Ogasun eta Finantza Saila

Arautegia

Inprimatu

3/2025 LEGEA, maiatzaren 8koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legea aldatzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 93
  • Hurrenkera-zk.: 2132
  • Xedapen-zk.: 3
  • Xedapen-data: 2025/05/08
  • Argitaratze-data: 2025/05/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela 3/2025 Legea, maiatzaren 8koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legea aldatzen duena.

Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.36 artikuluan aurreikusitako kirolari eta jarduera fisikoari buruzko eskumen esklusibo osoa garatuz, bai eta orain arte Euskadin onartutako kirolari buruzko legeak ere kontuan hartuta, 2012ko ekainaren 21ean onartu zuen ekainaren 21eko 12/2012 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Kiroleko Dopinaren aurkakoa.

Lege horren 13. artikuluko 1. apartatuan honako hau adierazten da: «Laginak hartzeko mediku batek egingo ditu, osasun-langileek lagunduta, aurreko artikuluan aipatutako kontrolak, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak zeregin horretarako gaitutako langileen ardurapean».

Praktikan, Euskal Autonomia Erkidegoan, Dopinaren aurkako Euskal Agentziak ez ezik, estatuko beste agentzia batzuek ere egiten dituzte dopinaren aurkako kontrolak (esaterako, CELADek), edo nazioarteko kirol-erakunde batzuek (esaterako, nazioarteko kirol-federazioek). Ez dirudi egokia denik, dopinaren aurkako kontrola egiten duen erakundearen edo egindako ekitaldiaren arabera, dopin-kontroleko agente gisa jarduten duten pertsonek bete beharreko baldintza pertsonalak desberdinak izatea. Badirudi egoera homogeneo bat behar dela dopinaren aurkako agenteen izaerari dagokionez, gertakari motaren edo dopina kontrolatzeko agintaritzaren arabera diferentziak saihesteko.

Une honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legean dopinaren aurkako agenteen gaikuntza-agiriak lortzeko ezartzen diren baldintzak ez dira estatuko araudian aurreikusitakoen berdinak.

Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legeak, aldi baterako, estatuko araudira jotzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen bigarren xedapen iragankorrean honako hau aurreikusten baitu: «Harik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak lege honetan ezarritako gaikuntzak ematen dituen arte, dopin-kontroletarako laginen bilketa-taldeetan gaitutako pertsona moduan jardun ahal izango dute apirilaren 17ko 641/2009 Errege Dekretuan, edo hura aldatzeko edo ordezteko legean, aurreikusitako gaikuntza dutela egiaztatzen duten guztiek. Errege Dekretu horrek dopatzea kontrolatzeko prozesuak eta baimendutako analisi-laborategiak arautzen ditu, bai eta kirolean dopatzea prebenitzeko eta osasuna babesteko neurri osagarriak ere».

Beraz, antzematen dugu legegintza-bilakaera bat gertatu dela azken urteetan, eta dopinaren aurkako kontrol batzuetan dopinaren aurkako agenteei prestakuntza edo titulazio mediko-sanitarioa ez eskatzea gertatu da, nahiz eta aurreko aldi batean hala izan. Ildo horretan, urriaren 24ko 792/2023 Errege Dekretuaren 28. artikuluak honako hau dio: «Kirolariaren odol-ateratzeak eta beste lagin biologiko batzuk lortzeko, kirolaria ez den beste pertsona batek egiten baditu ateratze horiek, horretarako gaikuntza-agiria eman ahal izango zaio osasun-profesional bati, baldin eta haren titulazioak horretarako gaitasun profesionala ematen badio, azaroaren 21eko 44/2003 Legean, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzkoan, ezarritakoaren arabera. Kirolariak berak lortutako lagin biologikoak jasotzeko, edozein adin nagusiko pertsonari eman ahal izango zaio horretarako gaikuntza-agiria. Bi kasu horietan, beti beharrezkoa izango da 31. artikuluan aipatzen den prestakuntza teorikoaren eta praktikoaren ikastaroa gainditzea».

Bestalde, Dopinaren aurkako Munduko Kodearen eta nazioarteko estandarren bidez, WADA-AMAk zehazten edo markatzen ditu estatuko agintariek edo nazioarteko kirol-erakundeek jarraitu beharreko arauak edo irizpideak kiroleko dopinaren aurkako borrokarekin zerikusia duten alderdi guztiak arautzeko. Ildo horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legeak ere adierazitakoaren berri ematen du, eta, horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen 1.8 artikuluak honako hau adierazten du: «Lege honetako arauak eta definizioak interpretatzeko orduan, kontuan hartuko dira, batetik, Dopinaren aurkako Mundu Kodean jasotako arauak eta irizpideak; bestetik, nazioarteko estandarretakoak; eta, azkenik, Dopinaren aurkako Mundu Agentziak onartutako Dopinaren aurkako Munduko Programa osatzen duten arau edo dokumentu teknikoetan bildutakoak. Dokumentu horiek publiko egin direla joko da Dopinaren aurkako Euskal Agentziaren egoitza elektronikoan argitaratze hutsarekin».

Kontuan hartuta gaur egun indarrean dagoen erregulazioa, WADA-AMAk dopinaren aurkako agenteentzat ezartzen diren betekizunei buruz eta, zehazki, pertsona bat dopinaren aurkako kontroletan esku hartzeko gaitu ahal izateko eskatzen diren irizpideei edo eskakizunei buruz eman duena [International Standard Testing and Investigations (ISTI) erakundearen G eranskina], ezartzen da odol-laginetan dopinaren aurkako agente gisa jarduten duten langileek titulu bat izan behar dutela, dopinaren aurkako eremurako gaitzeaz gain, osasun-erregulazioaren arabera odol-ateratzeak egitea ahalbidetzen diona.

Hau da, dopinaren aurkako agenteen arloan eta, bereziki, pertsona horien gaikuntza-agirien arloan gaur egun indarrean dagoen estatuko araudian jasota dagoen bezala, bai gernu-laginetan bai odol-laginetan egin beharreko dopin-kontroletan esku hartzen duten agenteen kasuetarako.

Gertatzen da, gainera, Euskadin ez dagoela Dopinaren aurkako Euskal Agentziak agindutako edo antolatutako dopinaren aurkako misioak egiteko gaitutako osasun-langile nahikorik, ezta CELADek gaitutako langilerik ere.

Beraz, arrazoizkoa dirudi Euskal Autonomia Erkidegoko Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legea egungo errealitatera egokituko duen lege-aldaketa bat egitea. Izan ere, gernu-laginetan dopinaren aurkako kontrolak egiteko edo osasun-arloko legerian oinarrituta osasun-langileentzat erreserbatutako jarduketarik behar ez duten kontrolak egiteko, Dopinaren aurkako Euskal Agentziak gaitutako langileek jardun lezaketela dopinaren aurkako agente gisa, eta aitortu behar da, gainera, kontrol horietan dopinaren aurkako agenteen eginkizuna «kirolariak berak lortutako lagin biologikoak jasotzea» dela, eta ez dela beharrezkoa horretarako osasun-arloko gaitasun profesionalik izatea eskatzea. Hori, jakina, ez da eragozpena Dopinaren aurkako Euskal Agentziak antolatutako prestakuntza teorikoko eta praktikoko ikastaroa gainditzea beharrezkotzat jotzeko, gernu-laginetarako gaikuntza duten dopinaren aurkako agenteak izan daitezen.

Era berean, esan dezakegu, odol-laginetan dopinaren aurkako kontrolak egitean edo osasun-arloko legerian oinarrituta osasun-langileentzat erreserbatutako jarduketak eskatzen dituzten kontroletan, dopinaren aurkako agente gisa jardun lezaketela Dopinaren aurkako Euskal Agentziak gaitutako langileek, baina hori, odol-ateratzeak egitean, osasun-arloko profesionalentzat erreserbatuta geratuko litzateke, betiere beren tituluak gaitasun profesionala ematen badie osasun-langile horiei, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003ko Legean ezarritakoaren arabera.

Azaldutako guztiagatik, artikulu bakarreko lege-proposamen honek aldatu egiten du Euskal Autonomia Erkidegoko Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen 13. artikulua, lehenengo apartatuan, eta azken xedapen bat jasotzen du, indarrean sartzeari buruzkoa.

Aurreko artikuluan aipatzen diren kontrolak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak eginkizun hori betetzeko gaitutako langileek egingo dituzte. Dopinaren aurkako bestelako kontrol batzuk egiteko gaikuntza, hau da, kirolariaren odola ateratzeko kontrolak egiteko gaikuntza, jarduera hori egiteko legezko gaikuntza-agiria duten osasun-langileei bakarrik eman ahal izango zaie.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 13a.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.