Arautegia

Inprimatu

16/2021 DEKRETUA, martxoaren 26koa, lehendakariarena, zeinaren bidez aldatzen baita honako dekretu hau: 13/2021 Dekretua, martxoaren 6koa, zeinaren bidez prebentzio-neurri espezifikoak 2021ean testu bakar batean lehen aldiz bateratu eta eguneratzen diren, alarma-egoeraren deklarazioaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 62
  • Hurrenkera-zk.: 1834
  • Xedapen-zk.: 16
  • Xedapen-data: 2021/03/26
  • Argitaratze-data: 2021/03/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Segurtasuna eta justizia; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Herrizaingoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen duenak, birusaren hedapenari aurre egiteko askotariko neurriak aurreikusten ditu, eta horien erabilgarritasuna egiaztatuta geratu da, gure inguruko herrialdeek ere modu sistematikoan neurri horietara jo baitute, bat etorriz Osasunaren Mundu Erakundeak eta nazioarteko beste erakunde batzuek adierazitakoarekin. Azaroaren 3ko 956/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera hori luzatu egin zen, eta 2021eko maiatzaren 9ra arte luzatzeko aurreikuspena egin zen.

Testuinguru horretan, lehendakariak bere eskumenez baliatuz emandako martxoaren 6ko 13/2021 Dekretuan, adierazpen orokor batez gain, eranskin bat ere zehaztu zuen, eta, horren bidez, osasun publikoaren arloan jada hartutako neurri espezifikoak zehatz-mehatz eguneratuta, oinarrizko eskubideei eragiten dieten eta funtsezko edukia alarma-egoeraren erregulazioan kokatzen duen aurreikuspen espezifiko bat duten hainbat neurri zehazten dira, agintaritza eskudunak osasun publikoaren krisi-egoerari aurre egiteko ezinbestekoak diren modulazio egokiak ezarri ahal izateko, larritasun handiarekiko proportzioan, oinarrizko eskubiderik eten gabe, Konstituzioaren 55. artikuluak eskatzen duenaren arabera. Era berean, Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde arteko Kontseiluaren Osoko Bilkurak, 2021eko martxoaren 10eko bileran, honako akordio hau onartu zuen: «2021eko San Jose eguna eta Aste Santua direla-eta, COVID-19ari aurre egiteko osasun publikoan koordinatutako jardueren adierazpena».

Etengabeko ebaluazioaren eta eginiko jarraipenaren ondorioz, neurri horiek egoera epidemiologikora egokitzen direla bermatzeko, hartu diren neurriak berregokitzeko hurrenez hurreneko erabakiak hartu dira, Labiren foroan sakoneko zehaztapen eta neurriak aztertu ondoren. Hori guztia, osasun-babesaren eta gizarte gisa dugun aurrerapenaren arteko oreka lortu nahian.

Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariari dagokio, agintaritza eskuordetu gisa, alarma-egoeran eraginkortasunez ezartzen den zehaztapena onartzea

Horrenbestez, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen duen urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8. artikuluan oro har xedatutakoaren arabera, honako hau

Lehenengoa. Lurralde- eta udal-mailako itxiera perimetrala.

Aldatu egiten da martxoaren 6ko 13/2021 Dekretuaren 2. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

  1. Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean pertsonak sartu eta ateratzeko murrizketari eutsiko zaio.

  2. Era berean, mugatu egingo dira bizilekua finkatuta duten udalerrietako barruti bakoitzeko pertsonen sarrera eta irteera, artikulu honetan jasotako salbuespenekin, azken 14 egunetako kasu positiboen intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 400 edo gehiago duten 5.000 biztanletik gorako udalerriei dagokienez, bai eta 5.000 biztanletik beherako udalerriei dagokienez ere baldin eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak biztanleria-tamaina horretako udalerrietarako ezarritako parametro espezifiko baliokideen mugak gainditzen badira

    Era berean, COVID-19ak eragindako kasu positiboen intzidentzia-tasa metatua, azken 14 egunetan, lurralde historiko batean, 100.000 biztanleko 400 edo gehiago bada, bizileku den lurralde historikoko pertsonen sarrera- eta irteera-murrizketa ezartzen da, artikulu honetan aurreikusitako salbuespenekin.

    Nolanahi ere, mugakide diren eta ohiko zirkulazioa duten udalerrien arteko mugikortasuna baimenduko da, erosketak eta aire zabaleko jarduera fisikoa egiteko.

    Osasun Sailaren webgunean (https://www.euskadi.eus), astelehenero zabalduko da, eta jaieguna bada, hurrengo lanegunean, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariaren ebazpen bat, aurreko paragrafoetan ezarritako tasak eta parametroak gainditzen dituzten udalerrien eta lurralde historikoen zerrendarekin. Eraginkorra izango da apartatu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, hurrengo egunetik aurrera. Nolanahi ere, zabalkunde hori jasotzen duen lehen ebazpena dekretu hau indarrean jartzen den egun berean emango da, 2021eko martxoaren 27an (larunbata), eta ondorioak izango ditu 2021eko martxoaren 29ko 00:00etatik aurrera. Aste Santuko jaiegunak direla eta, bigarren ebazpena apirilaren 6an (asteartea) eman beharko da, eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

  3. Betiere urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako arrazoiren batengatik egiten diren joan-etorriak baimenduko dira, behar bezala justifikatuta badaude.

    1. Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduetara joatea.

    2. Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo legezko betebeharrak betetzea.

    3. Unibertsitate-, irakaskuntza- eta hezkuntza-zentroetara joatea, haur-hezkuntzako eskolak barne.

    4. Ohiko bizilekura edo familia-bizilekura itzultzea.

    5. Adinekoei, adingabeei, mendekotasun-egoeran daudenei, desgaitasunen bat dutenei edo bereziki ahulei laguntza eta zaintza ematea.

    6. Mugakide diren lurraldeetako finantza- eta aseguru-erakundeetara edo hornidura-estazioetara joatea.

    7. Organo publiko, judizial edo notarialetan egin beharreko edo presako jarduketak.

    8. Baimenak eta dokumentazio ofiziala berritzea, bai eta beste administrazio-izapide atzeraezin batzuk ere.

    9. Azterketa edo proba ofizial atzeraezinak egitea.

    10. Ezinbesteko kasua edo premia-egoera dela eta.

    11. Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatua.

  4. Artikulu honetan aurreikusitako mugak aplikatu behar diren lurralde-esparruetatik igarotzen den zirkulazioak iragaitzazkoak ez du inolako murrizketarik izango.

  5. Artikulu honen ondorioetarako, interesdunak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena izan daiteke egiaztatzeko bidea, non interesdunak adierazten duen, bere erantzukizunpean, betetzen dituela dekretu honetan mugikortasun-mugaren salbuespenak justifikatzeko ezarritako betekizunak. Joan-etorriaren jatorriari, helmugari eta arrazoiari dagokienez egiaztatu nahi diren baldintzak zehaztu beharko dira adierazpen horretan. Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako edozein datu edo informazio zehatza ez bada edo faltsua bada, ezin izango da joan-etorriarekin jarraitu, hargatik eragotzi gabe dagozkion erantzukizunak.

Bigarrena. Pertsona-taldeak espazio pribatuetan egotea.

Aldatu egiten da martxoaren 6ko 13/2021 Dekretuaren 3. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

  1. Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, eutsi egingo zaio erabilera publikoko espazioetan, itxietan nahiz aire zabalekoetan, eta erabilera pribatuko espazioetan egon daitezkeen pertsona-taldeen mugari. Gehienez ere lau pertsonako taldeak izango dira, salbu eta bizikideak badira, eta hargatik eragotzi gabe jendearentzat irekitako bulegoei, instalazioei eta establezimenduei, edo adingabeei edo mendeko pertsonei dagokienez ezartzen diren salbuespenak. 2021eko martxoaren 26tik apirilaren 9ra bitarteko egunetan, bizikideak diren pertsonen-taldeak elkartu ahal izango dira soilik espazio pribatuetan.

  2. Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 7.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, artikulu honetan aurreikusitako mugaren barruan ez dira sartuko lan-, hezkuntza- eta erakunde-jarduerak, ezta aplikatu beharreko araudian berariazko neurriak ezartzen zaizkienak ere.

Hirugarrena. Ostalaritza eta jatetxeak.

Hasieran tarteki berri bat erantsita, aldatu egiten da martxoaren 6ko 13/2021 Dekretuaren eranskineko 9. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

Azken 14 egunetako kasu positiboen intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 400 edo gehiago duten 5.000 biztanletik gorako udalerrietan, eta 5.000 biztanletik beherako udalerrien kasuan Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak populazio-tamaina horretako udalerrietarako ezarritako parametro epidemiologiko espezifikoen mugak gainditzen badira, ostalaritzako eta jatetxe-arloko establezimenduek murriztu egin beharko dute lokalen barruan jendea atenditzeko ordutegia bi ordu-tarte hauetara:

06:30etik 09:30era.

13:00etatik 16:30era.

Zerbitzuguneetan dauden herri horietako ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuak irekita egon ahal izango dira ordutegi-muga horretatik kanpo, iragaitzazko erabiltzaileak artatzeko soilik.

Osasun Sailaren webgunean (https://www.euskadi.eus), astelehenero zabalduko da, eta jaieguna bada, hurrengo lanegunean, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariaren ebazpen bat, aurreko paragrafoan ezarritako tasak eta parametroak gainditzen dituzten udalerrien zerrendarekin. Eraginkorra izango da apartatu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, hurrengo egunetik aurrera. Nolanahi ere, zabalkunde hori jasotzen duen lehen ebazpena dekretu hau indarrean jartzen den egun berean emango da, 2021eko martxoaren 27an (larunbata), eta ondorioak izango ditu 2021eko martxoaren 29ko 00:00etatik aurrera. Aste Santuko jaiegunak direla eta, bigarren ebazpena apirilaren 6an (asteartea) eman beharko da, eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Laugarrena. Kirola.

Hasieran tarteki berri bat erantsita, aldatu egiten da martxoaren 6ko 13/2021 Dekretuaren eranskineko 14. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

Azken 14 egunetako kasu positiboen intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 400 edo gehiago duten 5.000 biztanletik gorako udalerrietan, eta 5.000 biztanletik beherako udalerrien kasuan Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak populazio-tamaina horretako udalerrietarako ezarritako parametro epidemiologiko espezifikoen mugak gainditzen badira, barruko eremuetan egiten diren kirol-jarduerek ez dituzte 4 pertsonako taldeak gaindituko, talde profesionalen eta federatuen entrenamenduei eta lehiaketei eragiten dietenak izan ezik. Era berean, herri horietan, aldagelak eta dutxak itxi egingo dira kirol-instalazio mota guztietan, igerilekuetan izan ezik; horietan, aldagelak erabili ahal izango dira gehieneko edukieraren ehuneko 35eko mugarekin, eta dutxak erabili ahal izango dira, baldin eta banakakoak badira.

Osasun Sailaren webgunean (https://www.euskadi.eus), astelehenero zabalduko da, eta jaieguna bada, hurrengo lanegunean, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariaren ebazpen bat, aurreko paragrafoan ezarritako tasak eta parametroak gainditzen dituzten udalerrien zerrendarekin. Eraginkorra izango da apartatu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, hurrengo egunetik aurrera. Nolanahi ere, zabalkunde hori jasotzen duen lehen ebazpena dekretu hau indarrean jartzen den egun berean emango da, 2021eko martxoaren 27an (larunbata), eta ondorioak izango ditu 2021eko martxoaren 29ko 00:00etatik aurrera. Aste Santuko jaiegunak direla eta, bigarren ebazpena apirilaren 6an (asteartea) eman beharko da, eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Bosgarrena. Joko- eta apustu-lokalak.

Hasieran tarteki berri bat erantsita, aldatu egiten da martxoaren 6ko 13/2021 Dekretuaren eranskineko 19. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

Azken 14 egunetako kasu positiboen intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 400 edo gehiago duten 5.000 biztanletik gorako udalerrietan, eta 5.000 biztanletik beherako udalerrien kasuan Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak populazio-tamaina horretako udalerrietarako ezarritako parametro epidemiologiko espezifikoen mugak gainditzen badira, joko- eta apustu-lokalek ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuak eman ahal izango dituzte establezimenduaren barruan bi ordu-tarte hauetan soilik:

06:30etik 09:30era.

13:00etatik 16:30era.

Osasun Sailaren webgunean (https://www.euskadi.eus), astelehenero zabalduko da, eta jaieguna bada, hurrengo lanegunean, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariaren ebazpen bat, aurreko paragrafoan ezarritako tasak eta parametroak gainditzen dituzten udalerrien zerrendarekin. Eraginkorra izango da apartatu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, hurrengo egunetik aurrera. Nolanahi ere, zabalkunde hori jasotzen duen lehen ebazpena dekretu hau indarrean jartzen den egun berean emango da, 2021eko martxoaren 27an (larunbata), eta ondorioak izango ditu 2021eko martxoaren 29ko 00:00etatik aurrera. Aste Santuko jaiegunak direla eta, bigarren ebazpena apirilaren 6an (asteartea) eman beharko da, eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

2021eko martxoaren 26a baino lehen egindako ostatu-erreserbak (gaua igarotzekoak) dituzten pertsonak, apirilaren 1etik 11ra bitarteko aldirako, beren udalerritik erreserba egin duten herrira joan ahal izango dira, udalerri bateko edo besteko intzidentzia-tasa gorabehera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honetan aipatutako neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Horretarako, 20 eguneko epean, neurriak luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira, hargatik eragotzi gabe data hori baino lehen egoki edo beharrezko iritzitako berregokitze oro egitea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honek argitaratzen den unetik izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

  1. Dekretu honen lehenengo eta bigarren artikuluetan xedatutakoaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salan, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 12. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  2. Dekretu honen gainerako arauetan xedatutakoaren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

    Vitoria-Gasteizen, 2021eko martxoaren 26an.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.