Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Arautegia

Inprimatu

6/1997 LEGEA, ekainaren 6koa, estatutuak Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legeari egokitzeko beste epe bat jartzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 123
  • Hurrenkera-zk.: 3416
  • Xedapen-zk.: 6
  • Xedapen-data: 1997/06/06
  • Argitaratze-data: 1997/06/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak ondoko legea onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei:

3/1995 Legeak, ekainaren 23koak, luzatu egin zuen Euskadiko Kooperatibei buruzko 4/1993 Legeak, ekainaren 24koak, bere aldibaterako xedapenetako hirugarrenean aurreikusten zuen epea; hala eta guztiz ere, egiaztatu ahal izan da ohiko ekonomi eta enpresa iharduera duten kooperatiben kopuru handi samar batek ez duela bete aldibaterako xedapen hartan araututako eginbeharra, hau da, ez diola eskatu Kooperatiben Erroldari beren estatutuen egokitzapena, indarrean dagoen legearekikoa, erroldan sartzea, nahiz eta zenbait kasutan 1996ko abuztuaren 31 baino lehen hartu zuten egokitzapenerako erabakia, bai eta jakitera eman ere.

Beste alde batetik, Kooperatiben Erroldak, egoera faktiko horren aurrean eta legeak dioena automatikoki betearazteak dakartzan ondorio garrantzitsuak aztertu ondoren, kooperatiben idazpenak berehala baliogabetzeko eginbeharra atzeratzea erabaki du; hori dela eta, oraindik ez zaio ekin kooperatiba horien errolda-idazpenak baliogabetzeari.

Gainera, aurretik aipatutako aldibaterako xedapenaren 2. zenbakia hitzez hitz harturik, gutxienez zalantzagarria gertatzen da epez kanpo aurkeztutako titulua erroldan sartzearen aldeko arau-hermeneutika oro; horregatik, kontuan harturik eragin juridiko oso garrantzitsuak dituela merkataritza-trafikoaren segurtasunari begira, komeni da beste epe bat, azkena eta behin betikoa, «ope legis» jartzea, kooperatiba horiek beren egoera legezta dezaten.

Azaldutako guztiagatik, eta kontuan harturik Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak egindako eskakizunak, beharrezkotzat jotzen da arau hau onestea.

ATAL BAKARRA

Lau hilabeteko beste epe bat ezarri da, lege hau indarrean jartzen denetik kontatzen hasita, elkartearen estatutuen egokitzapena, Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legearekikoa, jasotzen duen eskritura Euskadiko Kooperatiben Erroldaren aurrean aurkezteko.

Kooperatiben Erroldak ofizio bidez berehala baliogabetuko ditu bere aurrean eta ezarritako epearen barruan aipatu eskritura aurkeztu ez duten kooperatiben errolda-idazpenak; kasu horretan, bere hartan iraungo du indarrean dagoen Euskadiko Kooperatibei buruzko Legeko aldibaterako hirugarren xedapenaren 2. zenbakian aipatzen den erantzukizunak.

Atal bakarrak epeari buruz araututakoa betetzen dute kooperatibek, baldin egokitzapen-eskritura 1996ko abuztuaren 31z geroztik aurkeztu badute.

Lehenengoa

Eusko Jaurlaritzak lege hau aplikatu eta garatzeko arauak eman ditzake, Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren proposamenez.

Bigarrena

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean lege hau.

Beraz, lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteizen, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko ekainaren hemeretzian.

Lehendakariordea,

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.