Arautegia

Inprimatu

186/2021 DEKRETUA, uztailaren 27koa, zeinaren bidez bigarrenez aldatzen baita Euskal Etxeentzako dirulaguntzak emateko araubidea ezartzen duen dekretua.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 156
  • Hurrenkera-zk.: 4314
  • Xedapen-zk.: 186
  • Xedapen-data: 2021/07/27
  • Argitaratze-data: 2021/08/06

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren bidez, Euskal Etxeentzako dirulaguntzak emateko araubidea ezarri zen, eta, irailaren 9ko 175/2014 Dekretuaren bidez, aldatu egin zen dekretu hura.

Euskal Etxeekiko harremanak globalizazioaren ondoriozko migrazio-errealitate berriaren arabera arautuko dituen lege-esparru berri bat lantzen den bitartean, bidezkoa da martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren bigarren aldaketa egitea. Izan ere, dekretu horrek, alde batetik, indarrean dagoen dirulaguntza-araudiari buruzko erreferentziak eguneratu behar ditu, eta, bestetik, ordaintzeko modua proiektuaren bideragarritasunera egokitu behar du, bi ordainketatara murriztuta.

Gainera, indarrik gabe uzten da azaroaren 28ko 238/2006 Dekretua, kanpoko Euskal Etxeek parte hartzen duten prozeduren izapidetze telematikoa arautzen duena.

Horrenbestez, lehendakariaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko uztailaren 27an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau

Lehenengoa. Aldatu egiten da Euskal Etxeentzako dirulaguntzak emateko araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 2. artikulua. Hau da idazketa berria:

  1. Euskal Etxeek, Federazioek eta Konfederazioek eskatu ahal izango dituzte dirulaguntzak, Euskal Autonomi Elkarteaz kanpoko euskal gizatalde eta etxeekiko harremanetarakoari buruzko maiatzaren 27ko 8/1994 Legearen 2. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

  2. Laguntza hauen onuradun izateko, Euskal Etxeek hiru baldintza hauek bete beharko dituzte:

    1. Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko Euskal Etxeen aintzatespena eta erregistroa arautzen dituen 318/1994 Dekretuaren 4. eta 5. artikuluetan jasotako betebeharrak betetzea.

    2. Dirulaguntzen onuradun izatea eragozten duten egoeretako batean ez egotea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan araututakoaren arabera.

    3. Dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor- edo administrazio-arloko zehapenik jaso ez izana, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik jaso ez izana, barnean hartuta sexu-diskriminazioarekin loturikoak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoarekin bat.

  3. Dirulaguntzak jaso eta eskuratu ahal izateko, onuradunek beste baldintza bat ere bete beharko dute, hots, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak edo horren erakunde autonomiadunek emandako tankera bereko dirulaguntza eskatzeko prozedura batean irekitako zigortzeko edo itzultzeko edozein prozedura amaitu egin beharko da, baldin eta izapidetzen ari bada.

    Bigarrena. Aldatu egiten da Euskal Etxeentzako dirulaguntzak emateko araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 3.1 artikulua. Hau da idazketa berria:

  1. Dekretu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jarduerak eta gastu osoak edo gastuon zati bat finantzatzera bideratuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan araututakoaren arabera, helburu hauek betetzeko: Euskal Etxeen egoera hobetzea eta kanpoko euskal gizataldeen arteko lotura sozial, ekonomiko eta kulturalak sustatu eta berrindartzea, bai eta kokatuta dauden herrialdeekikoak eta Euskal Autonomia Erkidegoarekikoak ere. Zehazki, jarduerak arlo hauetakoak izan daitezke:

    1. Euskal Etxeen funtzionamendu gastuak, eta irabazi asmorik gabe egiten diren urteko programak edo jarduera zehatzak (IV. kapitulua), honako hauek lehenetsiz:

      Gazteria.

      Emakumea.

      Kanporanzko itxura eta komunikazioa.

      Memoria historikoaren berreskurapena.

    2. Euskal Etxeen azpiegitura eta ekipamendu gastuak (VII. kapitulua), honako hauek lehenetsiz:

      Katastrofeen ondoriozko kalteen konponketak.

      Hesi arkitektonikoak kentzea.

      Euskal Etxeen egoitza berriak eraikitzea.

      Gazteentzako tokiak egokitzea.

      Gazteen eta emakumeen ekitaldietarako teknologia berriak ezartzea.

      Hirugarrena. Aldatu egiten da Euskal Etxeentzako dirulaguntzak emateko araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 6.4 artikulua. Hau da idazketa berria:

      1. Nolanahi ere, 15. artikuluan aipatutako bigarren ordainketa gauzatu aurretik, eta 16. artikuluan aurreikusitako dirulaguntza justifikatu ondoren, emandako dirulaguntzaren likidazioa egingo da, dirulaguntzaren azken zenbatekoa zehazteko xedez. Horretarako, azkenean justifikatutako gastuari ehuneko bat aplikatuko zaio, zeina izango baita aurkeztutako aurrekontuaren gainean eman den dirulaguntzaren zenbatekoa kontuan hartuta ateratzen den ehunekoa. Egiteke dagoen ordainketaren zenbatekoa bion arteko aldea izango da, hau da, likidazioan zehaztutako dirulaguntzaren eta aurretik ordaindutako zenbatekoaren artean dagoen aldea.

        Laugarrena. Aldatu egiten da Euskal Etxeentzako dirulaguntzak emateko araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 12.1 artikulua. Hau da idazketa berria:

      1. Kanpo Harremanen idazkari nagusiak, Ebaluazio Batzordeak egindako proposamena ikusirik, dirulaguntzen esleipena ebatziko du. Ebazpenak dirulaguntzen titularrak eta kuantifikazioa adieraziko ditu, ohiko gastuak eta inbertsio gastuak bereiziz.

        Bosgarrena. Aldatu egiten da Euskal Etxeentzako dirulaguntzak emateko araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 12.3 artikulua. Hau da idazketa berria:

      1. Ebazpena Euskal Etxeei edo erakunde eskatzaileei jakinaraziko zaie, komunikazio indibiduala bidaliz horretarako finkatu duten helbidera, urteroko deialdi-ebazpena indarrean jarri eta sei hilabete igaro baino lehenago. Horrez gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Ogasun Orokorraren Araubidearen Legearen 49. artikuluan jasotakoa betetzeko (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onartu zen arau hori), bai eta guztion ezagutzarako ere. Ebazpen horrek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze- errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Kanpo Harremanen Idazkaritza Nagusiari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

        Seigarrena. Aldatu egiten da Euskal Etxeentzako dirulaguntzak emateko araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 12.4 artikulua. Hau da idazketa berria:

      2. Epe hori igarota, ebazpenik argitaratu ez bada, ulertu beharko da dirulaguntza-eskabidea ezetsi egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren arabera.

        Zazpigarrena. Aldatu egiten da Euskal Etxeentzako dirulaguntzak emateko araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 13. artikuluaren 1. paragrafoa. Hau da idazketa berria:

        Dirulaguntzak jasotzen dituzten entitate onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legean ezarritako betebeharrez gain:

        1. Esleitutako dirulaguntza onartzea. Horretarako, pertsona/erakunde onuradunek hamabost eguneko epea izango dute, dirulaguntza esleitu zaiela jakinarazteko idazkia jasotzen dutenetik aurrera, dirulaguntzari berariaz eta idatziz uko egiteko. Horrela egiten ez badute, dirulaguntza onartutzat emango da.

        2. Agindutako helburua betetzeko erabiltzea dirulaguntza, 17. artikuluan ezarritakoa gertatzen ez bada.

        3. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunak betetzeko, deialdi bakoitzean jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen dieten informazioa ematea.

        4. Eusko Jaurlaritzaren esku uztea diruz lagundutako jardueraren kostua estaltzen duten agiriak; jatorrizko agiriak kontabilitate agiritegian gorde beharko dituzte, Eusko Jaurlaritzak egin dezakeen edozein inspekziotarako.

        5. Erakunde publiko edo pribatuetatik helburu bera betetzeko bestelako dirulaguntza edo baliabiderik lortzen badute, horren berri ematea Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari.

        6. Diruz lagundutako programetan erabiltzen diren edozein motatako euskarrietan edo programa horiei buruzko argitalpenetan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaren berri ematea. Horretarako, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari galdetuko diote zein den Korporazio Identitateari buruzko Eskuliburuan jasotakoen artetik markarik egokiena.

          Zortzigarrena. Aldatu egiten da Euskal Etxeentzako dirulaguntzak emateko araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 15. artikulua. Hau da idazketa berria:

          Dirulaguntza zatika ordainduko da:

        1. Dirulaguntzaren % 25 ordainduko da dirulaguntza onartu ondoren.

        2. Dirulaguntzaren gainerako % 75a, diruz lagundutako jardueraren aurrekontuaren % 100i dagokion gastu guztiaren agiriak jaso eta egiaztatu ondoren.

          Bederatzigarrena. Aldatu egiten da Euskal Etxeentzako dirulaguntzak emateko araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 16.1 artikulua. Hau da idazketa berria:

          1. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, diruz lagundutako jarduera amaitu eta sei hilabete igaro baino lehen, eta, betiere, hurrengo ekitaldiko martxoaren 31 baino lehen:

            1. Dirulaguntza jaso duen programaren, jardueraren edo ekintzaren betearazpenari buruzko txosten zehatza.

            2. Diruz lagundutako jardueraren betearazpenak sortutako gastuen frogagiriak.

              Hamargarrena. Aldatu egiten da Euskal Etxeentzako dirulaguntzak emateko araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 18. artikulua. Hau da idazketa berria:

              1. Dirulaguntza jasotzen duen entitateak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio, batetik, jasotako zenbateko guztiak edo horien zati bat eta, bestetik, berandutze-interesak, hauen ondorioz:

                1. Gastuak ez justifikatzea.

                2. Aurkeztutako datuak faltsuak izatea.

                3. Jasotako dirulaguntza eskabidean adierazitako helburuaz besterako erabiltzea.

                4. Dekretu honetan edo urteko deialdiaren ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzea.

                  Izan ere, hala dago aginduta honako lege hauetan: 38/2003 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan aurreikusitako dirulaguntzak itzultzeko jardunbide orokorrean (698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dituena).

              2. Aurreko paragrafoan ezarritako betebeharraz gain zenbatekoak itzultzeari buruzkoa, Dekretu honetan edo urteko deialdiaren ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak erakunde onuradunaren aurkako zehapen prozeduraren irekiera ekarriko du. Prozedura hori honela amaitu ahal izango da: arau-haustea dagoela eta horrek zehapena ezartzea ekarri dezake, baita eragindako kalte-galeren ordaina eta, hala badagokio, eragindako erantzukizun penala ere.

                Zehapen prozeduraren izapidetzea arau hauetan oinarrituko da: 38/2003 Legearen IV. tituluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren IV. tituluko III. Kapituluan, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluan.

                Hamaikagarrena. Aldatu egiten da Euskal Etxeentzako dirulaguntzak emateko araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren idazketa. Hau da idazketa berria:

                Bigarrena. Dirulaguntza-deialdietan parte hartzeko interesa duten entitateek honekin bat etorriz hartuko dute parte: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan xedatutakoa.

Indargabetuta gelditzen da azaroaren 28ko 238/2006 Dekretua, zeinaren bitartez arautzen baita kanpoko Euskal Etxeek parte hartzen duten prozeduren izapidetze telematikoa.

Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko uztailaren 27an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.