Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2011ko uztailaren 15ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, ikasturte hasierako esleipen-prozesua arautzeko dena, irakasleen kidegoetan sartzeko edo kidego horietara heltzeko prozesuetako praktika-aldia egin behar duten pertsonei, eta irakasleen ordezkogaien zerrendako kideei dagokienez.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 144
- Hurrenkera-zk.: 3798
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/07/15
- Argitaratze-data: 2011/07/29
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Funtzio publikoa
Deskribapenak
Testu legala
Urtez urte, ikasturte-hasiera prestatzeko planifikazio-eta langileen prozedura batzuk burutu behar dira aurretik. Ikasturte-hasierako esleipena da prozesu horien azken emaitza, eta bertan, libre dauden irakaspostuak esleitzen dira behin betiko destinorik ez duten edo beteko ez duten karrerako funtzionarioen artean, hautatze-prozesuetan hautatutakoen artean eta ordezkogaien zerrendakoen artean.
Orain arte, ekitaldi publikoetara joanda hautatzen ziren lanpostuak, bai lurralde-esparruan, bai Euskadi osoan modu bateratuan. Hala ere, 2010-2011 ikasturte-hasiera dela-eta, 2010eko ekainaren 10eko Aginduak baliabide informatikoak sartu zituen Haur eta Lehen Hezkuntzako ordezkogaien zerrendako kideen esleipenerako (Agindu hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak eman zuen eta ekainaren 22ko EHAAn argitaratu zen).
Lehen jarduketa horren emaitza aztertu ondoren, badirudi baliabide horiek beste pertsona batzuei zabaltzea komeni dela. Horrela, 2011-2012 ikasturte-hasieratik aurrera, eta Agindu honetan araututako prozedura jarraituta, esleitzeko sistema informatizatuaren asmoa da, batetik, hautatze-prozesuetan hautatutako langileen destino-hautaketa barne hartzea, eta bestetik, irakasleen ordezkogaien zerrendako pertsonei lanpostuak esleitzea, hezkuntza-maila guztietan, eta ikastetxean finkatzeko faseari, zein lanpostuak hautatzeko faseari dagokienez.
Urrats honek kultura-aldaketa dakarrela badaki Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak. Hala ere, egindako esperientzia ikusirik, sistema batetik bestera igarotzea modu ordenatuan egingo da orain, eta tresna berria ezagutzea beste arazorik ez da izango. Ildo horretan, bere esku dituen bitarteko guztiak erabiltzeko prest agertzen da, esleipenaren ezaugarriak hedatzeko eta sortzen diren arazoak ebazteko.
Prozeduraren diseinuaren abiapuntua araudi hauek izan dira: otsailaren 19ko 2/1993 Legearen, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzarako irakasle-kidegoei buruzkoaren III. kapituluaren III. tituluan xedatutakoa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen hitzarmena 13. eta 18. artikuluetan xedatutakoa (Hitzarmena uztailaren 6ko 185/2010 Dekretuaren bidez onartu zen, uztailaren 16ko EHAAn argitaratu zen, eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren (apirilaren 12ko 7/2007 Legearen) 37. artikuluan aurreikusitako negoziazioaren ondorio da).
Bestetik, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren bidez onartutako araudiak ezartzen dituen irizpideak hartzen ditu kontuan testuak (Araudi horrek maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, hezkuntzari buruzkoak, aipatzen duen irakasleen kidegoetan sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko prozedura, eta lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrak aipatzen duen araubide iragankorra arautzen du).
Agindu honek arautzen duen arloan eragina dute Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako irakasleen ordezkogaien zerrenda kudeatzeko jarraibideek, 2004ko maiatzaren 26ko ebazpenaren bidez onartuek (ekainaren 11ko EHAA), eta ondorengo aldaketek.
Azkenik, hartu da kontuan abenduaren 18ko 232/2007 Dekretua, administrazio-prozeduretan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duena (urtarrilaren 31ko EHAA).
Prozesuak bereizitako eta segidako hiru fase hauek ditu: lehenik, hautatze-prozesuetan hautatutako pertsonek lanpostuak hautatzea; gero, irakasleen ordezkogaien zerrendako pertsonak ikastetxean finkatzea eta, azkenik, azken horiek lanpostuak hautatzea.
Hautatze-prozesuetan hautatutako pertsonen parte-hartzea nahitaezkoa da, praktika-aldia egiteko destino bat esleitu behar zaielako, eta hautatuak izan diren prozesuaren azken baldintza gisa, hori nola bete duten aztertu behar delako.
Ikastetxean finkatzeko fasean parte hartzeko eskubidea izangai-zerrendako pertsona batzuei ematen zaie, klaustroen egonkortasuna lortzen eta lantaldeak egonaldi-bokazioz eratzen laguntzeko asmoz. Prozesuaren atal honen azpifase batzuetan parte hartzea nahitaezkoa da, interesdunak eskubide horri uko egiteko baldintzak bete eta espresuki adierazten ez badu.
Irakasleen ordezkogaien zerrendako kideen parte-hartzea ere saihestezina da lanpostuak hautatzeko eta esleitzeko fasean, zerrenda kudeatzeko jarraibideetan xedatutakoarekin bat etorriz. Salbuespen moduan, borondatez hartu ahal izango dute parte eskabidean beste hezkuntza-administrazio batzuetako esleipenerako erreserba espresuki adierazten dutenek eta parte hartzeko ezarri ahal den puntuazio minimoaren azpitik daudenek (deitutako postu-kopuruaren arabera ezarriko da puntuazio minimo hori).
Prozedura honetan aurreikusitako iraupena ikasturtearena duten lanpostuak esleituko dira, titularrak edo eskubide handiagoa duen norbaitek betetzen ez dituztenak. Nolanahi ere, ezaugarriak edo eskolak emateko egoera kontuan izanda, lanpostu batzuk praktika-aldia egiteko ezin hautatuzkotzat jo ahal dira (kasu horretan, ezingo zaio hautatze-prozesuetan hautatutako pertsona bati esleitu), edo ezaugarri berezikotzat jo (orduan eskabidearen barruan trataera desberdina izango dute).
Parte hartzeko eskabidea formulario elektroniko baten bidez egiten da. Formularioa irakaslegunean dago eskuragarri eta bertan pertsonak nahi dituen lanpostuak graba ditzake, baita prozesuari lotutako aukerak baliatu (finkatzeko eskubideari uko egitea, finkapena aldatzeko lanpostuak eskatzea eta beste hezkuntza-administrazio batzuetako esleipenerako erreserba).
Lanpostuak bi modutan eska daitezke: bai modu konkretuan, lortu nahi den bakoitza identifikatuta, bai horietako batzuk elkartuta, horien ezaugarri definitzaile batzuk edo guztiak hautatuta, gero, sistemak berak garatuko dituenak.
Eskolak emateko ahalmenaren arabera aukeratu ahal dituzten lanpostu guztiak hautatu beharko dituzte prozesuan parte hartu behar duten lagunek. Ahalmen hori fasearen arabera aldatzen da. Horrela, hautatze-prozesua gainditu duten pertsonek prozesuan zein kidego eta espezialitate gainditu, kidego eta espezialitate horretako lanpostu guztiak adierazi beharko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan. Irakasleen ordezkogaien zerrendako pertsonen finkatze-fasean, erreferentziako lanpostuari dagokion zerrenda multzoan pertsona hori zer espezialitatetan apuntatuta dagoen hartzen da kontuan, erreferentziako ikastetxearen barruan. Azkenik, pertsona horien hautatze-fasean, pertsona bakoitzak zerrendan dituen espezialitate eta aukera guztiak hartu beharko dira kontuan.
Horrela, pertsona horiek eskabidea ez badute egin edo aukeratu behar dituzten lanpostu guztietaraino bete ez badute, sistemak berak automatikoki sortuko du eskabidea edo mugaraino bete, Agindu honek ezarritako irizpideak jarraituz.
Eskabideak baliozkotu eta osatu, eta gerta daitezkeen akatsak zuzendu ondoren esleitzen dira lanpostuak, fase bakoitzean langileak ordenatzeko eta lanpostuak esleitzeko berariazko irizpideak aplikatuz.
Hautatze-prozesuetan hautatutako pertsonak zerrendatzen dira sartu diren txandaren eta lortu duten puntuazioaren arabera. Aurreko prozesuetan praktikak atzeratzea eskatu zutenak nor bere lekuan kokatzen dira, eta praktika-aldia gainditu ez duten pertsonak espezialitatearen azken lekuan kokatuko dira praktika-aldia errepikatzeko. Pertsona bakoitzari eskabidea osatzen duten lanpostuetatik lehen lanpostu baliagarria eta hutsa esleituko zaio.
Ordezkogaien zerrendako pertsonen finkatze-faseari dagokionez, Ikastetxe bakoitzean parte hartzen duten pertsonak ordenatzeko oinarriak arautzen ditu Agindu honek. Horretarako kontuan hartu ditu arloa arautzeko ohituraz erabili diren irizpideak, taldeko pertsonen artean aplikatzen direnak.
Finkatze-fasearen azpifase bakoitzean irizpide propioen arabera esleitzen dira lanpostuak. Lehenengoan, pertsona bakoitzari aurreko ikasturtean betetako lanpostuaren ahalik eta antzekoena esleitzen saiatzen da, eta hori ezin denean, sartu ahal den bestelako lanpostu bat. Jarraian, sistemak lanpostua aldatzeko borondatezko eskaerak hartuko ditu kontuan, eta onartu egingo du une horretan hutsik dauden lanpostuak badira. Azkenik, aldaketa horien ondorioz hutsik geratu diren lanpostuak esleituko dira, aurreko azpifaseetan finkatu gabe geratu diren pertsonen egoera edo aurreko ikasturtean betetako lanpostuaren antzekoa ez den lanpostuetan finkatuak izan direnen egoera hobetzeko.
Irakasleen ordezkogaien zerrendako pertsonen lanpostuak hautatzeko eta esleitzeko fasean, zerrenda hori osatzen duten taldeetan duten posizioaren arabera ordenatuko dira, urteko birbaremazioaren emaitza argitaratu ondoren. Sistemak haien eskabidea osatzen duten lanpostuetatik lehen lanpostu baliagarria eta hutsa esleituko dio bakoitzari.
Horren ondorioz, honako hau
Agindu honen xedea Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan ikasturte hasierako esleipen-prozesua arautzea da, irakasle talde hauei dagokienez:
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak irakasleen kidegoetan sartzeko edo kidego horietara heltzeko deitutako prozesuetako praktika-aldia egin behar duten pertsonak.
Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako irakasleen ordezkogaien zerrendako pertsonak.
Prozesu honetan Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako irakasle-lanpostuak esleituko dira, esleipenaren unean hutsik edo horien titularrak edo eskubide handiagoko pertsona batek bete gabe daudenak, baldin eta lanpostu horien iraupena ikasturtearena izango dela aurreikusi bada, eta artikulu honen 7. ataleko zerrendan agertzen badira.
Besteak beste, eskainiko diren lanpostuek ezaugarri hauek dituzte: titularra zerbitzu-eginkizunak edo zerbitzu bereziak ematen, liberazio sindikalean, urte sabatikoko baimenarekin, ikasturte osoan Iraleko liberazioan egotea, edo deialdi batean onartua izateagatik ikasturte osoan ez egotea.
Prozesuaren barruko lanpostuak zehazteko, prozesua abian den egunetan dagokion ikasturterako lanpostu-zerrendak onartu gabe badaude, onartutako azken lanpostu-zerrendak erabiliko dira, ikasturte berrirako matrikulazioaren ondoriozko aldaketak, eta taldeak konfiguratzeko eta lanpostu-zerrendak prestatzeko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak urtero onartzen eta argitaratzen dituen irizpideak aplikatzearen ondorioz izan daitezkeen aldaketak kontuan izanda.
Bereziki, hauek izango dira kontuan:
Lanpostu bat eratzeko espezialitateak elkartu behar badira, koherentziako eta curriculum-antzekotasuneko irizpideak aplikatu beharko dira.
Zenbait ikasgai barne hartzen dituzten lanpostuak ikasgai nagusiaren arabera esleituko dira. Ikasgai nagusia ordu kopuru handiena duena izango da, ikasgaietakoren bat atzerriko hizkuntza bat ez bada behintzat; kasu horretan, horixe izango da ikasgai nagusia.
Lanpostu ibiltariak, bereziak eta lanaldi murriztukoak ezaugarri horiek ez dauzkaten gainerako lanpostuak bezalaxe esleituko dira. Agindu honen 13. eta 14. artikuluetan aipatzen diren eskaera generikoak garatzean zein nahitaezko eskaerak sortzean izango dira kontuan.
Hala ere, lanaldi murriztuko lanpostuak irakasleen ordezkogaien zerrendan aukera hori egin duten pertsonei soilik esleituko zaizkie. Prozesu horretarako, lanaldi motak III. eranskinean agertzen direnak dira, lanpostu bakoitzak duen ordu kopuruaren arabera.
Lanpostu bereziak, espresuki horrela deituak, eskaera zehatz gisa eskatzen direnean baino ez dira kontuan izango, eta ondorioz, ez dira kontuan izango eskaera generikoak garatzean ezta nahitaezko eskaerak sortzean.
Lanpostuen ezaugarriak kontuan hartuta, Langileria Kudeatzeko zuzendariak erabaki ahal du lanpostu batzuetan ezin izango dela praktika-aldia egin.
Prozesuko lanpostuak hura hasi aurretik jarriko dira jendaurrean Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian eta lurralde-ordezkaritzetako iragarki-tauletan, haien ezaugarriak biltzen dituen zerrenda baten bidez. Hala badagokio, ezaugarri bereziak dituen lanpostua dela edo praktika-aldia egiteko ezin hauta daitekeen lanpostua dela adieraziko da.
Argitaratzeko egunak prozedurak deitzen duen Langileria Kudeatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez jakinaraziko dira.
Lanpostuak interesdunei jakinarazteko bestelako modu batzuk ere erabil daitezke.
III. eranskineko espezialitateetan aurreikusi gabeko lanpostuak, edo II. eranskineko d) atalean jaso ez den tipologia bateko ikastetxeetako lanpostuak esleitu behar badira, ezaugarri bereziak dituzten lanpostutzat joko dira. Horien eskaera-kodeak eta ezaugarriak Langileria Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen bidez argitaratuko dira, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian eta lurralde-ordezkaritzetako iragarki-oholetan jarriko dira jendaurrean.
Prozedura honetan, nahitaez hartuko dute parte pertsona hauek:
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak irakasleen kidegoetan sartzeko edo heltzeko deitutako prozesuetako praktika-aldia egin behar dutenek, beste destinorik ez dutenean.
Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako irakasleen ordezkogaien zerrendako pertsonek, finkatzeko eskubidea dutenek.
Ordezkogaien zerrenda horretako pertsonek, finkatzeko eskubiderik gabe eta prest daudenek.
Ordezkogaien zerrendako pertsonek, erditze-bajan edo jarduera-etete iragankorrean daudenek. Lanpostu bat esleitzen bazaie, egoera horrek ikasturte berrian bere horretan segituko duen jakinarazi beharko dute dagokien lurralde-ordezkaritzan.
Ez dute nahitaez parte hartu beharko ordezkogaien zerrendako pertsonek, baldin eta Langileria Kudeatzeko zuzendariak ebazpen bidez ezarritako puntuazio minimoa baino txikiagoa badute. Ebazpena Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian eta lurralde-ordezkaritzetako iragarki-tauletan jarriko dira jendaurrean.
Nahitaez parte hartzeko muga gisa jarritako puntuazioa hutsik dauden lanpostuak betetzeko pertsona kopurua kalkulatu ondoren zehaztuko da, eta aurreko ikasturtean azken lanpostua esleitzeko erabilitako puntuazioa hartuko da kontuan.
Nahitaez parte hartu behar ez duten ordezkogaien zerrendako pertsonek borondatez parte har dezakete, 4.1.c) artikuluan adierazitako fasean.
Agindu honetan araututako prozedurak segidako hiru fase ditu:
1. fasea: irakasleen kidegoetan sartzeko edo heltzeko prozesuetako praktika-aldia egin behar duten pertsonen lanpostuak hautatzea eta esleitzea.
2. fasea: finkatzeko eskubidea duten ordezkogaiak ikastetxean finkatzea.
3. fasea: ordezkogaien lanpostuak hautatzea eta esleitzea.
Prozeduraren fase bakoitzean, aurreko fasean bete ez diren lanpostuak esleituko dira.
Agindu honetan araututako prozedura urtero irekiko da Langileria Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen bidez, eta ekainaren bigarren hamabostaldian jarriko da jendaurrean, bai Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian, bai lurralde-ordezkaritzetako iragarki-oholetan, eta bertan zehaztuko da egutegia.
Prozesuan parte hartzeko, irakaslegunean eskuragarri dagoen eskabide elektronikoa bete beharko da, http://www.irakasle.net. helbidetik sartuta. Parte-hartzaile bakoitzak irakaslegunera sartzeko irakasleen posta elektronikoaren (irakasle.net) erabiltzaile eta pasa-hitza erabiliko du edo, hori izango ez balu, NANaren eta aipatu gunera sartzeko pasa-hitzaren bidez. Sartzeko pasa-hitza gogoratzen ez bada, aipatu helbidean hori berreskuratzeko bidea aurki daiteke.
Aplikazioan lehen aldiz sartzean, eskabideari alta emango zaio, eta parte-hartzaile bakoitzak haren nortasun-datuak eta prozesuan parte hartzeko datuak kontsulta ditzake.
Langileria Kudeatzeko zuzendariak deialdirako ebazpenean ezarriko ditu eskabidea egiteko epeak. Era berean, prozesuaren fase bakoitzean eskabidea egiteko epeak egun horietan bertan batera irekitzea erabaki dezake.
Eskabideak sartzeko puntuak gaituko dira, berariaz xede horretarako egongo diren ordenagailuen bidez. Ordenagailuak non dauden ebazpen berean ezarriko da.
Prozesuan nahitaez parte hartu behar duen pertsona batek eskabidea aurkezten ez badu, ofizioz sortuko zaio nahitaezko eskabide bat.
Eskabideak datuak sartzeko 500 lerro ditu, eta I. eranskinean jasotzen den formatua du. Lerro bakoitzean, hautatzen diren lanpostuak idatziko dira, bi modu hauetako batean:
Eskaera zehatza, argitaratutako zerrendan lanpostuak zer ordena-zenbaki duen adierazten bada. Lanpostu bakarra da.
Eskaera generikoa, lanpostuen ezaugarri definitzaileei buruzko eremu bat edo batzuk betetzen badira (lurralde historikoa, bilgunea, udalerria, ikastetxea, espezialitatea, hizkuntza-eskakizuna, derrigorrezkotasuna, lanaldi mota, ibiltaritza, berezia). Eskaera hauen bidez, erabilitako eremuari edo eremuei dagozkien lanpostu guztiak eskatzen dira, eskatzaileak horiek eskuratzeko baldintzak betetzen baditu.
Lerro bakoitzaren hasieran agertzen den eskaera-zenbakiak zehazten du lerro horietako bakoitzak aipatzen duen lanpostuaren edo lanpostuen artean zer ordenatan hartuko diren kontuan.
Finkatzeko eskubidea duten irakasleen ordezkogaien zerrendako pertsonek, gainera, aukera hauek izango dituzte eskabidean:
haien erreferentziako ikastetxeko lanpostuak eskatzea, eta 27. artikuluaren b) letran adierazitako azpifasean hartuko dira kontuan. Horretarako, beste 15 lerro izango dituzte.
finkatzeko eskubideari uko egitea, 22. artikuluko baldintza eta ondorioekin.
Eskabidea egiteko formularioan bestelako hezkuntza-administrazioetako esleipenerako erreserba-aukera bat ere egin daiteke, 38.5 artikuluko ondorioekin.
Irakasleen ordezkogaien lanpostuak hautatzeko eta esleitzeko 3. fasean soilik aplika daiteke erreserba.
Erreserba egiteak ez dio eragozten interesdunari eskaera zehatzak edo generikoak egitea. Kasu horretan, eskatutako batere lanposturik esleitzen ez bazaio izango du eragina erreserbak.
Erreserba hori egiten duten pertsonei ez zaizkie nahitaezko eskaerak sortuko lanpostuak hautatzeko eta esleitzeko fasean.
Eskabidearen alta eman ondoren, irekita egongo da eta edozein unetan alda daiteke, aurkezteko epea zabalik den artean. Sartutako datuak zirriborro-formatuan inprima daitezke.
Eskabidea pertsonak berak hala nahita itxiko da, eskabidearen epearen barruan, edo automatikoki, epea amaitutakoan. Horrela, ordura arte grabatu dena hartuko da kontuan.
Eskabidea itxi ondoren, ezingo da inolako aldaketarik egin, eta parte-hartzaile bakoitzak inprimaki bat lor dezake erregistratutako aukera eta eskaerekin.
Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, sartutako datuak egiaztatuko ditu sistemak, eta hala badagokio, parte-hartzaileek lanpostuak lortzeko baldintzaren bat betetzen ez badute, eskaera horiek ez ditu onartuko.
Elementu inkoherenteak dituzten eskaerak, edo deitu ez diren lanpostuei buruzkoak ere ez dira onartuko.
Behin-behineko ebazpena argitaratzen den unetik aurrera, parte hartzeko benetako baldintzak jasotzen dituen inprimaki bat eskura daiteke, hots, zer eskaera eta aukera onartu diren eta zein baztertu diren. Eskabidea ezingo da aldatu eskaerak baliogabetu izanaren ondorioz.
Eskaera generikoak modu informatikoan garatuko dira barne hartzen duten lanpostu multzoan, eta hortaz, horiek guztiak hartuko ditu eskabideak.
Garapen horrek kontuan izan behar ditu parte hartzaileak prozesuan parte hartzeko dituen baldintza eta aukera guztiak, zer lanpostu eskura ditzakeen zehazteko.
Irizpide horiek kontuan izanda, lanpostuaren ordena-zenbakia ez den zutabe bati dagokion laukia betetzeak esan nahi du horren eskuinaldeko zutabe guztiek aipatzen dituzten edozein aukera betetzen duten lanpostuak eskatzea, praktika-aldirako ezin hauta daitezkeen lanpostuak edo ezaugarri berezietakoak izan ezik. Zutabe bat baino gehiagotako laukiak betetzen badira, erabilitako zutabeetan adierazitakoak ez diren aukerak ez dira kontuan izango.
Eskaera generiko bateko lanpostuak honela ordenatuko dira:
II. eranskinean ezarritako lurralde historikoa-bilgunea-udalerria-ikastetxea ordenaren arabera.
Ikastetxe bakoitzaren barruan, III. eranskineko talde eta espezialitateen ordenaren arabera.
Espezialitate bakoitzean, 2. hizkuntza-eskakizuneko lanpostuak 1. hizkuntza-eskakizunekoak baino lehen.
Hizkuntza-eskakizun bakoitzaren barruan, derrigorrezkotasun beteak atzeratuak baino lehen.
Derrigorrezkotasun bakoitzean, lanaldi osoko lanpostuak murriztuak baino lehen esleituko dira, eta azken horien artean, 2/3ekoak 1/2koak baino lehen, eta azken horiek 1/3ekoak baino lehen.
Lanaldi bakoitzean, ez-ibiltariak ibiltariak baino lehen esleituko dira.
Azkenik, lanpostu ez-bereziak bereziak baino lehen.
Eskaera-lerro bat garatu ondorengo lanpostuak deskribatutako irizpideen arabera ordenatuko dira haien artean, eta lanpostu guztiak hurrengo eskaera-lerroari dagokion lanpostuaren edo lanpostuen aurreko ordena-zenbakian jarriko dira.
Prozesuan nahitaez parte hartu behar duen pertsona batek 17., 25. eta 35. artikuluek lanpostua lortzeko aipatzen dituzten baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiak agortu ez baditu, sistema informatikoak gehienezko eskaera-mugaraino osatuko du eskabidea.
Horretarako, eskaera generikoen garapenerako finkatutako irizpide berberak erabiliko dira, esparru geografiko hauetan, fase bakoitzean:
1. fasea: Euskal Autonomia Erkidegoa.
2. fasea: erreferentziako ikastetxea.
3. fasea: Euskal Autonomia Erkidegoa.
Sorkuntza horren ondoriozko lanpostuak deskribatutako irizpideen arabera ordenatuko dira haien artean, eta lanpostu guztiak borondatezko azken eskaeraren hurrengo ordena-zenbakian jarriko dira.
Parte-hartzaileen datu pertsonalak agindu honetan araututako prozesua kudeatzeko bakar-bakarrik erabiliko dira, eta horretarako, datu pertsonalen fitxategi automatizatu batean sartuko dira. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Langileria Kudeatzeko zuzendaria da, eta harengana jo beharko da datuotan sartu, datuok zuzendu, ezeztatu eta aurkatzeko eskubideez baliatzeko (Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Parte-hartzaileek baimena ematen dute datu pertsonalak agindu honetan adierazitako moduan eta xedeaz erabiltzeko; era berean, baimena ematen dute datuok Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net), irakaslegunean eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako iragarki-tauletan argitaratzeko, prozedura honetako tramiteak betetzeko soilik. Halaber, baimena ematen diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari haren artxiboetan beraiei buruz duen bestelako informazioa ere erabiltzeko, baldin eta prozedurarako aproposa bada.
Izapidetze osoan zehar, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zaindu egingo du bete egiten dela abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan, datu pertsonalak babestekoan, eta otsailaren 25eko 2/2004 Legean, datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta datuak babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzkoan, xedatutakoa.
1. FASEA: PRAKTIKA ALDIA EGIN BEHAR DUTEN PERTSONEN LANPOSTUAK HAUTATZEA ETA ESLEITZEA
Fase honetan 2. artikuluko lanpostuak esleituko dira, lanaldi osokoak badira soilik.
Praktika-aldia egiteko erabili ezin diren lanpostuak ez dira esleituko.
Fase honetan lanpostu bat eslei diezaioten, parte-hartzaileak baldintza orokor hauek bete beharko ditu:
Irakasleen kidegoetan sartzeko edo heltzeko hautatze-prozesu bat gainditu duten izangai hautatuen behin betiko zerrendan agertzea, lanpostuari dagozkion kidegoan eta espezialitatean.
Derrigorrezkotasuna beterik duen lanpostuari dagokion euskarazko hizkuntza-eskakizuna izatea.
Ikasgai edo espezialitate bat atzerriko hizkuntzan ematea eskatzen duen lanpostu bat betetzeko, baldintza orokorrak betetzeaz gain, atzerriko hizkuntzan eskolak emateko ezarritako espezialitate- edo titulazio-baldintzak egiaztatu beharko dira.
Atzerriko bi hizkuntza ematea eskatzen duen lanpostu bat betetzeko, baldintza orokorrak betetzeaz gain, gutxienez hizkuntzen erreferentziako esparru komun europarraren B2 maila gainditu izana egiaztatu beharko da, ordu kopuru txikiena duen hizkuntzari dagokionez.
1. 2. Hizkuntza-eskakizuna egiaztatu duten pertsonek 2. hizkuntza-eskakizuneko eta derrigorrezkotasun-data beteko lanpostuak soilik eskuratuko dituzte. 1. hizkuntza-eskakizuneko lanpostuak ere eskura ditzakete, baldin eta aukera horrek 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatu gabe eta atzerago dauden pertsona hautatu batzuek lanpostua eskuratzea eragozten ez badu.
2. 1. hizkuntza-eskakizuna soilik egiaztatu duten pertsonek 1. hizkuntza-eskakizuneko eta derrigorrezkotasun-data beteko lanpostuak eskuratuko dituzte. 1. hizkuntza-eskakizuneko eta derrigorrezkotasun-data atzeratuko lanpostuak ere eskura ditzakete, baldin eta aukera horrek hizkuntza-eskakizuna egiaztatu gabe eta atzerago dauden pertsona hautatu batzuek lanpostua eskuratzea eragozten ez badu.
Hizkuntza-eskakizuna egiaztatu ez duten pertsonek derrigorrezkotasun-data atzeratuko lanpostuak eskuratuko dituzte.
Esleipenak irizpide hauek izango ditu kontuan:
Lehenik, talde bereko eta destinoko osagarri-maila bereko irakasleen kidegoetara heltzeko txandan hautatutako pertsonei esleituko zaizkie lanpostuak.
Ondoren, sailkapen handiagoko talde bateko irakasleen kidegoetara heltzeko txandan hautatutako pertsonei esleituko zaizkie lanpostuak.
Azkenik, denak batera, txanda librean eta ezinduei erreserbaturiko txandan hautatutako pertsonei esleituko zaizkie lanpostuak.
Talde bakoitzean, hautatze-prozesuan lortutako puntuazio handienak emango du lehentasuna.
Aurreko hautatze-prozesuetan praktikak atzeratu zituzten pertsonek uneko hautatze-prozesuetan hautatutako pertsonekin batera hartuko dute parte esleipenean, hautatuak izan ziren txandari dagokion taldean eta lortutako puntuazioaren araberako lehentasunarekin.
Aurreko hautatze-prozesuetako hautatutako pertsonek, praktika-aldian ez-gaitzat jo eta fase hori errepikatu behar dutenean, sartu diren promozioko euren espezialitatean aukeratutako azken izangaiaren hurrengo tokia beteko dute.
Pertsona bakoitzari bere eskabidea osatzen dutenetatik lehenengo lanpostu libre eta baliozkoa esleituko zaio. Eskabidean kontuan hartuko dira bai eskaera zehatzak, bai eskaera generikoen garapenaren eta nahitaezko eskaeren sorkuntzaren ondoriozkoak, 8., 13. eta 14. artikuluetan xedatutakoaren arabera ordenatuta.
2. FASEA: ORDEZKOGAIAK IKASTETXEAN FINKATZEA
1. ATALA
Ikastetxean finkatzeko fasean, finkatzeko eskubidea duen ordezkogaiari dagokion erreferentziako ikastetxean egingo da esleipena.
Eskubidea sortu duen lanpostuaren espezialitateari dagokion taldeko espezialitateetako lanpostuetarako soilik da finkatzeko eskubidea.
Prozedura horretarako, espezialitate bakoitza bost talde generiko hauetako baten barruan dago, III. eranskinean ezarritakoari jarraituz:
1. taldea. Maisu-maistrak.
2. taldea. Bigarren Hezkuntza eta Hizkuntza Eskola Ofizialak.
3. taldea. Lanbide Heziketako irakasle teknikoak.
6. taldea. Arteen irakaskuntza.
7. taldea. Musika-irakaskuntza.
Erreferentziako ikastetxean ezin finkatu badira, pertsona erasanek ordezkogaien lanpostuak hautatzeko eta esleitzeko fasean hartuko dute parte, eta fase horretako gainerako pertsonekin hautatuko dituzte gainerako lanpostuak.
Ikasturte bakoitzean 20.2 artikuluan adierazitako talde bakoitzean finkatzeko eskubidea izango duen pertsona kopurua aurreko ikasturte-hasierako esleipen-prozesuan bitarteko irakasleentzat geratu ziren lanaldi osoko lanpostu guztien portzentaje bat izango da. Portzentaje hori Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzeko akordioaren bidez sortutako Batzorde Paritarioaren erabaki bidez zehaztuko da.
Finkatzeko eskubidea duten pertsonak ordezkogaien zerrendaren arabera ezarritako ordenan zehaztuko dira, aurreko atalean aipatutako kopuru maximoa osatu arte.
Finkatzeko eskubidea izateko, baldintza hauek bete beharko dira:
Euskal sistema publikoan zerbitzua ematea.
Ikastetxe berean zerbitzuak etengabe ematea, gutxienez esleipen-prozesuari dagokion aurreko ikasturteko otsailaren lehen lanegunetik ekainaren azken lanegunera arte.
Baztertzeko kasurik ez egotea.
Finkatzeko eskubidetik baztertzeko kasuak hauek dira:
Jarduera-etete iragankorrean egotea, aurreko ikasturtean ikasturte osoko lanpostu bat bete ez bada.
Aurreko ikasturtean zerbitzu-eginkizunen edo antzekoen deialdien ondorioz lanpostu bat betetzea.
Ordezkogaien zerrendan zenbait taldetako espezialitateetan agertzen diren pertsonak eskubidea sortu duen lanpostuaren jarduerari dagokion taldean soilik egongo dira, talde horretan daukaten puntuazioarekin.
Langileria Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen bidez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian eta lurralde-ordezkaritzetako iragarki-tauletan jarriko dira jendaurrean talde bakoitzean finkatzeko eskubidea duen pertsona kopurua eta pertsonak.
Finkatzeko eskubideari uko egin diezaiokete gutxienez azken bi ikasturteetan haien erreferentziako ikastetxean egon diren pertsonak.
Azken ikasturtean berariazko ebazpen bidez okerreko esleipen bat jaso duenak ere uko egin diezaioke.
Uko egiten bada, ezin da parte hartu ikastetxean finkatzeko fasean, baina uko egiten duenak 3.2 artikuluan aipatzen den puntuazioa gainditzen badu, ezin du saihestu hurrengo fasean nahitaez parte hartzea.
Parte-hartzaile bakoitzaren erreferentziako ikastetxea prozedurari dagokion aurreko ikasturteko otsailaren lehen lanegunetik ekainaren azken lanegunera zerbitzua eman zuen ikastetxea da, salbuespen hauekin:
Ikastetxeak aldatzea:
Aurreko ikasturtean fusionatu diren ikastetxeetan zerbitzua eman duten pertsonek fusioaren ondoriozko ikastetxe berrian izango dute erreferentzia.
Ikastetxeak banakatu edo zatitu egin badira, ondoriozko ikastetxe guztietan izango dute erreferentzia.
Berariazko beste egoera batzuk:
Iralen egon diren pertsonek programa horretara joan ziren ikastetxean izango dute erreferentzia.
Jarduera-etete iragankorretik zerbitzua ematera itzultzen diren pertsonek, ikasturte osoko lanpostu bat esleituta bazuten, egoera horretara joan ziren ikastetxean izango dute erreferentzia, baldin eta behin betiko lanpostua izatekotan, lanpostu-erreserbagatik zegokiena baino epe luzeagoa igarotzen ez bada.
Zerbitzu berezietatik edo liberazio sindikaletatik lanera itzultzen diren pertsonek, egoera horretara joan ziren ikastetxean izango dute erreferentzia.
Fase honetan aurreko fasean esleitu ez diren 2. artikuluko lanpostuak esleituko dira.
Fase honetako parte-hartzaileek lanpostuak betetzeko baldintza guztiak betetzen dituzten lanpostuak eskuratuko dituzte, espezialitateari, eskolak emateko hizkuntza-eskakizunari, esparru geografikoari, lanaldi motari, zeinu-mintzairari, hirueletasunari eta lanpostuaren gainerako ezaugarriei dagokienez ordezkogaien zerrendan agertzen diren aukeren arabera, baldin eta parte hartzen ari diren taldeko lanpostuak badira.
Lanpostua espezialitatearen arabera eskuratzeko baldintza da espezialitate bakoitzerako III. eranskineko taulan zehazten den zerrendan edo zerrendetan 1. kidetasunarekin agertzea eta, hala badagokio, adierazitako baldintza betetzea.
Atzerriko bi hizkuntza ematea eskatzen duen lanpostu bat betetzeko, lanpostuari dagozkion baldintza orokorrak betetzeaz gain, gutxienez hizkuntzen erreferentziako esparru komun europarraren B2 maila gainditu izana egiaztatu beharko da, ordu kopuru txikiena duen hizkuntzari dagokionez.
Fase honetan kontuan izango diren datuak eta aukerak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak urtero argitaratzen duen birbarematze-prozesuaren ondoriozkoak dira, hizkuntza-eskakizun egiaztatuari, prestasunari eta uko egiteari buruzkoetan izan ezik; izan ere, horiek aldatu egin daitezke gerora sortutako kausengatik, baldin eta lurralde-ordezkaritzetan langile-zerbitzuetan eskatzen bada, gutxienez prozesu honetarako eskabideak aurkezteko epea hasi baino bost egun lehenago.
Erreferentziako ikastetxeari, aurreko ikasturtean betetako lanpostuaren taldeari, espezialitateari, hizkuntza-eskakizunari eta derrigorrezkotasun-datari, zenbatuko den zerbitzu-denborari, puntuazioari eta, orokorrean, finkatzea gauzatzeko behar diren guztiei buruzko datuak 21.6 artikuluan aipatzen den ebazpenean jakinaraziko dira.
Lanpostu bererako zenbait pertsona badaude, hurrengo atalean adierazitako irizpideen arabera ordenatuko dira, maisu-maistren kidegoa ala gainerako kidegoak diren kontuan hartuta.
Antzinatasuna zenbatzeko, ez da kontuan izango 2007ko irailaren 1aren aurreko denbora eta, ikasturte bakoitzean, ekainaren 30a arte baino ez da zenbatuko.
Maisu-maistren kidegoan esleitzeko lehentasuna izateko, erreferentziako ikastetxean etengabeko antzinatasun handiena izango da kontuan.
Berdinketa badago, ordezkogaien zerrendako puntuazioa izango da kontuan eta, azkenik, zerrenda horretako posizio erlatiboa.
Gainerako kidegoetan esleitzeko lehentasuna izateko, bi faktore hauen baturak ematen duten puntuaziorik handiena izango da kontuan:
Etengabeko antzinatasuna erreferentziako ikastetxean: 4 puntu hileko edo zatiko.
Ordezkogaien zerrendako puntuazioa parte hartzen duen taldean: 1 puntu puntuko edo zatiko.
Berdinketa badago, bi faktoreetako puntuazio handiena izango da kontuan, agertzen diren ordenan, eta berdinketak jarraituz gero, zerrendako posizio erlatiboa.
Ikastetxean finkatzeko fasea hiru azpifase hauetan antolatzen da:
Hasierako lanpostuetan ofizioz finkatzea, nahitaezkoa.
Lanpostu hutsak eskatzea, borondatezkoa.
Ondoriozko lanpostuetan ofizioz finkatzea, nahitaezkoa.
2. ATALA
HASIERAKO LANPOSTUETAN OFIZIOZ FINKATZEKO AZPIFASEA
Azpifase honetan erreferentziako ikastetxean lanaldi osoko lanpostuak esleituko dira ofizioz, aurreko ikasturtean esleipendunek izan duten lanaldi mota kontuan izan gabe, eta gerora eskubidez dagozkien murrizketak eska ditzakete.
Esleipena irizpide hauen arabera egingo da:
Lehenik, parte-hartzaileak aurreko ikasturtean betetako lanpostuaren talde, espezialitate, hizkuntza-eskakizun eta derrigorrezkotasun-data bereko lanpostuetan finkatuko dira, baldin eta zerrendan horiek eskuratzeko aukera guztiak badituzte.
Ondoren, lanposturik lortu ez dutenak ikastetxean talde berean hutsik dauden lanpostuetan finkatuko dira. Lehenik, espezialitate eta hizkuntza-eskakizun bereko, baina beste derrigorrezkotasun-data batekoetan. Horrelakorik ez badago, espezialitate bereko eta beste hizkuntza-eskakizun batekoetan. Azkenik, beste espezialitate bateko lanpostuetan, III. eranskineko espezialitate-ordena kontuan izanda.
Lanpostu bererako zenbait pertsona badaude, 26. artikuluan adierazitako irizpideak izango dira kontuan.
3. ATALA
LANPOSTU HUTSAK BORONDATEZ ESKATZEKO AZPIFASEA
Hasierako lanpostuetan ofizioz finkatzeko azpifasea amaitutakoan, interesdunek parte hartzeko eskabidean lanpostua aldatzeko egindako eskaerak hartuko dira kontuan, baldin eta eskatutako lanpostuak aurreko azpifasean erabili ez badira.
Azpifase honetan, lanaldi murriztuko lanpostuetan finkatzeko eskaerak ere izango dira kontuan.
Eskatzaile guztiek talde bakarra osatuko dute, eta lanpostu bererako zenbait pertsona badaude, 26. artikuluan adierazitako irizpideak izango dira kontuan.
4. ATALA
ONDORIOZKO LANPOSTUETAN OFIZIOZ FINKATZEKO AZPIFASEA
Azpifase honetan, aurreko azpifasea amaitutakoan hutsik geratu diren lanpostuak ofizioz esleituko ditu administrazioak, irizpide hauen arabera:
Lehenik, aurreko ikasturtean betetako lanpostuaren talde, espezialitate, hizkuntza-eskakizun eta derrigorrezkotasun-data bereko lanpostu bat bete zuten pertsonei, eta une horretan lanpostu esleiturik gabe edo hasierako lanpostuetan bestelako ezaugarrietako lanpostu batekin daudenei.
Bigarrenik, une horretan lanposturik gabe dauden beste pertsonei.
Aurreko artikuluko a) eta b) letretan zehaztutako talde bakoitzaren barruan lanpostu bererako zenbait pertsona badaude, 26. artikuluan adierazitako irizpideak izango dira kontuan.
3. FASEA: ORDEZKOGAIEN LANPOSTUAK HAUTATZEA ETA ESLEITZEA
Fase honetan aurreko fasean esleitu ez diren 2. artikuluko lanpostuak esleituko dira.
Fase honetan lanpostuak eskuratzeko baldintzak 25. artikuluaren 1. eta 2. ataletan ordezkogaiak ikastetxean finkatzeko faserako ezarritako berberak dira, parte hartzeko taldeari dagozkion lanpostuen murrizketarako izan ezik, hori ez delako aplikatzekoa izango.
Fase honetan kontuan izango diren datuak eta aukerak 25. artikuluaren 3. ataleko berberak dira.
Erreferentziako ikasturteko irakasleen ordezkogaien zerrendako posizio hoberenak zehaztuko du esleitzeko ordena.
Pertsona bakoitzari bere eskabidea osatzen dutenetatik lehenengo lanpostu libre eta baliozkoa esleituko zaio. Eskabidean kontuan hartuko dira bai eskaera zehatzak, bai eskaera generikoen garapenaren eta nahitaezko eskaeren sorkuntzaren ondoriozkoak, 8., 13. eta 14. artikuluetan xedatutakoaren arabera ordenatuta.
Lanpostuen behin-behineko esleipena prozesuaren fase guztiak amaitutakoan erabakiko da, Langileria Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen bidez, eta irakaslegunean eta lurralde-ordezkaritzetako iragarki-oholetan argitaratuko da.
Ebazpen horren aurka erreklamazioak aurkez daitezke irakaslegunean eskuragarri dagoen aplikazio elektronikoaren bidez, http://www.irakasle.net. helbidetik sartuta.
Erreklamazioak aztertu ondoren, behin betiko ebazpena eman eta modu berean argitaratuko da.
Esleitutako lanpostuak betetzeari ezin zaio utzi, irakasleen ordezkogaien kasuan izan ezik, zerrenda kudeatzeko araudian uko egiteko kasuren bat gertatzen bada, baldin eta kausa hori ezin aurreikusizko egoeren ondoriozkoa bada, eskabideak aurkezteko epea hasi baino bost egun lehenagotik lanpostuaz jabetu arte egin bada, eta alegatzen duenak borondatez egindako ekintza baten ondorio ez bada.
Esleitutako lanpostuan izendatzea pertsona bakoitzaren egoera administratiboari dagokiona izango da. Horren baliozkotasuna lanpostuaz jabetzearen eraginkortasunaren araberakoa izango da beti.
Izendapenak ikasturtea hasten den urteko irailaren 1ean izango du eragina, eta hurrengo urteko abuztuaren 31n amaituko da, titularra duten lanpostuetan izan ezik, hura egun hori baino lehenago itzultzen bada lanera; kasu horretan, izendapena lanera itzultzeko bezperan amaituko da.
Lanaldi murriztuko lanpostuetako izendapenak 2.7 artikuluko zerrendan argitaratu diren lanpostuen orduen arabera egingo dira, horiek zer lanaldi motarekin esleitu diren kontuan izan gabe.
Bestelako autonomia-erkidegoetarako erreserba-aukera baliatu duten pertsonek prozesu honetan lanpostua lortzen badute, erreserba hori ondoriorik gabe geratuko da.
Lanposturik eskatu ez badute edo esleitu ez bazaie, arrazoitu gabe uko egin duten izangaitzat joko dira. Langileria Kudeatzeko zuzendariak bost eguneko epea zabalduko du irailaren lehen hamabostaldian. Epe horretan beste autonomia-erkidego batean izendapen-agiri bat aurkezten badute uko egite arrazoitua egin duten izangaitzat joko dira; bestetik, epe horretan aurkezten badute autonomia-erkidegoko organo eskudunak emandako ziurtagiria, unibertsitatez kanpoko irakasleen ordezkogaien zerrendetako kideak direla egiaztatzen duena, lan egiteko prest egoerara aldatuko dira ikasturte hasierako esleipen-prozesu osoa amaitzen denean.
Bai interesdunak, bai ikastetxearen zuzendaritzak eskatuta, esleipendunak emandako funtzioa betetzeko ezintasuna duela egiaztatzen bada, araudiak pertsona hori esleitutako lanpostutik kentzeko aurreikusitako prozedurei helduko zaie.
Lehenengoa. Ikastetxearen eta helbidearen arteko distantzia.
Agindu honek araututako prozesuan, lanaldi murriztuko lanpostu bati uko egiteko ezingo da erabili lanpostu horri dagokion ikastetxe publikoa helbidetik 50 kilometrotik gorako distantzian egotea.
Eskaerak egiteko epea hasi aurretik, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako iragarki-tauletan argitaratuko den Langileria Kudeatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez, epe bat bideratu ahal izango da interesdunek eskolak emateko lurralde historikoaren eta lanaldi motaren aukerak alda ditzaten. Aldaketa horrek Agindu honetan araututako prozesuan eta aukera hori eman den ikasturte zehatzean baino ez du eragina izango.
Bigarrena. Esleitu gabeko lanpostuak.
Agindu honek aipatzen duen prozesuan esleitu gabe geratzen diren lanpostuak eta ikasturte-hasierarako behar diren gainerako ordezkapenak, hezkuntza-zerbitzua emateko beharrezkoak direnak, ekitaldi publikoetara deituta esleituko dira.
Ekitaldi horiek Langileria Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen bidez deituko dira, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian eta lurralde-ordezkaritzetako iragarki-oholetan jarriko dira jendaurrean.
Esleipen-ekitaldietan, irakasleen ordezkogaien zerrendako pertsonek hartuko dute parte, baldin eta Agindu honetan araututako prozesuan lanposturik lortu ez badute eta prest badaude.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak esleipenerako baliabide informatikoak ezarriko ditu pixkanaka, ekitaldi publikoetarako deialdiak ordezteko.
Indargabetuta geratzen da 2010eko ekainaren 10eko ebazpena, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako espezialitateetako irakasleen ordezkogaiek lanpostuak hautatzeko prozedura arautzeko, eta ikasturte-hasierako esleipen-prozesuaren barruan lanpostuak esleitzeko dena.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 15a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (4)
- Partzialki indargabetutakoa: AGINDUA, 2020ko ekainaren 1ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita aldi baterako beharrak betetzeko zerrendako hautagaiei ikasturte-hasieran lanpostuak esleitzeko prozedura telematikoa, bai eta lanean diharduten lanpostuetan langile horiek egonkortzeko prozedura ere.
- Aldatutakoa: AGINDUA, 2018ko maiatzaren 18koa, Hezkuntzako sailburuarena, irakaskuntza-kidegoetara sartzeko prozesuen praktika-fasea egin behar duten pertsonei eta irakasleen ordezkapenak egiteko zerrenda osatzen dutenei begira ikasturtearen hasierako esleitzeko proze
- Aldatutakoa: AGINDUA, 2016ko ekainaren 20koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bidez bigarrenez aldatzen baita ikasturte-hasierako esleipen-prozesua arautzen duen agindua, irakasleen kidegoetan sartzeko edo kidego horietara heltzeko
- Aldatutakoa: AGINDUA, 2014ko ekainaren 26koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, irakasleen kidegoetan sartzeko edo kidego horietara heltzeko prozesuetako praktika-aldia egin behar duten pertsonei, eta irakasleen ordezkogaien zerrendako kideei