Arautegia

Inprimatu

138/2025 DEKRETUA, uztailaren 1ekoa, Merkasaretza Merkataritza Laguntzako Puntuen Euskal Sarea sortu eta Merkataritza Laguntzako Zerbitzuen Zorroa zehazten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 135
  • Hurrenkera-zk.: 3138
  • Xedapen-zk.: 138
  • Xedapen-data: 2025/07/01
  • Argitaratze-data: 2025/07/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi jarduerak
  • Azpigaia: Merkataritza eta turismoa

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eskumena du, Merkataritza Jardueraren maiatzaren 27ko 7/1994 Legearen arabera, barne-merkataritza sustatzera eta bultzatzera bideratutako neurri egokiak hartzeko, beste administrazio eta organismo batzuek beren eskumenak erabiliz garatzen dituztenekin koordinatuta eta lankidetzan.

Lege horren arabera, gidaritzat izango ditu lehia aske eta leialaren printzipioa, eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interes legitimoen defentsaren printzipioa; horrenbestez, behar adina neurri hartuko da merkataritza-jarduera arrazionalizatzen eta modernizatzen eta merkatua gardena izaten laguntzeko.

Era berean, 50. artikuluak dioenez, merkataritza-enpresentzako laguntza teknikoa ematean, Eusko Jaurlaritzak lankidetza sustatuko du tokiko merkataritza modernizatzeko merkataritza-orientazioko udal-planak dituzten udalekin, bai eta beste entitate publiko edo pribatu batzuekin ere, eta hitzarmenak sinatuko ditu, edo lortu nahi diren helburuak lortzeko egokiena den moldea erabiliko du.

Halaber, Merkataritza 2030 Merkataritzaren Estrategia onartzeak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren jarduketa-testuingurua ezartzen du, merkataritza-arloan dituen eskumenak garatzeko eta gauzatzeko, eta helburuen, estrategien eta jarduketen edukia zehazten du.

Estrategiaren helburua da merkataritza-egoera berri batera egokitutako merkataritza-politika berrituak abian jartzea eta modu mailakatuan garatzea. Ezaugarri hauek ditu merkataritza-egoera berri horrek: eraldaketa teknologiko sakona; hiri-agenda berria; merkataritzaren eta zerbitzuen arteko mugak lausotzea; eta etengabe aldatzen eta hazten ari den lehia-eskakizun enpresariala, askotariko kontsumitzaileentzako zerbitzu-baldintza gisa; izan ere, kontsumitzaileek balio berriak, premia berriak eta erosten dutenari eta erosteko moduari sakonki eragiten dioten ohitura berriak dituzte.

Estrategian jasotako premisek (hala nola baliabide publikoen erakundearteko gobernantza irekia eta koordinatua edo lankidetza publiko-pribatuko modu berriak garatzeko premia) azpimarratzen dute beharrezkoa dela kalitate handiko laguntza teknikoko egitura bat izateko aukera emango duen gobernantza izatea, merkataritza-politika publikoak koordinatzen eta dinamizatzen laguntzeko.

Eusko Jaurlaritzan merkataritzaren arloko eskumena duen zuzendaritzak merkataritzako bulego teknikoen programa bat izan du joan den mendeko laurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik. Programa hori funtsezkoa izan da sektorearentzat, behar zuen aholkularitza espezializatua eman baitio. Horren erakusgarri da laguntza-puntuen ugaritzea, dozenaka bulego gutxi batzuk izatetik gaur egun berrogeita hamar izatera igaro baita.

Ia hiru hamarkadaren ondoren, beharrezkoa da bulegoen eraldaketa eta bilakaera, merkataritza-sektoreko eragileen egungo egoerara eta trantsizio sozioekonomikoak, teknologikoak eta ingurumenekoak markatutako ingurune aldakorretara egokitzeko. Era berean, beharrezkoa da lege-esparru berrira egokitzea, zeren eta bulegoak kudeatzeko eginkizunak ezin baitira dirulaguntza publikoen bidez betetzen jarraitu. Horrenbestez, laguntza teknikoaren funtzionamendua eta edukia birformulatu behar dira, merkataritza-politikak hobeto ezartzeko.

Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legeak, alde batetik, 11. artikuluan definitzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren antolamendu-diseinuari aplikatu beharreko irizpideak, eta «sareko lanaren sustapena» aldarrikatzen du; eta, bestetik, 33. artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko entitateei ahalmena ematen die beste administrazio publiko batzuekin lankidetza-hitzarmenak sinatzeko, bakoitzak bere eskumenen esparruan jardunez, hargatik eragotzi gabe Gobernu Kontseiluak horiek baimentzea edo onartzea.

Dekretu honen xedea da Merkasaretza Merkataritza Laguntzako Puntuen Euskal Sarea sortzea eta Merkataritza Laguntzako Zerbitzuen Zorroa zehaztea, merkataritza-banaketaren sektoreak dituen erronka berriei aurre egitera bideratutako laguntza espezializatua emateko. Horretarako, prozesuak bultzatuko dira, jarduketa-eremu bakoitzeko saltokien lehiakortasuna hobetu dadin eta ingurune aldakorrera egokitu daitezen.

Merkataritzari laguntza teknikoa ematea proposatzen da, doan eta merkataritza-banaketaren sektore osoarentzako eta sektoreko erakundeentzako, generoaren, jasangarritasunaren eta eraldaketa digitalaren ikuspegia kontuan hartuta.

Merkasaretza Merkataritza Laguntzako Puntuen Euskal Sareak hainbat zerbitzu izango ditu; besteak beste, saltokiei informazioa eta laguntza ematea eta merkataritza-jarduera dinamizatzea eta bultzatzea. Hori guztia kalitate- eta profesionaltasun-irizpideen arabera, modu koordinatuan, partekatuan eta behar bezala egituratuta, merkataritza-sektorearen erresilientzia, lehiakortasuna eta jasangarritasuna bultzatuko dituzten estrategiak zehaztu ahal izateko.

Dekretuak bost kapitulu, hemeretzi artikulu, xedapen gehigarri bat, bi azken xedapen eta bi eranskin ditu.

  1. kapituluak xedapen orokorrak jasotzen ditu, eta bertan adierazten dira dekretuaren xedea eta merkataritza-laguntzako puntuen definizioa. Merkataritza Laguntzako Puntuen Euskal Sarea eratzen da, eta sare horretan sartzeko modua zehazten.

  2. kapituluak Merkasaretza Merkataritza Laguntzako Puntuen Euskal Sarearen mapa zehazten du.

  3. kapituluak Merkataritza Laguntzako Zerbitzuen Zorroa eta Merkataritza Laguntzako Puntuen Euskal Sareari atxikitako merkataritza-laguntzako puntuen betebeharrak zehazten ditu.

  4. kapitulua Merkataritza Laguntzako Puntuen Euskal Sareari atxikitzeko prozedurari buruzkoa da, eta Ebaluazio eta Jarraipen Batzordea eratzen du, eskabideak aztertu eta ebaluatzeko.

  5. kapituluak, araubide juridikoari buruzkoak, merkataritza-arloan eskumena duen zuzendaritzak Sarearen helburu eta xede orokorrei erantzuteko dituen betebeharrak jasotzen ditu, baita irudi korporatiboa, betebeharrak ez-betetzearen ondorioak, ikuskapena eta datu pertsonalen tratamendua ere.

    Xedapen gehigarriak aurrekontu-zuzkiduraren berri ematen du, eta lehenengo deialdia egiten du.

    Azken xedapenetako lehenengoak ahalmena ematen dio Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren beste xedapen emateko.

    Azken xedapenetako bigarrenak jakinarazten du xedapen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dela indarrean.

Horrenbestez, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2025eko uztailaren 1ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, honako hau

Dekretu honen xedea da Merkasaretza Merkataritza Laguntzako Puntuen Euskal Sarea sortzea, merkataritza-banaketaren sektorearen erronka berriei laguntza espezializatuaren bidez heltzeko. Sarearen helburua prozesu koordinatuak bultzatzea da, jarduketa-eremu bakoitzean saltokien lehiakortasuna hobetzen laguntzeko eta etengabe aldatzen ari den ingurune batera egokitzen laguntzeko.

Merkasaretza Euskal Sareari atxikitako Merkataritza Laguntzako Puntuak (MLP) laguntza-zerbitzuak eskainiko dizkie, doan, merkataritza-banaketaren sektore osoari eta sektoreko antolakundeei, langile kualifikatuen bidez, bere jarduketa-eremuaren barruan, kontuan hartuta genero-ikuspegia, establezimenduaren jasangarritasun ekonomikoa, ingurumen-jasangarritasuna eta eraldaketa digitala. Hori guztia, gainera, hiri-merkataritzaren lurraldeko arazoa gertutik eta ondo ezagututa egingo dute.

  1. Merkasaretza Merkataritza Laguntzako Puntuen Euskal Sarea eratzen da, nortasun juridikorik gabea.

  2. Merkasaretza Euskal Sarea honako hauek osatuko dute:

    1. Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 2.1 artikuluaren definizioarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten toki-entitateek, organismo autonomoek edo haien mendeko beste entitate batzuek eta garapen-agentziek sortutako MLPak.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoan behar bezala eratutako eta kokatutako irabazi-asmorik gabeko elkarte eta fundazioek sortutako MLPak, baldin eta horien helburuen artean hiriko merkataritza-jarduerarekin lotutako merkataritzari edo zerbitzuei laguntzea badago.

    3. Merkatarien federazioek sortutako MLPak, baldin eta kokatuta dauden lurralde historikoko merkataritza-banaketaren sektore osoari laguntza emateko helburua badute, eta merkataritza-jardueraren azpisektore-ikuspegia ere barne hartzen badute.

Merkasaretza Euskal Sarean sartzeko:

  1. Hirugarren artikuluko a) letran adierazitako entitateek hiri-ekonomia jasangarrirako plan estrategiko bat izan beharko dute erreferentziazko udalerrian, edo Sareari atxikitzeko lankidetza-hitzarmena sinatu eta gehienez ere 12 hilabeteko epean halako plan bat garatzeko konpromisoa hartu beharko dute.

  2. Hirugarren artikuluko b) eta c) letretako entitateek Euskadiko Merkatarien Elkarteen Erroldan inskribatuta egon beharko dute (89/2025 Dekretua). Fundazioek, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuta egon beharko dute.

    Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

    Eratu zirenetik gutxienez 10 urtez jardun izana edo azken 5 urteetan 3 urtez merkataritzako bulego tekniko bat kudeatu izana.

    Diharduten lurralde-eremuko txikizkako merkataritza-parkearen % 10 ordezkatzea gutxienez.

    Ehuneko txikiagoak onartu eta are lehenetsi ahal izango dira, sarearen kapilaritate handiagoa ahalbidetzeko, eta, horrela, zerbitzu hurbilagoa eta eraginkorragoa emateko gaitasuna handitzeko.

    Jarduketa-plan bat izatea edo Sareari atxikitzeko lankidetza-hitzarmena sinatu eta gehienez ere 6 hilabeteko epean jarduketa-plana garatzeko konpromisoa hartzea.

    Eta egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

  3. Merkasaretza Euskal Sarean sartzeko, merkataritza-arloan eskumena duen sailburuordeak ebazpena emango du, dekretu honen IV. kapituluan ezarritako prozeduraren arabera eskabidea egin ondoren, dagokion lankidetza-hitzarmena formalizatuta.

  1. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Merkasaretza Merkataritza Laguntzako Puntuen Euskal Sarearen (MLP) mapa onartzen du. Mapa horrek (eranskinean dago zehaztuta) merkataritza-laguntza emateko lurralde-egitura optimoa ezartzen du, kontuan hartuta eskualde-banaketa, udal-banaketa, banaketa demografikoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko udal eta lurralde mailako merkataritza-dentsitatea, betiere zerbitzuak merkataritza-sektoretik ahalik eta hurbilen egongo direla bermatzeko.

  2. Merkasaretza Euskal Sarearen mapa egitean, subsidiariotasun- eta osagarritasun-printzipioak hartzen dira kontuan, eta zerbitzuak ematean gerta daitezkeen bikoiztasunak saihestuko dira.

  3. Aldian-aldian eguneratuko da, gutxienez lau urtean behin, egindako ebaluazioak kontuan hartuta eta barne-merkataritzako politikak ebaluatzeko, ikertzeko eta berritzeko zeregina duen organoak proposatuta.

  4. Merkasaretza Euskal Sarearen mapa kontuan hartuta, 3. artikuluko a) eta b) letretan aipatzen diren entitateek eranskinean deskribatzen diren zonako MLPetara jotzeko aukera izango dute (1.tik 24.era bitarteko zonak).

  1. artikuluko c) letran jasotako entitateek lurraldeko MLPetara jo ahal izango dute (eranskineko 25., 26. eta 27. zonak).

    Nolanahi ere, parte-hartzearen aniztasuna bermatzeko eta lan-baliabideak eta lan-kargak gehiegi kontzentratzea saihesteko, entitate berak ezingo du hitzartu zonako edo lurraldeko bi MLP baino gehiago kudeatzea.

Merkasaretza Euskal Sarearen Zerbitzuen Zorroak, gutxienez, honako zerbitzu hauek bermatuko ditu:

  1. MLParen jarduketa-eremuari dagokionez:

    Merkataritza-enpresen eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuen parte-hartze aktiboa, konprometitua eta kontzientea sustatzea sailaren programetan eta horietatik sor daitezkeen proiektuetan, eta horiei buruzko informazio osoa ematea.

    Sailaren programetan eta sor daitezkeen proiektuetan eragile asoziatiboen parte-hartze aktiboa, konprometitua eta kontzientea sustatzea, eta horiei buruzko informazio osoa ematea.

    Udalerri mailako edo eskualde mailako jarduketa-eremua duten zonako merkataritza-laguntzako puntuek merkataritza-sustapena eta -dinamizazioa bultzatuko dute modu koordinatuan, elkarte-ehunaren eta udalerriko udalaren arteko elkarlan publiko-pribatuaren bidez, ezarritako estrategiaren ildotik. 20.000 biztanletik beherako udalerrietan, udalerri mailan egiten duten lanaz gain, puntu horiek eskualdean merkataritza-dentsitate txikiena duten udalerri txikietako elkarteen eta udalen ekimenei buruzko informazioa emango dute eta ekimen horiek bultzatu eta lagunduko dituzte.

    Lurralde historikoetan diharduten laguntzako lurralde-puntuek zeharka jardungo dute inplikatutako elkarte-ehunekin. Era berean, azpisektore-ikuspegia emango diote merkataritza-sektorearen lurralde-ikuspegiari, eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuak eskainiko dituzte.

    Kontsumo jasangarriaren ohiturak sustatzea eta udalerriko kontsumitzaileen eskubideak babesten direla zaintzea.

    Sailaren eta entitate publiko zein pribatuaren artean ezarritako lankidetza-hitzarmenak berariaz betetzen direla zaintzea, hiri-ekonomiako plan estrategikoak abian jartzeko eta, hala badagokio, garatzeko.

    Plan horien garapena bultzatzea eta erraztea, urteko lan-planak eta horiek jasotzen dituzten ekintzak dinamizatzen, gauzatzen eta horien jarraipena egiten modu proaktiboan lagunduz. Era berean, esku hartzen duten eragile publiko zein pribatuen arteko lotura izango da, eta sustatu egingo du merkataritza-sektoreak jarduera ekonomikoko sektore guztiekin koordinatuta parte hartzea.

    Proiektuak garatzeko interesgarriak izan daitezkeen baliabideak (finantzarioak, giza baliabideak, baliabide materialak eta abar) identifikatzea eta lortzen laguntzea, bai sailak emandakoak, bai beste erakunde edo entitate batzuek emandakoak.

    Ebaluazio eta Jarraipen Batzordearen lanak erraztea, kasuan kasuko plangintzetan ezarritako adierazleak edo parametroak kontrolatuz eta horien jarraipena eginez.

    Elkarte-egituretan beharrezkoa den eraldaketa lehiakorra egiten laguntzea eta bultzatzea MLParen jarduketa-eremuaren barruan, haien antolamendua birdiseinatzen lagunduta, garapen estrategikoetan edo proiektuetan modu proportzionatuan inplikatzea sustatuta, eta haien baliabideen eta enpresa elkartuen beharren arabera.

    Bere jarduketa-eremuaren barruan ezarritako helburua betetzera bideratutako beste edozein.

  2. Sareko kide izateari dagokionez:

    Sailak eta merkataritza-laguntzako puntuaz arduratzen den entitateak sinatutako lankidetza-hitzarmeneko eskakizun teknikoak eta baldintzak betetzen direla bermatzea.

    Merkasaretza Euskal Sarean aktiboki parte hartzea eta sareko lana eta merkataritza-laguntzako puntu guztien ezagutza partekatua sustatzea.

    Merkataritza-arloan eskumena duen zuzendaritzari laguntzea sarea koordinatzen eta laguntzako puntuen ekintzen jarraipena egiten, deialdiei eta oharrei arretaz erantzunez, eta sareko funtzionamendua hobetzeko iradokizunak eta proposamenak eginez.

    Merkataritza Laguntzako Puntuen Sareari helaraztea parte hartzen duen proiektuen garapenean sortutako esperientziak, ikaskuntzak eta ezagutzak, bai eta sarea osatzen duten gainerako MLPek emandakoak kontuan hartzea ere.

    Merkataritza-arloan eskumena duen zuzendaritzak edo MLPa hartzen duen entitateak planteatzen dituzten informazio-, prestakuntza- eta sentsibilizazio-prozesuak arretaz jarraitzea eta horiei probetxu ateratzea.

    Sarearen Ebaluazio eta Jarraipen Batzordearen ebaluazio-lanak erraztea, zehazten diren informazioa, datuak eta adierazleak emanez.

    Merkataritza-arloan eskumena duen zuzendaritzak zehaztutako beste edozein.

Merkasaretza Euskal Sareari atxikitako MLPek EAEko merkataritza-laguntza eta sarea bera hobetzea sustatu beharko dute. Horretarako, honako hauek bete beharko dituzte:

  1. Merkataritza Laguntzako Zerbitzuen Zorroa onartzea.

  2. Merkataritza Laguntzako Euskal Sareari atxikitzea eragin zuten baldintzak betetzen jarraitzea.

  3. MLPek emandako aholkularitza- eta informazio-zerbitzua doan ematea merkataritza-sektore osoari eta bere jarduketa-eremuko merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuen sektoreari. Gainera, zerbitzu hori Euskadiko bi hizkuntza ofizialetan eskaintzen dela bermatu beharko da, MLPa hartzen duen entitatearen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

  4. MLPko teknikariak Zerbitzuen Zorroa betetzeaz bakarrik arduratuko dira, arduraldi osoz.

  5. Merkataritza Laguntzako Puntua gehienez ere 30 eguneko epean eratu beharko da, Merkasaretza Euskal Sareari atxikitzea gauzatzeko lankidetza-hitzarmena formalizatu ondoren.

  6. MLPa hartzen duen entitateak behar beste leku eman beharko dio merkataritza-laguntzaileari bere lana behar bezala egin dezan; gutxienez honako hauek izango ditu:

    1. Lan-mahaia.

    2. Ekipamendu informatikoa, telefono bidezko konexioa eta konexio digitala.

    3. Lekua beste zerbitzu batzuekin partekatuta badago, Merkasaretza sarearen irudiarekin behar bezala bereizita eta identifikatuta egon beharko du, xedatzen den moduan.

    4. Biltzeko eta arreta pertsonalizatua emateko gune pribatuetarako sarbidea.

  7. MLPa hartzen duen entitateak merkataritza-laguntzaile baten kontratazioa ziurtatu behar du, lanposturako eskatzen den lanbide-profilaren arabera. Profil horrek hau hartu beharko du barne:

    1. Unibertsitate-titulu ofiziala; gizarte-zientziekin zerikusia duten ikasketak lehenetsiko dira.

    2. Lanpostuarekin lotutako prestakuntza espezifikoaren egiaztagiria, bai eta lan-eremuko proiektuen kudeaketan esperientzia egiaztatua ere.

      Kontratazioa hautaketa- eta egiaztapen-prozesu baten bidez egingo da, eta prozesu horrek merkataritza-laguntzailearen prestakuntza, gaitasuna eta lanbide-trebetasunak ebaluatuko ditu. Prozesu hori lankidetza-hitzarmena sinatu duen entitateak egingo du, eta merkataritza-arloan eskumena duen zuzendaritzak baliozkotu beharko du.

      Merkataritzako teknikari laguntzaileen kontratazioak honako baldintza hauek bete beharko ditu gutxienez:

    1. Kontratazioa lanaldi osokoa izango da, titulazioari eta esperientzia egiaztatuari dagokion lanbide-kategoriaren arabera. Lan-baldintzak, orobat, aplikatu beharreko lan-hitzarmenaren arabera arautuko dira.

    2. Merkataritza-laguntzaileari alta emango zaio Gizarte Segurantzan, MLPa eratzeko eta sareari atxikitzeko lankidetza-hitzarmena formalizatu eta gehienez ere 45 eguneko epean.

    3. Kontratatutako pertsonari bere eginkizuna betetzeko behar duen ekipamendu material guztia helaraziko zaio: ekipamendu informatikoa, telefonoa, lantoki egokia eta abar.

    4. MLPak ematen duen zerbitzuak bermatuta egon beharko du une oro, eta soilik arrazoi hauengatik onartuko dira ordezkapenak edo kontratazio berriak:

      Kontziliazioak eragindako lanaldi-murrizketengatik.

      Laneko bajengatik.

      Lana borondatez uzteagatik.

      Heriotzagatik, baliaezintasun handiagatik edo ezintasun iraunkor oso edo absolutuagatik.

      Erretiroagatik.

      Ordezkapena egingo duen pertsonak lehen adierazitako hautaketa-, kontratazio- eta baliozkotze-prozesu berberak bete beharko ditu.

  8. Merkataritza-laguntzako urteko lan-plana egitea, oinarri hartuta Zerbitzuen Zorroa eta MLPa eratzeko esparru izan ziren planak, eta bat etorrita bere jarduketa-eremuko plan estrategikoekin.

  9. Hamabi hilabeteko aldi bakoitza amaitu ondoren, honako dokumentazio hau aurkeztuko dute, hilabeteko epean:

    Merkataritza-laguntzailea kontratatzearen kostua eta gastu operatiboak justifikatzen dituen memoria ekonomikoa.

    Merkataritza-laguntzako urteko lan-planaren ebaluazio-memoria, gutxienez honako hauek adierazita:

    Zenbat argitalpen egin diren sare sozialetan eta zenbat mezu elektroniko edo SMS bidali diren merkataritza-enpresentzat eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuen enpresentzat interesgarria izan daitekeen informazioa zabaltzeko.

    Zenbat kontsultari erantzun zaien eta zeintzuk diren erantzun zaien establezimenduen sektorea eta biztanleria.

    Zenbat izapide eta zein motatakoak egin diren, zeintzuk diren eskatzaileen sektorea eta biztanleria, zein den dirulaguntza kudeatzen duen organismo publikoa eta zein den dirulaguntzaren helburua.

    Zer jarduera egin diren, eta zein izan den jarduera horien parte-hartzea eta gogobetetze-inkestaren bidezko balorazioa.

    Zenbateko bertaratzea izan duten merkataritza-arloan eskumena duen zuzendaritzak antolatutako birziklatzeko prestakuntza-jarduerek, bilerek eta lan-saioek.

  10. Merkasaretza Euskal Sarearen jardueretan aktiboki parte hartzea; merkataritza-laguntzaileak birziklatzeko prestakuntza-jardueretan eta merkataritza-arloan eskumena duen zuzendaritzak antolatutako sareko bileretan eta lan-saioetan parte hartuko du.

  11. Merkataritza-arloan eskumena duen zuzendaritzak koordinatuta, gainerako merkataritza-laguntzako puntuekin elkarlanean aritzea, Sarearen emaitzak optimizatzeko.

Merkataritza-arloan eskumena duen zuzendaritzak Merkasaretza Euskal Sareari atxikitzeko eskaera egiteko epea irekitzen du xedapen gehigarri baten bidez.

Aldian-aldian, eta Sarearen Ebaluazio eta Jarraipen Batzordeak eskatuta, deialdi berriak egin ahal izango dira sarea osatzeko eta operatibo mantentzeko.

  1. Merkasaretza Euskal Sareari atxikitzeko prozedura 3. artikuluan jasotako entitate, elkarte, fundazio eta federazioen titularrak eskatuta hasiko da.

  2. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, izapidetze elektronikoa nahitaezkoa izango da prozeduraren fase guztietan.

  3. Eskabidea eskuratu eta betetzeko bide bakarra Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikora jotzea izango da. Helbidea honako hau da: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/12503

    Elektronikoki nola izapidetu jakiteko zehaztapenak eta eskabide-eredua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragarri.

    Espedientean sartzeko, errekerimenduak eta jakinarazpenak jasotzeko eta prozedurarekin lotutako gainerako izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioa baliatu behar da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragai: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

  5. Eskabidearekin batera, entitate eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo entitatearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, harekin batera aurkeztu beharreko dokumentu guztiak eta Administrazioak, urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera, eska ditzakeenak ere aurkeztu beharko dira.

  6. Ordezkari bidez jardun nahi izanez gero, ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, interesdunaren izenean jardun dezan bitarteko elektronikoen bidez, agindu honi buruzko prozedura guztietan. Horretarako, honako bitarteko hauek erabiliko dira:

    Ordezkarien Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ordezkariak/), edo honen bidez

    Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normaldua» (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala formalizatua; eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

    Gainera, ordezkaritza-ahalordea erantsi beharko dute, edo ahalorde-emailea entitate ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen legezko zeinahi dokumentu.

    Ordezkariak identifikaziorako bitarteko elektroniko onartu bat eduki beharko du. Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

    Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egitearen ondorioetarako, eskatzaileek entitatearen ordezkaritzan izandako aldaketen berri eman beharko diete organo jarduleei, aldaketak izan bezain laster. Entitatearen ordezkariaren aldaketaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera egiten diren jakinarazpenetan gauzatuko da aldaketa. Data horren aurretik espedientean agertzen den ordezkariari zuzendutako jakinarazpenak behar bezala egindakotzat joko dira.

  7. Eskabidea, eskatzen diren dokumentuekin batera, aukeratzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jarduketetan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat etorriz.

  8. Sareari atxikitzeko eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

    1. Kasu bakoitzean eskumena duen organoak hartutako akordioaren ziurtagiria, sareari atxikitzeko borondatea adierazten duena.

    2. Garapen-agentziek, elkarteek, fundazioek eta federazioek estatutuak aurkeztu beharko dituzte.

    3. Hala badagokio, eskatzailearen ordezkaritza-ahalmena egiaztatzen duen dokumentazioa, 6. apartatuaren arabera.

    4. Merkataritza-laguntzako urteko lan-plana.

    5. MLParen funtzionamendurako aurrekontuko zuzkidura ekonomikoa.

    6. MLParen buru izateko proposatutako merkataritza-laguntzailearen curriculum vitaea.

      7.7 artikuluan eskatutako unibertsitate-titulu ofiziala edo behin-behineko ziurtagiri osagarria, Unibertsitate Titulu Ofizialak Emateari buruzko abuztuaren 5eko 1002/2010 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluaren arabera.

    1. Hiri Ekonomia Jasangarrirako Plan Estrategikoa edo Jarduketa Plana edo hura garatzeko konpromisoa.

    2. Argazki bidez egiaztatzea MLPak 7.6 artikuluan eskatutako espazioa duela.

    1. , c) eta g) puntuetan eskatutako dokumentazioa kasu honetan bakarrik eskatu ahal izango da: eskatzaileak aurka egiten badio organo kudeatzaileak zuzenean eskatzeari.

      1. artikuluan eskatzen den ordezkagarritasuna ofizioz kalkulatuko da, erroldako datuen arabera.

  1. Merkasaretza Euskal Sarearen Ebaluazio eta Jarraipen Batzordea eratzen da.

  2. Batzordea merkataritza-arloan eskumena duen zuzendaritzari atxikitako bost pertsona hauek osatuko dute:

    1. Zuzendaritzaren titularra; batzordeburua izango da. Haren ordezkoa Zuzendaritzako merkataritzako arduradun teknikoa izango da.

    2. Zuzendaritzako merkataritzako arduradun teknikoa. Haren ordez, Zuzendaritzako talde teknikoko pertsona bat egongo da.

    3. Zuzendaritzako talde teknikoko pertsona bat.

    4. Zuzendaritzako aholkulari juridiko bat.

    5. Zuzendaritzako talde teknikoko pertsona bat; idazkaria izango da, eta hitza izango du, baina botorik ez.

      Emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bermatuko da, betiere kontuan hartuta Zuzendaritzan dauden langileak.

  3. Ebaluazio eta Jarraipen Batzordearen zereginak honako hauek izango dira:

    1. MLP bat sortzeko eta Merkasaretza Euskal Sareari atxikitzeko eskabideak balioetsi eta baliozkotzea.

    2. MLPen urteko lan-planak baliozkotzea eta, hala badagokio, plan horiek hobetzeko eta egokitzeko proposamenak egitea, proposatutako jarduketak eta ekintzak Merkataritza 2030 Merkataritza Estrategiaren edo lurralde-estrategien planetara eta ildo estrategikoetara ahal beste doitzeko.

    3. Lan-planen sei hilean behingo jarraipena eta plan horien emaitzen urteko ebaluazioa.

    4. Entitateak Merkasaretza sareari atxikitzeko eta ondoren parte hartzeko eskatzen diren eskakizunak betetzen dituela kontrolatzea, eta, beharrezkoa izanez gero, haren funtzionamendua ikuskatzea.

    5. Doikuntza-proposamena edo, hala badagokio, sareko elkarlana eta parte-hartzea amaitzeko proposamena egitea, Merkataritza Laguntzako Puntuaren eskakizunak, betebeharrak eta funtzionamendua ez direla betetzen egiaztatuz gero.

    6. Merkasaretza sarea behar bezala ezartzeko eta garatzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein.

  1. Entitate publiko edo pribatu bat Merkasaretza Euskal Sareari atxikitzeko, entitate interesdunak eskabidea aurkeztu beharko dio Eusko Jaurlaritzako merkataritza-arloan eskumena duen zuzendaritzari, eta hark Ebaluazio eta Jarraipen Batzordeari bidaliko dio eskabidea, balora dezan.

  2. Ebaluazio eta Jarraipen Batzordeak eskabideak eta aurkeztutako dokumentazioa aztertuko ditu, eta egiaztapenak egingo ditu dekretu honetan sareari atxikitzeko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

  3. Sareari atxikitzeko eskabideen ebaluazioan honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

    1. Dekretu honetan Merkasaretza Euskal Sarera atxikitako MLPetarako ezarritako betekizun orokor eta espezifikoen betetze-maila.

    2. MLParen kokapena, merkataritza-zerbitzuak emateko lurralde-egitura hoberena sortzeko.

    3. MLParen ezaugarri fisikoak, baliabide materialak eta irisgarritasuna.

    4. MLPko buru den merkataritza-laguntzailearen prestakuntza eta gaitasunak.

    5. Merkataritza-laguntzako urteko lan-plana.

    6. MLParen urteko lan-plana Eusko Jaurlaritzaren indarreko merkataritza-politikaren helburuekin bat etortzea, bai eta ezarritako baldintza orokor eta espezifikoen betetze-maila ere.

  4. Aurkeztutako eskabidean hutsak, akatsak edo zehaztasunik eza dagoela ikusiz gero, entitate eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, akatsa zuzentzeko edo eskatzen zaizkion agiriak aurkezteko. Halaber, jakinaraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusitako moduan emandako ebazpen baten bidez.

  1. Merkataritzaren arloan eskumena duen sailburuordeari dagokio atxikipen-eskaerak ebaztea, Ebaluazio eta Jarraipen Batzordeak balioespen-txostena egin ondoren. Txosten hori erakunde eskatzaileren atxikimenduaren aldekoa edo aurkakoa izango da. Aldekoa bada, dagokion lankidetza-hitzarmena formalizatuko da.

  2. Ebazpen hori gehienez ere 6 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko zaio interesdunari. Epe hori eskabidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan sartzen den egunetik aurrera zenbatuko da.

    Ebazpena epean ematen ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izateko.

  3. Ebazpenaren aurka, zeinak ez baitu administrazio-bidea amaitzen, pertsona edo entitate eskatzaileak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio merkataritza-arloan eskumena duen sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera edo administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatzen diren egunetik aurrera, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan ezarritakoaren arabera.

    Gora jotzeko errekurtsoa egoitza elektronikoaren bidez bakarrik izapidetu ahal izango da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/web01-sede/eu/

  1. Merkasaretza Euskal Sareari atxikitzearen aldeko ebazpena ematen bada, lankidetza-hitzarmena formalizatuko da. Hitzarmen hori administrazioarteko lankidetza-hitzarmena izan daiteke zuzenbide publikoko entitateen kasuan, edo lankidetza publiko-pribatuko hitzarmena, berriz, zuzenbide pribatuko entitateen kasuan.

  2. Administrazioarteko lankidetza-hitzarmenek aukera ematen dute Merkasaretza Euskal Sareari atxikitzeko interesa duten administrazio publikoen, organismo autonomoen eta zuzenbide publikoko entitateen atxikipena zehaztu, adostu eta artikulatzeko, eta Eusko Jaurlaritzaren eta entitate horien artean formalizatuko dira; beraz, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritakoa bete beharko dute.

  3. Lankidetza publiko-pribatuko hitzarmenek aukera ematen dute sareari atxikitzeko interesa duten zuzenbide pribatuko entitateen atxikimendua zehaztu, adostu eta artikulatzeko, Merkataritzako Euskal Estrategia gauzatu, inplementatu eta garatzeko lankidetza-tresna gisa eta gobernantza eta lankidetza publiko eta pribatua artikulatzeko bitarteko gisa. Hitzarmen horiek Jaurlaritzak eta tartean diren zuzenbide pribatuko entitateek formalizatuko dituzte, sareari atxikitzeko eta merkataritza-laguntzako zerbitzuen euskal zorroko zerbitzuak emateko interesa badute.

  4. Lankidetza-hitzarmenek honako hauek jasoko dituzte gutxienez: sareari atxikitzea onartzeko akordioa; merkataritza-laguntzako zerbitzuen euskal zorroaren onarpena eta hura betetzeko betebeharra; xedapen honetan araututako eskakizun eta baldintzen onarpena; atxikitako entitateen eta Eusko Jaurlaritzaren betebeharren eta eskubideen araubidea; Ebaluazio eta Jarraipen Batzordeak egindako ebaluazioaren onarpena; finantzaketa-araubidea eta indarraldia, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49. artikuluan ezarritakoa eragotzi gabe.

  5. Lankidetza-hitzarmenak lau urterako formalizatuko dira, hau da, ondoz ondoko berrogeita zortzi hilabeterako, eta beste lau urterako luzatu ahal izango dira. Hori guztia, ezertan eragotzi gabe sareari atxikitzeko baldintzak betetzeari buruz eta, hala badagokio, ez-betetzeen ondorioz edo alderdi batek hala eskatuta, hitzarmena aldez aurretik amaitzeari buruz xedatutakoa.

  6. Merkataritza-arloan eskumena duen sailak dagozkion lankidetza-hitzarmenak sinatuko ditu gehienez ere 2 hilabeteko epean, atxikitzearen aldeko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

    Entitate eskatzaileak hitzarmena sinatzen ez badu, atxikitzearen aldeko ebazpena ondoriorik gabe geratuko da eta baldintzak betetzen dituen beste batekin sinatu ahal izango da.

Merkasaretza Euskal Sareari atxikitzeko ebazpenak ofizioz inskribatuko ditu merkataritza-arloan eskumena duen sailak, sareari atxikitako merkataritza-laguntzako puntuen erregistro batean. Erregistro hori euskarri informatikoko datu-base gisa eratuko da.

Sarearen helburu eta xede orokorrei erantzuteko, merkataritza-arloan eskumena duen zuzendaritzak:

  1. Laguntza teknikoko esparru bat eskainiko du, eta koordinazio-, informazio-, prestakuntza-, ebaluazio- eta jarraipen-zereginak beteko ditu. Horrez gain, tresna teknologiko zehatzak eskainiko ditu, sareko kide guztiak aberastuko dituen funtzionamendu bateratua, ikaskuntza eta esperientzia-trukea bultzatzeko.

  2. MLP bakoitzak bere ezaugarrien eta testuinguruaren arabera sortzen duen kasuistikatik harago, talde- eta kidetasun-zentzua sortzen duen irudi partekatua emango du.

  3. Gehienez ere 40.000 euroko finantzaketa eskainiko du urtean, ondoz ondoko hamabi hilabeteko aldi bakoitzerako, hitzarmena sinatzen denetik indargabetzen den arte, merkataritza-laguntzailea kontratatzeko.

  4. Ondoz ondoko hamabi hilabeteko aldi horretarako bererako, merkataritza-laguntzako puntuko gastu operatiboak ordaintzen laguntzeko finantzaketa eskainiko du; gehienez ere merkataritza-laguntzailea kontratatzeko hitzartutako gastu finantzagarrien % 10 emango du.

  5. MLPetako teknikarien eta merkataritza-arloan eskumena duen zuzendaritzaren arteko bilerak sustatuko ditu, Merkasaretza Euskal Sareko kide izatearen sentimendua indartzeko eta ezagutzak eta esperientziak partekatzeko.

    Gerora sortutako gorabeheren ondorioz, merkataritza-arloan eskumena duen zuzendaritzak c) eta d) letren finantzaketaren muga aldatu ahal izango du ebazpen publiko baten bidez.

    Sinatzen den lankidetza-hitzarmena indarrean dagoen bitartean, hamabi hilabeteko aldi bakoitzari dagokion zuzkidura bi igorpenen bidez ordainduko da: lehenengoan, zuzkidura horren % 60 ordainduko da aldi bakoitzeko lehen hiruhilekoan, eta, bigarrenean, gainerako % 40a ordainduko da, 7.9 artikuluan ezarritako justifikazioa aurkeztu ondoren.

  1. Merkataritza-laguntzako zerbitzuen kanpoko irudi korporatiboa.

    Merkasaretza Euskal Sareari atxikitako MLPek sare partekatuaren identifikazio bisuala izango dute.

  2. Nolanahi ere, Merkasaretza Euskal Sarearen irudi korporatiboak Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan eta Merkasaretza Euskal Sarearen erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoa bete beharko du, eta barne-merkataritzan eskumena duen sailak kudeatuko du.

Merkasaretza Euskal Sareari atxikitako MLP batek xedapen honetan haientzat ezarritako araubidea betetzen ez badu, saretik kanpo geratuko da, eta sarean sartzean sortutako eskubideak galduko ditu, eta entitate interesdunarekin sinatutako hitzarmena suntsiaraziko da. Horretarako, aurrez espedientea izapidetuko da, eta espediente horretan, entzunaldia emango zaio merkataritza-laguntzako puntuaren titularrari.

Inguruabar hori merkataritza-arloan eskumena duen sailburuordearen ebazpen baten bidez gauzatuko da, eta dekretu honen 14. artikuluan aipatzen den Merkasaretza Euskal Sareari atxikitako Merkataritza Laguntzako Puntuen Erregistroan jasoko da, inskripzioa ezereztuta.

Barne-merkataritzan eskumena duen sailak egokitzat jotzen dituen ikuskapenak eta egiaztapenak egingo ditu, MLPen betekizunak eta betebeharrak betetzen direla eta lan-planak behar bezala gauzatzen eta garatzen direla egiaztatzeko. Sarean sartutako entitateek eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute, hargatik eragotzi gabe beren eginkizunak egikaritzean Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin dezaketen kontrola.

Datu pertsonalen tratamendua egin behar bada, honako araudi hau beteko da: batetik, (EB) 2016/679 Erregelamendua Datuak babesteko erregelamendu orokorra, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen du), eta, bestetik, 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Publikotasun-printzipioa betetzeko, adierazten da dekretu honetan aurreikusitako finantzaketarako 8.800.000 euroko kreditua jaso dela Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legean. Zenbateko hori honela banakatuko da: 1.320.000 euro 2025eko ordainketa-kredituari dagozkio; 2.200.000 euro, 2026ko konpromiso-kredituari; 2.200.000 euro, 2027ko konpromiso-kredituari; 2.200.000 euro, 2028ko konpromiso-kredituari; eta 880.000 euro, 2029ko konpromiso-kredituari.

Bestalde, eta dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, lehenengo atxikitze-deialdia egin behar da. Horrenbestez, Merkasaretza Euskal Sareari atxikitzeko eskabideak aurkezteko epea irekiko da dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean, eta argitaratu eta hilabetera amaituko da.

Lehenengoa. Ahalmena ematen zaio Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak emateko.

Bigarrena. Xedapen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko uztailaren 1ean.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)