Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2001eko abuztuaren 1ekoa, Herrizaingo sailburuarena, Larrialdiei Aurregiteko Euskal Sistemaren taktika operatiboak onartzeko, eta Larrialdietan Koordinatuta Eskuhartzeko Zerbitzua sortzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Herrizaingo Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 178
- Hurrenkera-zk.: 5086
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2001/08/01
- Argitaratze-data: 2001/09/13
Gaikako eremua
- Gaia: Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Herrizaingoa; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Hondamendi ez diren egoera gorabeheratsuetan, Larrialdiei Aurregiteko Sistemak erantzunak emateko dituen baliabideen parte dira eskuhartze-taktikak, eta, bestalde, SOS-Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroek duten oinarrizko tresna dira. Eskuhartze-taktika horien gaineko oinarrizko arauak ondoko legean eta dekretuan jasotzen dira: Larrialdiak Kudeatzeari buruzko apirilaren 3ko 1/1996 Legea (III. Kapitulua); Euskadiko Babes Zibilari Buruzko Plana "LABI-Larrialdiei Aurregitekoei Bidea" onartu, eta Larrialdiei Aurregiteko Sistema integratzeko baliabideak arautzen dituen 153/1997 Dekretua, ekainaren 24koa (2. eta 3. artikuluak).
Taktiken egitura egitasmo sinoptiko bat da, balizko gorabehera tipifikatuei aurregiteko dena, zeinetan honako hauek zehazten baitira: a) deia edo alarma ebaluatu eta identifikatzeko irizpideak, b) baliarazi daitezkeen baliabide, bitarteko eta zerbitzuak, eta horietariko bakoitzaz egingo diren funtzioak, kontuan izanik: egoera, gorabehera-mota eta larrialdiaren fasea; c) baliabideak, bitartekoak eta zerbitzuak abian jartzeko irizpideak eta protokoloak, beti ere honako printzipio hauek erabiliaz: erantzuna berehalakoa izatearena, hurbiltasunarena, baliabideak izatearena, profesionalizazioarena, espezializazioarena eta subsidiaritatearena.
Taktikek aplikazio-mailak zehaztu behar dituzte, hain zuzen ere, operazioen zuzendaritza behar izatearen edo ez izatearen eta baliabideak aktibatzeko moduaren araberakoak, beti ere, Larrialdiei Aurregiteari buruzko Legeko 26.3 artikuluan eta ekainaren 24ko 153/1997 Dekretuko 2.3 artikuluan jasotako hipotesiak kontuan izanik.
Taktika operatiboak prestatzeko, beharrezkoa izan da parte diren entitate eta erakunde pribatu zein publikoen laguntza, beti ere, Larrialdiei Aurregiteari buruzko Legearen 25. eta 26.2 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriaz.
Larrialdiei Aurregiteari buruzko Legeko 26.2 artikuluan xedatutakoarekin bat prestatu dira taktika operatiboak. Lege horrek Herrizaingo Sailari esleitzen dio taktika operatiboak onartzeko eskumena, beti ere, administrazio eta zerbitzu interesatuak entzun ondoren eta Euskadiko Babes Zibilerako Batzordeak txostena egin ondoren —txosten hori 2001eko uztailaren 5ean eman zen eta aldekoa izan zen—.
Urriaren 19ko 358/1999 Dekretuaren bitartez, Herrizaingo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezarri ziren, eta bere 2.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, Herrizaingo sailburuari dagokio: dekretu horretan arautuetakoez beheragoko administrazio-unitateak ezartzea. Eta artikulu horrekin bat etorriaz, Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzaren barruan, Larrialdietan Koordinatuta Eskuhartzeko Zerbitzua sortzen da.
Eta esandakoaren ondorioz, honako hau
– Larrialdiei Aurregiteko Euskal Sistemaren taktika operatiboak, eranskinean zehaztutakoak, onartzea.
– Eranskinean zehaztutako taktika operatiboak parte hartu behar duten zerbitzuei jakinarazi beharko zaizkie.
Larrialdiei Aurregiteko Euskal Sistemako informazio- eta telekomunikazio-sistemetan taktika operatibo hauetan xedatutakoa txerta dadin, beharrezko neurriak hartu beharko dira.
– Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzaren barruan, Larrialdietan Koordinatuta Eskuhartzeko Zerbitzua sortzen da. Zerbitzu horren bitartez egin beharko diren funtzioak honako hauek izango dira: taktika operatiboek, babes zibileko egitasmoek eta erabili beharreko gainontzeko arauek xedatzen dutenarekin bat, larrialdiei aurre egiteko eskuhartze-eskumenei dagokionez, zuzendaritza hari laguntza ematea, eta esandakoarekin zerikusia duen edozein funtzio burutzea, beti ere Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzako beste administrazio-unitate batzuei dagozkien funtzioak errespetaturik.
– Hartarako ezarritako guardiako txanden bitartez, zerbitzu iraunkorra bermatzeko eran antolatu beharko da aipatu zerbitzua.
– Larrialdiak Kudeatzeari buruzko apirilaren 3ko 1/1996 Legeko 26.3.c) artikuluan zehaztutako kasuei dagokienez, lege horretan aurreikusitako erabakiak hartzeko eskumena Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzari dagokio. Hala ezin bada, Larrialdietan Koordinatuta Eskuhartzeko Zerbitzuko arduradunak xedatuko ditu aipatu erabakiak.
– Herrizaingo sailburuak edozein unetan beregana dezake gorago aipatutako neurriak hartzeko eskumena.
– Premia handiko aparteko kasuetan, Larrialdietan Koordinatuta Eskuhartzeko Zerbitzuko teknikari batek, zehazki, taktika operatiboa aplikatzeko mobilizatutakoak har ditzake direlako neurriak, eta hala ezin bada, Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko txandetako buruak. Erabakiak albait arinen jakinarazi beharko zaizkio Larrialdiei Aurregiteko zuzendariari, eta hala ezin bada, Larrialdietan Koordinatuta eskuhartzeko Zentroko arduradunari.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Eragina
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik harako ondorioak izango ditu agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2001eko abuztuaren 1a.
Herrizaingo sailburua,
JAVIER BALZA AGUILERA.
Zerrenda
– Taktika operatiboetako xedapen komunak
– Sarrera
– Taktika operatiboei buruzko kontzeptua
– Taktika operatiboen egitura
– Baliabideen eta bitartekoen katalogoa
– Taktikak aktibatzea
– Baliabideak mobilizatzea
– Taktika operatiboa garatzea
Koordinazio teknikoa
Eskuhartzea
Aginte-postu aurreratua
Ekintza-unitatea abiarazteko neurriak
– Gorabeheraren amaiera
– Onartutako taktika operatiboen zerrenda orokorra
– (MENDI) Mendia:
(M1) Erreskatea mendian / landaldean. Landaldeetan edo mendialdeetan (kobak, lezeak) aurkitutako pertsonak erreskatatzea.
(M2) Bilaketak mendietan / landaldeetan. Landaldeetan edo mendialdeetan (kobak, lezeak) galdutako pertsonak bilatzea.
– (URA) Uretakoak:
(U1) Itsasoan (kanpoko uretan) salbamenduak. Itsas zabalean aurkitutako pertsonak eta ondasunak salbatzea (itsasontzietako suteak ere hartakotzat jotzen dira).
(U2) Ibai-urtegietako eta itsasertze-kostaldeetako salbamenduak. Aurkitutako pertsonen zein ondasunen salbamendu azkarra, edo ibai-urtegietako eta itsasertz-kostaldeetako gorpuak jasotzea.
– (SUTEGI) Suteak:
(SG1) Hirietako eta landaldeetako suteak. Hiriguneetako urbanizatu gabeko landaldeetako suteak.
(SG2) Basoko sutea. Baso-inguruneetako suteak.
– Salgai arriskutsuak garraiatzea: TPC/TPF. Trafiko-istripuak eta trenbideetako istripuak, zeinetan gai arriskutsuak baitaude.
TPC1-TPF1-matxura. Edukitzailea ongi. Edukia ihesik gabe.
TPC2-TPF2-Edukitzailea kaltetuta. Edukia ihesik gabe.
TPC3-TPF3-ihesa.
TPC4-TPF4-ihesa sutearekin.
TPC5-TPF5-edukiak eztanda egitea eta edukitzailea hondatzea.
– Industria:
(Sg3) Industriako sutea. Kimikoen taldekoa ez den eta jarduera industriala duen edozein enpresatako sutea, hiriguneetan edo landaldeetan.
(KIMIKA) Gai arriskutsuak (olioduktuak barne). Enpresetan kimikarekin zerikusia duten istripuak, deklaratu beharrekoak barne.
– Trenbideak
(T1) Harrapatzea. Ibilgailu soilak, garraio publikoetarako ibilgailuak eta pertsonak harrapatzea.
(T2) Errailetik irtetea, talka, kolpea.
– Abiazioa:
(txori 1) Hegazkin-istripua aireportutik kanpokoa. Hegazkin bat tarteko deneko edo izan litekeeneko gorabehera oro.
(txori 2) Hegazkin-istripua aireportu barrukoa. Aireportu barruan, hegazkin bat tarteko deneko edo izan litekeeneko gorabeherak.
– (HIRI) Hiriguneak:
(H1) Hiriguneetako erreskateak. Hiriguneetan pertsonak (igogailuetan eta barruko patioetan irten ezinik daudenak eta abar) erreskatatzea.
– Erradiologikoak:
GAROÑA 0. Garoñako zentral nuklearrean jazotzen diren istripuak. Kanpo laguntza ez da beharrezkoa.
GAROÑA 1. Penbu Garapena.
(RADIUM) Instalazio erradioaktiboak. Material eta instalazio erradioaktiboak tarteko direla jazotakoak, hain justu ere, TPC/TPF taktiketan zehazten ez diren eta Santa María de Garoñako zentral nuklearrari eragiten ez diotenak.
– Gasa:
(GAS) Ihesa, sutea, leherketa. Metano, propano, butano, gas natural, hiri-gas edo gas hidrokarburoen leherketa, sutea edo ihesa jazotzen deneko egoerak
– Ingurumena
(IGA) Atmosfera lohitzea.
(IGR) Ibaia/urtegia lohitzea.
(IGM) Itsasoa/marea-gunea lohitzea. Itsasoko urari eta marea-guneari (estuarioak, itsasadarrak ..) eragiten diena.
(IGT) Lurra lohitzea -hondakinak. Lurrari eragiten diona, eta etxeetako, industrietako, nekazaritzako eta beste leku batzuetatiko hondakinak agertzea ere bai.
– Meteorologia:
(HAIZEA) Haizeak
(GALERNAS) Galernak
(ELURRA) Elurteak
(EURIA) Euriteak
(UHOLDE) Uholdeak
– (ERAMAN) Hornidura
– (LURRA) Lurrak irristatzea/lur-jauziak. Lurren mugimenduek (lurrak irristatzea, lur-jauzia eta abar) eragindako gorabeherak. Lurpean diren pertsonak erreskatatzea ere bai.
– (HOTEL) Aterpetzea-ebakuazioa. Gorabeheraren batek eragiten dien pertsonak ebakuatzea edo aterpetzea beharrezkoa deneko kasuak.
– (URTEGI) Presak. Urtegiek edo presek gainezka egin edo apurtzeko posibilitatearekin zerikusia duten gorabeherak.
– Sarrera.
Istripuen ondorioz larrialdi egoerak sortzen dira, normaltasuna hausten dutenak. Egoera horien aurrean erreakzionatuaz, ondorioei aurre egiteko erantzun batzuk abiarazten dira, izan diren biktimak lagundu eta erreskatatzeko, eta kalte eta galera gehiago ez izateko. Eta hartarako, honelaxe jarduten da: istripuak daukan izaria murriztuaz, istripua neutralizatuaz, eta, amaitutakoan, eraginik izan duten oinarrizko zerbitzuak berriro abian jarriaz.
Istripuei aurre egiteko, mobilizatu egin behar izaten dira zenbait zerbitzu (baliabide materialak, giza baliabideak). Baina, zerbitzu horien funtzioak aldez aurretik eduki beharko dira zehaztuta, eta horretaz gain, zehatz-mehatz koordinatuta egin beharko dituzte eskuhartzeak, hain justu ere, helburu komuna ahalegin txikienaz eta eraginkortasun handienaz lortzearren. Ahalik eta programa zehatzenaren araberakoak izan behar dute aipatu jarduerek –istripu-motaz eta istripuari berari eragiten dioten faktoreez eskura dagoen informazioaren araberakoak–. Programa hori jarduera-prozeduran jaso behar da, zeinak aldez aurretik prestatutakoa ezeze, aplikatuko deneko arloan diren arriskuei egokitutakoa ere, izan beharko baitu.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, baliabideek, bitartekoek, egitasmoek, prozedurek eta protokoloek osatzen dute (LABI) Larrialdiei Aurregiteko Sistema, zeinak integratu egiten baititu edozein larrialdi eta premialdiri aurre egiteko baliabideak —ekainaren 24ko 153/97 Dekretuan araututako taktika operatiboek osatzen dute baliabide nagusienetariko bat.
– Taktika operatiboei buruzko kontzeptua.
Larrialdiak Kudeatzeari buruzko apirilaren 3ko 1/1996 Legeko III. kapituluan aipatzen diren egoera gorabeheratsuetan —hondamendi ez direnetan— larrialdiei aurre egiteko sistemak erantzunak emateko duen baliabidea osatzen dute taktika operatiboek, eta, bestalde, SOS-Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroek daukaten oinarrizko tresna dira.
– Eta hartarako, deiaren edo alarmaren mezua denbora errealean identifikatu eta ebaluatzeko prozesuak zehazten dituzte, eta bai baliabideak eta bitartekoak mobilizatzeko irizpideak eta hartu beharreko neurriak —gorabehera-motaren eta larrialdiaren fasearen araberakoak— ere (Larrialdiak Kudeatzeari buruzko apirilaren 3ko 1/1996 Legearen 26. artikulua).
– Taktika operatiboen egitura.
Izan litekeen gorabehera tipifikatu bati erantzuna emateko egitasmo sinoptiko baten egitura bezalakoa da taktikena ere, hartarako, deiaren edo alarmaren mezua denbora errealean identifikatu eta ebaluatzeko irizpideak zehazten dituena, eta bai mobilizatu daitezkeen zerbitzuak, bitartekoak eta baliabideak, eta horietariko bakoitzarekin egin beharreko funtzioak ere –egoerari eragiten dioten faktoreen, gorabehera motaren eta larrialdiaren fasearen arabera, aldez aurretik ezarritakoak–. Bestalde, baliabideak, bitartekoak eta zerbitzuak mobilizatzeko jarraibideak eta irizpideak ere finkatzen ditu.
– Baliabideen eta bitartekoen katalogoa.
– Larrialdiei aurre egiteko euskal sistemak berea den baliabideen eta bitartekoen katalogoa dauka, etengabe eguneratzen dena eta honako hauek ere kontsideratzen dituena: baliabide edo bitarteko bakoitzak duen erantzuteko gaitasuna (denbora-, kalitate- eta kantitate-izariak kontuan dituena), titularitatea, kopurua, egoera, baliatu ahal izateko aukerak, mobilizatzeko sistema egonkorrak eta erantzuna emateko denborak.
– Larrialdiei Aurregiteari buruzko apirilaren 3ko 1/1996 Legearen 25. artikuluan zehaztutako erakunde eta entitate publikoek zein pribatuek laguntza emateko obligazioa dute, ondoko hauei buruzko informazioa emanez: kokapenaz, langile kopuruaz, baliabide teknikoez, zerbitzuak emateko sistemez eta, oro har, larrialdietan eta premialdietan erabili daitezkeen baliabideez eta bai esandako horiei dagokienez jazotzen diren muntako aldaketez ere.
– Taktika aktibatzea.
– SOS-Deiak gorabehera bat jakinarazi, eta taktika operatiboak erabiltzeko aurreikusitako kasutzat jo eta identifikatu ezkero, SOS-Deiak Zentroko operadoreak, eskatutako eskuhartzea burutzeko, beharrezko argibideak jaso eta bildu beharko ditu. Hartarako, honako honetaz baliatu beharko da: erabili beharreko taktika operatiboari dagokionez aurreikusitako oinarrizko argibideak biltzeko inprimakiaz
– Gorabehera baten gaineko argibideak bildu eta katalogatu ostean, taktika egokia aktibatu beharko da —taktikan bertan zehaztutakoaren arabera.
– Baliabideak mobilizatzea.
– Taktika operatibo baten aurreikusitako baliabide-mobilizazioa, taktikan bertan zehaztutakoaren arabera egin beharko da, beti ere ondoko fase hauetan:
Fase automatikoa: taktikan aurreikusitako baliabideak automatikoki mobilizatzea dakarrena, eta bai jardueraren gaineko segimendua, baliabideak koordinatzea eta baliabide-mobilizazioari dagokionez neurri-zuzentzaileak ezartzea ere.
Fase diferitua: Larrialdietan Koordinatuta Eskuhartzeko Zerbitzuko teknikari mobilizatuak eskatuta baliabideak mobilizatzea dakarrena, eta bai teknikari horrek eskatutako gestioak dokumentatu eta egitea ere.
– Mobilizazio-irizpideek larrialdiko premiak izan beharko dituzte kontuan, beti ere honako printzipio hauek errespetatuaz: erantzuna berehalakoa izatearena, larrialdia jazotzen den lekuarekiko hurbiltasunarena, bitartekoak izatearena, profesionalizazioarena, eskuhartzen dutenen espezializazioarena, baliabideen eta bitartekoen osagarritasunarena, eta subsidiaritatearena.
– Taktika operatiboa garatzea.
– Koordinazio teknikoa: Taktika operatiboan xedatutakoa garatzeko koordinazio teknikoa bultzatu beharko du SOS-Deiak Larrialdiei Aurregiteko Zentroak. Eta esandakoari dagokionez, gorabeheran sortzen den informazioa bideratu eta zentralizatzea jotzen da koordinazio teknikotzat, eta bai langintza bateratua bultzatzeko eta eskuhartzeko baliabideak hobeto kudeatzeko ekintzak ere.
Fase diferitutako mobilizazioari dagokionez, Larrialdietan Koordinatuta Eskuhartzeko Zerbitzuko teknikariak zuzendu eta ikuskatu beharko ditu aipatu eginkizunak.
– Eskuhartzea: larrialdiari aurre egiteko, mobilizatutako zerbitzuek burutzen dutena, hain justu ere, zerbitzuen aginte pean, eta erabili beharreko taktika operatiboak, eginkizunak banatzeko finkatutako irizpideak kontuan izanik.
Larrialdietan Koordinatuta Eskuhartzeko Zerbitzuko teknikari mobilizatuak bere gain hartu beharko ditu: erabiliko den taktikan aurreikusitako koordinazioa, zehazki, eskuhartzen dutenen ekintzak bateratuak izan daitezen bultzatzea, eta SOS-Deiak-ekiko lotura egitea.
Ekintzak bateratuak izan daitezen eta beharrezkoa bada, larrialdia jazo denetik hurbil aginte-postu bateratu bat atondu beharko da. Postu hori agintearen zentroa izango da, hau da, istripu-lekura doazen zerbitzuen ordezkariak integratuko ditu, eta, bestalde, erabili daitezkeen bitarteko eta baliabideen ekintzak zuzenduko ditu. Aginte-postu bateratua eratu izana eta dituen kideak berehala jakinarazi beharko zaizkio SOS-deiak-i.
– Ekintza bateratuak inplementatzeko neurriak: Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko zuzendariak edo, horrek ezin badu, Larrialdietan Koordinatuta Eskuhartzeko Zerbitzuko arduradunak, larrialdiari aurre egiteko unean uneko jarraibideak xeda ditzake, edo eskuhartzen duten pertsonatariko bat —bere dohainak kontuan izanik— operazioen zuzendari izenda dezake, beti ere ondoko kasuetan:
Pertsonek bizia galtzeko arrisku handia eta larria duten egoeretan.
Eskuhartzen dutenek ekintza bateratuak burutu ditzaten behar-beharrezkoa denean.
Premia larriko aparteko egoeretan, Larrialdietan Eskuhartzea Koordinatzeko Zerbitzuko teknikariak har ditzake gorago aipatu neurriak, edo, horrek ezin badu, Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko txandetako buruak. Kasu horietan, Larrialdietan Eskuhartzea Koordinatzeko Zerbitzuko teknikariak, beharrezkoa bada, bere gain har ditzake operazioak zuzentzeko eginkizunak.
Aginte-postuan integratutako zerbitzuen arduradunei jakinarazi beharko zaizkio erabakiak eta jarraibideak, SOS-Deiak-en bitartez edo Larrialdietan Eskuhartzea Koordinatzeko Zerbitzuko teknikariaren bitartez, hain justu ere.
– Gorabehera amaitzea
Operazio-zuzendariak joko du amaitutzat gorabehera –zuzendaririk izendatu bada–, edo, bestela, Larrialdietan Koordinatuta Eskuhartzeko Zerbitzuko teknikariak, gorabeheran bertan denak. Larrialdiari aurre egiteko aktibatutako dispositiboa indargabetzea dakar gorabehera amaitutzat jotzeak
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (6)
- Aldatutakoa: AGINDUA, 2023ko martxoaren 2koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez seigarren aldiz aldatzen baita Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemaren taktika operatiboak onartzen dituen agindua.
- Aldatutakoa: AGINDUA, 2007ko martxoaren 20koa, Herrizaingo sailburuarena, Larrialdiei Aurregiteko Euskal Sistemaren taktika operatiboak onartzen dituen eta, Larrialdietan Koordinatuta Eskuhartzeko Zerbitzua sortzen duen agindua aldatzen duena.
- Aldatutakoa: AGINDUA, 2012ko urriaren 8koa, Herrizaingoko sailburuarena, Larrialdiei Aurregiteko Euskal Sistemaren taktika operatiboak onartzeko eta Larrialdietan Koordinatuta Esku hartzeko Zerbitzua sortzeko Agindua bigarren aldiz aldatzeko dena.
- Aldatutakoa: AGINDUA, 2018ko azaroaren 20koa, Segurtasuneko sailburuarena, Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemaren taktika operatiboak onartzen dituen eta Larrialdietan Koordinatuta Esku hartzeko Zerbitzua sortzen duen agindua laugarren aldiz aldatzekoa.
- Aldatutakoa: AGINDUA, 2016ko otsailaren 1ekoa, Segurtasuneko sailburuarena, Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemaren taktika operatiboak onartzen dituen eta Larrialdietan Koordinatuta Esku hartzeko Zerbitzua sortzen duen Agindua hirugarren aldiz aldatzekoa.
- Aldatutakoa: AGINDUA, 2020ko abenduaren 4koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez bosgarren aldiz aldatzen baita Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemaren taktika operatiboak onartzen dituen agindua.