Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2010eko abenduaren 17koa, Kulturako sailburuarena, Güeñesko (Bizkaia) Sodupe auzoan dagoen Arantzibia Etxea (Yermo Jauregia, etxe-zaindarien etxea, ukuiluak eta lorategia), kultura ondasun gisa, monumentu-multzo izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 8
  • Hurrenkera-zk.: 166
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/12/17
  • Argitaratze-data: 2011/01/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

2009ko uztailaren 13an, Kultura, Gazteria eta Kiroleko sailburuordearen ebazpenaren bidez Güeñesko (Bizkaia) Sodupe auzoan dagoen Arantzibia Etxeak (Yermo Jauregia, etxe zaindarien etxea, ukuiluak eta lorategia) eta Isusi baserriak aurkezten zuten balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpena 2009ko abuztuaren 11n argitaratu zen EHAAn (152. zk.).

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3. artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Legeak agintzen duen izapideak bete ondoren, honako alegazio-idazki hauek aurkeztu dira: Francisco Javier Santiago Marcosek aurkeztutakoa («Residencial Jardín de Sodupe SL» merkataritza-sozietatearen ordezkari moduan); Gueñeseko udalak aurkeztutakoa; Aralar talde politikoak aurkeztutakoa; eta Gueñesko Eusko Alkartasuna talde politikoak aurkeztutakoa. Guztiak onartu dira izapidetzeko.

Aralar talde politikoak monumentu-multzoaren babes-perimetroa handitzea eskatzen du, lur-eremu zabalagoa hartzeko helburuz eta, hala, esparruaren oraingo pertzepzio konkaboari eusteko, zeren eraikinek eta lorategiak osatzen duten antolamendu integratuaren izaera paisajistikoa haien baitan baitago. Izan ere, alegazio-egilearen aburuz inkoazio Ebazpenean proposatzen den mugaketak hautsi egiten du bi elementuren arteko funtsezko erlazio espaziala eta bisuala: batetik ukuilu-eraikina eta zaindarien etxea, eta bestetik platano-lerroa; eta gainera kanpoan gelditzen da ukuiluetara doan bide-zidorra, hots, eraikin honen hiri-integrazioa eragotzi egiten da sarrera edo aurrealdetik. Aipatutako elementu horiek jasoko dituen mugaketa alternatibo bat proposatzen du.

Zentzu horretan, Güeñesko Eusko Alkartasunak Monumentu-multzoaren babes-perimetroa handitzea eskatzen du, babestutako esparruaren kanpoko muga Atxeta auzora doan bideko horma ezarriz eta auzo horretako etxeen ondoan dagoen ukuiluetarako bidea barne hartuta, bai eta eraikinaren mendebaldeko fatxadarekiko lerro perpendikularrean hazten diren zuhaitz hostozabal handiak barne hartuz ere. Horren guztiaren helburua ingurunearen paisaiaren osotasunari eustea da.

Alegazioak baloratu ostean, monumentu-multzoa babesteko eremua aldi berean planeamendu-tresnek ontzat emandako hirigintza-garapenerako eremu bat dela adierazi behar da, gure xedea da bateratzea multzoa osatzen duten elementuen babesa eta eremuaren garapena. Alegazio-egileak proposatzen duen eraispenak ez dauka alde handirik ondasuna balioztatzearen ondoan, eta, aldiz, eremu eraikigarrian murrizketa handi samarra ekarriko luke; alegia, ondasuna babestea ez litzateke proportzionala gertatuko, egindako kaltearekin konparatuta. Horregatik alegazio horiek gaitzetsi dira.

Zuhaitz hostozabalak direla eta, paisaia aldetik balioa eman diezaiokete multzoari, eta haiek babesteak ez luke eraginik izango eremuaren garapenean; horregatik, perimetroaren barruan sar litezke.

Francisco Javier Santiago Marcos jaunak «Residencial Jardín de Sodupe SL» merkataritza-sozietatearen ordezkari moduan aurkeztutako alegazioek aipatzen dute sozietateak mugaketa eremu honetako higiezin guztiak eskuratu zituela, salbu eta jauretxea bera. Erosketa horren helburua zen babesa merezi duten elementuen kontserbazioarekin bateragarria den hirigintza-proiektu bat exekutatzea.

Horregatik espedientea hasaraztea funtsatzen duten hiru eskabideak auzitan jartzen ditu, baita ondasunaren garrantzia edo berebiziko balioaren eta monumentu-multzoaren ondasun ezberdinen arteko batasunaren justifikazioa ere.

Esaten da, baita ere, Güeñesko udalerriko arau subsidiarioak berrikusterakoan (berrikusketa hori azaroaren 21eko 1756/2006 Foru Arauaren bidez onartu zen) Arantzibia Etxea bakarrik aipatu zela, eta ez monumentu-multzoan biltzen diren gainerako eraikinak. Arantzibiaren Sektorea garatzen duen Plan Partzialean, zeina 2008ko uztailaren 4an onartu baitzen, Isusi baserria antolamendutik kanpo geratu zen.

Hala ere, merkataritza-sozietateak hasiera-hasieratik jo du funtsezkotzat bere egitasmoari begira kokapenaren inguruko balio paisajistiko eta arkitektonikoak bereganatzea, hartara higiezinen sustapenaren balioa areagotzeko, batetik, eta historia eta artearen ikuspuntutik garrantzitsuenak diren elementuen zaintza bermatzeko, bestetik.

Aurreko guztia aintzakotzat hartuta, «Residencial Jardín de Sodupe SL»-k honako hau eskatzen du: espedienteko higiezinei Güeñesko udalaren arau subsidiarioetan izendaturik duten katalogazioa eta mugaketa esleitzea eta, modu subsidiarioan, alegazio-idazkiarekin batera aurkeztu den planoko mugaketa esleitzea.

Ildo horretatik, Gueñesko udalak Isusi baserria monumentu-multzoan sartzearen aurka egiten du, zeren, alegazioaren hitzetan, Arantzibia Etxearen esparrutik kanpo baitago eta haren fatxada mediku-kontsultategiko aparkalekura begira baitago, etxearekiko inolako erlazio bisualik ezta konposizio aldekorik gabe. Horregatik Isusi baserriaren interes kulturala ez dela nahikoa adierazten du. Gainera, azpimarratzen du arau subsidiarioen eta Arantzibia Sektorearen Planaren onarpenean Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak ezarritako jarraibideak udalak bete dituela. Dokumentu horietan esaten da Isusi baserria antolamendutik kanpo zegoela.

Adierazitakoagatik Udalak ebazpena alda dadin eskatzen du eta Isusi baserria proposatutako Monumentu Multzorik kentzea.

Alegazio horiei dagokienez, gogoan hartu behar da Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak dioena: «Interes publikoak bakarrik egiten du bidezko lurzoruaren erabilera, lege honen ondorioz, hirigintzako plangintzaren bitartez antolatzea». Hirigintzaren antolamenduak bermatu behar duen interes publikoa mamitzen da, bereziki, beste eskubideen artean, herritar guztiek kultura-ondarea osatzen duten ondasunez gozatzeko duten eskubidean. Balioztatzea merezi duten elementu paisajistiko eta arkitektonikoen kontserbazioarekin bateragarria den hirigintza-proiektu bat exekutatzea dela eta, gogoratu behar da multzoa elementu guztiek batera osatzen dutela, eta osorik babestu behar dela, zeren eta banaka-banaka babestuta, haien arteko erlazioari erreparatu gabe alegia, multzoaren nortasuna erabat galduko bailitzateke.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen arabera edozein pertsona fisikok edo juridikok eskatu ahal badu ere babes-prozedura bat hastea, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila da espedientea hastea egokia den ala ez erabaki behar duena, eskabidea aztertu ondoren.

Alde horretatik, aipatutako 7/1990 Legearen 16. artikuluak hauxe dio: «Lege honetako 10. atalean esandako garrantzia edo balioa izan ez arren, euskal kultur ondarearen osagai direnak joko dira zerrendatutako ondasuntzat ()». Arantzibia Etxearen multzoaren balorazioa Yermo Jauregia, etxe zaindarien Etxea, Ukuiluak eta Lorategia aski justifikatua dago, aipaturiko elementu horiek guztiak jauregiaren zerbitzura dauden eraikuntza eta espazioak baitira, eta horiek gabe egoitzagune nagusiaren eraikinak galduko bailuke bere nortasuna eta izaera.

Isusi baserriari dagokionez, nahiz eta berez Etxearen partea ez izan eta harekin kultur batasunik osatu ez, babes-ingurunean kokatzen da eta, horregatik, ingurune horren barruan sartu zen multzoaren mugaketa egin zenean.

Hala ere, espedientean dauden txostenak kontuan hartuta, egiaztatu da eraikuntza apal bat dela, apaindurazko hornidura handirik gabea, eta, gainera, gaitzeko eraldaketa izan duela denboraren joanean, jatorrizko balioen kaltean. Horrela, zeinetan ondorioztatzen baita eraikin honek ez duela adinako balio historiko-kulturalik, baserria monumentu-multzoaren babes-espedientetik kanpo uztea erabaki dugu.

Bestalde, adierazi behar da arau subsidiarioen eta eremu hau hartzen duen Plan Partzialaren berrikusketaren izapidetzea zuzena izan dela legearen ikuspuntutik, eta jendaurreko aldian ez dela alegaziorik edo errekurtsorik aurkeztu, horrek ez du kentzen eremua berrikusten denean balio historiko-kulturala duten elementuak antzemanez gero Euskal Kultura Ondarearen suntsitzea ekidin behar ez denik. Gogorarazi behar da udala ere kultur ondarea babesteko erantzulea badela, halaxe xedatuta dago-eta Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 3. eta 4. artikuluetan. Horregatik, beharrezkoa ikusten dugu Administrazio ezberdinen arteko lankidetza indartzea, denon helburua, azken batean, Euskal Kultura Ondarea babestea baita.

Azkenik, alegazioetan aurkeztutako proiektu urbanistikoa kontuan hartuz, Eremuaren mugaketa doitu egiten da, halako moduz non multzoa osatzen duten elementuen babesa bateragarria egiten baita inguruaren hirigintza-garapenarekin, betiere zainduz multzoa osatzen duten eraikinen arteko erlazioa. Horretarako, Agindu honen III eranskinean ezarritako parametroak errespetatu beharko dira.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroleko sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

Lehenengoa. Güeñesko (Bizkaia) Sodupe auzoan dagoen Arantzibia Etxeak (Yermo Jauregia, etxe zaindarien Etxea, ukuiluak eta lorategia), Kultura Ondasun gisa, monumentu-multzo izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena. Ondasunaren deskribapen formala egitea, Agindu honen II. eranskinean agertzen den bezala, I. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz. eta III. eranskineko baimendutako esku-hartzeen erregimenarekin.

Hirugarrena. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari Agindu honen berri ematea.

Laugarrena. Güeñesko Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena. Espedienteko interesdunei, Güeñesko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Garraio eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari jakinaraztea.

Seigarrena. Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzen duen Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Lehenengoa. Inskribatzeko den Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango ditu ondorioak.

Bigarrena. Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, Agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko abenduaren 17a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

  1. Mugaketaren deskribapena.

    Mugaketak honako eraikin hauek hartzen ditu: jauregia, etxe-zaindarien txaleta, ukuiluak; halaber, inguruko lorategiaren eta zuhaitzen zati bat.

    Horrela, bada, mugaketa-eremuak honako muga hauek ditu: ipar-mendebaldean, Roblako trenbide zaharra; ipar-ekialdean, finkaren perimetro-pareta sarbide nagusiraino; doan perimetro-pareta eta Isusi baserriko fatxada nagusitik 5 metrora trazatutako lerroa; hego-ekialdean, perimetro-paretarekin paralelo doan lerro bat, jauregiaren atzealdeko lorategiko mugatik jarraitzen duena (konposizio formalista duen atzealdeko lorategi osoa hartzen du) ukuiluak jauregiarekin lotzen dituen harri-zolazko bidezidorretik 2 metrora trazatutako bihurgune paraleloraino, eta gero ukuiluen ekialdeko albo-fatxadatik 5 metrora trazatutako lerroarekin jarraitzen duena; hegoaldean, ukuiluen atzealdeko fatxadarekin paralelo doan lerro bat, 5 metrora trazatua; eta mendebaldean, ukuiluen mendebaldeko albo-fatxadarekin paralelo doan lerro bat, 15 metrora trazatua, zuhaitzekin paralelo doan bihurgunetik jarraitzen duena, adaburuen proiekzio horizontaletik 3 metrora, albo banatan platanoak dituen bidezidorrarekiko lerro perpendikularrarekin bat egiten duen arte, eta bidezidorraren amaieran dagoen banku zirkular formako harrizko altzaritik 5 metrotara dagoena.

  2. Mugaketaren arrazoiak.

    Proposatu dugun mugaketaren justifikazioa eraikin multzo horren ingurumen- eta ikuste-balioak babestu beharra da, bai eta altzarien inguruko elementuak eta horien ingurumen- eta kultura-balioa gordetzen laguntzea ere.

    Horregatik, ezarritako mugaketak ez ditu eraikinak hartzen soilik, baizik eta hartzen du multzoaren eremu mugakidea ere, bai eta jauregiaren atzeko aldean dagoen lorategi formalista, kanpoko altzarietako elementu bereziak eta finkako lorategia antolatzen duten zuhaitz-multzo nagusiak ere.

Sodupe Goikoa auzoan, Arantzibiako finka itxia dago. Finkaren barruan, eraikin nagusiaz gain, jauregiaz gain, alegia, bigarren mailako eraikin gisa, ukuilu-usategia, jauregiari lotutako etxebizitza txiki bat eta etxe-zaindarien etxebizitza daude; denak ere lorategi-finka zabal batek inguratzen ditu, eta horrek balio handia ematen die paisaia aldetik.

Arantzibiako jauregia bizitzeko eraikin bat da, arkitektura kultukoa; estilo erregionalistako eklektizismoari dagokio, eta xehetasun modernista txiki batzuk ditu. Eraikin exentu bat da, oinplano angeluzuzenekoa eta oso handia; beheko solairua, lehenengo solairua eta txapitula-formako bigarren solairua ditu. Estalkia arabiar teilakoa eta hegal handikoa da, eta oinplano osoa estaltzen du, malda-plano ugarirekin joko konplexu bat egiten duela, fatxaden ingerada agerian utziz.

Fatxada nagusia ekialdera eta sarrerako plazatxora begira dago, eta bi atal bereizten dira hor: sarrerako gorputz nagusia, miru-buztanaren forma duen gailur txertatu tipikoarekin errematatua; eta eskuinaldean, dorretxo-moduko beste gorputz bat, albo banatan estilo modernistako motibo geometriko originalekin landutako harrizko tximiniak dituena.

Fatxada honetan, sarbide nagusi berezi bat dago, arku-zuzena eta alboetan biko zutabe toskanarrak dituena. Sarreraren gainean, zeramikazko plaka bat dago, hitzez hitz honako hau dioena: «esta casa que hicieron los Yermo la restauró Carlos Palacio Avellaneda en el año de 1912» (Yermotarrek egin zuten etxe hau, eta Carlos Palacio Avellanedak berritu zuen, 1912. urtean). Bi tximinia trinkoen artean, lehenengo solairuaren parean, balkoi jarraitu bat dago, forjazko aurrealdea eta inguruan kuxindurak dituen bao arku-zuzenak dituena, eta, erremate gisa, goiko solairuan erdi-puntuko arku-galeria bat dago, adreiluzko hondoaren gainean.

Iparraldeko fatxada bi isurkikoa da, eta miru-buztanaren formako alaka bat du. Beheko solairuan, leihate handiko bolumen bat irteten da, dekoraziozko erdizutabe batzuek banatuta. Gorputz horrek, lehenengo solairuan, terraza handi bati ematen dio bide; terrazak forjazko balkoia du, eta bolazko erremateak beheko solairuko erdizutabeetan. Fatxada horren eskuinaldeko saihetsean, karrerape atxiki bat dago; karrerape horrek arku beheratu bat du beheko solairuan, eta, gainean, Zaballaren armarria nabarmentzen da, bigarren solairuaren parean.

Alboko eta atzeko fatxadak mendebaldera eta hegoaldera begira daude hurrenez hurren, eta itxura erregularragoa dute, bao arku-zuzenen lerrokaduren bidez eta fatxadarekin paralelo dagoen estalkiko isurki triangeluarraren bidez. Lehenengo solairuko teilatupea bereiziz, inposta molduratu bat dago, eta horren gainean, teilatupeko leihoek erdi-puntuko arkuen forma hartzen dute.

Fatxada landuak dira, zarpiatuak gehienak, eta oso apaingarri aberatsak dituzte: harriz landutako xehetasun ugari, harlanduzko paramentuak izkinetan, inguru landuak baoetan, inpostak, terrazak, adreiluzko bilbadura duten guneak, arkuak, dekoraziozko azulejuak eta kontraleiho vienarrak. Landare-ornamentazioa fatxadari arretaz atxikia dago, eta horrek ere eraikina ederragotzen laguntzen du.

Finkaren barrualdean, jauregitik 100 metro eskasetara, Arantzibiako ukuiluak daude. Eraikin hori finkaren goiko aldean dago, eraikuntzaren aurreko eta atzeko aldeen artean kokatua, hango malda berdintzen duela. Nahiz eta eraikin funtzionala izan, hau da, nahiz eta ukuiluak, zalditegia eta usategia jartzeko eraiki zuten, estilo eklektizistako arkitektura interesgarri eta landua du, eta eragin neomenditarra du.

Hain zuzen ere, eraikin exentu bat da, oinplano laukizuzenekoa eta dorre atxiki bat duena; beheko solairua, lehenengo solairua eta dorrea ditu. Estalkia teila zeramiko zapalez egina da; bi isurki ditu, gailurra alboko fatxadekin paraleloan dauka, eta dorreak hausten du, zeina nabarmendu egiten baita eraikinean.

Fatxada nagusia iparraldera begira dago. Hiru atal bereizten dira hor: ezkerreko saihetsean, lau isurkiko estalkia duen dorre bat dago; eskuineko saihetsean, harlangaitzez luzitutako eta izkinak harlanduzkoak dituen gune bat; eta bi atal horiek elkartuz, erdigunea, itxura arinagokoa, beheko solairuko karrerapeari esker; karrerape horrek zutabe toskanar bat du erdian, eta horren gainean bermatzen da lehen solairuko forjatua, egurrezkoa eta egurrezko bilbadura duen itxiturakoa.

Dorrearen paretak harlangaitzezkoak dira, eta harlandua izkinetarako eta baoen erremateetarako gordetzen du. Beheko solairuan, sarrera gisa, erdi-puntuko landa-arku handi bat du, harrizko lauzaz egina. Dorrearen azken solairuan, «usategiko» hiru leiho ñimiño dituen bistako adreiluzko gune bat dago, adreilu-dentikuluzko hiru ilararekin egindako leiho-barrenaren gainean. Dorrearen saihets baten parean irteten den elementu originala nabarmentzen da, gainean pinakulu bat duen dorretxo zirkular batekin errematatua.

Ekialdeko fatxadan, albo-sarrerako atearen burua nabarmentzen da; hiru piezaz osatua dago, eta fatxadarekin paraleloan ipinitako petxinazko bi albo-mentsularekin zurkaiztua dago.

Finkako hormari atxikia, jauregiaren atzeko aldean, villari lotutako beste eraikin berezi bat dago: etxe-zaindarien txaleta, finkako zaindariei eta haien familiei ostatu emateko egina.

Txaleteko fatxada nagusia finkaren barrualdera begira dago; fatxada zaindua da, asimetrikoa, bi isurkiko estalkia du, eta arku beheratua duen sarbide zentratu bat. Lehenengo solairuan, balkoi handi bat dago, fatxadaren arrasean, eta egurrezko mallorkina pertsianak ditu. Estalkia teila zeramiko zapalez egina da, eta gainerako fatxadetako isurki triangeluarrak horiekin paraleloan daude.

Hego-ekialdeko fatxada hormari atxikia dago, eta errepidearekin egiten du muga; zerbitzu-patio txiki batetik ere sar daiteke horra. Bigarren mailako sarbide hori dekoratuta dago horman, estilo modernistako xehetasun kurbatuak dituen forjazko arku baten bidez. Finkaren kanpoaldetik, teila zapalezko estalkiak izkinan egiten duen kurbatura originala begiztatzen da.

Fatxadak adreiluz eginak dira, eta luzituta eta okre koloreekin margotuta daude; bao ugari dituzte, irtenguneen bidez markoztatuak, zokaloen gisan, beheko solairuan.

Arantzibia etxeko lorategia itxia eta zabala da (3,1 ha gutxi gorabehera), paisaia-izaerakoa, eta zuhaitz handi eta ertainek markoztatzen dute paisaia. Jauregiko lurzatiaren egitura zuhaitz-multzoen eta horien arteko tarteen bidez antolatuta dago. Espezie botaniko ugari daude, hala hemengo espezieak nola kanpo-espezieetako zuhaitz exotikoak.

Lorategia hainbat eremutan antolatuta dago: jauregiaren atzeko aldeak konposizio formalista du, eta bideen eta landarezko forma geometrikoen bilbe batek egituratzen du; jauregiaren saihetsean, egoteko leku bat dago, zoladura gogorrekoa; finkaren barruko aldea jolastoki gisa antolatua dago, eta tenis-pista txiki bat du; fruta-arbolak landatuta daude gune batzuetan, eta gainerakoa gune ireki bat da eta soropilak eta zuhaitzak daude. Hori dena bidezidorrek, zuhaixkek eta zuhaitzek egituratzen dute.

Lorategian elementu bereziak kontserbatzen dira, erabateko bizitegi-giroa lortzeko diseinatuak, hala nola harrizko elementuz jantzitako altzariak, harrizko banku jarraituak, pasealekuaren amaieran platano izugarrien lerrokaduraren artean dagoen egontokia, terrazak, iturria, urmaela, eskultura, ukuiluen saihets bateko putzua, bai eta harri-zolazko bideak ere.

Finkaren itxiturari dagokionez, esan daiteke harlangaitzezko pareta eder bat dela eta errepidearen maldari egokitzen zaiola. Horma horretan daude finkara sartzeko hiru sarrerak, eta horien artetik sarrera nagusia nabarmentzen da, sarrera plazatxotik daukana: sarrera bat dator jauregiaren konposizioarekin; bi zutabe ditu egurrezko ate handiaren albo banatan, eta Muxikaren armarria saihets batean, tenplete batean kokatua, bi ostiko dituen erlaitz baten gainean.

Eremuaren mugaketa doitu egiten da, halako moduz non multzoa osatzen duten elementuen babesa bateragarria egiten baita inguruaren hirigintza-garapenarekin, betiere zainduz multzoa osatzen duten eraikinen arteko erlazioa. Horretarako, parametro hauek errespetatu beharko dira:

Hirigintza-aprobetxamendua etxe nagusitik urrundu beharko da, eta TR01 izeneko zuzkidura-bloke tertziarioa kendu beharko da.

Hego-eremuan jauregitik gertu, 1 lurzatian (P01), dauden eraikinen garaiera jaitsi egingo da, solairu bat kenduta.

3 lurzatiko eraikinak (P03) atzeraemango dira, jauregiaren eta ukuiluen eraikinaren arteko lotura eta pertzepzio bisuala errazteko.

Ukuiluen mendebaldeko fatxadarekiko lerro perpendikularrean hazten diren zuhaitz hostozabal handiak mugaketaren barruan sartuko dira; zehazki, haritzak eta gereziondoa.

Oraingoa bezalako tartea gordeko da Sodupe Goikoako 10, 12, 13, 14 eta 15 zenbakietako etxebizitzen ordez planteatzen den blokean, atelada nagusiarekiko.

Atelada nagusiaren alboko itxitura-hormaren zatia kontserbatu egingo da, haren garaiera jaisten bada ere.

Plaza eta lorategia lotzeari dagokionez, hirigintza-proiektuak tratamendu berezi bat aurreikusiko du eremu honetan, eta bi gune horien arteko elkartzea itsustuko lukeen hiri-ikuspegia saihestuko du.

Zentzuzko tartea gordeko da atxikitako etxeen eta platano-lerroaren artean, eraikuntza-lanek edo gehiegizko inausketek zuhaitzak ez kaltetzeko.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik