Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2010eko martxoaren 24koa, Hezkuntza Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez zehazten dira 2010-2011 ikasturterako Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta itunduetan Batxilergoa eta Heziketa Zikloak egiteko eskabideak aurkezteko eta onartzeko epeak; eta, halaber, ikasleak onartzeko jarraibideak onartzen dira.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 71
- Hurrenkera-zk.: 2088
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/03/24
- Argitaratze-data: 2010/04/19
Gaikako eremua
- Gaia: Hezkuntza
- Azpigaia: ---
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergo eta Erdi Mailako eta Goi Mailako Lanbide Heziketako ikastetxe publiko eta itunduetan ikasleak onartzeko prozedura arautzen duen martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuaren 9. artikuluak xedatzen du ikasleak onartzeko prozedura bera erabiliko dela hezkuntza-etapa bakoitzeko ikastetxe guztietan, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak emandako aginduen bitartez arautuko dela urtero.
Agindu horietan ezarriko dira eskabideak aurkezteko epeak eta, halaber, eskabide horiei buruzko erabakiak hartzeko epeak. Dekretuak ezarritakoari jarraituz, agindu horietan xedatuko da interesdunek, hala behar izanez gero, aurkeztu beharreko dokumentazioa, onartze-prozeduran kontuan hartzekoak egiaztatu ahal izateko.
Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoko funts publikoekin ordaindutako ikastetxeetan 2010-2011 ikasturtean Batxilergoan eta Heziketa Zikloetan arituko diren ikasleak onartzeko bete beharko diren egutegia eta prozedura-arauak ezarri behar dira. Hori guztia dela-eta, honako hau
Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko: maiatzaren 3tik 12ra, biak barne.
Behin-behineko zerrendak argitaratzeko: ekainaren 4a.
Behin-behineko zerrendei erreklamazioak egiteko: ekainaren 9a arte, egun hori barne.
Behin betiko zerrendak argitaratzeko: ekainaren 11.
Lehenengo aukeran eskatutako ikastetxean onartu gabe gelditu diren ikasleei beste ikastetxe batean plaza bat esleitzeko: ekainaren 24a.
Matrikula egiteko aldi arrunta: uztailaren 1etik 6ra, biak barne.
Behin betiko zerrendei gora jotzeko errekurtsoak jartzeko epea: uztailaren 12a arte, egun hori barne.
Prozesuan onartutako ikasleek eta prozesu horretan parte hartu behar ez dutenek (maila errepikatzen dutenek edota 1. mailatik 2. mailara pasatzen diren ikasleek) egutegian zehaztutako egunetan egin beharko dute matrikula. Bestela, esleitutako plazari uko egin diotela ulertuko da.
Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko: maiatzaren 31tik ekainaren 11ra, biak barne.
Eskatzailearen espediente akademikoa edota sarrera-proba gainditu izanaren ziurtagiria proba hori Euskal Autonomia Erkidegoko 2010eko deialdian egin ez bada aurkezteko: ekainaren 30eko 14:00ak arte.
Behin-behineko zerrendak argitaratzeko: uztailaren 2a.
Behin-behineko zerrendei erreklamazioak egiteko: uztailaren 5a arte, egun hori barne.
Behin betiko zerrendak argitaratzeko: uztailaren 6a.
Onartutako ikasleen matrikula egiteko aldi arrunta: uztailaren 7tik 13ra, biak barne.
Itxaronzerrendako ikasleen matrikula egiteko aldi arrunta: uztailaren 14tik 15era, biak barne.
Behin betiko zerrendei gora jotzeko errekurtsoak jartzeko epea: abuztuaren 7a arte, egun hori barne.
Prozesuan onartutako ikasleek eta prozesu horretan parte hartu behar ez dutenek (maila errepikatzen dutenek edota 1. mailatik 2. mailara pasatzen diren ikasleek) egutegian zehaztutako egunetan egin beharko dute matrikula. Bestela, esleitutako plazari uko egin diotela ulertuko da.
Honako hau izango da aparteko aldi horretarako egutegia:
Ikasketa-ziurtagiria eskatutako zentroan aurkezteko: uztailaren 19a eta 20a.
Behin-behineko zerrendak argitaratzeko: uztailaren 21a.
Behin-behineko zerrendei erreklamazioak egiteko: uztailaren 22a arte, egun hori barne.
Behin betiko zerrendak argitaratzeko: uztailaren 23a.
Matrikula egiteko aparteko aldia: uztailaren 26tik 29ra, biak barne.
Behin betiko zerrendei gora jotzeko errekurtsoak jartzeko epea: abuztuaren 24a arte, egun hori barne.
Batxilergoko matrikulako estatistika-datuak aurrematrikula-matrikula aplikazioan gordetzeko: uztailaren 7a arte, egun hori barne.
Heziketa Zikloen matrikulak egiteko aldi arrunteko estatistika-datuak aurrematrikula-matrikula aplikazioan gordetzeko: uztailaren 16a arte, egun hori barne.
Heziketa Zikloen matrikulak egiteko aparteko aldiko estatistika-datuak aurrematrikula-matrikula aplikazioan gordetzeko: uztailaren 30a arte, egun hori barne.
Aurkeztutako eskaera guztietako datuak Batxilergorako berariazko informatika-aplikazioan gordetzeko: 2010eko maiatzaren 21eko 14ak arte.
Baremazioa egitea beharrezkoa den ikastetxe eta kurtsoetan aurkeztutako eskaera guztietako baremazio-datuak Batxilergorako berariazko informatika-aplikazioan gordetzeko: 2010eko ekainaren 2ko 24ak arte.
Aldi arruntean matrikulatu diren ikasle guztien (ikasle berrien, maila errepikatzen dutenen eta maila batetik bestera pasatzen diren ikasleen) matrikula-datuak Batxilergorako berariazko informatika-aplikazioan gordetzeko: uztailaren 7a arte, egun hori barne.
Maiatzaren 31tik ekainaren 11ra Heziketa Zikloetan sartzea eskatu duten eskatzaileen datuak Lanbide Heziketarako berariazko informatika-aplikazioan gordetzeko: ekainaren 11 arte, egun hori barne.
Benetan matrikulatu diren ikasle guztien (ikasle berrien, maila errepikatzen dutenen eta maila batetik bestera pasatzen diren ikasleen) matrikula-berresteak Lanbide Heziketako berariazko informatika-aplikazioan gordetzeko: uztailaren 30a arte, egun hori barne.
Ohiz kanpoko matrikulazioak egiten badituzte, ikastetxeek berehala sartu beharko dituzte ikasleen datuak eta matrikularen berrestea dagokion berariazko informatika-aplikazioan.
Aipatutako egunak pasatu ondoren ikastetxeek ezin izango dute Batxilergoko edo Heziketa-Zikloetako ikasle berririk matrikulatu, Ikastetxeen Zuzendaritzaren edo Lanbide Heziketako Zuzendaritzaren baimenik gabe, hurrenez hurren.
Heziketa Ziklo ez-itunduetakoren bat ematen duten ikastetxe pribatu guztiek, (itunpekoek eta ez-itunpekoek), sartu beharko dituzte, Lanbide Heziketako berariazko informatika-aplikazioan, ikastetxeko Heziketa Ziklo horietako eskaintzaren datu guztiak. Datu horiek sartzeko epea 2010eko maiatzaren 31ean bukatuko da.
Halaber, aipatutako ikastetxeek sartu beharko dituzte, Lanbide Heziketako berariazko informatika-aplikazioan, ikastetxeko Heziketa Ziklo ez-itunduetako edozein mailatan matrikulatutako ikasleen datu guztiak. Datu horiek sartzeko epea 2010eko irailaren 30ean bukatuko da.
Bestalde, Batxilergoa ematen duten ez-itunpeko ikastetxe pribatu guztiek sartu beharko dituzte, Batxilergorako berariazko informatika-aplikazioan, ikastetxean matrikulatutako ikasleen datu guztiak. Datu horiek sartzeko epea 2010eko irailaren 30ean bukatuko da.
Lehenengoa. Lanbide Heziketako zentroen eta ikastetxeen zuzendariei baimena ematen zaie agindu hau garatzeko behar diren arauak eman ditzaten, beren eskumenen esparruan.
Bigarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean agindu hau.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko martxoaren 24a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
Lehenengoa. Aplikatu beharreko araudia.
2010-2011 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta itunduetan Batxilergoa eta Goi Mailako Heziketa Zikloak egin nahi dituzten ikasleak martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuak xedatutakoaren arabera onartuko dira; kontuan hartuko da, halaber, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak emandako agindua, eskabideak aurkezteko eta onartzeko epeak zehaztu eta 2010-2011 ikasturterako ikasleak onartzeko jarraibide hauek onartzen dituena.
Bigarrena. Onartze-prozesuaren Berme Batzordeak.
Batxilergoan eta Heziketa Zikloetan sartzeko onartze-prozesua bermatzeko, Lurraldeko Berme Batzorde bat osatuko da Lurralde Historiko bakoitzean, 2010eko apirilaren 27a baino lehenago. Hezkuntzako lurralde-ordezkariek beharrezkotzat joz gero, beste Berme Batzordeak osatu ahal izango dira, etapa eta/edo esparru geografiko zehatz bati dagozkionak. Kasu horietan, Lurraldeko Berme Batzordeek etapa eta/edo esparru geografikoei dagozkien Berme Batzordeen esku utziko du beren eginkizunen aplikazioa.
Honako kide hauek izango dituzte Onarpena Bermatzeko Batzordeek:
Hezkuntza Administrazioko bi ordezkari; horietako bat batzordeko burua izango da eta bestea idazkaria.
Dagokion etapa edo etapetako ikastetxe publikoetako zuzendari bat, zozketaz hautatua.
Dagokion etapa edo etapetako ikastetxe itunduetako zuzendari bat, zozketaz hautatua.
Batzordearen eskumeneko lurralde-eremuko udalen ordezkari bat.
Lau guraso, ikastetxeetako Ordezkaritza Organo Goreneko edo Eskola Kontseiluko kideak, bi herri-ikastetxeren batekoa eta beste bi ikastetxe itunduren batekoa, dagokion etapa edo etapetakoa. Dagokion lurraldean edo etapan ordezkaritza handiena duen Guraso Elkarteen bi Federazioek proposatuko dituzte guraso horien izenak. Ordezkatuta izateko eskubidea duten sektoretakoren batean Guraso Elkarteen Federaziorik ez balego, zozketa-bidez hautatutako ikastetxe bakoitzeko Ordezkaritza-Organo Goreneko edo Eskola Kontseiluko guraso bana izendatuko dute hango gurasoek.
Lau irakasle, ikastetxeetako Ordezkaritza Organo Goreneko edo Eskola Kontseiluko kideak, bi herri-ikastetxekoak eta beste bi itunduko ikastetxekoak, dagokion etapa edo etapetakoa. Dagokion lurraldean edo mailan ordezkaritza handiena duten irakasleen ordezkaritzako bi sindikatuek proposatuko dituzte haien izenak.
Onartze-prozesuaren Berme Batzordeek honako funtzio hauek izango dituzte:
Ikasleen onartze-prozesua ikuskatu, dagokion esparru geografikoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan, eta araudia betetzen dela bermatu, hezkuntzako ikuskaritzaren eskumenei kalterik egin gabe.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholku eman, ikastetxe bakoitzaren inguruko eragin-eremua eta haren mugakideak zehazteko.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholku eman ikasleak zein ikastetxetan eskolatu erabakitzeko, ikasle horiek eskatutako aurreneko ikastetxean plazarik lortzen ez badute. Horretarako, kontuan hartu beharko dituzte hutsik geratu diren plazak eta, ahal denean, eskatzaileek adierazitako hurrengo aukerak.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholku eman, ikasleren batek eskaera bat baino gehiago egin badu eta eskatzaileek aurkeztutako agirien faltsutasuna frogatzen bada, ikasle horien eskolatzeari buruzko erabakiak hartzeko.
2010eko apirilaren 20a baino lehenago, hezkuntzako lurralde-ordezkari bakoitzak udal-elkarteei, guraso-elkarteei eta dagokion lurraldean eta mailan (edo mailetan) ordezkaritza handiena duten irakasle-sindikatuei eskatuko die onartze-prozesua bermatzeko osatuko diren Berme Batzordeetako ordezkariak izendatzeko. Erakunde horiek beren ordezkarien izenak jakinarazi beharko dituzte 2010eko apirilaren 27a baino lehenago. Hala egiten ez badute, Berme Batzordeak osatuta geldituko dira ordezkari horiek gabe, eta, hala ere, baliodunak izango dira.
Halaber, 2010eko apirilaren 27a baino lehenago, hezkuntzako lurralde-ordezkariek izendatuko dituzte Berme Batzordeetan hezkuntza-administrazioko ordezkari izango direnak, eta zozketa publikoa egingo dute batzordeetako partaide izango diren ikastetxe publiko eta itunduetako zuzendariak aukeratzeko. Zozketak egiteko eguna eta lekua argitara emango da eta dagokien ikastetxe guztiei jakinaraziko zaie, zozketa bakoitza egin baino bost egun lehenago, gutxienez.
Hirugarrena. Eragin-eremuak.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariek, Berme Batzordeetan eztabaidatu ostean eta zerikusia duten ikastetxe eta udalei entzunda, ikastetxe bakoitzaren eragin-eremuak zehaztuko dituzte, baita horien mugakideak ere. Hartara, edozein etxe, gutxienez, ikastetxe jakin baten eragin-eremuan egongo da.
Eragin-eremuak eta horien mugak zehaztuko dira ikastetxean ematen den Batxilergo-modalitate bakoitzerako eta hizkuntza-eredu bakoitzerako. Eragin-eremuen mapak edota xehetasunak jendearentzat eskuragarri egongo dira dagozkien Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan.
Hezkuntzako ordezkariek jarraibide honetan xedatutakoa ezartzeko, udalbatzei laguntza eskatzeko ahalmena dute, eta horiek eskatutako laguntza eman behar dute.
Laugarrena. 2009-2010 ikasturtean ikastetxe berean matrikulatutako ikasleak edota atxikitako ikastetxe batean matrikulatuak.
Hezkuntza-etapa bereko ikasketak egin behar direnean eta hurrengo maila ikastetxe berean egin nahi denean, ez da onartzeko eskaerarik behar.
2009-2010 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitutako ikasleek ikastetxe berean egin ahal izango dituzte Batxilergo ikasketak, onartzeko eskaera aurkeztu gabe, Arte Batxilergokoak salbu, aparteko ezaugarriak baitituzte ikasketa horiek.
Ikastetxeek gorde beharko dute maila, hizkuntza-eredu eta Batxilergoko modalitate bakoitzean, aurreko bi paragrafoetan aipatu ikasleen eskubideak bermatzeko egoki deritzoten plazen kopurua.
Batxilergoko ikastetxe baten onartze-prozesuetan, lehentasuna izango dute 2009-2010 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikastetxe horri atxikitako batean egin duten ikasleek. Beraz, ikasle horiek atxiki gabeko ikastetxeetatik datozenen aurretik egongo dira, Arte Batxilergorako salbu, aparteko ezaugarriak baitituzte ikasketa horiek. Lehentasun hori izateko, beharrezkoa da, betiere, ikasleak ikastetxe horretan plaza eskatzea bere lehen aukera gisa.
Bosgarrena. Onartze-prozesuari buruzko informazioa.
Onarpen-eskabideak aurkezteko epea ireki baino lehen, ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztiek ondoko informazioa emango diete argibideak eskatzen dituzten ikasleen guraso edo tutoreei, eta ikastetxeko iragarki-taulan ere honako informazio hau ikusi ahal izango da:
Ikasleak ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan onartzeko araudia.
Ikastetxearen eragin-eremua eta eremu horren mugak, Batxilergoan onartzeko baremoa aplikatzeko.
Eskabideak egiteko epea.
Prozesuaren egutegia, onartutako eta onartu gabeko ikasleen zerrendak argitaratzeko data baita erreklamazioak egiteko epeak ere.
Ikastetxeen eskola-kontseiluak eta ordezkaritza-organo gorenak puntuazioak emateko finkatutako irizpideak, Batxilergoan onartzeko baremoaren azken atalean aplikatzeko.
Seigarrena. Onarpen-eskabideak.
Ez dira onartuko eskaerarik ezarritako epea hasi baino lehen. Ikastetxeek epe barruan egindako matrikula-eskaera guztiak onartu eta izapidetu beharko dituzte eta, hala behar bada, barematu.
Eskaera egitean, edo eskaerak egiteko ezarrita dagoen epearen barruan, barematzekoak diren egoerak egiaztatzeko beharrezkoak diren agiriak ere aurkeztu beharko dira. Eskabideak onartzeko epea amaitu ondoren ez da beste agiririk onartuko.
Hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleek ikastetxeari jakinarazi beharko diote egoera hori, dagozkien plazak gordetzeko eta beharrezkoa izan dezaketen laguntza berezia emateko.
Atal edo azpiatal batean puntuatzeko balio duten agirietako bat aurkezten ez bada, batere punturik gabe geratuko da atal edo azpiatal hori. Horrek ez du eskaera baliogabetzen, ez eta gainerako ataletako edo azpiataletako puntuazioak ere.
Eskatzaileen baremaziorako ziurtagirien kopiak aurkezten badira, jatorrizko agiriekin egiaztatu behar dira.
Zazpigarrena. Baremazioa Batxilergoan.
Kurtso, modalitate eta hizkuntza-eredu bakoitzean eskabide-kopurua plaza-kopuruaren berdina edo txikiagoa bada, ez da eskabiderik barematu beharko eta den-denak onartuko dira.
Osterantzean, ikastetxe publikoen Ordezkaritza Organo Gorenak edo ikastetxe itunduen titularrak, eskola-kontseiluaren ikuskapenarekin, eskatzaileen baremazioa egin beharko du, agindu honen II. eranskinean agertzen den baremoaren arabera, eta jarraibide hauetan zehaztutako aplikazio-arauek adierazi bezala. Eskabide bakoitzaren atal eta azpiatal guztiak barematu behar dira.
Zortzigarrena. Baremazioa Heziketa-Zikloetan.
Eskabide-kopurua plaza-kopuruaren berdina edo txikiagoa bada, ez da eskabiderik barematu beharko eta den-denak onartuko dira.
Osterantzean, ikastetxe publikoen Ordezkaritza Organo Gorenak edo ikastetxe itunduen titularrak, eskola-kontseiluaren ikuskapenarekin, eskatzaileen baremazioa egin beharko du. Horretarako, espediente akademikoa edota sarrera-proban lortutako azken nota soilik hartuko da kontuan, eskatzaileak ikastetxe berekoak ala beste ikastetxe batetik etorritakoak diren aintzat hartu gabe.
Erdi Mailako Heziketa Ziklo batean sartu nahi duten ikasleen batez besteko nota kalkulatzeko, eskatzaileak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lau mailetan edota ikasketa horien baliokide akademikotzat jotako ikasketetan lortutako nota guztien batez besteko aritmetikoa egin behar da, bi dezimalekin.
Goi Mailako Heziketa Ziklo batean sartu nahi duten ikasleen batez besteko nota kalkulatzeko, eskatzaileak Batxilergoko bi mailetan edota zuzeneko sarbidearen bidez onartzeko bestelako ikasketetan ateratako nota guztien batez besteko aritmetikoa egin behar da, bi dezimalekin.
Maila bakoitzeko batez besteko notak kalkulatzeko, eskatzaileak maila horretako irakasgai guztietan ateratako noten batez besteko aritmetikoa egin behar da, bi dezimalekin. Ikasgaiaren kalifikazioa kuantitatiboa bada, zenbaki hori hartuko da kontuan, dituen dezimalekin. Ikasgaiaren kalifikazioa kualitatiboa bada, kuantitatibo bihurtuko da honako baremo honen arabera:
Nahikoa: 5,50
Ongi: 6,50
Oso ongi: 7,50
Bikain edota Bikain ohorezko matrikularekin: 9,00
Batxilergo baliozkotua: 6,00
Sarrera-proban «gai»: 6,00
Sarrera-proba egitetik salbuetsita: 6,00
Espediente akademikoaren batez bestekoan edo sarrera-probaren azken notan izandako berdinketak eskola-kontseiluaren edota ikastetxearen Ordezkaritza Organo Gorenaren aurrean egindako zozketa publikoen bidez ebatziko dira.
Bederatzigarrena. Familia-unitatearen errenta eta seme-alaben kopuruaren eragina barematzeko arauak.
Familia-unitatearen urteko errentagatik lortzen diren puntuen kalkulua egiteko, 2008ko Ekitaldi Fiskalean familia osatzen duten kide guztiek lortutako diru-sarrerak zenbatuko dira. Diru-sarrera horiek 42.000 euro edo gutxiago badira (bost bider urte horretako lanbide arteko gutxieneko soldata) eskatzaileari 1,5 puntu emango zaizkio atal horretan.
Eskatzaileek, eskatutako ikastetxea dagoen Lurralde Historiko berean bizi badira, eta haien familia-unitateak 42.000 euro edo gutxiagoko diru-sarrerak badituzte, aitorpena aurkeztu beharko dute, familia-unitateko kide guztiak kontuan izanik errenta diru-kopuru horretakoa edo gutxiagokoa dela esanez, eta Administrazioari baimena emango diote aitorpen horretako egiazkotasuna dagokion Foru Aldundiak egiaztatzeko. Baimen hori sinatzen ez badu, eskatzaileak uko egiten dio baremoaren atal honetako puntuak lortzeari. Pertsona horiek errenta-aitorpenaren agiririk ez dute aurkeztu beharko.
Eskatutako ikastetxea eta familiaren bizilekua Lurralde Historiko berean ez badaude, eta eskatzaileak atal honetako puntuak eskuratu nahi baditu, 2008ko errenta-aitorpenaren kopia aurkeztu beharko du (familia-unitateko kide guztiena eta dagokion Ogasunaren aurrean aurkeztua) eta jatorrizkoa erakutsi beharko du, konpultsa egin ahal izateko. Errenta-aitorpenik egin behar ez bazuten, hori ziurtatzen duen agiria aurkeztu beharko du eskatzaileak.
Baremoak aplikatzean, familia-unitatearen urteko errenta kalkulatzeko 2008ko zerga-oinarri orokorra hartuko da kontuan, eta kide guztien diru-sarrerak zenbatuko dira.
Jarraibide honen aurreko ataletan, familia-unitatetzat hartuko da pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen duten foru-arauetan kontuan hartzen den bera. Ezkontzaren baliogabetasuna, banantzea, dibortzioa edo izatezko bikoteen desegitea gertatu bada, ikaslearen zaintza (epailearen erabaki irmoz edota hitzarmen arautzailez) bere gain duen pertsonaren errentak soilik hartuko dira kontuan. Berdin jokatuko da epai-tutoretzarik, familia-harrerarik edo antzeko babes-neurririk izanez gero, ikasle adingabearen zaintza gurasoak ez diren pertsona fisikoen gain dagoenean. Tutoretza Administrazio publiko baten gain badago, gehieneko puntuazioa emango da atal honetan.
Familia-unitatearen errentagatik lortutako puntuazioa edonolakoa dela ere, 0,25 puntu emango zaizkio eskatzailearen anaia-arreba adingabe bakoitzarengatik. Anaia-arreben kopurua egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztu behar da, eta anaia-arreba adingabeak soilik hartuko dira kontuan.
Hamargarrena. Bizilekuaren gertutasuna edota ikasle, guraso edo legezko tutorearen lantokiaren gertutasuna barematzeko arauak.
Atal honi dagokion puntuazioa lau azpiataletako bati soilik emango zaio. Eskatzaileek azpiatal horietako bat aukeratu beharko dute puntuak lortzeko.
Eskabidea aurkezteko unean ikaslea adingabea bada, eta legez emantzipatua ez badago, ulertuko da ikaslea eta aita, ama edota legezko tutorea bizi diren etxea dela familiaren bizilekua. Kasu horretan, ikaslearen eta guraso edota tutoreen errolda-agiria aurkeztuko da familiaren bizilekua egiaztatzeko.
Ikaslearen guraso izatea egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen tutore izatea egiaztatzeko epaiaren kopia edota dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztuko da.
Eskabidea aurkezteko unean ikaslea adinez nagusia bada edota legez emantzipatua badago, ulertuko da ikaslea bizi den etxea dela familiaren bizilekua. Kasu horretan, familiaren bizilekua egiaztatzeko, dagokion Udalak emandako ikaslearen errolda-agiria aurkeztuko da eta, emantzipatua bada, horren ziurtagiri ofiziala aurkeztu behar du.
Ikaslearen, gurasoen edota legezko tutorearen lantokia eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan badago, eskabidea aurkeztean eskatzaileak egoera hori kontuan hartzea aukeratu dezake, bizilekuaren gertutasuna kontuan hartu ordez.
Kasu horretan, lantokia egiaztatzeko, besteren kontura ari diren langileak badira, enpresaren titularrak edo langileen arduradunak sinatutako ziurtagiria aurkeztu behar da. Agiri horrek adierazi behar du ikasleak edo haren amak, haren aitak edo haren tutoreak enpresa horretan lan egiten duela.
Jarduera norberaren kontura bada, jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda dagoela adierazten duen ziurtagiria aurkeztu behar da lantokia egiaztatzeko. Indarrean dagoen araudiak ezarritakoaren arabera jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda egotea legezko betekizuna ez bada, dagokion Udalak emandako irekitze-baimenaren kopia konpultsatua aurkeztu beharko da.
Lantokia ikastetxearen eragin-eremuan egoteagatik ematen den puntuazioa zenbatzeko garaian, ikaslearen zaintza guraso bakar baten gain badago, guraso horren legezko bikotekidea ere ikaslearen aitatzat edo amatzat hartuko da.
Zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, guraso horri zaintza ematen dion epaiaren kopia aurkeztu behar da, eta biak elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edota izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala ere aurkeztu behar da.
Ikaslearen, gurasoaren edo tutorearen lantokia eragin-eremuaren eremu mugakide batean egotea ez da inolaz ere balioetsiko.
Eskatzailearen, haren aitaren, amaren edota legezko tutorearen lantokiaren gertutasunagatik lortutako puntuak bateraezinak dira bizilekuaren gertutasunagatik lortzen diren puntuekin; eta, halaber, bateraezinak dira ikaslearen aitak, amak edota legezko tutoreak eskatutako ikastetxean lan egiteagatik lortzen diren puntuekin.
Eragin-eremuan egoteagatik jadanik aipatutako egoerei dagokien punturik lortu ez baina ikastetxea dagoen udalerrian bizi direnek puntu bat lortuko dute atal honetan.
Hamaikagarrena. Eskatutako ikastetxean lan egiten duten edo ikasten duten familiartekoak izatea barematzeko arauak.
Atal honetako puntuazioa haren baitan jasotzen diren bi egoeretako batengatik emango da; hau da, bederatzi puntu eskatzaileak neba edo arreba bat edo gehiago dituelako matrikulatutako ikastetxean edo ikastetxe horri atxikitako ikastetxe batean. Zazpi puntu haren aita, ama edo lege-tutoreak eskatutako ikastetxean lan egiten duelako. Bi egoerak batera ematen badira ere, bakarrarengatik emango da puntuazioa; beraz, ezingo dira atal horretan 9 puntu baino gehiago eskuratu.
Atal honi dagokion puntuazioa emateko, beharrezkoa da aipatutako egoera horietako bat ikaslearen onarpen-eskabidea aurkezten den ikasturtean gertatzea, hau da, 2009-2010 ikasturtean.
Anaia-arreba, aita edo ama izatea egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen legezko tutorea izatea epaiaren kopiaren edota dagokion ziurtagiri ofizialaren bidez egiaztatuko da.
Atal honi dagokion puntuazioa ematerakoan, familia-unitatean legezko tutoretza-egoeran edota behin betiko nahiz adopzio aurreko familia-harrera egoeran dauden adingabeak ere anaia-arrebatzat hartuko dira.
Halaber, atal honetan ematen den puntuazioa zenbatzeko garaian, ikaslearen zaintza guraso bakar baten gain badago, guraso horren legezko bikotekidea ere ikaslearen aitatzat edo amatzat hartuko da. Pertsona horren seme-alabak ere anaia-arrebatzat hartuko dira ikaslearekin batera bizi badira. Egoera hori dagokion errolda-agiriaren bidez egiaztatuko da.
Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, guraso horri zaintza ematen dion epaiaren kopia aurkeztu behar da, eta biak elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edota izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala ere aurkeztu behar da.
Hamabigarrena. Ikaslearen edota haren aitaren, amaren, legezko tutorearen edo anaia-arreba baten minusbaliotasuna barematzeko arauak.
Minusbaliotasuna ikasleak berak badu, bi puntu emango zaizkio, eta aurretik aipatutako familiarteko batek badu, puntu bat.
Atal honi dagozkion puntuak emateko, aipatutako pertsona horietako batek % 33ko edo gehiagoko minusbaliotasuna izan behar du. Minusbaliotasuna bi pertsonak edo gehiagok badute ere, puntuak horietako bategatik bakarrik emango dira; beraz, gehienez, 2 puntu lortuko dira atal honetan, minusbaliotasuna ikasleak berak badu, eta puntu bat, minusbaliotasuna aipatutako familiarteko batek badu.
Minusbaliotasuna egiaztatzeko, dagokion Lurralde Historikoko Foru Aldundiaren Gizarte Zerbitzuek edo estatuko antzeko beste organo batek emandako ziurtagiria aurkeztu behar da. Minusbaliotasunaren aitorpen legala adierazi behar du ziurtagiri horrek eta minusbaliotasun gradua % 33koa edo gehiagokoa dela jakinarazi.
Anaia-arreba, aita edo ama izatea egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen legezko tutorea izatea epaiaren kopiaren edota dagokion ziurtagiri ofizialaren bidez egiaztatuko da.
Atal honi dagokion puntuazioa ematerakoan, anaia-arrebatzat hartuko dira familia-unitatean legezko tutoretza-egoeran edota behin betiko nahiz adopzio aurreko familia-harrera egoeran dauden adingabeak.
Halaber, atal honetan ematen den puntuazioa zenbatzeko garaian, ikaslearen zaintza guraso bakar baten gain badago, guraso horren legezko bikotekidea ere ikaslearen aitatzat edo amatzat hartuko da. Pertsona horren seme-alabak ere anaia-arrebatzat hartuko dira ikaslearekin batera bizi badira. Egoera hori dagokion errolda-agiriaren bidez egiaztatuko da.
Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, guraso horri zaintza ematen dion epaiaren kopia aurkeztu behar da, eta biak elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edota izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala ere aurkeztu behar da.
Hamahirugarrena. Familia ugaria izatea barematzeko arauak.
Familia ugaria dela egiaztatzeko, estatuko edozein autonomia-erkidegok emandako agiri ofiziala aurkeztu behar da.
Hamalaugarrena. Ordezkaritza Organo Gorenak edota eskola-kontseiluak nahierara erabakitako egoerak barematzeko arauak.
Ikastetxe publikoetako Ordezkaritza Organo Gorenak eta ikastetxe itunduetako eskola-kontseiluek ezar dezakete, hala nahi izanez gero, irizpide bat edo gehiago eskatzaileei puntu osagarriak emateko. Puntuazio osagarri horretan, gehienez ere, bi puntu emango dira.
Puntuazio osagarri hori emateko irizpideek objektiboak izan behar dute; aginpidedun organoak onartu behar ditu, eta eskabideak aurkezteko epea ireki baino lehen jakinaraziko dira.
Puntuak arrazoi bakar bategatik edota hainbat arrazoirengatik eman daitezke. Hainbat arrazoirengatik ematen badira, puntuak banatzeko bi aukera daude: guztira eman daitezkeen puntuak arrazoi horien artean banatu edo, arrazoi horietako bat betetzen denean, puntu guztiak eman.
Puntu osagarriak emateko irizpideak desberdinak izan daitezke maila edo hezkuntza-etapa bakoitzean.
Atal honetako puntuak emateko irizpideen artean, baremoaren beste ataletan aintzat hartutako arrazoi eta egoerak ere egon daitezke. Hartara, arrazoi eta egoera horiengatik ematen den puntuazioa gehituko da. Baina kontuan hartu behar da atal honetan gehienez ere bi puntu osagarri eman daitezkeela.
Atal honetarako hartutako irizpideen artean ezin dira inolaz ere onartu jaiotzagatik, arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik, iritziagatik edota bestelako ezaugarri edo egoera indibidual nahiz sozialengatik diskriminatzaileak diren irizpideak.
Ikastetxe publikoetako Ordezkaritza Organo Gorenei eta ikastetxe itunduetako eskola-kontseiluei dagokie zehaztea zein agiri aurkeztu behar diren atal honetan aintzat hartuko diren irizpideak betetzen direla ziurtatzeko.
Hamabosgarrena. Onartu diren eta ez diren ikasleen zerrendak.
Onarturiko eta ez onarturiko ikasleen behin-behineko eta behin betiko zerrendek zehaztu behar dute eskatzaile bakoitzak baremoaren atal eta azpiatal bakoitzean lortutako puntuazioa. Zerrendak dagozkien ikastetxeetan jarrita egongo dira, agindu honen 2., 3. eta 4. artikuluetan xedatutako egunetan.
Beste ikastetxeetatik datozen ikasleek jatorrizko ikastetxean zuten plaza galduko dute automatikoki, eta hutsik geratu den plaza hori lehenengo fase horretan onartu gabe gelditu diren ikasleak kokatzeko erabiliko da.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariak, onartze-prozesuaren Berme Batzordearen aholkua jasota, ikastetxea esleituko die onartu gabe gelditu diren ikasleei, eskatzaileek beste ikastetxe batzuentzako adierazitako aukerak aintzat hartuz, ahal bada. Nahitaezkoak ez diren hezkuntza-etapak direnez, ikasleak ahal den neurrian eskolatuko dira, dauden plazen arabera.
Gero edozein aldaketa egiteko, Lurralde Ordezkaritzak eman beharko du baimena.
Hamaseigarrena. Erreklamazioak.
Onartutako eta onartu gabeko ikasleen behin-behineko zerrenden aurka erreklamazioak egin daitezke, ikastetxearen Ordezkaritza Organo Gorenean edota eskola-kontseiluan aurkeztuta, agindu honetan xedatutako epeetan.
Behin betiko zerrendaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza-Ordezkariari, zerrendak argitaratu eta hilabeteko epean.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariak aurkeztutako errekurtsoak ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen agiriak eska ditzake.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariaren erabakia ikaslea egoki eskolatu ahal izateko epean jakinaraziko da. Erabaki horrek administrazio-bidea agortzen du.
Hamazazpigarrena. Hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleak.
Hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleen onartze-prozesua maila bakoitzeko ikastetxeetarako xedatutako prozedura eta egutegi komunaren arabera egingo da, eta Lurralde Ordezkaritzek arduratu behar dute prozesu hori gauzatu eta betetzeaz.
Hemezortzigarrena. Ezartzea.
Jarraibide hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren egunaren biharamunetik aurrera aplikatu beharrekoak dira.
Familia unitatearen urteko errenta (Azpiataletako puntuak metagarriak dira, atalari dagokion gehieneko puntuazioa lortu arte).
2008ko Errenta Aitorpenaren Zerga Oinarria 42.000 euro baino gutxiago bada (5 aldiz lanbide arteko gutxienezko soldata): 1,5 puntu.
2008ko Errenta Aitorpenaren Zerga Oinarria aipatutako kopurua baino gehiago bada: 0 puntu.
Halaber, aurreko kasu guztietan, eskatzaileaz gain duen adin txikiko seme/alaba bakoitzagatik: 0,25 puntu.
Atal honetako gehieneko puntuazioa: 3 puntu.
Bizilekuaren gertutasuna (Azpiataletako puntuak ez dira metagarriak).
Ikaslearen etxea eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan egoteagatik: 5 puntu.
Ikaslearen etxea eskatutako ikastetxearen eragin-eremu mugakidean egoteagatik: 2 puntu.
Ikaslearen etxea eskatutako ikastetxearen udalerri berean egoteagatik (baina ez eragin-eremuan, ez eta mugakideetan ere): puntu 1.
Aitaren, amaren, legezko tutorearen edota ikaslearen beraren lantokia eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan egoteagatik: 2 puntu. (Puntuazio hau bateraezina da ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak eskatutako ikastetxean lan egiteagatik eskuratu daitezken puntuekin).
Atal honetako gehieneko puntuazioa: 5 puntu.
Ikastetxean lan egin edo ikasten duten familiartekoak izatea (Azpiataletako puntuak ez dira metagarriak).
Anaia-arreba bat edo gehiago eskatutako ikastetxean edota atxikitako ikastetxe batean matrikulatuta egoteagatik: 9 puntu.
Aitak, amak edota legezko tutoreak eskatutako ikastetxean lan egiteagatik: 7 puntu.
Atal honetako gehieneko puntuazioa: 9 puntu.
Beste irizpideak (Azpiataletako puntuak metagarriak dira).
Maila orokorreko familia ugarikoa izateagatik: puntu 1.
Maila bereziko familia ugarikoa izateagatik: 1,5 puntu.
Azpiatal honetako gehieneko puntuazioa: 2 puntu.
Ikasle eskatzailearena: 2 puntu.
Aitarena, amarena, legezko tutorearena edota anaia-arreba batena: puntu 1.
Familia-unitateko kide bat eskatutako ikastetxeko kide kooperatibista izateagatik: puntu 1.
Ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenak edota eskola-kontseiluak nahierara erabakitako irizpideak; aurretik azaldutako irizpideetako bat/batzuk izan daitezke, eta betiere irizpide publikoak, objektiboak eta jaiotzagatik, arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik, iritziagatik edota bestelako ezaugarri edo egoera indibidual nahiz sozialengatik diskriminatzaileak ez direnak: 2 puntu (gehienez). (Irizpideak ezagutzera emango dira eta dagokion hezkuntzako lurralde-ordezkariari jakinaraziko zaizkio eskabideak aurkezteko epea ireki baino lehen).
Lehenengoa. Prozedura informatikoaren derrigorrezkotasuna.
Agindu honetako 6. artikuluan eta ondokoetan xedatutakoaren arabera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak horretarako espresuki diseinatu duen prozedura informatiko zehatzaren bidez gauzatu beharra dago eguneko ikasketa-erregimeneko aurrez aurreko ikaskuntzako Batxilergoko ikasleen harrera.
2010-2011 ikasturtean ikasketa horiek emango dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztiak derrigorturik daude hizpide dugun aplikazio informatikoa erabiltzera, betiere, argibide hauetan eta indarrean diren gainerako arauetan ezarri baldintzatan.
IKASTETXE, IKASTURTE, BATXILERGO MOTA ETA HIZKUNTZA-EREDU BAKOITZEAN IZANGO DIREN PLAZEN ESKAINTZAREN DEFINIZIOA
Bigarrena. Batxilergo mota eta hizkuntza-eredu eskainiak.
Ikastetxe publikoetan hizkuntza-eredu bakoitzean eskainiko dira Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak 2010-2011 ikasturtean emateko baimena eman dituen batxilergo motak.
Ikastetxe pribatu itunduek zehaztuko dituzte hizkuntza-eredu bakoitzean eskainiko dituzten batxilergo motak, betiere, azken horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak baimenduak badira. Ikastetxe pribatu itundu batean Batxilergoko taldeak eskaintze hutsak ez dakar taldeon ituntze-bermea.
Hirugarrena. Eskaintzaren datu orokorrak sartzea.
Hezkuntza administrazioak 2010ko apirilaren 20az aurretik sartuko ditu aplikazio informatikoan ikastetxe publiko nahiz pribatu itunduen eskaintzari buruzko datuak, eta zehaztuko du Batxilergoko maila bakoitzean eta hizkuntza-eredu bakoitzean ikastetxeak eskaintzen dituen batxilergo motak, baita maila bakoitzean eskainiko diren taldeen guztizko kopurua ere.
Aukera izango da hasiera batean sartu diren datuak aldatzeko 2010eko maiatzaren 21eko 14:00ak arte. Ikastetxe publikoei buruzko datuak hezkuntza administrazioak soilik alda ditzake. Ikastetxe pribatu itunduei buruzko datuak ikastetxeek alda ditzakete, ondoko arau hauek kontuan izanik:
Ikastetxeek ezin izango dute eskaini, inola ere ez, emateko baimenik ez duten batxilergo motarik.
Bazter utzita ikastetxeek eskaintzea erabaki duten talde kopuru osoa, soilik itunduko da dagozkion arauetan ezarririko talde kopurua.
Laugarrena. Eskaintzaren banaketa, batxilergo moten eta hizkuntza-ereduen arabera.
Talde kopuru maximoak zehaztuko du ikastetxe bakoitzaren hasierako plazen kopuru maximoa ikasturte bakoitzerako. Ikastetxe publikoetan 30 plaza izango ditu talde bakoitzak, eta ikastetxe pribatu itunduetan 35.
Ikastetxe publiko edo pribatu itundu bakoitzari dagokio ezartzea eta aplikazio informatikoan sartzea ikasturte bakoitzerako plazen guztizko kopuruaren banaketa, mota eta hizkuntza-eredu bakoitzaren araberakoa. Horretarako, kontuan izan beharko du aipatu batxilergo mota eta hizkuntza-eredu bakoitzean den eskaera.
Bosgarrena. Plazak gordetzea maila, mota eta hizkuntza-eredu bakoitzean.
Behin maila bakoitzeko plazen guztizko kopurua banaturik, ikastetxe bakoitzari dagokio aurreikustea eta aplikazio informatikoan sartzea batxilergo mota bakoitzean eta hizkuntza-eredu bakoitzean gorde behar diren plazen kopurua ondoko talde hauentzako:
Ikasle errepikatzaileak: Batxilergoko 1. eta 2. mailan egun matrikulaturik dauden eta ikastetxean maila errepikatuko dutela aurreikusten den ikasleak.
Ikastetxeko ikasleak, aurreko mailatik datozenak:
Egun ikastetxean DBHko 4. mailan matrikulaturik dauden eta ikastetxean bertan Batxilergoko 1. maila egingo dutela aurreikusten den ikasleak, arte-batxilergoan izan ezik, gainerako beste guztietan. (Martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuko 5.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, bermatuko da ikasleek ikastetxean jarraitzea ikastetxean ematen diren ikasketak amaitu arte, arte-batxilergoaren kasuan izan ezik).
Egun ikastetxean Batxilergoko 1. mailan matrikulaturik dauden eta ikastetxean Batxilergoko 2. maila egingo dutela aurreikusten den ikasleak, zeinahi batxilergo motatan.
Halaber, martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuko 14. artikuluan xedatutakoaren arabera, ikastetxe publiko eta ikastetxe pribatu itundu guztiek gorde beharko dituzte, izena aurrez emateko eta matrikulatzeko epea amaitu arte, hezkuntzako laguntza-behar bereziak dituzten ikasleak eskolatzeko Hezkuntzako lurralde ordezkariak zehaztu plaza kopurua.
Hezkuntza administrazioari dagokio aplikazio informatikoan sartzea ikastetxe, ikasturte, batxilergo mota eta hizkuntza-eredu bakoitzean arrazoi horregatik gorde behar diren plazen kopurua.
Aplikazio informatikoan sartu beharko dira, 2010eko maiatzaren 21eko 14:00ak baino lehen, mota eta hizkuntza-ereduen araberako eskaintzaren banaketari buruzko eta mota nahiz hizkuntza-eredu bakoitzean plaza gordeei buruzko datuak.
Seigarrena. Eskaintzaren behin betiko egituraketa.
Ikastetxe bakoitzean ikasturte, batxilergo mota eta hizkuntza-eredu bakoitzean eskaintzen diren plazak kalkulatzeko, eragiketa hau egin beharra dago: kendu behar zaio ikastetxeak modalitate eta hizkuntza-eredu bakoitzean eskaini plazei plaza gordeen kopurua (plaza gordeak dira: ikasle errepikatzaileentzako plazak + aurreko mailako ikasleentzako plazak + hezkuntzako laguntza-behar bereziak dituzten ikasleentzako plazak).
Zazpigarrena. Plazen eskaintza berrestea.
2010eko maiatzaren 21eko 14:00ak baino lehen, ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztiek oniritzia eman beharko diete aplikazio informatikoan eskaintzari nahiz plazak gordetzeari buruzko jaso datuei.
Ondoren, aplikazio informatikoak emango dion akta inprimatuko du ikastetxeak, zeinean ageriko diren arestian aipatu datuak. Gero, akta bidaliko du, behar bezala sinaturik eta zigilaturik Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzaren dagokion Ikastetxeen Lurralde Buruzagitzara.
Maiatzaren 31rako, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako Ikastetxeen Lurralde Buruzagitzek berrikusi beharko dituzte haien Lurralde Historikoko ikastetxeek sartu dituzten datu guztiak, eta zuzendu beharko dituzte ikastetxeak baimendua duenarekin bat ez datozen datuak. Zuzenketarik eginez gero, ikastetxe erasana jakinaren gainean jarri beharko dute.
IRAKASGAIEN BLOKEAK DEFINITZEA
Zortzigarrena. Ikastetxeek zenbait irakasgaien bloke definitzeko aukera.
Nahi duten ikastetxeek aplikazio informatikoan zehaztu ditzakete ikasgai zehatzez osatutako irakasgaien bloke bat edo bat baino gehiago. Irakasgaien blokeak definitzean, ikastetxeak otsailaren 3ko 23/2009 Dekretuaren 7. artikuluaren 3. atalean xedatutako mugapenak bete behar ditu. Zehaztapen hori guztiz aukerakoa izango da ikastetxeentzat, eta hizpide dugun zehaztapenaren xede bakarra izango da ikastetxeari erraztea ikasle bakoitzak egingo dituen irakasgaiei buruzko datuak sartzea.
Horrela, datu horiek sartzen badira pertsona baten eskabidean edo azken horren matrikula formalizatzean, nahikoa izango da irakasgaien bloke aukeratua zehaztearekin bloke horretako ikasgai guztiak automatikoki jasotzeko, eta, ondorioz, ez da beharrezkoa izango horiek banan-banan zehaztea.
Irakasgaien blokeak definitu nahi dituzten ikastetxeek aplikazio informatikoan sartu beharko dituzte blokeok 2010eko apirilaren 30eko 14:00ak baino lehen.
SARTZEKO ESKAERAK
Bederatzigarrena. Sartzeko eskabideak aurkeztea.
Pertsona bakoitzak eskaera bakarra egin dezake 2010eko maiatzaren 3 eta 12 bitartean, biak barne. Eskaera egin beharko dute, derrigor, lehen aukera moduan jartzen duten ikastetxean. Pertsona batek eskaera bat baino gehiago egiten badu, prozeduratik kanpo geratuko da automatikoki eta galduko du izan dezakeen eskubide oro.
Eskaera ikastetxe aukeratuan formalizatuko da. Pertsona interesdunak aurkeztu beharko du bere NAN edo identifikazio-agiria eta eskatutako datu guztiak eman. Datuok aplikazio informatikoan sartuko dituzte ikastetxe horretako langileek.
Horrez gain, ikastetxe aukeratuan entregatu beharko ditu kasuan kasu egoki diren agiri guztiak.
Hamargarrena. Pertsona eskatzailea bilatzea aplikazioaren datu-basean.
Datuak sartzea errazte aldera, eskabideko datuak sartzen dituzten ikastetxeko langileek egiaztatu beharko dute pertsona eskatzailea aplikazio informatikoko datu-basean dagoen. Horretarako, pertsona hori bilatu beharko dute haren daturik bereizgarrienak oinarri harturik: NAN, izena, abizenak, jaioteguna eta sexua.
Behin datuak sarturik, aplikazio informatikoak ekarriko du datu sartuekin bat datorren pertsonaren edo pertsonen zerrenda. Zerrendan ageri bada eskatzailearen izena, hura aukeratuko dute, eta ez da beharrezkoa izango datu-basean jasota dauden pertsona horren datuak berriz sartzea.
Hala ez bada, hots, bilaketa egin eta aplikazio informatikoak ez badakar emaitzarik edo ekarri dituenak ez badagozkio pertsona eskatzaileari, erregistro berria zabaldu beharko da datu-basean ageri ez den eskatzaile horrentzat, eta haren datu guztiak sartu.
Hamaikagarrena. Eskabideko datuak sartzea.
Ikastetxeak aplikazio informatikoan sartu beharreko ditu, nahitaez, ondoko datu hauek:
Eskatzailearen datu pertsonalak.
Eskatzaileak egiten dituen eskaera guztiak, lehentasun hurrenkeran.
Eskatzaileak alegatu inguruabarrak, eskabidea barematzeko orduan kontuan har bitez.
Eskatzaileak aurkeztu agiriak.
Hamabigarrena. Eskatzailearen datu pertsonalak.
Ondoko datu hauek sartu beharko dira:
Eskatzailearen NAN edo, eskatzaileak espainiar nazionalitatea ez badu, dagokion identifikazio-agiriaren zenbakia.
Eskatzailearen izena eta bi abizen. Eskatzailearen nazionalitatea ez bada espainiarra eta bigarren abizenik ez badu, inguruabar hori jaso beharko da.
Eskatzailearen sexua, jaioteguna, sorterria, helbidea eta telefono zenbakia.
Eskatzailea eskabidea egin duen unean eskolatua dagoen ikastetxea, maila eta ikasturtea.
Eskatzaileak zehazten badu hezkuntzako behar bereziren bat duela, inguruabar hori jasoko da.
Eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegora heldu berri bada, inguruabar hori jasoko da, baita EAEra zer egunetan heldu den ere.
Eskatzailea adinez txikia bada, jasoko dira gutxienez pertsona arduradun baten datuak (aitarenak, amarenak edo legezko tutorearenak).
Hamahirugarrena. Pertsona eskatzailearen eskaerak, lehentasun hurrenkeran.
Lehendabizi, aplikazio informatikoan sartu behar dira eskatzaileak ikasi nahi duen atzerriko lehen hizkuntza (ingelesa, frantsesa edo alemana) eta erlijioa ikasgaia egin nahi duen ala ez. Erlijioa ikasi nahi badu, lau hauetako bat aukeratu beharko du: katolikoa, ebanjelikoa, islamikoa edo judua.
Ondoren, eskatzaileak egin ditzake, gehienez ere, 12 eskaera, eta lehentasun hurrenkeran zenbakiak jarriko dizkie. Eskaera bakoitzean zehaztu beharko dira ikastetxea, ikasturtea, batxilergo mota eta hizkuntza-eredua (A, D, hiru hizkuntzakoa ingelesarekin edo hiru hizkuntzakoa frantsesarekin).
Aurreko elementuetakoren batekin (ikastetxearekin, batxilergo motarekin edo hizkuntza-ereduarekin) bat ez datorren eskaera egiteko, eskaera berria egin beharra dago.
Sartu beharko dira, lehenik, eskabidea aurkeztu den ikastetxeari buruzko eskaera guztiak. Plaza hasiera batean esleitzeko, eskaera horiek hartuko dira kontuan, ez besterik.
Ondoren, eskatzaileak egin ditzake beste ikastetxe batzuetarako eskaerak. Eskaera aurkeztu denaz bestelako ikastetxe baterako eskaera sartu ondoren ezin izango da atzera sartu hasiera batean aukeratu ikastetxeari buruzko eskaerarik, lehenengo ikastetxearekin lotura duten eskaera guztiak lehenengo sartu behar baitira beti.
Hasierako esleitzean ez dira kontuan hartuko eskabidea aurkeztu denaz bestelako ikastetxeei buruzko eskaerak, azken horiek balio izango dute soilik dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak izan dezan eskatzailearen lehentasunei buruzko informazioa. Horrela, eskatzaileak lehengo ikastetxean egin eskaeretan plazarik ez badu, Lurralde Ordezkaritza aipatuak eskatzaileari plaza eslei diezaioke beste ikastetxeren batean.
Hamalaugarrena. Ikasgaiak aukeratzea.
Hala nahi duten ikastetxeek sar ditzakete, eskatzaileak egiten dituen eskaeretatik lehenengoan, modalitateko ikasgaiei eta eskatzaileak egin nahi duen hautazko ikasgaiari buruzko datuak. Aplikazio informatikoan irakasgaien bloke bat edo bat baino gehiago aurretiaz definitu dituzten ikastetxeetan, irakasgaien bloke aipatuak erabil daitezke ikasgai aukeratuak sartzeko.
Ikastetxeentzat guztiz borondatezkoa izango da datu aipatuak sartzea, egintza horren helburu bakarra izango delarik ikastetxeak aurretiaz edukitzea ikasle bakoitzak lehentasunez egin nahi dituen ikasgaiei buruzko informazioa. Datu horiek ez dira inoiz kontuan hartuko plazak esleitzeko prozesuan.
Eskatzaileak eskaera egiteko unean aukeratu dituen ikasgaiek ez dute eraginik izango azken buruan matrikulatuko dituen ikasgaien gain, ikasgaiak aukeratu behar baititu matrikula formalizatzeko unean.
Hamabosgarrena. Eskatzaileak alegatu inguruabarrak, eskabidea barematzeko orduan kontuan har bitez.
Aplikazio informatikoan ondoko datu hauek sartu beharko dira:
Baremoko A atalari buruzko datuak.
Eskatzaileak alegatzen badu 2008. urteko errentaren aitorpenaren zerga-oinarri orokorrak ez dituela gainditzen 42.000 euroak, ezaugarri hori jasoko da. Errentaren aitorpena Euskal Autonomia Erkidegoan aurkeztu bada, eskatzaileak hezkuntza administrazioari baimena eman beharko dio baieztapen horren egiazkotasuna egiazta dezan dagokion foru ogasunean. Horretarako, egoki den laukia markatu beharra dago. Aitzitik, errentaren aitorpena Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egin bada, 2008. urteari dagokion aitorpenaren fotokopia aurkeztu beharra dago, eta datu aipatua dagokion laukian markatu.
Alegatuz gero eskatzaileak adinez txikiko neba-arrebarik duela, neba-arreben kopurua adierazi beharra dago.
Baremoko B atalari buruzko datuak.
Zehaztuko dira baremoko B ataleko puntuak lortzeko eskatzaileak alegatu dituen helbideak (eskatzailearen bizilekua edota aitaren, amaren, legezko tutorearen edo ikaslearen beraren lantokia).
Baremoko C atalari buruzko datuak.
Eskatzaileak baldin badu ikastetxe eskatuan edo hari atxikitako ikastetxeren batean matrikulaturiko neba-arrebarik, marka jarri beharko da dagokion laukian.
Bestetik, eskatzaileak alegatzen badu bere aitak, amak edo legezko tutoreak ikastetxe eskatuan lan egiten duela, marka jarri beharko da dagokion laukian.
Baremoko D atalari buruzko datuak.
Adierazi beharra dago eskatzailearen familia ugaria den ala ez. Haren familia ugaria baldin bada, zehaztu beharra dago familia ugari orokorra ala berezia den.
Eskatzaileak minusbaliotasunik badu, marka jarri beharra dago dagokion laukian.
Eskatzailearen aita, ama, legezko tutorea edo neba-arrebetakoren bat minusbaliatua bada, marka jarri beharko da dagokion laukian.
Eskatzailearen familiako kideren bat baldin bada ikastetxe eskatuko bazkide kooperatibista, marka jarri beharko da dagokion laukian.
Zehaztu beharra dago Eskola Kontseiluak edo ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenak libreki zehazturiko irizpideetatik zein alegatzen dituen eskatzaileak, eta irizpide horien arabera eskatzaileari zer puntuazio dagokion.
Hamaseigarrena. Eskatzaileak aurkeztu agiriak.
Marka bat jarriko da eskatzaileak entregatu agiri bakoitzari dagokion laukian.
Hamazazpigarrena. Eskabidea berrestea eta grabatzea.
Behin eskabideko datu guztiak sartu, ikastetxeak inprimaki bat erakutsiko dio eskatzaileari, zeinean ageriko diren eskatzailearen datu pertsonalak, eskaera gauzatuak, baremaziorako alegatu inguruabarrak eta agiri aurkeztuak.
Eskatzaileak datu jasoak aztertuko ditu eta, datuak zuzen direla baderitzo, inprimakia sinatuko du. Ikastetxeak zigilua jarriko du inprimaki sinatuan eta aurretiaz sartu dituen datuak grabatuko ditu. Aurreko inprimakia izango da, behin sinatua eta zigilua jarrita, eskatzaileak egin eskaeren frogagiri eta egiaztagiri.
Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Batxilergo eta erdi-mailako eta goi-mailako Lanbide Heziketako herri-ikastetxeetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko prozedura arautzen duen martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuaren 21. artikuluak xedatzen duen arabera, baremazioan gertatutako berdinketak apurtzeko azken irizpidea zozketa publiko bat egitea izango da, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak berariaz ezarritako moduan.
Xedapen hori betetzeko, eskaera grabatzen den unean, aplikazio informatikoak ordena zenbakia esleituko dio ausaz eskaerari. Zenbaki aipatua osoa izango da, 1 eta 99999 bitartekoa. Zenbaki aipatua erabiliko da egon litezkeen berdinketak hausteko, betiere, berdinketa hausteko gainerako irizpide guztiak aplikatuta ere bere horretan badirau.
Hamazortzigarrena. Eskabideko datuak aldatzea.
Eskatzaileek 2010ko maiatzaren 12ra arte izango dute 12a barne datu grabatuetakoren bat aldatzea edo zuzentzea eskatzeko. Egun horretatik aurrera ez da onartuko aldaketarik edo zuzenketarik.
Aldaketak gauzatzeko, eskatzaileak nahitaez aurkeztu beharko du eskaera egitean eman zitzaion jatorrizko egiaztagiri sinatu eta zigilatua. Behin zuzenketa egokiak gauzaturik, inprimaki berria emango zaio eskatzaileari. Eskatzailea ados bada datu berriekin, inprimaki sinatu eta zigilatu berria emango zaio, inprimaki zaharra suntsituko da eta datu berriak grabatuko dira.
Eskabideko datu berriak grabatzean ez da sekula aldatuko datuak estreinakoz grabatu ziren unean eskatzaileari ausaz esleitu zitzaion ordena-zenbakia.
Hemeretzigarrena. Eskabideetako datuak berrestea.
2010eko maiatzaren 21eko 14:00ak baino lehen, ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztiek aplikazio informatikoan egiaztatu beharko dute eskabideetan sartutako datuak zuzenak direla.
Ondoren, ikastetxeak aplikazio informatikoak emango dion akta inprimatuko du, zeinean ageriko diren arestian aipatu datuak. Gero, ikastetxeak akta bidaliko du, behar den moduan sinaturik eta zigilaturik, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzaren dagokion Ikastetxeen Lurralde Buruzagitzara.
ESKAERAK BAREMATZEA
ETA PLAZAK ESLEITZEA
Hogeigarrena. Eskabideak barematzea.
Maiatzaren 3tik aurrera, aplikazio informatikoaren bidez ikastetxeek aukera izango dute uneoro izateko maila, batxilergo mota eta hizkuntza-eredu bakoitzeko plazen eskaeraren berri. Horrela, parada izango dute eskaeraren eta eskaintzaren banaketa alderatzeko, hau da, eranskin honetako hirugarren, laugarren, bosgarren, seigarren eta zazpigarren arauetan ezarri prozeduraren arabera ikastetxeak zehaztu banaketa. Datu horiei esker, ikastetxeak posible bada eskaintzaren hasierako datuak alda ditzake eta hura benetan existitzen den eskaerari egokitu. Arestian zehaztu bezala, posible izango da aldaketa horiek egitea 2010eko maiatzaren 21eko 14:00ak arte.
Une horretatik aurrera, behin ikastetxeko eskaintzaren eta eskaeren datuak aldatzeko epea itxita, aplikazio informatikoak zehaztuko du maila bakoitzean aurkeztu eskabide guztiak onar daitezkeen ala ez. Onar badaitezke, ez da beharrezkoa izango eskabide aurkeztuen baremazioa gauzatzea.
Aitzitik, ezin badaitezke denak onartu, hau da, ikasturte zehatz bateko eskaerak eskaintza gainditzen badu, ikastetxeak barematu beharko ditu ikastetxean aurkeztu diren ikasturte jakin horretarako eskabide guzti-guztiak.
Horretarako, eskatzaileak aurkeztu agiriak aztertu ondotik, ikastetxeak eskatzaile bakoitzak alegatu baremazio-ingurabarrak egiaztatu edo, hala badagokio, aldatu beharko ditu «aplikazio informatikoaren baremazioa» izeneko atalean.
Baremoko B atalean, hots, etxebizitzaren edo lantokiaren gertutasunari buruzkoan, ikastetxeak marka bat jarri beharko du egoki akreditatu den eta eskatzaileari punturik gehien emango dion helbidearen laukian. Horrez gain, ikastetxeak zehaztu beharko du helbide hori bizilekuari edo lantokiari dagokion eta, baita ere, ikastetxea kokaturik dagoen influentzia-zonan, zona mugakidean edo udalerrian dagoen.
Baremazioaren gainerako ataletan ikastetxeak bere horretan utziko ditu eskatzaileak eskaera gauzatzeko unean alegatu dituen inguruabarrekin bat markatu diren laukiak, betiere, ikastetxeak egiaztatzen badu agiri emanek inguruabar horien egiazkotasuna erakusten dutela. Agiri emanek ez badute egiaztatzen inguruabar alegatutakoren bat, ikastetxeak egoki den aldaketa gauzatuko du dagokion baremazio-atalean.
Ikastetxeak ezin izango du aldatu eskatzailearen familia-unitatearen errentaren aitorpenari dagokion atala, betiere, eskatzaileak hezkuntza administrazioari baimena eman badio datu horiek dagokion Foru Ogasunean egiaztatzeko. Kasu horietan hezkuntza administrazioak aldatuko du baremazioaren atal aipatua, betiere, Ogasuneko datuek ez badute erakusten 2008. urteko errentaren aitorpeneko zerga-oinarri orokorra 42.000 eurotik gorakoa ez dela.
Bestetik, atal bakoitza barematzerakoan ikastetxeak aplikatu behar ditu agindu honetako I. eranskineko bederatzigarren, hamargarren, hamaikagarren, hamabigarren, hamahirugarren eta hamalaugarren arauetan ezarri baremazio-arauak.
Baremazioa gauzatu behar duten ikastetxe guztiek prozesu hori amaitu beharko dute 2010eko ekainaren 2ko 24:00ak baino lehen. Behin baremazio-prozesua buruturik, aplikazio informatikoan ontzat eman beharko dituzte, berriz ere, baremazioan sartu datuak.
Hogeita batgarrena. Plazak esleitzea.
2010eko ekainaren 4a baino lehen, ikastetxeek abiaraziko dute Batxilergoko maila bakoitzeko plazak esleitzeko prozesua. Aplikazio informatikoak gauzatuko du aipatu prozesua. Horretarako, kontuan hartuko ditu sartu diren datu guztiak eta aplikatuko du indarreko arauetan ezarritakoa, betiere, jarraian azalduko dugun prozedurarekin bat etorriz.
Lehendabizi, aplikazio informatikoak eskabideak bananduko ditu ondoko irizpide hauek oinarri harturik:
Bi taldetan banatuko dira batxilergo zientifiko eta teknologikoan nahiz giza eta gizarte-zientzien batxilergoan ikasleak onartzeari eta ikasgai komunetan soilik matrikulatu nahi duten pertsonak hartzeari buruzko eskabideak. Talde batean sartuko dira ikastetxe atxikietatik datozen ikasleak, eta beste talde batean gainerako beste guztiak. Lehenengo taldeko eskaerek beti izango dute lehentasuna bigarren taldeko eskaeren gain.
Ondoren, aplikazio informatikoak eskaerak barematuko ditu arestian aipatu bi taldeenak bakoitza bere aldetik agindu honetako II. eranskinean ezarri baremoaren arabera, eta eskaerok ordenan jarriko ditu oinarri harturik, batetik, guztizko puntuazio lortua eta, bestetik, martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuaren bidez ezarri berdinketak hausteko irizpideak. Irizpide horiek guztiak aplikatuta ere baldin bada berdindurik dirauten eskatzailerik, ordenan jarriko dira, txikienetik handienera, eskabideari ausaz esleitu ordena-zenbakiaren arabera.
Eskaerak arte-batxilergoaren zeinahi ibilbidetan onartzeko, eskabide guztiak talde beraren barruan sartuko dira eta ordenan jarriko guztizko puntuazio lortuaren nahiz arestian aipatu berdinketa hausteko irizpideen arabera.
ONARTUEN ZERRENDAK, EZ ONARTUEN ZERRENDAK ETA ERREKLAMAZIOAK
Hogeita bigarrena. Onartuen eta ez onartuen behin-behineko zerrendak.
Aplikazio informatikoak ikastetxeari ekarriko dizkio pertsona onartuen eta ez onartuen behin-behineko zerrendak.
Baremaziorik egitea beharrezkoa izan ez den ikastetxeetan eta mailetan, aplikazio informatikoak pertsona onartuen zerrenda osatuko du batxilergoko modalitate nahiz hizkuntza-eredu bakoitzean. Zerrenda hori ordena alfabetikoan egongo da (lehen abizena, bigarren abizena eta izena).
Baremaziorik egitea beharrezkoa izan den ikastetxeetan eta mailetan, aplikazio informatikoak pertsona onartuen zerrenda osatuko du batxilergoko modalitate nahiz hizkuntza-eredu bakoitzean. Zerrenda hori ordenan egongo da, baremoko guztizko puntuen kopuruaren arabera, handienetik txikienera, eta berdinketa hausteko irizpide ezarriekin bat. Zerrenda horretan zehaztuko da pertsona bakoitzak baremoko atal nahiz azpiatal guztietan lortu duen puntuazioa, baita berdinketak hausteko ausaz esleitu zaion zenbakia ere.
Aplikazio informatikoak, halaber, zerrenda bat osatuko du ezein batxilergo motako eta hizkuntza-eredutako mailetan onartu ez diren pertsonekin. Zerrenda hori ordenan egongo da pertsona onartuen zerrendaren moduan, eta azken horretan jaso zehaztapenak edukiko ditu.
Ikastetxeek argitaratu beharko dituzten behin-behineko zerrenda horiek guztiak 2010eko ekainaren 4an, agindu honetako 2. artikuluan xedatu bezala.
Hogeita hirugarrena. Erreklamazioak aurkeztea.
Pertsona eskatzaileek erreklamazioa aurkez dezakete behin-behineko zerrenden kontra 2010eko ekainak 4 eta 9 bitartean, biak barne.
Ikastetxeak eskatzaileek aurkeztu erreklamazioak jaso beharko ditu aplikazio informatikoan. Horretarako, pertsona interesdunaren fitxara joko, «Erreklamazioak» pantaila zabalduko du, eta bertan sartuko ditu, batetik, baremoko atala edo atalak zeinaren edo zeinen kontra eskatzaileak erreklamazioa aurkeztu duen eta, bestetik, kexa aurkeztu duen pertsonak aurkeztu dituen agiriak.
Jarraian, ikastetxeak erreklamazio aurkeztuaren kopia bat inprimatuko du, sinatuko du eta kexa aurkeztu duen pertsonari entregatuko, inprimaki hori izango delarik erreklamazio aurkeztuaren egiaztagiria.
Hogeita laugarrena. Erreklamazioak ebaztea.
Ikastetxeak erreklamazio aurkeztu guztiak ebatzi beharko ditu 2010eko ekainaren 11 baino lehen.
Horretarako, jo beharko du kexa aurkeztu duen pertsonari dagokion aplikazio informatikoko «Erreklamazioak ebaztea» pantailara. Pantaila horretan agertuko dira baremoko atalak zeinen kontra erreklamazioa egin den. Ikastetxeak erreklamazioa baztertu edo onartu beharko du, guztiz ala partzialki. Horrela, kasu bakoitzean, markak jarri beharko ditu aplikazio informatikoko lauki egokietan eta, hala badagokio, aldatu beharko du baremoko atal edo azpiatal aipatuko behin-behineko puntuazioa.
Erreklamazioa guztiz edo partzialki onartzen bada, aldatuko da erreklamazioa egin duen pertsonari dagokion baremoko puntuazioa.
Hogeita bosgarrena. Onartuen eta ez onartuen behin betiko zerrendak.
Aplikazio informatikoak ikastetxeari ekarriko dizkio pertsona onartuen eta ez onartuen behin betiko zerrendak. Zerrenda horiek ordenan egongo dira behin-behineko zerrenden modu berean eta jasoko dituzte azken horien zehaztapen berberak.
Ikastetxeek argitaratu beharko dituzte behin betiko zerrenda horiek guztiak 2010eko ekainaren 11n, agindu honetako 2. artikuluan xedatu bezala.
Onartuak izan ez diren pertsonekin itxarote zerrenda osatuko da, badaezpada plazarik libre geratu badira, horiek osatzeko.
Behin betiko zerrenden kontra, pertsona interesdunek jar dezakete, 2010eko uztailaren 12ra arte, gora jotzeko errekurtsoa Hezkuntzako lurralde-ordezkariaren aurrean. Aplikazio informatikoan ez da sartuko gora jotzeko errekurtso horiei buruzko informaziorik.
ONARTUAK IZAN EZ DIREN PERTSONEI PLAZA ESLEITZEA
Hogeita seigarrena. Onartuak izan ez diren pertsonei plaza esleitzea.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariak, Onartze Bermeen Batzordearen aholkuei jarraiki, plaza bana esleituko die onartuak izan ez diren eskatzaileei lehenengo aukeratu duten ikastetxeaz bestelakoan. Horretarako, kontuan izango ditu onartuak izan ez diren pertsonek beste ikastetxeetarako zehaztu dituzten aukerak.
Derrigorrezkoa ez den hezkuntza-maila izanik, plaza aipatuak esleituko dira, ahal den neurrian, egon litezkeen plaza hutsen arabera. Hezkuntza administrazioa, hartara, ez dago derrigorturik eskatzaile bakoitzari nahitaez plaza bat esleitzera.
Hezkuntza administrazioak, ondoren, aplikazio informatikoan sartuko du plaza horiek esleitzearen emaitza.
Hogeita zazpigarrena. Onartuak izan ez diren pertsonei esleitu plazen zerrendak.
Aplikazio informatikoak zerrenda hauek ekarriko dizkio ikastetxe bakoitzari:
Ikastetxea lehen aukera moduan jarri, onartuak izan ez eta hezkuntza administrazioak beste ikastetxe batean plaza esleitu dien pertsonen zerrenda. Zerrendan zehaztuko da pertsona horietako bakoitzari zer ikastetxetan, mailatan, modalitatetan eta hizkuntza-eredutan esleitu zaion plaza.
Beste ikastetxe bat lehen aukera moduan jarri, onartuak izan ez eta hezkuntza administrazioak ikastetxe honetan plaza esleitu dien pertsonen zerrenda. Zerrendan zehaztuko da pertsona horietako bakoitzari zer mailatan, modalitatetan eta hizkuntza-eredutan esleitu zaion plaza.
Ikastetxeek bi zerrenda horiek argitaratu beharko dituzte 2010eko ekainaren 24an, agindu honetako 2. artikuluan xedatu bezala. Zerrenda horien kontra ezin izango da erreklamaziorik aurkeztu.
MATRIKULA FORMALIZATZEA
Hogeita zortzigarrena. Matrikula formalizatzeko epeak.
Onartuen behin betiko zerrendan eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak ikastetxe horretan plaza esleitu dien pertsonen zerrendan ageri direnek nahiz prozesuan parte hartu beharrik gabe plaza gorderik zeukatenek (hots, ikastetxean matrikulaturik egon eta maila errepikatuko dutenek nahiz DBHko 4. mailatik Batxilergoko 1. mailara edo Batxilergoko 1. mailatik 2. mailara pasako diren ikasleek) matrikula formalizatu beharko dute ohiko matrikulatze-epean, hau da, 2010eko uztailaren 1etik 6ra bitartean, biak barne, halaxe xedatu baita agindu honetako 2. artikuluan.
Plaza edukitzeko eskubidea duen pertsona batek ez badu matrikula formalizatzen epe ezarrian, galduko ditu hari esleitu edo harentzat gordetako plazaren gaineko eskubide guztiak.
Ikastetxeek egiaztatzen badute hasiera batean aurreikusi baino plaza huts gehiago dituztela (azkenean beharrezkoa zena baino plaza gehiago gorde izanagatik), ohiko epean matrikula ditzakete, baita ere, pertsona onartuen zerrendan ageri ez diren ikasleak, kontuan izanik matrikulazio ikastetxeak 2010eko uztailaren 6ra arte bermatu behar duela arau honetako lehenengo paragrafoan aipatu pertsonek matrikulazioan lehentasuna edukitzeko duten eskubidea.
Era berean, ikastetxeek aukera izango dute, behin ohiko matrikulazio-epea amaiturik plaza hutsak geratzen badira, 2010eko irailaren 30era arte hala eskatzen duten eta kasuan kasu eskatu baldintza akademikoak betetzen dituzten pertsonak matrikulatzeko, plaza huts guztiak bete arte.
Onartuen zerrendan ez dauden pertsonak matrikulatzeari dagokionez, ikastetxeek plaza huts horiek eskaini beharko dizkiete, lehenik, itxarote zerrendan ageri diren pertsonei, zerrendako hurrenkera ordenan.
2010eko urriaren 1etik aurrera, ikastetxeek ezin izango dute Batxilergoan inor libreki matrikulatu. Egun horretatik aurrera pertsonaren batek Batxilergoan matrikulatu nahi badu, baimena eskatu beharko dio dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako Ikastetxeen Lurralde Buruzagitzari. Eskaera zuzenean egin dezake Ordezkaritzan bertan edo, bestela ere, matrikula egin nahi duen ikastetxearen bidez.
Soilik behar bezala justifikaturiko salbuespenezko kasuetan emango du Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako Ikastetxeen Lurralde Buruzagitzak 2010eko urriaren 1etik aurrera Batxilergoan matrikulatzeko baimena. Ikastetxeek ezin izango dituzte pertsona horiek matrikulatu Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak aurretiaz baimenik eman ez badu.
Hogeita bederatzigarrena. Matrikula formalizatzea.
Ohiko epean nahiz epe hori amaitu ondoren gauzatzen diren matrikulazio guztiak egin beharko dira Batxilergorako aplikazio informatiko espezifikoaren bidez, aplikazio horretan sartu beharko direlarik pertsona matrikulatuaren datu guztiak eta haren matrikularen baieztapena.
Matrikulatuko den pertsona ez bada ageri aplikazioaren datu-basean, ikastetxeak erregistro berria ireki beharko du pertsona horrentzat, eta sartu beharko ditu, lehenik, haren datu pertsonalak eta, ondoren, matrikulazioari dagozkion datuak.
Gehien-gehienetan, matrikulatuko den pertsona aplikazio informatikoaren datu-basean ageriko da, bai sartzeko eskabidea aurretiaz egin duelako, bai 2009-2010 ikasturtean ikastetxean edo Euskal Autonomia Erkidegoko beste ikastetxeren batean matrikulatua egon delako. Kasu horretan, sartu ahal izango dira soilik matrikulazioari buruzko datuak, hau da:
Zer ikasturterako egin duen matrikula.
Egingo duen atzerriko lehen hizkuntza (ingelesa, frantsesa edo alemana).
Erlijio ikasgaia egin nahi duen ala ez. Erlijioa ikasi nahi badu, lau hauetako bat aukeratu beharko du: katolikoa, ebanjelikoa, islamikoa edo judua.
Hizkuntza-eredua (A, D, hiru hizkuntzakoa ingelesarekin edo hiru hizkuntzakoa frantsesarekin).
Zehaztu beharra dago matrikula egin duen pertsonak maila errepikatuko duen ala ez (Bai edo Ez). Maila errepikatuko badu, zehaztu beharra dago ikasgai guztiak berriz egingo dituen edo gainditu ez dituen ikasgaietan soilik matrikulatuko den. Ikasleak ikasgai guztiak egin nahi baditu, zehaztu beharra dago aurretiaz lortu dituen kalifikazioei uko egiten dien edo, bestela ere, gainditu dituen ikasgaietako kalifikazioak gorde eta, ikasturte berrian kalifikazio hobea lortuz gero, azken horrekin geratu nahi duen.
Matrikulatzen den batxilergo mota zehaztu beharra dago (zientziak eta teknologia; giza eta gizarte zientziak; artea: arte plastikoen, diseinuaren eta irudiaren ibilbidea ala arte eszenikoen, musikaren eta dantzaren ibilbidea). Aurreko horiei gehitu behar diegu musika eta dantzako Lanbide Heziketan ikasten ari diren pertsonek aukera dutela Batxilergoan matrikulatzeko mota zehatzik hautatu gabe, Batxilergoko ikasgai komunak soilik eginez.
Zehaztu beharra dago, baita ere, ikaslea zer irakasgaien bloketan matrikulatzen den, eranskin honetako zortzigarren arauan xedaturikoa aplikatuz irakasgaien bloke aipatuak zehaztu dituzten ikastetxeen kasuan soilik. Irakasgaien blokea markatuz gero, pertsona automatikoki matrikulaturik egongo da bloke horretako ikasgai guztietan, eta ez da beharrezkoa izango banan-banan markatzea.
Zehaztu behar dira ikaslea matrikulatu den ikasgai guzti-guztiak (komunak, modalitatekoak eta hautazkoa). Mailako ikasgai guztietan matrikulatuko diren pertsonak automatikoki matrikulatuko dira ikasgai komun guztietan, eta ez dira banan-banan markatu behar.
Hautazko ikasgai bat markatzeko, aurretiaz zehaztu beharra dago hautazko ikasgai hori pertsonak egingo duen modalitateko ikasgaia den ikasleak hautagai moduan egingo duena edo, aitzitik, hautazko ikasgaia den. Ondoren, ikasgai aipatua markatu beharra dago aplikazio informatikoak ekarriko duen ikasgai-zerrendan.
Aplikazio informatikoak modalitateko ikasgai moduan ekarriko ditu ikastetxean ematen diren edozein modalitateko ikasgaiak, eta hautazko moduan ekarriko ditu aipatu berri ditugunez gain Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren aginduan hautazko moduan definitzen diren ikasgaiak (hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztietan eman daitezkeenak). Zerrenda horretan agertuko dira, baita ere, ikastetxeak aurretiaz eskatuta berariaz baimendu zaizkion ikasgaiak.
Berezko konfigurazioa duen hautazko ikasgairen bat eman nahi duten ikastetxeek dagokion baimena eskatu beharko diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari 2010eko apirilaren 1a baino lehen. Baimenak ikasturtero eskatu behar dira, hautazko ikasgaia ikasturte zehatz batean emateko baimenak ez baitu balio hurrengo ikasturterako.
Zehaztu beharra dago ikasleak ikastetxean bertan edo urrutiko ikaskuntzaren bidez gauzatuko dituen matrikulatu modalitateko ikasgai eta hautazko ikasgai guztiak. Azken aukera hori posible da soilik ikasleak ikasgai batean matrikulatu nahi badu eta ikastetxeak ezin badu eskaini, dela antolakuntzaren eraginez, dela dagokion taldea osatzeko beharrezkoa den gutxieneko ikasle-kopurua bildu ez duelako. Ikasleei ez zaie baimenik emango urrutiko modalitatean matrikulatzeko ikastetxean ematen den ikasgai batean.
Batxilergoko 2. mailako ikasleen matrikuletan zehaztu behar dira, hala badagokio, gainditzeke dituzten 1. mailako ikasgai matrikulatu berriak.
Hogeita hamargarrena. Agiri emanak.
Ikastetxeak, halaber, aplikazio informatikoan jaso beharko du matrikula gauzatzean pertsona bakoitzak entregatu dituen agiriak.
Hogeita hamaikagarrena. Matrikula baieztatzea.
Behin datu guztiak matrikulan sarturik, ikastetxeak matrikula gordeko du. Ondoren, aplikazio informatikoak osatuko duen agiria inprimatu eta ikasleari emango dio. Inprimaki hori, behin zigilaturik, behin-behineko matrikula gauzatuaren egiaztagiri izango da.
Hala ere, ikaslearen behin betiko matrikula egongo da modalitate edo hizkuntza-eredu horretako taldea osatzeko beharrezkoa den ikasleen gutxieneko kopurua lortzearen mende. Era berean, hasieran aukeratu dituen modalitateko ikasgaietan edo hautazko ikasgaietan matrikulatu ahal izateko, lortu beharko da ikasgai jakin bakoitzeko taldea osatzeko beharrezkoa den ikasle kopuru minimoa.
Ikasgairen batean ez bada lortu taldea osatzeko beharrezkoa den ikasleen kopuru minimoa, ikastetxeak ikasgai aipatua aukeratu duten pertsonekin hitz egin beharko du hasierako haien hautua aldatzeko. Aldaketa horiek aplikazio informatikoan jaso beharko dira berehala. Eta ikasleari eman beharko zaio behin betiko matrikularen egiaztagiri berria.
Hogeita hamabigarrena. Batxilergoko ikasleen matrikulazioari buruzko datuak sartzea ikastetxe pribatu ez itunduetan.
Batxilergoa eskaintzen duten ikastetxe pribatu ez itunduak ez daude derrigorturik hizpide dugun aplikazio informatikoa erabiltzera ikasleak hartzeko prozesuan.
Nolanahi ere, ikastetxe aipatuek aplikazio informatiko horretan sartu beharko dituzte ikastetxean Batxilergoko lehenengo nahiz bigarren mailan matrikulatu ikasleen datuak. Datu horiek sartzeko epea 2010ko irailaren 30ean amaituko da.
DATU ESTATISTIKOAK GORDETZEA
Hogeita hamahirugarrena. Datu estatistikoak gordetzea.
Agindu honetako 5. artikuluan xedatu bezala, ikastetxeek 2010eko uztailaren 7a arteko epea azken egun hori barne izango dute aurre matrikularen eta matrikularen aplikazio informatikoan gordetzeko Batxilergoko matrikulazioari buruzko datu globalak, matrikulazioaren ohiko epeari dagozkionak.
Halaber, irailean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Estatistika Unitateek adierazi epean, Batxilergoko matrikulazioari buruzko behin betiko datuak gorde beharko dituzte aplikazio informatiko aipatuan.
ARAU HAUEN APLIKAZIOA
Hogeita hamalaugarrena. Arau hauen aplikazioa.
Arau hauek guztiak bakoitza bere aplikazio-eremuan eta arauotan ezarri epeak derrigor bete behar dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan Batxilergoa ematen duten ikastetxe publiko eta pribatu guztiek.
Ikastetxeek aplikazio honetan sartzen dituzten datuak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko ikasleei buruzko informazio-iturri ofizial bakarra, eta ikasle horien agiri edo egiaztagiri ofizial guztiak aktak, titulu ofizialak eta antzeko hainbat agiri egingo dira aplikazio horretan, eta ez bestelakoetan, jaso datuekin.
Lehenengoa. Agindu honen 6. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera, informatika-prozedura berezi baten bidez onartuko dira ikasleak 2010-2011 ikasturtean Erdi eta Goi Mailako Hezkuntza Zikloetan. Prozedura hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak diseinatu du, baina ohiko prozedurari jarraituko zaio eskabideak barematzeko eta plazak esleitzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduek informatika-aplikazio hori erabili beharko dute 2010-2011 ikasturtean Erdi edo Goi Mailako Hezkuntza Ziklorik edo urrutiko irakaskuntza telematikoaren lanbide-modulurik eman behar badute. Horretarako, bai jarraibide hauek adierazitakoa, bai indarrean dagoen legedia bete beharko dute ikastetxeek.
Bigarrena. Ikasleek zuzeneko sarbidearen bidez edo sarrera-proba gaindituz onartzeko eskatu ahal izango dute. Inork ezin izango du bide bietatik onartzea eskatu. Hori eginez gero, baztertuta geratuko da eta izan litzakeen eskubide guztiak galduko ditu.
Pertsona bakoitzak eskabide bakarra egin ahal izango du, lehen aukeratzat hautatzen den ikastetxean (nahitaez). Eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, baztertuta geratuko da eta izan litzakeen eskubide guztiak galduko ditu.
Hautatutako ikastetxean egingo da eskabidea. Horretarako, interesdunak Nortasun Agiria edo identifikazio-agiria aurkeztuko du, eta ikastetxeko langileek informatika-aplikazioan sartuko dituzte datuak.
Horrez gain, hautatutako ikastetxean bertan aurkeztu beharko dira agiriak, jarraibide hauen hurrengo ataletan adierazten den moduan.
IKASTETXE, HEZKUNTZA ZIKLO, TXANDA ETA HIZKUNTZA-EREDU BAKOITZAREN PLAZA ESKAINTZA ZEHAZTEA
Hirugarrena. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak baimendutako Hezkuntza Zikloak edo urrutiko irakaskuntza telematikoaren lanbide-moduluak eskainiko dituzte ikastetxe publikoek 2010-2011 ikasturterako.
Ikastetxe pribatuek, berriz, berek erabakiko dute zein Hezkuntza Ziklo eskaini, baldin eta Hezkuntza Ziklo horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak onartuta eta planifikatuta badaude. Ikastetxe pribatu batek Hezkuntza Ziklo bat eskaintzeak ez du bermatzen Hezkuntza Ziklo hori ituntzea.
Gorde beharko dira hezkuntza-ziklo bakoitzean eskaini plaza guztien % 5 pertsona minusbaliatuentzat.
Laugarrena. 2010-2011 ikasturterako eskainitako Hezkuntza Ziklo guztiak informatika-aplikazioan sartuko dituzte ikastetxe itundu guztiek, eta dagokien hizkuntza-eredua eta txanda adieraziko dute. Hezkuntza-administrazioak sartuko ditu ikastetxe publikoen eskaintzaren datuak. Kasu bietan, maiatzaren 21a izango da datuak sartzeko azken eguna.
Maiatzaren 21eko 14:00ak baino lehen, fase honetan sartutako datuak ontzat eman beharko dituzte ikastetxe pribatu itunduek informatika-aplikazioan. Une horretatik aurrera, ikastetxeak ezin izango du sartutako daturik aldatu.
Jarraian, informatika-aplikazioak emango dion akta inprimatuko du ikastetxeak. Han, ikastetxeak 2010-2011 ikasturterako eskainitako Hezkuntza Ziklo guztiak jasoko dira, bakoitzari dagozkion hizkuntza-eredu eta txandekin. Ikastetxeak akta sinatu eta zigilatu, eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako Lanbide Heziketako atalera bidaliko du.
Bosgarrena. Ikastetxe publiko edota itundu batek informatika-aplikazioko datuetan ikastetxeak eskaintzen dituen zikloei edo urrutiko irakaskuntza telematikoaren lanbide-moduluei buruzko informazioan akatsik antzemanez gero, berehala jakinarazi beharko dio Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako Lanbide Heziketako arduradunari (maiatzaren 27 arte, egun hori barne), eta hark aurkeztutako erreklamazioa egiaztatuko du; akatsa zuzendu, eta dagokion ikastetxeari jakinaraziko dio.
Seigarrena. Maiatzaren 28rako, beren Lurralde Historikoko ikastetxe guztiek sartutako datu guztiak berrikusiko dituzte Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako Lanbide Heziketako arduradunek; haiek zuzenduko dituzte ikastetxe bakoitzari baimendu zaionarekin bat ez datozen datuak, eta zuzenketa horien berri emango diote dagokion ikastetxeari.
Maiatzaren 28ko 14:00ak baino lehen, fase horretan sartutako datuak informatikoki ontzat emango dituzte Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako Lanbide Heziketako arduradunek. Hortik aurrera ezin izango da inola ere aldatu eskaintzaren daturik.
Zazpigarrena. Heziketa Ziklo ez-itunduetakoren bat ematen duten ikastetxe pribatu guztiek, (itunpekoek eta ez-itunpekoek), sartu beharko dituzte, Lanbide Heziketako berariazko informatika-aplikazioan, ikastetxeko Heziketa Ziklo horietako eskaintzaren datu guztiak. Datu horiek sartzeko epea 2010eko maiatzaren 31ean bukatuko da.
EDOZEIN HEZIKETA ZIKLOTAN ONARTZEKO ESKABIDEA
Zortzigarrena. Erdi edo Goi Mailako Hezkuntza Ziklo bat edo urrutiko irakaskuntza telematikoaren lanbide-modulu baten bat egin nahi duten ikasleek eskabidea eta beharrezkoak diren ziurtagiriak aurkeztu behar dituzte maiatzaren 31tik ekainaren 11ra bitartean, egun bi horiek barne.
Bederatzigarrena. Eskabidea lehenengo aukeratzat jotako ikastetxean aurkeztu behar da.
Hezkuntza Zikloetan onartzea eskatzeko, hiru aukera eskatu ahal izango dira, lehentasunen arabera jarrita. Eskatutako ikastetxea, zikloaren izena, hizkuntza-eredua (A, D edo hiru hizkuntzakoa) eta txanda (egunekoa edo gauekoa) zehaztu behar dira eskaera bakoitzean. Eskabideetan aurreko elementu guzti-guztiak bat ez datozenean, eskabide desberdintzat hartuko dira.
Urrutiko irakaskuntza telematikoaren lanbide-moduluetan onartzea eskatzeko, bost aukera eskatu ahal izango dira, lehentasunen arabera jarrita. Eskatutako ikastetxea, zikloaren eta urrutiko irakaskuntza telematikoaren lanbide-moduluaren izena eta hizkuntza-eredua zehaztu behar dira eskaera bakoitzean. Eskabideetan aurreko elementu guzti-guztiak bat ez datozenean, eskabide desberdintzat hartuko dira.
Hamargarrena. Sarrera-proba bidez sartzea eskatu eta proba hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurtengo deialdian gainditu dutenek ez dute horren ziurtagiririk aurkeztu behar.
Sarrera-proba bidez sartzea eskatu eta proba hori beste autonomia-erkidegoetan gainditu edo gaindituko dutenek edota proba Euskal Autonomia Erkidegoko aurreko deialdietan gainditu zutenek, berriz, gaitasun-agiria aurkeztu beharko dute. Ziurtagiri hori aurkezteko epea ekainaren 30eko 14:00etan amaitzen da. Eskatzaileak epe horretan ez badu ziurtagiri hori aurkezten, haren eskabidea ez da inolaz ere onartuko.
Hamaikagarrena. Heziketa Ziklo batean edo urrutiko irakaskuntza telematikoaren lanbide-modulu batean zuzeneko sarbidearen bidez onartzea eskatu dutenek ikasketa-ziurtagiria aurkeztu behar dute, sarbide-modalitate horren bidez onartze-prozesuan parte hartzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko. Ziurtagiri hori aurkezteko epea ekainaren 30eko 14:00etan amaitzen da.
Eskatzaileak ikasketa-ziurtagiria aurkezten ez badu, eskabidea onartuko da, baina ez da sartuko aldi arruntean egingo den plazen esleipenean. Zuzenean sartzeko baldintzak geroago betez gero, uztailean, aldi berezi bat izango du ikasketa-ziurtagiria aurkezteko, eta, kasu horretan, plazen bigarren esleipenean hartuko du parte.
Hamabigarrena. Eskatzaileak bere eskabidea egiten duenean, ikastetxeak datu hauek sartu behar ditu informatika-aplikazioan:
Eskatzailearen datuak.
Egiten dituen eskaera guztiak, lehentasunen arabera ordenatuta.
Eskabidearen datuak sartu eta gero, dagokion inprimakia datu pertsonalak, eskatutako zikloak edo urrutiko irakaskuntza telematikoaren lanbide-moduluak eta aurkeztutako agiriei buruzko informazioa jasotzen duena erakutsiko dio ikastetxeak eskatzaileari.
Sartutako datuak aztertuko ditu eskatzaileak eta, onartzen baditu, inprimakia sinatuko du. Sinatutako inprimaki horri zigilua jarriko dio ikastetxeak, eta aurretik sartutako datuak gordeko ditu. Inprimaki hori, sinatuta eta zigilatuta, eskatzaileak egindako eskaeren frogagiri izango da.
Hamahirugarrena. Eskatzaileek ekainaren 11 arte, egun hori barne, eskatu ahal izango dute gordetako datuak aldatu edo zuzentzeko. Egun horretatik aurrera ez da aldaketa edo zuzenketarik onartuko.
Zuzenketak egiteko behar-beharrezkoa izango da aurretiaz emandako jatorrizko frogagiri sinatu eta zigilatua aurkeztea. Dagozkion zuzenketak egin eta gero, beste inprimaki bat emango diote eskatzaileari. Datu berriak onartzen baditu, inprimaki hori emango diote eskatzaileari, sinatuta eta zigilatuta; aurreko inprimakia apurtuko dute eta datu berriak gorde.
Hamalaugarrena. Ekainaren 30eko 24:00ak baino lehenago, fase horretan sartutako datuak informatikoki ontzat emango ditu ikastetxeak. Une horretatik aurrera, ikastetxeak ezin izango ditu aldatu datu horiek.
Halaber, informatika-aplikazioak emango dion akta inprimatuko du ikastetxeak. Han, ikastetxean aurkeztutako eskabideen zerrenda agertuko da. Ikastetxeak akta sinatu eta zigilatu, eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako Lanbide Heziketako atalera bidaliko du.
ESKABIDEAK BAREMATZEA ETA PLAZAK ESLEITZEA
Hamabosgarrena. Prozedura honetan erabilitako informatika-aplikazioaren bidez, ikastetxeak jakingo du nork eskatu duen ikastetxe hori lehenengo, bigarren edo hirugarren tokian.
Ikastetxe bakoitzak barematuko ditu ikastetxea lehenengo aukeratzat eskatu duten ikasleen eskabideak, eta onartuen eta ez-onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratuko ditu, martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuak eta agindu honek ezarritakoaren arabera. Onartuak izan ez diren pertsonak itxarote zerrendan jasoko dira, baremazioan lortu puntuazioaren arabera.
MATRIKULA EGITEA ALDI ARRUNTEAN
Hamaseigarrena. Aldi arruntean onartutako ikasleek eta prozesuan parte hartu behar ez dutenek (maila errepikatzen dutenek edota 1. mailatik 2. mailara pasatzen direnek) matrikulazio-epe arruntean egin beharko dute matrikula, hau da, uztailaren 7tik 13ra bitartean, egun bi horiek barne. Bestela, esleitutako plazari uko egin diotela ulertuko da.
Ohiko matrikulazio epearen ondotik hutsik geratzen diren plazak eskainiko zaizkie, lehendabizi, uztailaren 6an argitaratu itxarote zerrendan ageri diren pertsonei. Azken horiek matrikula formalizatu beharko dute uztailaren 14an eta 15ean.
Itxarote zerrendako pertsona guztiak matrikulatu eta hala ere plaza hutsik geratzen bada, plaza horiek bete daitezke ohiz kanpoko matrikulazio-epean, hurrengo jarraibidean xedatu bezala.
Uztailaren 16a arte, egun hori barne, ikastetxeek aurrematrikula eta matrikulak egiteko erabiltzen duten informatika-aplikazioan grabatu beharko dituzte matrikulazio-epe arrunteko datu orokorrak.
EPE BEREZIA, IKASKETEN ZIURTAGIRIA EKAINEAN AURKEZTU EZIN IZAN DUTEN ESKATZAILEENTZAT
Hamazazpigarrena. Hamaikagarren jarraibidearen azken paragrafoan azaltzen denez, zuzeneko sarbidearen bidez plaza lortzeko eskabidea ekainean aurkeztu baina une horretan baldintzak ez betetzeagatik ikasketen ziurtagiria aurkeztu ez zuten ikasleek epe berezia izango dute, eskatutako titulazioa lortu ostean, ziurtagiri hori aurkeztu ahal izateko. Horretarako, eskabidea aurkeztu zuten ikastetxera joan beharko dute, uztailaren 19an edo 20an, ikasketen ziurtagiria eramatera.
Epe horretan ikasketen ziurtagiria zuzeneko sarbidearen bidez Hezkuntza Zikloetan matrikulatzeko eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duena aurkezten ez badute, eskatzaile horiek onartze-prozesutik kanpo geratuko dira.
Hemezortzigarrena. Ikastetxe bakoitzak ikasle horien eskabideak barematuko ditu, eta onartuen eta ez-onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratuko ditu, martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuak eta agindu honek ezarritakoaren arabera.
Hemeretzigarrena. Onartutako ikasleek ezohiko epean egin ahal izango dute matrikula, uztailaren 26tik 29ra, egun bi horiek barne.
Dagokion epean ikasleak matrikula egiten ez badu, onartze-prozesutik kanpo geratuko da, eta hasiera batean esleitu zioten plaza eta eskatu dituen gainerako plazen eskubide guztiak galduko ditu.
Hogeigarrena. Uztailaren 30erako, egun hori barne, ikastetxeek aurrematrikula eta matrikulak egiteko erabiltzen duten informatika-aplikazioan grabatu beharko dituzte ezohiko matrikulazio-epeko datu orokorrak.
Halaber, uztailaren 30a baino lehen, Hezkuntza Zikloetako berariazko informatika-aplikazioan gorde beharko dute benetan matrikula egin duten ikasle guzti-guztien matrikularen berrestea.
ONARTZE-PROZESUA BETE BEHAR EZ DUTEN HEZKUNTZA ZIKLOETAKO IKASLEEN DATUAK GORDETZEA ETA IKASLEAK MATRIKULATZEA
Hogeita batgarrena. Aurreko jarraibideetan finkatutako epeetan matrikulazioa egin eta gero Hezkuntza Zikloren batean edo urrutiko irakaskuntza telematikoaren lanbide-moduluren batean leku librerik balego, ikasleak 2010eko irailaren 30a arte (egun hori barne) matrikulatu ahal izango dituzte ikastetxeek, ikasleek hala eskatu eta kasu bakoitzean eskatzen diren baldintza akademikoak betetzen badituzte. Hala ere, epeak, betiere, hezkuntza-itunak baimentzeko araudian xedatutakoak izango dira.
Horrelako kasuetan, ikastetxeek berehala sartu beharko dituzte matrikulatutako ikaslearen datuak eta matrikularen berrestea Lanbide Heziketako berariazko informatika-aplikazioan.
Ikastetxe bakoitzeko Hezkuntza Zikloetako ikasle guztien datuak gorde eta matrikulak berresteko prozesua 2010eko irailaren 30a burutu behar da.
2010eko Irailaren 30a pasatu ondoren ikastetxeek ezin izango dute ikasle berririk matrikulatu, behar bezala justifikatutako kasu berezietan salbu, esaterako, bizilekua aldatzeagatik matrikularen lekualdaketa egiten bada edo antzeko kasuren bat bada, betiere behar bezala egiaztatuta.
Hogeita bigarrena. Heziketa Ziklo ez-itunduetakoren bat ematen duten ikastetxe pribatu guztiek sartu beharko dituzte, Lanbide Heziketako berariazko informatika-aplikazioan, ikastetxeko Heziketa Ziklo horietako edozein mailatan matrikulatutako ikasleen datu guztiak. Datu horiek sartzeko epea 2010eko irailaren 30ean bukatuko da.
Hogeita hirugarrena. Erdi edo Goi Mailako Heziketa Zikloak ematen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztiek bete behar dituzte jarraibide hauek guztiak, dagokion aplikazio-eremuan, eta zehaztutako epeak errespetatu behar dituzte.
Ikastetxeek informatika-aplikazio horretan sartutako datuek osatzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko Heziketa Zikloetako ikasleei buruzko informazio-iturri ofizial bakarra. Ikasleei buruzko agiri edota ziurtagiri ofizialak egiteko hala nola aktak, titulu ofizialak eta antzeko dokumentuak, aplikazio horretan jasotako datuak soilik erabiliko dira.
MATRIKULA BALIOGABETZEA ETA DEIALDIARI UKO EGITEA
Hogeita laugarrena. Hezkuntza Ziklo batean matrikula ezeztatuz gero, eskatzailea bajan izango da matrikulatu modulu profesional guztietan eta, ondorioz, ez da hura ebaluatuko eta ez da ageriko ikasturte amaierako ebaluazio-aktetan. Urrutiko irakaskuntza telematikoaren lanbide-modulu batean matrikula ezeztatuz gero, eskatzailea bajan izango da modulu horretan. Ikastetxe publikoetan matrikulatuek ikastetxeko zuzendariari bidali beharko diote eskaera. Ikastetxe pribatuetan matrikulatutako eskatzaileek eskabidea bidali beharko diote ikastetxe pribatua atxiki den ikastetxe publikoko zuzendariari. Eskabidea eta agiri egokiak abenduaren 31 baino lehen aurkeztu behar dira, eta baietsiko dira ondoko inguruabar hauetakoren bat gertatzen den guztietan:
Ikaslea luze gaixo egon izana.
Ikaslea lanean hastea eta horrek ikasleari galaraztea ikasketetan ohiko moduan aritzea.
Ikasleari ohiko moduan ikasketetan aritzea galarazten dioten betebehar pertsonalak edo familiarrak gertatzea.
Ohiz kanpoko beste inguruabar batzuk, eskabidea zuzendu zaion ikastetxeko zuzendariak hautemanak.
Lanbide modulu bakoitzerako aurreikusi deialdiak agortzea ekiditeko, Hezkuntza Zikloetan matrikulatutako ikasleek bi aldiz uko egin diezaiokete ziklo horietako lanbide-moduluetako bakoitzean ebaluatuak eta kalifikatuak izateari. Eskabidea eta egoki diren egiaztagiriak ikastetxeko zuzendariari helarazi behar zaizkio ukatu den ebaluazioa baino hilabete bat lehenago gutxienez. Eskaera ebatziko du ikaslea matrikulaturik dagoen ikastetxe publiko edo pribatuko zuzendariak, eta eskaera baietsiko da betetzen bada arau honetan aurretiaz aurreikusi inguruabarretako bat.
Ikaslearen espediente akademikoari ebazpen horren kopia atxikiko zaio. Eskaera baiesten bada, hizpide dugun inguruabarra jasoko da dagozkion ebaluazio-aktetan.
Urrutiko irakaskuntza telematikoaren modalitatean deialdiari uko egitea ezinezkoa izango da.
JARRAIBIDEOK APLIKATZEA
Hogeita bosgarrena. Jarraibide hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean aplikatzen hasiko dira.