Arautegia
Inprimatu349/2010 DEKRETUA, abenduaren 28koa, Uniqual Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren estatutuak onartzen dituen Dekretua aldatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 14
- Hurrenkera-zk.: 280
- Xedapen-zk.: 349
- Xedapen-data: 2010/12/28
- Argitaratze-data: 2011/01/21
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa; Sailak; Ekonomia
Testu legala
Autonomia Estatutuko 16. artikuluan xedatu da ezen, Konstituzioko lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatuz, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa dela irakaskuntza osoa, hots, maila, gradu, modalitate eta espezialitate guztietan, Konstituzioko 27. artikuluaren eta hura garatzen duten lege organikoei eta Estatuari Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak eratxikitako ahalmenei eragin gabe.
Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoak, abenduaren 21ekoak, 31. artikuluan ezartzen du unibertsitate-politikaren funtsezko xedea unibertsitateen kalitatea sustatu eta bermatzea dela. Europar Batasuneko Hezkuntza Ministroen Kontseiluak Goi Mailako Hezkuntzako Europako Esparrua sortzeari buruz hartutako erabakien arabera, beharrezkoa da unibertsitateen kalitatea modu homologagarrian bermatzea, Esparru hori eraikitzeko funtsezko oinarri gisa.
Aipatutako abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak ezartzen du, orobat, Kalitate eta Ziurtapenaren Ebaluazio Agentzia Nazionalaren ardura dela unibertsitate-irakaskuntzaren kalitatea ebaluatzeko eginkizuna, bai eta autonomia-erkidegoek legeen bitartez sortuko dituzten ebaluazio-organoena ere, horiei dagozkien eskumenen esparruan.
Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeak, otsailaren 25ekoak, sortu du Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate eta Ziurtapenaren Ebaluazio Agentzia (aurrerantzean, Agentzia), VI. tituluko 2. kapituluan, hain zuzen ere. Legeak ezarritakoaren arabera, Agentziaren izaera juridikoa eskubide pribatuko erakunde publikoarena da, unibertsitate-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikia, eta haren xedea da euskal unibertsitate-sistemaren esparruan kalitatea ebaluatu, egiaztatu eta ziurtatzea, Europako eta nazioarteko irizpideak aintzat hartuz.
2006ko ekainaren 1ean onartu zituen Agentziaren Administrazio Kontseiluak horren estatutuak, Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak bere 83.a) artikuluan ezarritakoarekin bat. Estatutu horiek dekretu gisa argitaratu ziren: 138/2006 Dekretua, uztailaren 27koa, Uniqual Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren estatutuak onartzen dituena.
Bolognako adierazpena sinatu zuten Europako hezkuntza-ministroek European Network for Quality Assurance in Higher Education (ENQA) erakundea gonbidatu zuten 2003an Berlinen egindako bilerara, kalitatea ziurtatzeko beste elkarte batzuekin batera, «kalitatea bermatzeko irizpide, prozedura eta jarraibideen multzo adostu bat» prestatzeko, eta «aztertzeko zer bitartekok bermatuko duten ikuskapen-sistema egoki bat, kalitate-berme bikoitzen bidezkoa, edo zer bitarteko behar dituzten ziurtapen-agentzia edo -erakundeek, 2005ean ministroei erabaki horien berri emateko, Bolognako Jarraipen Taldearen (Bologna Follow-Up Group) bitartez».
Gonbidapen horren emaitza izan zen «Goi Mailako Hezkuntzako Europako Esparruan kalitatea bermatzeko irizpideak eta jarraibideak» txostena, 2005ean onartua.
Dokumentu horren hirugarren atalean adierazita daude zein diren Europako irizpide eta jarraibideak kalitatearen kanpo-bermerako agentzientzat, irizpide eta jarraibide horiek osatzen baitute agentzia orok Europako esparruan homologazioa izateko jarraitu beharreko oinarrizko gida.
Hala, bada, Agentziak beharrezkotzat jo zuen bere estatutuak aldatzea, Europako goi-mailako hezkuntzako kalitatea bermatzeko agentzien sareak aitortutako agentzia homologo europarren maila berean jartzeko; horretarako, aipatutako goi-mailako hezkuntzako Europako esparruan kalitatea bermatzeko irizpideak eta jarraibideak ahalik eta estuen betetzeko bideari ekin zion.
Hori dela eta, 2009ko abenduaren 21ean, Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak bere 83.a) artikuluan ezarritakoari eta Agentziaren estatutuen 9.i artikuluari jarraiki, Agentziaren Administrazio Kontseiluak estatutuak aldatzea erabaki zuen, modu honetan:
ENQAren jarraibideetatik hirugarren irizpidea (agentzien jardunari buruzkoa) sendotu da, estatutuen laugarren artikulua aldatu eta bosgarren bat erantsiz; batak zein besteak erakundeen ebaluazio-lana sustatzeko asmoa dute.
Laugarren irizpidea ere sendotu da, hau da, agentziek baliabide nahikoa izateari buruzkoa, 18. artikulua zena aldatu eta 5. eta 20. artikuluak erantsita. Artikulu horiek agentziak egonkorki finantzatzeko sistema bat ezartzen dute, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin programa-kontratu bat sinatuz.
Sendotu egin da, orobat, ENQAren bosgarren irizpidea, agentzien xede-adierazpenari dagokiona, estatutuen 4. artikulua aldatuz: adierazpen hori egitea Agentziaren ardura dela zehaztu da.
ENQAren irizpideetan seigarrena, agentziak goi-mailako hezkuntzako eta gobernuetako erakundeen mende egon behar ez dutela dioena, sendotu da baita ere, 5., 8., 14., 15., eta 18. artikuluak aldatu eta 5. eta 20. artikuluak erantsita. Honako alderdi hauek zehaztu dira: Agentziak gaitasuna izango duela bere eginkizunak bere kabuz gauzatzeko, Agentzian kargu bat izateak dakartzan bateraezintasunak, interes-gatazkak ekiditeko ebaluazio-batzordeak kanpokoak izatea, Agentziako organoetako kideen arduraldiak mugatzea eta finantziazio-bermea.
ENQAren bosgarren irizpidea ere sendotu da, agentziek gizartearen aurrean beren lana justifikatzeari buruzkoa, alegia, 5. eta 18. artikulu ohiak aldatu eta 5. eta 20. artikulu berriak erantsita. Horietan ezarrita dago Agentziaren emaitzak aztertu beharko direla programa-kontratuan ezarritako adierazleen bitartez, eta horrela emango dituela kontuak.
Gure Agentziak Europako homologazioa lortzera bideratutako aldaketa horiekin batera, Agentziaren gobernu-organoaren eta zientzia- eta teknika-organoaren osaketa arautzeko modua ere aldatu da, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikulua betetzeko.
Azkenik, 16., 20. eta 24. artikulu ohiak ere aldatu dira, langileei, kontratazioari eta datuak babesteari buruzko legeen erreferentziak eguneratu baitira.
Hori guztia dela eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak hala eskatuta; generoaren ondoriozko eraginari buruzko aurretiazko ebaluazio-txostena egin ondoren; Unibertsitate Irakaskuntza Publikoko Koordinazio Kontseiluaren, Eusko Jaurlaritzarako Administrazio Publikoen Hizkuntza Normalizaziorako Zuzendaritzaren eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren aldeko txostenak jaso ondoren; Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari entzunda; eta Gobernu Kontseiluak 2010eko abenduaren 28an egindako bileran esandakoa aztertu eta onartu ondoren; hauxe
Ekainaren 27ko 138/2006 Dekretuan edo beste ezein xedapenetan Uniqual Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziari egin zaizkion legezko erreferentzia guztiak Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziari egindakotzat joko dira aurrerantzean.
Lehenengoa. Administrazio Kontseilua moldatzea.
Dekretu hau indarrean jartzen denetik, hilabeteko epea izango da, gehienez ere, Agentziaren estatutuetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten Administrazio Kontseiluko kideak ordezkatzeko.
Bigarrena. Agentziako zuzendaria egokitzea.
Administrazio Kontseilua egokitu ondoren, hilabeteko epea izango da, gehienez ere, Agentziako zuzendari berri bat izendatzeko, baldin eta zuzendari ohiak ez baditu estatutu berrietan ezarritako baldintzak betetzen.
Hirugarrena. Adituen Batzordea egokitzea.
Agentziako zuzendari berria izendatu ondoren, hilabeteko epea izango du horrek, gehienez ere, Administrazio Kontseiluari proposatzeko estatutuetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten Adituen Batzordeko kideak ordezka ditzan.
Laugarrena. Adituen Batzordea lehen aldiz berritzea.
Adituen Batzordea egokitu eta handik bi urtera, lehen aldiz berritu beharko da. Horretarako, luzaroen Adituen Batzordeko kide izan diren zazpi pertsonek beren kargua utzi beharko dute.
Bosgarrena. Ebaluazio-batzordeak egokitzea.
Adituen Batzordea egokitu ondoren, hilabeteko epea izango da ebaluazio-batzordeak estatutu berrietara egokitzeko.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2010eko abenduaren 28an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
Otsailaren 25eko Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legearen arabera, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate eta Ziurtapenaren Ebaluazio Agentzia (aurrerantzean, Agentzia) eskubide pribatuko erakunde publikoa, unibertsitate-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikia, eta nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa duena, bai eta berezko ondarea ere, bere sortze-legeak, estatutuok eta indarrean dauden gainerako legeek ematen dizkioten eginkizunak betetzeko.
Agentziaren jarduera, kanporako harremanetan, Zuzenbide Zibilaren, Merkataritza Zuzenbidearen eta Lan Zuzenbidearen mende egongo dira, oro har, ebaluazio-, egiaztapen- eta ziurtatze-egintzetan eta ahal publikoak erabiltzea dakarten egintzetan izan ezik, horiek Zuzenbide Publikoaren pean izango baitira.
Agentziak Vitoria-Gasteiz hirian du egoitza; hala ere, bulego gehiago ezar ditzake Administrazio Kontseiluak agindutako beste lurralde-eremu batzuetan.
Agentziak Vitoria-Gasteizen du helbide soziala, San Prudentzio kaleko 8. zenbakian.
Agentziak helbide soziala aldatzeko, Administrazio Kontseiluak onartu beharko du aldaketa hori.
Agentziaren xedea da euskal unibertsitate-sisteman kalitatea ebaluatu, egiaztatu eta ziurtatzea, Europako eta nazioarteko esparruak kontuan hartuta, Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 80.1 artikuluak xedatutakoaren arabera.
Bere xedea garatzeko, ondoren zehaztuko diren interes orokorreko helburuak lortzeko ardura du Agentziak, Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 80.2 artikuluak ezarritakoarekin bat.
Euskal unibertsitate-sistemaren kalitatea hobetzen laguntzea, irakaskuntzaren edo ikaskuntzaren, ikerketaren eta kudeaketaren arloetan.
Gizarteari eta norbanakoei informazioa ematea.
Administrazio publikoei eta unibertsitateei informazioa eta irizpideak ematea beren prozesuetan erabakiak hartzeko.
Eskumendun organoei aholkuak ematea gizarteari unibertsitate-sistemaren kontuak emateko irizpideak ezartzeko orduan.
Aipatutako helburuak lortzeko bidean, Agentzia saiatuko da gardentasuna, erkaketaren sustapena, elkarlana eta unibertsitateen eskumena areagotzen.
Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du Agentziaren aurrekontua; diru-kopuru hori nahikoa eta hainbat urterakoa izango da, eta Agentziaren independentzia bermatuko duen programa-kontratu baten bidez ezarriko da.
Agentziak ez du inolako mendekotasunik izango ez agintari politikoekiko ez eta euskal unibertsitate-sistema osatzen duten erakundeekiko.
Agentziak gardentasun-, berdintasun- eta eraginkortasun-printzipioen arabera jardungo du beti, bere eskumenekoak diren prozesu eta erabakietan zorroztasuna eta objektibotasuna ziurtatzeko.
Agentziak bere jardunen memoria egingo du urtero. Memoria hori Agentziaren web-orrian argitaratuko da Administrazio Kontseiluak onartu ondoren.
Agentziak urtero ikuskatuko ditu bere kontuak, kanpoko ikuskatzaile baten eskutik, eta ikuskapen horren txostena argitaratuko du bere web-orrian.
Agentziak bermatuko du kanporako harremanetan gaztelania eta euskara erabiliko direla. Agentziarekin dituzten harremanetan arreta euskaraz edo gaztelaniaz jasotzeko eskubidea bermatuko die pertsona fisiko eta juridikoei Agentziak, idatziz nahiz ahozko komunikazioetan.
Agentziak bere eginkizunak bete ahalko ditu bai Eusko Jaurlaritzak, unibertsitateek, edo beste erakunde batzuek edo bestelako interesdunek hala eskatuta, bai eta Agentziaren beraren ekimenez ere.
Hona hemen Agentziaren eginkizunak:
Euskal unibertsitate-sistemako erakundeen kalitatea ebaluatu, egiaztatu eta ziurtatzea, dela eskaintzen dituzten programa eta zerbitzuei dagokienez, dela erakunde horien kudeaketari dagokionez.
Unibertsitateek beren kalitatea ebaluatzeko dituzten sistema eta prozedurak ebaluatu, egiaztatu eta ziurtatzea.
Urtero aztertzea gizarte-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateekin izenpetutako programa-kontratuak.
Ebaluazio-txostenak egitea unibertsitate-sistemaren kalitatea hobetzeari buruz. Txosten horiek unibertsitateei, gizarte-eragileei edo gizarteari zuzenduak izan ahalko dira, eta agintariek hala eskatuta edo Agentziaren beraren ekimenez egingo ditu.
Ikerkuntza-jardueren nondik norakoak aztertzea.
Ebaluatze-, ziurtatze- eta egiaztatze-ereduak hobetu eta berriztatzeko azterlanak egitea.
Ebaluazioaren alde egitea, bai eta kalitate-irizpideak nazioarteko zein Europako esparruekin alderatzearen alde ere.
Hezkuntza-administrazioa, unibertsitateak eta gainerako erakundeak beren eginkizunen eremuan aholkatzea.
Ikasketa-planak aztertu eta horien kalitatea egiaztatzea ondoren onartzeko, urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuan, Gradu, Master eta Doktorego tituluak lortzeko gauzatu behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzkoan, eliza katolikoaren unibertsitateei buruz adierazitakoa kontuan izanda. Indarrean dauden legeetan aurreikusitako tituluak ezarri ondoren, urteroko jarraipen-txostenak eta titulu horiek aztertzea, emandako egiaztapena berritzeko edota aldaketak proposatzeko.
Unibertsitateek eta goi-mailako irakaskuntzako ikastetxeek (gizarte-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan dutenek) eskaintzen dituzten titulu ofizial eta berezkoak eskuratzeko ikasketen kalitatea ebaluatu eta egiaztatzea, baita goi-mailako unibertsitate-hezkuntzako atzerriko tituluak eskuratzeko ikasketak eskaintzen dituzten ikastetxeena ere.
Irakaskuntzen egiaztapena egitea, kalitatearen europar esparrua kontuan izanda.
Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeak, otsailaren 25ekoak, bere 34. artikuluan Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileentzat aurreikusten dituen ordainsari osagarriak eman ahal izateko, irakaskuntzako, ikerketako zein kudeaketako merezimenduak ebaluatzea.
Irakasleen merezimenduak ebaluatzeko txostenak egitea (Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legean, otsailaren 25ekoan, zein lege hori garatzen duten araudian aurreikusitakoak) unibertsitate publikoak irakasleak eta ikertzaileak kontratatzeko.
Irakasle bakoitzak funtzionarioak zein kontratupekoak arlo hauetan egin dituen merezimenduak balioestea: euskara unibertsitateko jarduera guztietan benetan sartzeari begira egindako jardueretan, eta, bereziki, irakaskuntzako, zientzia gizartera zabaltzeko eta ikerketa-jarduera gizartera hedatzeko materialen zein espezializatutako glosarioen prestaketa eta kudeaketan.
Unibertsitate pribatuetan eta irakaskuntza bereziak ematen dituzten goi-mailako irakaskuntzako ikastetxeetan irakasleen irakaskuntza- eta ikerketa-lana ebaluatzea.
Ikertzaile iraunkorren irakaskuntza- eta ikerketa-jarduera aldian-aldian ebaluatzea.
Unibertsitateen ardura duen Eusko Jaurlaritzako Sailak eta unibertsitateek agindutako zereginak.
Bere jardute-eremuarekin zerikusia duelako esleitutako beste edozein eginkizun.
Beste autonomia-erkidego batzuetan, Estatuan edo atzerrian unibertsitateen kalitatea ebaluatu, egiaztatu eta ziurtatzeko eginkizunak dituzten beste agentzia batzuekin harremanak lotu ahal izango ditu agentzia horrek, elkarlanerako, lankidetzarako eta elkarren artean informazioa trukatzeko.
Gobernu-organoek eta izaera zientifiko eta teknikoko organoek osatzen dute Agentzia.
1. ATALA
GOBERNU-ORGANOAK
Hauek dira Agentziaren gobernu-organoak:
Administrazio Kontseilua.
Zuzendaria.
Administrazio Kontseilua da Agentziaren gobernu-organo nagusia, eta otsailaren 25eko Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeak 82. artikuluan xedatutakoaren arabera, kide hauek osatzen dute:
Unibertsitate-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburua edo hark izendatutako ordezkoa, kontseiluburua izango dena.
Agentziako zuzendaria.
Unibertsitate-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburuak izendatutako hiru pertsona.
Lehendakariak izendatutako hiru pertsona ospeko.
Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea.
Euskal unibertsitate-sistemako gainerako unibertsitateetako errektoreak.
Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak izendatutako bost pertsona ospe jakinekoak.
Lehen paragrafoko c), d) eta g) ataletan aipatutako Administrazio Kontseiluko kideek adituak izan behar dute Euskadiko, Espainiako zein nazioarteko unibertsitate-sistemari buruz, eta eskarmentua eduki behar dute unibertsitateko irakasle edo ikertzaileak ebaluatzean; orobat, hemezortzi urteko eskarmentua egiaztatu beharko dute, gutxienez ere, unibertsitateko ikerketa- edo kudeaketa-lanetan. Kide horiek hiru urterako izendatuko dira, eta beste hiru urtez baizik ezingo zaie luzatu izendapen hori.
Administrazio Kontseilua osatzean emakume eta gizonen kopurua berdintsua izatea bultzatuko da. Nolanahi ere, c), d) eta g) atalen arabera izendatutako hamaika pertsonetatik bostek ordezkari gutxien dituen sexukoak izan beharko dute.
Euskal unibertsitate-sistemako unibertsitateetako errektoreordeek ezin dute artikulu honetako 1. paragrafoaren c), d) eta g) ataletan aipatutako Administrazio Kontseiluko kargua onartu, Kontseiluaren independentzia bermatzeko.
Administrazio Kontseiluko kideek ezingo dute izan Adituen Batzordeko ez eta ebaluazio-taldeetako kide ere, eta ezingo dute jardun inolako ebaluazio-, egiaztapen- ez ziurtapen-lanetan.
Organo honetako kidetza norberarena eta besterenezina da. Botoa norberarena eta besterenezina da eta, hortaz, ezingo da beste inoren esku utzi.
Administrazio Kontseiluko kideek kargu hori izateari utziko diote honako egoera hauetan:
Arduraldia amaitzea. Arrazoi hori dela eta Administrazio Kontseiluko kide izateari uzten diotenean, kideek beren eginkizunekin betetzen jarraituko dute kargu berriak hautatu arte.
Uko egitea.
Ezintasun iraunkorra edo heriotza.
Beren kargua dela medio Kontseiluko kide direnek kargu hori uzten dutenean kontseilukide izateari utziko diote.
Egoera hauetakoren batean:
Artikulu honetako 4. paragrafoan adierazitakoaren arabera, Kontseiluarekin bateraezina den unibertsitate-kudeaketako karguren bat onartzea.
Kontseiluaren bileretara arrazoirik gabe huts egitea, hiru aldiz jarraian, edo bost aldiz guztira.
Estatutuok eta indarrean dauden legeek ezarritako eginkizunak eta betebeharrak ez betetzea modu larrian, nahita eta behin baino gehiagotan. Horrelakoetan, Administrazio Kontseiluak kargugabetzea adostuko du.
Hauek dira Administrazio Kontseiluari dagozkion eginkizunak:
Agentziaren estatutuak eta horien aldaketak egin eta onartu ondoren, Gobernu Kontseiluari aurkeztuko zaizkio, onar ditzan, unibertsitateen ardura duen Eusko Jaurlaritzaren Saileko titularrak proposatuta.
Agentzia zuzentzea, horren kudeaketa- eta jarduketa-planak onartzea eta azken horien jarraipena egitea.
Agentziaren jarduketa-irizpide eta -ildo orokorrak onartzea, hezkuntza-administrazioaren, unibertsitateen eta Adituen Batzordearen proposamenei men eginez, beti ere.
Ebaluatzeko, egiaztatzeko eta ziurtatzeko adierazle edo irizpide orokorrak proposatzea 6. artikuluan adierazitako Agentziaren eginkizun bakoitzerako. Adierazle eta irizpide horiek nazioartean erabiltzen direnak izan beharko dute, eta dekretuz onartuko dira.
Aldian-aldian Agentziaren jarduna aztertzea.
Agentziaren aurrekontuen, behin-behineko finantza-egoeren eta urteko jarduera-memoriaren aurreproiektua onartzea eta unibertsitateen ardura duen Eusko Jaurlaritzako Sailari aurkeztea dagozkion izapideak egiteko, indarrean dauden legeen arabera. Orobat, Agentziaren kontu-likidazioa prestatzea ere Kontseiluari egokituko zaio.
Agentziako zuzendaria izendatu edo kargugabetzea, bai eta Adituen Batzordeko kideak ere.
Onartzea, hala badagokio, barne-antolamenduko eta aurrekontu-kudeaketako araudiak, bai eta Agentziak egingo dituen jarduera eta programen funtzionamendurakoak ere; era berean, Kontseiluaren eginkizuna da Agentziaren jarduna eta antolamendua hobetzeko dagozkion neurriak hartzea.
Obra-, instalazio- eta zerbitzu-proiektuak onartzea.
Hala badagokio, zorpetze-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailari proposatzea zorpetze-eragiketak eta abalak ematea, Gobernu Kontseiluari helarazteko.
Kreditu- eta diruzaintza-eragiketak baimentzea ekitaldian zehar.
Agentziak bere zerbitzuak emateko prezioak onartzea.
Erakunde publiko edo pribatuekin izenpetu beharreko kontratu eta hitzarmenak onartzea, estatutuotan finkatutako xedeak lortze aldera.
Agentziako zuzendariaren ordainsaria finkatzea, bai eta Agentziak berak kontratatutako gainerako langileena ere; eta finkatzea, hala badagokio, Kontseiluko, Adituen Batzordeko eta ebaluazio-taldeetako kideen bertaratze-dietak finkatzea.
Agentziaren kode etikoa onartzea, bere jardueren objektibotasuna eta inpartzialtasuna bermatzeko. Kode hori agerikoa izango da, Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeak, otsailaren 25ekoak, bere 88. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Agentziaren eskubideak eta interesak defendatzeko beharrezko ekintza, errekurtso eta erreklamazio judizial zein administratiboak erabiltzea.
Baimena ematea lankidetza- eta laguntza-harremanak nahiz informazioa trukatzekoak lotzeko erkidegoan, Estatuan zein atzerrian ebaluatze-, egiaztapen- eta ziurtapen-lanak egotzi dizkieten beste agentzia batzuekin; eta baimena ematea, orobat, agentzia horiekin hitzarmenak sinatzeko.
Euskal unibertsitate-sistema osatzen duten unibertsitateek informazioa jasoko dute aipatutako harreman eta trukaketa horietatik sor daitezkeen akordio eta hitzarmenei buruz.
Otsailaren 25eko Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 113. artikuluan aurreikusitako hitzarmena onartzea, publikoak ez diren unibertsitateetako irakasleen ebaluazioa garatzekoa, hain zuzen ere.
Programa-kontratua eta beharrezko aldaketak edo gehikuntzak onartzea unibertsitateen ardura duen Eusko Jaurlaritzako Sailarekin batera, eta baimena ematea Agentziako zuzendariak sina dezan.
Estatutuok eta indarrean dauden gainerako legeek egozten dizkioten eginkizunak, bai eta Agentziaren beste organoei berariaz egotzi ez zaizkienak ere.
Administrazio Kontseiluak ohiko bilerak egingo ditu urtean bi aldiz, gutxienez. Agentziaren Administrazio Kontseiluak ezohiko bilerak egin ditzake edozein unetan, kontseiluburuaren erabakiz, Kontseiluko kideen laurden batek edo zuzendariak hala eskatzen badute.
Agentziako buruari dagokio: bilerak deitu, zuzendu, atzeratu eta bukatzea, Administrazio Kontseiluaren gogoetak epaitzea, bere botoaren bidez berdinketak erabakitzea, eta kanpoko pertsonak Administrazio Kontseiluaren bileretara etortzeko baimentzea, landu beharreko gaiaren izaera dela medio komenigarri irizten badio.
Administrazio Kontseiluak bere kideetako bat kontseiluburuorde izendatuko du, kontseiluburuaren kargua hutsik, edo hura kanpoan edo gaixo dagoenean kontseiluburua ordezkatzeko, bai eta idazkari bat ere, Administrazio Kontseiluko bileren akta egiteko, kontseiluburuaren oniritziarekin sinatzeko, beharrezko egiaztagiriak idazteko eta kontseiluetako idazkariei dagozkien gainerako eginkizunetarako.
Administrazio Kontseiluan abokatu aholkulari bat izan daiteke, ahotsa izango duena, baina botorik ez. Era berean, kontseiluburuak, zuzendariak edo Administrazio Kontseiluko lau kidek hala eskatuta, beste pertsona batzuek ere parte hartu ahalko dute gai jakinei buruzko informazioa edo aholkuak emateko.
Administrazio Kontseiluaren bilerak balioz eratzeko, kontseiluburua eta idazkaria edo horien ordezkoez gainera, kideen erdia eta bat bertaratu behar dira.
Botoen gehiengoz hartuko dira erabakiak, estatutuen aldaketa salbu, horretarako kontseiluko kideen bi herenen berariazko akordioa beharko baita.
Ezin izango da baliozko akordiorik hartu gai-zerrendan sartu ez diren gai berriei buruz, baldin eta bileran kontseiluko kide guztiak ez badaude eta gaiaren premiazkotasuna erabaki ez bada, gehiengoaren aldeko botoz.
Administrazio Kontseilua Osoko Bilkuran eta Batzorde Iraunkorrean aritu daiteke. Batzorde Iraunkorrak honako kide hauek izango ditu: kontseiluburua, kontseiluburuordea, idazkaria, Agentziako zuzendaria eta Kontseiluak bere kideen artean hautatutako beste hiru pertsona. Batzorde Iraunkorrak estatutuon 10. artikuluko i), m) eta o) letretan jasotako eginkizunak izango ditu, baita Administrazio Kontseiluak berariaz eskuordetzen dizkion beste guztiak ere.
Administrazio Kontseiluak erabakiko du Batzorde Iraunkorraren bileren maiztasuna, eta Batzorde Iraunkorrak, era berean, bere jardueren berri emango dio Kontseiluari, aldiro.
Estatutuok edo Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak aurrez ikusi ez dituzten gaietarako, men egingo zaio Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, xedatutakoari.
Aurreko artikuluan ezarritakoaz gainera, kontseiluburuari dagozkio:
Agentziaren erakunde-ordezkaritza; nolanahi ere, zuzendariaren esku utz dezake eginkizun hori.
Agentziaren jardunari buruzko informazioa ematea Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari.
Agentziaren helburu, xede eta eginkizunak betetzen direla begiratzea.
Administrazio-kontseiluak eskuordetutako eginkizun oro.
Zuzendariari dagokio Agentzia zuzentzea. Administrazio Kontseiluak izendatuko du, kontseiluburuak proposatuta, sei urteko aldirako. Aldi hori behin luza daiteke.
Agentziako zuzendariak Euskal Autonomia Erkidegoko, Espainiako edo nazioarteko unibertsitate-sistemetako aditua izan behar du, eta unibertsitateko katedradun edo irakasle osoaren maila izan behar du, edo nazioartean antzekotzat jotzen den maila. Orobat, hemezortzi urteko eskarmentua egiaztatu beharko du, gutxienez ere, unibertsitateko ikerketa-, ebaluazio- edo kudeaketa-lanean.
Hauek dira zuzendariaren eginkizunak:
Administrazio Kontseiluaren eta Batzorde Iraunkorraren erabakiak betetzea, eta Administrazio Kontseiluari helaraztea dagozkion proposamenak, baita eskatzen zaizkion txosten, azterlan eta analisiak ere.
Agentziaren jarduerak zuzendu, antolatu, kudeatu eta ikuskatzea, Administrazio Kontseiluaren jarraibideen arabera.
Agentziaren jarduera-programaren eta zerbitzu-katalogoaren proposamena prestatzea, eta Administrazio Kontseiluari aurkeztea, horiek onar ditzan, hala badagokio.
Lanpostu-zerrendaren proposamena prestatzea, eta Agentziako berezko langileei eta Agentziari atxikitakoei buruzko kontratazio-, zuzendaritza-, kudeaketa- eta gainbegiratze-eginkizunak betetzea.
Urteko aurrekontuaren eta horren aldaketen aurreproiektua prestatu eta Administrazio Kontseiluari helaraztea, horiek aztertu eta, hala badagokio, onar ditzan.
Agentziaren kudeaketa ekonomikoa zuzentzea, onartutako aurrekontuaren eta hori betetzeko oinarrien arabera.
Agentziaren ondarea administratzea, Administrazio Kontseiluaren jarraibideen arabera, eta Kontseiluak gai horri buruz ematen dizkion eskuordetzen barruan. Agentziaren instalazioak eta ekipamendua zaintzeaz eta mantentzeaz arduratzea.
Kontratazio-organo gisa dagozkion eskumenak erabiltzea, Administrazio Kontseiluak ezarritako mugen barruan. Estatutuok eta Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak aipatzen dituzten kontratuak eta lankidetza-hitzarmenak izenpetzea, Agentziaren izenean.
Agentziaren legezko ordezkaria izatea eta, horren indarrez, Agentziari betebehar edo erantzukizun ekonomikoak ezarri dizkioten epaiak eta ebazpenak betearaztea.
Lan-metodoen hobekuntzaz eta kalitateaz arduratzea, baita berrikuntza teknologikoak sartzeaz ere.
Administrazio Kontseiluari eta horren barruan eratutako batzordeei informazioa ematea, haien eginkizunak egoki betetzeko behar den guztian, eta Agentziaren jardun onerako egoki iritzitako proposamenak egitea.
Adituen Batzordeak proposatuta, Ebaluazio Batzordeetako kideak izendatu eta kargutik kentzea.
Programa-kontratuaren aurreproiektua, horren aldaketak eta eranskinak prestatzea, bai eta hitzarmen osagarriak ere Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin.
Estatutuok eta indarrean dauden gainerako arauek emandako beste edozein eginkizun, baita Administrazio Kontseiluak berariaz agindu edo eskuordetuak ere, estatutuon 10. artikuluko a), b), c), d), e), f), g), ñ), o), r) eta s) idatz-zatiek Administrazio Kontseiluari emandakoak salbu.
Agentziako zuzendari-kargua ordaindua izango da, eta dedikazio esklusiboa eskatuko du, Agentziaren baitako zereginei dagokienez. Hala, bada, 130/1999 Dekretua, otsailaren 23koa, zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako eta sozietate publikoetako zuzendaritza-taldekideen estatutu pertsonala arautzekoa, aplikatuko zaio.
Zuzendariaren kargua hutsik, edo zuzendaria kanpoan edo gaixo dagoenean, kontseiluburuak edo horrek eskuordetuak hartuko ditu bere gain zuzendariaren eginkizun guztiak.
2. ATALA
ZIENTZIA- ETA TEKNIKA-ORGANOAK
Adituen Batzordea da Agentziaren zientzia- eta teknika-izaerako kide anitzeko organoa.
Hona Adituen Batzordearen osaera:
Agentziako zuzendaria, Batzordeko buru izango dena.
Administrazio Kontseiluak izendatutako hamabost pertsona, Euskal Autonomia Erkidegoan, Estatuan edo nazioartean unibertsitate- edo ikerketa-komunitateko kide direnak eta ebaluazio-lanetan eskarmentua dutenak, edo hemezortzi urteko eskarmentu egiaztatua dutenak unibertsitate-ikerkuntza edo -kudeaketan; mota bateko eta besteko ordezkari-kopurua berdintsua izateko ahaleginak egingo dira. Batzorde hau osatzeko emakume eta gizonezkoen kopurua berdintsua izatea sustatuko da; zehazki, sexu bakoitzeko ordezkariak guztizkoaren % 40 izango dira, gutxienez.
Euskal unibertsitate-sistemako unibertsitateetako errektoreordeek ezin dute Adituen Batzordeko kide izan, Batzordearen jardunaren independentzia bermatzeko.
Adituen Batzordeko kideak hiru urterako izendatuko dira, gehienez ere. Kideen erdiek beren kargua berrituko dute, bi urtean behin. Hauek izango dira Adituen Batzordeko kide izateari uzteko arrazoiak:
Arduraldia amaitzea Arrazoi hori dela eta Adituen Batzordeko kide izateari uzten diotenean, kideek beren eginkizunak betetzen jarraituko dute kargu berriak hautatzen direnera arte.
Uko egitea.
Ezintasun iraunkorra edo heriotza.
Egoera hauetakoren batean:
Unibertsitate-kudeaketako kargu bateraezinen bat onartzea, 15.3 artikuluan jasotakoaren arabera.
Batzordearen bileretara arrazoirik gabe huts egitea, hiru aldiz jarraian, edo bost aldiz guztira.
Estatutu hauek eta indarrean dauden legeek ezarritako batzordekidearen eginkizunak eta betebeharrak ez betetzea modu larrian, nahita eta behin baino gehiagotan. Horrelakoetan, Administrazio Kontseiluak kargugabetzea adostuko du.
Adituen Batzordeak, bere jarduerak objektiboak eta inpartzialak izango direla bermatzeko, Agentziak onartutako kode etikoa izango du arau.
Adituen Batzordeak eginkizun hauek beteko ditu:
Agentziako zuzendaria eta Administrazio Kontseilua aholkatzea plan estrategikoa eta programa-kontratua prestatzeko orduan.
Ebaluazio-adierazle edo -irizpideak prestatu, eta Administrazio Kontseiluari helaraztea, hark onar ditzan. Irizpide horiek Agentziaren ebazpen bidez argitaratuko dira. Gainera, objektiboak eta agerikoak izango dira, eta nazioarteko komunitate zientifikoak hartutakoekin homologatu ahalko dira.
Ebaluazio-protokoloak prestatu eta onartzea, Agentziako zuzendariaren ebazpen bidez argitara daitezen.
Ebaluazio-, egiaztapen- eta ziurtapen-eginkizunez arduratzen diren Ebaluazio Batzordeetako kideen izendapena eta kargutik kentzea proposatzea zuzendariari, Administrazio Kontseiluak hala onartu ondoren.
Ebaluazio-, egiaztapen- eta ziurtapen-prozesuak inpartzialak eta objektiboak izan daitezen zaintzea.
Zuzendariari eta Administrazio Kontseiluari aholkua ematea, aztertzeko ematen dizkioten gai guztietan.
Administrazio Kontseiluak berariaz agindu edo eskuordetutako beste edozein eginkizun; orobat, estatutuok eta indarrean dauden gainerako arauek emandakoak.
Agentziako zuzendari izango da Adituen Batzordearen bileretako burua, eta idazkaria izendatuko du Batzorde horretako kideen artetik. Bilera horiek balioz eratzeko, aipatutako karguez gainera, kideen erdia eta bat bertaratu beharko dira. Botoen gehiengoz onartuko dira Adituen Batzordearen akordioak, Ebaluazio Batzordeetako kideak izendatu eta kargutik kentzeko erabakietan salbu, horretarako Adituen Batzordeko kideen bi herenen aldeko botoa beharko baita.
Agentziak, bere eginkizunak betetzeko, zientzia-komunitatearen aholkularitza eskuratuko du, Ebaluazio Batzordeen bitartez. Ezagutza-arloen edo espezialitateen arabera sortuko dira Ebaluazio Batzorde horiek, edota garatu beharreko ebaluazio-prozesuaren berezitasunen arabera.
Ebaluazio Batzordeek bete beharreko eginkizunaren arabera egoki iritzitako kide-kopurua izango dute. Kide horiek Agentziako zuzendariak izendatuko ditu, Adituen Batzordearen proposamenez, Espainiako edo nazioarteko eta euskal unibertsitate-sistemaz kanpoko zientzia-komunitateko irakasle doktoreen artean. Azken horiek hamabi urteko esperientzia egiaztatu beharko dute ikerkuntza-lanetan.
Ebaluazio Batzordeetan ikasleek eta profesionalek parte hartu ahalko dute, Agentziaren ebaluatzaile-hautaketako kodean ezarritakoaren arabera, beti ere. Kode hori Administrazio Kontseiluak onartu beharko du.
Ebaluazio Batzordeen osaeran gizon eta emakumeen kopurua berdintsua izatea sustatuko da; hala, bada, sexu bakoitzeko ordezkariak guztizkoaren % 40 izango dira, gutxienez.
Ebaluazio Batzordeko kideak hiru urterako izendatuko dira, eta ezingo dira berriz aukeratu kargua utzi zutenetik hiru urte igaro arte.
Ebaluazio Batzordeetako kideek batzordekide izateari utziko diote honako hauetakoren bat gertatuz gero:
Arduraldia amaitzea.
Uko egitea.
Ezintasun iraunkorra edo heriotza.
Izendatu zituen organoaren proposamenez kargutik kentzea. Honako egoera hauetan kenduko da kargutik Ebaluazio Batzordeetako kide bat:
Batzordearen bileretara arrazoirik gabe huts egitea, hiru aldiz jarraian, edo bost aldiz guztira. Ondorio bera izango du urtebetean egindako bileren erdietara ez joateak, huts-egitea arrazoitua izan arren.
Administrazio Kontseiluaren erabakiz, estatutuotatik eta indarrean dauden arauetatik eratorritako eginkizunak eta betebeharrak modu larrian, nahita eta behin baino gehiagotan ez betetzea.
Ebaluazio-, egiaztapen- eta ziurtapen-prozesuen emaitzak Agentziako zuzendarien ebazpenen bitartez formalizatuko dira, dagokion Ebaluazio Batzordeak txostena egin ondoren. Ebaluazio Batzordeek, erabaki horiek hartzeko, men egin beharko diete estatutuok Agentziaren Administrazio Kontseiluak erabakiak hartzeari dagokionez ezarritako arauei.
Ebaluazio-, egiaztapen- eta ziurtapen-prozesuei buruzko ebazpenak emateko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da, gehienez ere. Epearen barruan ebazpenik iritsi ezean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 43. eta 44. artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.
Erakunde-ebaluaziorako programetan eta titulazio-programetan Agentziaren ebazpena aldekoa ez bada, unibertsitateek erreklamazioa aurkeztu ahalko diote Agentziari. Erreklamazio hori Euskadiko Unibertsitate Kontseiluri igorriko zaio txostena egin dezan gauzatutako prozeduraren legezkotasunari buruz eta arbitrariotasuna egon den edo ez aztertzeko, izaera teknikoko gaietan edo balorazioetan sartu gabe, beti ere. Txosten hori Agentziari bidaliko zaio gero, jarritako erreklamazioari erantzuteko ebazpenaren txostenean sartzeko.
Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 79.4 artikuluaren arabera, Agentziako langileak bi eratakoak dira:
Berezko langileak, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak begiratuz lan-zuzenbidearen pean kontratatutakoak.
Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetako langileak eta Espainiako unibertsitate publikoetako langileetatik berari atxikitzen zaizkionak.
Agentziako langile guztiek, izaera edo jatorria edozein dutela, zuzendariarekiko mendetasun funtzionala izango dute.
Araubide juridikoari dagokionez, langile horiek honako lege eta arau hauei lotuko zaizkie: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoak Lege hori garatzeko egingo dituenak, eta lan-legedian bildutako xedapenak.
Agentziari atxikitako ondasun eta eskubideen kudeaketari jarraipena egingo zaio, ondare-kontabilitatearen bitartez. Agentziak, era berean, beharrezko laguntza emango du, Ogasun Saileko organo eskudunak prestatuko duen inbentario orokorra egiteko.
Nolanahi ere, Agentziak bere ondasun eta eskubideen inbentarioa egin eta eguneratuta eduki behar du, izaera suntsikorra dutenen salbuespen bakarrarekin. Urtero egingo da inbentarioa, abenduaren 31 erreferentziatzat hartuta, eta administrazio-kontseiluari aurkeztuko zaio, onar dezan, hurrengo ekitaldiko lehen hiruhilekoan.
Agentziak honako baliabide hauek izango ditu, bere xedeak betetzeko:
Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan urtero zuzenduko zaizkion kredituak. Kreditu horiek urte anitzeko programa-kontratu baten bidez finkatuko dira.
Bere ondarearen, atxikita dituen ondasunen edota administratu eta ustiatzeko eman zaizkion ondasunen emaitzak eta errentak.
Jasotzea dagozkion zuzenbide publiko edo pribatuko diru-sarrerak, baita bere jardueren ondorioz sortutakoak ere.
Beste erakunde publiko edo organismo edo pertsona pribatu batzuek Agentziaren alde eman edo eskuratutako diru-laguntza, borondatezko ekarpen edo dohaintzak.
Eskatu dakiokeen beste edozein baliabide ekonomiko, arruntak zein apartekoak.
Urte anitzeko programa-kontratuen bidez egituratuko dira Agentziak unibertsitateen ardura duen Eusko Jaurlaritzako Sailarekin dituen harremanak. Lau urteko iraupena izango dute.
Hona hemen programa-kontratuaren xedea: Agentziaren helburu operatiboak erabakitzea dagokion eperako, zehazki, enkarguz edo bere kabuz gauzatu beharreko jarduerak eta zerbitzuak finkatzea, eta helburu bakoitzerako jarraipen-adierazleak ezartzea. Hori guztia, urte anitzeko epe baterako zehaztuta.
Programa-kontratuaren helburuak dira:
Agentziaren eta unibertsitateen ardura duen Eusko Jaurlaritzako Sailaren arteko harremanak egituratzea. Harreman hori bi alderdiek konpromisoak hartzean oinarritzen da, eta Agentziak aldian-aldian Eusko Jaurlaritzari kontuak ematean.
Adostasunez ezartzea Agentziaren helburu orokorrak zein diren euskal unibertsitate-sistemaren kalitatea bermatze aldera; Agentziak bere eginkizunetan inolako mendekotasunik ez duela ziurtatu beharko da, beti ere.
Agentziari bere egitekoa betetzeko behar dituen baliabide guztiak ematea eta inolako mendekotasunik ez duela bermatzea, urte anitzeko finantziazioa jasotzen duela ziurtatuz.
Programa-kontratuak epe osorako oinarrizko ekonomia- eta finantza-aurreikuspenak jaso beharko ditu, urte anitzeko eperako zehaztuta, Agentziaren finantza-askitasuna bermatzeko. Aurreikuspen horiek moldagarriak izango dira, helburuak aldatzea edo aparteko ekintzak direla medio.
Programa-kontratuak Jarraipen Batzorde bat eratu behar du proposatutako helburuak nola betetzen diren aztertzeko eta beharrezko iritzitako aldaketak proposatzeko, ezarritako helburuak indarrean dauden bitartean edo, etorkizunera begira, indarrean dagoen programa-kontratua bukatzen denerako.
Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak xedatu duenaren arabera, Zuzenbide Pribatuko erakunde publikoei dagozkien arauak aplikatuko zaizkio Agentziari, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren berezko gaiei buruz autonomia-erkidegoak duen legeriaren arabera.
Agentziak bere ekonomia- eta finantza-informazioa eramango du, eta kontabilitate-lan orokorreko irizpideen arabera prestatuko du. Ekonomia- eta finantza-informazio hori, halaber, honako honi egokituko zaio: Euskal Autonomia Erkidegoko kontrol- eta kontabilitate-arauek Zuzenbide Pribatuko erakunde publikoei buruz ezarritakoari.
Indarrean dauden legeetan dago Agentziaren eginkizunak betetzeko behar diren ondasun eta zerbitzuak kontratatu eta eskuratzeko araubide orokorra, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak bere eskumenak gauzatzean eman ditzakeen ezein arau-xedapenetan ere.
Agentziako zuzendaria izango da Agentziaren kontratazio-organoa.
Honako arau hauek hartzen ditu Agentziari aplikatzen zaion araubide juridikoak: Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, estatutuok eta Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbide pribatuko erakunde publikoei aplikatzen zaizkien lege eta izaera orokorreko xedapenek ezarritakoak.
Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak ematen dizkion administrazio-ahalak erabiliko ditu Agentziak; baita, hala bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ematen dizkionak ere.
Agentziako organoek beren administrazio ahalak erabiliz ematen dituzten egintzak administrazio-egintzak dira, eta amaiera ematen diote administrazio-bideari. Beraz, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke horien aurka, edo, besterik gabe, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, eskumena duen jurisdikzioaren aurrean.
Agentzian ematen diren administrazio-egintzak interesatuei jakinaraziko zaizkie, eta hala badagokie, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, horretarako legeria orokorrak xedatutakoaren arabera.
Auzibide zibilera edo lan-auzibidera jo aurreko erreklamazioak Agentziako zuzendariari bidaliko zaizkio, hark ebatzi beharko ditu eta.
Agentziaren ondare-erantzukizunaren araubidea izango da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak bere X. tituluan eta hori garatzeko arauetan ezarritakoa. Agentziaren aurkako ondare-erantzukizunari buruzko erreklamaziorik egonez gero, Agentziako zuzendaria izango da horiek ebazteko eskumenduna.
Agentziak lege-aholkularitza izango du bere egintza guztien legezkotasuna begiratzeko.
Agentziak, bere eginkizunak betetzean, datu pertsonalak babesteari buruz indarrean dagoen legedia errespetatu beharko du.
Agentziak men egin beharko die datu-babesari dagokionez indarrean dauden legeek ezarritako baldintza eta betebeharrei, beren eginkizunak gauzatzeko beharrezkoak diren datu-baseak eta fitxategiak sortu, mantendu, kudeatu, aldatu eta ezabatzeko orduan, baldin eta horiek datu pertsonalez osatzen badira.
Agentziaren Administrazio Kontseiluak egoki iritzitako estatutu-aldaketak onetsi ahal izango ditu, eragiten dioten lege-aldaketei egokitu edota Agentziaren funtzionamendua hobetzeko. Estatutuak aldatzeko, kontseilukideen bi herenek akordioa adierazi eta, unibertsitateen ardura duen Eusko Jaurlaritzako Saileko pertsona titularraren eskariz, Gobernu Kontseiluari aurkeztu beharko zaio, azken horrek onar dezan.
Legez ezarritakoaren arabera egingo dira Agentziaren azkentzea eta horri dagokion likidazio-prozesua.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Indargabetutakoa: 204/2013 DEKRETUA, apirilaren 16koa, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren estatutuak onartzen dituena.
- Aldatzen du: 138/2006 DEKRETUA, ekainaren 27koa, Uniqual Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren Estatutuak onartzen dituena.