Arautegia
Inprimatu64/2011 DEKRETUA, martxoaren 29koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen gehigarrizko ordainsari osagarriei buruzko Dekretua aldatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 73
- Hurrenkera-zk.: 2140
- Xedapen-zk.: 64
- Xedapen-data: 2011/03/29
- Argitaratze-data: 2011/04/14
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Sailak; Funtzio publikoa
Testu legala
Unibertsitate Erreformarako abuztuaren 25eko 11/1983 Lege Organikoaren 46.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, unibertsitateetako gizarte-kontseiluek, gobernu-batzordeen proposamenez, ordainsari osagarriak esleitu ahal izango dituzte unibertsitateko irakasleentzat, era indibidualean. Hori oinarri hartuta, Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluak, Gobernu Batzordearekin bat, unibertsitateko irakasleen kidegoetako funtzionarioei gehigarrizko ordainsari osagarriak emateko sistema bat ezarri zuen 1999. urtean, eta ordainsariok esleitzeko hiru deialdi egin zituen.
Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 34. artikuluaren arabera, Jaurlaritzak ordainsari-osagarriak ezarri ahal izango ditu irakasle eta ikertzaileentzat, izan funtzionario edo kontratupekoak, betiere irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketaren esparruan egoki iritzitako irizpideak eta, horien artean, hizkuntza-merezimenduak, kontuan izanda. Artikulu horrek dioenez, gainera, Eusko Jaurlaritzari dagokio, unibertsitate-alorreko eskumenak dituen sailaren proposamenez, ordainsari horien mugak ezartzea eraginkortasun eta eragimen irizpideen arabera, eta Gizarte Kontseiluari dagokio, unibertsitateko Gobernu Kontseiluaren proposamenez, horien banakako esleipen indibiduala erabakitzea, Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Unibasq Agentziak egindako merezimendu-balioespena kontuan hartuta.
Gai hori ardatz hartuta, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Euskal Herriko Unibertsitateak hitzarmen bat sinatu zuten, 2004ko abenduaren 21ean, finantziazio-eredu iraunkor bat garatzeko eta gehigarrizko ordainsarien eredu berri bat ezartzeko, indarrean zegoena alde batera utzita.
Eredu hori garatze aldera, urriaren 17ko 209/2006 Dekretua onartu zen, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen gehigarrizko ordainsari-osagarriei buruzkoa; bertan, eredu horretarako erregelamenduzko markoa ezarri zen.
Orain arte, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleentzako lau ebaluazio-deialdi egin dira: 2007an (2007-02-19ko EHAA), 2008an (2008-12-18ko EHAA), 2009an (2009-12-16ko EHAA) eta 2010ean (2010-12-17ko EHAA).
Orain arte izandako emaitzak aztertu ondoren, 209/2006 Dekretua berrikusteko unea heldu da, dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat.
Horretarako, 1999tik 2007ra bitartean egindako ebaluazioen emaitzak alderatu, eta honako hauek aztertu dira: ebaluazio-prozesuetan izandako emaitzak, Unibasq Agentziaren ebaluazio-batzordeek erredaktatutako gomendioak, eskatzaileen kexak, Eusko Jaurlaritzako Auzibide Zuzendaritzak egindako iradokizunak zuzendaritzak Ebaluazio Agentzia defendatzen du, orain arte eman diren ebazpenen aurka eskatzaileek hasitako prozedura judizialetan, eta, azkenik, beste autonomia-erkidego batzuek antzeko prozesuetan izandako esperientzia.
Hori guztia abiapuntu hartuta, dekretua aldatzeko proposamen bat landu da, prozesu honetan etengabe sortu diren auziak saihesteko, ebaluatzeko eta onarpena emateko prozedura azkartzeko, eta gehigarrizko ordainsari osagarriak emateko sistema egonkorrago bat lortzeko, funtzio publikoan ezarritako beste sistema batzuekin parekatu daitekeena.
Ondorioz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren proposamenez, generoaren inguruko eraginari buruzko ebaluazio-txostena emanda, eta Euskadiko Unibertsitate Kontseiluari, Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluari eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari entzun ondoren, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko martxoaren 29an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hauxe
Lehenengoa. 1. artikuluko 3. paragrafoak idazkera hau izango du aurrerantzean:
Osagarriak esleitu baino lehen, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Unibasq Agentziak kasuan kasuko merezimenduak balioetsi, eta aldeko iritzia eman behar du, betiere dekretu honen 8.1 artikuluan ezarritako protokoloaren arabera.
Bigarrena. 2. artikuluko 2. paragrafoak idazkera hau izango du aurrerantzean:
Dekretu honetan ezarritako gehigarrizko ordainsariak eskuratu ahal izateko, ezinbestekoa izango da Euskal Herriko Unibertsitatearekin lan-, estatutu- edo administrazio-lotura izatea eskabidea egiten den unean, bai eta Unibertsitatean jardunean egotea.
Hirugarrena. 3. artikuluko 1. paragrafoak idazkera hau izango du aurrerantzean:
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Legearen proiektuak berariazko zuzkidura bat jasoko du gehigarrizko ordainsari-osagarriak finantzatzeko. Zuzkidura hori osagarrien kostuaren % 85 eta % 90 bitartekoa izango da, alde batera utzita banaka identifika daitezkeen langile-kolektiboei eragiten dieten kontratu-programa espezifikoetan sartutako ordainsariak. Gainerako kostuak Euskal Herriko Unibertsitateak ordainduko ditu.
Laugarrena. 4. artikuluko 2. paragrafoa idazkera hau izango du aurrerantzean:
Gehigarrizko ordainsari osagarriak indibidualak dira eta banaka emango zaizkie interesdunei, horretarako argitaratuko diren deialdietan eskabidea aurkezten badute. Irakasleek onartu egingo dute irakaskuntzan, ikerketan, kudeaketan eta ezagutza-transferentzian egin duten lana ebaluatua izatea bost urtetik behin, horretarako ezarritako eskabide-eredu baten bidez; ebaluazio horretatik kanpo geratuko da C2 eta B1 tarteetarako 5.5 artikuluan ezarritakoa. Onartutako osagarriak finkatutakotzat joko dira.
Bosgarrena. 4. artikuluaren 3. paragrafoa ezabatu egiten da.
Seigarrena. 5. artikuluak idazkera hau izango du aurrerantzean:
Irakaskuntzan, ikerketan, kudeaketan eta ezagutza-transferentzian aurreko urteetan lortu eta ebaluatutako merezimenduen arabera emango dira gehigarrizko ordainsari osagarriak, betiere gauzatutako jardueren eraginkortasuna eta eragimena egiaztatzen bada. Osagarriok ez dira inoiz emango jarduera batean hainbat denbora emate hutsagatik.
Irakaskuntzako eta ikerketako merezimenduei lotutako gehigarrizko ordainsari-osagarriak irakaskuntzako eta ikerketako jardueren bikaintasuna, kalitatea eta etengabeko hobekuntza piztu eta aitortzeko izango dira, barne hartuta jardueran beste hizkuntza batzuk erabiltzea eta, bereziki, euskara erabiltzea. Hizkuntza-eskakizuna norbere borondatez aldatzea eta eskakizun elebiduneko plaza batera jotzea balioetsi egingo da.
Osagarriak meta daitezkeen hiru mailatan sailkatuko dira, eta tarte progresibo desberdinak izango dituzte. Hiru maila horiek ebaluatzeko (C, B eta A), irakaskuntzan, ikerketan eta ezagutzaren transferentzian lortutako merezimenduak hartuko dira aintzat. B eta A mailetan, kudeaketa-arloko merezimenduak ere aintzat hartuko dira.
Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Unibasq Agentziari dagokio Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen maila eta tartea finkatzea.
Hauek dira osagarrien hiru mailak:
C maila; Euskal Herriko Unibertsitatearekiko dedikazio profesionala saritzea du helburu. Bi tarte izango ditu:
C1; tarte hau eskuratu ahal izateko, 3 urteko lotura egiaztatu behar da Euskal Herriko Unibertsitatearekin, eta dekretu honetako eranskinean C mailarako jasotako baldintzak bete. Zenbatekoa 1.625 eurokoa izango da urteko.
C2; tarte hau eskuratu ahal izateko, 7 urteko lotura egiaztatu behar da Euskal Herriko Unibertsitatearekin, eta dekretu honetako eranskinean C mailarako jasotako baldintzak bete. Ez da beharrezkoa bost urte igaro izana aurreko ebaluazioa egin zenetik. Zenbatekoa 2.125 eurokoa izango da urteko.
B maila; kalitatea eta etengabeko hobekuntza saritzea du helburu. Hiru tarte izango ditu:
B1; tarte hau eskuratu ahal izateko, 5 urteko lotura egiaztatu behar da Euskal Herriko Unibertsitatearekin. Tarte hau lehenengoz eskatzen bada, ez da beharrezkoa izango bost urte igaro izana aurreko ebaluazioa egin zenetik. Nolanahi ere, ezinbestekoa izango da, gutxienez, C1 tartea izatea eta 25 puntu eskuratzea. Zenbatekoa 1.600 eurokoa izango da urteko.
B2; tarte hau eskuratu ahal izateko, gutxienez 10 urteko antzinatasuna eta doktore titulua izatea egiaztatu beharko dira, bai eta C1 eta C2 tarteak dagoeneko izatea eta, gutxienez, 50 puntu lortzea ere. Zenbatekoa 1.900 eurokoa izango da urteko.
B3; tarte hau eskuratu ahal izateko, gutxienez 10 urteko antzinatasuna eta doktore izatea egiaztatu beharko dira, bai eta C1 eta C2 tarteak dagoeneko izatea eta, gutxienez, 75 puntu lortzea ere. Zenbatekoa 2.200 eurokoa izango da urteko.
A maila; bikaintasuna saritzea du helburu. Maila hau eskuratu ahal izateko, nahitaezkoa da 15 urteko antzinatasuna egiaztatzea eta doktore izatea, bai eta C1 eta C2 tarteak dagoeneko izatea eta, gutxienez, 90 puntu lortzea ere. Maila honek bi tarte izango ditu: A1 eta A2.
A1; urteko zenbatekoa 2.100 eurokoa izango da.
A2; urteko zenbatekoa 2.600 eurokoa izango da.
Antzinatasuna kalkulatzeko orduan, C1, C2 eta B1 tarteetan ez beste guztietan, honako hauek hartuko dira kontuan: Euskal Herriko Unibertsitatean, edo beste unibertsitate edo ikerketa-zentroetan, edozein lan-, estatutu- edo administrazio-loturaren bitartez, irakaskuntza, ikerketa, kudeaketa edo ezagutza-transferentziaren esparruan burututako jarduerak. Antzinatasunaren ondorioetarako, zerbitzu-eginkizunetan, zerbitzu berezietan eta antzeko egoeretan egon ondoren jardunera itzuli direnek halako egoeretan emandako denbora sartu ahal izango dute ebaluazio-eskabideetan edo, nahi izanez gero, sartu gabe utzi.
Mailak eta tarteak ebaluatzeko orduan, irakaskuntzaren, ikerketaren, kudeaketaren eta ezagutza-transferentziaren merezimenduak balioetsiko dira, 5.3 artikuluan ezarritakoaren arabera; edonola ere, aldeko balioespena beharko da, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Unibasq Agentziak zehazten duen eran.
Zazpigarrena. 6. artikuluak idazkera hau izango du aurrerantzean:
Gehigarrizko ordainsari-osagarriak eskuratzeko merezimenduen ebaluazioa egiteko, Jaurlaritzak eta unibertsitate-arloko eskumenak dituen sailak unibertsitate politikarako ezarritako helburuak modu indibidualean bete diren aztertuko da.
Horretarako, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Unibasq Agentziak ebaluazio-parametroak ezarriko ditu aurreko artikuluan aipatutako tarte bakoitzarentzat, betiere, dekretu honetako eranskinean norbanakoentzat jasotako irizpide objektibo orokorren arabera. Parametro horiek argiak eta zehatzak izan behar dira, eta eskatzaileek autoebaluazioa egiteko modukoak.
Eranskin horretako irizpideak berrikusi eta dekretu bitartez aldatu ahal izango dira, unibertsitate-arloko eskumenak dituen sailaren proposamenez, hain zuzen ere, Euskal Unibertsitate Sistemaren antolamenduari eta erronka berriei egokitu daitezen.
Zortzigarrena. 7. artikuluak idazkera hau izango du aurrerantzean:
Euskal Herriko Unibertsitateari dagokio gehigarrizko ordainsari osagarriak emateko prozedura sustatu eta horiek esleitzea. Hori dela-eta, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluaren proposamenez, Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak deialdia onartu eta argitaratuko du urtero. Bertan, gehigarrizko ordainsari-osagarriak esleitzeko oinarri diren merezimenduak ebaluatzeko epeak, era eta betekizun orokorrak finkatuko dira.
Irakasle eta ikertzaileek Unibertsitateko Kontseiluan aurkeztuko dituzte eskabideak, banaka eta bide telematikoz, betiere Herritarrek zerbitzu publikoak eskuratzeko sarbide elektronikoari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 27.6 artikuluarekin bat.
Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak eskabideak jaso ondoren, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Unibasq Agentziari helaraziko dizkio; entitate publiko honek, dokumentazioa aztertu ondoren, eskabideak zuzendu eta hobetzeko eskatu ahal izango die eskatzaileei, hala behar izanez gero, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluan ezarritako eran, eta Unibasq Agentziak argitaratutako ebaluazio-protokoloan ezarritakoarekin bat, hala ezartzen baita dekretu honen 8. artikuluan.
Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak sei hilabeteko epea izango du gehigarrizko ordainsari osagarriak esleitzeko erabakiak hartu eta jakinarazteko, deialdia argitaratzen den egunetik aurrera. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritakoa beteko da; artikulu horren bidez, ofizioz hasitako prozeduretan berariazko ebazpenik eza arautzen da (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
Bederatzigarrena. 8. artikuluko 1. paragrafoak idazkera hau izango du aurrerantzean:
Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Unibasq Agentziak ebaluatuko ditu merezimenduak, Agentziak berak berariaz onartu eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako ebaluazio-protokoloari jarraituz.
Hamargarrena. 8. artikuluko 3. paragrafoak idazkera hau izango du aurrerantzean:
Seigarren artikuluan adierazitako irizpideei jarraituz, ebaluazio-protokoloak honako hauek zehaztu behar ditu: osagarri-mota bakoitza ebaluatzeko eskatzen diren merezimenduak; dekretu honetan jasotako tarte bakoitza eskuratu ahal izateko bete behar diren eskakizunak, behar den gutxienekoa adierazita; eta horiek guztiak zenbatzeko eta balioesteko parametro objektiboak.
Hamaikagarrena. 8. artikuluko 4. paragrafoak idazkera hau izango du aurrerantzean:
Eskatzaileek agiri-bidez egiaztatu beharko dituzte, ebaluazio-protokoloan zehaztutako eran, ordainsari osagarriak eskuratzeko alegatutako merezimenduak. Gainera, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Unibasq Agentziak egoki iritzitako argibideak eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei, alegatutako merezimenduen inguruan.
Hamabigarrena. 8. artikuluko 6. paragrafoak idazkera hau izango du aurrerantzean:
Lehenengo ebaluazioan, eskatzaileak bere bizitza akademiko osoko merezimenduak alegatu ahal izango ditu. Hurrengo ebaluazioetan, ordea, honako denbora-tarte honetan egindako jarduerak balioetsiko dira: aurreko ebaluazioan alegatutako merezimenduen bidez lortutako puntuak aitortu zitzaizkion egunetik hasi eta uneko deialdian merezimenduak aitortzeko zehaztutako egunera arte.
Hamahirugarrena. 8. artikuluko 7. paragrafoak idazkera hau izango du aurrerantzean:
Merezimenduak ebaluatu eta esleitu zaien puntuazio ezagutu ondoren, irakasleek ezingo dute eskatu beste ebaluazio bat bost urteko epean, ebaluatutako aurreko aldia bukatu zen egunetik hasita, salbu eta C2 eta B1 tarteei buruz 5.5 artikuluan ezarritakoa ebaluatzeko bada.
Hamalaugarrena. 8. artikuluko 8. paragrafoa idazkera hau izango du aurrerantzean:
Ebaluazio-aldia bukatu ondoren, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Unibasq Agentziak ebaluazio-txostenak helaraziko dizkio Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluari, hain zuzen ere, gehigarrizko ordainsari osagarriak ebaluatzeko prozeduraren gaineko erabaki-proposamenak eman ditzan.
Hamabosgarrena. 8. artikuluari beste paragrafo bat, 9.a, eransten zaio; honako hau dio:
Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak irakasleen ebaluazioari buruzko txosten zehatz bat eman beharko die berariaz hala eskatzen dioten irakasleei; txosten hori Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Unibasq Agentziak egingo du.
Hamaseigarrena. 9. artikuluko 1. paragrafoak idazkera hau izango du aurrerantzean:
Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak, Gobernu Kontseiluaren proposamenez, gehigarrizko ordainsari-osagarrien esleipen berezia eta banakatua egingo die irakasle eta ikertzaileei, eta, horretarako, dagozkion erabakiak hartuko ditu. Erabaki horien aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, hilabeteko epean, jakinarazpena egiten zaien egunetik aurrera, edo, zuzenean administrazioarekiko auzietako jurisdikzioan aurkaratu ahal izango dituzte, bi hilabeteko epean, jakinarazpena jasotzen duten egunetik aurrera.
Hamazazpigarrena. Artikulu berri bat 13.a, eransten da; honako hau dio:
Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Unibasq Agentziak prestatu eta onartuko du ebaluazio-protokoloa, dekretu hau indarrean jartzen denetik bi hilabetera.
Hamazortzigarrena. Artikulu berri bat, 14.a, eransten da; honako hau dio:
Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle emerituek, irakasle bisitariek eta prestakuntza-aldian diharduten ikertzaileek ezingo dituzte dekretu honetan ezarritako osagarriak eskatu, hala ezarrita baitago Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleen eta ikertzaileen ordainsariei buruzko martxoaren 4ko 41/2008 Dekretuan.
Hemeretzigarrena. Hirugarren xedapen gehigarria ezabatu egiten da.
Hogeigarrena. Laugarren xedapen gehigarria ezabatu egiten da.
Hogeita batgarrena. Dekretuari hirugarren xedapen gehigarri berri bat eransten zaio; xedapen horrek idazkera hau izango du:
Hirugarrena. Agentziarekin lankidetzan diharduten irakasleen ebaluazioa.
Agentziaren gobernu-organoetan edo organo zientifiko-teknikoetan lanean diharduten irakasleek ezin izango dute gehigarrizko ordainsari osagarrien ebaluazioa egiteko eskatu, harik eta Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Unibasq Agentziarekin duten lan-harremana bukatu arte.
Hogeita bigarrena. Dekretuari laugarren xedapen gehigarri berri bat eransten zaio; xedapen horrek idazkera hau izango du:
Laugarrena. Desagertzeko dauden unibertsitate Eskoletako irakasle titularrak.
Unibertsitate Eskoletako irakasle titularrek, doktore izan ez eta 10 urteko antzinatasuna badute, eskubidea izango dute 1.900 euroko gehigarrizko osagarria jasotzeko, betiere irakaskuntzako, ikerketako, kudeaketako eta ezagutza-transferentziako merezimenduen ebaluazioan 50 puntu eskuratzen badituzte; ebaluazio horretan 75 puntutik gora lortzen badute, berriz, 4.100 euroko osagarria jaso ahal izango dute. Ebaluazio horren emaitzek, hurrengo deialdian zehaztutako aplikazio-egunetik aurrera izango dituzte ondorio ekonomikoak, eta ezingo dira atzeraeraginez aplikatu.
Hogeita hirugarrena. Bigarren xedapen iragankorra ezabatu egiten da.
Hogeita laugarrena. Dekretuari bigarren xedapen iragankor berri bat eransten zaio; xedapen horrek idazkera hau izango du:
Bigarrena. Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluaren oniritziaz 1999an gehigarrizko ordainsariak aitortu zitzaizkien irakasleak ez-ohiko ebaluazioa batera aurkeztu ahal izango dira.
209/2006 Dekretuak araututako lehenengo ebaluazio-deialdiaren ondorioz, Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak 1999an aitortutako ordainsariak murriztu zitzaizkien irakasleei aukera emango zaie euren bizitza aktibo osoaren ebaluazio berri batera aurkezteko. Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Unibasq Agentziak ezarriko du ebaluazio horretarako protokoloa eta, bertan, 209/2006 Dekretua indarrean sartu aurretik egindako ebaluazioak hartuko dira aintzat.
Ebaluazio horren emaitzek, hurrengo deialdian zehaztutako aplikazio-egunetik aurrera izango dituzte ondorio ekonomikoak, eta ezingo dira inolaz ere atzeraeraginez aplikatu.
Hogeita bosgarrena. Dekretuari hirugarren xedapen iragankor berri bat eransten zaio; xedapen horrek idazkera hau izango du:
Hirugarrena. 209/2006 Dekretuaren arabera egindako aurreko ebaluazioak.
Urriaren 17ko 209/2006 Dekretuan ezarritakoaren arabera ebaluatuak izan zirenek eutsi egingo diote azken ebaluazioan lortutako puntuazioari, harik eta, dekretu honetan ezarritakoarekin bat, beste ebaluazio bat egiten zaien arte (209/2006 Dekretua, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen gehigarrizko ordainsari osagarriei buruzkoa).
Hogeita seigarrena. Dekretuaren eranskinak idazkera hau izango du aurrerantzean:
Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Unibasq Agentziaren Estatutuen 6.2.1) artikuluaren arabera, erakunde horri dagokio irakaskuntzako, ikerketako, kudeaketako eta ezagutza-transferentziako merezimenduak ebaluatzea, hain zuzen, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 34. artikuluan Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileentzat ezarritako gehigarrizko ordainsariak esleitzeari dagokionez. Nolanahi ere, halako merezimenduak ebaluatzeko irizpide nagusiak dekretu honetan jasotzea ere egokitzat jotzen da.
C maila.
Departamenduaren Kontseiluak egindako aldeko txosten arrazoitua eta argudiatua aurkezten duten irakasleei esleituko zaien osagarria da; txosten horrek honako hauek izango ditu oinarri:
Irakasleak bere lanari buruzko txosten negatiborik ez izatea.
Irakasle-lanari buruzko inkestak sistematikoki bete izana, ahal zen guztietan behintzat, eta halakoetan balioespen negatibo errepikaturik ez izatea.
Tutoretzak bete direla egiaztatzeko ikuskaritzak egindako txostenak.
Irakasleak bere jardueraz egindako txostena.
Irakasleak egindako ikerlanak eta ezagutza transferitzeko jarduerak.
A eta B mailak.
Ikerketak ebaluatzeko irizpideak.
Zientifikoki egiaztatutako ospea edo, kasuan kasuko espezialitatean, kalitate aitortua duten liburu edo aldizkarietan ikerlanak argitara eman izana eta, bereziki, nazioarteko irizpideen arabera (ISI, SCOPUS, etab.) erreferentziazkoak diren argitalpenak plazaratu izana, eta nazioartean aitortutako argitaletxeetan liburuak argitaratu izana.
Lehiaketa-deialdietan ebaluatutako ikerketa-talde, -sare eta -proiektuetan parte-hartze aktiboa eduki izana; halakoetan, nazioarteko proiektuei garrantzi handiagoa emango zaie estatukoei eta erkidegoetakoei baino. Halaber, Euskal Herriko Unibertsitateak proiektuetan parte hartze nabarmena izan badu, halakoei balorazio berezia emango zaie.
Biltzarretan parte hartu izana.
Ikertzaileen prestakuntza, mugikortasuna eta/edo laneratzea bultzatu izana.
Azpiegitura zientifikoa eta ikerketakoaren sorrera eta erabilera bultzatu izana, bai Euskal Herriko Unibertsitatean, bai Euskal Autonomia Erkidegoko beste erakunde batzuetan.
Nazioarteko ikastegietan ikerketa-egonaldiak egin izana.
Bekak eta sariak.
Gizartean eragin handia duten ikerketa-proiektuetan parte-hartze aktiboa eduki izana.
Ikerketarekin lotutako merezimenduak balioestean, nazioartekoak edo bereziki diziplinartekoak direnak, edo aparteko aitortzak jaso dituztenak hartuko dira aintzat batik bat.
Irakaskuntza ebaluatzeko irizpideak.
Irakaskuntza/ikaskuntzako trukaketako nazioarteko programetan parte hartu izana.
Kalitate aitortua duten graduko eta graduondoko programetan parte hartu izana; bereziki aintzat hartuko da nazioarteko proiekzioa duten eta beste hizkuntza batzuetan ematen diren programetan parte hartu izana.
Egiaztatutako zabalkundea duen irakasmateriala prestatu izana.
Euskal Herriko Unibertsitatean, atzerriko beste unibertsitate batzuekin elkarlanean, tesiak, tesinak eta/edo unibertsitate-titulazioa bukatzeko lanak eta proiektuak zuzendu izana.
Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleei prestakuntza akademikoa emateko jarduerak antolatu izana.
Euskal Herriko Unibertsitatearen eskaintza birtualean parte hartu izana.
Berrikuntza pedagogikoko proiektuetan parte hartu izana.
Irakaslanari lotutako sariak.
Dagokion jakintza-arloari buruzko prestakuntza espezifikoko ikastaroak egin izana.
Gizartean eragin handia duten irakaskuntza-proiektuetan parte hartu izana.
Irakasle-lana ebaluatzeko sistemen bidez lortutako eta egiaztatutako emaitzak.
Irakaskuntzarekin lotutako merezimenduak balioestean, euskaraz egindako jarduerak hartuko dira aintzat bereziki, hala ezarrita baitago Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko 10/1982 Legean eta Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legean.
Halaber, nazioarteko zabalkundea duten irakaskuntza-arloko merezimenduei garrantzi berezia emango zaie.
Ezagutza-transferentzia ebaluatzeko irizpideak.
Dibulgazioko argitalpenak.
Patenteak erregistratzea.
Ikerketa-proiektuetan eta kontratuetan parte-hartze aktiboa eduki izana, Euskal Herriko Unibertsitateari trukean funtsak ematen dizkioten enpresetan.
Enpresen sorreran parte hartu izana, Euskal Herriko Unibertsitatean egindako ikerketa-jardueretatik abiatuta.
Unibertsitate-arloan kultura ekintzailea sustatzeko jarduera eta proiektuetan parte hartu izana.
Euskal Herriko Unibertsitateari trukean funtsak ematen dizkioten ospe ezagutuko erakunde publiko, instituzio eta enpresentzat txostenak egin izana.
Euskal Herriko Unibertsitatean, ikerketaren dibulgazio- eta zabalkunde-jardueretan parte hartu izana.
Unibertsitate-hedapenerako programetan eta udako ikastaroetan parte hartu izana.
Gizartean eragin handia duten unibertsitate-jarduera eta -proiektuetan parte hartu izana.
Ezagutza-transferentziarekin lotutako merezimenduak balioestean, nazioartekoak, bereziki diziplinartekoak edo aparteko aitortzak jaso dituztenak hartuko dira aintzat batik bat.
Zabalkundeko eta dibulgazioko jarduerekin lotutako merezimenduei dagokienez, euskaraz egindakoak balioetsiko dira bereziki.
Kudeaketa ebaluatzeko irizpideak.
Kide bakarreko kudeaketa-kargu akademikoak bete izana.
Unibertsitate, zientzia-elkarte, aldizkari eta abarretan kargu akademikoak bete izana.
Administrazio publikoan karguak bete izana.
Unibertsitate-jarduerarekin lotutako jardun instituzionaletan parte hartu izana.
Nazioarteko master- eta doktoretza-programak zuzen du izana.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra dekretu honek.
Vitoria-Gasteizen, 2011ko martxoaren 29an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Aldatzen du: 209/2006 DEKRETUA, urriaren 17koa, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen gehigarrizko ordainsari-osagarriei buruzkoa.
- Ikus: EBAZPENA, 2019ko irailaren 27koa, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakasle eta ikertzaileen banakako ordainsari-osagarriak ebaluatzeko eta esleitzeko protokoloa.