Arautegia
Inprimatu148/2025 DEKRETUA, uztailaren 15ekoa, zeinaren bidez Ertzaintzako langileen lan-baldintzak araupetzeko akordioa onartzen den 2025-2028. urteen aldirako.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 145
- Hurrenkera-zk.: 3376
- Xedapen-zk.: 148
- Xedapen-data: 2025/07/15
- Argitaratze-data: 2025/08/01
Gaikako eremua
- Gaia: Segurtasuna eta justizia; Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Herrizaingoa; Lana eta enplegua; Funtzio publikoa
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen. Testu bategin horretan arautzen da nola parte hartu behar duten Ertzaintzako funtzionarioen lan-baldintzak zehazteko orduan, 125. artikuluan xedatutakoari jarraituz, langileak ordezkatzen dituzten erakunde sindikalen bitartez.
Aipatutako aurreikuspena betetzeko, Ertzaintzako Mahai Negoziatzailea eratu zen, eta hala hasi zen, aipatu arloan, negoziazio-prozesua, 2025-2028. urteen aldirako lan-baldintzak zehazteko lortutako akordioarekin amaitu dena. Segurtasun Sailak, eta ERNE, ESAN eta SIPE erakunde sindikalek sinatu dute hura, 2025eko martxoaren 14an aipatu Mahaiak egindako bileran.
Aipatu Legearen 126.2 artikuluan jasotako aurreikuspenen arabera, iritsitako Akordioak balioa eta eragina izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Gobernu Kontseiluaren onarpen adierazi eta formala behar da; eta horixe egiten da Dekretu honen bitartez.
4/2012 Dekretua, urtarrilaren 17koa, Ertzaintzako langileen 2011., 2012. eta 2013. urteetarako lan-baldintzak araupetzeko akordioa onartzen duena. Horrek hainbat aldaketa izan ditu. Zehazki, urriaren 9ko 194/2012 Dekretuaren bidez; azaroaren 20ko 167/2018 Dekretua; maiatzaren 23ko 69/2023 Dekretua eta ekainaren 18ko 75/2024 Dekretua, lan-baldintzak egoera berrietara egokitzeko asmoz. Aurrekoa gorabehera, kontuan hartuta akordio arautzailea onartu zenetik igarotako denbora eta segurtasun publikoko zerbitzuak izandako bilakaera, lanpostuak baloratzeko prozesuari irtenbide bat eman nahi zaio, zeina burutuko baita onartzen ari den akordio arautzaile berrian aurreikusten den bezala; horrela, lanpostuen edukian izandako aldaketa baten ondorioz ezinbestekoak diren ordainsari osagarri bereziak eta salbuespenezkoak egokitu ahal izango dira.
Horri jarraikiz, Segurtasuneko sailburuak proposatuta eta Gobernu Kontseiluak 2025eko uztailaren 15ean izandako bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
Vitoria-Gasteizen, 2025eko uztailaren 15ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Segurtasuneko sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
ERTZAINTZAKO LANGILEEN LAN-BALDINTZAK 2025-2028 ALDIAN ARAUTZEKO AKORDIOA
Lan-baldintzei buruzko akordio hau Ertzaintzako karrerako funtzionarioei aplikatuko zaie, zerbitzu aktiboan eta bigarren jardueran daudenei; baita Ertzaintzan sartzeko prozesu batean praktiketan dauden funtzionarioei ere, behin prestakuntza-ikastaroa gainditu dutenean, salbu eta berariaz baztertuta badaude.
Erabaki hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean, berariaz beste eperik ezarri ezean. 2028ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, eta isilbidez eta aldi baterako luzatuko da, hura ordeztuko duen beste bat indarrean jarri arte.
Akordio hau isilbidez salatutzat joko da 2028ko urriaren 1ean. Beste akordio baterako negoziazioak data horretatik hilabete bat igaro baino lehen hasiko dira, negoziazio-plataforma bat aurkeztu ondoren.
Ertzaintzako langileen lan-harremanak normaltasunez garatzea da akordioaren helburua.
Akordio hau sinatzen duten alderdiek hura zuzenean aplikatzeko konpromisoa hartzen dute. Beste edozein xedapenen aurretik aplikatuko dira akordio honetakoak, eta xedatzen ez den guztirako, dagokion indarreko araudia aplikatuko da.
Akordioan jasotako onuretako bati funtzionarioek uko egiten badiote, uko hori deuseztzat eta ez-egintzat joko da.
Batzorde Misto Paritarioak honako xede hau du: akordioaren indarraldiak, eta hura zaintzeak eta aplikatzeak sortzen dituen gai guztiak aztertzea eta interpretatzea, ikuspegi orokor batetik. Batzorde Misto Paritarioan hartutako erabakiak lotesleak izango dira hura osatzen duten alderdientzat.
Batzorde Misto Paritarioak gutxienez 4 pertsona eta gehienez 8 kide titular izango ditu, akordioa sinatzen duten alderdien ordezkari jarduteko: Segurtasun Sailaren aldetik, batzordeko kideen % 50. Sindikatu sinatzaileen aldetik, batzordeko kideen % 50.
Erabakiak hartzeko, alderdi bakoitzaren ordezkaritza osoaren % 50, gutxienez, ados egon beharko da.
Batzorde Paritarioko idazkariak batzordearen bileretan landutakoa jasota utziko du akta batean, eta hartutako erabakien fede-emaile gisa jardungo du.
Halaber, idazkariak honako eginkizun hauek izango ditu:
Alderdiei behar besteko aurrerapenaz eta behar den moduan dei egitea, Batzordearen Funtzionamenduaren Erregelamenduan ezarritako irizpideen arabera.
Kontsultak eta eskaerak jasotzea, erregistratzea eta batzordeko kideen artean banatzea.
Batzordeko kideen berri ematea polizia-zentroei.
Onartutako aktak erregistratzea eta hartutako erabakiei buruzko ziurtagiriak egitea.
Batzorde Paritarioak hobeto funtzionatzeko agintzen zaizkion ekintza guztiak, hala nola erabakiei buruzko ziurtagiriak lan-zentroetako iragarki-tauletan argitaratzea, baldin eta erabakiak lan-zentroei eragiten badie oro har, edo ziurtagiriok Intranet korporatiboan argitaratzea.
Batzorde Paritarioa osatzen duten alderdiek hitzematen dute elkarrizketaren bidea agortuko dutela, administrazioarekiko auzien bidera jo aurretik.
Alderdi sinatzaileek batzorde horren funtzionamendu-erregelamendua adostuko dute eta, erregelamendu hori onartu ondoren, polizia-zentro guztietan edo Intranet korporatiboan argitaratuko da.
Akordio honen sinatzaileek hitzematen dute onartu egingo dituztela batzorde horretan sortzen diren irizpideak, akordio honen testuan jasotako edozein artikuluri buruz batzordeak egiten duen interpretazioari dagokionez.
Akordioaren Batzorde Paritarioak sei hilean behin egingo du ohiko bilkura. Bilera horietan, besteak beste, egindako azken bileraz geroztik emandako epaiei buruzko informazioa emango da. Giza Baliabideen Zuzendaritzak akordio honetan araututako gaiei buruzko jarraibide-proiektuen entzunaldi-izapidea emango dio Batzorde Paritarioari, horiek egin aurretik.
Aurreko artikuluan ezarritakoarekin bat, akordio honen sinatzaileek, aldez aurretik, Batzorde Paritarioari aurkeztuko dizkiote, ebatz ditzan, indarraldian zehar akordioaren interpretazioan eta aplikazioan sortzen diren desadostasun guztiak.
Batzorde Paritarioaren barnean ez bada adostasunik lortzen, bitartekotza-prozedura erabili beharko dute alderdiek. Lan Harremanen Kontseiluak kudeatutako gatazkak konpontzeko borondatezko prozedurei buruzko konfederazioarteko akordioetan (PRECO II) ezarrita dago prozedura hori.
Beraz, Ertzaintzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen akordio honen interpretazioaren ondoriozko talde-gatazkei buruz Batzorde Paritarioaren barnean adostasunik lortzen ez bada, hura osatzen duten alderdietako edozeinek Lan Harremanen Kontseiluari eskatu ahal izango dio, 5 eguneko epean, bitartekotza hasteko. Bitartekotza horretan, gainerako alderdiek ere parte hartu beharko dute, konfederazioen arteko akordio horien 11. artikuluan ezartzen den moduan.
Jardun behar duen bitartekaria bi alderdiak ados jarrita izendatuko da; adostasunik lortu ezean, berriz, zozketa bidez erabakiko da. Izendatze hori indarrean egongo da, harik eta Batzorde Paritarioa osatzen duten bi alderdietako batek beste bitartekari bat izendatzeko eskaera egin arte. Alabaina, bi alderdiak ados jarrita, PRECOko bitartekari-zerrendatik beste profesional batzuk izendatu ahal izango dira.
Bi alderdiek hala adostuz gero, adiskidetze-, bitartekaritza- edo arbitraje-prozedurak eskatu ahal izango dira bestelako gaiei buruz.
Langileak sasoian egoteko, ariketa fisikoa egitea sustatuko da. Hala, Segurtasun Sailak kirol-jarduerak egiteak eragindako gastuaren urteko zenbatekoa ordainduko du, 120 euro gehienez ere, 2025eko urtarrilaren 1etik hasita, langileak urteko ekitaldian zerbitzu aktiboan edo bigarren jardueran egon diren denbora kontuan hartuta. Zenbateko hori urtero igoko da, ordainsariei aplikatuko zaien ehuneko berean. Igoerak urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean aplikatuko dira. Igoera horiek urtean zehar gertatzen badira, hurrengo urtean aplikatuko dira.
Honela egiaztatu beharko da gastu hori: dagokion federazioak ezarrita dauzkan tarifen egiaztagiriak aurkeztuta, bai eta ariketa fisikoa egin den kiroldegiko edo gimnasioko tarifen fotokopia bat ere, non urteko banako kuota agertuko baita eta, hala badagokio, familia-kuota.
Dirulaguntzaren zenbatekoa inola ere ez da izango benetako gastua baino handiagoa, onuradunak izan ditzakeen beste dirulaguntza batzuk deskontatu ondoren. Horretarako, familia-kuoten kasuan, ez badago zehaztuta ertzainari dagokion zenbatekoa, banako kuotaren zenbatekoa hartuko da erreferentziatzat.
Dirulaguntza horren xedea kontuan hartuta, helburu hori betetzen duten jarduerak zehaztu ahalko ditu Batzorde Paritarioak. Horretarako, kirol-jardueratzat hartuko da kirol-federazio ofizial batek antolatutako jarduera.
Akordio honen aplikazio-eremuan sartuta dauden langileek istripu-poliza izango dute, eta poliza horrek, akordioa sinatzen den egunetik, honako kapital hauek edukiko ditu:
(Ikus .PDF)
Poliza horretan aurreikusitako arriskuak aseguruan sartuta daude, aseguratua zerbitzua ematen edo hartatik kanpo dagoen kontuan izan gabe.
Poliza horren estalduraren barruan, ezintasun iraunkor partzialaren kontingentzian, aseguruaren barnean sartzen dira istripuak eragindako baliaezintasunik gabeko behin betiko lesio, mutilazio eta deformazioen baremo bidezko kalte-ordainak.
Halaber, langile horiek bizitza-poliza bat izango dute, eta, poliza horrek, akordioa sinatzen den egunetik, honako zenbateko hauek edukiko ditu:
(Ikus .PDF)
Baldin eta istripuak eragindako kontingentziaren bat gertatzen bada, kontingentzia beragatik bizitza-polizan aseguratutako kapitala ere jasoko dute onuradunek, ezintasun iraunkor partzialaren kontingentziagatik izan ezik.
Ertzaintzako langileek erantzukizun zibileko poliza bat izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren, haren organismo autonomoen, ordezkarien, enplegatuen eta mendekoen alde sinatua, beren eginkizunak edo lanbide-jarduera betetzen ari direnerako. Aseguru horren estaldurak 6.010.124 euroko muga du urtean, hirugarrenei egindako kalteak ordaintzeko, eta 600.000 euroko azpimuga bat, sortu diren kalteak Administrazioko langileen lanbide-erantzukizunaren ondorio direnean.
Estaldura horiek, akordio hau indarrean dagoen urteetan, EAEko Administrazio Orokorreko gainerako langileen aseguruei aplikatu beharreko balio absolutuen igoera berberak izango dituzte.
Aseguru horien primak kobratzeko, honako hau ulertuko da ezintasun iraunkor absolututzat eta ezintasun iraunkor osotzat: Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) halakotzat jotzen duena, baldin eta hori bada funtzionario-harremana azkentzeko arrazoia, eta ez bada aurreikusten ezintasun-egoera hori berrikusiko denik langilearen osasun-egoera Ertzaintzara bi urte baino lehen itzuli ahal izateko adina hobetu delako. Kasu horietan, dagokion prima jasotzeko eskubidea sortuko da, baldin eta aipatutako epea igaro ondoren hobera egitearen ondoriozko berrikuspena egin ez bada eta langilea Ertzaintzara itzuli ez bada.
Administrazioak sinatutako polizen baldintzen berri emango die Ertzaintzako langileei, dagokion publizitatea jarrita Giza Baliabideetako Intraneteko atariaren bitartez.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, akordio honen aplikazio-eremuan sartuta dauden Ertzaintzako kideek, esleitutako aurrekontuaren barruan, interesik gabeko aurrerakin arruntak jasotzeko eskubidea izango dute. Aurrerakinok haien hileko soldata likidoaren % 100ekoak izango dira, gehienez ere, betiere Administrazioarekin duten zerbitzu-harremana amaitzea aurreikusten ez bada hilaren amaiera baino lehen. Aurrerakin hori eskaerari dagokion hileko nominan konpentsatu beharko da. Kopuru horri aparteko ordainsari baten zenbatekoa gehi dakioke. Dagokion seihilekoan zerbitzuak ematen emandako denborarekiko proportzionala izango da ordainsari hori.
Horrez gain, hilero atxikipenen bat egiten zaien langileek ere hileko soldata garbiaren % 100eko aurrerakina jaso ahal izango dute, baina atxikipen hori kenduta.
Aurrerakina lehenbailehen ordainduko da, EAEko Administrazio Orokorrak ezarritako ordainketa-egunen arabera.
Nomina aurreratzea, egiteke dagoen lan bati dagokion soldata aldez aurretik ordaintzea da.
Zerbitzu aktiboko edo bigarren jarduerako langileek, eta prestakuntza-fasea gainditu duten praktiketako funtzionarioek, betiere akordio honen eremuaren barruan badaude, nomina-aurrerakina jasotzeko eskubidea izango dute, akordioa ofizialki argitaratu den egunetik hasita, ondoren azaltzen den araudiaren arabera:
Ertzaintzako karrerako funtzionarioei gehienez ere 6.900 euroko nomina-aurrerakina eman ahal izango zaie, baldin eta artikulu honetako laugarren apartatuan ezarritako a), b), c), d), e), i), j) eta k) letretan adierazten den kasuetako baten ondorioz egin badute eskaera. Zenbateko hori gehienez ere 24 hilabeteko epean itzuli beharko da.
Ertzaintzako karrerako funtzionarioei 9.700 euro euroko nomina-aurrerakina eman ahal izango zaie, artikulu honetako laugarren apartatuan ezarritako f), g), h), l) eta m) letretan adierazten den kasuetako baten ondorioz egin badute eskaera. Zenbateko hori gehienez ere 48 hilabeteko epean itzuli beharko da.
Prestakuntza-fasea gainditu duten praktiketako funtzionarioei gehienez 4.210 euroko nomina-aurrerakina eman ahal izango zaie. Kopuru hori itzuli egin beharko da, gehienez ere praktikaldia amaitzeko aurreikusitako eguna baino lehen.
Gasturen bat egitea barne hartzen duten kontzeptuetan, aurrerakinaren zenbatekoa zehazteko, gastuen egiaztagirietan agertzen den zenbatekoa hartuko da gehieneko mugatzat. Egiaztagiri horiek, premiazko beharra frogatzeko agiriak diren aldetik, eskatzailearen eskaerari erantsi beharko zaizkio.
Aurrerakin hauek ez dute interesik sorraraziko, eta gehieneko epea amaitu baino lehen ere itzuli ahal izango dira. Aurrerakin horien zenbatekoek akordio hau indarrean dagoen bitartean ordainsari orokorrei aplikatzen zaizkien igoera berberak izango dituzte urtero.
Ezin izango da beste aurrerakinik eman, lehenago hartutakoa likidatu arte, nahiz eta lehenagoko hori akordio hau indarrean jarri aurretik eman. Horrez gain, sei hilabete igaroko dira, gutxienez, nomina-aurrerakin bat kitatzen denetik beste bat eskatu ahal izan arte. Hala ere, f) eta g) letretan aipatzen diren arrazoiak bateraezinak izango dira; hamar urteko aldian aurrerakin bakarra eskuratzeko eskubidea emango dute. Onuradunen administrazio-egoera borondatez aldatzen bada eta, horren ondorioz, nominan sei hilabetez baino gehiagoz baja ematen bada, langileak eman zaion aurrerakina itzuli beharko du aldez aurretik.
Eskatzaileak Segurtasun Saila izendatuko du 8. artikuluan ezarritako bizitza- eta istripu-aseguruen polizen lehen onuraduna, hain zuzen ere egitate eragilea gertatzen den unean amortizatzeke dagoen aurrerakinaren kopuruari dagokiona. Laguntza eskatzean egingo da izendapena, eta ezeztaezina izango da.
Premiazko beharrak. Honako gertaera hauek hartuko dira halakotzat:
Eskatzailea ezkontzea edo Izatezko Bikoteen Erregistroan inskribatzea, edo seme-alaba baten bataioa edo jaunartzea.
Eskatzailearen dibortzioa, banaketa edo ezkontzaren baliogabetasuna.
Ezkontidea edo Izatezko Bikoteen Erregistroan erregistratutako bikotekidearen edo seme-alaben heriotza.
Seme-alabak jaiotzea, adoptatzea edo harreran jasotzea.
Eskatzailearen edo haren ezkontidearen, bikotekidearen, adingabeko seme-alaben edo harreran hartutako adingabeen gaixotasun edo ebakuntza larria.
Ohiko etxebizitza erostea.
Banku-kredituak amortizatzea, ohiko etxebizitza erosteagatik.
Etxebizitza zaintzeko beharrezko eta nahitaezko diren lanak egitea.
Langileak bizilekua lan egiten den herrira aldatzea.
Altzariak erostea.
Eskatzaileak ikastetxe ofizialetan ikasketak egiteko ordaintzen dituen matrikula-gastuak ordaintzea.
Zerbitzuaren premiengatik ibilgailua erostea.
Garajea erostea.
Premiazko behartzat hartzen diren antzeko beste egoera batzuk.
Ezetsitako eskaerak aldian behin jakinaraziko zaizkio Batzorde Paritarioari.
Artikulu honetan ezarritako zenbatekoak urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean aplikatutako ordainsarien igoera orokorraren arabera igoko dira. Urtean zehar beste igoera batzuk gertatzen badira, hurrengo urtean aplikatuko dira.
Izapideak. Nomina-aurrerakinerako eskaerak aurkezteko epea hiru hilabetekoa izango da gehienez, eskaera eragin duen gertaeraren egunetik hasita. Hala ere, salbuespenez, aurrerakina eskatzea eragin duen gertaera izan aurretik aurkeztutako eskaerak ere onartuko dira, betiere nomina-aurrerakina eman eta hiru hilabeteko epean justifikazio-agiriak aurkeztuko direla hitzematen bada. Konpromiso hori ez betetzeak aurrerakina berehala bertan behera uztea ekarriko du.
Nomina-aurrerakina eskatzea eragiten duen gastua finantza-entitate batekin mailegu bat sinatzea bada, ulertuko da badagoela arrazoirik gertaera eragilea jazo aurretik egindako eskaera onartzeko.
Amortizatzeke dauden kredituon kopuruen guztizko zenbatekoa ezin izango da eraginpeko kolektiboaren soldata-masaren % 4 baino handiagoa izan. Masa horretan, ez da Gizarte Segurantzako kostua sartuko, Eusko Jaurlaritzaren kontura baita hori. Aurretik kitatuz gero, sei hilabete igaro beharko dira beste aurrerakin bat eskatzeko, ohiz kanpoko kasuetan izan ezik. Kasu horiek Batzorde Paritarioak aztertuko ditu.
Ertzaintzaren eremuan aplikatu beharreko legeriak horrelako neurriak aurreikusteko aukera ematen badu, gai hori Ertzaintzaren negoziazio-mahaian aztertuko da, indarrean jarri eta sei hilabeteko epean.
Ertzaintzako karrerako funtzionarioak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean ezarri den gizarte-aurreikuspeneko sistema osagarrian daude sartuta. Sistema horrek Itzarri du izena. Hala nahi duten funtzionarioek borondatezko banakako ekarpen osagarriak egin ditzakete funts horretan beren kontura.
642,60 euroko funts ekonomikoa eratuko da. Kopuru hori handituko egingo da akordio honen indarraldiko urteetako ordainsari guztietarako ezarriko den igoeraren neurri berean, akordioaren 68. artikuluan xedatutakoaren arabera. Zenbateko hori handituko da, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean aplikatutako ordainsarien igoera orokorraren arabera.
Gizarte Funtseko Batzorde bat eratuko da eskaerak aztertzeko eta ebazpen-proposamena egiteko. Batzorde horrek osaera mistoa izango du, eta, bertan, honako hauek egongo dira ordezkatuta: alde batetik, Segurtasun Saila, eta, bestetik, EAEPLTBren 125. artikuluan ezarritako negoziazio-mahaian dauden sindikatuak.
Batzorde horrek onartu beharko du funtsaren funtzionamendu-erregelamendua eta laguntzak emango zaizkien kontzeptuak eta laguntzon zenbatekoak zehaztu beharko ditu, betiere kontuan hartuta ezartzen diren irizpideak eta dauden funts-baliabideak, eta aurkezten diren eskaerak eta helegiteak onartzeko edo baztertzeko aldez aurretik egindako txostena.
Gastuak egin diren urtearen hurrengo urteko maiatzean egingo da banaketa, batzordearen iritziz premia berezia duten kasuetan izan ezik, horietan laguntza lehenago emango baita.
Honako hauek dira Gizarte Funtsaren kontura finantzatuko diren onurak, besteak beste: haurren garapen-arazoengatiko tratamenduek sortutako gastuak, nazioarteko adopzioen gastuak, matrikulazioen gastuak ikasketa akademikoak eta, batzordearen iritziz, polizia-jarduerarekin zerikusia dutenak egiteko, eta batzordeak zehazten dituen gastu medikoak (sistema sanitario publikoaren edo beste aurreikuspen-sistema publikoren baten tratamendua eta esku-hartzea dakarten patologia guztiak kenduta), premia eta larritasun bereziko kasuak izan ezik Gizarte Funtsaren Batzordeak ebatzi beharko du mota horretakoak diren ala ez.
Administrazioak gehienez interesaren % 30eko laguntza emango die zerbitzu aktiboan edo bigarren jardueran diren karrerako funtzionarioei, hots, finantza-entitateren batek Euskal Autonomia Erkidegoan ohiko etxebizitza erosteko emandako kreditu printzipalaren 72.120 euro gehienez ere, betiere kreditu horren lehenengo 10 urteetara mugatua, eta honako hiru baldintza hauek betetzen badira:
Ohiko etxebizitza behin bakarrik erostea, eta akordio hau indarrean dagoen epearen barruan.
Bizitokia aldatzea, baldin eta lan-zentrora hurbiltzea badakar, eskatzailearen lan-zentroa dagoen lurralde-mugapeko herri batera, edo lan-zentrotik gehienez ere 20 km-ra dagoen herri batera.
Lanpostuaren destinoa lurralde historiko bat edo autonomia-erkidego osoa bada, langileak basetzat daukan lan-zentroa hartuko da erreferentziatzat 20 km-ko distantzia kalkulatzeko.
Lekualdatzeak 50 km-tik gorakoa izan behar du.
Aipatutako zenbatekoak akordio hau indarrean dagoen bitartean ordainsari orokorrei aplikatutako igoera bera izango du urtero.
Dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, administrazio-egoera aldatzen denean bigarren jardueraren kasuan izan ezik, edo destinoa aldatzen denean, honako kasu hauetan izan ezik:
Nahitaezko zerbitzu-eginkizun baten bitartez bada.
Lanpostua kentzeak eragindako behin-behineko atxikipena.
Izendapen askearen bitartez beste destino batera atxikitzea.
Behin betiko atxikipena, destino-aldaketak 30 km baino gutxiagoko lekualdatzea dakarrenean.
Ohiko bizilekua beste udalerri batera aldatzea.
Ohiko etxebizitza erosteko dirulaguntza horrek ezin du gainditu Ertzaintzaren soldata-masa gordinaren % 1.
Ertzaintzako kideek eskubidea izango dute Segurtasun Sailak izendatutako profesionalen ordezkaritza eta babesa izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 32.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Ertzain bat, bere eginkizunak betetzen ari dela, ustez arau-hauste penal edo zibil bat egiteagatik Ertzaintzako beste funtzionario batek salatzen badu, eta salatuak bere defentsa Segurtasun Sailaren mendean ez dauden zerbitzu juridiko batzuei agintzen badie, Segurtasun Sailak 600 euroko dirulaguntza emango du gehienez zerbitzu juridiko horiek ordaintzeko, bien funtzionario-izaera dela-eta, betiere minuta egiaztatu ondoren. Ez da dirulaguntza hori emango, salaketa Segurtasun Sailak edo haren organoetako batek egin badu, edo eginbideak hasteko arrazoia sail horrek gertaerak Fiskaltzari jakinaraztea izan bada.
Segurtasun Sailak ertzainaren esku jarriko ditu, edo, hiltzen bada, haren familiaren esku, sailaren zerbitzu juridikoak, ertzainaren interes legitimoak defendatzeko abian diren prozedura penaletan, baldin eta agentea prozedura horiek hastea eragin duen delituaren biktima izan bada ertzaina izatearen ondorioz, gertakariak lanalditik kanpo gertatuta ere.
Segurtasun Sailak akusazio partikular gisa jardungo du, eraginpeko ertzainak eskatuta, egokitzat jotzen denean, kasu bakoitzeko inguruabarrak juridikoki aztertu ondoren.
Segurtasun Sailak aholkularitza juridikoa jarriko du ertzainen esku, polizia-jardueraren egikaritza legitimoan izan ditzaketen lesioak direla medio, jurisdikzio zibilean demandak aurkezteko, bai pertsona inputaezinekin zerikusia duten kasuetan eta 14 eta 17 urte bitarteko adingabeekin zerikusia duten kasuetan, bai zigor-bidean bideratzen ez diren erantzukizun zibileko beste kasu batzuetan.
Polizia-lana zerbitzu publiko espezifikoa denez, akordio honen eraginpeko langileak etengabe daude zerbitzu-egoeran, eta haien lan-baldintzak aldatu egin daitezke (ordutegia, lanaldia, egutegia...); halaxe ezartzen du EAEPLTBren 28. artikuluak.
Akordio honen aplikazio-eremuan sartzen diren langileen urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, Ertzaintzako langileen ordainsariei buruzko Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.
Oro har, edozein dela ere Ertzaintzak lana antolatzeko daukan araubidea, laneguna amaitzen denetik hurrengoa hasten den arte gutxienez 12 orduko tartea egongo da. Halaber, lan-aste batetik hurrengora 48 orduko atsedenaldia egongo da gutxienez. Baldintza horiek egokitu egingo dira ordutegi-araubide bakoitzean, eta ez dira aplikatuko hala xedatzen den ordutegi-araubideetan.
Abenduaren 24an eta 31n gaueko txanda eta abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean goizeko eta arratsaldeko txandak planifikatuta izanik egun horietan benetan zerbitzua ematen duten langileei, ordu erdi gehiago zenbatuko zaie benetan lan egindako ordu bakoitzeko.
Egun horiek larunbata edo igandea direnean, goizeko txanda eguneko txanda dela ulertuko da, eta gaueko txanda, arratsalde-gaueko txanda.
Abenduaren 24a eta 31 larunbata edo igandea ez badira, jaieguntzat hartuko dira produktibitate-osagarria jasotzeko, hala ezarrita duten ordutegi-araubideetan lan egiten dutenentzat. Hala ere, kuantifikatzeko, egindako lanaldiaren iraupena baino ez da kontuan hartuko. Berdin jokatuko da egun librean lan egiten dutenekin.
Egun horietan ez da planifikatuta egongo entrenamendu-egunik.
Lanaldi arruntaren gehieneko iraupenari dagokionez, ez dira kontuan hartuko istripuak edo aparteko beste kalte batzuk prebenitzeko edo konpontzeko edo, ezohiko edo premiazko gertaerei aurre egiteko lan egindako gehiegizko orduak.
Hurrengo artikuluetan arautzen dira Ertzaintzan aplikatu beharreko ordutegi-araubideak eta lan-ordutegiak, eta Giza Baliabideen Zuzendaritzaren ebazpen baten bidez ezarriko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 125. artikuluan ezarritako mahaian negoziatu ondoren, eta egokitu ahal izango dira, aurreikusitako behar berriak kontuan hartuta. Ordutegi-araubide berriak sortzeari buruz negoziatuko dute mahai horretan, urte bakoitzeko azken lauhilekoan, edo antolamendu-aldaketak egiteko beharra dagoenean, gerora sortutako arrazoiengatik.
Giza Baliabideen Zuzendaritzak ebazpen bat emango du, akordio hau indarrean jartzen denetik aplikatu beharreko ordutegi-araubideak jasotzen dituena, akordioa argitaratzen denetik hamar eguneko epean. Ebazpen horretan, akordio honetan ezarritakoa hartuko da kontuan, eta akordioa indarrean jartzen den unean dauden ordutegi-araubideak jasoko dira.
Benetako sarrera-orduaren eta benetako irteera-orduaren artean igarotako denbora hartuko da benetako lantzat, planifikatutako lan-ordutegiaren barruan, aurreikusitako ordutegi-araubideetako atsedenaldiak kenduta.
Hala ere, berariaz hala aurreikusten den egoeretan, kasu bakoitzean ezartzen diren orduak lan-denbora gisa zenbatuko dira, baldin eta egiaztatzen bada zerbitzua betetzeak eragin duela.
Oro har, konpentsatzeko, gaueko lanaldia 22:00etatik edo 23:00etatik 06:00etara edo 07:00etara egindako lana izango da, zerbitzua hasteko eta amaitzeko orduaren arabera, hurrenez hurren.
Oro har, konpentsatzeko hala ezarrita dagoen kasuetan, larunbateko eguneko txanda hasteko orduaren eta hurrengo asteleheneko goizeko txanda hasteko orduaren artean egindako lanari deritzo asteburuko lana. Halaber, jaieguneko ordutzat hartuko dira jaieguneko goizeko txanda hasten denetik hurrengo eguneko goizeko txanda hasi arte lan egindako orduak.
Jaiegun ofizialak eta tokiko jaiak Eusko Jaurlaritzan lan-arloko eskumena duen sailak urte bakoitzerako onartzen dituen jaien egutegi ofizialean adierazitakoak dira. Ordutegi-araubidean hala ezarrita dutenek izango dituzte jaiegun horiek, betiere bertan ezarritako baldintzen arabera.
Bileretara, lanegun bakoitzeko sei ordu baino gutxiagoko informazio-saioetara eta unitateko batzordeetara joaten diren pertsonen orduak honela zenbatuko dira:
Goizeko txandan joatea. Ez dago aldaketarik programatutako txandaren zenbaketan, salbu eta txandaren amaierako ordua baino gehiago luzatzen bada. Hala denean, gehiegizko orduak lanaldiaren luzapen gisa zenbatuko dira.
Txanda librean joatea, arratsaldeko txanda programatuta edukita. Jardueraren iraupen-orduak lanaldiaren luzapen gisa zenbatuko dira.
Txanda librean joatea, bezperan gaueko txanda programatuta edukita. Ez da zerbitzurik eman behar izango aurreko gaueko txandan, eta horren iraupen-orduak zenbatuko dira. Gainera, langile horiek gaueko produktibitate-osagarria edo gaueko indizea jasotzeko eskubideari eutsiko diote. Jarduerara joateagatik ez da ordurik zenbatuko. Jarduerara joan den egunean, gaueko txandan eman beharko da zerbitzua.
Txanda librean joatea, egun berean gaueko txanda programatuta edukita eta bezpera egun librea izanda. Jardueraren iraupen-orduak lanaldiaren luzapen gisa zenbatuko dira.
Txanda librean joatea, bezperan gaueko txanda programatuta edukita. Ez da zerbitzurik eman behar izango aurreko gaueko txandan, eta horren iraupen-orduak zenbatuko dira. Jarduerara joateagatik ez da ordurik zenbatuko. Kasu horietan, gaueko indizearen zenbaketari edo gaueko txandan lan egiteagatiko osagarriaren ordainketari eutsiko zaio, egindako aukeraren arabera.
Egun librean joatea. Sei ordu zenbatuko dira, baina gehiago irauten baldin badu, iraupen-orduak zenbatuko dira.
Bileretara, ikastaroetara eta lan-jardueretara joatea eta gaua etxetik kanpo igarotzea.
Dagokion unitateko burutzak jarduera horien berri eman zaienei zehaztuko die nahitaez joan behar duten, berariaz aginduta, edo borondatez.
Berariazko agindua betez bileretara, ikastaroetara edo lan-jardueretara joateagatik gaua norberaren etxetik kanpo igaro behar izanez gero, honako lan-baldintza hauek aplikatuko dira:
Planifikatutako lanaldiarekin bat etorriz gero, lanaldi horren zenbaketari eutsiko zaio, salbu eta egindako jardueraren iraupena luzeagoa izan dela egiaztatzen bada; kasu horretan, jarduera hori zenbatuko da.
Zerbitzurik gabekotzat planifikatutako egunarekin bat etorriz gero, egindako jardueraren iraupen egiaztatua zenbatuko da, eta zazpi ordu zenbatuko dira gutxienez, jarduerak gutxiago irauten duenean.
Goizeko ordutegian badoa jarduera horietara, eta bezperan gaueko txanda planifikatuta badu, ordaindutako baimena izango du gaueko lanaldi osoan.
Segurtasun-dispositiboetan parte hartzea egun bat baino gehiagoko txirrindularitza-lasterketetan.
Dispositibo horiek antolatzerakoan, kontuan hartuko da langileen atseden-bermea, 48 ordukoa, bi lan-asteren artean. Horren ondorioz, gerta liteke lanerako planifikatutako egunetan zerbitzurik eman behar ez izatea, baina lanegun horiek zenbatu egingo dira.
Dispositibo horietan lan egindako lanaldiak zenbatzeko, adierazitako lan-zentrotik ateratzen denetik lan-zentrora itzuli arteko tartea hartuko da kontuan.
Planifikatutako lan-txanda ez den beste ordutegi batean lan egin behar duten langileek txanda-aldaketaren konpentsazioak izango dituzte.
Lana planifikatutako goizeko txandarekin bat baldin badator, langileei txanda-luzapen gisa zenbatuko zaie. Lanegunen bat goizeko 08:00etatik aurrera hasten bada, 2 ordu gehiago zenbatuko dira.
Zerbitzurik gabeko egunetan dauden langileen parte-hartzea gertaera berezitzat hartuko da.
Sailak ertzainen eskura jarriko du lan-zentroaren eta etapa bakoitzaren hasierako eta amaierako lekuaren arteko joan-etorriak egiteko aukera, motoa gidatuz egin behar ez izateko.
Ertzainak Segurtasun Sailak deitutako ekitaldietara joatea, gonbidatu gisa, modu pertsonalean.
Segurtasun Sailak langileak gonbidatu gisa deitzen dituenean, honako irizpide hauek aplikatuko dira:
Zerbitzurik gabekotzat planifikatutako egunean joatea: ez da laneko denboratzat zenbatuko, eta eskubidea izango du etxetik ekitaldia egingo den lekura joateak sortutako gastuaren kalte-ordaina jasotzeko.
Planifikatutako lanegunean joatea: langileek baimen ordaindua izango dute ekitaldira joateko. Ordaindutako baimena bezperan hartuko da gaueko edo arratsalde-gaueko txanda planifikatuta dagoenean eta ekitaldia hurrengo egunean goizez egiten denean.
Laneko denboratzat hartuko da ertzain izatearen ondorioz lan-ordutegitik kanpo gertatzen den esku-hartze poliziala, EAEPLTBren 28. artikuluan ezarritako betebeharra betez, baldin eta egoera hori egiaztatuta badago, atxikitako lanpostua dagoen unitateko burutzak egindako «euskarri» txostenaren erreferentzia edo frogagiria aurkeztuta. Gutxienez sei ordu zenbatuko dira, eta eragin ditzakeen polizia-jarduketak barne hartuko ditu.
Ertzain bat eginkizun propioen ondoriozko zitazio eta izapide judizialetara joan behar denean, irizpide hauek bete beharko dira, bai lekuko-zitazioetarako, bai akzioak eskaintzearen kasurako.
Ertzain izatearen ondorioz, ez da epaiketara bertaratzetzat hartuko interes pertsonalarengatik bertaratzea, ezta zerbitzua ematean jazotako gertakari baten inguruko epaiketa izanda ere. Era berean, ez da bertaratzetzat hartuko jurisdikzio zibilean akzioak eskaintzeko soilik bertaratzea, salbu eta kasu hauetan: pertsona inputaezinekin zerikusia duten jarduketak, 14 eta 17 urte bitarteko adingabeekin zerikusia duten jarduketak edo beste inguruabar batzuek eragindako lesioak, ezinbestean jurisdikzio zibilera eraman beharrekoak.
Epaiketa batera joatea:
Zerbitzurik gabekotzat planifikatutako egunean, laneko sei ordu zenbatuko dira, baina gehiago ere izan ahalko dira, behar bezala justifikatuta.
Txanda librean, goizeko edo arratsaldeko lan-txanda planifikatuta badago: lanordutzat hartuko da hori betetzeko behar den denbora, gehienez ere sei orduko mugarekin.
Ertzain bat ertzain izatearen ondorioz epaiketa batera bertaratzen bada egun librean edo txanda librean, eta ikustaldia egiten ez bada eta aurretik bertan behera geratu dela jakinarazi ez bada, lau ordu zenbatuko dira.
Epaiketara joateko 300 kilometro baino gehiago egin behar denean:
Egun berean joatea eta etortzea.
Egun librea: 16 ordu.
Egun batean joatea eta beste egun batean etortzea.
Joan-etorriko eguna:
Joan-etorriekin bateragarria den programatutako lana: programatutako lana egin beharra, gehi 4 ordu.
Programatutako egun librea: 4 ordu.
Epaiketa-eguna:
Programatutako egun librea: 8 ordu.
Zitazio judizialaren tokian bi egun oso edo gehiago egon behar bada:
Honela zenbatuko da epaitegia dagoen tokian emandako egun oso bakoitza:
Programatutako egun librea: 8 ordu.
Joan-etorriko egunean, b) puntuan ezarritakoa aplikatu beharko da.
Egun librea programatuta izanik, joan-etorria epaiketaren bezperan egiten bada, karakterizaziora joateagatik bezperan edo epaiketaren egunean bertan epaiketa baino lehen, bezperako lan-denbora 8 ordukoa izango da, eta 4 ordukoa, berriz, bezperan egindako joan-etorria karakterizaziorako izan ez bada.
Ertzain bat ertzain izatearen ondorioz epaiketa batera bertaratzen bada, konpentsazio ekonomikoaren borondatezko aukera baliatu ahal izango du, aurreko puntuetan ezarritako ordu-zenbaketaren ordez, eta 138,84 euroko aparteko haborokina jasoko du, honako baldintza hauekin:
zerbitzurik gabekotzat planifikatutako egunean, edo zerbitzurik gabekotzat planifikatutako txandan, salbu eta langileek bezperan planifikatutako gaueko edo arratsalde-gaueko txandan lan egiten ez badute, hurrengo egunean zitazio judizial batera joan beharra dutelako. Hori ez da gertatuko, aldez aurretik planifikatutako lanegunetan, baldin eta egun horretan ez bada benetako zerbitzurik eman, lan egindako gehiegizko orduak baliatu direlako edo baimenak hartu direlako (epaiketara joateko baimena izan ezik), eta haborokin hori jaso ahal izango da.
Aukera hori ez da aplikatuko, ezta ere, arrazoi horregatik langileek lan-txanda osoa lan egiten ez dutenean.
ahozko epaiketara joatean aplikatuko da.
epaiketetara hogei aldiz joan ahal izango da urtean gehienez, eta konpentsazio ekonomikoa jaso ahal izango da.
Haborokin horren zenbatekoa handitu egingo da, 68. artikuluan ezarritako ordainsarien igoera orokorraren arabera.
Egoitza judizialean izapideak egitea xede duten zitazioen kasuan, lan-txandarekin bat ez badatoz, 1. apartatuan aipatutako egoeratzat hartuko dira, eta lau ordu zenbatuko dira, salbu eta izapideak gehiago iraun dutela frogatzen denean; gehienez ere sei ordu zenbatuko dira.
Honako hauek dira izapide horiek, besteak beste: testigantzak berrestea, errekerimenduak, ezagutze-saioak taldeka, karakterizazioak, epaiak jakinaraztea, zitazioak jasotzeko zitazioak, deklarazioak, abokatua eta prokuradorea izendatzea, peritu-frogak egitea, eta auzitegiko medikuarengana joatea.
Ertzain bat Segurtasun Saileko letraduaren bulegora joatea, polizia-jardunetan ustez egindako ekintzengatik prozedura penaletan inputatu gisa dagoenean eta bere defentsa prestatu behar duenean, 1. puntuan egoeratzat hartuko da.
Ertzain batek aurreko apartatuan adierazitako Administrazioaren zerbitzu juridikoetako letradua ez beste bat hautatzen badu libreki, sei ordu jasoko ditu, baldin eta planifikatutako lan-denboratik kanpo joan bada letradu horrengana, behin bakarrik auzi bakoitzeko. Nolanahi ere, abokatuarengana joan izana egiaztatu beharko da, hark sinatutako idazki baten bitartez.
Lekuko gisa Diziplina Unitatearen edo beste polizia-erakunde baten zitazio batera joanez gero, 1. puntuan aipatutako konpentsazio-araubidea aplikatu beharko da.
Habeas corpus kasuetan agertzea. Habeas corpus prozedura dela-eta, ertzain batek epailearen aurrean agertu behar duenean gaueko txandaren ondorengo goizean, txandakako ordutegi-araubideko langileen lan-baldintzak honako hauek izango dira:
Larunbat edo igande goizean agertzea.
Ertzainak hauetako bat aukeratuko du, eta erabakia bere lan-zentroan jakinarazi beharko du atxiloketa egin den gaueko txanda amaitu baino lehen. (Aukerarik jakinarazi ezean, 1. aukera aplikatuko da):
aukera.
Agerraldia egin beharreko lanegunean, hamabi orduko txanda osoan lan egitea, eta, gainera, lau ordu gehiago zenbatuko dira izapide judizialera joateagatik.
aukera.
Agerraldia egin beharreko lanegunean, hamabi orduko txandan zerbitzurik ez ematea; hori dela-eta, zerbitzurik gabekotzat joko da eta sei ordu zenbatuko dira izapide judizialera joateagatik.
aukera.
Agerraldia egin beharreko lanegunean, hamabi orduko gaueko txandan lan egitea, 22:00etatik 06:00ak arte edo 23:00etatik 07:00ak arte, planifikatuta zegoen ordutegiaren arabera. Horrez gain, lan egin gabeko planifikatutako txanda-orduak zenbatuko dira (18:00etatik 21:59ra edo 19:00etatik 22:59ra) izapide judizialera joateagatik.
Astearte, asteazken, ostegun edo ostiral goizean agertzea.
Ertzainak hauetako bat aukeratuko du, eta erabakia bere lan-zentroan jakinarazi beharko du atxiloketa egin den gaueko txanda amaitu baino lehen. (Aukerarik jakinarazi ezean, 1. aukera aplikatuko da):
aukera.
Agerraldia egin beharreko lanegunean, zortzi orduko txanda osoan lan egitea, eta, gainera, lau ordu gehiago zenbatuko dira izapide judizialera joateagatik.
aukera.
Agerraldia egin beharreko lanaldian zortzi orduko txandan zerbitzurik ez ematea; hori dela-eta, zerbitzurik gabekotzat joko da eta sei ordu zenbatuko dira izapide judizialera joateagatik.
Astelehen goizean agertzea, bezperan arratsalde-gaueko hamabi orduko txandan lan egin ondoren.
Sei ordu zenbatuko dira izapide judizialera joateagatik.
Honako hauek dira laneko ordutegi-araubideak:
Txandakako ordutegi-araubidea.
Lanaldi normalizatu zatituko ordutegi-araubidea eta lanaldi normalizatu jarraituko ordutegi-araubidea.
Ordutegi malguko araubidea.
Ordutegi espezifikoko araubideak.
Txandakako ordutegi-araubidea, normalean, urte guztiko eguneko 24 orduetan agente kopuru jakin bat behar duten unitateetan egingo da eta, bereziki, herritarren segurtasunerako unitateetan.
Txandakako ordutegi-araubideko urteko lanaldia bost edo hiru asteko lan-zikloetan banatzen da bakoitza, eta zikloak ondoz ondokoak izango dira urtean zehar, etenik gabe.
eranskinean zehazten diren egunen, eta lan- eta atseden-txanden segidek osatzen dituzte bost eta hiru asteko lan-zikloak. Horretarako, txandak honela daude identifikatuta: goizez (Go), arratsaldez (A), gauez (Ga), egunez asteburuan (EA) eta arratsalde-gauez asteburuan (AGA), edo lanaldi zatitua (Z). Atseden-txanda txanda librea (L) izango da.
Kadentzia deitzen zaio aurreko apartatuan aipatzen diren lanegunen eta txanden segida bakoitzari.
Urteko lanaldian zehar, III. eranskin horretan agertzen diren kadentziak konbinatu ahalko dira.
Txandakako ordutegi-araubidean urteko lanaldia betetzeko erabiltzen diren kadentziek osatzen dute agente bakoitzaren urteko egutegia.
Polizia-zentroetan finkatuko dira, behar besteko publizitatea emanda, unitatean urtean zehar erabiliko diren kadentziak.
Txandakako ordutegi-araubiderako izendatutako langileak zikloak dituen asteak adina lantaldetan banatuko dira.
Aurreko urteko abenduaren 31 baino lehen finkatuko da txandakako ordutegi-araubidera esleitutako funtzionario bakoitzaren urteko egutegia, behar besteko publizitatea emanda, eta IIl. eranskinean jasotako kadentziak aplikatu eta konbinatu ahal izango dira.
Kadentziak, lehenik eta behin, langile boluntarioei aplikatuko zaizkie, eta unitatean zerbitzuak ematen denbora gehien daramatenek izango dute lehentasuna, eta, horien artean, dagokion kategorian ordena-zenbakirik onena daukatenek. Baldin eta langile boluntariorik ez bada, langileen esleipena txandaka eta berdintasunez egingo da hori aplika dakiokeen atal edo talde bakoitzeko langile guztien artean, baina esleipen hori lehenago azaldutakoaren kontrako ordenan hasiko da. Urte naturala erabiliko da denbora-erreferentziatzat, azaldutako ondorioetarako.
Lantaldeetako kideen artean aldaketak egin behar direnean, oro har, ahal dela langile boluntarioekin egingo da, eta lehentasuna izango dute, taldean jarraitzeko, unitatean denbora gehien daramatenek, eta, horien artean, dagokion kategorian ordena-zenbakirik onena dutenek.
Lantaldean irauteko lehentasun-irizpidea aplikatzeko, honako hau hartuko da unitatean zerbitzu ematen emandako denboratzat: unitatean azkeneko aldiz sartu zenetik langileak zerbitzu aktiboan daraman denbora, edozein izan dela ere unitateko postua betetzeko era.
Talde-aldaketa egiteko unean, aldaketa hori gertatzen den eginkizun-esparrukoak direnen artean aplikatuko da lehentasun-irizpide hori. Berdinketak bere horretan badirau, dagokion kategoriako ordena-zenbakirik onenaren irizpidea beteko da.
Irizpide hau aplikatzearen ondorioz nahitaez taldez aldatu behar izan duen ertzainak ezingo du nahitaezko beste talde-aldaketarik izan, lanpostu bera betetzen jarraitzen duen bitartean, harik eta lanpostu horren motakoei eragiten dien hurrengo behin betiko lanpostu-zuzkidurarako prozesua ebatzi arte.
Txandakako ordutegi-araubidean, planifikatutako lanaldia 8 ordukoa izango da, astelehenetik ostiralera. Larunbatetako eta igandeetako planifikatutako lanaldietan, 12 ordu izango dira sarrera-orduaren eta irteera-orduaren artean. Salbuespenez, hiru asteko zikloan, goizeko eta arratsaldeko lanaldiak egitea erabaki ahal izango da, lanaldi zatituko araubidean.
Zerbitzuaren premien arabera, aldatu egin ahalko dira kadentzia jakin batean esleitutako txandak, eta aldaketa horren berri emango dio unitateburuak bere nagusiari, eta halaxe jakinaraziko dio interesa duenari ere, ahal dela 48 ordu lehenago, horretarako arrazoiak azalduta. Zerbitzuaren premiengatik egindako txanda-aldaketa, ez bada egiten langile boluntarioekin, soilik gaueko txandan planifikatutako lanaldia duten langileekin egin ahalko da, betiere txandaka taldeko kideen artean. Adinez nagusiena denak izango du lehentasuna, eta txandakatzea urte naturalaren barruan aplikatuko da. Txanda aldatuz gero, txanda osoa lan egiten duten langileek gaueko txandan lan egitearen ondoriozko konpentsazioa jasotzeko eskubideari eutsiko diote.
Baldin eta txanda-aldaketaren edo laneko ordutegia aldatzearen ondorioz hurrengo laneguna hasi arteko hamabi orduko atsedenaldia ezin errespeta badaiteke, ertzainak baimen hartu ahal izango du planifikatutako lan-txanda osoagatik, betiere zerbitzuaren beharrek horretarako modua ematen badute. Baimena lanordutzat hartuko da.
Baldin eta zerbitzuko premiengatik planifikatutako txanda osoan egon beharra badago, 26. artikuluko bigarren apartatuan ezarritako zuzenketa-indize egokia aplikatuko zaie aldatutako laneko txandan benetan lan egindako orduei, baldin eta ordu horiek lan egindako eta planifikatutako txanda amaitu baino lehen edo amaitu ondorengo hamabi orduen barruan badaude. Halaber, ziklo bakoitza hasi aurretik, aplikatu beharreko kadentzia aldatu ahal izango da, nagusiak oniritzia eman ondoren, eta interesdunari astebete lehenago jakinarazi beharko zaio, horretarako arrazoiak adierazita.
III. eranskinean jasota daude txanda bakoitzeko sarrerako eta irteerako orduak. Akordio honen 16.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, salbuespenezkoak izango dira zerbitzuaren premiak betetzeko sarrerako eta irteerako orduetan egiten diren aldaketa guztiak, eta aldaketok egiteko arrazoiak azaldu beharko dira. Arrazoi horiek ohiko bideetatik jakinaraziko zaizkio Giza Baliabideen Zuzendaritzari. EA txanda hasteko ordutegia nahitaez finkatzen bada unitate batean eta 08:00ak eta 11:00ak bitartean egun jakin batzuetan, 14 ordu izango balira bezala zenbatuko dira lan egindako hamabi orduak. Horren ondorioz, atsedenaldiko hamabi orduak bete ondoren lanera itzuli behar izanez gero, ordu horiek osorik zenbatuko dira. Aitzitik, zerbitzua lehenago hasteko zerbitzu-agindu bat badago, lanaldiaren luzapenaren baliokidea den zuzenketa-indizea aplikatuko zaie ordu horiei.
Artikulu honetan arautu den ordutegi-araubidean ezarritako kasuetan, planifikatutako gaueko lanaldian (8 ordu egunean), gaueko eta arratsalde-gaueko txandetan, hamar minutu gehiago zenbatuko dira lan egindako ordu bakoitzeko, hurrengo paragrafoan adierazitako aukera baliatu denean izan ezik. Horrela zenbatutako orduak gaueko txandan hartuko dira oro har, 28. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Langileek 40,14 euro kobratzea aukeratu ahal izango dute gaueko txandako lanaldi oso bakoitzeko, horretarako eskabidea aurreko urteko abenduaren 15a baino lehen idatziz aurkeztuta dagokien lan-zentroan. Urtean behin izango da aukera hori; ezeztaezina izango da urte naturalean zehar, eta aurreko paragrafoan adierazitako ordutegi-indizea ez zenbatzea ekarriko du.
Langileek lanaldi-murrizketa badute, zenbateko hori edo ordu gehigarrien zenbaketa proportzio berean murriztuko da.
Gaueko txanda planifikatuta izanik, zerbitzua lanaldi berean beste lan-txanda batean ematen denean zerbitzuaren premiak direla-eta, denbora gehigarria zenbatzeko edo, hala badagokio, aipatutako produktibitate-osagarria jasotzeko eskubideari eutsiko zaio, aurreko bi paragrafoetan jasotako baldintzetan.
Bi hilabeteko gehieneko epea dago artikulu honetan adierazitako kasuetako diru kopuruak ordaintzeko, diru kopuruok sortzen diren egunetik kontatzen hasita.
Arratsaldeko txandarako (X-L) planifikatutako asteko lanaldi guztietan zerbitzuak benetan eman ondoren, lan-dei baten ondorioz, lan egin behar bada asteburuko egun libre batean, eta hurrengo asteko zazpi egunetan lana planifikatuta badago, ertzainak eskubide osoa izango du hurrengo asteko egun batean, ahal bada astelehenean edo asteartean, zerbitzurik ez emateko, eta egun horretarako planifikatutako txanda zenbatu egingo da. Neurri hori ez da aplikatuko hauteskundeetan zerbitzua emateko deia egiten denean, ez eta 16.5 artikuluan ezarritako kasuetan ere.
Egun librean lan egiteko deia ertzainari jakinarazten zaionean, zerbitzurik eman behar ez duen hurrengo asteko eguna zein izango den ere zehaztu beharko da. Zerbitzua eman behar ez den eguna zehazten ez bada, atseden-eguna hurrengo asteko astelehena izango dela ulertuko da. Ondorioz, ertzainak ez du zerbitzurik eman beharko, eta egun hori ezarritako baldintzen arabera zenbatu eta ordainduko da.
Ertzainak ez badu erabiltzen eskubide hori, eta zerbitzua ematen badu esleitu zaion atseden-egunean, horrek ez du ekarriko berekin beste ezein konpentsaziorik jasotzeko eskubiderik.
Lan-txandak trukatzeko baimena eman ahal izango da, kategoria eta eremu funtzional bereko eta unitate berean lan egiten duten langileen artean, honako baldintza hauek betetzen direnean:
Lanaldi berean, lana txanda desberdinetan planifikatuta duten langileen artean bakarrik baimenduko da.
Unitateburuari jakinarazi beharko zaio eskaera, gutxienez hamar egun lehenago.
Unitateburuak onartu behar du espresuki, eta erantzun egin behar dio eskaerari, eskatu den data baino gutxienez bost egun lehenago.
Trukeak eraginik badu konpentsazio bat aurreikusita duen planifikatutako lan-txanda batean, lan-txanda hori benetan egiten duenak izango du konpentsazioa jasotzeko eskubidea.
Trukeek ez dute eraginik izango lantaldeetako kideen kopuruan eta, beraz, oporrak eta baimenak ematea eta baliatzea lantaldearen plangintzaren arabera baimendu eta baliatuko dira beti.
Aldez aurretik baimendutako trukeari eutsiko zaio, nahiz eta eraginpeko bati baimen bat egokitu lehen mailako senitarteko baten edo ezkontidearen ospitaleratzeagatik edo heriotzagatik, edo aldi bateko ezintasunagatik baja hartu duelako.
Truke horiek egitearen ondorioz ezin izango dira atseden-bermeak bete gabe utzi.
Baimenduta egongo da iraupen bereko lanaldi bat baino gehiago trukatzea eremu funtzional berekoak diren eta unitate berean beste lantalde batean lan egiten duten langileei.
Bi ertzainek konpromisoa hartuko dute eragindako lanaldietan benetako lana egiteko, eta, beraz, horietako batek ezin badu zerbitzua bete hitzemandako datan, arrazoia edozein dela ere, zerbitzua bertan eman beharko du hasiera batean planifikatuta zeukanak. Ertzain batek bi lanaldietan lan egiten badu, bietan benetan egin duen lana zenbatuko da; lanik egin ez duenari, berriz, plangintza murriztuko zaio.
Lanaldi normalizatuko ordutegi-araubidean, lanaldia astelehenetik ostiralera bitarteko asteko lanaldietan antolatuko da, eta larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan atseden hartuko da. Ertzaintzaren Zuzendaritzak zehaztuko du nola aplikatuko den ordutegi-araubide hori unitate bakoitzean, eta urteko lanaldia kontuan hartuta zehaztuko du lanaldi bakoitzaren iraupena, urteko batez besteko lanaldia 7 ordu eta erdi baino gehiagokoa izan ez dadin. Halaber, goizeko, arratsaldeko eta lanaldi zatituko ordutegian lan egiten duten pertsonen kopurua zehaztuko du, eta txandaka aplikatu ahal izango da. Gainera, lanean hasteko ordutegietan hogeita hamar minutuko malgutasuna eskainiko da, eta ezarritako iraupena bete ondoren amaituko da lanaldia.
Oinarrizko eta Ikuskapen eskaletarako gordetako lanpostuak betetzen dituzten langileek eta Musika Bandari atxikitako langile guztiek mota horretako lan-plangintzak aplikatuz zerbitzuak ematen badituzte, hilean 274,05 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute.
Lanaldi normalizatuko araubidean, sarrera-ordutegia 07:00etatik 09:00etara izango da goizez, eta 14:30etik 15:30era, arratsaldeko lanaldirako, unitatearen arabera. Ezarritako eguneko lanaldia bete ondoren amaituko da laneguna.
Lanaldi zatituko lan-asteak honako lanaldi hauetan egingo dira: astelehenetik ostegunera, lanaldi zatituko araubidean lan egitea planifikatuta izango dute langileek. Lanaldi zatitua goizeko 08:00etatik aurrera hasiko da, eta zerbitzua 16:30ak arte bete beharko da, gutxienez; ostiraletan, berriz, lanaldi jarraitua izango dute. Lanaldi zatituetan, langileek bazkaltzeko etenaldia izango dute, gutxienez hogeita hamar minutukoa eta gehienez bi ordukoa, eta 13:00etatik 15:00etara egin beharko da. Arratsaldeko lanaldiaren zatiak gutxienez ordu eta erdiko iraupena izango du. Hala ere, udan, ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean, baita Aste Santuko eta Gabonetako bi asteetan ere, lanaldiak jarraituak izango dira.
Unitateko Burutzak goizeko lanaldian eta arratsaldeko lanaldian txandaka zerbitzua ematea antolatu ahal izango du, lanaldi-araubide horri atxikitako funtzionarioen artean. Era berean, txandakakotasuna ezarri ahalko da lanaldi normalizatu jarraituan zerbitzuak ematearen eta lanaldi normalizatu zatituan zerbitzuak ematearen artean, baina txandakako araubidea eten egingo da, bermatzeko beti pertsona bat egongo dela lanean lanaldi zatituko ordutegian, baita eraginpeko langileek oporrak hartzen dituzten bitartean eta aldi baterako ezintasunagatiko baimenak hartzen dituztenean ere. Halaber, lanaldi jarraitua lanaldi zatitu bihur daiteke 24 ordu lehenago, dagokion unitatean zerbitzua behar bezala ematen dela ziurtatzeko.
Unitate batzuetan bi funtzionario talde edo gehiago finkatu behar direnean, eta talde horiei txandakako araubide bat ezarri behar zaienean goizeko eta arratsaldeko lanaldi jarraituen artean, edo lanaldi normalizatu jarraituen eta zatituen artean, unitate horiek urte bakoitzeko abenduaren 31 baino lehen zehaztuko dute talde kopurua eta langile bakoitzari esleitzen dioten taldea, eta esleipen horren berri emango dute. Esleipen hori eraginpeko funtzionarioaren urteko egutegiaren finkapentzat hartuko da hurrengo ekitaldirako.
Ordutegi-araubide normalizatua duten langileek, baldin eta, egun libreko lan-deietarako lehentasun-hurrenkera aplikatuta, zerbitzu operatiboak ematen badituzte zerbitzurik gabekotzat planifikatutako egunean (larunbata edo igandea) herritarren segurtasunerako polizia-behar operatiboak betetzeko, bost egunez jarraian lan egin ondoren, ez dute zerbitzurik emango planifikatutako hurrengo lanaldian, baldin eta hurrengo asteko bost egunetan benetan lan egitea planifikatuta badute, eta lanaldi hori zenbatu egingo da.
Betearazpen-eskalako kategorietarako eta intendenteen kategoriarako gordetako lanpostuak betetzen dituzten langileek artikulu honetako 3. apartatuan ezarritako lanaldi zatituko araubidean lan egiteko plangintza izango dute. Hori guztia, dagozkion salbuespenekin, zerbitzuaren premiak betetzearen ondorioz lana beste lanaldi edo ordutegi batean egin behar bada.
Plangintza horren arabera lan egiten bada, hilean 329,66 euroko produktibitate-osagarria jasoko da.
Ordutegi malguko araubideak berekin dakar hurrengo apartatuetan ezartzen diren bi lan-plangintzetako baten arabera lan egitea, dagokion unitateko burutzak lanaldia hasteko eta amaitzeko ezarritako ordutegiekin. Lanaldia betetzeko ordutegiak malguak izango dira, eta, beraz, hasieran aurreikusitako ordutegiak aldatu ahal izango dira, aurreikusitako zerbitzu-premiak betetzeko, eta horrek ez du konpentsaziorik sortuko, ez ordutan, ez dirutan. Beraz, ahalegina egingo da lan egiteko ordutegia eta zerbitzuaren premiak betetzeko aurreikusten den ordutegia bat etor daitezen, lanaldia luzatu beharrik izan ez dadin.
Ordutegi malgua planifikatzeko moduetako bat lana kadentzian egitea da, astelehenetik ostiralera, asteburu librearekin.
Dagokion burutzak ezarriko du lanaldi bakoitzaren lan-ordutegia. Zazpi ordu eta erdiko iraupena izango du, astelehenetik ostiralera, eta sartzeko eta irteteko ordutegiak ezarriko ditu. Ordutegi horiek aldatu ahal izango dira, aurreikusitako zerbitzu-premiak betetzeko, eta horrek ez du konpentsaziorik sortuko, ez ordutan, ez dirutan.
Plangintza modalitate horretan lan egiten duten langileek 100 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute.
Langileek ordu-konpentsazioa edo konpentsazio ekonomikoa jasotzeko eskubideari eutsiko diote, ordaindu gabeko baimenak hartzeagatik lanera joaten ez diren kasuetan izan ezik.
Ordutegi malgua planifikatzeko beste modalitatea kadentzian lan egitea da. Modalitate hori bost laneguneko astearekin hasten da, astelehenetik ostiralera (asteburua libre); bigarren asteak zazpi lanegun izango ditu; eta hirugarren astea, berriz, aste librea izango da, astelehenetik igandera. Zerbitzuko premien arabera Unitateko Burutzak antolatzen dituen ordu-tarteetan, lan egindako orduek trataera berdina izango dute, lanordu horiek egin diren eguna edo eguneko tartea edozein dela ere, betiere 4. eta 5. apartatuetan dauden mugak kontuak hartuta.
Dagokion burutzak ezarriko du lanaldi bakoitzeko lan-ordutegia, eta gutxienez zazpi ordu eta erdiko iraupena izango du, astelehenetik ostiralera eta hamabi orduko iraupena, larunbat eta igandeetan. Sartzeko eta irteteko ordutegiak ezarriko dira, eta ordutegi horiek aldatu ahal izango dira, aurreikusitako zerbitzu-premiak betetzeko; horrek ez du konpentsaziorik sortuko, ez ordutan, ez dirutan.
Zerbitzuaren premiak direla-eta, aurreikusitako lanaldiaren iraupena luzatu ahal izango da. Lanaldiaren luzapentzat hartuko da ezarritako lanaldiaren iraupena gainditzen duen lana egitea.
Zerbitzuaren premiengatik lan egindako orduak, ezin denean errespetatu lanaldien arteko hamabi orduko gutxieneko atsedenaldia edo laneko bi asteren arteko berrogeita zortzi orduko atsedenaldia, 26. artikuluko hirugarren apartatuan ezarritako zuzenketa-indizearen arabera zenbatuko dira.
Ikerketa baten ondorioz ordutegi malgua duten ikerketako langileek zerbitzurik gabekotzat planifikatutako egunetan lan egin behar badute, 27. artikuluan egun libreko lan-deietarako ezarritako lan-baldintzak aplikatuko zaizkio zerbitzurik gabekotzat planifikatutako egunetan lan egiteari. Egun librean lan-deiak egiteko, Unitateko Burutzak aldez aurretik dagokion lurralde-burutzaren baimena izan beharko du.
Langileek zerbitzurik gabekotzat planifikatutako asteburu batean zerbitzuak eman behar dituztenean, ikerketa amaitu edo eten ondoren, hurrengo egunean edo egunetan zerbitzurik gabeko lanegun kopuru bera esleituko zaie. Lanaldien eta lan-asteen arteko atsedena bermatuko da, 16. artikuluko 3. apartatuaren arabera.
Kasu horietan, egun librean zerbitzuak emateko deitu beharreko langileak zehazteko, 27. artikuluan ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan, lan-deia eragin duen ikerketa esleituta duen lantaldearen barruan.
Txandarako (X-L) planifikatutako asteko lanaldi guztietan zerbitzuak benetan eman ondoren, lan-dei baten ondorioz, lan egin behar bada asteburuko egun libre batean, eta hurrengo asteko zazpi egunetan lana planifikatuta badago, ertzainak eskubide osoa izango du hurrengo asteko egun batean, ahal bada astelehenean edo asteartean, zerbitzurik ez emateko, eta egun horretarako planifikatutako txanda zenbatu egingo da. Neurri hori ez da aplikatuko hauteskundeetan zerbitzua emateko deia egiten denean, ez eta 16.5 artikuluan ezarritako kasuetan ere.
Egun librean lan egiteko deia ertzainari jakinarazten zaionean, zerbitzurik eman behar ez duen hurrengo asteko eguna zein izango den ere zehaztu beharko da. Zerbitzua eman behar ez den eguna zehazten ez bada, atseden-eguna hurrengo asteko astelehena izango dela ulertuko da. Ondorioz, langileak ez du zerbitzurik eman beharko, eta egun hori ezarritako baldintzen arabera zenbatu eta ordainduko da.
Ertzainak ez badu erabiltzen eskubide hori, eta zerbitzua ematen badu esleitu zaion atseden-egunean, horrek ez du ekarriko berekin beste ezein konpentsaziorik jasotzeko eskubiderik.
Ordutegi malguko araubidea ikerketa-unitateetan behar den kide kopuruari ezarriko zaio. Herritarren segurtasunerako unitateetan, ondoko artikuluan ezarritakora egokituko da egutegia.
Gainera, landagunean arreta-lanak egiten dituzten langileek ordutegi malgua dute esleituta, urtean zehar zerbitzu mota hori eman behar den inguruabarren aldakortasuna dela-eta. Lana artikulu honetan adierazitako bi modalitateetako batean egin ahal izango da.
Ordutegi malgua duten langileek herritarren segurtasunerako operatiboetan lan egin behar badute, eta operatiboa atseden-egun batean gertatzen bada, 27. artikuluan ezarritakoaren arabera konpentsatuko dira benetan lan egindako orduak.
Herritarren segurtasunerako operatiboan planifikatutako lanaldietan parte hartu behar bada eta langile horien benetako lanak planifikatutako lanaldia baino gehiago irauten badu, lanaldia luzatzeko ezarritako baldintzak aplikatuko dira.
Ordutegi malgua duten langileek, lanerako planifikatutako egunetan gutxienez bi orduz, 22:00etatik edo 23:00etatik, 06:00etara edo 07:00etara, lan egiten badute, hamar minutu gehiago zenbatuko zaizkie lan egindako ordu oso bakoitzeko, salbu eta hurrengo paragrafoan adierazitako aukera aurreko urteko abenduaren 15a baino lehen baliatu badute.
Langileek 40,14 euro kobratu ahal izango dituzte aipatu ordutegian benetan lan egindako lanaldi arrunt oso bakoitzeko, dagokien lan-zentroan idatzizko eskaera egokia aurkeztuta. Urtean behin izango da aukera hori; ezeztaezina izango da urte naturalean zehar, eta aurreko paragrafoan adierazitako ordutegi-indizea ez zenbatzea ekarriko du. Langileek aipatutako ordutegi osoan, benetan, lan egiten ez badute, eta, lanaldiaren bi ordu, gutxienez, ordutegi horren barruan egin badituzte, konpentsazio ekonomiko hori jaso ahal izango dute, baina zenbateko hori proportzio berean murriztuko zaie.
Salbuespenez, lanaldien plangintza aldatu ahal izango da operatibo jakin baten ondorioz, eta plangintza zerbitzuko premien eskakizunetara egokituko da, haren iraupenaren aurreikuspenak hala eskatzen duenean. Plangintza berria Ertzaintzaren Zuzendaritzak ezarriko du, Giza Baliabideen Zuzendaritzari jakinarazi ondoren. Bertan, gainera, plangintzaren iraupena eta aplikazio-eremua zehaztuko dira.
Lan-zikloen urteko planifikazioa egiteko unean, langileei honako egutegi hauetako bat ezarriko zaie hasiera batean:
Txandakako ordutegi-araubidea.
Ordutegi malguko araubidea.
Ordutegi-araubide horietako batera nahitaez atxikitzea txandakakoa izango da eta urtebeteko iraupena izango du, eta unitatean lanean denbora gutxien daramaten agenteak atxiki beharko dira. Neurri hori ez zaie aplikatuko praktiketako agenteei.
Txandako ordutegi-araubidea eta ordutegi malguko araubidea 20. eta 22. artikuluetan jasotako arauetara egokituko dira.
Noizbehinka, ordutegi malguko araubideko langileek laneguntzat aurreikusitako egunean guardiako zerbitzua ematen dutenean, haien eguneko lanaldiak 20. artikuluko 5. apartatuan ezarritakoaren iraupen bera izango du. Guardiako eginkizunak egiteko, ordutegi malguko langileei deitzen bazaie, egoera hori atsedenerako aurreikusitako egunean gertatzen bada, egun libreko lan-deitzat hartuko da.
Ikerketa arloko langileek, hasiera batean, ordutegi-erregimen batera edo bestera atxikitzeko eskatu ahal izango dute, borondatez, ekitaldiaren hasieran. Baldin eta ezin bada bermatu polizia-zerbitzuen funtzionamendua funtzionarioen borondatezko atxikipenaren bitartez, unitateburuak nahitaez ezarriko ditu funtzionarioak ordutegi-araubide batean edo bestean, eta, gero, taldearen osaera eta taldeko kideen ordutegia finkatuko ditu sortzen diren bost ikerketa-taldeetako bakoitzean.
Zerbitzuaren arrazoiengatik, eta betiere ordutegi-araubideari dagokion bosteko zikloaren azken asteko lehenengo hiru egunetan, unitateburuak, arrazoituta, hurrengo ziklorako bete behar den ordutegi-araubidea aldatu ahal izango du. Funtzionarioek eskatuta ere aldatu ahal izango da, baldin eta zerbitzuaren premiak errespetatzen badira. Unitatean lanean hasi zenetik denbora gutxien daramaten langileak nahitaez atxiki beharko dira. Neurri hori ez zaie aplikatuko praktiketako agenteei.
Aldaketak langile boluntarioekin egiten badira, lehentasuna izango dute unitatean denbora gehien daramaten eraginpeko eremu funtzionaleko langileek. Nahitaez aldatu beharra izanez gero, unitatean denbora gutxien daramaten eremu funtzionaleko langileei aplikatuko zaie, eta horien artean, kategorian antzinatasun txikiena dutenei eta, berdinketak jarraituz gero, kategorian sartzeko prozeduran lehentasun-ordenarik txarrena dutenei.
Ordutegi espezifikotzat hartzen dira, betetzen dituzten eginkizun bereziak direla-eta, aurreko artikuluetan ezarritakoez bestelako ordutegi-araubidea behar duten unitateenak. Unitate horien funtsezko lanaldi motak artikulu honetan eta Giza Baliabideen zuzendariaren berariazko ordutegi-araubideen ebazpenean daude zehaztuta. Bertan ezartzen dira lanaldi motak eta horietako bakoitzean aplikatu beharreko lanaren egituraketa.
Ordutegi espezifikoen ezarpena aldez aurretik negoziatu beharko da ordezkaritza sindikalekin, EAEPLTBren 125. artikuluan ezarritako negoziazio-mahaian.
Giza Baliabideen Zuzendaritzak ebazpen bat emango du, akordio hau indarrean jartzen denetik aplikatu beharreko ordutegi-araubideak jasotzen dituena, akordioa argitaratzen denetik hamar eguneko epean. Ebazpen horretan, akordio honetan ezarritakoa hartuko da kontuan, eta akordioa indarrean jartzen den unean dauden ordutegi-araubideak jasoko dira.
Planifikatutako lan-aste bakoitzak lan-ordutegi desberdina duten lanaldiak izan ahalko ditu. Planifikatutako lanaldirako ezarritako sarrera-ordutegia gutxienez zazpi eguneko aurrerapenarekin aldatzen bada (sarrera-ordutegia gutxienez bi ordu aldatuta), Kalte-ordainei buruzko Dekretuaren 15.2 artikuluan ezarritako kalte-ordainak aplikatuko dira.
Planifikatutako lanaldirako ezarritako sarrera-ordutegia zazpi egun baino gutxiagoko aurrerapenarekin aldatzen bada (sarrera-ordutegia gutxienez bi ordu aldatuta), aurreko paragrafoan ezarritako kalte-ordainez gain, bi ordu gehiago zenbatuko dira.
Lanaldi motak eta lan-zikloak.
Lanaldi motak:
Lana.
Lanaldi bakoitzaren iraupena eta ordutegia aplikatu behar den ordutegi-araubide espezifikoan ezarritakoa izango da.
Lana/Entrenamendua.
Lanaldi bakoitzaren iraupena aplikatu behar den ordutegi-araubide espezifikoaren araberakoa izango da, lanaldi mota hori aurreikusten den ordutegi-araubideetan. Zerbitzuaren premiak direla-eta, horiei erantzun behar bazaie, eta ezin bada aurreikusitako entrenamendua egin, Unitateko Burutzak entrenamendua egiteko planifikatutako beste lanaldi bat ezarri ahal izango du.
Planifikatutako entrenamendu bakoitzeko 80 euro jasoko dira, unitate bakoitzerako ezarritako mugaren barruan. Hala ere, aldeko ebaluazioa jaso beharko da.
Abenduaren 24an, 25ean eta 31n, eta urtarrilaren 1ean, ez da planifikatuta egongo entrenamendu-egunik.
Stand by.
Ertzaintzako langileei aplikatzen zaien lanaldi mota bat da, baldin eta hala ezartzen den ordutegi-araubidea badute, eta, zerbitzuari datxezkion arrazoiengatik edo zerbitzuak eragindako arrazoiengatik, lanaldi osoetan egon behar badute prestasun-egoeran (standby), lokalizazio-sistemen bidez. Horren arabera, edozein unetan deitu ahal izango zaie zerbitzura lanaldian zehar, eta berehala sartu beharko dira zerbitzuan, destinatuta dagoen unitatean ezarritako erantzun-denborak kontuan hartuta. Egiten diren lan-deiek kontuan izango dituzte txandakatze-irizpideak eta urteko ordu-aurreikuspena, unitate, atal edo talde bakoitzean aplikatuko zaien langile guztien artean.
Egoera horretan benetan lan egindako orduak akordio honen 27. artikuluan xedatutakoaren arabera konpentsatuko dira, eta Ertzaintzako langileen kalte-ordainei buruzko Dekretuan horrelako kasuetarako ezartzen diren kalte-ordainak jasoko dira. Konpentsazio hori ez zaie aplikatuko arduraldi absolutuko lanpostuak betetzen dituzten Ertzaintzako kideei.
Inolako zerbitzurik ematen ez duten Stand by motarako planifikatutako lanaldietan 6 ordu zenbatuko dira.
Lokalizagarritasuna.
Planifikatutako lanaldiaren zati bat da, zerbitzuak emateko lanaldiaren aurrekoa edo ostekoa. Lanaldi horretan, langileak lanean hasteko prest egon behar du, aurrez-aurreko lan-ordutegitik kanpo sortzen diren zerbitzu-beharrak betetzeko. Lanaldi mota hori duten lanpostuak dira lanpostu-zerrendan lokalizagarritasun- eta malgutasun-arduraldiko araubidea ezarrita dutenak. Lokalizagarritasuna duten lanaldien plangintza txandaka egingo dute unitateko, ataleko edo taldeko kideek.
Lokalizagarritasuna duten lanaldietan, langileei bitarteko materialak emango zaizkie, zerbitzu-premiari zuzenean erantzuteko, halakorik gertatuz gero, aldez aurretik beren lanpostura joan beharrik izan gabe.
Aurrez-aurreko ordutegitik kanpo zerbitzu-premia bat ustekabean sortzen bada, eta horren ondorioz lanaldia amaitu duen langile batek benetan lan egin behar badu, eta arrazoi horregatik etxetik irten behar badu eskatu zaion lekura joateko, langile horrek produktibitate-osagarri bakarra jasoko du zerbitzuak emateagatik: 15 euro eguneko ordutegian benetan lan egindako ordu bakoitzeko, eta 20 euro gaueko ordutegian edo larunbat, igande edo jaiegunetan benetan lan egindako ordu bakoitzeko, dagokion benetako lan-denboraren ordu zenbaketaz gain. Ez dira kontuan hartuko etxebizitzaren eta jardun-lekuaren edo lan-zentroaren arteko joan-etorrien denborak.
Unitatean, aurrez-aurrekoa ez den ordutegian lokalizatzeko moduan egonik, ustekabeko zerbitzu-premia bat betetzeko zerbitzua eman behar duten langileek, aipatutako ordutegiaren barruan gertatzen bada, behin hori amaitutakoan, baimen berreskuraezina izango dute, bi lanaldiren arteko hamabi orduko atseden-bermea errespetatzeko.
Librea.
Zerbitzua ematea planifikatuta ez dagoen lanaldia. Langileei dei dakieke benetako zerbitzua emateko, ahal den aurrerapenaz, eta lana egiteak Lan Baldintzen Akordioaren 27. artikuluan ezarritako konpentsazioak izango ditu, bai eta Ertzaintzako langileen kalte-ordainei buruzko Dekretuan horrelako kasuetarako ezarritako kalte-ordainak jasotzeko eskubidea ere.
Egiten diren lan-deiek kontuak izango dituzte txandakatze-irizpideak eta urteko ordu-aurreikuspena, hori aplikatuko zaien langile guztien artean. Konpentsazio hori ez zaie aplikatuko arduraldi absolutuko lanpostuak betetzen dituzten Ertzaintzako kideei.
Oporrak.
Oporraldia. Opor-egunen kopurua ordutegi-araubide espezifiko bakoitzerako ezarritakoa izango da, hilabete naturalaren iraupena erreferentziatzat hartuta, eta bertan zehaztuko da dagokion ordu kopuru baliokidea.
Lan-zikloak eta -kadentziak.
Giza Baliabideen Zuzendaritzaren ordutegi espezifikoko araubideen ebazpenean lan-zikloak ezartzen dira, aplikatu beharreko lanaldi motak uztartuta, eta horien arabera egingo da lana.
Gainera, lan-zikloen kateatzea egituratzen da, dagokien lan-kadentziaren arabera, unitate bakoitzari esleitutako zerbitzu-premiak betetzeko.
Urteko lanaldian, eguneko eta asteko lanaldi guztiak sartzen dira, betiere aplikatu behar diren ordutegi-araubideak eta funtzionario bakoitzari dagozkion egutegiak kontuan hartuta. Urteko lanaldi hori honela osatuko da gero: zerbitzua luzatzearen ondorioz sortutako orduak zenbatuta, egun librean egindako laneko orduak zenbatuta, gaueko txandan planifikatutako lanaldiko orduak zenbatuta, eta 17. artikuluan jasotako ezarpenak aplikatzearen ondoriozko orduak zenbatuta. Horrela zenbatutako orduak ordu-poltsa batean metatuko dira.
Ertzain bakoitzak bere ordutegi-kontroleko informazioa eskuratu ahal izango du, Intranet korporatiboaren bidez.
Honako hau hartuko da lanaldiaren luzapentzat: planifikatutako lanaldiaz gainera egiten den benetako lan-denbora, zerbitzuak berezkoak dituen edo zerbitzuak eragindako arrazoiak direla medio, izan lanaldia lehenago hasita, izan lanaldia amaitutakoan lanean jarraituta.
Konpentsazio hori aplikatzeko, ordutegi-araubide bakoitzaren espezifikotasunak hartu beharko dira kontuan.
Lanaldia hamasei minutu baino gehiago luzatzen bada, luzapenean ordu erdi zenbatuko da, guztizko iraupena hogeita hamar minututik gorakoa ez bada. Benetan lan egindako denborak ordu erdian baino gehiagoan eta ordubetean baino gutxiagoan gainditzen badu lanaldia, ordu osoa zenbatuko da. Lanaldi arrunt batean lanaldiaren luzapenean benetan lan egindako ordu bakoitzeko, ordu eta erdi zenbatuko da. Bi ordutik aurrera, ordubete eta berrogeita bost minutu zenbatuko dira.
Ez dira aplikatuko konpentsazio horiek txanda-aldaketagatik berriak jakinarazi behar direnean. Kasu horietan, benetako denbora zenbatuko da, hamabost minutu baino gehiago irauten duenean.
Larunbat, igande edo jaiegunetan lanaldia luzatuz gero, ordu bakoitzeko bi ordu zenbatuko dira, eta bi ordu eta 15 minutu, larunbat, igande eta jaiegunetan, gaueko ordutegian.
Ordutegi horiek aplikatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da ertzain interesdunak dagokion eskabidea aurkeztea, dagokion unitateburuaren oniritzia jasota.
Zerbitzuaren premiengatik lanaldia luzatzearen ondorioz, ezin izango da bi lanaldiren arteko hamabi orduko atsedenaldia laburtu, salbu eta aparteko gertakariek edo ohiz kanpoko gertaerek eraginda bada. Ez dira halakotzat joko unitate bateko eremu funtzionaleko kideen (gutxienez lau ertzain) % 25en baino gutxiagoren luzapena eragin duten premiak. Kasu horietan, atseden-bermearen barruan benetan lan egindako denborari aplikatu beharreko zuzenketa-indizea gehituko zaio, lan-luzapenaren proportzioan.
Eskubide hori betetzearen ondorioz planifikatutako lanaldiaren zati batean zerbitzurik ematen ez denean, denbora hori ere lan egindakotzat hartuko da. Era berean, presentzia txikiago horrek ez du ekarriko planifikatutako lanaldi osoan (hala aurreikusita dagoenean) lan egiteagatik langileek produktibitateagatik jaso lezaketen zenbatekoa inola ere murrizterik.
Lanaldiaren luzapenerako aurreikusitako tratamendua edozein dela ere, hamabi orduko atsedenaldia errespetatuko dela bermatzeko aurreikusitako neurria gauzatuko da kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudiari jarraikiz.
Apartatu honetan adierazitako neurriak aplikatu ahal izateko, hamabi orduko lanaldien kasuan, bi lanaldiren arteko atseden-bermearen urraketatzat hartuko da lanaldiaren luzapenaren ondorioz gutxienez ordubetean laburtzea atsedenaldia.
Zerbitzuari datxezkion edo zerbitzuaren ondoriozkoak diren premiengatik zerbitzurik gabeko egunetan funtzionarioak lanera deitzea erabakitzen denean, funtzionario bakoitzak premia gertatu deneko astearen hasieran (astelehena) duen orduen urteko aurreikuspena kontuan hartu beharko da. Gainera, aintzat hartu beharko da astean egingo diren lan-deien aurreikusitako iraupena, lan-dei bat baino gehiago eginez gero.
Prestakuntza-jardueretara, bileretara eta beste jarduera batzuetara joateak kasu bakoitzerako aurreikusita dagoen zenbaketarako eskubidea bakarrik emango du, eta ez da egun libreko lan-deitzat hartuko.
Ondorio horietarako, ez da inola ere lanaldi arruntetik kanpo emandako zerbitzutzat hartuko zerbitzurik gabeko egunean edo stand by egoeran norbere eginbeharretarako baimen-egunak berreskuratzeko egiten den lan-deia, ezta berreskuratu beharreko baimenak berreskuratzeko lan-deiak ere. Halako kasuetan, lan egindako orduak, benetako zenbaketan, halakotzat hartutako egun libreak berrekuratzeari egotziko zaizkio zuzenean.
Zerbitzuaren premiatzat hartuko dira behar besteko aurrerapenaz planifika daitezkeen baina ezohikoak diren egoerak (esate baterako, hauteskundeak, ekitaldiak, bisita ofizialak, tokiko jaiak, manifestazioak...), eta, kasu horretan, gutxienez 72 ordu lehenago jakinaraziko zaie hori langileei; zerbitzuaren premiatzat hartuko dira, halaber, 3 egun baino gutxiagoko aurrerapenarekin ezagutu diren bat-bateko eta ustekabeko gertaerak, plangintzatik kanpokoak eta polizia-zerbitzu publikoaren funtzionamendu onerako lanaldiaren banaketa aldatzea eskatzen dutenak (adibidez: presentzia-atalaseak murriztea); eta aipatutako izaera berehalako horrekin ezagutu diren ezohiko egoerak, eta, kasu horietan, ahal den neurrian, lan-deia 24 ordu lehenago egingo da. Ildo horretan, zerbitzuaren premien aurreikuspenen arabera planifikatuta dagoen benetako presentzia gutxieneko presentzia-atalasetik behera jaisten denean, zerbitzurik gabe dauden funtzionarioei lanera deitu ahal izango zaie. Horretarako, ez dira joko presentzia txikiagotzat unitatean, oporrak, norbere kontuetarako baimenak eta antzinatasunagatiko baimenak eta arauz emandako orduak metatzeagatiko konpentsazioak.
Egun librean lan-deiak egiteko, Unitateko Burutzak aldez aurretik dagokion lurralde-burutzaren baimena izan beharko du.
Egun librean egindako lan-deien ondorioz emandako zerbitzuen iraupena ezin izango da, inola ere, hiru ordutik beherakoa izan.
Zerbitzurik gabekotzat planifikatutako edo atsedenerako aurreikusitako egunean egindako lan-dei bategatik benetan lan egindako orduak jarraian azaltzen diren zuzenketa-indizeak aplikatuta konpentsatuko dira, hurrengo apartatuan ezarritako aukera baliatu denean izan ezik:
Egun librean (larunbatak, igandeak eta jaiegunak alde batera utzita) egindako ordu bakoitza ordubete eta hamabost minutu bezala zenbatuko da.
Aurreko letran ezarritako kasuetan, gaueko aldian egindako ordu bakoitza ordubete eta berrogeita bost minutu bezala zenbatuko da.
Larunbatetan, igandetan edo jaiegunetan egindako ordu bakoitza bi ordu bezala zenbatuko da.
Larunbatetan, igandetan edo jaiegunetan egindako ordu bakoitza bi ordu eta 15 minutu bezala zenbatuko da.
Lan egindako denbora zenbatzeko, lan-deia egun librean edo stand by egunean egiten bada, denbora hori zortzi ordukoa izango da gutxienez, dagokion zuzenketa-indizearen aplikazioa barne.
Hori aplikatuko zaien funtzionarioek bi aukera hauek izango dituzte: beren borondatez aparteko haborokinen bidezko konpentsazioari heltzea, edo aurreko apartatuan ezarritako ordu-konpentsazioaren araubidearen mende jarraitzea, baldin eta, apartatu honetan ezarritakoaren arabera, haborokin horiek jasotzea posible bada eta horien sortzapenerako eskubidea izateko baldintzak betetzen badira. Aparteko haborokinak jasotzeak baztertu egingo du egindako lanagatiko ordu-zenbaketa, bai eta zerbitzu horiengatik berengatik beste edozein ordainsari-osagarri ordaintzea ere.
Aparteko haborokinak kobratzeko baldintzak betetzen badira, ordu-zenbaketaren ordez, benetan lan egindako ordu kopuruaren arabera ordainduko dira haborokinak; gutxienez 6 ordu ordainduko dira. Inola ere ez da egun librean lan-deirik egingo benetako hiru lanordu baino gutxiago egiteko.
Fakultatiboen eta Teknikarien eskalako langileek ezin izango dute aukera hori baliatu, 4. apartatuko 1. zenbakiko b) letran aipatzen den kasuan izan ezik, eta eskala horretara jatorrizko beste polizia-kategoria batetik sartu diren kasuetan izan ezik.
Ezingo dira laneko ohiko planifikaziotik kanpo egindako orduak eta haborokina jaso duen zerbitzu baten orduak aldi berean zenbatu; salbuespen bakar batekin: urteko 1.592 orduko lanaldia benetan lortu eta gainditzen duen lan-deia. Kasu horretan, aipatutako urteko lanaldira iristeko falta diren orduak zenbatu beharko dira, eta gainerako orduak diruz konpentsatu ahal izango dira.
Aparteko zerbitzuak plangintza arruntetik kanpo ematen dira eta aparteko haborokinen bidez ordaindu ahal izango dira; hauek dira:
Zerbitzurik gabeko egunean edo stand-by egoeran, herritarren segurtasunaren eremuko eta trafikoaren eremuko ordutegi espezifikoko araubidean dauden langileek edo babes eta baliabide operatiboen eremuko ordutegi espezifikoko araubidean dauden langileek emandako zerbitzuak, baldin eta zerbitzuaren berezko premiengatik edo zerbitzutik sortutako premiengatik deitzen bazaie beren polizia-zeregin operatiboak betetzeko.
Ordutegi malguko araubideko langileek atseden hartzea aurreikusita duten egunetan emandako zerbitzuak, bai eta langile horiek eremu horretako operatibo batean herritarrak babesteko eginkizunak betetzera igarotzen direnean edo herritarrak babesteko operatibo espezifiko batean berezko dituzten zereginak betetzen dituztenean ere; edo ordutegi normalizatuko araubidean dauden langileak ematen dituzten zerbitzuak, herritarren segurtasunaren eremuko polizia-zeregin operatiboak egiteko deitzen zaienean, eta, gainera, txandakako ordutegi-araubideko langileei egun librean deitu behar zaienean, operatibo horiek irauten duten denbora osorako.
Ordutegi malgua duten ikerketako edo inteligentziako langileek zerbitzurik gabekotzat programatutako egun batean eman behar badute zerbitzua, beren ikerketa-lanak egiteko.
Egun librean lan-deiak egiteko, Unitateko Burutzak aldez aurretik dagokion lurralde-burutzaren baimena izan beharko du.
Ordutegi malguko araubideko langileek emandako zerbitzuak, mota horretako ordutegi-araubiderako lan-baldintzak arautzen dituen indarreko akordioaren 22. artikuluko 4. apartatuan ezarritako bi lanaldiren arteko atsedenaldia laburtzen den denboran.
Brigada Mugikorraren Unitateko langileek prestakuntza taktiko-operatiboko lanaldia benetan egitea. Lanaldia, zerbitzurik gabekotzat planifikatutako asteetako asteazken, ostegun edo ostiraletan ezarrita izango dute, eta bederatzi ordu eta erdiko iraupena izango du.
Hona aparteko haborokinen bidezko konpentsazioa jasotzeko eskubidea izateko bete behar diren baldintzak, aukera hori erabiltzen baldin bada:
Egun librean zerbitzura deitu dituztelako benetan zerbitzua ematen duten langileek, lanordu gisa zenbatutako denboraren eta urte amaierara arte beren taldearen plangintzan geratzen den denboraren artean kasu bakoitzean ezarritako urteko lanaldia gainditzen badute, berariaz aukeratu ahal izango dute, ezarritako inprimakia beteta, artikulu honetan adierazitako zenbatekoak kobratzea; kasu horretan, ez da lan-denborarik zenbatuko.
Salbuespen gisa, konpentsazio ekonomikoa aukeratu ahal izango da aurreko paragrafoan ezarritako urteko lanaldia bete izanaren baldintza bete gabe, egun libreko lan-deietan egindako lanagatik, baldin eta lan-dei horiek hauteskunde-prozesuetan edo bestelako ekitaldietan masak eta ordena publikoaren nahasmenduak kontrolatzeko egin badira, eta, hori betetzeko, egun librean Herritarren Babeseko Alorreko bi unitate edo gehiagoko langileei deitu behar bazaie, bai eta gertaerak gertatzen diren mugapeko langileei ere, Unitate Nagusietan zerbitzua ematen duten langileak alde batera utzita. Horretarako, Ertzaintzaren Zuzendaritzak Giza Baliabideen Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio zein diren eragindako unitateak eta zer lanalditan gertatu den hori. Horretarako, Unitate Nagusitzat hartuko dira tokiko edo lurraldeko eremurik ez dutenak.
Ezin izango da konpentsazio ekonomikorik jaso langile boluntarioek zein ez-boluntarioek egun librean edo stand-by egoerako egunean emandako zerbitzuengatik, baldin eta zerbitzua emateko dataren aurretik lanerako planifikatutako bi asteetan ez badira lanera joan gaixotasun arrunt bat zutelako.
Kuantifikazioa.
Lan-plangintza arruntetik kanpo emandako zerbitzuengatiko aparteko haborokinen zenbatekoa honako balio/ordu hauen arabera kalkulatuko da, 2025eko urtarrilaren 1eko ordainsari-igoera orokorra aplikatu aurretik:
(Ikus .PDF)
Lan-baldintzei buruzko akordio honen indarraldian, zenbateko horiek handitu egingo dira 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorrean ezarritako ordainsarien igoera orokorraren ehuneko berean.
Honako hau hartuko da jaiegun-ordutzat: larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan 06:00-07:00etatik 22:00-23:00etara lan egindako ordua. Honako hau hartuko da jaiegun/gaueko ordutzat: larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan 22:00-23:00etatik 06:00-07:00etara lan egindako ordua. Honako hau hartuko da gaueko ordutzat: astelehenetik ostiralera (jaiegunetan izan ezik) 22:00-23:00etatik 06:00-07:00etara lan egindako ordua; eta ordu arruntzat, gainerakoa.
Ordaintzeko, ordu osoak edo ordu erdiko zatikiak hartuko dira kontuan, eta ordu horiek lanaldia luzatzen denean eta zerbitzurik gabeko egunetan lan egiten denean ordutegi-kontrolari aplikatu behar zaion arau orokorraren arabera zenbatuko dira.
Dei-hurrenkera.
Zerbitzuan sartzeko deituko den langile mota, langileen kategoria eta jatorrizko unitatea aukeratzeko, kontuan hartuko dira zerbitzuaren premiek une bakoitzean eskatzen dituzten zereginak.
Zerbitzu aktibo modulatua aitortua duten langileak dagokien lehentasun-hurrenkeran sartuta egongo dira, langile boluntarioak edo ez-boluntarioak diren kontuan hartu gabe, eta egoera horren berezitasun bakarrak hauek izango dira: urteko lanaldia murrizteak dakartzanak, ordena publikoaren nahasmenduak aurreikusten diren operatiboetan zuzenean parte ez hartzea, eta gaueko ordutegian lan egitetik salbuestea, baldin eta hori izan bada egindako aukera. Laneko azken urtean daudenei dei egin ahal izateko, boluntarioak izan beharko dute, betiere dagokien urteko lanaldia betetzen badute.
Urtearen hasieratik boluntarioen zerrendan ez dauden langileek, lanean hasten diren unean, dagokion eremu funtzionalean urtean egun librean lan egindako ordu kopuru handiena duenaren ordena-zenbaki bera izango dute.
Lanaldi-murrizketa duten langileei ez zaie deituko egun librean lan egiteko.
1. Herritarren segurtasunerako unitateetan, egun librean dauden langileei dei egin behar zaienean eta horiek Herritarren Segurtasunerako Alorreko langileak izan behar badira eta zerbitzuaren premiak betetzeko, gainera, eremu funtzional ezberdineko unitate bateko langileei ere dei egin behar zaienean, ordena honi jarraituko zaio:
Ikerketa-arlokoak diren eta txandakako ordutegi-araubidea duten langileak.
Ordutegi malguko araubideko langileak.
Azkenik, ordutegi normalizatuko araubideko langileak.
2. Egun librean edo stand by egoerako egunean lan-deiak egiteko irizpide orokorrak.
Lehenik lantaldeetako langile hauei deituko zaie: egun librea planifikatuta edukita ere, eta zenbatutako denbora eta urtearen amaierara arteko planifikatutakoa kontuan hartuta, ezarritako urteko lanaldia bete gabe dutenei, betetzeko ordu gehien falta zaizkion agentetik hasita. Irizpide hori ez da aplikatuko langile horiei deitzeak ezarritako atsedenaldi bermatua laburtzea badakar. Lan-deiak ez du ekarriko, ezein kasutan, zerbitzuan egon beharra elkarren segidako 8 egun baino gehiago.
Behin aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak betetakoan, langile boluntarioak deituko dira, eta lehentasuna emango zaie gainerakoen aurretik, betiere egun librean benetan lan egindako ordu kopuru txikienetik handienera ordenatuta. Denbora librean lan egindako orduetan berdinketarik bada, urteko lanaldia betetzeko ordu gehien falta zaizkionari deituko zaio, edo, urteko lanaldian gainditua bada, soberako ordu gutxien egin dituenari.
Stand-by erako lanaldia aurreikusita duten ordutegi-araubideetan, lanaldi mota horiek planifikatuta dauzkaten langileei deituko zaie lehenik, zerbitzurik gabekotzat planifikatutako eguna dutenen aurretik, eta, haien artean, aurreko paragrafoetan ezarritako hurrenkeran deituko zaie. Eskoltako langileen kasuan, lanera deitzeko hurrenkera aldatu ahal izango da, babesten dituzten pertsona jakin batzuei eman behar zaien zerbitzua kontuan hartuta.
Era berean, ordutegi malgua duten ikerketa-langileen kasuan, lan-deien lehentasun-hurrenkera aldatu ahal izango da, ikerketa bati jarraipena ematearren bada.
3. Honako hauek hartuko dira langile boluntariotzat: zerbitzuaren premiengatik egun librean lanerako deia jasotzeko prest direla unitatean espresuki adierazten dutenak. Aukera hori egin ondoren, ezin izango zaio uko egin aukera gauzatu den urtean, salbu eta administrazio-egoera aldatzen bada edo lan-zentroa aldatzen bada.
4. Langile ez-boluntarioei, zerbitzurik gabeko egunean edo stand-by egoeran dauden egunean lanera deitzeko, egoera horietan lan egindako ordu kopuruaren alderantzizko hurrenkeran deituko zaie.
5. Azaroaren 1etik aurrera, aurreko apartatuetan ezarritako hurrenkeraren aurretik, premia pertsonalengatik egun libreak edo lan-plangintzatik murriztutako orduak berreskuratzeko dituzten langileak egongo dira. Langile horiei lan egindako denbora orduz ordu zenbatuko zaie.
6. Baldin eta aurreko apartatuetan xedatutakoaren arabera egin beharreko lan-deiak lanaldien arteko atseden-bermea ez betetzea edo zortzi egun jarraian baino gehiagoan lan egitea badakar, eta egoera horietan ez dauden funtzionarioak badaude, horiexei deituko zaie, ezarritako hurrenkeraren arabera.
Lan-baldintzei buruzko akordioaren 20. artikuluan araututako herritarren segurtasunerako txandakako ordutegi-araubidean, asteburuko lan-deiaren ondorioz bi lan-asteren arteko ondoz ondoko berrogeita zortzi orduko atseden-bermea betetzen ez bada, arratsaldeko astean lan egiten ari diren taldeko langileak izango dira deitu beharreko azkenak, eta, behar izanez gero, horren barruko lehentasun-hurrenkera, oro har ezarritakoa izango da. Irizpide hori ez da aplikatuko baldin eta errefortzu-premia igandeko arratsalde-gaueko orduetan gertatzen bada, langile horiek izango baitute, lehentasunez, zerbitzua betetzeko ardura.
Zerbitzuaren premiengatik egun librean egindako lan-deiagatik zerbitzua emateak ez du ekarriko, ondoriotzat, bi lanaldiren arteko hamabi orduko atsedena ez betetzea, salbu eta ezbeharrak edo ezohiko beste kalte batzuk prebenitzeko edo konpontzeko zerbitzua ematen denean, edo ezohiko edo premiazko gertaerei aurre egiteko zerbitzua eman behar denean.
Eskubide hori betetzearen ondorioz planifikatutako lanaldiaren zati batean zerbitzurik ematen ez denean, denbora hori ere lan egindakotzat hartuko da.
Hamabi orduko atsedena errespetatzea bermatzeko aurreikusitako neurria kasu bakoitzean aplikatu behar den araudiaren arabera aplikatuko da, egun librean lan egiteko aurreikusitako tratamendua edozein dela ere.
Baldin eta, egun librean egindako lan-deiaren ondorioz, zazpi egunez jarraian lan egin ondoren ez bada betetzen 48 orduko atsedenaldia, aldi horretan egun librean egindako lan-deian lan egindako orduei ordu-konpentsazioa aplikatuko zaie, artikulu honetako hirugarren apartatuan ezarritako indizeen ordez, hau da, ordu eta hiru ordu laurden zenbatuko dira ordu bakoitzeko astelehenetik ostiralera; bi ordu gaueko lanordu bakoitzeko, edo bi ordu eta laurden lanordu bakoitzeko larunbat igande edo jaiegunetan; eta bi ordu eta erdi lanordu bakoitzeko larunbat, igande edo jaieguneko gaueko lanaldia denean.
Ondoz ondoko lanegunen ondorioz ezin bada 48 orduko atsedenaldia errespetatu, zazpi egunez benetan lanean aritutako astearen aurreko asteburuan zerbitzua emateagatik, zerbitzurik gabeko egunean lan egindako lanaldiei bi ordu eta laurdeneko zuzenketa-indizea aplikatuko zaie larunbat eta igandeetan, eta bi ordu eta erdikoa larunbat eta igande gauetan. Konpentsazio hori ez zaie aplikatuko lan-baldintzei buruzko akordio honetako 20. artikuluko 9. apartatuan jasotako kasuei.
Urte amaierara arte planifikatutako lanorduak zenbatutako lanorduei gehitzean ezarritako urteko lanaldia gainditzen bada, gehiegizko ordu horiek gozatu beharko dira, betiere horien kopuruak, gutxienez, lanegun oso bat gozatzeko aukera ematen badu. Ordu horiek orduz ordu gozatuko dira, eta lanaldia gainditzen den hilabetea amaitu baino lehen eskatuko dira, salbu eta egoera hori hil horren azken astean gertatzen bada; kasu horretan, hurrengo lan-astera arte luzatuko da epea. Eskaera horiek bi asteko epean ebatziko dira.
Gehiegizko orduak gehienez ere bi hilabeteko epean gozatu beharko dira, eskaera egin behar den hiletik kontatzen hasita, gehiegizko orduak, gutxienez, 24 badira. Urteko lehen bi hilabeteetan, zerbitzu aktibo modulatua duten langileen urteko lanaldia murrizteak sortutako gehiegizko orduak gozatzeko plangintza egin beharko da, gutxienez orduen % 50 apirilaren 30a baino lehen gozatzeko.
20. artikuluan araututako ordutegi-araubidean hilabeteetan adierazten diren epe horiek zikloekin bat etorriko dira. Salbuespen bakarra egongo da: zerbitzuaren premiak direla-eta, langileak eskatutako datetan ezin bazaio eman ordu horiek hartzeko baimena, beste ziklo bat hasiko da, eta hor hartu beharko dira orduak, epea ezin izango baita gehiago luzatu. 20. artikuluan araututako ordutegi-araubidean, zikloa arratsaldeko txandako astearekin (X-L) hasten da.
Aurreko apartatuan ezarritakoaren arabera, gehiegizko orduak gozatzeko datak ertzainak aukeratuko ditu; urteko lanaldia gainditu den zikloa amaitu baino lehen aurkeztu behar du orduak gozatzeko eskaera, eta bi aste igaro aurretik ebatzi beharko da. Gehiegizko orduak gozatzeko eskaeren aurrean, eskatzaileak zerbitzua ematen duen arlo funtzionalaren barruan egin beharko da zerbitzuaren premien azterketa. Oporrak hartzeko eskaerak ebazteko unean, aurretik oporrak eta norbere kontuetarako baimenak eta antzinatasun-baimenak eman beharko dira.
Ezinezkoa denean eskatu diren datak ematea, interesdunak beste data batzuk eskatu ahal izango ditu aldi beraren barruan, eta, horretarako, egun baliodunei buruzko informazioa emango da ezezkoa jakinarazten denean.
Baldin eta eskaera egiteko epea igarotakoan eskaera hori egin ez bada, Unitateko Burutzak orduak gozatzeko datak ezarriko ditu ebazpen-epea amaitzen denean, eta interesdunari jakinaraziko zaio data horietan gozatu behar dituela, epea luzatzeko aukerarik gabe.
Data batzuk gozatzea baimendu bada, eta interesdunak gehiegizko ordu gehiago badauzka, baimena emango zaio horiek gozatzeko data horien aurretik eta ondoren, eskaera-epeak aurrera egin gabe, betiere zerbitzuaren premiek horretarako aukera ematen badute.
Urtea amaitzen denean langileak ezarritako urteko lanaldia baino benetako lanordu gehiago baditu zenbatuta, ordu horiek hurrengo urtean lan egindako ordutzat joko dira. Ordu horiek aipatutako urteko planifikazioari gehitutakoan ikusten bada funtzionarioak gehiegizko orduak dituela, ordu horiek gozatu egin beharko ditu, artikulu honen 2. eta 3. apartatuetan ezarritako irizpideen arabera.
Orduak gozatzea baimentzeko lehentasun-hurrenkera: Egun edo egun-tarte jakin batzuetarako eskaera bat baino gehiago badago, eta, ehunekoa gainditzeagatik, ezin badira eskaera guztiak onartu, lehentasuna izango dute data horietan aldi jarraitu luzeena eskatu dutenek. Bestela, zozketaz erabakiko da.
Ertzaintzako kideek gutxienez hilabeteko opor ordainduak (31 egun natural) hartu ahal izango dituzte zerbitzu aktiboan emandako urte oso bakoitzeko, edo proportzioan dagozkien egunak, denbora gutxiago lan egin badute. Lan-zikloak bat ez datozenean hilabete naturalarekin, hartu behar den oporraldia benetako laneko 172 ordukoa izango da, salbu eta ordutegi-araubidean beste iraupen bat ezartzen baldin bada. Edonola ere, oporrak egun osoetan hartu beharko dira. Artikulu honetan jasotako opor-orduen kopurua aldatu ahal izango da beste lan-plangintza bat ezartzen bada.
artikuluan ezarritako txandakako ordutegi-araubidean diharduten langilek 176 orduko oporraldia izango dute.
artikuluan ezarritako lanaldi normalizatuko araubidean diharduten langileen oporrak 23 lanegunekoak izango dira, eta opor-egun bakoitzak 7 ordu eta 30 minutu iraungo du.
artikuluan ezarritako ordutegi malguko araubidean diharduten langileek 172 orduko oporraldia izango dute.
Brigada Mugikorraren ordutegi-araubidean diharduten langileek 180,5 orduko oporraldia izango dute.
Ordutegi espezifikoko araubideen erregulazioak ezarriko du horietako bakoitzean diharduten langileen oporrak hartzeko modua, bai eta oporren ordu kopurua ere.
Oro har, honako irizpide hauen arabera hartuko dira oporrak:
Gehienez ere, eremu funtzional bereko kideen % 25en oporrak onartu, eman edo baimenduko ahalko dira aldi berean. Hala ere, zerbitzu-premien aurreikuspenaren arabera, handitu egin ahalko da ehuneko hori. Ehuneko horren barruan sartzen dira norbere kontuetarako baimenengatik, antzinatasunagatiko baimenagatik edo gehiegizko orduengatik aldez aurretik emandakoak. Halere, atal edo talde bakoitzaren premien arabera, unitate buruak handitu egin ahalko du ehuneko hori.
Aipatutako % 25eko ehunekoaren aplikazioak hamartarrak ematen dituenean, eremu funtzionalean dauden ertzainen kopurua dela-eta, bat gehiagok hartu ahalko dituela ulertuko da, salbu eta eskatutako egunetan egun libreko lan-deiak egitea aurreikusita badago zerbitzuaren premiak betetzeko.
Oporrak eskatzeko epeak.
Oporrak hartzeko eskaera egiteko epe orokorra: Eskaera apirilaren 16a baino lehen egin beharko da nahitaez.
Halere, oporrak maiatzaren lehenengo igandea baino lehenago hartu nahi dituenak aurreko urteko urriaren 1etik aurrera egin ahalko du eskaera, eta, asko jota, eskatu behar dituen egunak baino hilabete lehenago gutxienez.
Behin oporretarako datak baimendu direnean, oporrak hartzeko datak aldatzeko aukera egongo da eta, horretarako, eskaeran ongi zehaztu beharko da zein diren oporrak hartzeko data berriak (nahikoa libre dauden egunak izan beharko dira). Data aldatzeko eskaera hori hamabost egun lehenago egin behar da gutxienez. Beraz, ebazpenak eraginik gabe utziko ditu opor-egun batzuk eta oporrak beste egun batzuetan hartzea baietsiko du. Oporrak hartzeko datak aldatzeko arrazoi justifikatua izango da senidearen heriotzagatiko eta senidearen ospitaleratzeagatiko baimena hartzea.
Arrazoi justifikatu bategatik oporretarako eskaera aipatutako epearen barruan egin ez duenak gehienez ere hamabost eguneko epean egin beharko du eskaera hori, aurreko epea amaitzen denetik kontatzen hasita. Unitateak emandako informazioaren arabera libre dauden datak bakarrik eskatu ahal izango dira.
Baldin eta bajan zegoelako ezin izan badu oporrik hartu, ertzainak gehienez ere hamabost eguneko epearen barruan eskatu beharko ditu berriro, berriz lanean hasten denetik kontatzen hasita. Oporrei dagokien urte naturala igaro bada, alta hartu eta berehala hartu beharko dira, zerbitzuaren premiengatik ezinezkoa denean izan ezik; kasu horretan, premiak amaitu ondoren hartuko dira.
Baldin eta ez bada aurkezten inongo eskaerarik aurreikusitako epeetan, Unitateko Burutzak zehaztuko ditu oporrak libre dauden datetan, baina datak aldatu ahal izango dira gero, zenbaki honen hirugarren paragrafoan ezarritakoaren arabera. Era berean, aurkeztutako eskaerek ez badituzte barne hartzen berme-asteak, eta aurreikusita baleude, Unitateko Burutzak esleituko ditu, ezarritako irizpideen arabera.
Baldin eta jakinez gero, behin epe hori igarotakoan, ikastaroan parte hartu behar dela, oporren datak aldatzeko aukera eskainiko da, oporrak abuztuan hartzeko, eta ertzainak bere unitatean egin beharko du eskaera hori, ikastaroa hasi baino lehen. Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Akademiak antolatutako ikastaro bat egiten duten langileek, ikastaroa udan bada eta abuztuan eskola-egunik ez badago, hilabete horretan hartu ahalko dituzte oporrak, lantaldearen planifikazioaren arabera, baina ez dira taldeko opor-ehunekoaren parte izango.
Aldi baterako ezintasunak sortutako bajan egoteagatik oporrak dagokien urtean hartu ezin izan dituzten langileek oporrak hartzeko eskubideari eutsiko diote gehienez ere 18 hilabetez, oporrak hartzea legokiekeen urteko azken egunetik zenbatzen hasita. Hala ere, medikuaren alta jaso ondoren, aurreko urteko edo urteetako opor guztiak hartu beharko dituzte, eta Unitateko Burutzari jakinarazi beharko diote noiz hartuko dituzten. Unitateko Burutzak zerbitzuaren premiengatik soilik atzeratu ahal izango du oporrak hartzeko unea, Giza Baliabideen Zuzendaritzari txosten arrazoitu bat bidalita.
EAEko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak antolatutako ikastaro bat egiten egoteagatik oporrak dagokien urtean hartu ezin izan dituzten langileek ikastaroa amaitu eta berehala hartu beharko dituzte arrazoi horrengatik hartu ezin izan dituzten opor guztiak, eta Unitateko Burutzari jakinarazi beharko diote ahalik eta arinen. Unitateko Burutzak zerbitzuaren premiengatik soilik atzeratu ahal izango du oporrak hartzeko unea, Giza Baliabideen Zuzendaritzari txosten arrazoitu bat bidalita. Oporrak martxoaren 31 baino lehenago hartu beharko dira.
Oporrak idatziz eskatu, eman eta ukatuko dira. Epe orokorraren barruan egindako eskaeretarako, ez bada erantzunik jasotzen maiatzaren lehenengo igandea baino lehenago, ulertuko da eskatutako datetan onartu direla oporrak. Eskaera ukatzen denean, ukatzeko arrazoiak azalduko dira, eta, gainera, berriz eskatzeko zein data baliodun dituen adieraziko zaio ertzainari.
Aurreko puntuan ezarritako gainerako kasuetan egindako opor-eskaerei, hamar eguneko epean erantzun beharko zaie. Baldin eta ez bada erantzunik ematen epe horren barruan, onartu egin direla ulertuko da.
Baldin eta oporrak eskatzeko epe orokorrean jakiten bada oporrak hartu nahi diren egunetan, edo oporretako egun batzuk hartu nahi diren egunetan, eskatzailea beste destino edo kategoria batean lan egiten ariko dela, aldi horri dagokion opor-eskaera zentro berrian egin beharko da, eta eremu funtzional berriaren barruan.
Oporrak eman ondoren, opor-egun guztiak edo opor-egunetako batzuk hartzeko aldia iristen denean, langilea beste destino edo kategoria batean lan egiten ari bada, oporrak hartzeko egunei eutsiko diela bermatuko da, nahiz eta, horretarako, egokitu egin beharko diren, plangintza bat etorriko ez balitz. Ezin baditu egun horiek hartu ehunekoa beteta dagoelako, ertzainak beste eskaera bat egin beharko du dagokion aldirako, Burutzak libre daudela adierazi duen egunetarako, lan-zentro berrira iristen denetik edo kategoria berrian sartzen denetik hamabost eguneko epean.
Lan-zentro bakoitzean, kontrolatu egingo dira ertzain bakoitzak gozatutako datak. Nolanahi ere, lanerako planifikatutako udako bi opor-aste hartzeko aukera bermatuko zaie lan-zentro edo unitate bakoitzeko langile guztiei. Udako oporretan, hirugarren aste bat hartzeko baimena emango da, egun horietan egun librean deitzea aurreikusita dagoenean izan ezik.
Oporrak, oro har, gutxienez astebete naturaleko aldietan hartu beharko dira.
Hala ere, oporraldi laburragoak ere onartuko dira, beti egun osoak hartzen badira.
Oporrak orduka hartzea onartuko da, gehienez ere egun bat urtean, baldin eta, opor-egunak eman edo gozatu ondoren, aplikatu behar den ordutegi-araubideko lanaldien iraupena baino ordu gutxiago geratzen badira, eta partzialki beste kontzeptu batengatik gozatuko litzatekeen egun bat osatzeko bada.
Oporrak hartzea onartu ondoren, oporrak aldatzea baimendu ahal izango da, une horretan bertan ezartzen baldin badira oporrak hartzeko egun zehatzak, eta aldaketak aste natural osoan edo, hala badagokio, ondoz ondoko bi asteetan izango du eragina.
Lehentasun-hurrenkera.
Jarraian jasotzen diren irizpideak dagokion eremu funtzionalaren barruan eta modu preklusiboan aplikatu beharko dira. Ondorioz, irizpide bat aplikatu beharko da, baldin eta, aurrekoak ikusita, ezin izan badira aurkeztutako eskaerak ebatzi.
1. Irizpide nagusiak. Ondoz ondoko bi lan-asteko eskaerei emango zaie lehentasuna (halakotzat hartuko dira erdian berme-aste bat dutenak ere), egutegiaren arabera, gainerakoen aurretik, eta aste osoko eskaerei, egun gutxiagoko eskaeren aurretik, eta azken horien artean egun kopuru handiena dutenek izango dute lehentasuna.
Astebeteko oporrak ematea eta lehentasun-hurrenkera aplikatzea erabakitzeko, ez dira kontuan hartuko eskatu diren aurreko edo ondorengo asteetako egunak, ondoz ondoko bi aste oso direnean izan ezik.
Baldin eta urteko azken astea hartzeko eskatu bada eta aste horretako egun batzuk hurrengo urtearen barruan badaude, gainerako asteetako irizpide berak aplikatu beharko dira, berezitasun bakar honekin: opor-orduen kopurua dagokion ekitaldiari egotzi beharko zaio.
2. Irizpide subsidiarioak. Aurreko puntuan ezarritako aurreko hiru faseetako batean ezin bazaizkie eman oporrak egoera horretan dauden eskatzaile guztiei, ondoko irizpide hauek aplikatu beharko dira, jarraian jasotzen den hurrenkera preklusiboaren arabera, gainera; horretarako, kontuan edukiko da data berdinak eskatu direla ulertuko dela, bi eskaera gutxienez bost egunetan bat baldin badatoz. Aste Santuaren kasuan, berdin dio urteko zein egunetan izango den.
Lehenengo, honako hauek izango dute lehentasuna: aurreko bi urteetan ere urte honetan eskatu dituzten data berak eskatu zituztenek, baina eman ez zitzaizkienek.
Bigarren, honako hauek izango dute lehentasuna: aurreko urtean ere urte honetan eskatu dituzten data berak eskatu zituztenek, baina eman ez zitzaizkienek.
Aurreko irizpideak aplikatu ondoren, egun berberetarako ezarritako ehunekoa baino eskaera gehiago egonez gero, zozketa egingo da.
Oporrak hartzeko eskaerek lehentasuna izango dute norbere kontuetarako baimen-eskaeren aurrean, baita antzinatasun-egunak eta gehiegizko orduengatik egun libreak gozatzeko eskaeren aurrean ere, halakoak onartzeko garaian.
Lehentasun-hurrenkera hori une zehatz batean aplikatu behar da: indarreko araudiaren arabera, ezarritako epeen barruan aurkeztutako eskaerak ebatzi behar direnean. Beraz, epe barruan aurkeztutako eskaerak, ezarritako epean baietsi badira, ezin dira ezeztatu epe hori igaro ondoren aurkeztutako eskaeren ondorioz.
Baimen horien kudeaketan arazorik egon ez dadin, talde bakoitzeko kideei jakinarazi beharko zaie baimen horiek badirela, aurkeztutako eskaerak ebatzi behar diren data baino nahikoa lehenago. Beraz, data beretan interesa duten gainerako lankideek aukera izango dute dagokion eskaera epe hori amaitu baino lehen egiteko, eta, horrela, ebazpena emateko unean horiek guztiak hartuko dira kontuan, ezarritako lehentasun-irizpideak aplikatzeko, aplikatu behar badira.
Baldin eta, udako oporrak eta neguko oporrak batuta, oporretarako ezarritako orduak baino ordu gehiago dituenak, berreskuratu egin beharko ditu, eta unitateko buruak finkatuko du horiek noiz egin behar diren, oporretarako eskaera ebazten duenean. Ordu horiei ezin zaizkie aplikatu 26. artikuluan ezarritako konpentsazioak.
Aitzitik, oporretarako ezarritako orduak baino ordu gutxiago gozatuko badira, ertzainak eskatu beharko du ordu horiek hartzeko eguna gainerako oporrekin batera.
Udaldia ekainaren lehen astelehenean hasi eta irailaren 30ean amaituko da.
Oporraldia eten egingo da, oporraldiaren barruan gaixotasunik edo istripurik gertatuz gero, eta, egoera hori igaro denean, interesdunak oporrei berrekiteko aukera izango du. Horretarako, medikuaren alta aurkeztuko du lan-zentroan.
Baldin eta, zerbitzuaren premiengatik, ertzain bati oporrak hartzeko data aldatzen bazaio oporrak hartzeko hamabost egun baino gutxiago geratzen direnean, ertzain horrek eskubidea izango du arrazoi horregatik sortu zaizkion gastuen ordaina jasotzeko, aurrez gastu horien frogagiriak aurkezten baditu, eta Bidaia Agentzien Erregelamenduan xedatutakoaren arabera.
Era berean, baldin eta oporraldia eten behar bada Segurtasun Sailaren aginduz, etenagatik sortzen diren gastu guztiak Segurtasun Sailak ordainduko ditu.
Oporretan dagoela, ertzainak 18. artikuluan araututako zitazio judizial batera joan behar badu, laneko sei ordu zenbatuko dira, hargatik eragotzi gabe ordu gehiago lanekotzat hartzea, izapide horren iraupenaren frogagiria aurkezten bada. Era berean, hala nahi izanez gero, ezarritako ordu-zenbaketaren ordez, konpentsazio ekonomikoa aukeratu ahal izango du (138,84 euroko aparteko haborokina).
Txandako ordutegi-araubidean, udaldian, XL-X eta X-X motatako bi opor-aste hartu ahalko dira, eta, udaldiaz kanpo, udaldian hartu ez den aste mota.
Oporralditzat hartutako asteen aurreko, erdiko edo ondoko aste libreetako bitan, ertzainei ezingo zaie zerbitzura deitu, oso ezohiko arrazoiengatik ez bada. Ondoz ondoko asteak XL-X motakoak badira, berme hori haietako lehenengoaren asteburura luzatuko da. Ondoz ondoko bi astetan oporrak hartzeko baimena emateak barnean hartuko du bi berme-asteak ematea.
Elkarren segidakoak ez diren bi (2) lan-aste eskatzen badira, horietako baten aurreko eta ondorengo astea librea izango dela bermatuko da, edo bestela, oporretako bi asteetako bakoitzaren aurreko edo ondorengo aste bat. Aste horiek oporrak eskatzeko unean zehaztu beharko dira nahitaez.
Txandakako ordutegi-araubideko langileei, udako oporretan, hirugarren aste bat hartzeko baimena emango zaie (20. artikulua), egun horietan egun librean deitzea aurreikusita dagoenean izan ezik.
Lanaldi normalizatuko araubidean, oporrak gehienez bi alditan hartu ahal izango dira, eta gutxienez astebetekoa izango da aldi horietako bakoitza.
Brigada Mugikorreko Unitatearen ordutegi-araubidean, langileek 180,5 opor-ordu hartzeko eskubidea izango dute, unitate horretan urte osoan lan egiten badute. Epe laburragoan lan eginez gero, opor-orduen kopurua murriztu egingo da, proportzioan: planifikatutako bi lan-aste oso, eta planifikatutako lan-asteko bost egun.
Honela banatuko dira oporrak:
Planifikatutako bi lan-aste oso.
Planifikatutako lan-aste bateko bost egun.
Oporralditzat hartutako asteen aurreko, erdiko edo ondoko zerbitzurik gabekotzat planifikatutako asteetako bitan, langileei ezingo zaie zerbitzura deitu, oso ezohiko arrazoiengatik ez bada. Oporren eskaeran, berme-asteak adierazi beharko dira.
Elkarren segidakoak ez diren bi (2) lan-aste eskatzen badira, horietako baten aurreko eta ondorengo astea librea izango dela bermatuko da, edo bestela, oporretako bi asteetako bakoitzaren aurreko edo ondorengo aste bat. Aste horiek oporrak eskatzeko unean zehaztu beharko dira nahitaez.
Ordutegi malguko araubidean, udaldian (5-2/7/7 kadentzia), XL-X motako bi opor-aste hartu ahalko dira, eta, udaldiaz kanpo, udaldian hartu ez den aste mota.
Oporralditzat hartutako asteen aurreko, erdiko edo ondoko aste libreetako bitan, ertzainei ezingo zaie zerbitzura deitu, oso ezohiko arrazoiengatik ez bada. Ondoz ondoko asteak XL-X motakoak badira, berme hori haietako lehenengoaren asteburura luzatuko da. Ondoz ondoko bi astetan oporrak hartzeko baimena emateak barnean hartuko du bi berme-asteak ematea.
Elkarren segidakoak ez diren bi (2) lan-aste eskatzen badira, horietako baten aurreko eta ondorengo astea librea izango dela bermatuko da, edo bestela, oporretako bi asteetako bakoitzaren aurreko edo ondorengo aste bat. Aste horiek oporrak eskatzeko unean zehaztu beharko dira nahitaez.
Udako oporretan, hirugarren aste bat hartzeko baimena emango da, egun horietan egun librean deitzea aurreikusita dagoenean izan ezik.
Artikulu honen 2.1 apartatuan ezarritako % 25eko ehunekoa dagokion eremu funtzionalaren barruan aplikatuko da. Eremu funtzionala zehaztuko dute taldekideek betetzen dituzten funtzioen homogeneotasunak eta haiek ordezteko beharrak, zerbitzuaren premiak betetzeko.
Oporrak, baimenak, gehiegizko orduak, etab., gozatzeko eskaerak eremu funtzional bakoitzaren barruan ebatziko dira.
Eremu funtzionalen konfigurazio orokorra:
Bost kide baino gutxiago dituzten taldeetan, guztiak hartuko dira eremu funtzional beraren barruan, betetzen den lanpostuaren kategoria edozein dela ere.
Bost kide edo gehiago dituzten taldeetan, honela aplikatuko da: alde batetik, agintedunen artean banatuko da, eta, bestetik, agente-kategoria duten langileen artean.
Bost agintedun edo gehiago dituzten taldeetan, banaketa eskala-kidegoaren arabera egingo da, jardunean badira ere: ofizialak eta ofizialordeak, alde batetik, eta agente lehenak, bestetik.
Eskala profesionaletara irekitako lanpostuei dagokienez, talde bakoitzean lanpostu horietara atxikitako langileak eremu funtzional berekoak izango dira.
Ertzain-etxeetako eremu funtzionalak:
Herritarren segurtasunean:
Agintedunak.
Bost agintedun edo gehiago dituzten taldeetan, banaketa eskala-kidegoaren arabera egingo da, jardunean badira ere: ofizialak eta ofizialordeak, alde batetik, eta agente lehenak, bestetik.
Gehienez lau agintedun dituzten taldeetan, agintedun guztiak eremu funtzional berekotzat hartuko dira.
Zonako AKZ.
Agenteak. Aldi bakoitzean oporrak zenbat agenteri eman dakizkiekeen erabakitzeko, kontuan hartuko dira, artikulu honen 2.1 apartatuan ezarritako ehunekoaz gainera, 1. eta 2. eremuetako langileei oporrik eman ez zaien aldiak, egun horietan egun librean deitzea aurreikusita dagoenean izan ezik.
Ikerketa.
Bost kide baino gutxiago dituzten taldeetan, guztiak hartuko dira eremu funtzional beraren barruan, betetzen den lanpostuaren kategoria edozein dela ere.
Bost kide edo gehiago dituzten taldeetan:
Agintedunak.
Bost agintedun edo gehiago dituzten taldeetan, banaketa eskala-kidegoaren arabera egingo da, jardunean badira ere: ofizialak eta ofizialordeak, alde batetik, eta agente lehenak, bestetik.
Gehienez lau agintedun dituzten taldeetan, agintedun guztiak hartuko dira eremu funtzional beraren barruan.
Agenteak. Aldi bakoitzean oporrak zenbat agenteri eman dakizkiekeen erabakitzeko, kontuan hartuko dira, artikulu honen 2.1 apartatuan ezarritako ehunekoaz gainera, 1. eremuko langileei oporrik eman ez zaien aldiak, egun horietan egun librean deitzea aurreikusita dagoenean izan ezik.
Honako hauek dira lana, familia eta norberaren bizitza bateratzeko baimenak:
Erditzeagatiko baimena.
Haurdunaldiko arriskuagatiko baimena.
12 hilabete baino gutxiagoko semea edo alaba zaintzeagatiko baimena.
Jaio aurreko azterketetara eta erditzea prestatzeko tekniketara joateko eta adopzio-prozesuetan bileretara joateko baimena.
Aitatasun-baimena.
Adopzioagatiko, harreragatiko edo harrerarako legezko zaintzagatiko baimena.
Senideen heriotzagatiko edo ospitaleratzeagatiko baimena.
Minbizia edo beste gaixotasun larri bat duen seme edo alaba adingabea zaintzeagatiko baimena.
Gaixotasun larri bat duen senitarteko bat zaintzeagatiko baimena.
Gaixotasun kronikoak edo mugitzeko arazoak dituzten senitartekoak zaintzeagatiko baimena.
12 urtetik beherako adingabeari edo mendekotasuna duen pertsonari kontsulta, tratamendu eta azterketa medikoak egitera laguntzeko baimena.
Honako hauek dira lana, familia eta norberaren bizitza bateratzeko lan-neurriak:
Emakumezko funtzionarioek haurdunaldian zehar zerbitzua ematea;
Emakumezko funtzionarioek hamabi hilabete baino gutxiagoko semea edo alaba zaintzeagatiko baimena duten bitartean zerbitzua ematea, edoskitze naturalaren kasuan.
Ezin izango da ez atzeratu ez ukatu a, b, c, d, e, f, g, h, i letretan adierazitako baimenak hartzea, baina beti jakinarazi beharko zaio unitateko buruari, ezohiko kasuetan izan ezik, kasu horietan geroago justifikatuko baita.
Zerbitzuaren premiek horretarako aukera ematen badute, j eta k letretan ezarritako baimenak ere hartu ahalko dira. Baimenak emateagatik langile kopurua murriztea ez da joko zerbitzu-premiatzat eta, ondorioz, ezin izango zaie deitu egun librean dauden langileei.
Ordaindutako baimenak hartzeak honako ondorio hau izango du: planifikatutako lanaldiarekin bat datorren baimenaren iraupen-denbora ez da berreskuratu beharko. Soil-soilik baimenak hartzeko ondorioetarako, urteko egun guztiak laneguntzat joko dira, oporretako aldia izan ezik.
Izatezko bikoteek, bikote ezkonduek dituzten eskubide berak edukiko dituzte. Akordio honetan xedatzen dena aplikatzeko, izatezko bikotea da bi pertsonaren arteko elkartze askearen ondorioa; pertsona horiek adinez nagusi edo adingabeko emantzipatuak izan behar dute, gaitasun osoa izan behar dute, eta ezin dute euren artean lerro zuzeneko odol- edo adopzio-ahaidetasunik eduki, ez eta alboko lerroko bigarren mailako odol-ahaidetasunik ere. Harreman sexual edo afektiboa izan behar dute elkarren artean, eta berdin izango da pertsona horiek sexu berekoak edo desberdinekoak izatea. Gainera, bikoteko kideek, ez batak ez besteak, ezin dute ezkontzaren edo izatezko bikotearen bidezko loturarik izan beste inorekin.
Baldin eta bikoteko kideetako batek Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean badu administrazio-egoitza, izatezko bikotearen izaera egiaztatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroan egindako izen-ematearen ziurtagiria aurkeztu beharko da. Gainerako kasuetan, izatezko bikotea osatu izana egiaztatzeko, bikoteak bizilekua duen tokiko autonomia-erkidegoan edo udalean hartarako berariaz den erregistroren batean izena eman izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, edota bikotea eratu izana jasotzen duen dokumentu publiko bat.
Lan-baldintzei buruzko akordio honetan adierazten diren baimenak aplikatzeko, honako hauek ere joko dira seme-alabatzat edo bilobatzat: juridikoki hala ez izanik ere, Ertzaintzako kidearekin ezkonduta dagoen edo izatezko bikote harremana duen pertsonaren seme-alabak edo bilobak.
Bikoteko beste kidearen ahaidetasun-harremana familia-liburua aurkeztuta egiaztatu beharko da.
Erditzeagatiko, aitatasunagatiko, adopzioagatiko, edo adopziorako zaintzagatiko edo harreragatiko baimenak dagokion araudian ezarritako baldintzetan gozatuko dira, polizia-eginkizunen berezitasunetara eta kasuan kasuko ordutegi-araubidera behar bezala egokitzea alde batera utzi gabe. Hori guztia Giza Baliabideen Zuzendaritzak emandako jarraibideen bidez gauzatuko da, Batzorde Paritarioan aztertu ondoren.
Guraso bakarreko familien titularrek 30 asteko baimena hartzeko eskubidea izango dute, borondatezko aldia gozatzeko aste kopurua barne, bigarren guraso bat dagoenean, eta EAEko Administrazio Orokorraren zerbitzupeko langile diren gurasoentzat ezarritako bi aste gehigarrietarako eskubidea ere bai. Erditu ondorengo lehen 6 asteak igaro ondoren, edo adopzio-ebazpen judizialaren ondorengo lehen 6 asteak, edo adopziorako zaintzaren edo harreraren administrazio-erabakiaren ondorengo 6 asteak, titularrak hala nahi izanez gero, baimen hori asteko aldietan banatu ahal izango da, aste guztiak batera edo banaka hartzeko, eta erditzeagatiko, adopzioagatiko, adopziorako zaintzagatiko edo harreragatiko baimena amaitzen denetik semeak edo alabak hamabi hilabete bete arte baliatu ahal izango da. EAEko Administrazio Orokorraren zerbitzupeko langileentzat ezarritako lau aste gehigarriak, berriz, nahitaez hartu beharko dira lauak jarraian, eta 26. astearen ondorengo astean hasiko dira.
Baimenaren aldian, Administrazioak osagarri bat ordainduko dio funtzionarioari, GSINek aitortutako prestazio ekonomikoaz gain, langileak bere ordainsariaren % 100 jaso dezan, dagozkion produktibitate-osagarrien zenbatekoak barne hartuta.
Haurdun dauden Ertzaintzako funtzionarioak salbuetsita egongo dira arauzko armak eramatetik, eta dauden lan-zentroan egiten diren administrazio-lanetako edozein egingo dute. Dagokion burutzak esleituko ditu lan horiek. Honako hauek dira, adibidez, egoera horretan dauden emakumezko funtzionarioek egiteko moduko eginkizunak: ahalegin fisikorik edo gorputzaren osotasunerako arriskurik ez dakarten administrazio-lanak (ertzain-etxean salaketak jasotzea, bulego teknikoetako lanak, sarreren kontrola, irratia...).
Halaber, hala nahi izanez gero, haurdun dagoen funtzionarioa salbuetsita egongo da gaueko txandak egitetik eta, beraz, goizeko txandan arituko da haurdun dagoen bitartean. Planifikatutako gaueko txandan egindako lanagatik konpentsatzeko eskubideari eutsiko zaio, goizeko txandan benetan zerbitzua ematen den lanaldietan.
Haurdunaldiko hirugarren hiletik aurrera, funtzionario horiek borondatezko zerbitzu-eginkizuna eskatu ahalko dute, etxetik hurbilen duten lan-zentrora alda ditzaten, joan-etorririk ez egiteko edo joan-etorrien iraupena murrizteko, ahal den heinean.
Aldi hori mailegatutzat joko da jatorrizko unitatean, 20. artikuluaren laugarren apartatuan xedatutakoa eta unitate barruko zerbitzu-eginkizunen mailan aplikatzeko, funtzionarioa unitatera itzultzen denean.
Apartatu honetan ezarritako aldaketetako batzuk aplikatzearen ondorioz, postuko eginkizun nagusiak postua dagoen taldeko langileek betetzen badituzte, Unitateko Burutzak aginduko du zer eginkizun esleitu funtzionarioari, betiere haren egoera kontuan hartuta, eta, ahal dela, lanok haren kategoriarako egokiak izango dira.
Baldin eta, arestian aipatutako neurrien aplikazioa gorabehera, egin beharreko eginkizunak ez badira bateragarriak haurdun dagoen funtzionarioaren egoerarekin, haurdunaldiko arriskuagatiko baimena eman ahalko zaio, baimen hori jasotzeko eskubidea izateko ezarrita dauden legezko baldintzen arabera.
Baimenaren aldian, osagarria jaso ahal izango da, une horretan jasotzen ari den prestazio ekonomikoaz gain, ordainsariaren % 100 osatzeko, dagozkion produktibitate-osagarrien zenbatekoak barne hartuta. Osagarri horri eutsiko zaio, halaber, haurdunaldiko arriskuagatiko eta bederatzi hilabete baino gutxiagoko haurraren edoskitze naturalaren ondoriozko arriskuagatiko aldi baterako ezintasun-baja ematen zaionean.
Funtzionarioek lanean ordubeteko absentzia izateko eskubidea izango dute hamabi hilabete baino gutxiagoko seme-alaba bakoitzeko, jaiotza, adopzio, adopziorako zaintza edo harreraren ondorioz. Denbora hori bi zatitan banatu ahal izango da, edo, bestela, laneguna ordu erdi murriztu ahal izango da. Bi gurasoek lan egiten dutenean, eskubide hori gurasoetako batek nahiz besteak baliatu ahal izango du, nahierara.
Langileak ezarritako lanaldia baino ordubete gutxiago lan egiten badu 12 hilabete baino gutxiagoko semea edo alaba zaintzeagatiko baimena hartzeagatik, lanaldi bakoitza ordubete murrizteko modalitatea dela-eta, produktibitate-osagarria jasotzeko eskubidea izango du, osorik, ezarrita duten lanaldietan.
Funtzionarioek bi aukera dituzte: batetik, baimena aurreko paragrafoan aipatutako modalitatean erabiltzea, edo, bestetik, soberan geratzen den denbora guztia jaiotzagatiko (erditzea eta aitatasuna), adopzioagatiko, adopziorako zaintzagatiko edo harreragatiko baimenari gehitzea, egun osotan, baldin eta haurdunaldiagatiko baimenaren aldian edo adopzioaren, adopziorako zaintzaren edo harreraren aurretik eskatzen bada. Horretarako, semeak edo alabak hamabi hilabete bete arte planifikatutako lanegunak zenbatuko dira, baldin eta lana planifikatuta egonik jaiotzagatiko (erditzea eta aitatasuna), adopzioagatiko, adopziorako zaintzagatiko edo harreragatiko baimenik hartu ez bada.
Baimena egun osoetan hartzea aukeratzen duten langileek, jaiotzagatiko (erditzea eta aitatasuna), adopzioagatiko, adopziorako zaintzagatiko edo harreragatiko baimena amaitu ondoren eskaera egin badute, eskubidea izango dute, une horretatik aurrera, modalitate horretan baimen hori hartzeko, hala badagokio, dagokion egunera arte geratzen den tartean.
Egun osoetan metatzearen gozatze modalitatean, jaiotzagatiko (erditzea eta aitatasuna), adopzioagatiko, adopziorako zaintzagatiko edo harreragatiko baimena amaitu zenetik baimena benetan hartu arte igarotako egunei dagokien baimena, orduak zenbatzeko kontuan hartuko diren arren, ezin izango da geroago hartu.
Artikulu honetan araututako baimenen iraunaldian aurreikusita dauden oporrak haiek amaitzean hartuko dira, nahiz eta oporrei dagokien urte naturala amaituta egon.
Apartatu honetan jasotako lanaldi-murrizketa langileen eskubide indibiduala da, eta eskubidea baliatzeko aukera ezin zaio besterendu beste guraso, adoptatzaile, zaintzaile edo harreragileari. Hala ere, bi funtzionariok pertsona eragile beragatik baliatzen badute eskubide hori, aldi berean baliatzeko aukera mugatzen ahalko da funtzionamenduari lotutako arrazoi funtsatu eta objektiboengatik, idatziz behar bezala arrazoituta. Kasu horretan, ordezko plan bat eskaini beharko da bi langileak eskubide horretaz baliatzen direla bermatzeko eta kontziliazio-eskubideak baliatzea ahalbidetzeko.
Baimen hori proportzionalki handituko da erditze, adopzio, adopziorako zaintza edo harrera anizkoitzetan.
Emakumezko funtzionarioek hamabi hilabete baino gutxiagoko semea edo alaba zaintzeagatiko baimena duten bitartean zerbitzua ematea, edoskitze naturalaren kasuan.
Baimenaren aldian, emakumezko funtzionarioek borondatezko zerbitzu-eginkizuna eskatu ahalko dute, etxetik hurbilen duten lan-zentrora alda ditzaten, joan-etorririk ez egiteko edo joan-etorrien iraupena murrizteko, edoskitze naturalaren kasuan.
Aldi hori mailegatutzat joko da jatorrizko unitatean, 20. artikuluaren laugarren apartatuan xedatutakoa eta unitate barruko zerbitzu-eginkizunen mailan aplikatzeko, funtzionarioa unitatera itzultzen denean.
Apartatu honetan ezarritako aldaketetako batzuk aplikatzearen ondorioz, postuko eginkizun nagusiak postua dagoen taldeko langileek betetzen badituzte, Unitateko Burutzak aginduko du zer eginkizun esleitu funtzionarioari, eta, ahal dela, lanok haren kategoriarako egokiak izango dira.
Halaber, hala nahi izanez gero, haurdun dagoen funtzionarioa salbuetsita egongo da gaueko txandak egitetik eta, beraz, goizeko txandan arituko da aldi honetan zehar. Planifikatutako gaueko txandan egindako lanagatik konpentsatzeko eskubideari eutsiko zaio, goizeko txandan benetan zerbitzua ematen den lanaldietan.
Baimen hori hartu ahal izango dute haurdun dauden funtzionarioek jaio aurreko azterketak zein erditzea prestatzeko teknikak egiteko ezinbestekoa den denboraz eta, adopzio- eta harrera-kasuetan, edo adopziorako zaintza-kasuetan, lanaldiaren barruan egin behar diren nahitaezko informazio-saioetara joateko zein egokitasun-adierazpenaren aurreko nahitaezko psikologia- eta gizarte-txostenak prestatzeko saioetara joateko behar den denboraz.
Adopzioaren kasuan, bi adoptatzaileek baliatu ahal izango dute baimen hori.
Apartatu honetan xedatutakorako, «haurdun dauden funtzionarioak» terminoaren barruan, haurdun dauden funtzionario transak ere sartzen dira.
Baimen hori, adopzio, harrera edo adopziorako zaintzako kasuetan, funtzionarioen eskubide indibiduala da, eta eskubidea baliatzeko aukera ezin zaio besterendu beste guraso, adoptatzaile, zaintzaile edo harreragileari. Hala ere, bi funtzionariok pertsona eragile beragatik baliatzen badute eskubide hori, aldi berean baliatzeko aukera mugatzen ahalko da funtzionamenduari lotutako arrazoi funtsatu eta objektiboengatik, idatziz behar bezala arrazoituta. Kasu horretan, ordezko plan bat eskaini beharko da bi langileak eskubide horretaz baliatzen direla bermatzeko eta kontziliazio-eskubideak baliatzea ahalbidetzeko.
Funtzionarioak egunean gehienez bi orduz lanetik kanpo egoteko eskubidea izango du, eta ordainsari osoak jasoko ditu seme-alaba goiztiarrak jaiotzen direnean edo beste edozein arrazoirengatik erditzearen ondoren ospitaleratuta jarraitu behar dutenean.
Kasu horietan, lanaldia murrizteko eskubidea ere izango dute, gehienez bi orduz; orduan, lansariak proportzio berean murriztuko zaizkio.
Ertzaintzako funtzionarioek, egoera horiei erantzuteko, honako eskubide hauek izango dituzte:
Ezkontidearen, izatezko bikotekidearen edo odol-ahaidetasuneko nahiz ezkontza-ahaidetasuneko bigarren gradura arteko senide baten (izatezko bikotekidearen odol bidezko senideak barne) istripu edo gaixotasun larriagatik, ospitalizazioagatik edo etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitalizaziorik gabeko ebakuntza kirurgikoagatik, baita funtzionarioarekin etxe berean bizi den eta haren zaintza behar duen beste edozein pertsonaren kasuan ere, bost egun baliodun. Ezkontidea, izatezko bikotekidea edo semea edo alaba bada, bi egun gehiago izango dira, 150 km-ra baino gehiagora gertatu bada.
Bigarren graduko odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko senideen istripu larriagatik, gaixotasun larriagatik, ospitaleratzeagatik edo etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitalizaziorik gabeko ebakuntza kirurgikoagatik, lau egun baliodun.
Ezkontidea, izatezko bikotekidea edo semea edo alaba hiltzen bada, langileak bost egun balioduneko baimena izango du. Senidearen heriotza 150 km-ra baino gehiagora gertatu bada, bi egun gehiago izango dira.
Lehen graduko odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko senideen heriotzagatik, langileek hiru egun balioduneko baimena izango dute gertaera herri berean gertatzen denean; bost egun baliodunekoa, beste herri batean gertatzen denean. Bigarren graduko odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko senideen heriotzagatik, langileek hiru egun balioduneko baimena izango dute heriotza herri berean gertatzen denean, lau egun baliodunekoa heriotza beste herri batean gertatzen denean eta bost egun baliodunekoa senidearen heriotza 150 km-ra baino gehiagora gertatzen denean.
Senidearen heriotzagatiko baimena heriotzaren egunean, hurrengo egunean edo hiletaren egunean hasi ahalko da. Senideen heriotzagatiko baimenaren kasuan, hileta baimenalditik kanpoko egun batean egitekoa bada, erreferentziatzat hiletaren eguna hartuta eskatu ahal izango dute langileek baimena, eta hiletaren eguna baimenaldi horren barruan egon beharko da nahitaez.
Senideen ospitalizazioagatiko baimenaren kasuan, senidearen ospitalizazioagatiko baimena alta ematen zaion lanaldian baliatu ahal izango du langileak, kasu bakoitzean ezarritako baimen-egunen kopuruaren barruan, baldin eta ospitalizazioa planifikatutako edo programatutako lan-denborarekin bat badator, eta senideari, asko jota, planifikatutako lan-txandaren hasiera baino lau ordu lehenago alta ematen bazaio.
Senideen ospitalizazioetan, iraupen bereko beste baimen bat jasotzeko eskubidea izango da, baldin eta lehen baimenetik ondoz ondoko hogeita hamar egun natural igaro ondoren, oraindik ere senideak ospitalean jarraitzen badu.
Gaixotasun terminal baten kasuan, ez da beharrezko izango aurreko paragrafoan aipatutako denbora igarotzea.
Ez du baimen horretarako eskubiderik emango senide bat erditzeagatik ospitaleratzeak. Soilik honako honek emango du baimen horretarako eskubidea: seme-alaba baten jaiotzagatik ospitaleratutako senide batek, ospitalean gutxienez bost egun daramanetik aurrera.
Hala ere, egun bateko baimena emango da odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko harreman bidezko bilobaren jaiotzagatik, bai jaiotza-egunean, bai hurrengo egunean.
Kontzeptu honen barruan sartzen da amniozentesia egitea. Baimen hori bikotekideak bakarrik hartu ahal izango du, eta bi egunekoa izango da (egiten den eguna barne), salbu eta txosten medikoaren bidez iraupen luzeagoa justifikatzen bada, gehienez ere bost egunekoa.
Egun bateko (1) baimena emango da, seme-alaba bati, ezkontideari edo bikotekideari ospitaleratzerik edo 3. apartatuko azken paragrafoan ezarritako atseden-denborarik behar ez duen ebakuntza kirurgiko batera laguntzeko.
Artikulu honetan araututako baimenak nahitaez hartu beharko dira horien premia eragin duten gertaerak jazotzen diren lanegunetan, ebakuntza kirurgikoetarako ospitaleratzeen kasuan izan ezik. Kasu horretan, gaueko txanda planifikatuta izanez gero, gertaera eragilearen aurreko gauean hasi ahalko da baimen hori baliatzen. Senide baten osasunean kalteak eragiten dituen prozesu bakoitzeko, artikulu honetan ezarritako baimenetako bat baino ezin izango da eman, heriotzagatiko baimena alde batera utzita. Hala ere, senidearen ospitalizazioagatiko baimena ez bada amaitu, eta ospitalean alta ematen badiote eta etxean atseden hartu behar badu, ertzainak baimena baliatzen jarraitu ahal izango du ospitalizazioagatiko baimenaren iraupena amaitu arte.
Ezinbesteko edo halabeharrezko arrazoiengatiko baimena ematen zaie Ertzaintzako funtzionarioei ustekabeko eta premiazko egoeretan, berehala baimena behar dutenean, baina egoera horietarako baimenik ezarrita ez dagoenean, hala nola: lehen gradura arteko senideen gaixotasuna edo istripua, ospitaleratzerik behar ez badute, baina beste batek zaintzea behar badute.
Ezinbesteko edo halabeharrezko arrazoiengatiko baimen hori ordaindu egingo da, eta gehienez ere 4 egun jarraian edo txandaka hartuko dira urtean, gertaera eragileak irauten duen bitartean.
Baimen hori baliatzeko eskaerarekin batera, txosten mediko bat aurkeztuko da, behar diren egunak argi eta garbi zehaztu eta tasatuko dituena.
Langileek ezin izango dute baimen horrengatik lau egun baino gehiago hartu urtebetean.
Funtzionarioak eskubidea izango du lanaldia erdira murrizteko gutxienez, baldin eta guraso biek, adoptatzaile biek edo adopziorako zaintzaile biek edo harreragile iraunkor biek lan egiten badute; horretaz gain, ordainsariak osorik jasoko dituzte, zerbitzua ematen duen organo edo entitatearen aurrekontuen kontura, adingabeko semea edo alaba zaintzeko, minbizia edo iraupen luzeko ospitalizazioa eragiten duen beste gaixotasun larriren bat badu, eta funtzionarioak berak zaindu behar badu, modu jarraitu eta etengabean, ospitalizazioak eta tratamendu jarraituak irauten duten bitartean, eta, gehienez ere, harrera iraunkorrean edo adopziorako zaintzapean hartutako semeak edo alabak edo pertsonak 23 urte betetzen dituen arte. Horrelakoetan, osasun-zerbitzu publikoaren edo autonomia-erkidegoko administrazio-organo sanitarioaren edo, hala badagokio, kasuan kasuko entitate sanitario itunduaren txostenak egiaztatu beharko du. Horretarako, harrera iraunkorrean zein adopziorako zaintzapean hartutako adingabeak edo seme-alabak 18 urte betetze hutsak ez du ekarriko lanaldia murrizteko aukera bukatzea, baldin eta oraindik ere beharrezkoa bada zaintza zuzena, jarraitua eta iraunkorra egitea.
Hala ere, zaindu beharreko pertsonak 18 urte bete ondotik, lanaldia murrizteko eskubidea onartu ahalko da, ardurapean duen pertsonak 23 urte betetzen dituen arte, minbizia edo gaixotasun larria adin nagusira iritsi baino lehen diagnostikatu bada, betiere eskaera egiteko unean aurreko paragrafoetan ezarritako baldintzak egiaztatzen badira, adina izan ezik.
Era berean, lanaldi-murrizketa hori izateko eskubideari eutsiko zaio, ardurapean duen pertsonak 26 urte bete arte, baldin eta, 23 urte bete baino lehen, gainera, % 65eko desgaitasuna edo handiagoa frogatzen badu.
Baimen horretarako eskubidea edukitzeko behar diren inguruabarrak bi gurasoei, adoptatzaileei, adopziorako zaintzaileei edo harreragile iraunkorrei batera gertatzen bazaizkie, pertsona eta gertaera eragile beragatik edo, hala badagokio, aplikatzekoa zaien Gizarte Segurantzaren Araubidean xede horretarako ezarritako prestazioaren onuradunak izan badaitezke, funtzionarioak ordainsari osoa jasotzeko eskubidea izango du lanaldiaren murrizketak irauten duen bitartean, betiere beste gurasoak, adoptatzaileak edo adopziorako zaintzaileak edo harreragile iraunkorrak lanaldia murrizteko dagokion eskubidea alde batera utzi gabe ordainsari osoa kobratzen ez badu baimen hori dela-eta, edo xede horretarako aplikatzekoa zaion Gizarte Segurantzaren Araubidean ezarritako prestazioaren onuradun gisa. Hala gertatu ezean, lanaldia murrizteko eskubidea baino ez du izango, ordainsariak hein berean murriztuta.
Halaber, biek ala biek zerbitzua organo edo entitate berean betetzen badute, aldi berean biak eskubideaz baliatzea mugatu ahal izango du entitate horrek, zerbitzuaren funtzionamendu egokia arrazoitzat hartuta.
Gaixotasunen bat duen pertsona ezkontzen bada, edo izatezko bikotea osatzen badu, haren ezkontideak edo izatezko bikotekideak izango du baimena hartzeko eskubidea, betiere onuradun izateko baldintzak egiaztatzen baditu.
Funtzionarioak, baimena eskatzen duenean, adierazi behar du lanaldiaren zer zatiri aplikatu behar zaion murrizketa, eta ezingo da ukatu aplikazio hori, salbu eta zerbitzuaren premiak badira tartean. Funtzionarioak txandakako ordutegian lan egiten duenean eta baimen hori eskatzen duenean, goizeko edo arratsaldeko txandetan lan egitea aukeratu ahalko dute, baina dagokion txanda-egutegiaren zikloko egituran jarraituko dute. Halaber, baimen hori lanegun osoetan hartu ahal izango da, Unitateko Burutzarekin aldez aurretik adostuta, eta Giza Baliabideen Zuzendaritzaren ebazpen baten bidez ezarri beharko dira modalitate hori baliatzeko baldintzak eta kasuak.
Lanorduak zehazteari dagokionez, ahalegina egingo da unitateko buruarekin ados jartzeko. Adostasunik ez badago, unitateko buruak finkatuko ditu lanorduak, eta, hala badagokio, lana antolatzeko, baimen hori baliatzen ari diren gainerako langileek egindako ordutegiak hartuko ditu kontuan. Baimen hori lan-txanda berean baliatzeko eskaera asko egin badira, unitate batean zerbitzua ematean aldaketak gerta badaitezke, Batzorde Paritarioak aztertuko du eskatutako txandaz bestelako txanda batera esleitzea baimenaldia.
Gaixotasun oso larria daukan lehen graduko senidea zaintzeko, Ertzaintzako langileak lanaldia % 50 murrizteko eskubidea izango du, hilabeterako gehienez ere, eta murriztutako denbora ere ordaindu egingo zaio. Lanorduak zehazteari dagokionez, ahalegina egingo da unitateko buruarekin ados jartzeko. Baimen hori behin bakarrik eman ahal izango da senide bakoitzeko, baldin eta baimen hori baliatzeko eskubidea ematen duen egoeran badago.
Baimen hori baliatzeko egoeratzat hartuko da gaixotasun oso larria izatea, Segurtasun Saileko Laneko Arriskuen Prebentziorako Alorrak hala zehaztuta, gaixotasuna terminala denean edo osasun-egoeraren narriadura handia/azkarra ekarri duenean. Baimen hori 48 ordutan ebatzi behar du Segurtasun Saileko Laneko Arriskuen Prebentziorako Alorrak.
Baimena behin bakarrik eman ahal izango da senide bakoitzeko.
Baimen hori hartzeko, lanegunen kopurua murriztu ahal izango da, ezarritako plangintzaren arabera, eta hilabetearen barruan proportzioan dagozkion egunetan eman beharko du zerbitzua lanaldi osoan. Baimena emateko ebazpenean, berariaz adierazi behar dira unitateko buruak ezarritako benetako lanegunak. Baldin eta langile bat, baimen hori baliatzen ari dela, beste lan-zentro, kategoria, espezialitate edo eginkizun batera aldatuko balitz, beste eskaera bat egin beharko du, eta aldaketa hori gertatzean amaituko da aurrekoaren aplikazioa. Egun horiek modalitate horretan hartu ahal izateko, Unitateko Burutzaren adostasuna beharko da beti, lan egiteko datei dagokienez, ertzaina dagoen taldearen lan-plangintzaren barruan.
Bigarren graduko mendekotasuna edo handiagoa aitortua duen eta ordaindutako jarduerarik egiten ez duen senide bat, edo gaixotasun larri jarraitu bat duen bigarren gradura arteko odol-ahaidetasuneko senidea zaintzeko zaintzaile-izaera aitortua daukan funtzionarioak baimen bat eskatu ahal izango du, lanaldi arruntaren heren bat, erdi bat edo bosten bat murrizteko. Ondorioz, ordainsaria ere hein berean murriztuko zaio, kontzeptu guztietan.
Funtzionarioak zaintzaile-izaera aitortua izan beharko du, eta, baimena eskatzen duenean, adierazi behar du lanaldiaren zer zatiri aplikatu behar zaion murrizketa, eta ezingo da ukatu aplikazio hori, salbu eta zerbitzuaren premiak badira tartean.
Funtzionarioak txandakako ordutegian eta ordutegi malguarekin lan egiten duenean eta baimen hori eskatzen duenean, goizeko edo arratsaldeko txandetan lan egitea aukeratu ahalko du, baina dagokion txanda-egutegiaren zikloko egituran jarraituko du.
Lanorduak zehazteari dagokionez, ahalegina egingo da unitateko buruarekin ados jartzeko. Adostasunik ez badago, unitateburuak finkatuko ditu lanorduak, eta, hala badagokio, lana antolatzeko, baimen hori baliatzen ari diren gainerako langileek egindako ordutegiak hartuko ditu kontuan. Baimen hori lan-txanda berean baliatzeko eskaera asko egin badira, unitate batean zerbitzua ematean aldaketak gerta badaitezke, Batzorde Paritarioak aztertuko du eskatutako txandaz bestelako txanda batera esleitzea baimenaldia.
Zazpi laneguneko asteetan, arratsaldeko txanda aukeratu duten ertzainek 18:00-19:00etatik aurrera lan egingo dute asteburuetan.
Ordutegi malguko lana duten langileen lanaldi-murrizketa kalkulatzeko, zazpi orduko lanaldia hartuko da erreferentziatzat.
Mugitzeko arazoak dituen edo sailaren prebentzio-zerbitzuaren txosten medikoaren bitartez egiaztatutako gaixotasun larri jarraitua duen odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren gradura arteko senideak edo, elkarrekin biziz gero gradu urrunagoko senideak zaindu behar dituen langileak berrogeita hamar orduko baimen berreskuraezina izango du urtean.
Lanegun bakoitzean baimen hori baliatzeko gehieneko denbora bi ordukoa izango da, eta lanaldiaren hasieran edo amaieran hartuko da.
Baimen hori lanegun osoetan hartzeko baimena eman ahal izango da, aipatutako ordu kopuruaren barruan. Horretarako, kasu bakoitzean bete nahi den beharra egiaztatu beharko da, hala nola kontsulta medikora joatea edo tratamendu jasotzera edo ebakuntza kirurgikoa egitera laguntzea eta izapide pertsonalak egitera laguntzea. Ospitaleratzeagatik ere eman ahal izango da, baldin eta xede horretarako berariaz aurreikusitako baimenaren iraupena gainditzen badu, ahaidetasun-gradua dela eta aplikatzekoa bada.
Legezko zaintza dela-eta, hamabi urtetik beherako adingabea zaintzapean duten langileek baimena eskatu ahal izango dute, lanaldi arruntaren heren bat, erdi bat edo bosten bat murrizteko (1/5). Ondorioz, ordainsaria ere hein berean murriztuko zaie, kontzeptu guztietan.
Funtzionarioak txandakako araubidean lan egiten duenean, baimen hori hartu ahal izango du, Unitateko Burutzarekin adostuta, eta lan egin beharreko egunen kopurua murriztuko da, plangintzaren arabera, eta proportzioan dagozkion egunetan eman beharko du zerbitzua lanaldi osoan. Horretarako, baimena emateko ebazpenean, berariaz adierazi behar dira Unitateko Burutzak ezarritako benetako lanegunak. Baimenaldian, azaroa amaitu baino lehen, honako hau jakinaraziko du unitateburuak: zenbat benetako lanegun egin behar diren hurrengo urterako taldearen plangintzaren barruan. Lanaldi-murrizketa hori aplikatzearen ondoriozko lan-plangintzak barne hartuko ditu metatutako lanaldi-murrizketaren indarraldian lan egin behar diren ordu guztiak.
Baldin eta langile bat, baimen hori baliatzen ari dela, beste lan-zentro, kategoria, espezialitate edo eginkizun batera aldatuko balitz, beste eskaera bat egin beharko du, eta aldaketa hori gertatzean amaituko da aurrekoaren aplikazioa.
Baimen hori urtean behin bakarrik eman ahal izango da, eta egunak elkarren segidan hartuko dira, hilabete edo ziklo bakoitzean, indarrean dagoen bitartean, eta ezin izango da hilabete edo ziklo zehatzetan metatu.
Baimen modalitate hori baliatzeko eskubidea emateak zerbitzuaren barruko premiak asetzeko arazoak sortuko balitu, Unitateko Burutzak eskatzailea beste lantalde batera esleitzea erabaki ahal izango du. Horretarako boluntariorik ez badago, azken eskaera egin duena aldatu beharko da.
Baimen modalitate hori onartzeko, Unitateko Burutzaren adostasuna beharko da, nolanahi ere.
Baimen modalitate hori hartzeak ez du eragotziko oporrak emateko lehentasunei buruzko irizpideak aplikatzea.
Legezko zaintza dela-eta, adopziorako hartutako 12 urtetik beherako adingabea edo ordaindutako jarduerarik egiten ez duen mendekotasuna aitortuta duen pertsona, edo odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren gradura arteko senidea edo, elkarrekin biziz gero gradu urrunagoko senideak zuzenean zaindu behar duen langileak kontsultetara, tratamendu eta azterketa medikoak egitera lagundu ahal izango dio, lagundutako pertsonaren egoeragatik beharrezkoa izanez gero.
Baimen hori emateko, aldez aurretik egiaztatu beharko da zentro mediko horrek ez daukala lan-plangintzarekin bat ez datorren kontsulta-egun eta -ordurik; bestalde, eskaera gutxienez lau egun lehenago egin behar da, salbu eta justifikatzen bada atzerapenak kalte egin diezaiokeela lagundutako pertsonaren osasunari. Hala ere, kontsultara joan izanaren egiaztagiria aurkeztu behar da gero.
Baimen hori baimen berreskuragarria izango da.
Seme-alaba adingabeak zaintzeko edo harreran urtebetetik gora hartutako adingabea zaintzeko guraso-baimen hori, gehienez ere zortzi astekoa izango da, adingabeak zortzi urte bete arte. Asteak, jarraituak edo etenak, eta lanaldi osoan edo lanaldi partzialeko araubidean gozatu ahal izango dira, zerbitzuaren premiek horretarako aukera ematen dutenean eta erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzen arabera.
Guraso, adoptatzaile edo harreragileen gizon edo emakumeak eskubide indibiduala da baimen hau, eta ezin da besterendu.
Zerbitzuaren premiek ahalbidetzen dutenean, gurasoak, adoptatzaileak edo harreragileak zehaztu beharko du baimena zein egunetan hartuko duen eta zein egunetan amaituko den, edo, hala badagokio, baimena hartzeko aldien (aste osoetan) hasiera- eta amaiera-datak, eta hamabost egun lehenago eman beharko dio horren berri Administrazioari.
Bi gurasoek, bi adoptatzaileek edo bi harreragileek, subjektu eta gertaera eragile beragatik, baimena hartzeko eskubidea izateko baldintzak betetzen badituzte, baina eskatutako aldian guraso-baimenaz baliatzeak larriki kalte egiten badio biek lan egiten duten administrazio-unitatearen funtzionamendu onari, unitate horrek baimena ematea zentzuzko aldi batez atzeratu ahal izango du, idatziz justifikatuta, eta baimena baliatzeko aukera malguago bat eskaini ondoren. Apartatu honetan xedatutakorako, ama biologiko terminoaren barruan, haurdun dauden pertsona transak ere sartzen dira.
Maila handiagoko arauren batek hala erabakitzen badu, ordaindu egingo da.
Giza Baliabideen Zuzendaritzak, zerbitzuaren premiek horretarako aukera ematen badute eta baldintzak betetzen dituen lanpostu hutsik badago, aldi baterako lan-neurri bat hartzeko baimena eman ahal izango du, hau da, etxetik gertu dagoen destino batean zerbitzua emateko baimena. Baimena, gehienez ere 6 hilabetekoa izango da, eta luzatu ahal izango da, honako kasu hauetan:
Minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duen seme edo alaba adingabe bat zaintzeko, betiere adingabeak gutxienez II. graduko mendekotasuna aitortuta badu eta zaintza zuzena, jarraitua eta iraunkorra behar badu, osasun-zerbitzu publikoaren edo autonomia-erkidegoko edo, hala badagokio, dagokion entitate sanitario itunduaren txostenaren bidez egiaztatuta.
Aldi baterako lan-neurri hori bateragarria da minbizia edo beste gaixotasun larri batzuk dituen seme edo alaba adingabea zaintzeagatiko baimenarekin, bai eta akordio arauemaile honetan ezarritako legezko zaintzagatiko lanaldi-murrizketarekin ere.
Tratamendu medikoa (kimioterapia, erradioterapia) duen bigarren gradura arteko senidea zaintzeko, baldin eta senideak gutxienez II. graduko mendekotasuna badu, eta osasun-zerbitzu publikoaren edo autonomia-erkidegoko administrazio-organo sanitarioaren edo, hala badagokio, dagokion entitate sanitario itunduaren txostenak gaixotasun larria duela eta tratamendu medikoa behar duela egiaztatzen badu. Kasu horretan, eskaera egiten duten funtzionarioek zaintzaile-izaera aitortua izan beharko dute.
Aldi baterako lan-neurri hori bateragarria da akordio arauemaile honetan ezarritako legezko zaintzagatiko lanaldi-murrizketarekin.
Artikulu honetan arautzen diren etxera hurbiltzeko aldi baterako lan-neurriak honako arrazoi hauengatik amaituko dira: seme edo alaba adingabeak ez duelako behar zaintza zuzen, jarraitu eta iraunkor gehiagorik, Ertzaintzako langileak zaintzaile-izaera galdu duelako, edo II. graduko mendekotasuna duen adingabeak edo II. graduko mendekotasuna eta gaixotasun larria dituen bigarren gradura arteko senideak mendekotasun-gradua galdu dutelako, bai eta bigarren gradura arteko senideak tratamendu medikoa amaitzeagatik ere.
Zerbitzu-eginkizun horien onuradunek beren gain hartzen dute eskuratu ditzaketen lanpostuak betetzeko prozedura guztietan parte hartzeko betebeharra, baldin eta lanpostu horien bidez aldi baterako lan-neurriari esker lortu duten destino bera edo bizilekutik aldi baterako lan-neurriaren aurretik esleituta duten destinoa baino hurbilago dauden beste destino batzuk lortu ahal badituzte (baita araubide iragankorrean ere). Hala egiten ez badute, zerbitzu-eginkizuna baliogabetu ahal izango da.
Genero-indarkeriaren edo sexu-indarkeriaren biktima diren emakumezko funtzionarioak arrazoi horrengatik ezin badira lanera joan, egun osoan edo zati batez, justifikatutzat joko dira hutsegite horiek arretarako gizarte-zerbitzuek edo osasun-zerbitzuek, dagokionaren arabera, zehazten dituzten denboran eta baldintzetan.
Era berean, emakumearen aurkako indarkeriaren edo sexu-indarkeriaren biktima diren emakumezko funtzionarioek eskubidea izango dute, babeserako edo asistentzia sozial integralerako eskubidea gauzatzeko, lanaldia murrizteko, ordainsaria ere horren arabera murriztuta, edo lan-denbora berrantolatzeko, ordutegia egokituz, ordutegi malgua aplikatuz edo lan-denbora antolatzeko aplika daitezkeen beste modu batzuk baliatuz; horretarako baldintzak aplikatzekoa den berdintasun-planean jasota daudenak izango dira, edo, planik ezean, kasuan-kasuan eskumena duen administrazio publikoak ezartzen dituenak.
Aurreko paragrafoan adierazitako kasuan, emakumezko funtzionario publikoak ordainsariak osorik jasoko ditu lanaldia heren bat edo gutxiago murrizten duenean.
Terrorismo-jardueraren ondorioz kalte fisikoak edo psikikoak pairatu dituzten funtzionarioek, haien ezkontideak edo horren pareko afektibitate-harremana duen pertsonak, eta zaurituen eta hildakoen seme-alabek, betiere funtzionariotzat eta terrorismoaren biktimatzat jotzen badira indarreko legeriarekin bat etorriz, bai eta Terrorismoaren Biktimak Aitortu eta Osorik Babesteko irailaren 22ko 29/2011 Legearen 5. artikuluaren arabera mehatxatutako funtzionarioek ere, Barne Arazoetako Ministerioak aitortuta edo epai judizial irmoaren ostean, babeserako eta asistentzia sozial integralerako eskubidea gauzatzearren, eskubidea izango dute lanaldia murrizteko, ordainsaria ere horren arabera murriztuta, edo lan-denbora antolatzeko, ordutegia egokituz, ordutegi malgua aplikatuz edota lan-denbora antolatzeko aplikatzekoak diren bestelako formen bitartez, kasuan-kasuan eskumena duen administrazioak xedatutakoaren arabera.
Neurri horiek indarrean jarraituko dute biktimari babesa eta asistentzia sozial integrala emateko beharrezko diren bitartean, dela ekintza terroristak eragindako ondorioengatik, dela mehatxupean egoteagatik, erregelamenduz ezarritako moduan.
Baimen hauek ere eman ahalko dira, bakoitzean ezartzen diren arauen arabera. Honako hauek dira:
Istripuagatiko edo gaixotasunagatiko baimena.
Norbere edo senideen ezkontzagatiko baimena.
Bataioagatiko edo jaunartzeagatiko baimena.
Ohiko bizilekuz aldatzeagatiko baimena.
Ertzain izatearen ondorioz zitazio eta izapide judizialetara joateko baimena.
Nahitaezko betebehar publiko edo pribatuak egiteko baimena.
Lanpostuarekin edo laneko eginkizunekin zuzenean lotutako lanbide-hobekuntzako ikasketak egiteko baimena.
Lanpostuarekin edo laneko eginkizunekin zuzenen lotuta ez dauden ikasketak egiteko baimena.
Kontsulta, tratamendu eta azterketa medikoetara joateko baimena.
Norbere kontuetarako baimena.
Antzinatasunagatiko baimena.
Norbere eginbeharretarako baimena.
Itzuli beharreko baimena.
Gizarte-zerbitzu ofizialei laguntzeagatiko baimena.
GKEei laguntzeagatiko baimena.
Organoak emateko prestaketa-probak egiteko baimena.
Norbere kontuetarako baimenak, antzinatasunagatiko baimenak, norbere eginbeharretarako baimenak eta itzuli beharreko baimenak ematearen ondorioz langile kopurua gutxitzea ez da zerbitzuaren premiatzat hartuko, eta, beraz, ezin izango zaie deitu egun librean dauden langileei.
Ertzainek gaixotasun edo istripu batengatik ezin badituzte beren eginkizunak egoki bete, eta ezintasun hori asistentzia sanitarioko zerbitzuek emandako bajaren bidez ziurtatzen baldin badute, baimena eskatzeko eskubidea izango dute, harik eta medikuak alta eman arte, baldin eta indarrean jarraitzen badu Administrazioarekin lotzen dituen zerbitzu-harremanak.
Administrazioak egokitzat jotzen duen moduan kontrolatu ahal izango ditu baimen horiek. Horretarako, Administrazioak langilearen gaixotasunaren edo istripuaren jarraipena eta egiaztapena egin ahal izango du enpresako zerbitzu medikoaren azterketen bidez, langilearen egoera ezagutzeko, behar den laguntza emateko eta laster eta erabat senda dadin lortzeko. Ertzainak behartuta egongo dira enpresako zerbitzu medikoak ezartzen dizkien zitazioetara joatera aldi baterako ezintasun-egoeran dauden lehen egunetik bertatik, joan-etorriak eragindako gastuagatik dagokion konpentsazioa jasotzeko eskubidea alde batera utzi gabe. Justifikaziorik gabe kontsulta horietara ez joateak laguntza ekonomiko osagarriak galtzea ekar dezake, interesdunari idatziz entzunaldia eman ondoren.
Gaixotasunak edo istripuak eragindako aldi baterako ezintasunaren kasuan, funtzionarioak, zerbitzu aktiboko edo bigarren jarduerako administrazio-egoeran dagoen bitartean, dagokion baja-agiria edo berrespen-agiria aurkeztu ondoren, jadanik jasotzen ari den prestazio ekonomikoez gainera, beste osagarri bat jasoko du, ezarritako legezko epean, ordainsariaren % 100 osatzeraino, gehienez ere 18 hilabetez, produktibitate-osagarriagatik dagozkion zenbatekoak barne.
Osagarri hori 18 hilabeteak igarotakoan jaso ahalko da, GSINek ebazpenean adierazitako ezintasun iraunkorraren ondorio ekonomikoen dataren aurreko egunera arte. Aitorpen horrek atzeraeraginezko ondorioak balitu, aldi horretan ordaindutako zenbatekoak soldataren aurrerakin gisa hartuko dira; hartara, 8. artikuluan ezarritako polizaren lehen onuraduna saila izango da, zenbateko horretan berean. Horretarako, sailak ezarritako eskaera-eredua bete beharko du interesdunak. Ebazpenak nahitaezko erretiroa dakarren ezintasunik aitortzen ez badu, osagarria ebazpenaren egunera arte mantenduko da.
Osagarri hori jasotzeko eskubidea izateko, baldintza hau bete beharko da: eskaerarekin batera, egiaztagiria aurkeztu beharko da; horretan frogatuko da 18 hilabeteak igaro aurretik eskatu dela ezintasun iraunkorraren aitorpena, edo horretarako espedientea ireki dela.
Gaixotasun edo istripuagatiko baimenaldian langileak norbere edo besteren konturako lanak egiten baditu, aurreko puntuan ezarritako zenbatekoa eskuratzeko eskubidea galduko du, eta, arrazoi horregatik diru kopururen bat jaso badu ordurako, itzuli egin behar dio Administrazioari hilabeteko epean. Nolanahi ere, diziplina-espedientea ireki ahalko zaio.
Gaixotasun- edo istripu-egoera nahita eta inongo justifikaziorik gabe luzatzen duen funtzionarioak, beste erantzukizun batzuk gorabehera, diziplina-erantzukizuna izango du, eta hirugarren apartatuan ezarritako zenbatekoa jasotzeko eskubidea galduko du; gainera, prozesuaren barruan data horretara arte jaso duen guztia itzuli beharko du.
Ertzain batek medikuak emandako altaren aurkako errekurtso bat jartzen badu, eta errekurtsoa ezesten badute, GSINen ebazpenaren zain egon delako ertzaina lanera joan ez den egunetan, eta langileak eragozpenak sortzeko asmorik edo fede gaiztorik erakutsi ez badu, sailak aintzat hartuko du benetan lanera itzuli eta gehienez 15 eguneko epean aurkezten duen eskaera. Eskaeran eskatuko du lanera joan ez den egun horiek oporretako egun, norbere kontuetarako baimen-egun, antzinatasunagatiko baimen-egun edo berreskuratu beharreko baimen-egun gisa hartzeko.
Baldin eta GSINen ebazpenak, ohiko lanbiderako ezintasun iraunkor osoa, lan guztietarako ezintasun absolutua edo baliaezintasun handia aitortzen duenean, berariaz ezartzen badu lanpostua gordeko zaiola, gorde egingo zaio, zeren ertzainaren ezintasun-egoera segur aski berrikusi egingo baita hobetu egin delako, eta ertzaina berriro lanpostura itzul baitaiteke. Funtzionarioak bi urtez eutsiko dio eskubide horri, baliaezintasun iraunkorra aitortzen duen ebazpenaren egunetik kontatzen hasita.
Ezkontzen denean, langileak 20 egun naturaleko baimena izango du, ezkontza aurretik edo ondoren hartzeko, eta ezkontza-eguna epe horren barruan egongo da.
Baimen hori oporraldiari gehitu ahal izango zaio oporraldiaren aurretik edo ondoren, eta gutxienez 15 egun lehenago jakinarazi beharko zaio unitateburuari. Hark emango dio oniritzia, zerbitzuari kalterik ez zaiola egiten eta oporrei buruzko araudia betetzen dela uste badu.
Baimen hori hartzeko eskubidea izango dute, era berean, izatezko bikoteak arautzen dituen maiatzaren 7ko 2/2003 Legean jasotako baldintzetan izatezko bikotea eratzen duten langileek, baldin eta egoera hori EAEko Izatezko Bikoteen Erregistroak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatzen badute.
Ezkontzaz kanpoko izatezko bikotea eratuz gero, dagokion ziurtagirian agertzen den data nahitaez egon beharko da baimenaldian.
Ezkontzen direnak edo izatezko bikotea eratzen dutenak ertzainaren gurasoak, ezkontzazko gurasoak, anai-arrebak, ezkontzazko anai-arrebak, seme-alabak, bilobak edo aitona-amonak direnean, eta ezkontza-eguna bat badator planifikatutako lan-txanda batekin edo haren bezperarekin, ertzainak gaueko txanda planifikatuta duenean, ertzain horrek egun natural bateko baimena hartu ahalko du; baimen hori 3 egun naturalera luzatuko da, baldin eta ospakizuna ertzainaren bizitokitik 150 km-ra baino gehiagora egiten bada, eta ospakizunaren eguna bat etorriko da baimenaren bigarren egunarekin.
Organoak edo ehunak emateko prestaketa-ekintzak egiteko baimen ordaindua onartzen da, behar den denborarako, baldin eta ekintza horiek lanaldiaren barruan egin behar badira, eta ekintza horiek gauzatu nahi dituzten funtzionarioek hala egiaztatzen badute.
Seme-alaba baten edo biloba baten bataioaren edo jaunartzearen kasuan, aitak, amak eta aitona-amonek baimena hartu ahalko dute gertaera horren egunean, baldin eta gertaera lanerako planifikatutako edo aurreikusitako egun batean bada, edo bezperan, gaueko txanda planifikatuta dagoenean.
Ohiko bizilekua aldatu behar duenean, funtzionarioak 2 laneguneko baimena hartzeko eskubidea izango du. Errolda-ziurtagiriaz egiaztatu beharko du hori. Baimena erroldatze-datatik hasi eta 15 eguneko epean baliatuko da. Ezin izango da baimen hori hartu hauteskunde-egunean, abenduaren 24an, 25ean eta 31n eta urtarrilaren 1ean eta 6an, ez eta ekitaldi jakin baten ondorioz ertzaina destinatuta dagoen unitateko langileei egun librean lan-deia egitea aurreikusita dagoen egunetan ere. Azken kasu horretan, baimena hurrengo 15 egunetan baliatu ahal izango da.
Baimen hori lehenago eman bada, berriro eman ahal izateko, etxebizitza berriaren jabetza- edo alokairu-kontratuaren kopia aurkeztu beharko da, behar bezala justifikatutako ezohiko beste edozein arrazoirengatik izan ezik.
Ertzain bat eginkizun propioen ondoriozko zitazio eta izapide judizialetara joan behar denean, irizpide hauek bete beharko dira.
Ez da epaiketara ertzain izatearen ondorioz bertaratzetzat hartuko ertzaina interes pertsonalarengatik bertaratzea, ezta zerbitzua ematean jazotako gertakari baten inguruko epaiketa izanda ere, jurisdikzio zibilean, salbu eta kasu hauetan: pertsona inputaezinekin zerikusia duten jarduketak, 14 eta 17 urte bitarteko adingabeekin zerikusia duten jarduketak edo beste inguruabar batzuek eragindako lesioak, ezinbestean jurisdikzio zibilera eraman beharrekoak.
Planifikatutako lan-txandan, langileek baimen ordaindua hartu ahalko dute, dagokion tokira joateko behar den denborarako.
Epaiketara joateagatik txandaren hasierako ordua baino beranduago sartuz gero lanera edo txanda amaitu baino lehen irtenez gero lanetik, ulertuko da denbora hori 17. artikuluan jasotako ordu-konpentsazioaren barruan sartuta dagoela.
Bezperan gaueko txanda programatuta badago eta epaiketa hurrengo goizerako ezarrita badago, langileek ez dute bezperan lan egin beharko, eta txanda horretan 8 orduko baimena zenbatuko da, epaiketara joatea konpentsatzeko, salbu eta bezperan 12 orduko arratsalde-gaueko txanda planifikatuta badago; kasu horretan, hori erabiliko da baimenaren zenbaketarako.
Txanda osoan lanik ez egiteko posibilitatea aukera-eskubidetzat ulertu beharko du ertzainak, hala adierazten badu, ez baita izango uko egiterik.
Bezperan lanik ez egiteko erabakia zitazioaren berri izan bezain laster jakinarazi beharko du ertzainak.
Epaiketara joateko 300 kilometro baino gehiago egin behar denean:
Egun berean joatea eta etortzea.
1. Programatutako laneguna: baimena (16 ordu).
2. Aurreko eguna gaueko txanda programatuta: baimena (8 ordu).
Egun batean joatea eta beste egun batean etortzea.
Joan-etorriko eguna:
Joan-etorriekin bateragarria den lana programatuta: programatutako lana egiteko betebeharra: 4 ordu
Joan-etorriarekin bateragarria ez den lana programatuta: baimena (8 ordu).
Epaiketa-eguna:
Programatutako laneguna: baimena (8 ordu).
Zitazio judizialaren tokian bi egun oso edo gehiago egon behar izanez gero:
Honela zenbatuko da epaitegia dagoen tokian emandako egun oso bakoitza:
Programatutako laneguna: baimena (8 ordu).
Joan-etorriko egunean, b) puntuan ezarritakoa aplikatu beharko da.
Egoitza judizial batean izapideak betetzea helburutzat duten zitazioen kasuan, baimen ordaindua emango da behar den denborarako, zitazio horiek planifikatutako lan-txandarekin bat datozenean. 3. puntuan ezarritako kasua gertatzen denean, baimenaren zenbaketa 6 ordukoa izango da.
Honako hauek dira izapide horiek, besteak beste: testigantzak berrestea, errekerimenduak, ezagutze-saioak taldeka, karakterizazioak, epaiak jakinaraztea, zitazioak jasotzeko zitazioak, deklarazioak, abokatua eta prokuradorea izendatzea, peritu-frogak egitea, eta auzitegiko medikuarengana joatea.
Ertzain bat Segurtasun Saileko letraduaren bulegora joatea (polizia-jardun ustez legez kanpokoak inputatzen zaizkiolako ertzain horri prozedura penal batean, eta defentsa prestatzeko) 2. eta 4. apartatuetan aipatutako egoeratzat hartuko da.
Diziplinazko espedienteren batean egoteagatik Diziplina Unitatearen edo beste polizia-erakunde baten zitaziora joanez gero, ertzainari baimen ordaindua emango zaio behar den denborarako, zitazio hori planifikatutako lan-txandarekin bat datorrenean. Ertzaina lekuko gisa joanez gero, 2. eta 4. apartatuetan ezarritakoa aplikatuko da.
Nahitaezko betebehar publiko edo pertsonalak egiteko, funtzionarioek baimen bat edukiko dute betebeharrak betetzeko behar den denborarako, baldin eta planifikatutako lanalditik kanpo egiterik ez badago.
Edozein kasutan ere, eta akordioaren ondorioetarako, honako hauek izango dira nahitaezko betebehar publiko edo pertsonalak:
Epaitegietatik, polizia-etxeetatik, Gobernuaren Ordezkaritzatik jasotako zitazioak, arma-ikuskapenak, nortasun-agiria, pasaportea, ziurtagiriak eta erregistro-izapideak zentro ofizialetan. Notario-eginbideak eta izapideak nahitaezko betebehar publiko edo pertsonaltzat joko dira, artikulu honetan ezarritako xedeetarako, baldin eta notarioak ezbairik gabe ezartzen baditu zitaziora agertzeko eguna eta ordua.
Seme-alaba adingabeei, eta desgaitasun psikikoa edo fisikoa duten ezkontza-ahaidetasuneko edo odolkidetasuneko 2. gradura arteko senideei, egoera hori dela-eta, laguntzea egin behar dituzten izapideak egitera.
Langileek baimen berreskuraezina izango dute A, B eta C motako gidabaimena berritzeko, bai eta atxikita dauden lanpostuan jarduteko behar diren gidabaimenak berritzeko ere. Izapide horrek ezin izango du hiru ordu baino gehiago iraun, salbu eta iraupen luzeagoa behar duela egiaztatzen bada.
Laneko eginkizunekin edo lanpostuarekin zuzenean lotutako lanbide-hobekuntzako ikasketak egiteko, baimena emango zaie Euskal Autonomia Erkidegoan edo Espainiako lurraldeetan dauden prestakuntza-zentro ofizialetan ikasketa horiek egiteko onartzen dituzten ertzain guztiei.
Ikastaro horietara joateko, onartu dituztelako egiaztagiria aurkeztu beharko da, eta Giza Baliabideen Zuzendaritzaren nahitaezko baimena lortu.
Baimen horrek ezingo du ikasturte bat baino gehiago iraun.
Ikasketak polizia-akademiak programatutako edo harekin hitzartutako jardueren esparruan egiten direnean, ordutegien eta kalte-ordainen araubide hau aplikatuko da.
Araubidea ez zaie aplikatuko etengabeko prestakuntzako jarduerei, jarduerok dagozkien lan-egutegietan egingo baitira, eta horietara joaten direnei egutegietan aurreikusitako lan-baldintzak ezarriko zaizkie.
Ikastaro guztiei aplikatzeko arau komunak:
Ikastaroa hasten den egunaren bezperan, gaueko lan-txanda dagoenean planifikatuta, ez da benetan lan egin beharrik izango; 2. motako ikastaroetan, aldiz, txanda librea izatera pasatuko da.
Baldin eta ikastaroa astelehen batean hasten bada eta aurreko asteburua lanerako badago planifikatuta, txanda hori librera aldatu ahal izango da, interesdunak hala eskatuta, baldin eta hala onartzen bada zerbitzuaren premien arabera, aurreko apartatuan xedatutakoa alde batera utzi gabe.
Astebete baino gehiago irauten duten ikastaroetan, ikastaroko bi asteren arteko asteburuak ikastaroaren barrukotzat hartuko dira, eta ez da zerbitzurik eman beharko nahiz eta hala planifikatuta egon, hauteskundeak edo kontsultak daudenean izan ezik.
Ikastaroa amaitu ondoren aste naturala bukatzeko gelditzen diren egunetan, langileak beren unitatearen esanetara egongo dira, eta hala planifikatuta dutenek benetako zerbitzuak eman beharko dituzte, salbu eta baimenen bat hartzea onartu zaienean, edo, ikastaroa ostiralean amaitzen delako, unitateak interesdunaren eskaera bat onartu duenean, hark zerbitzurik ez emateko asteburuan; kasu horretan, hori txanda librea izatera pasatuko da.
Gaueko txanda planifikatuta izanik, derrigorrezko ikastaroaren hurrengo egunean goizeko ordutegian zerbitzua ematen ez duten langileek gaueko indizea zenbatzeko edo gaueko produktibitate-osagarria jasotzeko eskubidea izango dute, egindako aukeraren arabera.
1. motako ikastaroak:
Lan-baldintzak arautzen dituen akordioaren 83. artikuluan ezarritako lan-ordutegiaren barruan egindako hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak.
1. Ordu-zenbaketa:
Ikastaro-egunetako orduen zenbaketa zazpi ordukoa izango da eskola-egunetan. Baldin eta, ikastaroaren amaieran, zenbaketa horrek ez badu gainditzen funtzionario bakoitzaren oinarrizko egutegia, azken horren arabera jardungo da.
2. Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko probak egitera joatea:
Nolanahi ere, proba horietara joateko baimena emateko, Ertzaintzako funtzionarioak gutxienez hilabete lehenago jakinarazi beharko du eskaera. Epe hori betetzen ez bada, baimena ukatuko da.
Ertzaintzako 1. hizkuntza-eskakizuna (B2) eta 2. hizkuntza-eskakizuna (C1) egiaztatzeko probak egitera joatea, aldi horretan euskara ikasteko liberatuta egon diren langileak C2 proba egitera joatea eta, dagokien maila gainditzeko, lan-ordutegitik kanpo ikastaro bat egiten ari direla egiaztatzen dutenak proba egitera joatea:
Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak deitutako proba egiten den egunean aplikatu behar diren lan-baldintzak:
Langileek lan-txanda programatuta dutenean, lanaldi horretan lanera ez joateko baimena izango dute, eta planifikatutako lanaldia zenbatu egingo da.
Langileak zerbitzurik gabeko lanaldia programatuta badu, zazpi ordu zenbatuko dira.
Azterketa egunaren bezperan gaueko lana planifikatuta edo programatuta badago eta azterketa goizeko ordutegian egiten bada, baimena txanda horretan lanera joan gabe hartuko da. Azterketa 15:00etatik aurrera hasten denean, baimen hori lanaldi bereko gaueko txandan baliatu ahal izango da.
Gainera, langileek joan-etorriengatiko gastuaren kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango dute, Ertzaintzako langileen kalte-ordainei buruzko Dekretuan ezarritako baldintzak kontuan hartuta.
Egiaztatutako beste entitate batek deitutako hizkuntza-eskakizunaren egiaztapen-proba egiteko azterketetara joateko, aldi horretan euskara ikasteko liberatuta egon diren langileek eta, dagokien maila gainditzeko, lan-ordutegitik kanpo ikastaro bat egiten ari direla egiaztatzen dutenek lanera ez joateko baimena izango dute, probak planifikatutako lanorduetan egiten badira. Nolanahi ere, proba horietara joateko baimena emateko, Ertzaintzako funtzionarioak gutxienez hilabete lehenago jakinarazi beharko du eskaera. Epe hori betetzen ez bada, baimena ukatuko da.
Aurreko apartatuan sartu gabeko langileek, Ertzaintzako 1. hizkuntza-eskakizuna (B2) eta 2. hizkuntza-eskakizuna (C1) eta C2a egiaztatzeko probak egiten ari badira, dagokien baimena izango dute, probak planifikatutako lanorduetan egiten badira. Nolanahi ere, txanda amaitu baino lehen lanetik irteteko edo arrazoi horrengatik lanean ordua baino beranduago hasteko behar duen denborarako baimena izango du.
2. motako ikastaroak:
Langileentzako prestakuntza-ikastaroak, oro har, edo kategoria nahiz eskala jakin batekoak izanik joan nahi den ikastaroak, baldin eta deialdian ezartzen bada langileek aldez aurretik eskaera egin behar dutela, eta 2.4 puntuan zerrendatutako izaera ez badute:
Igoera-ikastaroak.
Espezializazio-ikastaroak.
Ordu-zenbaketa:
Astebete baino gehiago irauten ez duten ikastaroak. Interesdunak mota horretako ikastaroetara joateko dagokion baimena izango du, ikastaro horiek lan-txanda programatuarekin bat datozenean.
Aste natural bat baino gehiago irauten duten ikastaroak. Ikastaro-egunetako orduen zenbaketa zazpi ordukoa izango da eskola-egunetan. Baldin eta zenbaketa horrek ez badu gainditzen funtzionario bakoitzaren oinarrizko egutegia, azken horren arabera jardungo da.
Lan-txanda programatuko orduetan joatea:
Behar den denborarako baimena eduki beharko da. Programatutako txanda zenbatuko da, probaren edo azterketaren benetako iraupena aurreikusitako lanaldiaren erdia baino laburragoa denean izan ezik; kasu horretan, gainerakoa, ez bada lan egin, ez da zenbatuko.
Egun librean eta lan-txanda librean joatea:
Ez da baimenik eman beharko. Baldin eta proba goizeko ordutegian egiten bada, bezperan gaueko txanda programatuta edukita, txanda hori librera aldatu ahal izango da, interesdunak hala eskatuta.
3. motako ikastaroak:
Lanpostuan jarraitzeko ezinbestekoak diren ikastaroak eta, Segurtasun Sailaren ustez, dagokion unitateko langileek derrigorrez egin behar dituzten ikastaroak. Azken kasu horretan, Ertzaintzaren Zuzendaritzak erabakiko du langileak derrigorrez edo borondatez joan behar diren, egingo direla jakinarazten duenean.
Eguneratze-, birziklatze- eta hobekuntza-ikastaroak. Lanpostu jakin batzuk dauzkaten edo eginkizun zehatz batzuk egiten dituzten langileek joan behar dute horietara. Ahal bada, eta zerbitzuaren premiek uzten duten heinean, ikastaroak lanerako planifikatutako asteetan izango dira; beraz, ikastarorako, planifikatutako egutegia hartuko da erreferentziatzat. Lan-zentroan bertan egiten diren prestakuntza-jardunaldietan, egun horretarako planifikatutako lanaldiaren barruan ez dauden orduetan joan behar izanez gero, langileek joan-etorrien gastuaren kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango dute.
Ordu-zenbaketa:
Astebete naturala baino gehiago irauten ez duten ikastaroak:
Lan-txandako lanaldiekin bat etorriz gero, ikastaroetara joaten den egunetan ikastaro-orduak zenbatuko dira, dagokion ordu kopurua gehituta, planifikatutako lanaldiek ikastaroa baino gehiago irauten badute.
Baldin eta lanik gabeko egunetan joanez gero ikastaroetara, egun horietan ikastaroko eskola-orduak zenbatuko dira, zazpi ordu.
Astebete naturala baino gehiago irauten duten ikastaroak:
Ikastaro-egunetako orduen zenbaketa, gutxienez, zazpi ordukoa izango da, eskola-egunetan. Baldin eta, ikastaroaren amaieran, zenbaketa horrek ez badu gainditzen funtzionario bakoitzaren oinarrizko egutegia, azken horren arabera jardungo da.
Gehienez lau orduko prestakuntza-jardunaldietara joatea:
Planifikatutako lan-txandarekin bat etorriz gero, bertaratze-egunak planifikatutako lanaldiko ordutzat hartuko dira.
Baldin eta lanik gabeko egunetan ikastaroetara joanez gero, sei ordu zenbatuko dira.
Gaueko txanda planifikatuta izanik, hurrengo egunean goizez derrigorrezko ikastarora joateagatik gaueko txandan zerbitzurik ematen ez duten langileek gaueko indizea zenbatzeko eskubideari eutsiko diote, egindako aukeraren arabera.
Lanpostuak betetzeko deialdi baten esparruan egindako azterketak.
Herritarren segurtasunerako txandakako ordutegi-araubidea. Azterketak planifikatutako lan-txandan egiten direnean, langileek baimen ordaindua izango dute azterketara joateko behar den denborarako.
Lanaldi normalizatuko ordutegi-araubidea. Baimen ordaindua izango dute, azterketetara joateko behar den denborarako.
Ordutegi-araubide espezifikoa. Lan-txandaren ordutegia bat datorrenean azterketak egiteko ordutegiarekin, baimen ordaindua izango dute azterketetara joateko behar den denborarako.
Mota horretako azterketetara joatean sortzen diren gastuak ez dira konpentsatuko.
Norberaren lan-eginkizunekin edo lanpostuarekin zuzenean lotuta ez dauden ikasketak egiteko, funtzionarioek baimena izango dute ikastetxe ofizial edo homologatuetan azterketak egiteko; egun natural batekoa, egin behar den azterketa bakoitzeko, deialdi arruntetan nahiz ezohikoetan, eta dagokion frogagiria aurkeztu beharko dute. Baldin eta azterketaren aurreko egunean interesdunak gaueko txandan lan egin behar badu, txanda horretan lan-zentrora ez joanda hartuko da baimena. Azterketa-tokia langilearen bizilekutik 150 km-ra baino gehiagora bada, baimena bi egun naturalekoa izango da. Baimen ordaindua izango da.
Lanaldian kontsulta, tratamendu eta azterketa medikoetara joateko baimena hartzeko eskubidea dute funtzionarioek, arrazoiak behar bezala justifikatzen badituzte, eta egiaztatzen bada zentro mediko horrek ez daukala lan-plangintzarekin bat ez datorren kontsulta-egun eta -ordurik.
Baimen horrek gehienez ere 4 ordu iraungo du oro har, behar bezala frogatutako kasu berezietan izan ezik. Baimena behar besteko aurrerapenaz eskatzen bada, lanaldi osoan ez etortzea onartuko zaio funtzionarioari. Kasu horretan 4 ordu zenbatuko zaizkio, eta lanaldiko gainerako orduak baimen berreskuragarritzat joko dira.
Kontsulta, tratamendua edo azterketa goizeko 12:00ak baino lehenago bada eta funtzionarioa aste horretan gaueko txanda egiten ari bada, aurreko gauean ez da lanera joan beharko. Kasu horretan 4 ordu zenbatuko zaizkio, eta lanaldiko gainerako orduak baimen berreskuragarritzat joko dira.
Baimen hori ordaindua izango da.
Umea jaio aurreko azterketak egin eta erditzea prestatzeko teknikak ikastera joateko behar den denbora guztirako baimena izango du haurdunaldian dagoen funtzionarioak, eta ordaindu egingo zaio. Horretarako, frogatu beharko da azterketok eta teknikok lanaldiaren barruan egin behar direla eta behar bezala egiaztatu beharko da haietara joan dela.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorreko 2009ko azaroaren 18ko Akordioan ezarritakoaren arabera, norbere kontuetarako baimen bat aitortzen da. Baimena urteko lanalditik kendu ahal izango da, eta egun libre gisa hartuko da.
Urte natural bakoitzean, sei egun osoko baimena hartzeko eskubidea aitortzen da, 45 ordukoa, edo urteko lanaldia 45 ordu murrizteko eskubidea.
Hala ere, ordutegi-araubideetan lan egiten duten langileek baimena honela gozatuko dute:
Herritarren segurtasunerako txanden ordutegi-araubidean dauden langileei dagokienez, sei egun 60 ordu izan litezke, eta hiru egun, 32 ordu.
Eraikinen segurtasunerako langileek 12 orduko eta 8 orduko lanaldiak dituzte. Beraz, orduak herritarren segurtasunerako langileen moduan hartu ahalko dituzte (60 ordu / 32 ordu). Baina 8 orduko lanaldiak entrenatzeko direnez eta horiek ezinbestean egin behar direnez, baimen-ordu horiek 12 orduko lanaldietan eta aipatutako orduen mugak errespetatuta bakarrik hartu ahal izatea erabaki da.
Brigada Mugikorreko ordutegi-araubideko langileentzako, sei eguneko baimena 57 ordukoa izan liteke, eta hiru eguneko baimena, 28,5 ordukoa.
Urteko lanaldia murriztea aukeratzen duten langileek urtarrilean erabiliko dute aukera hori, dagokion unitatean Giza Baliabideen Zuzendaritzak ezarritako eskaera-eredua aurkeztuta.
Epe horretan, aldi baterako ezintasunagatik edo beste edozein arrazoi justifikaturengatik bajan dauden langileek, lanera itzuli ondorengo hamabost egunen barruan egin ahalko dute eskaera hori, dagokien urtean.
Langileek beste aukera hau ere badute: egun horietako hiru (22 ordu eta 30 minutu, guztira) benetan hartu ordez, jarraian ezarritako konpentsazio ekonomikoa aukeratu ahalko dute, urtarrilaren 1ean bakoitzak daukan kategoriaren arabera:
Agentea: 648 euro.
Agente lehena: 669 euro.
Ofizialordea: 730 euro.
Ofizialak: 805 euro.
Komisariordea: 913 euro.
Komisarioa: 981 euro.
Intendentea: 1.046 euro.
Langileek urtarrilean erabili beharko dute aukera hori, dagokion unitatean Giza Baliabideen Zuzendaritzak ezarritako eskaera-eredua aurkeztuta.
Aukera hori baliatzearen ondorioz, norberaren gauzetarako baimena ezin izango da hiru egun baino gehiagokoa izan.
Ordutegi-araubide batean hainbat lanaldi mota daudenean ezarririk, baimena ematerakoan, lanaldi mota bakoitzeko egun kopuru bera barne hartuko da, hartu daitezkeen egunen kopuruak uzten duen heinean bederen, salbu eta planifikatutako lanaldi laburragoa edukita egun kopuru handiagoa hartzea eskatu denean, nahiz eta horrek artikulu honetako 2. apartatuan ezarritakoa baino ordu gehiago hartzea ekarri baimen horrengatik.
Neurri horrek ez dio inoiz eragingo urteko lanaldia murrizteko aukerari (45 ordukoa izaten jarraituko du) ez eta konpentsazio ekonomikoa jasotzeko aukerari ere; izan ere, funtzionarioaren kategoriaren arabera ezarritako zenbaketaren arabera egiten jarraituko da.
Baimen-egunak hartzeko eskubidea eta beste kontzeptu batzuengatiko absentziak zerbitzuaren premiak behar bezala betetzen jarraitzearekin bateragarri egiteko, eskaera gutxienez 20 egun lehenago aurkeztu beharko da, eta ebazpena gutxienez eskatutako egunak baino hamar egun lehenago jakinarazi beharko da. Hala ere, eskaera apirileko epe orokorrean egin ahal izango da, maiatzeko lehen igandea baino beranduago hartzeko.
Epe horretan, aldi baterako ezintasunagatik edo beste edozein arrazoi justifikaturengatik, bajan dauden langileek, lanera itzuli ondorengo hamabost egunen barruan egin ahalko dute eskaera hori.
Baimen hori oporrak baimendu ondoren eta antzinatasun-egunak hartzea onartu aurretik emango da, betiere aurreko apartatuko lehen paragrafoan ezarritako epe orokorraren barruan.
Baimen horien kudeaketan arazorik egon ez dadin, talde bakoitzeko kideei jakinarazi beharko zaie baimen horiek badirela, aurkeztutako eskaerak ebatzi behar diren data baino nahikoa lehenago. Beraz, data beretan interesa duten gainerako lankideek aukera izango dute dagokion eskaera epe hori amaitu baino lehen egiteko, eta, horrela, ebazpena emateko unean horiek guztiak hartuko dira kontuan, ezarritako lehentasun-irizpideak aplikatzeko, aplikatu behar badira.
Eskaerak ebazteko, dekretu honetako 29. artikuluan, 2.6 eta 2.7 apartatuetan ezarritako irizpideak aplikatuko dira. Hala ere, lehentasuna izango dute premiazko norbere kontu atzeraezin batek eragindako eskaerek.
Ondorio horretarako, hauek izango dira premiazko norbere kontu atzeraezinak:
Lan-baldintzei buruzko akordio honen II. tituluko II. eta III. kapituluetan jasotako baimenetakoren bat amaitutakoan, kausa eragileak bere horretan jarraitzea.
Lan-baldintzei buruzko akordioaren 57. artikuluan ezarritako kasuak, lanaldi osoan lanera ez joatea badakarte.
Odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko hirugarren edo laugarren graduko senide baten gaixotasun larria edo heriotza.
Ofizialak ez diren ikasketa-zentroetako azterketetara joatea.
Administrazio publikoetan sartzeko hautaketa-prozesuetako azterketetara joatea.
Gorabehera horiek ez direla gertatzen ulertuko da, baldin eta egun horiek abenduaren 24an, 25ean eta 31n, eta urtarrilaren 1ean eta 6an hartzen direnean; ez eta gertaera berezi batzuk direnean eta, haiei erantzuteko, lan-dei horien eraginpeko zentroetako langileei ez ezik, beste zentro batzuetako langileei ere deitu behar zaienean egun librean.
Adierazitako epe orokorraz kanpo egiten diren eskaerek honako data hauek bakarrik hartu ahal izango dituzte: unitateak emandako informazioaren arabera libre daudenak. Hainbat kontzepturengatik aurretik ebatzita dauden baimenak hartzea onartu ondoren ebatziko dira eskaerok, ehuneko erabilgarriaren arabera.
Baimen hori ematea ezin izango da hartu, inolaz ere, langileak egun librean lanera deitzea justifikatzeko arrazoitzat.
Behin baimena eman denean, ezingo dira baimena hartzeko datak aldatu. Halere, baimena aldatzea onartuko da, ertzainak eskatuta, baldin eta eskaera hori, aurreko apartatuan aipatutako irizpideen arabera, premiazko norbere kontu atzeraezin batengatik egin bada.
Hauexek zehaztu beharko ditu baimena hartzeko datak aldatzeko eskaerak: ordeztu nahi den data, baimena hartzeko data berria, eta aldaketa ekarri duen arrazoiaren justifikazio sendoa. Eskaera hori gutxienez lau egun lehenago aurkeztu beharko da; epe laburragoan egindako eskaerak ere onartuko dira, eskaerak eragin dituen kausak atzerapena justifikatzen baldin badu (adibidez, senide baten heriotza, bat-bateko ospitaleratzea edo ospitalizazioa ustekabean luzatzea, etab.).
Baimen-egun horiek ezingo dira hartu aurreko urteko baimenekin metatuta. Baimen hori hartzeak ezin izango du beste ertzain bati egun librean deitzea eragin.
Baimen hau hartzeko aukeretako bat ere baliatu ez duten langileek, egun horietakoren bat benetan hartu gabe badute, urteko lanaldia ordu kopuru berean murriztuko zaie (7 ordu eta erdi laneguneko), salbu eta urtea amaitu baino lehen ertzainak hurrengo urteko lehen hilabetean benetan hartzeko edo konpentsazio ekonomikoa eskatu badu.
Laugarren apartatuan benetan hartzearen ordez ezarritako konpentsazio ekonomikoen zenbatekoak urtero igoko dira, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako ordainsarien igoera orokorrak igotzen diren ehuneko berean. Urtero urtarrilaren 1ean aplikatutako igoeraren arabera ordainduko dira.
Seigarren hirurtekoa bete dutenek ordaindutako bi egun hartzeko eskubidea izango dute, eta, zortzigarren hirurtekotik aurrera, beste egun bat gehituko zaio baimenari hirurteko bakoitzeko.
Egun horiek gertaera hori izaten den urtean zehar hartuko dira.
Ordutegi-araubide batean hainbat lanaldi mota daudenean, baimenean lanaldi mota bakoitzeko egun kopuru bera barne hartuko da, har daitezkeen egunen kopuruak uzten duen heinean bederen, salbu eta planifikatutako lanaldi laburragoa edukita egun kopuru handiagoa hartzeko eskatu denean.
Egun horiek hartzeko eskaera gutxienez 20 egun lehenago aurkeztu beharko da, eta ebazpena gutxienez eskatutako egunak baino hamar egun lehenago jakinarazi beharko da. Hala ere, eskaera apirileko epe orokorrean egin ahal izango da, maiatzeko lehen igandea baino beranduago hartzeko.
Baimen-egun horiek onartzeko, zerbitzuaren premiak hartuko dira kontuan, betiere oporretarako eta norbere kontuetarako egunen ehunekoaren barruan, eta bi horiek emandakoan ebatziko dira. Baimen hori hartzeak ezin izango du beste ertzain bati egun librean deitzea eragin.
Baimen horien kudeaketan arazorik egon ez dadin, talde bakoitzeko kideei jakinarazi beharko zaie baimen horiek badirela, aurkeztutako eskaerak ebatzi behar diren data baino nahikoa lehenago. Beraz, data beretan interesa duten gainerako lankideek aukera izango dute dagokion eskaera epe hori amaitu baino lehen egiteko, eta, horrela, ebazpena emateko unean horiek guztiak hartuko dira kontuan, ezarritako lehentasun-irizpideak aplikatzeko, aplikatu behar badira.
Ertzainek norbere eginbeharretarako baimena eskatu eta eskuratu ahalko dute. Hura emateak ez du ekarriko berekin inongo ordainsaririk, eta norbere eginbeharretarako baimenen iraupen metatua lau hilabetekoa izango da, gehienez ere, bi urtean behin.
Baldin eta baimena ikasketa ofizialak egiteko eskatzen bada, ondoz ondoko hiru hilabete eman ahal izango dira gehienez urtero, behin bakarrik.
Baimen hori emateko, zerbitzuaren premiak hartuko dira kontuan.
Baimen hori ez zaie emango praktiketako ertzainei.
Baimen horren iraupenak hein berean murriztuko du oporraldia.
Funtzionarioak baimen hori baliatzen duen bitartean, altan egongo da Gizarte Segurantzan, eta gertakari arrunten ondorioz enpresa-kuotari dagokion zatiaren kotizazioa ordainduko du sailak. Funtzionarioak zerbitzua ematen jarraitu izan balu legokiokeena izango da kotizazio-oinarria.
Baldin eta ezarritako baimenen esparruan jasota ez dauden behar pertsonalengatik, ertzain batek egun libreren bat behar badu, eta ez badu metatu ezarritako urteko lanaldiarekiko gehiegizko ordu kopuru nahikoa, unitateburuak baimena emango dio, baldin eta zerbitzuaren premiak beteta badaude. Baimenaren gertaera eragilea gertatu baino 60 egun natural lehenago onartu den baimen-eskaera ezingo da ezeztatu, salbu eta zerbitzuan oso ezohiko premiak sortzen direnean. Baimen mota hori onartzeak lehentasuna izango du gehiegizko orduak gozatzeko eskaeraren aldean eta hurrengo apartatuan ezarritako baimen motaren aldean.
Tartean ez badira aurreko apartatuan ezarritako kausak, eta interesdunak ez badauzka behar adina gehiegizko ordu zenbatuta, egun libre bat gozatzeko baimena eman ahal izango da, baldin eta zerbitzuaren premiak beteta badaude; egun hori berreskuratu beharrekotzat joko da.
Artikulu honetan araututako bi baimen motetan, baimen hori ematen den unean bertan geldituko da zehaztuta baimenak zein egunetan berreskuratuko diren; edonola ere, lanaldi mota berean benetako lana eginda berreskuratuko dira. Berreskuratzeko lan egindako egunak hark ordezten duenaren izaera bera izango du, eta, beraz, ez du ekarriko berekin, ez ordu-konpentsaziorik, ez konpentsazio ekonomikorik, ez eta joan-etorriko gastuen konpentsaziorik.
Baimen hori hartu aurretik berreskuratuko da, edo, bestela, hartu ondoren. Kasu horretan, egun horretatik gehienez ere bi hilabeteko tartea egongo da, betiere urte natural beraren barruan.
Artikulu honetan araututako baimenak gutxienez 15 egun lehenago aurkeztuko dira, eta gehienez ere hamar eguneko epean ebatziko dira, eskaera aurkeztu zen egunetik kontatzen hasita. Aipatutako epea igarota inongo ebazpenik eman ez bada, baimena onartutzat joko da.
Baimen horiek ezingo dira hartu urtarrilaren 1ean eta 6an, eta abenduaren 24an, 25ean eta 31n, ezta hauteskundeak egiten diren egunetan ere, ez eta opor-egunetako asteak osatzeko ere.
Artikulu honetan araututako baimenengatik, ezin izango da urtean hiru lanaldi baino gehiago hartu.
Funtzionario guztiek ordaindu gabeko baimena hartu ahalko dute, beren borondatez gizarte-zerbitzu ofizialei laguntzen ari direla zerbitzu horien jasotzaileei lagundu behar dietenean, akordio honek baimena jasotzeko eskubidea aitortzen duen kasuetan, baldin eta aurrez eta agiri bidez justifikatzen bada bete egiten direla ezarritako baldintzak.
Ordaindu gabeko baimena hartu ahal izango dute gobernuz kanpoko laguntza-erakunderen (GKE) batekin elkarlanean ari diren ertzainek, dagokion GKEak justifikatu eta ziurtatu ondoren, hilabete eta hiru hilabete bitartekoa izango dena, eta lankidetzan aritzen diren helburu humanitarioetarako.
Baldin eta norbere eginbeharretarako baimena garatzeko bidean dauden herrialdeetan eginkizunen bat egiteko eskatzen bada, eta baldin eta garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen babespean bada, aldi guztiak batuta, ezin izango da 2 urtetik gorakoa izan, bost urtean behin; eta gutxienez hiru hilabeteko baimena hartu beharko da.
Funtzionarioak baimen hori baliatzen duen bitartean, altan egongo da Gizarte Segurantzan, eta gertakari arrunten ondorioz enpresa-kuotari dagokion zatiaren kotizazioa ordainduko du sailak. Funtzionarioak zerbitzua ematen jarraitu izan balu legokiokeena izango da kotizazio-oinarria.
Jarduera sindikala Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren laugarren tituluko zazpigarren kapituluan ezarritakoaren arabera garatuko da, eta ondoren adierazten diren baldintzetan.
Ordu-kreditu sindikala.
Antolakunde sindikalek metatu ahalko dute beren ordezkari hautatuei nahiz afiliazio bidezko ordezkariei dagokien ordu-kreditu sindikala, EAEPLTBn ezarritakoa, baldin eta horietakoren batek jarduera sindikalean aritu behar badu lanaldi osoko arduraldian gutxienez urtebetez, eta asmo hori hilabete lehenago jakinarazten bada. Horretarako, urtean 1.260 ordu metatu behar dira (105 ordu, hilean).
Liberazio osoa ez duten ordezkari hautatuek eta afiliazio bidezko ordezkariek ordu-kreditu sindikala erabili nahi badute, dagokion antolakunde sindikalak Giza Baliabideen Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio, oro har, gutxienez hiru egun lehenago (ez dira zenbatzen, epe hori kontrolatzeko, larunbatak, igandeak eta jaiegunak); hala eta guztiz ere, interesdunak bere unitateari jakinaraziko dio, zerbitzua antolatzeko nahikoa denborarekin.
Negoziazio-mahaiko kideek, bai eta mahai horretatik edo lan-baldintzei buruzko akordiotik sortutako batzordeetako kideek ere, bileretara joateko behar beste ordu izango dituzte, eta ordu horiek ez dira zenbatuko, ordu-kreditu sindikaletarako.
Prestakuntza sindikala.
Antolakunde sindikalek bi ordu izango dituzte, hileko, ordezkari hautatu eta afiliazio bidezko ordezkari bakoitzeko, prestakuntza sindikaleko ikastaroetara joateko; gehienez ere, bost lanegun, pertsonako eta urteko. Ikastaro horietara joateko jakinarazpena aurreko apartatuko bigarren paragrafoan ezarritako epe berean egin beharko da.
Antolakunde sindikalaren batzarretara joatea.
Salbuespenez, eta hileko ordu-kredituaren barruan, baimena eman ahal izango da, urtean behin, unitateko bi pertsonari gehienez, ordezkari edo ordezkari sindikal izan gabe ere (EAEPLTBko 122. artikulua), joan daitezen dagokion antolakunde sindikalak egiten duen batzarrera, antolakunde sindikal horrek ordezkari hautatuak baditu Ertzaintzan.
Antolakunde sindikalek baimen horretarako eskaera egin behar diote Harreman Sindikalen Arloari, gutxienez, hamar egun lehenago.
Hautatutako ordezkari sindikalek eta EAEPLTBko 122. artikuluan ezarritako ordezkari sindikalek ordu-konpentsazioa edo konpentsazio ekonomikoa jasotzeko eskubideari eutsiko diote, horietako bakoitzak egindako aukeraren arabera, baldin eta ordu-kreditu sindikala planifikatutako lanaldiarekin bat badator, eta benetan ordu horiengatik konpentsazio bat aurreikusita badago.
Horretarako, lanaldi osoko baimen sindikala baliatzen ari diren langileak beren lantaldeari atxikita egongo dira beren unitatean.
Antolakunde sindikal batek jakinarazten badu lanaldi osoko liberatu sindikal bat aldi baterako ezintasun-bajan dagoela, baja hilabete natural bat baino gehiago luzatzen bada, beste ordezkari sindikal batek ordeztu ahal izango du bere ordu-kreditu sindikalaren kargura. Kasu horietan, alta medikoa berehala jakinarazteko konpromisoa hartzen du antolakunde sindikalak.
Honako hau izango da lan-baldintzak arautzen dituen akordio honen esparruan dauden langileei aplikatu behar zaien ordainsarien igoera orokorra: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorrean ezartzen dena.
Produktibitate-osagarrien eta akordio honetan ezarritako aparteko haborokinen zenbatekoak 2025eko urtarrilaren 1ekoak dira. Akordio honen 2. artikuluan ezartzen da akordioaren beraren indarraldia, eta, bitarte horretan, zenbateko horiei Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorrean ezartzen den ordainsarien igoera orokorraren ehuneko bera aplikatuko zaie.
Era berean, akordio honetan ezarritako ordu kopuru gehigarriak, produktibitate-osagarriaren eta aparteko haborokin gisako ordainsarien ordezkoak, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dira.
Baldin eta funtzionario bat goragoko eskala batera igarotzen bada, barne-promozioko prozedura gaindituta, une horretara arte aitortutako hirurteko guztiak eskala berriari dagozkion zenbatekoen arabera jasoko dira.
Akordio arauemaile honetan ezarritako produktibitate-osagarriak ezartzearen helburua da lanpostuen balioespen-prozesu baten emaitza aurreratzea, eta prozesu hori 2026. urtea amaitu baino lehen gauzatuko da.
Langileak ezarritako lanaldia baino ordubete gutxiago lan egiten badu 12 hilabete baino gutxiagoko semea edo alaba zaintzeko baimena hartzeagatik, lanaldi bakoitzeko ordubeteko lanaldi-murrizketaren modalitatean, produktibitate-osagarria jasotzeko eskubidea izango du, osorik, ezarrita duen lanaldian.
Lan-baldintzei buruzko akordioaren 39. artikuluan araututako baimena metatuta gozatuz gero, langileek lanaldi osoetan lan egitea planifikatuta balute, artikulu honetan ezarritako lanaldietan benetan zerbitzua ematen denean, langileek produktibitate-osagarria jasotzeko eskubidea izango dute, bertan ezarritako zenbatekoan, osagarri bat jasotzea aurreikusita zuten planifikatutako lanaldietan, benetan zerbitzurik eman ez arren.
Ertzaintzako langileen lan-baldintzak 2011., 2012. eta 2013. urteetarako araupetzeko akordioa onartzen duen 4/2012 Dekretuaren 60. artikuluaren bigarren eta hirugarren apartatuetan ezarritako absentismo-indizean oinarritutako produktibitate-osagarria xurgatu eta konpentsatuko dute akordio arauemaile honetan ezarritako produktibitate-osagarriek.
16. artikuluaren 6. eta 7. apartatuen arabera, unitateren edo lanposturen baterako aldatu egiten bada zerbitzuaren ordutegi-araubidea horren arabera ezarri dira akordio arauemaile honetako produktibitate-osagarriak, berrikusi egingo dira osagarri horiek, ordutegi-araubide berriaren inguruabarretara egokitzeko.
Larunbat, igande eta jaiegunetan planifikatutako lanaldietan zerbitzua emateagatiko produktibitate-osagarria, jaiegun horiek ez direnean ez larunbatak eta ez igandeak.
Produktibitate-osagarri horiek ordutegi-araubide hauetako batean lan egiten duten langileei aplikatuko zaizkie:
Akordio honen 20. artikuluan ezarritako txandakako ordutegi-araubidea.
Akordio honen 22. artikuluan ezarritako ordutegi-araubide malgua, 5-2/7/7 kadentzian.
Brigada Mugikorraren Unitateko ordutegi-araubidea.
Lehergailuak Indargabetzeko Unitateko ordutegi-araubidea.
Polizia Zientifikoaren Unitateko Pertsonak Identifikatzeko Ataleko ordutegi-araubidea.
Ertzainor Unitateko Lehergailuen Ataleko ordutegi-araubidea.
Eraikinen Segurtasuneko Ataleko ordutegi-araubidea.
Babes eta Segurtasun Ataleko ordutegi-araubidea.
Zaintza eta Erreskate Unitateko Uretako Ataleko ordutegi-araubidea.
Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendi Ataleko ordutegi-araubidea.
Zaintza eta Erreskate Unitateko Helikoptero Gidarien Ataleko ordutegi-araubidea.
2025eko urtarrilaren 1ean, produktibitate-osagarriaren zenbatekoak honako hauek izango dira, ezarritako lanaldiaren iraupena kontuan hartuta:
16 ordu 88,48 euro/egun.
12 ordu: 66,36 euro/egun.
9,5 ordu: 52,54 euro/egun.
8 ordu: 44,24 euro/egun.
7,5 ordu: 41,48 euro/egun.
7 ordu: 38,71 euro/egun.
Gaueko txandan planifikatutako lanaldian zerbitzuak emateagatiko konpentsazioa, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera.
Ondorengo ordutegi-araubideren batean zerbitzua ematen duten langileek, planifikatutako gaueko lanaldian (8 ordu egunean), gaueko eta arratsaldeko-gaueko txandetan, hamar minutu gehiago zenbatuko dituzte lan egindako ordu bakoitzeko, hurrengo paragrafoan ezarritako aukera baliatu denean izan ezik. Horrela zenbatutako orduak gaueko txandan hartuko dira oro har, 28. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Langileek 40,14 euro kobratzea aukeratu ahal izango dute gaueko txandako lanaldi oso bakoitzeko, horretarako eskabidea aurreko urteko abenduaren 15a baino lehen idatziz aurkeztuta dagokien lan-zentroan. Urtean behin izango da aukera hori; ezeztaezina izango da urte naturalean zehar, eta aurreko paragrafoan adierazitako ordutegi-indizea ez zenbatzea ekarriko du.
Langileek lanaldi-murrizketa badute, zenbateko hori edo ordu gehigarrien zenbaketa proportzio berean murriztuko da.
Gaueko txanda planifikatuta izanik, zerbitzua lanaldi berean beste lan-txanda batean ematen denean zerbitzuaren premiak direla-eta, denbora gehigarria zenbatzeko edo, hala badagokio, aipatutako produktibitate-osagarria jasotzeko eskubideari eutsiko zaio, aurreko bi paragrafoetan jasotako baldintzetan.
Produktibitate-osagarri hori jarraian ezartzen diren ordutegi-araubideetako batean lan egiten duten langileei aplikatuko zaie:
Akordio honen 20. artikuluan ezarritako txandakako ordutegi-araubidea.
Akordio honen 22. artikuluan ezarritako ordutegi-araubide malgua.
Brigada Mugikorraren Unitateko ordutegi-araubidea.
Lehergailuak Indargabetzeko Unitateko ordutegi-araubidea.
Ertzainor Unitateko Lehergailuen Ataleko ordutegi-araubidea.
Eraikinen Segurtasuneko Ataleko ordutegi-araubidea.
Zaintza eta Erreskate Unitateko Uretako Ataleko ordutegi-araubidea.
Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendi Ataleko ordutegi-araubidea.
Artikulu honetan ezarritako kopuruak bi hilabeteko epean ordainduko dira, kopuruok sortzen diren egunetik kontatzen hasita.
Produktibitate-osagarria herritarrei arreta emateko lanak egiteagatik.
2025eko martxoaren 1etik aurrera, agentearen, agente lehenaren, ofizialordearen eta ofizialaren lanbide-kategoriei dagozkien lanpostuak betetzen dituzten eta akordio honen 20. artikuluan araututako txandakako ordutegian lan egiten duten ertzain-etxeetako herritarren segurtasunerako langileek hilean 90 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute (14 ordainsari), herritarrei arreta emateko zereginak egiteagatik.
Eginbideak eta ikerketa-lanak egiteagatiko produktibitate-osagarria, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatzekoa, eta konplexutasun-mailaren eta delitu motaren araberakoa:
Ertzain-etxeetan ikerketa-betekizuna duen lanpostu bat betetzen duten eta txandakako ordutegi-araubidean atestatu-eginkizunak betetzen dituzten langileek 221,78 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute hilean (14 ordainsari), eginbideak eta ikerketa-lanak egiteagatik.
Ikerketa-betekizuna duen lanpostu bat betetzen duten eta ertzain-etxeetan ordutegi malguko araubidean kasu-eginkizunak betetzen dituzten langileek hilean 330,06 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute (14 ordainsari), eginbideak eta ikerketa-lanak egiteagatik.
EIa/GIa ikertzen duen lanpostu batean ordutegi malguko araubidean lan egiten duten langileek hilean 330,06 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute (14 ordainsari), eginbideak eta ikerketa-lanak egiteagatik.
Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuetan ikerketa-betekizuna duen lanpostu batean ordutegi malguko araubidean lan egiten duten langileek 330,06 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute hilean (14 ordainsari), eginbideak eta ikerketa-lanak egiteagatik.
Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Unitatean ikerketa-betekizuna duen lanpostu batean ordutegi malguko araubidean lan egiten duten langileek 375,06 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute hilean (14 ordainsari), eginbideak eta ikerketa-lanak egiteagatik.
Trafikoko lurralde-unitateetan trafiko-ikerketa gauzatu behar duten lanpostu batean txandakako ordutegi-araubidean lan egiten duten langileek hilean 261,78 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute (14 ordainsari), eginbideak eta ikerketa-lanak egiteagatik.
Barne Arazoetako Burutzako Zerbitzu Unitatean ikerketa-betekizuna duen lanpostu batean ordutegi malguko araubidean lan egiten duten langileek, 5-2 kadentziarekin, hilean 375,06 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute (14 ordainsari), eginbideak eta ikerketa-lanak egiteagatik.
Polizia Zientifikoko Burutzako Unitatean ikerketa-betekizuna duen lanpostu batean ordutegi malguko araubidean lan egiten duten langileek 375,06 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute hilean (14 ordainsari), eginbideak eta ikerketa-lanak egiteagatik.
Pertsonak Identifikatzeko Atalak 330,83 euroko produktibitate-osagarria jasoko du, 14 ordainsaritan, akordio hau indarrean jartzen den unean pertsona horiek zerbitzuak emateko daukaten ordutegi-araubideak irauten duen bitartean.
Koordinazio eta Zibersegurtasun Unitateko Burutzako Ikerketa Atalean ikerketa-betekizuna duen lanpostu batean ordutegi malguko araubidean lan egiten duten langileek 375,06 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute hilean (14 ordainsari), eginbideak eta ikerketa-lanak egiteagatik.
Inteligentzia-lanak egiteagatiko produktibitate-osagarria, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatzekoa, eta konplexutasun-mailaren eta delitu motaren araberakoa:
Inteligentziako tokiko bulegoan ertzain-etxean ikerketa-betekizuna duen lanpostu batean ordutegi malguko araubidean lan egiten duten langileek hilean 330,06 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute (14 ordainsari), eta horrek eginbide- eta ikerketa-lanengatiko osagarria xurgatuko ditu.
Inteligentziako lurralde-bulegoetan ikerketa-betekizuna duen lanpostu batean ordutegi malguko araubidean lan egiten duten langileek hilean 330,06 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute (14 ordainsari).
Inteligentzia Bulego Nagusiko Burutzan ordutegi malguko araubidean ikerketa-lanpostua betetzen duten langileek 375,06 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute hilean (14 ordainsari).
Koordinazio eta Zibersegurtasun Unitateko Burutzako Koordinazio eta Berrikuntza Atalean ikerketa-betekizuna duen lanpostu batean ordutegi malguko araubidean lan egiten duten langileek 375,06 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute hilean (14 ordainsari), inteligentzia-lanak egiteagatik.
2025eko martxoaren 1etik aurrera, Trafikoko lurralde-unitateetako langileek, bide-segurtasuneko betekizuna duen lanpostu batean txandakako ordutegi-araubidean lan egiten badute, 120 euroko osagarria jasoko dute hilean (14 ordainsari), ETEN lanak egiteagatik.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, Brigada Mugikorraren Unitatean agentearen, agente lehenaren, ofizialordearen eta ofizialaren kategorietarako erreserbatutako lanpostu bat betetzen duten langileek 83 euroko osagarria jasoko dute lanaldi bakoitzeko, planifikatutako 23 lanaldietako batean Bizkor unitateetan (berehalako erantzuna emateko patruila) lan egiten badute. Gainera, 80 euroko osagarria jasoko dute, urtero planifikatutako 16 entrenamendu ebaluatuetako bakoitzeko.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, Babes eta Segurtasun Unitatean eskolta lanpostua betetzen duten oinarrizko eskalako eta ikuskaritza-eskalako langileek 80 euroko osagarria jasoko dute, urtero planifikatutako 42 entrenamendu ebaluatuetako bakoitzeko. Gainera, langile horiei ordaindu egingo zaizkie joaneko ibilbide bati eta itzulerako beste bati dagozkien joan-etorrien gastuak, ebaluatutako entrenamendura joaten diren aste bakoitzean.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, Lehergailuak Indargabetzeko Unitatean lanpostu bat betetzen duten oinarrizko eskalako eta ikuskaritza-eskalako langileek, baldin eta arrisku nuklear, erradiologiko, bakteriologiko edo kimikoetan (NEBK) espezialitatea izateko betekizuna badute, 248,28 euroko osagarria jasoko dute hilean (14 ordainsari), zeregin horiek lanpostuaren eduki funtzionalean sartuko direlako.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, Zaintza eta Erreskate Unitatean lanpostu bat betetzen duten oinarrizko eskalako eta ikuskaritza-eskalako langileek:
Helikopteroen atalean eta Droneen atalean, 80 euro jasoko dituzte urtero planifikatuta izango dituzten 25 entrenamendu ebaluatuetako bakoitzeko.
Uretako eta Mendiko ataletan, 80 euro jasoko dituzte, urtero planifikatuta izango dituzten 37 entrenamendu ebaluatuetako bakoitzeko.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, Esku Hartzeko Unitatean lanpostu bat betetzen duten oinarrizko eskalako eta ikuskaritza-eskalako langileek 80 euroko osagarria jasoko dute, urtero planifikatuta izango dituzten 48 entrenamendu ebaluatuetako bakoitzeko.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, Joko eta Ikuskizun Unitatean lanpostu bat betetzen duten oinarrizko eskalako eta ikuskaritza-eskalako langileek hilean 198,28 euroko osagarria jasoko dute (14 ordainsari), lanpostua betetzeko zailtasun tekniko bereziagatik, akordio hau indarrean jartzen den unean aplikatu behar den ordutegi-araubidean zerbitzua ematen duten bitartean (5-2/7/7 edo 5-2).
2025eko martxoaren 1etik aurrera, Lurraldeetako AKZetan oinarrizko eskalako eta ikuskaritza-eskalako lanpostu batean txandakako ordutegi-araubidean lan egiten duten langileek eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Ataleko langileek hilean 90 euroko osagarria jasoko dute (14 ordainsari), zeregin horien zailtasun tekniko bereziagatik.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, Koordinazio eta Lankidetzarako Unitatean Schengen zerbitzua eskaintzen txandakako ordutegi-araubidean lan egiten duten oinarrizko eskalako eta lan-ikuskaritzako eskalako langileek hilean 130 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute (14 ordainsari), zeregin horren zailtasun tekniko bereziagatik.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, Koordinazio eta Lankidetza Unitateko Ikerketako Koordinazio Operatibo eta Teknikoko Atalean (IKOTA) ordutegi malguko araubidean lan egiten duten oinarrizko eskalako eta ikuskaritza-eskalako langileek hilean 218,28 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute (14 ordainsari), zereginen konplexutasunagatik.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, Babes eta Segurtasun Unitatean 12 orduko lanaldien kadentzian lan egiten duten eraikinen segurtasuneko oinarrizko eskalako eta ikuskaritza-eskalako langileek 80 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute, urtero planifikatutako 4 entrenamenduetako bakoitzeko.
Gainera, 2025eko martxoaren 1etik aurrerako ondorioekin, 96,28 euroko hileko osagarria jasoko dute (14 ordainsari), protokoloko eta eraikin enblematikoak babesteko lanen zailtasun teknikoagatik.
2025eko martxoaren 1etik aurrera, Miñoien Unitatean txandakako ordutegi-araubidean lan egiten duten oinarrizko eskalako eta ikuskaritza-eskalako langileek hilean 90 euroko osagarria jasoko dute (14 ordainsari), ingurumenaren eta garraioen kontrolaren arloetan lanpostuak dituen zailtasun tekniko bereziengatik; izan ere, lanpostua betetzeko, dagokion prestakuntza egin beharko dute.
2025eko martxoaren 1etik aurrera, Bozeramailetza, Komunikazio eta Protokolo Zerbitzuko langileek, ordutegi malguko araubidean, 144,61 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute hilean (14 ordainsari) ikus-entzunezko komunikabideetan arloko zereginak beren gain hartzeagatik. Lanpostua betetzeko, dagokion prestakuntza egin beharko dute.
2025eko martxoaren 1etik aurrera, Idazkaritza Nagusiko Unitatean ordutegi malguko araubidean lan egiten duten oinarrizko eskalako eta ikuskaritza-eskalako langileek 198,28 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute hilean (14 ordainsari), beren gain hartutako zereginen konplexutasunagatik.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, Ertzainor Unitatean oinarrizko eskalako eta ikuskaritza-eskalako lanpostu bat betetzen duten langileek 100 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute hilean (14 ordainsari), txakurra lan-denbora presentzialetik kanpo zaintzeagatik.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, halaber, Ertzainor Unitateko Lehergailuen Atalean oinarrizko eskalako eta ikuskaritza-eskalako lanpostu bat betetzen duten langileek ebaluatutako 10 entrenamendu egingo dituzte urtean, eta 80 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute horietako bakoitzeko.
2025eko martxoaren 1etik aurrera, Bilbao, Donostia, Vitoria-Gasteiz, Irun, Muskiz eta Sestaoko ertzain-etxeetako lanpostuetan lan egiten duten langileek 100 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute hilean (14 ordainsari), unitate konplexuak direlako.
2025eko martxoaren 1etik aurrera, ordutegi malguko araubidean landa-ingurunearen arretarako lanak egiten dituzten langileek hilean 130 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute (14 ordainsari), ingurumenaren arloko zailtasun teknikoengatik eta herritarrei arreta emateagatik.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, Kanpo Lankidetzako Burutzaren oinarrizko eskalako eta ikuskaritza-eskalako langileek 229,66 euroko osagarria jasoko dute hilean (14 ordainsari), zereginen zailtasun teknikoagatik.
Jarduera jakin bat egiteagatik aurreikusitako produktibitate-osagarriak dagokien zerbitzua benetan ematen denean bakarrik jasoko dira, lanpostuen balorazioa amaitzen ez den bitartean.
Trafikoko lurralde-unitateetan lan egiten duten oinarrizko eskalako eta ikuskaritza-eskalako langileek, baldin eta bide-segurtasuneko espezialitatea izateko betekizuna duen lanposturen bat betetzen badute, 80 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute bizikleta-lasterketetako operatiboetan motorrean lan egiten duten lanerako planifikatutako egun edo zerbitzu gabekotzat planifikatutako egun bakoitzeko. Konpentsazio hori Trafikoko lurralde-unitateetako langileei ere aplikatuko zaie. Langile horiek lasterketaren hasierako autoan eta lasterketaren amaierako autoan joango dira, eta hala badagokie, burbuilaren barruan.
Produktibitate-osagarri hori jasotzeaz gain, larunbatean, igandean edo jaiegunean lanerako planifikatutako egunean lan egiteagatik legokiokeena eta jarduera hori zerbitzurik gabekotzat planifikatutako egunean egiten duten langileentzat ezarritako konpentsazioa ere jaso ahal izango ditu.
Kontzeptu horrengatik urte bakoitzean gehienez 24 ordainketa jasoko dira.
Mendi Ataleko Zaintza eta Erreskate Unitateko eta Uretako Ataleko Zaintza eta Erreskate Unitateko oinarrizko eskalako eta ikuskaritza-eskalako langileek eta Ertzainor Unitateko Erreskate Ataleko langileek 80 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute, helikopteroz joan behar duten lanerako planifikatutako egun bakoitzeko edo zerbitzurik gabekotzat planifikatutako egun bakoitzeko.
Produktibitate-osagarri hori jasotzeaz gain, larunbatean, igandean edo jaiegunean lanerako planifikatutako egunean lan egiteagatik legokiokeena eta jarduera hori zerbitzurik gabekotzat planifikatutako egunean egiten duten langileentzat ezarritako konpentsazioa ere jaso ahal izango ditu.
Kontzeptu horrengatik urte bakoitzean gehienez 24 ordainketa jasoko dira.
Bilbao, Vitoria-Gasteiz, Donostia, Irun, Sestao edo Muskiz ez den ertzain-etxe batean herritarren segurtasunaren arloko oinarrizko eskalako eta ikuskaritza-eskalako lanpostu batera atxikita egon arren, lanerako planifikatutako egunean nahiz zerbitzurik gabekotzat planifikatutako egunean ekitaldi jakin batzuetako zerbitzuak betetzen parte hartzen duten langileek 80 euroko produktibitate-osagarri espezifikoa jasoko dute leku horietako baten lurralde-mugapean gertatzen badira, aparteko haborokinaz gain.
Produktibitate-osagarri hori jasotzeaz gain, larunbatean, igandean edo jaiegunean lanerako planifikatutako egunean lan egiteagatik legokiokeena eta jarduera hori zerbitzurik gabekotzat planifikatutako egunean egiten duten langileentzat ezarritako konpentsazioa ere jaso ahal izango ditu.
Oinarrizko eskalako eta ikuskaritza-eskalako langileek, zerbitzu-eginkizunetan Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako irakaskuntza-, hautaketa- edo ikerketa-eginkizunetarako izendatzen badira, 2025eko martxoaren 1etik aurrera 106 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute zerbitzua benetan ematen den hilabete bakoitzean (12 ordainsari urteko), zailtasun teknikoengatik eta irakasgaia prestatzeko beharragatik.
Lanpostuek lanpostu-zerrendan lokalizagarritasun- eta malgutasun-araubidea ezarrita dutenean, eta 22. edo 24. artikuluetan ezarritako ordutegi-araubideetan zerbitzua ematen denean, ordutegi presentzialetik kanpo lan egiteko premia ustekabean sortzen bada, eta horren ondorioz lanaldia amaitu duten langileek benetan lan egin behar badute, eta etxetik joan behar badute lan egin behar duten lekura, langile horiek 15 euroko produktibitate-osagarri bakarra jasoko dute zerbitzuak emateagatik eguneko ordutegian benetan lan egindako ordu bakoitzeko, eta 20 eurokoa gaueko ordutegian edo larunbat, igande edo jaiegunetan lan egindako ordu bakoitzeko. Gainera, dagozkien benetako lanorduak zenbatuko zaizkie. Produktibitate-osagarri hori ordu osotan ordainduko da, ordu horietako bakoitzaren tarteak gainditu ondoren. Ez dira kontuan hartuko etxebizitzaren eta jardun-lekuaren edo lan-zentroaren arteko joan-etorrien denborak.
Produktibitate-osagarri bat esleitzeko salbuespenezko araubide bat eratzen da, norberarena baino goragoko mailako edo kategoriako lanpostuetan zerbitzu-eginkizunean aritzeak dakarren aparteko jarduera ordaintzeko, Ertzaintzako funtzionarioen ordainsariei buruzko abenduaren 16ko 298/1997 Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Honako hau izango da norberarena baino goragoko mailako edo kategoriako lanpostuetan zerbitzu-eginkizunean aritzeari dagokion produktibitate-osagarria: benetan bete den postuari dagokion destino-osagarriaren eta funtzionarioaren kategoriari dagokion destino-osagarriaren, edo kontzeptu horregatik jasotzen ari den zenbatekoaren arteko aldea, hori handiagoa denean.
Zerbitzu-eginkizunean aritu den lanpostua eskalarako gordeta badago, osagarria jasotzeko ezinbestekoa izango da lanpostu horren eskala funtzionarioaren kategoriaren justu gainekoa izatea. Hala gertatuz gero, osagarriaren zenbatekoa izango da eskala horren azpiko kategoriari dagokion destino-osagarriaren eta funtzionarioaren kategoriari dagokionaren arteko aldea. Baldin eta funtzionarioaren kategoria eskala horren barnean balego, ez da sortuko egoera horregatik ezer jasotzeko eskubiderik.
Segurtasun Sailak eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak prestakuntza-ikastaroen deialdiak egingo dituzte urtero, Arkampus aplikazioaren bidez.
Prestakuntza horrek hainbat eduki izango ditu, polizia-jarduera garatzen den eremuen arabera, eta horietako bakoitzari atxikitako langileei zuzenduta egongo da, eta kontuan hartuko da garapen profesionalerako.
Interesdunek, online modalitatearen bidez, beren jarduera-eremuari dagokion prestakuntza espezifikoa eskuratuko dute. Prestakuntza hori deialdi bakoitzean zehaztuko da.
Prestakuntza hori lan-ordutegitik kanpo egingo da, eta ordu bakoitzeko 20 euroko aparteko haborokina jasoko da.
Ordaindutako prestakuntza hori pixkanaka ezarriko da, eta, beraz, langileek kontzeptu horrengatik haborokina jasotzeko gehieneko ordu kopuruak honako hauek izango dira:
2025. urtea: 24 ordu.
2026. urtea: 36 ordu.
2027. urtea: 50 ordu.
2028. urtea: 60 ordu.
Prestakuntza-deialdietan ezarriko da nola egiaztatuko den prestakuntza egin dela, ezarritako konpentsazioa jaso ahal izateko.
Etengabeko prestakuntzako eta karrera profesionaleko osagarri gisa egindako prestakuntza-orduak Karrera Profesionalaren ondorioetarako zenbatuko dira, Ertzaintzako langileen garapen profesionalerako sistemari buruzko 180/2021 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Hiruhileko bakoitza amaitzean, epe horretan urte bakoitzerako ezarritako gehieneko ordu kopurua bete duten langileei dagokien zenbatekoa ordainduko zaie, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak emandako informazioaren arabera. Urte bakoitzeko azken hiruhilekoan, ezarritako gehieneko kopuruaren barruan egindako prestakuntza-orduen kopuruari dagokion konpentsazioa ordainduko zaie aurreko hiruhilekoetan ordaindu ez zaien langileei.
Lan-baldintzei buruzko akordio honen indarraldian, zenbateko horiek handitu egingo dira 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorrean ezarritako ordainsarien igoera orokorraren ehuneko berean.
Segurtasun Sailak laneko arriskuen prebentzioaren arloko politika garatzen jarraituko du. Politika hori ertzainen lan-baldintzak hobetzera bideratutako jardueren multzoa da, sailaren prebentzio-betebehar orokorra aitortzearen bidez. Politika hori (Laneko Arriskuen Prebentziorako Kudeaketa Integraleko sistema bat ezarriz gauzatuko dena) eraginkortasunaren, koordinazioaren eta parte-hartzearen printzipioetan oinarritzen da.
Eraginkortasun-printzipioa.
Ertzainen informazio, kontsulta eta partaidetzarako, prebentzio-alorreko prestakuntza jasotzeko eta osasun-egoera zaintzeko eskubideak betetzeko behar diren tresnak ezartzen ditu, sailak hartutako konpromisoaren erakusgarri; alegia, ekinbide jarraitua izatea, eta enplegatu publikoen segurtasunean eta osasunean eragina izan dezaketen lanpostuko inguruabarretan gerta daitezkeen aldaketetara moldagarria.
Koordinazio-printzipioa.
Horren bidez, aitortzen da ertzain guztiek eta saileko maila hierarkiko guztiek segurtasuna eta osasuna babestu behar dituztela beti, egiten duten edozein jardueratan eta hartzen dituzten erabakietan.
Partaidetza-printzipioa.
Behar diren bideak sortuko dira prebentzio-jardueraren diseinuan eta plangintzan Ertzaintzako langile guztien lankidetza bermatzeko. Lankidetza hori zuzenean gauzatu ahalko da, edo prebentzio-ordezkarien bidez.
Hartara, Segurtasun Saileko prebentzio-politika bat dator enplegatu publikoen ongizatea bermatzeko diseinatu diren beste baliabide-politika batzuekin, eta lanean segurtasun- eta osasun-maila handiak lortzeko nahia adierazten du, eta indarreko legeria betetzekoa, prebentzio-jarduera etengabe hobetzeko printzipioan oinarrituta. Politika horrek helburu hauek ditu:
ertzainen lan-jardueraren berezko arriskuei aurre egitea edo arrisku horiek minimizatzea.
administrazioan segurtasuna integratzea, ertzain guztiak inplikatzea.
laneko arriskuen kudeaketaren erantzukizuna administrazio-antolamendu osoari dagokiola ezartzea.
prebentzioaren benetako kultura sustatzea eta ertzainek beren burua babesteko eginbeharra benetan betetzeko betebeharra beren gain hartzea.
polizia-jarduera garatzeko behar diren elementu material eta ibilgailu guztiak erosteko ezaugarriak definitzen parte hartzea.
Segurtasun Sailak prebentzio-zerbitzu propio bat sortzea erabaki du, prebentzioa antolatzeko. Zerbitzu hori Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera arautzen da, eta hala aitortu du Osalanek.
Prebentzio Zerbitzuak honako jardun-arlo hauek ditu: medikoa, teknikoa eta juridiko-administratiboa. Hauek dira zerbitzuaren eginkizunak:
Materialen Batzorde Teknikoan parte hartzea eta dagokion txosten teknikoa egitea.
Prebentzio-planen eta -programen diseinuan, aplikazioan eta koordinazioan laguntzea, eta prebentzio-neurrien eraginkortasuna zaintzea.
Lanpostu eta lokaletako arriskuen ebaluazioa egitea eta eguneratzea, ertzainei eragin diezaieketen arrisku-faktoreak aintzat hartuta.
Lehentasunak ezartzea prebentzio-neurri egokiak hartzeko, egindako arrisku-ebaluazioen eta horien efikaziaren arabera.
Ertzaintzako langileei informazioa eta prestakuntza ematea laneko segurtasun eta osasunari buruz.
Antolakuntzaren eskakizunei dagokienez, prozedurak ezartzea eta eguneratuta izatea, sistemaren aurreikuspenen egokitasuna egiaztatzeko.
Prebentziorako helburuen betetze-maila egiaztatzeaz eta arriskuak prebenitzeko erregistroak, auditoria eta ikuskapenen emaitzak eta prestakuntza-erregistroak kodifikatzeaz eta artxibatzeaz arduratzea.
Lan-zentro guztietako autobabeseko eta lehen sorospenetarako larrialdi-planak egitea. Horiek inplementatzea eta eguneratzea. Lan-zentroka ezarriko dira.
Osasunaren zaintza egitea, lanpostu bakoitzeko arriskuen arabera. Ertzainen osasuna zaintzea, lanetik eratorritako arriskuei dagokienez.
Ertzainen osasuna zaintzeko neurriak hartzen direnean, euren intimitaterako eta duintasunerako eskubidea errespetatuko da beti. Banakako informazio medikoa langile medikoek eta agintaritza sanitarioek bakarrik eskuratu ahal izango dute.
Istripuak ikertzea, idazkiak erantzutea, kexuak eta iradokizunak bideratzea, eta prebentzioaren arloko arazoak aztertzea eta konpontzea.
Segurtasun eta Osasun Batzordeari laguntza, aholkua eta informazioa ematea, Prebentzio Zerbitzuak segurtasun eta osasunaren arloan egingo dituen jarduerei buruz, horiek ezagutzeko eskumena baldin badu.
Lan-eremuan sortzen diren gatazkak konpontzen laguntzea, laneko jazarpen-egoera bihur ez daitezen. Horretarako, egokitzat jotzen dituen neurriak proposatuko dira, eta Ertzaintzaren Zuzendaritzari helaraziko zaizkio.
Jazarpen-egoera jasaten ari direla adierazten duten pertsonei laguntzea, Segurtasuneko sailburuaren 2018ko azaroaren 13ko Agindua aplikatuz (haren bidez kasu hauetarako prebentzio-neurriak eta jarduketa-prozedurak arautzen dira: laneko jazarpen morala, sexu-jazarpena, jazarpen sexista edo sexu-arrazoiengatiko jazarpena), bai eta Ertzaintzako langileen lan-eremuko beste jazarpen mota batzuk pairatzen ari direla adierazten duten pertsonei laguntzea ere.
Sexu-orientazioagatiko, sexu-jazarpenagatiko edo sexuan oinarritutako jazarpen-egoerak ikertzea, eta biktima posibleak babesteko behar diren babes-neurri guztiak proposatzea. Ondorioak Ertzaintzaren Zuzendaritzari jakinaraziko zaizkio.
Azterketa bat egitea, nahitaezkoa, ertzainari, haren jokabidean nahasmenduak detektatzen direnean, eta txosten lotesle bat egitea azterketa amaitu ondoren.
Ofizioz, haurdun edo edoskitzaroan dagoen emakumearen lanpostua egokitzeko eskatzea. Egokitzapen hori izango da unitate barruan administrazio-zereginak egitea, gaueko txandatik salbuestea, armarik ez eramatea, etxera hurbiltzea. Uniformea erabiliz gero, emakumearen gorputzak bi etapa horietan jasaten dituen aldaketetara egokitu beharko da.
Lan-baldintzen hobekuntzan langileek parte har dezaten errazteko, eta Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legeak (LAPL) informaziorako, kontsultarako eta partaidetzarako ezartzen dituen eskubideak betetzeko, Segurtasun eta Osasun Batzordea eratzen da. Kide anitzeko organo paritarioa da, eta eginkizun du Segurtasun Sailak laneko arriskuen prebentzioaren arloan, eta segurtasun- eta osasun-politika hartzeko, atxikitzeko eta hobetzeko alorrean dauzkan planak, programak eta ebaluazioak erregulartasunez eta aldika kontsultatzea. Hauek daude ordezkatuta batzordean: langileak, prebentzio-ordezkarien bitartez, eta saila, bere ordezkarien bitartez.
Ertzaintzaren Segurtasun eta Osasun Batzordean hamasei kide izango dira: 8, Administrazioak izendatuta (haietako bat batzordeburua izango da, eta beste bat, idazkaria), eta 8 prebentzio-ordezkari.
Ertzaintzaren Segurtasun eta Osasun Batzordea hiru hilez behin bilduko da, eta ordezkariren batek eskatzen duen guztietan ere bai. Funtzionatzeko bere arauak ezarriko ditu.
Era berean, Ertzaintzako Segurtasun eta Osasun Batzordeak baterako bilera egin ahal izango du Segurtasunaren Administrazioko Laguntza Zerbitzuetako langileen Segurtasun eta Osasun Batzordearekin, eztabaidatu behar diren gaiengatik beharrezkotzat joz gero.
Ertzaintzaren Segurtasun eta Osasun Batzordeak LAPLren 39. artikuluak aitortzen dizkion eskumenak izango ditu. Behar diren jarduerak bultzatuko ditu, Ertzaintzako langileek behar duten trebetasuna izan dezaten, dagokien polizia-eginkizuna betetzean erabili behar dituzten tresnak eta bitartekoak erabiltzeko, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin koordinatuta.
Edonola ere, bigarren jarduerako Auzitegi Medikoaren jarduketen berri emango zaio Ertzaintzaren Segurtasun eta Osasun Batzordeari.
Beren zereginetan batzordeko kideek darabilten denbora lanaldi arruntaren barrukotzat joko da ondorio guztietarako, jarduera hori egiteko hitzartu den sistemaren arabera; nolanahi ere, denbora hori lanaldiaren barrukotzat jotzeko, unitateburuari jakinarazi behar zaio aldez aurretik eta ezingo da batzorde-zereginetan parte hartzea ukatu.
Prebentzio-ordezkariak laneko arriskuen prebentzioaren arloan eginkizun zehatzak dituzten ertzainen ordezkariak dira. Prebentzio-ordezkari izan ahal izango dira antolakunde sindikalek izendatutako funtzionarioak, langileen ordezkari edo ordezkari sindikal izan ez arren. Ertzaintzaren esparruko prebentzio-ordezkariak zortzi izango dira, eta Ertzaintza ordezkatzen duten antolakunde sindikalek izendatuko dituzte, EAEPLTBko 125. artikuluan xedatutakoaren arabera, sindikatuok hauteskunde sindikaletan jaso duten ordezkaritzaren proportzioan.
Prebentzio-ordezkariek eskumen hauek dituzte:
Prebentzio-ekintza hobetzen laguntzea.
Langileen lankidetza sustatzea eta bultzatzea, laneko arriskuen prebentzioko arautegia betearazteko.
Zaindu eta kontrolatzea laneko arriskuak prebenitzeko arauak bete daitezen.
Esleitutako eskumenak egikaritzeko, honako ahalmen hauek dituzte prebentzio-ordezkariek:
Teknikariei laguntzea, laneko ingurunearen prebentzio-ebaluazioetan, bai eta, LAPLren 40. artikuluak ezarritakoaren arabera, Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileei laguntzea ere, horiek lan-zentroetan egiten dituzten bisita eta egiaztapenetan, laneko arriskuak prebenitzeko araudia betetzen dela egiaztatzeko. Ikuskatzaile horiei egoki iritzitako oharrak egin diezazkiekete.
LAPLren 22. artikuluaren 4. apartatuan jasotako mugekin, lan-baldintzei buruzko informazio eta dokumentu guztiak eskuratzea, dagozkion eginkizunak betetzeko behar badituzte, eta bereziki lege horren 18. eta 23. artikuluetan ezartzen direnak. Informazioak aipaturiko mugak baldin baditu, konfidentzialtasuna errespetatuta baino ezin izango da eman.
Ertzainen osasunean eragindako kalteei buruzko informazioa sailarengandik jasotzea, sailak kalte horien berri izan ondoren; gainera, lanalditik kanpo bada ere, batzordeko kideak gertaeren lekura joan ahalko dira gertaeron inguruabarren berri izateko.
Enpresako babes- eta prebentzio-jardueraz arduratzen diren pertsona eta organoek eta ertzainen segurtasun eta osasunerako eskumeneko organismoek sailari emandako informazioa, sailaren beraren eskutik jasotzea, LAPLren 40. artikuluan Lan eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileekin elkarlanean aritzeari buruz xedatzen dena alde batera utzi gabe.
Lantokietara bisitak egitea, lan-baldintzen egoera ikuskatu eta kontrolatzeko. Horretarako, lantokiko edozein gunetan sartu ahal izango da, eta lanaldian zehar bertako ertzainekin hitz egin ahal izango du, zerbitzuaren garapen normala ezertan oztopatu gabe betiere.
Ertzainen segurtasun- eta osasun-mailak hobetzeko prebentzio-neurriak hartzeko eskatzea sailari, eta, horretarako, proposamenak egitea, bai sailari berari, bai Segurtasun eta Osasun Batzordeari, batzorde horretan eztabaidatuak izateko.
Oro har, 3/1995 Legearen 36. artikuluan prebentzio-ordezkariei aitorturiko gainerako eskumenak egikaritzea, kontuan hartuta, hala badagokio, kanpoan geratu behar duten jardueren harira dauden mugak, lege horren beraren 3.2 artikuluan ezartzen denez.
Sailak prebentzioari buruz behar diren baliabideak eta prestakuntza eman beharko dizkiete prebentzio-ordezkariei, haien eginkizunak gauzatu ditzaten.
Prestakuntzan emandako denbora lan-denboratzat joko da ondorio guztietarako.
Prebentzio-ordezkariek 40 orduko ordu-kreditua izango dute hilean, dagozkien eginkizunak betetzeko. Ordu-kreditu hori ezingo zaio metatu sindikatuko ordu-kredituari, baldin eta ertzainak bi baldintza horiek betetzen baditu.
Sindikatuen ordu-kredituak eta prebentzio-ordezkarien ordu-kredituak kudeaketa desberdina izango dute.
Segurtasun Sailak hilean 35 orduko kreditu gehigarria jarriko du prebentzio-ordezkarien eskura, Materialen Batzordearen jarduera indartzen lagun dezaten. Horretarako, materialen mahai batera deituko da hiru hilean behin.
Uniformeen, lan-ekipamenduen, materialen, ibilgailuen eta ertzainen segurtasunean eta osasunean eragina izan dezakeen beste edozein erosketaren baldintza edo ezaugarri teknikoren zehaztapenaren hobekuntzan ertzainek parte har dezaten eta LAPLren 18. eta 33. artikuluetan zehazten diren informazio-, kontsulta- eta partaidetza-eskubideak betetzeko, Ertzaintzako Materialen Batzorde Teknikoa sortzen da, eta organo hori zuzenean Ertzaintzaren Segurtasun eta Osasun Batzordearen mende dago.
Organo teknikoa, langileen ordezkariek uniformeen, lan-ekipamenduen, materialen, ibilgailuen eta ertzainen segurtasunean eta osasunean eragina izan dezakeen beste edozein erosketaren baldintza edo ezaugarri teknikoak zehazten parte har dezaten.
Batzorde Teknikoa Ertzaintzako sindikatu guztietako ordezkari banak eta laneko prebentzio- eta osasun-batzordean ordezkaritza duen antolakunde bakoitzeko aholkulari banak osatuko dute, eta batzorde hori aldatu ahal izango da landu behar diren gaien arabera. Administrazioak sei ordezkari izango ditu; hiru Prebentzio Zerbitzukoak izango dira, bi Baliabide Orokorren Zuzendaritzakoak eta bat Ertzaintzaren Zuzendaritzakoa. Batzordeburua eta idazkaria Giza Baliabideen Zuzendaritza eta Prebentzio Zerbitzua izango dira.
Batzordea hiru hilean behin bilduko da gutxienez, baita materialen bat erosi behar denean ere, aldaketak egin nahi badira edo lehendik dauden materialak berrikusi nahi badira, edo bertako ordezkariren batek eskatuta. Batzorde horrek bere funtzionamendu-arauak izango ditu, eta hartzen diren erabaki guztiak formalki helaraziko dizkio Laneko Segurtasun eta Osasun Batzordeari.
Segurtasun Sailak osasun-azterketak egingo dizkie funtzionarioei, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legean eta Prebentzio Zerbitzuen Erregelamenduan ezarritakoaren arabera; honako azterketa medikoak egingo dira, zehazki:
Aldizkako osasun-azterketak: Segurtasun Sailak Ertzaintzako funtzionarioen osasun-egoera aldizka zaintzea bermatuko du, haien lanak berezkoak dituen arriskuen arabera. Osasuna zaintzeko azterketak borondatezkoak izango dira.
Azterketa medikoa egin nahi duten langileek dagokien eskaera egin beharko diote Prebentzio Zerbitzuko Arlo Medikoari, horretarako ezarritako aplikazio informatikoaren bitartez.
Osasun-azterketa planifikatutako lanaldiko ordutegiaren barruan egingo da, eta azterketarako eguna zerbitzuaren premien arabera zehaztuko da; behar den denbora izango da azterketa egiteko, baina gehienez ere 4 ordu.
Azterketa medikoak egitea errazteko, sailak era deszentralizatuan antolatuko du haien kudeaketa.
Hori gorabehera, nahitaezko beste azterketa mediko batzuk egingo zaizkie funtzionarioei, baldin eta, Prebentzio Zerbitzuaren iritziz, eta prebentzio-ordezkarien aurretiazko txosten baten arabera, azterketok egitea nahitaezkoa bada, lan-baldintzek funtzionarioen osasunean dituzten ondorioak ebaluatzeko, edo egiaztatzeko funtzionarioaren osasun-egoera arriskutsua izan daitekeen berarentzat, beste funtzionarioentzat edo zerbitzuarekin lotutako beste pertsona batzuentzat, edo horrela ezarrita badago lege-xedapen batean, arrisku espezifikoen aurkako babesari edo arrisku bereziko jarduerei dagokienez.
Zerbitzura itzultzeko osasun-azterketak: aurretiazko nahitaezko osasun-azterketa egingo da, beti, zerbitzu aktiboaz bestelako administrazio-egoera batean egon bada 6 hilabete baino gehiago eta zerbitzu horretara itzuli behar denean.
Osasun-azterketak, hala aurreikusita daudenean, Ertzaintzan sartzeko, espezializatze-ikastaroetan sartzeko eta lanpostuak betetzeko deialdietan.
Salbuespen mediko espezifikoetako tauletako edukien arabera egingo dira osasun-azterketa horiek.
Era berean, nahitaezko osasun-azterketak egingo zaizkie aurreko paragrafoan aipatutako deialdietan parte hartuz betetako lanpostuetan lan egiten ari diren langileei, Prebentzio Zerbitzuak erabakitzen duen maiztasunarekin.
Segurtasun Sailak ordainduko ditu funtzionarioen joan-etorrietako gastuak, nahitaezko azterketa medikoetan, Prebentzio Zerbitzuak nahitaezkoak direla egiaztatzen baldin badu.
Nolanahi ere, jarduera sanitario horren ondorioz jasotako informazioak beti errespetatuko du pertsonaren intimitaterako eta duintasunerako eskubidea, eta haren osasun-egoerarekin zerikusia duen informazioa isilpean gordeko da.
Funtzionario orok jakingo ditu bere osasun-azterketaren emaitzak eta, azterketa egin aurretik, azterketaren edukiak, bai analitikakoak, bai egin behar dituen beste proba guztietakoak.
Saileko Prebentzio Zerbitzuak Laneko Segurtasun eta Osasun Batzordeari jakinaraziko dizkio osasun-azterketa guztien edukiak, azterketak egin aurretik. Halaber, azterketei buruzko datu orokorrak emango zaizkio batzordeari, azterketa estatistikoak egiteko.
Ahal bada, osasun-azterketak laneko ordutegian eta txandan egingo dira.
Segurtasun Saileko Prebentzio Zerbitzuak ertzainen osasun-egoera hobetzeko behar diren neurriak hartuko ditu, honako kasu hauetan: sistema sanitario publikoak behar zehatz batzuk betetzen ez dituenean edo, beteta ere, aipatu neurrien bidez zerbitzu hobe bat eskain daitekeenean, bai zerbitzu diagnostikoetan, bai zerbitzu kirurgikoetan, asistentzialetan, errehabilitaziokoetan, terapeutikoetan edo peritu-zerbitzuetan. Horretarako, Prebentzio Zerbitzuak enpresa batzuekin hitzartuko du asistentzia sanitario hori eskaintzea, eta, horretarako aurrekontua izango du.
Ertzaintzan euskara normalizatzeko prozesuari dagokionez, indarrean dagoen legeria aplikatuko da. Horren helburua da ertzain guztiek beren eginkizunetarako egokia den euskarazko hizkuntza-gaikuntza eskuratzeko jarduera-plana arautzea, ertzainek Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren hizkuntza-eskubideak urratu gabe gauza ditzaten euren eginkizunak.
Segurtasun Sailak aldian-aldian emango du prozesuaren berri, bai eta Ertzaintzan euskararen erabilera normalizatzeko planen berri ere, Euskara Batzordean. Batzorde hori mistoa izango da, eta, bertan, honako hauek egongo dira ordezkatuta: alde batetik, Segurtasun Saila, eta, bestetik, akordio hau sinatu duten antolakundeak.
Segurtasun Sailak hizkuntza-prestakuntza eskainiko du, aurrekontu erabilgarriaren arabera.
Giza Baliabideen Zuzendaritzak ezarriko du euskarazko hizkuntza-prestakuntza jasotzeko prozedura eta hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko azterketa ofizialak egiteko prozedura.
Hizkuntza-gaikuntzako ikastaro horietan parte hartzeak berekin dakar euskararen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko proba ofizialetara aurkezteko eta horiek egiteko konpromisoa.
Hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak bertan behera uzteak, gutxienez orduen % 80ra ez joateak edo matrikulatutako ikastaroa ez gainditzeak eskaera hurrengo 5 urteetan ez onartzea eragingo du, Giza Baliabideen Zuzendaritzak aztertu ondoren ezinbesteko kasua dela ondorioztatzen bada izan ezik.
Segurtasun Sailak HABEk koordinatutako euskaltegietara lan-ordutegitik kanpo joateagatiko matrikularen zenbatekoa ordainduko die urtero hala eskatzen duten ertzainei, baldin eta frogagiria aurkezten badute aurrez Giza Baliabideen Zuzendaritzan, eta dagoen aurrekontuaren barruan.
EAEtik kanpoko euskaltegietara eta hizkuntza-eskola ofizialetara lan-ordutegitik kanpo joateagatiko matrikularen zenbatekoa ordainduko die Segurtasun Sailak hala eskatzen duten Ertzaintzako langileei, baldin eta frogagiria aurkezten badute aurrez Giza Baliabideen Zuzendaritzan.
Urtean ikastaro bateko matrikula-gastua bakarrik ordaindu ahal izango da, baldin eta sailak diruz lagundutako aurreko ikastaroan errendimendu egokia egiaztatu bada. Errendimendu egokitzat jotzen da emandako orduen % 80ra edo gehiagora joan izana edo ikastaroaren helburu-mailara iritsi izana egiaztatzea. Autoikaskuntzako ikastaroen kasuan, aipatutako ehunekoa programari eskainitako ordu guztiei, elkarrizketa-orduei eta tutoretza-orduei aplikatuko zaie.
Lan-ordutegiaren barruan euskara-ikastaroetara joateko, ordu-kreditua eduki beharko da, Giza Baliabideen Zuzendaritzak ezarritako irizpideen arabera. Lan-ordutegitik kanpo euskara-eskoletara joan den ikaslearen motibazioa eta ahalegina aintzatetsiko dira, eta lan-ordutegitik kanpo euskara-eskoletara joateak, gainera, honako helburu hauek izan ahalko ditu: batetik, lanpostuak esleituta duen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea; edo bestetik, goragoko hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea. Nolanahi ere, honela arautuko da:
Hizkuntzen Europako Esparru Bateratuko B2 maila prestatzeko liberazioen programan parte hartu ahal izateko, gutxienez B1 maila gainditu izana egiaztatu behar da azken hiru urteetan, edo B1.2 azpimaila gainditu izana azken hiru urteetan, lanorduetatik kanpo homologatutako zentroetan.
Hizkuntzen Europako Esparru Bateratuko C1 maila prestatzeko liberazioen programan parte hartu ahal izateko, betetzen den edo jabetzan duen lanpostuak C1 maila esleituta duenean, ikastaro trinkoan zuzenean sartu ahal izango da, eta, bestela, gutxienez B2 maila gainditu izana egiaztatu behar da azken hiru urteetan, edo B2.2 azpimaila gainditu izana azken hiru urteetan, lanorduetatik kanpo homologatutako zentroetan.
. Liberazioek dagokion nagusiaren oniritzia izango dute eta nagusiak hurrengo ediziora arte atzeratu ahal izango du ikaslea ikastarora joatea, zerbitzuaren premiek hala eskatzen dutenean, betiere atzerapen horren arrazoiak azalduta.
Liberazio horietan sartzeko prozedura eta sartzeko lehentasun-irizpideak Giza Baliabideen Zuzendaritzak ezarriko ditu, lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna eta, hala badagokio, ezarritako derrigortasun-data kontuan hartuta.
Hizkuntza-prestakuntzako ikastaroetan parte hartzeko baldintzak ERNE eta ELA sindikatuetako ordezkariek eta Segurtasun Sailak 1999ko martxoaren 9an sinatutako akordioan ezarritakoak izango dira. Akordio hau indarrean dagoen urte bakoitzean, Segurtasun Sailak bi deialdi egingo ditu, hizkuntza-profila egiaztatzeko.
Dagokion lege-araudian ezarritako babes-neurriak aplikatuko zaizkie Ertzaintzako langileei, bertan jasotako eskakizunak eta baldintzak kontuan hartuta. Gaur egun, honako hauek dira:
Genero-indarkeriaren edo sexu-indarkerien biktima diren emakumezko funtzionarioak arrazoi horrengatik lanera ez joateko baimena, egun osoan edo zati batez, justifikatutzat joko dira hutsegite horiek arretarako gizarte-zerbitzuek edo osasun-zerbitzuek, dagokionaren arabera, zehazten dituzten denboran eta baldintzetan.
Lanaldia murriztea, ordainsaria ere proportzioan murriztuta, edo laneko denbora berrantolatzeko eskubidea, ordutegia egokituta, ordutegi malgua aplikatuta edo laneko denbora antolatzeko aplikatzekoak diren bestelako moduak ezarrita, kasu bakoitzean ezartzen denaren arabera.
Eszedentzia-egoera aitortzea, aldez aurretik gutxieneko zerbitzualdi bat eman behar izan gabe eta eszedentzian egoteko eperik eskatu gabe.
Ertzaintzaren barruan bere lanbide-eskalako edo -kategoriako beste lanpostu batera lekualdatzeko eskubidea aitortzea. Lanpostu horrek aurreko lanpostuaren antzeko ezaugarriak izango ditu, baina ez da izan beharko nahitaez bete beharreko lanpostu hutsa.
Genero-indarkeriaren egoera egiaztatzeko, Berdintasunerako Arloko Biltzarraren 2021eko azaroaren 11ko Erabakian ezarritakoa beteko da. Erabaki hori genero-indarkeriako egoerak egiaztatzeari buruzkoa da, eta Berdintasunerako eta Genero Indarkeriaren Aurkako Estatu Idazkaritzaren 2021eko abenduaren 2ko Ebazpenaren bidez argitaratu zen (2021eko abenduaren 13ko BOE, 297. zenbakia).
Zerbitzu aktiboan dauden Ertzaintzako langileek, fakultatiboen eta teknikarien eskalakoek izan ezik, zerbitzu aktibo modulatura pasatzea eskatu ahal izango dute 55 urte betetzen dituztenetik aurrera, adinagatik erretiroa hartzeko gehienez ere sei urte falta zaizkienean, eta ezarritako inguruabarrak gertatzen diren urtearen hasieratik aplikatuko da.
Ertzaintzako funtzionarioei zerbitzu aktiboa emateko modalitate hori aitortzea ezeztaezina izango da, eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean Ertzaintzaren kolektiboarentzat ezarritako adinera iristean borondatez erretiratzeko konpromisoa ekarriko du. Nolanahi ere, konpromiso hori atzeratu egin ahal izango da, harik eta ertzainak bere zerga-oinarriaren ehuneko ehunaren baliokidea den pentsioa jasotzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen dituen arte. Baldintza hori bete ondoren, erretiroa hartuko du, eta zerbitzu aktibo modulatuan dauden langileei ezin izango zaie zerbitzua luzatu, inola ere.
Zerbitzu aktibo modulatuan sartzeko erreferentzia-data ertzainak bere zerga-oinarriaren ehuneko ehunaren baliokidea den pentsioa jasotzeko baldintzak betetzen dituen eguna izango da. Une hori iritsi baino lehen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean Ertzaintzako langileen erretirorako ezarritako adina beteko balitz, data hori hartu ahal izango da erreferentziatzat zerbitzu aktibo modulatuan sartzeko, baldin eta eskatzaileak borondatez erretiratzeko konpromisoa hartzen badu behin baldintza hori betetzean.
Zerbitzu aktibo modulatuan sartzea onartuz gero, horrek berekin ekar dezake langile horiei esleitzea, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren Ebazpenean aurreikusitakoaren arabera, zerbitzu aktibo modulatura atxikitako langileek edo bigarren jarduera onartuta daukatenek bete ditzaketen zereginak, beren lantokiaren esparruan daudenak, baldin eta horretarako behar den gaitasuna badute.
Interesdunak eskatuta hasiko da prozedura, eta zerbitzu aktibo modulatuan sartzeko eskatzen den urtearen aurreko urteko maiatzaren 31 baino lehen bidali beharko zaio Giza Baliabideen Zuzendaritzari.
Zerbitzu aktibo modulatura pasatzeko eskaerarekin batera, langileak GSINen txostena aurkeztu behar du. Txosten horretan, adinagatik erretiroa hartzeko aurreikusitako data adierazi beharko da, zeinetan zerga-oinarriaren ehuneko ehunaren baliokidea den pentsioa jasotzeko eskubidea izango duen, aurreko artikuluaren bigarren apartatuan ezarritako salbuespenaren kasuan izan ezik. Dokumentu hori eskuratzerik ez badago, GSINek emandako lan-bizitzaren txostena aurkeztu beharko da, Segurtasun Sailak kalkulua egin dezan.
Giza Baliabideen Zuzendaritzak urriaren 31 baino lehen ebatzi eta jakinarazi beharko du hartutako ebazpena. Horretarako, kontuan hartuko dira jasotako eskaeren kopurua eta unitate bakoitzean izaera hori aitortua duen kategoria bereko ertzainen kopurua.
Zerbitzu aktiboaren jarduera adinagatik modulatzeak ondorioak izango ditu funtzionarioak egindako eskaera baiesten duen ebazpena eman eta hurrengo urtearen hasieratik aurrera.
Adinagatik zerbitzu aktiboa modulatzea aitortu zaien Ertzaintzako langileei murriztu egingo zaie urteko lanaldia, eskala honen arabera:
Erretiroa hartu aurreko seigarren urtean: 24 lanordu gutxiago urtean;
Erretiroa hartu aurreko bosgarren urtean: 48 lanordu gutxiago urtean;
Erretiroa hartu aurreko laugarren urtean: 64 lanordu gutxiago urtean;
Erretiroa hartu aurreko hirugarren urtetik aurrera: 96 lanordu gutxiago urtean.
Zerbitzu aktibo modulatuan sartzea eskatzen bada, eta sailak bidezkoa ez dela egiaztatzen badu, eskaera horrek ez du inolako ondoriorik izango.
Erretiroa hartzen den urtean, urteko lanaldiaren murrizketa zerbitzu aktiboko denborarekiko proportzionala izango da.
Urteko lanaldiaren murrizketa hori aplikatuko da, eta urte bakoitzaren hasieran langile horiek beren ordutegi-kontrolean aurreko eskalaren arabera dagokien ordu kopurua zenbatuko da. Neurri horrek ez du ekarriko ezarritako lan-plangintza aldatzea langileek zerbitzuak emango dituzten ordutegi-araubidearekin bat etorriz ezarria, esleitutako zereginek hala eskatzen dutenean izan ezik. Ordu-murrizketa hori baliatzeko aukera izateko, 28. artikuluko 2. apartatua aplikatuko da.
Ertzaintzako langileek, fakultatiboen eta teknikarien eskalako langileek eta artikulu honetako bosgarren apartatuan aipatzen direnek izan ezik, zerbitzu aktibo modulatuan sartu aurreko hamabi hilabeteetan gaueko txandetan planifikatutako lanaldiak dituen ordutegi-araubidean lan egin badute, gaueko txandako lanetik salbuesteko eskatu ahal izango dute.
1 artikuluan ezartzen den eskaera-epea aldatu denez, 2025ean baldintza hori 2025eko lan-plangintzan aipatutakoa izango da.
Giza Baliabideen Zuzendaritzak modalitate hau baimendu ahal izango du, kontuan hartuta jasotako eskaeren kopurua eta unitate bakoitzean modalitate hau onartua duen kategoria bereko ertzainen kopurua.
Kasu horietan, langileek goizeko edo arratsaldeko txandako lana izango dute planifikatuta, beren taldeak gaueko txanda planifikatuta duen asteetan. Langile horiek mota horretako lan-txandan lan egiteagatik ezarrita dagoen konpentsazioa jasotzeko eskubideari eutsiko diote.
Gaueko txandan lan egitetik salbuetsita dauden eta arratsaldeko txandan lan egiten duten langileen kasuan, bi lanaldiren artean hamabi orduko atseden-bermea errespetatuko dela bermatuko da, baldin eta goizeko txandan aste berean lan egiten hasten badira, eta benetako lanaldia lau ordu murriztuko zaie. Hala aurreikusita balego, lau ordu horiek zenbatu egingo dira eta horiei dagokien produktibitate-osagarria jasoko dute, baldin eta lan-txandan emandako zerbitzuak badira.
Langileek aukera hori baliatu beharko dute zerbitzu aktiboa modulatzeko eskaera egiten duten unean. Aukera hori askotarikoa izan daiteke, eta eskaera bidali behar zaio Giza Baliabideen Zuzendaritzari, zerbitzu aktibo modulatuan sartzeko eskatzen den urtearen aurreko urteko maiatzaren 31 baino lehen. Hautaketa egin eta hurrengo urte hasieratik aurrera aplikatuko da egindako aukeraketa. Aukera egin ondoren, hurrengo ekitaldietan ere aukera horri eutsiko zaiola ulertuko da, salbu eta adierazitako epean aldatzen bada.
Erretiroa hartu aurreko seigarren urtetik zerbitzu aktibo modulatuan sartzeko eskaerak berekin ekarriko du gaueko txandan lan egiten jarraitzea zerbitzu aktibo modulatuan dagoen bitartean; beraz, langile horiek ezin izango dute baliatu gaueko txandan lan egitetik salbuesteko aukera, salbu eta beste neurri bat hartu behar bada hala ezartzen duen aldi baterako lan-neurri bat aplikatzearen ondorioz.
Lanpostua Herritarren Babeserako ertzain-etxeetan, Miñoien, Foralen eta Mikeleteen ataletan eta Trafikoko lurralde-unitateetan duten langileak.
Adinagatik zerbitzu aktibo modulatuan sartzea onartu zaien funtzionarioek zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran jarraituko dute, baina, ahal dela, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren Ebazpenean ezarritako eginkizunak betetzeko aginduko zaie (zerbitzu aktibo modulatuari atxikitako langileek edo bigarren jarduera onartuta daukatenek bete ditzaketen eta beren lan-zentroaren esparruan dauden eginkizunei buruzkoa), baldin eta horretarako behar den gaitasuna badute.
Langile horiek eskatuta, ez dute zuzenean esku hartuko planifikatutako operatiboetan segurtasuna mantentzea helburu duten dispositiboetan, ordena publikoa asalda daitekeela aurreikusten denean.
Adinagatik erretiroa hartu aurreko azken urtean dauden langileek, aurreko urteko maiatzaren 31 baino lehen hala eskatzen badute, ez dute patruila-funtziorik egingo polizia-instalazioetatik kanpo. Horretarako, unitate eta zerbitzuetako burutzek behar diren neurriak hartuko dituzte neurri hori benetan bete dadin.
Laguntza Taktikoko Burutza Nagusiaren, Erakundeen Segurtasuneko Burutza Nagusiaren, Ikerketa Kriminaleko lurralde-zerbitzuen, Inteligentziako lurralde-bulegoen, Inteligentzia Bulego Nagusiaren, eta Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Burutzaren mendeko unitateren batean lanpostua duten langileak.
Adinagatik zerbitzu aktiboaren modulazioa aitortzen zaien funtzionarioek zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran jarraituko dute, eta beren lanpostu-kodeari esleitutako eginkizun guztiak beteko dituzte.
Destinoa gainerako unitateetan duten eta beste lanpostu batzuetara atxikita dauden langileak.
Adinagatik zerbitzu aktiboaren modulazioa aitortzen zaien funtzionarioek zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran jarraituko dute, eta beren lanpostu-kodeari esleitutako eginkizun guztiak beteko dituzte; baina ez dute zuzenean esku hartuko planifikatutako operatiboetan segurtasuna mantentzeko dispositiboetan, ordena publikoko gorabeherak izatea aurreikusten denean.
Urte bakoitza hasi baino lehen, unitate bakoitzean dagokion plangintza egingo da, adina dela-eta zerbitzu aktiboaren modulazioa aitortuta duen lantalde bakoitzeko kide kopuruaren eta horiek adierazitako lehentasunen arabera.
Zerbitzu aktibo modulatuan sartzea onartuz gero, horrek berekin ekar dezake langile horiei esleitzea, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren Ebazpenean ezarritakoaren arabera, zerbitzu aktibo modulatuari atxikitako langileek edo bigarren jarduera onartuta daukatenek bete ditzaketen eginkizunak, beren lan-zentroaren esparruan daudenak, baldin eta horretarako behar den gaitasuna badute.
Plangintza horretan zehaztuko da, gaueko txanda programatuta izanik, txanda horretan lan egitetik salbuetsita dauden langileak zein astetan igaroko diren beste lan-txanda batean lan egitera, eta, era berean, zehaztu ahal izango da nork emango dituen zerbitzuak txanda horretan, haien ordez, hargatik eragotzi gabe zerbitzuaren premiak behar bezala betetzeko ekitaldian zehar egin beharko diren aldaketak. Aurreko apartatuetan ezarritako neurriak ezartzearen ondorioz, lantaldeetako kideak aldatu ahal izango dira, neurri horiek hartu dituzten ertzainen kopurua orekatzeko.
Egun batzuetan txanda-aldaketak ere egin ahal izango dira helburu horrekin, lan-asteko egun guztietan ordezkapena egin beharrik ez dagoenean.
Egun horietan beste lan-txanda bat planifikatuta eduki eta, gaueko txanda indartzeko neurri horiek aplikatuz, gaueko txandan lan egiten duten langileek, gaueko ordutegian lan egiteagatiko produktibitate-osagarria eta txanda-aldaketetarako ezarritako kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango dute.
Gainera, langile horiek lan-ziklo berean gaueko zazpi lanegun baino gehiagoko txandak planifikatuta badituzte, horietako bakoitzeko 27 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute, zortzigarrenetik aurrera, zortzigarren eguna barne. Ondorio horietarako, goizeko edo arratsaldeko lan-txandan planifikatuta egon eta arrazoi horregatik zerbitzua gauez eman den egunak soilik hartuko dira kontuan, gaueko txandan planifikatutako aurreko astea amaitu zenetik.
Lan-baldintzei buruzko akordio honen indarraldian, zenbateko horiek handitu egingo dira 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorrean ezarritako ordainsarien igoera orokorraren ehuneko berean.
Zerbitzu aktibo modulatuari atxikitako langileek, baldin eta planifikatuta badute benetako zerbitzua hiru lan-txandetan (goiz, arratsalde eta gau) ematea eta borondatez hala eskatzen badute, Mentoring programan parte hartuko dute. Beraz, atxikita dauden lanpostuko zereginak betetzeaz gain, Ertzaintzan izandako ibilbide profesionalean metatutako ezagutza transmititzea izango dute beren zereginen artean.
Mentoring hori, funtsean, Ertzaintzaren oinarrizko eskalan sartzeko prozesuetan praktiketako langileen tutoretza ematen duten langileei laguntzera bideratuta egongo da, baita aholku operatiboak ematera ere polizia-jarduera gauzatzeko, herritarrekiko harremanetarako eta zerbitzuak ematen dituen lurralde-mugapeko ingurunearen ezagutza transmititzeko, gaueko txandan planifikatzen diren egunen barruan.
Gaueko ordutegian horrelako zereginetan aritzea eta zerbitzuaren premiei erantzuten jarraitzea bateragarriak direnez, Mentoring jarduerak gaueko txandan planifikatutako lanaldietan bakarrik egin ahal izango dira.
Mentoringean egindako ahalegin gehigarri hori konpentsatzeko, programa honetan sartuta dauden zerbitzu aktibo modulatuko langileek 27 euroko produktibitate-osagarria jasotzeko eskubidea izango dute gaueko txandan planifikatutako lanegun bakoitzeko, baldin eta txanda mota horretan lan egiteagatik produktibitate-osagarria jasotzeko eskubidea badute.
Lan-baldintzei buruzko akordio honen indarraldian, zenbateko horiek handitu egingo dira 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorrean ezarritako ordainsarien igoera orokorraren ehuneko berean.
Ertzaintzaren Zuzendaritzak Mentoring programaren barruan egin beharreko jarduera motak ezarriko ditu, baina unitate-burutza bakoitzak unitatearen errealitate zehatzera egokitzeko aukera izango du.
1. 85. artikuluko lehenengo apartatuan jasotako adin-betekizuna betetzeko unean, gaitasun fisikoak edo psikikoak gutxitzeagatik bigarren jarduerako administrazio-egoera aitortua duten langileek, adinagatik zerbitzu aktiboa modulatzeko ezarritako baldintzak aplikatzea eskatu ahal izango dute.
Eskaera hori onartuz gero, aipatutako baldintzak aplikatuko dira; ahalmen fisikoak edo psikikoak gutxitzeagatik bigarren jarduerako administrazio-egoeran jarraituko du, eta 85. artikuluaren bigarren apartatuan ezarritako borondatezko erretiroa hartzeko konpromisoa hartuko du.
Produktibitate-osagarria 88. artikuluan ezarritako moduan jasotzeko, beharrezkoa izango da aurretik, administrazio-egoera horretan dagoen bitartean, gaueko txandan lan egiten aritzea.
Ertzaintzako funtzionarioen kasuan, baldin eta polizia-jarduneko funtsezko zereginak betetzeko behar diren gaitasunak badituzte eta bigarren jarduerako administrazio-egoerara igarotzea ez dakarren kalte funtzional edo bestelako inguruabarren bat badute, lanpostuko jarduna egokituko da, zehazten den aldian, kasuan kasuko aldi baterako lan-neurri espezifikoen bidez.
Neurri espezifikoak ezarri ahal izango dira, zehazten den aldian lanpostua Ertzaintzako langileei egokitzeko, honako kasu hauetan:
Laneko Prebentzio eta Osasunaren Alorreko medikuen edo bigarren jarduerako administrazio-egoerara igarotzeko Auzitegi Medikoko medikuen ustez kalte funtzional bat edo beste mugaren bat badu, baina horrek ez badakar bigarren jarduerako administrazio-egoerara igarotzeko aitorpena.
Kautelazko neurri gisa, bigarren jarduerara igarotzeari edo edozein mailatako ezintasun iraunkor bat aitortzeari buruz organo eskudunak ebazpena eman arte.
Sei hilabete baino gehiagoko aldi baterako ezintasun baten ondoren, edo pertsona interesdunak eskatzen duenean, baldin eta Laneko Prebentzio eta Osasunaren Alorreko medikuek komenigarria baderitzote lanera itzultzea errazteko eta dagozkion eginkizunak betetzeko.
Aldi baterako lan-neurri espezifikoak ezartzen dituen ebazpena emango da, lanpostuaren eginkizunak betetzeko modua egokitzeko, Laneko Prebentzio eta Osasunaren Alorreko Laneko Medikuntza eta Osasun Mentaleko arloetako medikuek egindako txostenean edo bigarren jarduerako Auzitegi Medikoaren irizpenean oinarrituta. Txosten horiek lotesleak izango dira ebazpena emateko eskumena duen organoarentzat.
Giza Baliabideen zuzendariak lanpostua lan-egoera jakin batean oinarrituta egokitzeko emandako ebazpenak honako hauek jaso beharko ditu gutxienez:
Ertzaintzako funtzionarioak izango dituen muga funtzionalak edo lanekoak.
Iraunaldia; ezin izango da sei hilabetetik gorakoa izan, aurreko artikuluaren b) letran ezarritako bigarren kasuan izan ezik.
Lanpostuaren egokitzapena beste aldi berdin batez luzatu ahal izango da Giza Baliabideen zuzendariaren ebazpen bidez, Laneko Medikuntzaren edo Osasun Mentalaren arloak txostena egin ondoren.
93. artikuluko bigarren apartatuko a) eta c) letretan adierazitako kasuetan ezarritako aldi baterako lan-neurri espezifikoak iraupen bereko beste aldi baterako bakarrik luzatu ahal izango dira. Epe hori igaro, eta artean ez badira neurri horien arrazoiak desagertu, bigarren jarduerako administrazio-egoerara igarotzeko prozedura hasi beharko da.
Lanpostuaren egokitzapen funtzionalak ez dira luzatuko honako kasuetan: bigarren jarduerara igarotzeari edo edozein mailatako ezintasun iraunkor bat aitortzeari buruz organo eskudunak ebazpena eman arteko kautelazko neurri gisa hartu badira; interesdunak ez badu egiaztatzen Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren aurrean ezintasun iraunkorra baloratzeko espedientea hasi duela; edo bigarren jarduerara igarotzeko eskaera aurkeztu ez badu.
III KAPITULUA
JARDUTEKO GAIKUNTZA
Titulu honetan ezarritako babes-neurriak aplikatzeak eginkizunak egokitzea edo lanpostu berri bati atxikitzea dakarrenean, kontuan hartuko da funtzionarioak eginkizun edo lanpostu horiek betetzeko eskatzen diren oinarrizko prestakuntza-eskakizunak dituen.
Aurrekoa gorabehera, Administrazioak erraztasunak emango ditu lanpostu berri hori edo esleitutako zeregin berriak betetzeko egokiak diren ezagutza espezifikoak eskuratzeko, funtzionarioa bere erantzukizun berrietan erabat integratzen dela ziurtatzeko.
Akordio hau sinatu duten alderdiek konpromisoa hartu dute eskumena duen administrazioari eskatzeko ahalik eta lasterren ekin diezaiola behar diren arau-aldaketa guztiak onartzeari, Ertzaintzako oinarrizko eskalako eta ikuskaritza-eskalako agente eta agente lehena kategoriak hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako goi-mailako teknikariaren tituluen baliokideak izan daitezen.
Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen 125. artikuluan ezarritako negoziazio-mahaiaren bileran sinatutako akordioaren arabera, Laneko Segurtasun eta Osasun Batzordetik sortutako Batzorde Tekniko batek egingo du uniforme-jantzien materialei buruzko ikerketa.
Aipatutako Batzorde Tekniko horretan, 125. artikuluan ezarritako negoziazio-mahaian dagoen antolakunde sindikal bakoitzak bi ordezkari izango ditu, eta horietako bat aholkulari teknikoa izan ahalko da. Baldin eta aholkularia ertzaina bada eta Batzorde Teknikoak deitutako bileretara joateak planifikatutako lanaldiari eragiten badio, ertzain horrek dagokion baimena izango du, eta laneko denboratzat hartuko da.
Batzorde Teknikoak dagozkion proposamenak igorriko dizkio Segurtasun eta Osasun Batzordeari, dagozkion azterlanak egin ondoren. Proposamen horiek 125. artikuluan ezarritako mahaiari helaraziko zaizkio, dagozkion akordioak onar ditzan.
2025ean, bigarren lan-jantzi bat emango zaie herritarren segurtasunean txandakako ordutegi-araubidean lan egiten duten Ertzaintzako langile guztiei.
Jantzi berriak behar beste aldiz emango dira, mugarik gabe artikulu-kopuruari dagokionez, kasu hauetan:
Jantzia istripuz urratu denean, polizia-zerbitzuak berezkoak dituen jarduerengatik, eta jostura-desegite hutsak ez badira.
Jantziak zikin daudenean, substantzia hauengatik: koipeak, odola, azidoak edo bestelakoak.
Jantzia bat ez datorrenean ertzainaren egungo neurriarekin.
Ageriko higaduragatik.
Jantziaren modeloa aldatu bada, edo beste berri bat ezarri badute banakako horniduran.
Fabrikazio-akatsak dituztenean.
Banakako hornidura osatzen duten artikuluren bat galdu denean, aldez aurretik polizia-agintearen txostena eta oniritzia jaso ondoren.
Eskaera egiten duen ertzaina haurdun denean.
Galoien edo sorbaldakoen kasuan, graduazio-aldaketak izan direnean, edo izendapenak, praktiketan, eginkizunetan edo gaituetan.
Zerbitzura itzultzen denean.
Beste arrazoi batzuk direla-eta, Batzorde Paritarioak baloratu eta erabakiko ditu.
Prozedura.
Herrizaingo Sailak banakako hornidura osatzen duten jantziak emango dizkio ofizioz Ertzaintzako kide berri bakoitzari, haren destinoaren arabera.
Era berean, hornidura horri jantzi gehiago gehitzen zaizkionean, bai eta egungo jantziren baten ezaugarriak aldatzerakoan ere, ofizioz emango dira.
Gainerako kasuetan, ertzain eskatzaileak eskaera bat beteko du, eta Segurtasunaren Administrazioko Laguntza Zerbitzuen (SALZ) Zentroko buruari emango dio, eta horrek, aztertu ondoren, eta neurriak egiaztatu ondoren, eskaera bat egingo du Biltegi Nagusira, haiek, barne-postaren bitartez, eskatutako jantzia eskaera sortu den lan-zentrora bidal dezaten.
SALZ Zentroko buruak interesdunari emango dio jantzia, eskatzaileak aurretik egiaztatu eta jasotze-akta sinatu ondoren, eta itzuli beharreko jantziak ere emango ditu, horrela ezarrita dagoen kasuetan.
Ertzainen eskuetan dauden eta erabiltzen ez dituzten jantziekin, eta antzinatasunagatik, neurrien aldaketagatik edo gordetze-arazoengatik itzuli nahi dituzten jantziekin, prozedura bat antolatuko da haiek jasotzeko eta birziklatzeko.
(Ikus .PDF)