S.A. de Bilbao enpresarekin bat egin zuen. Hain zuzen ere, Bilboko enpresa hori Lamiakon hasi zen lanean mende hasieran «La Camera» xaboi-fabrikaren lehengo instalazioetan. Hurrengo urtean, azukre-fabrikak ECAYA izena hartu zuen, eta gauza gehiago ekoizten eta merkaturatzen hasi zen: mota guztietako azukreak, lehengaiak eta deribatuak. Egoitza soziala Donostiara eraman zuten, eta bulego nagusiak, berriz, Madrilen jarri zituzten.

ECAYAk, bere langileen seme-alabek udaz goza zezaten, udalekuak sustatu zituen Zarautzen, XX. mendeko 30eko hamarkadaren amaieran. Eskola-udalekuen fenomenoaren jatorria XIX. mendearen azken laurdenean kokatu daiteke; zehazki, 1876an, Walter Bion artzain ebanjelista suitzarrak 14 eguneko egonaldia antolatu zuenean lehen aldiz mendialdean, Zuricheko eskoletako 68 ume txirorentzat. Beraz, ECAYAren udalekuak fenomeno horren agerpen berantiarra izan ziren. Esperientzia hori ez zen guztiz originala; izan ere, lehendik ere bazegoen tradizio pedagogiko garrantzitsu bat, zeinaren bitartez naturaren, aire librearen, ariketa fisikoaren edo behaketa zein intuizio bidezko ikasketaren balio hezitzaileak defendatzen baitziren. Zenbait urte igaro ostean udarako egoitza gisa diseinatua izan ez zen eraikin batean, 1940an, eraikin berri baten proiektua egiteko eskatu zitzaion Lucas Aldayri, zeina arkitekto nabarmena baitzen, ibilbide oparoa egin zuena mendeko lehen hamarkadetan Donostian. Gauzak horrela, gaur egun ikusgai dugun Ebro Etxea 1942ko abuztuaren 1ean inauguratu zen, txanda bakoitzeko 96 eskola-umerentzako lekuarekin.

Eraikinak T formako oinplano-bolumen trinkoa du. Sotoko solairua dauka, bi altuera alboetako gorputzetan, eta 3 solairu, berriz, erdiko gorputzean. Alboetako hegaletan, 3 aldeko isurialde inklinatuak daude estalki gisa; eta 4 isurkikoak, berriz, erdiko bolumenean, teila zeramiko kurbatuko akaberarekin. Barne-egiturari dagokionez, hormigoi armatuko arkupedun sistema ortogonala dauka, hegikako habeekin eta lauzekin forjaketetan, eskaileretan eta estalkietan. Apaindura gutxiko fatxadak ditu, kanpoaldean krema-kolorez zarpiatutako adreiluz egindakoak, non ardatz bertikalean ordenatutako bao zuzenak irekitzen baitira, pixka bat proportzio bertikalean, salbu eta atikoaren solairuan eta erdiko gorputzaren hegoaldeko aldean: bi gune horietan, baoak handitu egiten dira, forma etzana hartu arte. Zurgin-lanak egurrezkoak dira, eta kontraleiho tolesgarriak ditu kanpoaldean, nahiz eta ez duten beiren jatorrizko zatikatzerik mantentzen. Erdisotoko solairuak ere argiztapen eta aireztapen naturalak ditu, irekidura angeluzuzen txiki batzuei esker.

Altxaeren konposizio soil eta proportzionatuaren ezaugarria hormigoizko plaka lisoen lerroen horizontaltasuna da, inpostek, leiho-barren jarraituek eta erlaitzek bata bestearen atzetik trazatzen dutena eraikinaren perimetro osoan zehar. Eraikinak dauzkan apaindura urriak erdiko ardatzean daude pilatuta, fatxada nagusian: arkupe bat dago han, eskalinatarekin eta kapitel lisoko zutabe bikoitzarekin, sarrera nagusia zein den adieraziz; horren gainean, berriz, balkoi bat dago peto itsuarekin. Lehen solairuko balkoi-baoa da arku beheratua daukan bakarra; erliebez egindako landare-irudiekin dago dekoratuta, eta ECAYA (enpresaren akronimoa) dioen armarri bat du gainean. Bereziki nabarmentzen dira goiko solairuetako angeluetako estalkietan ikus daitezkeen «garitoi» erako eranskin zilindrikoak, euskal dorretxeen estiloa gogorarazten duten elementuen antzera. Elementu horien inspirazioak aitortza egiten dio jatorrizko proiektuaren memoriari.

Barrualdearen banaketari dagokionez, erdiko gorputza hiru hormartetan dago banatuta, eta, erdikoan, hiru tarteko eskailera nagusia dago, 4 solairuak lotzen dituena eta, era berean, goialdean argi-zuloa duen patio estali batera ere ematen duena. Lotura-guneek ere hortik hartzen dute argia. Jatorriz, bigarren mailako eskailera bat eta karga-jasogailu bat ere bazeuden sotoko solairuaren eta beheko solairuaren artean, sukaldea eta jantokia lotzeko. Espazio horren gainean, solairu nagusian, patioaren zorua zegoen. Alabaina, 90eko hamarkadan igogailua jarri zenean, patioa beheko solairuraino luzatu zen, eta han, era berean, pasagune bat jarri zen, gaur egun eskailera nagusiaren azken tartea eta atikoko terraza lotzen dituena.

Lotura bertikal horien inguruan, solairu guztietako alboetako hormarteetan, modu simetrikoan ezarri ziren banalekuak, higiene-zerbitzuak eta beste areto osagarri batzuk; esate baterako, sendaketa-gelak eta bulegoak. Sotoan, biltegiek, despentsek, garbitokiak eta lehortegiak okupatzen dute espazio hori. Atikoan, ziurrenik udalekuetako zuzendaritzaren erabilera esklusiborako, bulego handi bat dago, bai eta bi etxebizitza ere, sarrera zuzena daukatena hegoaldera ematen duen terrazara. Erdiko gorputz hori atzealdeko fatxadarantz luzatzen da sotoko solairuan, beheko solairuan eta lehen solairuan, eta espazio garbi bat dauka, non kokatzen baitziren, hurrenez hurren, sukaldea, jantokia eta erizaindegia. Alboetako hegalei dagokienez, bakoitzak 5 hormarte dauzka, eta banatu gabeko espazio garbi zabalak osatzen dituzte. Hantxe zeuden logela komunitarioak, sexuaren arabera banatuta.

Deskribatutako sarrera nagusiaz gain, sotoko solairuak bi sarrera independente dauzka lorategitik. Sarrera horietako bakoitzak eskailera bat du, beharbada biak ere gerora jarritakoak. Kanpoaldean, partzelak muga egiten du, iparraldean, balaustradadun hormigoizko horma batekin. Horma horrek egurrezko ateak ditu oinezkoentzako eta ibilgailuentzako sarrera gisa, eta harrizko eta hormigoizko hormak dauzka gainerako orientazioetan. Partzelaren hego-ekialdeko eta hego-mendebaldeko ertzetan, arkupeko zutabeen erreplika diren bi pergola daude. Kanpoan dauden gune estali horiek lorategiaz gozatzeko egin baziren ere, orain galdu egin dute ezaugarri hori, itxi egin baitituzte hormigoizko blokeekin. Eraikina inguratzen duen partzelako gainerako espazio librea, hegoalderantz azalera handiagoa duena, landaretza ugariko lorategi batek hartzen du. Lorategiak ibilbide perimetrala dauka, bai eta zintarriz mugatutako parterre berdeak eta hormigoizko jardinera aurrefabrikatuak ere.

Udalaren jabetzakoa denetik, eraikinean zenbait konponketa txiki egin izan dira. Hala ere, higiezinak kontserbazio-arazo batzuk dauzka, batez ere hormigoizko egiturari eragiten diotenak eta, neurri txikiagoan, fatxadako estaldurei eta arotzeriei.

Babes-neurriei buruzko eranskin honek osatu egiten du Zarauzko ECAYA eskola-udalekuak, monumentu kategoriarekin, babes ertaineko kultura-ondasun izendatzeko deklarazioa, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. artikulua betez. Era berean, ondasun horretan onartuta eta debekatuta dauden jarduerak zehazten dira.

  1. Eranskin honetako aginduak lotesleak dira, eta bertan aurreikusitako babes-neurrien arabera kontserbatu beharko da kultura-ondasuna.

  2. Hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamenduko tresnek beren baitan jaso beharko dituzte kultura-ondasun babestuaren babesa eta kontserbazioa bermatzeko behar diren zehaztapenak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailaren aldeko txostena izan beharko dute, 6/2019 Legearen 47. artikuluarekin bat etorriz.

  1. Honako hauek dira babesaren xede den kultura-ondasuna osatzen duten elementuak: ECAYA eskola-udalekuen higiezina (Ebro Etxea ere esaten zaio), bai eta espazio libreak eta I. eranskineko mugaketan sartutako gainerako elementuak ere.

  2. Kultura-ondasunaren deklarazio hau eragin duen ondare-balorazioaren arabera, ECAYA eskola-udalekuak ondasun garrantzitsua dira EAEko kultura-ondarean, eta balio kultural hauek dituzte:

    Balio historikoa: 40ko hamarkadan eraikitako Ebro Etxeak ECAYA enpresaren historia irudikatzen du. Enpresa hori izan zen eraikinaren sustatzailea, bai eta eskola-udalekuen fenomenoarena ere. Hain zuzen ere, fenomeno hori XX. mendearen hasieratik hasi zen Europan barrena hedatzen, eta 30eko hamarkadaren inguruan izan zuen unerik gorena Espainian eta Euskal Herrian.

    Balio soziala: korronte pedagogikoen lekuko gisa (zeintzuen bitartez naturaren, aire librearen, ariketa fisikoaren edo behaketa eta intuizio bidezko ikasketaren balio hezitzaileen alde egiten baitzen) eta turismoaren bilakaeraren lekuko gisa (hasieran aristokraten eta dirudunen pribilegio esklusiboa zen, eta gero herri-mailako klaseetara ere heldu zen).

    Proiektuaren kalitate arkitektonikoa: hizkuntza eklektikoko diseinu-ariketa egokia, Lucas Alday donostiar arkitekto ospetsuak proiektatua.

    Balio tipologikoa: eskola-udalekuetarako egoitzaren adibidea, espazioak antolatzeko arrazionalismoan eta erregionalismoaren baliabide batzuetan oinarrituta konfigurazio arkitektonikorako, eskola publikoak eraikitzeko jarraibideekin bat etorriz.

    Berezitasunaren balioa: haurrei zuzendutako itsasaldeko udalekuen euskal ereduaren adibide bakanetako bat da, eta, gainera, berezitasun gisa, enpresa industrial batek sustatu zuen, enpresa horretako langileen seme-alabek erabil zezaten.

    Egituraren balioa: hormigoi armatuzko egitura-sistemaren elementu guztiak kontserbatzen dira. Modu horretan, dokumentatuta geratzen da material horrek XX. mendearen lehen erdialdean izandako erabilera eta kalitatea Euskal Herrian, eta, era berean, agerian geratzen da material horrek nolako lotura zuen garai hartako lengoaia arkitektonikoekin.

    Balio espazio-funtzionala: erdiko gorputzean, zerbitzurako eta loturarako espazioen antolamendu orokorra mantentzen du, bai eta egiturarik gabeko espazio garbiak ere (gelak); ondorioz, berrerabilia izateko potentzial handia du.

    Ingurumenaren balioa: 50eko hamarkadako presio turistikoaren ondorioz hiri-paisaia eraldatu aurretik egindako eraikinen adibide bakanetako bat da, baita dentsitate txikiko hiri-morfologiaren adibide bakanetako bat, zonaren ezaugarri izan zena, altuera handieneko bizitegi-eraikin kolektiboak ugaritu arte.

  3. Deskribatutako balioak babesteko asmoz, elementu hauek izango dira babesaren xede:

    Jatorrizko eraikinaren bolumetria, estalkiko isurialdeen antolaera eta malda barne.

    Kanpoko fatxadak, elementu bereizgarri guztiak barne: konposizio-eskema (baoen kopurua eta kokapena), estaldurak, arotzeria (leihoak eta kontraleihoak, materiala, kolorea, beiraren zatikatzea eta irekitze-sistema) eta apaingarriak, hala nola arkupea, balkoia, «garitoiak» eta pinakuluak, zokaloa, inpostak, leiho-barren jarraituak, motxetak, erlaitzak, moldurak, armarria eta inskripzioa.

    Hormigoi armatuzko egitura-sistema arkupeduna, elementu bertikalak eta horizontalak barne.

    Barrualdearen banaketa: zerbitzurako eta loturarako espazioen antolamendu orokorra erdiko gorputzean, eta espazio eta gela garbiak alboetako hegaletan, sarbide nagusia eta bigarren mailakoa, atondoa, lotura bertikaleko eskailera nagusia, patioa, atikoaren solairuko etxebizitzaren banaketa eta goiko terraza.

    Kanpoko guneak: eraikuntzarik gabeko espazio libreak dira eta lorategi-izaera dute. Hor sartzen dira, era berean, hego-ekialdeko eta hego-mendebaldeko muturretako bi pergolak, parterreak, hormigoizko jardinerak eta partzela ixten duten hormak.

  1. Honako elementu hauek hartzen dira kultura-ondasunaren balio babestuen degradatzailetzat:

    Atikoko terrazan: erantsitako beirazko bolumena, hormigoizko karel itsua eta ageriko hodiak.

    Fatxadetan: itxitako baoak alboetako hegalen ekialdeko eta mendebaldeko fatxadetan, eta atxikitako instalazioak (kolektore eta zorroten berriak, kableak eta kaxak).

    Estalkian: irrati-antena.

    Lorategian: bloke-itxitura eta pergolen kanpoko arotzeria, eta mendebaldeko fatxadaren beheko solairuan dagoen eranskina.

  2. Deskribatutako elementu guztiak elementu itzulgarriak dira, eta horiek kentzeak ez luke inolako eraginik izango eraikinean.

  1. Babestutako kultura-ondasun hau Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren menpe egongo da, baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.

  2. Babestutako kultura-ondasunaren jabeak, edukitzaileak eta haren gaineko eskubide errealen gainerako titularrak behartuta daude hura kontserbatu, zaindu, babestu eta erabiltzera, hirigintzaren eta kultura-ondarearen arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzetan, haren osotasuna ziurtatu dadin, eta ez dadin hura galdu, suntsitu edo hondatu.

  3. Babestutako kultura-ondasunei ematen zaizkien erabilerek eta haiek ustiatzeko aukera ematen duten administrazio-emakidek bateragarriak izan beharko dute babestu beharreko kultura-balioekin, betiere bermatuz kontserbatu egingo direla eta balioa emango zaiela.

  4. Babestutako kultura-ondasunaren titularrek ondasunerako sarbidea bermatu behar dute Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 32. artikuluan aurreikusitako baldintzetan, informazioa eta sarbidea emanez agintari eskudunei edo beren eskumenak egikaritzeko ardura duten funtzionarioei, eta ondasuna modu publikoan bisitatzeko eta aztertzeko aukera emanez foru-organo eskudunak berariaz baimendutako ikertzaileei.

  5. Babestutako kultura-ondasuna osorik edo partez eraitsi ahal izateko, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 51. artikuluan xedatutakoa bete beharko da ezinbestean.

1. ATALA

ESKU HARTZEKO ETA KONTSERBAZIORAKO IRIZPIDE OROKORRAK

Babestutako kultura-ondasunean edozein esku-hartze egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundian kultura-ondarearen eskumena duen organoaren baimena beharko da, dagokion hirigintza-lizentzia edo administrazio-baimena eman aurretik.

  1. Babestutako kultura-ondasunaren gaineko esku-hartzeek ondasun horren izaerari eta esku-hartzeari egokitutako proiektu tekniko espezifiko bat izan beharko dute, eta ondasunaren titularrak aurkeztu beharko du proiektu hori, Gipuzkoako Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen departamentuan.

  2. Edonola ere, babestutako kultura-ondasunean egin beharreko esku-hartzeen aurretik, ondasunaren azterketa historiko-arkitektonikoa egin beharko da, eta lan horiek profesional eta enpresa espezializatuen esku utzi beharko dira. Profesional eta enpresa horiek, gainera, egiaztatu beharko dute beharrezko gaitasun teknikoa dutela lanak bermerik handienekin egiteko.

  1. Babestutako kultura-ondasunetan egiten diren esku-hartzeek bermatu egingo dute ondasun horien gaineko ezagutza, kontserbazioa, zaharberritzea eta birgaitzea, ondasun horiei eta inguruko ingurumen-balioei balioa emateko, betiere, multzoaren itxura eta interpretazioa hutsaldu edo degradatu gabe.

  2. Babestutako kultura-ondasunaren balio kulturalak transmititzen direla bermatzeko, oinarrizko jarduketa-printzipio hauek ezartzen dira: ezinbesteko eta gutxieneko esku-hartzea, prozeduren itzulgarritasuna, eta osotasuna eta benetakotasuna mantentzea.

  3. Babestutako kultura-ondasunen gaineko esku-hartze orotan, ondasunaren konfigurazio bolumetrikoa eta lerrokadurak mantendu beharko dira.

  4. Segurtasunaren, irisgarritasunaren, efizientzia energetikoaren, osasungarritasunaren eta bestelakoen oinarrizko baldintzak ahalik eta egokitasun handienera mugatuko dira, babestutako kultura-ondasunetan edo haien ondare-balioetan eragin negatiborik izan gabe. Horretarako, konponbide berritzaileak erabiliko dira.

  5. Esku-hartzeetan, errespetatu egingo dira ondasunean dauden garai guztietako eranskin interesgarriak, ondasunaren bilakaerari buruzko informazio esanguratsua ematen dutenak.

  6. Barnealdeko elementu babestuak, 3.3 artikuluan zehazten direnak, kanpoko inguratzaileen babes-maila berarekin tratatuko dira.

  7. Debekatuta dago babestutako ondasunaren teknika edo materialekin edo babestu beharreko balioekin bateragarriak ez diren teknikak eta materialak erabiltzea. Esku-hartzeetan erabilitako teknikek eta materialek behar bezala bermatutako portaerak eta emaitzak eman beharko dituzte; zehazki, esperientziak edo ikerketak bermatutakoak.

  8. Erabilera berrietara egokitzeko aldaketak onartu ahal izango dira, baldin eta babestutako kultura-ondasunaren ezaugarri tipologiko, formal eta estruktural nagusiak mantentzen badira.

    2. ATALA

    ESKU-HARTZEEN BERARIAZKO ARAUBIDEA

1. 3. artikuluan identifikatutako kultura-balioak babesteko, onargarritzat hartzen dira babestutako ondasun higiezinen gaineko esku-hartze hauek:

Fatxadak zaharberritzea eta aldatutako edo desagertutako zatiak jatorrizko egoerara lehengoratzea; hala nola, itxitako baoak, arotzeriak edo beiren zatikatzeak.

Barne-banaketa orokorrak zaharberritzea, kokapenari, neurriei eta zirkulazio-eskemei dagokienez.

Hormigoi armatuzko jatorrizko egitura finkatzea, berreskuratu ezin diren zatiak puntualki ordezkatuz, egitura-eskema edo elementu nagusien posizioa edo kotak aldatu gabe.

Beharrezkoak diren instalazio teknologikoak edo higieniko-sanitarioak jartzea, baldin eta kultura-ondasuna babesteko elementuei eragiten ez badiete.

Degradatzaileak diren, interesik ez duten, edo babestutako kultura-balioak ezkutatzen dituzten edo horiekin kontraste negatiboa egiten duten estaldurak, eranskinak, obrak edo elementuak kentzea, 4. artikuluan deskribatutakoak barne.

  1. Oro har, debekatuta daude babestutako kultura-ondasunean egiten diren esku-hartzeak, betiere, 3. artikuluan identifikatutako kultura-balioei kalte egiten badiete eta/edo eranskin honetako beste edozein punturen aurka badoaz. Gainera, modu espezifikoan, honako hauek ere debekatzen dira:

    Jatorrizko eraikinaren bolumenak handitzea.

    Jatorrizko fatxadak eta haien elementu babestuak aldatzea, konposizio orokorra funtsean aldatzen badute.

    Banaketa orokorraren edo egitura-sistemaren aldaketa ez-puntualak.

    Garbiketa-tratamenduak, baldin eta atzera-bueltarik gabe aldatzen badituzte eraikinaren kanpoko akaberen testura eta osaera.

    Babestutako kultura-ondasunaren gaineko kutsadura bisual edo akustikoa eragiten duen edozein instalazio, errotulu, seinale edo jarduera, ondasunaren gaineko behaketa eragozten, zailtzen edo desitxuratzen duena eta/edo haren ondare-balioak degradatzen dituena.

    4. artikuluan kultura-ondasun babestuaren degradatzaile gisa identifikatutako elementuak ezingo dira sendotze- edo berritze-jarduketen xede izan, eta kendu egin beharko dira ondasunaren gaineko esku-hartze integrala egiten denean, eskumena duen foru-organoak aldez aurreko baimena emanda.

  1. ECAYA eskola-udalekuen babes-ingurunea deklaratutako kultura-ondasunaren parte da, eta, beraz, bertan egiten den edozein esku-hartze multzoan bateratu eta integratu beharko da, inguruaren lorategi-izaera mantenduz eta babestutako kultura-ondasunaren ingurumen-balioan modu itzulezinean eragin gabe.

  2. Zehazki, esku-hartze hauek baimenduko dira:

    Irisgarritasuna hobetzea. Horretarako, ondasunaren balio kulturalekin bat datozen materialak eta diseinuak erabiliko dira, elementu bereizgarriak ezkutatu gabe eta multzoaren osotasuna eta benetakotasuna mantenduz.

    Hiri-altzari txikiak, seinaleak edo argiak instalatzea.

    Ibilbideak zoladura bigunen edo hartxintxarrezkoen bidez egokitzea, landare-parterreak eta hormigoizko jardinerak errespetatuz.

    Babestutako kultura-ondasuna edo haren babes-ingurunea ikusteari, hautemateari, aztertzeari edo gozatzeari eragiten dion edozein gehigarri kentzea.

  3. Babes-ingurunean debekatuta daude eraikuntza berriak, bai eta babestutako kultura-ondasunaren kutsadura bisuala edo akustikoa eragiten duten instalazioak, errotuluak edo seinaleak, hiri-altzariak edo jarduerak ere, baldin eta, elementu horien ondorioz, eragotzi, zaildu edo desitxuratu egiten bada ondasunaren behaketa, edota haren ondare-balioak degradatzen badira.

  4. Babes-ingurunean egindako obra txikiak, betiere kultura-ondasun babestuan eragin materialik edo bisualik ez badute, Gipuzkoako Foru Aldundian kultura-ondarearen eskumena duen organoari jakinarazi beharko zaizkio, gutxienez hilabete lehenago.

  1. Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 32.4 artikulua betetzeko, babestutako kultura-ondasunerako sarbidea ahalbidetuko duten neurriak aurreikusi behar dira, eta aipatutako sarbidea irisgarritasun unibertsaleko baldintzetan eman beharko da. Neurri horiek, nolanahi ere, bateragarriak izan beharko dute babestutako balio kulturalekin.

  2. Ebro Etxea publikoa denez, dagoeneko hainbat esku-hartze egin dira bertan, oztopo arkitektonikoak kentzeko eta irisgarritasun unibertsaleko baldintzak hobetzeko. Kanpoko irisgarritasunerako, arrapala bat jarri zen fatxada nagusian, eta, barrualdean, igogailu bat jarri zen barneko patioan. Igogailu hori higiezinaren altuera guztietara heltzen da, eta sotoko solairuaren albo-hegaletan dauden barruko arrapalak ere lotzen ditu.

  3. Barruan oraindik ere desnibel txikiak daude; izan ere, gela batzuetan ura husteko instalazio berriak jarri dira, eta zoru goratuak dituzte. Barrualdea birgaitzeko esku-hartzeetan, betiere lan horiek konponketa txikiak edo akaberaren inguruko jarduketak baino handiagoak badira, kendu egin beharko dira desnibel horiek.

  4. Era berean, sarbide nagusiko arrapalan esku hartuz gero, ordezko konponbideak hartu beharko dira kokapenari, garapenari, neurriei eta babes-hesiei dagokienez, fatxadaren pertzepzioan eragin txikiagoa izan dezaten.