Arautegia

Inprimatu

424/2013 DEKRETUA, urriaren 7koa, gizarte-zerbitzuetako irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-intereseko deklaratzeari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 200
  • Hurrenkera-zk.: 4439
  • Xedapen-zk.: 424
  • Xedapen-data: 2013/10/07
  • Argitaratze-data: 2013/10/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeko V. tituluan arautu egiten da ekimen pribatuak gizarte-zerbitzuen arloan duen esku-hartzea. Dagokion esparruaren barruan eta erantzukizun publikoko gizarte-zerbitzuak ematerakoan ekimen pribatuak duen esku-hartzeari kapitulu bat dedikaturik, irabazte-asmorik gabeko gizarte-ekimenarentzako babes publikoa arautzen du legezko testuak; eta, bestalde, aurreikusi egiten du halako ekimena osatzen duten erakundeak gizarte-intereseko deklaratu ahal izanen direla.

Zehazki, delako lege horren 74. artikuluak ezartzen du ezen, gizarte-zerbitzuak ematen diharduten irabazte-asmorik gabeko erakundeak herri-onurako deklaratu ahal izango direla, betiere arauz zehaztutako baldintzak betetzen badituzte. Hala ere, horrek ez du eragotziko honako hau: euren forma juridikoei dagokien legerian zehazten den legez herri-onurako deklaratu ahal iizatea.

Gizarte Zerbitzuei buruzko Legean gizarte-intereseko deklaratzea aurreikusteak posible egiten du gure gizarte-zerbitzuen premia egiazkoei erantzuna ematea: batetik, EAEn gizarte-zerbitzuak sortu eta garatzeari dagokionez, Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektoreko erakundeen ekarpenaren errekonozimendu publikoa formalizatzea; eta, bestetik, Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektore horren nortasun banakoa eta bereizia bideratzeko lanabes bat arbitratzea.

Deklarazio horren eraginak praktikan honelaxe gauzatuko dira: diru-laguntzak eta laguntzak emateari dagokionez, interes sozialeko deklaratutako erakundeek beste erakunde batzuekiko duten lehentasunaz; izan ere, horixe xedatzen baita Legeko 74. artikuluko 3. paragrafoan.

Legearen xedapen gehigarrietarik bederatzigarrenean zehazten denez, Eusko Jaurlaritzak arauz ezarriko ditu herri-onurako deklaratzeko prozedurak eta beharkizunak, betiere Legeak indarra hartzen duenetik harako bi urteko epearen barruan. Aipatu xedapen gehigarria garatzearren, irabazte-asmorik gabeko erakundeek gizarte-intereseko deklarazioa lor ditzaten; erakunde horiek bete beharreko prozedura eta beharkizunak arautzen dira dekretu honen bitartez, eta, halaber, gizarte-intereseko deklarazioa berritzeko eta mantentzeko baldintzak.

Dekretuaren egiturari dagokionez: helburuaren, arlo subjektiboren eta gizarte-intereseko deklarazioa egiteko eskumenaren gaineko zenbait xedapenen ostean, erakunde eskabide-egileek bete beharreko baldintzak ezartzen dira, zeintzuk, gardentasuna bermatzeko, betekizun zenbakarri eta objektibo gisa atontzen diren. Ondoren, deklarazioa emateko jarraitu behar den prozedura ezartzen da; batez ere, deklarazioa oinarritzeko eskatzen diren betekizunei dagokienez, aurkeztu behar den dokumentazioa zehazten delarik. Betekizun horiei eutsi egiten zaiela egiaztatu egin beharko da. Azkenik, gizarte-intereseko deklarazioa galtzea edo errebokatzea ekarri dezaketen zioak jasotzen dira; eta errebokatze hori egiteko kausaren arabera, hartarako ezarritako prozedura orokor eta laburtua; betiere, eraginpeko erakundeari aldez aurretik entzuteko printzipioa bermatzen delarik; izan ere, prozedura hori erakunde horren kontrakoa da-eta.

Ondorioz, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren adostasunarekin eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko urriaren 7an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

  1. EAEko gizarte-zerbitzuen arloan, irabazte-asmorik gabe diharduten erakundeentzako prozedura eta betekizunak arautzea da dekretu honen helburua; batetik, erakunde horiek gizarte-intereseko deklarazioa lor dezaten; eta, bestetik, gizarte-intereseko deklarazioa errebokatzeko eta mantentzeko baldintzak zehazteko.

  2. Gizarte-.intereseko deklarazioak honako helburu hauek ditu: batetik, gizarte-zerbitzuak ematen diharduten irabazte-asmorik gabeko erakundeen errekonozimendu publikoa; eta, bestetik, erakunde horien izaera egiaztatzeko bitartekoa izatea, hain justu ere euskal herri-administrazioek kontuan izan ditzaten, Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektoreko ekimen pribatua laguntzeko eginkizunari doakionez.

EAEn, gizarte-zerbitzuen arloan diharduten irabazte-asmorik gabeko erakundeei aplikatuko zaie dekretu hau, haien forma juridikoa edozein delarik ere. Baina, erakunde haiek inskribaturik egon beharko dute, euren jardute-eremuaren arabera, dagokien Gizarte Zerbitzuen Erregistroan -autonomikoan edo foralean.

  1. Gizarte-intereseko deklarazioa egitea Eusko Jaurlaritzari dagokio, gizarte-zerbitzuen arloan eskumenak dituen sailburuaren proposamenez.

  2. Prozeduraren instrukzioari lotutako funtzioak aipatu sailaren bidez gauzatu dira, zehazki, delako sailean gizarte-zerbitzuen arloan eskuduna den zuzendaritzaren bidez.

Beherago zehaztu betekizunak konplitzen dituzten erakunde eskabide-egileak deklaratu daitezke gizarte-intereseko.

  1. Gizarte-zerbitzuak ematea izatea euren jarduerako helburu nagusitzat.

  2. Irabazte-asmorik ez izatea.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoan, gizarte-zerbitzuak ematen ibilbide historikoa izatea; eta hartarako, honako baldintza beterik izatea: gizarte-intereseko deklaratzeko eskabidea aurkeztu aurreko 5 urteetan zehar etenik gabe jarduera EAEn burutu izana.

  4. Plantillan, kontratuetarik % 40 mugagabeak izatea.

  5. Izaerari dagokion erregistroan inskribaturik egotea; eta, halaber, jarduera-eremuari doakion Gizarte Zerbitzuen Erregistroan -autonomikoan edo foralean.

  6. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

  7. Estatutuetako helburuak gauzatuko direla bermatzeko, honako hauek izatea: behar diren baliabide pertsonalak eta materialak, eta antolaketa egokia.

  8. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren aldeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera, sexuaren arloko diskriminazioaren ondoriozko administrazio-zehapenik edo zehapen penalik ez izatea.

  1. Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuen arloan eskumenak dituen zuzendaritzarentzako eskabidearen bitartez, hasiera emanen zaio gizarte-intereseko deklarazioa lortzeko prozedurari, bai zuzenean, bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein bidez baliatuz. Erakundearen ordezkaritza legezkoa duen pertsona fisikoak sinatu beharko du eskabidea, zeinetan honako datu hauek jasoko diren:

    1. Erakunde eskabide-egilearen sozietate-izena, identifikazio fiskalerako kodea, Gizarte Zerbitzuen Erregistroko (orokorrekoa edo foralekoa, kasu bakoitzaren arabera) inskripzioari buruzko datuak; eta izaera juridikoari doakion erregistroko inskripzioaren erreferentzia.

    2. Dekretu honetako 4. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen direla egiaztatzeko eta uzia oinarritzeko egitateak, arrazoiak eta agiriak.

    3. Eskabidearen eguna eta lekua.

    4. Erakundeko lehendakariaren eta idazkariaren sinadura, eskabidea baimentzen duena.

  2. Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

    1. Beherago zehaztu erabakiari buruzko akta edo egiaztagiria, idazkariak emana eta lehendakariaren oniritzia duena: gizarte-intereseko aitortzeko deklarazioa eskatzeko, erakunde eskuduneko organoaren erabakia, zeinetan jasotzen diren bertaratutakoen quoruma eta bozketaren emaitza.

    2. Eraketaren, estatutuen do sortze-egintzaren gaineko agiria edo eskritura egokia, estatutuetako xedeak biltzen dituena; xede horietako eginkizun nagusia gizarte-zerbitzuak ematea izanen da, irabazte-asmorik gabe betiere.

    3. Bukatutako azken hiru ekitaldi ekonomikoetako urteko kontuak; honako hauek jasoko dira bertan: balantzea, emaitzen kontua eta memoria ekonomikoa.

    4. Gutxienez azken bost urteetan eskabide aurkeztu zen aurrekoetan, erakundeak egin dituen jardueren memoria, estatutuetan agertzen diren helburuak benetan bete ohi dituela egiaztatzeko, eta, halaber, ibilbide historikoa.

      Jardueren Memorian honako hauek zehaztuko dira:

      Memorian aipatzen den denbora-tartean zehar garatutako jarduerak eta emandako zerbitzuak.

      Egindako jarduerak lortu nahi diren interes orokorreko helburuei egokitzeari buruzko justifikazioa.

      Onuradunak edo erabiltzaileak zenbat diren.

      Erakundeak dituen langileak, datu hauek jasoaz, sexuaren arabera desagregaturik:

      Erakundeak guztira zenbat pertsona kontratatu dituen;

      Mugagabeko kontratudun pertsonen proportzioa;

      Beste erakunde batekin zerbitzuak azpikontratatzearen markoan, erakundeak burutzen dituen jardueretan parte hartzen duten pertsonen proportzioa, azpikontratatutako erakundeak irabazte-asmorik duen ala ez zehazturik;

      Mugagabeko kontratatua duten pertsona desgaituen proportzioa;

      Zuzeneko laguntza emango duten pertsonen ratoia, zerbitzuka bereizita; eta

      Teknikarien ratioa, zerbitzuka berezita.

      Estatutuetako helburuak betetzea bermatzeko dituen baliabide materialak.

      Estatutuetako helburuak betetzea bermatzeko dituen antolaketa-baliabideak; batez ere, laneko bizitza eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko neurriak; eta, kasua bada, oporraldietan jarduerak antolatzeko formulak, betiere zerbitzuak ematea bermatzekotzat.

      Erakundeak dituen ekonomiazko bitartekoak, diru-bide bakoitzari doakion zenbatekoak zehaztuaz; batez ere, herri-administrazioetatik datozen zenbatekoak.

    5. Izaera juridikoari doakion Erregistroan inskribaturik izatea egiaztatzeko dokumentazioa, eta bai jarduera-eremuari doakion Gizarte Zerbitzuen Erregistroan (autonomikoan edo foralean) inskribaturik izateari buruzko erantzukizunezko deklarazioa. Azken kasu horretan, erregistro foralean inskribaturik egoteari buruzko dokumentazioa.

    6. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren aldeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera, sexuaren arloko diskriminazioaren ondoriozko administrazio-zehapenik edo zehapen penalik ez izatea.

  3. Programa hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du Gizarte Segurantzarekiko kotizazio-betebeharrak betetzen diren eta dagokion foru-ogasunari ordaindu beharreko zergak egunean dauden ala ez.

  4. Baldin eta eskabidea behar bezala beteta ez badago edo artikulu honetan eskatutako agiririk falta bazaio, gizarte-zerbitzuen arloan eskumenak dituen zuzendaritzak zera eskatuko dio erakunde interesdunari: hamar eguneko epearen barruan, falta hori zuzen dezala edo beharrezko aginduak aurkez ditzala; ohartaraziz ezen, hala egiten ez badu, atzera egin duela ulertuko dela.

Publizitate-, inskripzio- eta ezeztapen-izapideak, bide elektronikoak erabiliaz eskatu, kontsultatu era egin ahal izango dituzte pertsona interesdunek. Bertarik bertara zein kanal elektronikotik, eskura dira eskabideak, deklarazioak eta gainontzeko modeloak izapidetzeari buruzko zehaztapenak, egoitza elektronikoan izan ere.

  1. Behin eskabidea aurkeztu, eta hala badagokio, zuzendu ondoren, gizarte-zerbitzuen arloan eskumenak dituen zuzendaritzak ofizioz erabakiko du honako egintzak burutzea: beharrezkotzat edo komenigarritzat jotzen diren instrukzioak, froga gauzatzeak eta lotesleak ez diren txostenak eskatzea, betiere espedientea hobeto zehaztu, ezagutu eta ebazteko.

  2. Aukerakoa izango da erakunde eskabide-egilearen jarduera eta ibilbideari buruzko txostena (loteslea izanen ez dena) eskatzea honako hauei:

    1. Erakunde-eskabide-egileren izaera juridikoaren arabera, Elkarteen Babesletzari edo gizarte-ekonomiaren arloan eskumenka dituen zuzendaritzari, betiere gizarte-ekimeneko kooperatibei eta gizarteratze-enpresei dagokienez.

    2. Erakundearen jarduera-eremuan, gizarte-zerbitzuen arloari dagokionez, eskumenak dituzten herri-administrazioei (foralei edo munizipalei).

    3. Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektoreko erakundeei, baldin eta autonomia erkidegoko lurraldean badute egoitza.

  3. Erabaki ahal izango da, orobat, jendaurreko informazioaldi bat egitea, eskabidea iragarki-taula elektronikoan argitaratuz, interesdun orok espedientea aztertu eta alegazioak aurkeztu ahal ditzan, hamabost eguneko epean.

  4. Instrukzio-egintzak bukatutakoan, betekizunak bete direla egiaztatuz gero, gizarte-zerbitzuen arloan eskumenak dituen zuzendariak erakundea gizarte-intereseko deklaratzeko ebazpen-proposamena idatziko du, eta gizarte-zerbitzuen arloan eskumenak sailburuari helaraziko dio.

  5. Kontsideratzen bada ezarritako betekizunak betetzea ez dela egiaztatu, gizarte-zerbitzuen arloan eskumenak dituen zuzendariak ebazpen-proposamen bat idatziko du, zeinetan ukatu eginen baita erakundearen gizarte-intereseko deklarazioa. Behar bezala arrazoitutako proposamen hori erakunde eskabide-egileari jakinaraziko zaio, zeinari hamabost eguneko epea emanen zaion, egoki irizten dien agiriak aurkeztu ahal ditzan eta alegazioak formulatu ahal ditzan.

  6. Alegazioak eta aurkeztutako agiriak ikusita, gizarte-intereseko ez deklaratzearen aldeko irizpideari eusten bazaio, gizarte-zerbitzuen arloan eskumenka dituen zuzendariak ukatze-proposamena helaraziko dio gizarte-zerbitzuen arloan eskumenak dituen saileko buruari.

  1. Prozeduraren instrukzioa amaitutakoan, gizarte-zerbitzuen arloan eskumenak dituen sailburuak Jaurlaritzaren Kontseiluari helaraziko dio erakundea gizarte-intereseko deklaratzeko proposamena edo, egoki bada, deklarazio horri ezezkoa ematekoa.

  2. Jaurlaritzaren Kontseiluak dekretu bidez ebatziko du deklarazioa, eta dekretu hori, batetik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu da, eta, bestetik, erakunde interesdunari berari jakinaraziko zaio.

  3. Erakundea gizarte-intereseko deklaratzeko dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutakoan, gizarte-zerbitzuen arloan eskumenak dituen zuzendaritzak egintza hori jakinaraziko dio Gizarte Zerbitzuen Erregistro Orokorrari edo dagokin Gizarte Zerbitzuen Foru Erregistroari, eta bai erakundearen izaera juridikoaren arabera dagokin erregistroari ere, betiere erregistro egokian jasoa gera dadin.

  4. Gizarte-intereseko deklarazioa lortzeko ezarritako betekizunak bete izana ez dela egiaztatu kontsideratzen bada, Jaurlaritzaren Kontseiluak, erabaki bidez, eskabideari ezezkoa ematea ebatziko du, eta erakunde interesdunari jakinaraziko zaio erabaki hori.

  5. Nolanahi ere, espediente horiek ebatzi eta jakinarazteko epea gehienez ere sei hilabetekoa izango da, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita. Berariazko ebazpena eman gabe amaitzen bada epea, eskabideari baiezkoa eman zaiola ulertuko da; hargatik eragotzi gabe Administrazioak berariaz ebazteko duen obligazioa.

  1. Gizarte-intereseko deklarazioa lortutakoan, halakorik lortu duten erakundeek gizarte-zerbitzuen arloan eskumenak dituen Zuzendaritzari beherago zehazten direnak igorri beharko dizkiote, urtero, ekitaldiko lehen hiruhilabetekoaren barruan: lehendakariak eta idazkariak sinatutako erantzukizuneko deklarazio bat, zeinetan adierazten den, ezen eurek ordezkatzen duten erakundeak bete egiten dituela deklarazioaren oinarri izan ziren betekizunak; eta horrekin batera, aurreko ekitaldiko urteko kontuak, eta ekitaldi horretan egindako jardueren gaineko memoria deskriptiboa. Betekizunak konplitzeari eusten zaiola egiaztatzeko prozesuan, gizarte-zerbitzuen arloan eskumenak dituen Zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko du bete egin direla zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

  2. Gizarte-intereseko aitortzeko betekizunei eusten zaiela egiaztatutakoan, erakunde interesdunari jakinaraziko zaio.

  1. Beherago zehazten diren kausetarik edozein dela-eta errebokatu egin daiteke gizarte-intereseko deklarazioa.

    1. Dekretu honen 4. artikuluan ezarritako betekizunetarik edozein ez betetzea edo galtzea.

    2. Gizarte-zerbitzuak emateko jarduerari uztea.

    3. Erakundeak dituen obligazioak ez betetzea behin eta berriro; 9. artikuluan zehaztutako dokumentazioa igortzeko obligazioa ez betetzea.

    4. Erakundearen funtzionamenduan irregulartasun larriak behin eta berriro egitea.

  2. Halaber, beherago zehazten diren kausetarik edozein dela-eta, gizarte-intereseko deklaratutako irabazte-asmorik gabeko erakundeek galdu egin dezakete kondizio hori:

    1. Erakundearen forma juridikoa aldatzea; nahiz eta horrek ez duen eragotziko forma berriari doakion gizarte-intereseko deklarazioa eskatzea.

    2. Lehendik diren bik edo gehiagok bat-eginik beste erakunde bar eratzea; eta, halaber, lehendik diren bi edo gehiago xurgatzearen ondoriozko fusioa, salbu eta erakunde xurgatzaileak gizarte-intereseko deklarazioa izan egun ere; betiere, fusio-eragiketa gauzatu zenetik harako hiru hilabeteko epearen barruan, exijitu daitezkeen betekizunei eusten zaiela egiaztatzen bada aldez aurretik, eta guztia ere, erakunde berriak gizarte-intereseko deklarazioa eskatzea eragotzi gabe.

    3. Lehendik den erakundea segregatzea, salbu eta lehendik izan eta oraindik ere eusten dion gizarte-intereseko deklarazioari, betiere, segregazio-eragiketa gauzatzen denetik harako hiru hilabeteko epean, exijitzen diren betekizunei eusten zaiela egiaztatzen bada aldez aurretik; eta guztia ere, eragotzi gabe segregatutako erakundeek gizarte-intereseko deklarazioa eskatzea.

  3. Gizarte-intereseko deklarazioa erreboktzea eta gizarte-intereseko kondizioa galtzea, ondoko artikuluan ezarritako prozeduraren arabera gauzatuko da; nahiz eta errebokatze eta galera horien ondorioak, hau da, halako kondizioa galtzearen ondoriozkoak honako unetik harakoak izango diren: espedientea irekitzea eragiten duen supostua jazotzen denetik hara, alegia.

  1. Gizarte-zerbitzuen arloan eskumenak dituen Zuzendaritzak ofizioz hasiko du gizarte-intereseko deklarazioa galdu edo errebokatzeko prozedura, baldin eta atzematen badu badela 10. artikuluko 1. eta 2. paragrafoan aurreikusitako aldez aurretiko supostuetarikoeren bat.

  2. Prozeduraren hasiera eraginpeko erakundeari jakinaraziko zaio, eta hamabost eguneko epea emango zaio, egoki irizten dien alegazioak eta agiriak aurkez ditzan.

  3. Behin alegazioak eta agiri berriak jasoz gero, gizarte-zerbitzuen arloan eskumenak dituen zuzendariak honako hauek egitea erabaki dezake: espedientea hobeto zehaztu, ezagutu eta ebazteko, egoki deritzen instrukzio-egintzak, frogak gauzatzea edo txostenak eskatzea.

  4. Instrukzio-egintzak bukatutakoan, beherago zehazten direnak egiaztatutzat jotzen badira, gizarte-zerbitzuen arloko eskumenak dituen zuzendariak, gizarte-intereseko deklarazioa galdu edo errebokazteko proposamena idatziko du: gizarte-intereseko aitortzea eragin zuten betekizunak ez betetzea; gizarte-zerbitzuak emateko jarduera bertan behera uztea; erakundearen funtzionamenduan, behin eta berriro egiten diren irregulartasunak eta obligazioak behin eta berriro ez betetzea; edo gizarte-intereseko erakundearen kondizioa galtzeko kausak izatea. Proposamen hori erakunde interesdunari jakinaraziko zaio, eta horretaz gaian, hamabost eguneko epea emanen zaio, egoki irizten dien alegazioak eta agiriak aurkeztu ahal izateko.

  5. Aurkeztutako alegazioak eta agiriak ikusirik pentsatzen bada gizarte-intereseko deklarazioa galdu eta errebokatzeko arrazoirik ez dagoela, gizarte-zerbitzuen arloan eskumenak dituen zuzendariak, espedientea artxibatzeko ebazpena emango du, eta erakunde interesdunari jakinaraziko zaio horren berri.

  6. Aurkeztutako alegazioak eta dokumentazioak ikusita, uste bada bidezkoa dela gizarte-intereseko deklarazioa galdu edo errebokatzea, gizarte-zerbitzuen arloan eskumenak dituen zuzendariak ebazpen-proposamena igorriko dio ondoko sailburuari, gizarte-intereseko deklarazioa galdu edo errebokatzeko: gizarte-zerbitzuen arloan eskumenak dituen sailburuari hain justu ere.

  7. Gizarte-zerbitzuen arloan eskumenak dituen sailburuak Jaurlaritzaren Kontseiluari dekretu-proposamena erakunderen gizarte-intereseko deklarazioa galdu edo erreboikatzeko dena helaraziko dio.

  8. Erakunderen gizarte-intereseko deklarazioa galdu edo erreboikatzeko Dekretua pertsona interesdunari jakinaraziko zaio eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

  9. Aipatu dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz gero, gizarte-zerbitzuen arloan eskumenak dituen Zuzendaritzak dekretu haren kopia konpultsatu bat igorri die ondokoei, erregistroan jasota gera dadin: Gizarte Zerbitzuen Erregistro Orokorra, Gizarte Zerbitzuen Foru Erregistroa egokia eta izaera juridikoaren arabera dagokion erregistroa.

  10. Nolanahi ere, espediente horiek ebatzi eta jakinarazteko epea gehienez ere sei hilabetekoa izango da, espedientea irekitzen den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori bukatutakoan, prozedura iraungitzat joko da, eta gero hori erakunde interesdunari jakinaraziko zaio.

    AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA. Ordezko araubidea.

    Dekretu honetan administrazio-prozedurari buruz aurreikusi gabeko alderdiei dagokienez, Herri-Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.

    AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Baliabide elektronikoak.

    Herritarrek baliabide elektronikoak eta telematikoak erabilia ahal izateko eta datuak trukatzea errazteko, dekretu honetan aurreikusitako prozedurak egokitzeko neurriak hartuko dira, betiere izapide administratiboak azkartu eta sinplifikatzearren, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan eta aplika daitezkeen gainontzeko arauetan xedatutakoarekin bat etorriaz,

    AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA. Indarrean jartzea.

    Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

    Vitoria-Gasteizen, 2013ko urriaren 7an.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

    Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

    JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.