Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2009ko irailaren 24koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko sindikatu-izaerako nekazaritzako erakunde profesionalentzako laguntzetarako 2009ko ekitaldiko deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 205
  • Hurrenkera-zk.: 5723
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/09/24
  • Argitaratze-data: 2009/10/26

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Industria; Herri Administrazioa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2003ko ekitaldian argitaratu zen Euskal Autonomia Erkidegoko sindikatu-izaerako nekazaritzako erakunde profesionalentzako laguntzetarako 2003ko ekitaldiko deialdia egin zuen Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 2003ko urriaren 7ko Agindua, hain zuzen ere 2003ko urriaren 24ko 208 zenbakidun Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. 2004, 2005, 2006, 2007 eta 2008ko ekitaldietan ere laguntza horietarako deialdia egin zen, eta, agindu honen bitartez orain arte ibilitako bideari jarraitu nahi zaio 2009. urtean aurreko ekitaldietan hasitako politikari eutsiz. Horregatik, agindu-proiektuak, 2003ko urriaren 7ko Aginduak bere garaian ezarritako arauak jaso ditu, dagozkion egokitzapenekin.

2008ko laguntza hauetarako deialdia honako arau hauen babesarekin egin da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko 2009. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 29ko 19/2008 Legea.

Deialdi hau egiteko, kontuan hartu dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak diru-laguntzak emateko ezarritako arauak eta honako beste dekretu eta lege hauek xedatutakoa: 689/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena; eta 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena, lege hori aldatu zuen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako idazkerarekin. Aipatutakoez gain, honakoak ere kontuan hartu behar dira: Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.1.c. artikulua, hau da, eskatzaileak ez daudela artikulu horretan aipatutako egoeraren batean ziurtatu behar da (aipatutako legeak aldatu egin zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikulua). Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako diru-

laguntzen onuradunek zerga-betebeharrak betetzen dituztela frogatu behar dutela adierazten duen aurtengo araudi eguneratua ere kontuan hartu behar da.

Aurreko guztiaren ondorioz, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren egitura organikoa eta egitekoena finkatzen duen urriaren 11ko 290/2005 Dekretuarekin bat etorriz, 2005eko ekitaldiari dagozkion laguntzen deialdia egin da, eta honakoa

Lehenenegoa. Helburua.

  1. Agindu honen helburua hau da: Euskal Autonomia Erkidegoko sindikatu-izaerako nekazaritzako erakunde profesionalentzako laguntzak iragartzea 2009ko ekitaldirako, euskal nekazaritza-sektorearekin zerikusia duten gaietan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren hizketakide modura egindako lana dela-eta.

  2. Agindu honi dagokionez, sindikatu-izaerako nekazaritzako erakunde profesionalak hauek dira: Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-sektorearen interes orokorrak ordezkatzea eta defendatzea xedetzat duten eta nekazaritzako profesionalez osaturik dauden erakundeak, inolako bereizketarik egin gabe profesionalek diharduten ekoizpen-azpisektorearen arabera.

    Bigarrena. Eskabideak aurkezteko epea.

    Agindu honen bidez 2009. urterako iragarritako diru-laguntzak eskatzeko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

    Hirugarrena. Eskabideak.

  1. Eskabideak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari bidaliko zaizkio; Zuzendaritza horren Erregistro Nagusian aurkeztuko dira (Donostia kalea 1, Lakua I - 3. solairua, 01010, Vitoria-Gasteiz), zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38.4 artikuluan ezarritako moduetakoren batean.

  2. Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariak sinatuta egongo da eskabidea, eta ondoko agiri hauek batu behar zaizkio:

    1. Eraketa-akta eta administrazio-organo eskudunak ikus-onetsitako estatutuak. 2008ko abuztuaren 6ko Aginduaren kontura laguntzarik eskatu eta lortu duten elkarte profesionalak betebehar honetatik salbuetsiko dira, estatutuak aldatu ezean, zeren, kasu horretan, aldaketaren berri eman behar baitiote Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari.

    2. Estatutuak gordailuturik dauden Erregistroko arduradunak egindako ziurtagiria: inskripzioa indarrean dagoela egiaztatuko du.

    3. Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean dagoela frogatzen duten agiri gaurkotuak.

    4. Erakunde bakoitzaren afiliatu-kopurua, Gizarte Segurantzako nekazaritzako araubide berezian daudenen kopurua ere adierazita; hori egiaztatzeko, erakunde bakoitzeko idazkariak egindako ziurtagiria aurkeztuko da.

    5. Agindu honetan aurreikusitako laguntzei heltzeko elkarte-erabakiaren ziurtagiria.

    6. Erakundearen legezko ordezkariaren zinpeko adierazpena, honako hauen ondoriozko zehapenik betetzen ez egotea egiaztatzen duena: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea aplikatuta emandako diru-laguntza edo laguntza publikoko gaietan jarritako zehapen irmoa, sexu-

      bereizkeria egiteagatik jarritako administrazio-zehapena edo zehapen penala. Adierazpen horrek, halaber, adierazi behar du Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea aintzat hartuta eskatzaileak ez daukala debekatuta laguntza eta diru-laguntzetako deialdietan parte hartzea.

  3. Eskabideak baldintza guztiak betetzen ez baditu, interesdunari hamar eguneko epean hutsa zuzen dezala edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkez ditzala eskatuko zaio; hala egin ezean, bere eskaera bertan behera utziko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 42. artikuluaren arabera ebazpena eman ondoren.

    Laugarrena. Finantziazioa.

    Oraingo deialdi hau finantzatzeko 280.000 euro erabiliko dira guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2009. urteko Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitu den kredituaren barruan. Zenbateko horrek aurrekontu-aldaketak izan ditzake, indarrean dauden legeen arabera. Halakorik gertatuz gero, aldaketa horietatik datorren aurrekontuko diru-izendapenaren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratukotako Nekazaritzaren eta Arrantzaren Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.

    Bosgarrena. Laguntza-mota.

    Agindu honen bidez araututako laguntzak itzulgarriak ez diren funts ekonomikoak dira, eta jarraian adieraziko diren kontsulta-organo eta lantaldeetara joateak eta horietan parte hartzeak nekazaritzako erakunde profesionalei eragindako gastuak ordaintzeko emango dira:

    Nekazaritzako Aholku Mahai Nazionala eta bere batzorde sektorialak.

    Landaberriren baitan eratutako lantaldeak.

    Landa Garapenerako Kontseilu Aholkularia.

    Seigarrena. Betekizunak.

    Nekazaritzako elkarte profesionalek agindu honetan araututako diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte, baldintza hauek betetzen badituzte:

    1. Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea.

    2. Legez eratuta egotea eta nortasun juridiko propioa izatea.

    3. Agindu honen ebazpenaren bosgarren zatian aipatzen diren kontsulta-organo eta lantaldeetariko batean parte hartzea.

      Zazpigarrena. Ebazpena.

      1. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariak ebatziko du diru-laguntza ematea ala ez ematea, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritza Politikako Batzordeak txostena egin ondoren. Hiru hilabete izango dira ebazpena emateko, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unetik kontatzen hasita.

      2. Hiru hilabeteok igaro eta ebazpen zehatzik eman eta jakinarazi ez bada, interesdunek beraien eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 44. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

      3. Ematen den ebazpenaren aurka, bai eta epea igaro eta ebazpen zehatzik eman ez izanaren aurka, interesdunek gorako errekurtsoa jar diezaiokete Nekazaritzaren eta Arrantzaren Garapeneko sailburuordeari, 30/1992 Legearen 114. artikuluan xedatutakoaren arabera.

        Zortzigarrena. Laguntza kalkulatzeko prozedura.

        Onuradun gertatzen den elkarte profesional bakoitzak jasoko duen zenbateko osoa honako prozedura honen arabera zehaztuko da:

        1. Lehenengo eta behin, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2009ko ekitaldiko aurrekontu orokorretan xede honetarako erreserbatuta dagoen zenbatekoa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde historikoen artean hainbanatuko da, eta horren emaitza lurralde historiko bakoitzean diharduten erakunde profesional guztiek batera jasoko duten gehieneko zenbatekoa izango da.

        2. Lurralde historiko bakoitzari egotzitako zenbatekoa honela banatuko da:

          Heren bat hainbanatuko da delako lurralde historikoan diharduten erakunde profesionalen artean.

          Beste heren bat proportzioan banatuko da erakunde profesionalen artean; hain zuzen ere, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Araubide Berezian izena emanda dauden afiliatu-kopuruaren arabera, hirugarren ebazpen-zatiaren 2.d) paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriaz.

          Gainontzeko herena ere proportzioz banatuko da, Administrazioaren hizketakide modura egindako lanen arabera. Horretarako, Nekazaritzako Aholku Mahai Nazionalaren eta batzorde sektorialen, Landaberriren barruan sortzen diren lantaldeen eta Landa Garapenerako Kontseilu Aholkulariaren bileretara joatea eta horietan parte hartzea izango da irizpidea. Joate eta parte-hartze hori bileretako aktaren kopiaren bidez egiaztatuko da, eta bilera bakoitzeko idazkariak agiri hori kautotuko du.

          Bederatzigarrena. Ordainketa.

          Emandako diru-laguntza ordainketa bakarraren bidez gauzatuko da, dagokion ebazpena eman ondoren.

          Hamargarrena. Bateragarritasuna.

          Agindu honetan aurreikusitako laguntzak baterae­zinak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak emandako beste edozeinekin, baldin eta helburu bera badute (agindu honetako bosgarren ebazpen-zatian aipaturiko foroetara joateko eta horietan parte hartzeko lanak finantzatzea).

          Hamaikagarrena. Betebeharrak.

          Onuradunak bere gain hartuko ditu, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.2. artikuluan ezarritako betebeharrak, eta, bereziki, behartuta egongo da xedapen honen kontura jasotako laguntzei buruz Ekonomi Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak -haien eginkizunak betetzeko- eska ditzaketen argibide guztiak ematera.

          Hamabigarrena. Ez betetzea.

          Agindu honetan ezarritako baldintza guztiak bete behar ditu onuradunak. Hala egiten ez badu, edo gezurrezko daturik aurkezten badu -Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak hasiko duen espedientea tramitatu ondoren, eta interesdunari entzuteko hamabost eguneko epea igaro ondoren-, onuradunak diru-laguntza galduko du, eta jasotako ordainak eta aplikatzekoak diren legezko korrituak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari bi hilabeteko epearen barruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legean ezarri bezala, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako prozeduraren arabera.

Lehenengoa. Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza, eta Arrantza sailburuari hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epearen barruan. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasiko da kontatzen epea.

Bigarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko irailaren 24a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza,

Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik