Arautegia

Inprimatu

198/2006 DEKRETUA, urriaren 10ekoa, Lanpostuen Zerrendak, ikasturtez ikasturte, Bigarren Mailako Irakaskuntzako Institutuetako eta Goi Mailako Lanbide Heziketako Berariazko Institutuetako zein irakaslerengan duen eragina zehazteko irizpideak ezarri eta irakasleak zentroetan berriro atxikitzeko prozesua arautzen duen Dekretua aldatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 204
  • Hurrenkera-zk.: 5264
  • Xedapen-zk.: 198
  • Xedapen-data: 2006/10/10
  • Argitaratze-data: 2006/10/25

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Funtzio publikoa; Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Uztailaren 12ko 24/1994 Legeak, irakaskuntzako funtzionarioek lanpostuak betetzeko arauak ezarri dituenak, bere 1. artikuluan ezarri duenez, hezkuntza-administrazioek "lanpostuak betetzeko prozedurak antolatu ahal izango dituzte …., hori guztia, jakina, langileak birbanatzeko edo birkokatzeko prozesuan noiznahi egin ahal izatearen kaltetan gabe".

Apirilaren 16ko 86/2002 Dekretuz arautu ziren Bigarren Mailako Irakaskuntzako Institutuetako eta Goi Mailako Lanbide-Heziketako Berariazko Institutuetako plantilak egokitzeko prozesuak. Arau horrek aukera eman du urteotan zehar irakasleak birbanatu eta birkokatzeko prozesu egokiak egiteko ikastetxe horietan, ikasturte bakoitzean egokitu ahal izateko ikastetxe bakoitzeko behin betiko plantila LPZren aldaketei.

Urteotan, hala ere, hezkuntza arautzeko bi lege organiko onartu dira -10/2002 Lege Organikoa, abenduaren 23koa, Hezkuntzaren Kalitateari buruzkoa (LOCE); eta oraintsuago, 2/2006 Legea, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa (LOE)-, eta hauxe ekarri dute, besteak beste: goian adierazitako dekretua lege horiek diotenera egokitu beharra; zehazki, katedradun izaeraren desagertzeari dagokionez, kategoria edo izaera hori zuten irakasleak Katedradunen Kidego berrietan sartu baitira.

LOCEk, egin-eginean ere, bere bederatzigarren xedapen gehigarrian sortu ditu Bigarren Hezkuntzako Katedradunen, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradunen eta Arte Plastiko eta Diseinuko Katedradunen Kidegoak, eta honako hau xedatu du: dagokien Katedradunen Kidegoetan sartuko direla katedradun-izaera aitortua duten funtzionarioak. Lege horren azken xedapenetan hirugarrenak, berriz, indarrik gabe utzi ditu Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako 1/1990 Lege Organikoak, urriaren 3koak, katedradun-izaerari buruz egindako aipamen guztiak.

LOEk, bere aldetik, eutsi egin die Katedradunen Kidego horiei, eta bere zortzigarren xedapen gehigarrian aurreikusi duenez, dagokien irakasleen kidegoetako funtzionarioak, baldin eta katedradun izaera aitortua badute, Katedradunen Kidegoetan sartuko dira.

Era berean, ikasturtero ikastetxeetan plantilak egokitzeko egin diren prozesuetan pilatutako esperientziak erakutsitakoari jaramon eginez, bidezko da 16. artikuluak ezarritako ordenamendu-irizpideetako bat argitzea. Hain zuzen ere, 3. paragrafoko a) letran ageri den irizpidea da, ikastetxean izandako antzinatasunari buruzkoa, azken tarteki bat gehitu baitzaio, honako hau argitzeko: lehentasuna jartzeko kontuan hartzen den zerbitzu-denbora parte hartzen duten institutuan etengabe pilatutakoa dela, baina "zer Kidegotik parte hartzen den, Kidego horretan bertan izanik".

Ildo beretik, Latineko eta Grekoko plazak arian-arian galduz doazenez, bidezko dirudi "Kultura Klasiko"ko lanpostuetarako berratxikipena aurreikustea; izan ere, urriaren 6ko 1635/1995 Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarriak aurreikusitakoaren arabera, lanpostu mistoak dira, eta aipatutako bi espezialitateak emateko irakaskuntza-gaitasuna ematen zaie horien titularrei. Hori dela eta, behar bezala identifikaturik agertuko dira plaza horiek Lanpostu Zerrendan, eta aipatu espezialitate bietako edozeinen titular diren Bigarren Irakaskuntzako irakasleek bete ahalko dituzte berdin, eta irakasle horiek, berratxiki ondoren, Grekoko zein Latineko espezialitateei egotzitako gai guztiak eman beharko dituzte.

Beste ildo batetik, apirilaren 16ko 86/2002 Dekretua argitaratu ondoren, Administrazio honek prozesu luze eta neketsu bati ekin dio, Araubide Bereziko Irakaskuntzak eta horiek ematen dituzten zentroetako plantilak arautzeko. Prozesu horri esker, alde batetik, ikastetxe horietako lanpostuak eratu eta taxutu ahal izan dira, hizkuntza-eskakizunen aldetik, dagokien LPZen bitartez, eta bestetik, eta prozesuari buru emanez, lanpostu horiek bete, dagozkien Enplegu Publikorako Eskaintzen bidez.

Hartara, ikastetxe edo zentro horiek, gaur egun, badituzte dagozkien LPZk definituta, baita lanpostuak beteta ere, zentro horietan behin betiko destinoa duten irakasleekin, gehien bat. Ikastetxe horiek ere, jakina, LPZren aldaketak ekar ditzaketen hainbat gorabehera edo inguruabar izan dezakete (matrikula igo edo jaistea, espezialitateak edo hezkuntza-proiektuak jarri/kentzea, bilakaera soziolinguistikoa …), eta ondorioz, irakasleen plantila hezkuntza-sistemaren errealitate aldakor horretara egokitu beharra, plantilak egokitzeko bidezko prozesuen bitartez, gainerako irakaskuntza eta ikastetxeetan gertatzen den bezala.

Horiek horrela, eta plantilak egokitzeko prozesuak ikastetxe horietarako beren beregi arautu bitartean, bidezko dirudi 86/2002 Dekretuak Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxe guztientzako jaso duen prozedurara jotzea, halako moldez non, Irakaskuntza Berezietako zentro edo ikastetxeren batek plantilak egokitzeko prozesurik egin behar izanez gero, aipatu araua aplikatuko den. Helburu hori gogoan, hirugarren xedapen iragankorra sartu da, ordezko aplikazio osagarri hori erregulatzeko asmoz.

Arau-proiektu hau lantzeko prozesuan, nahitaezko txostenak eskatu dira, eta sindikatuei zor zaien nahitaezko alegazio-tramitea ere bete da.

Horiek horrela, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko urriaren 10ean egindako bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

"Era berean, Kultura Klasikoko espezialitateko lanpostuetara berratxikitzeko, Latineko espezialitatea edo Grekoko espezialitatea eduki beharko da. Lanpostuok behar bezala identifikatuta agertuko dira Lanpostu Zerrendan, eta aipatu espezialitate bietako edozeinen titular diren Bigarren Irakaskuntzako irakasleek bete ahalko dituzte berdin, eta Grekoko zein Latineko espezialitateei egotzitako gai guztiak eman beharko dituzte."

"2.– Katedradunen Kidegoetako irakasleek, baldin eta Batxilergoko Katedradun Numerarioen Kidego desagertutakoetarako edo Irakaskuntza Bateratuen Ikastetxeetako irakasle numerario eta psikologoetarako berariazko lekualdatze-lehiaketetan lortutako plaza batean eusten badiote behin betiko destinoari, aukera berera aurkezten diren gainerako irakasleekiko lehentasuna izango dute. Kasu horretan dauden pertsona batzuk batera aurkeztuko balira, 3. paragrafoko irizpideak eta, egoki izanez gero 4. paragrafoko irizpideak erabiliko lirateke."

"a) Karrerako funtzionario gisa etengabe zerbitzuan emandako denbora, behin betiko destinoa parte hartzen duten institutuan, eta zer Kidegotik parte hartzen den, Kidego horretan bertan izanik:

0,1 puntu hilabeteko, mugarik gabe."

"Hirugarrena.– Araubide Bereziko Irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetako plantilak egokitzeko prozesuak beren beregi arautu bitartean, ikastetxe horietako batean irakasleak birbanatu edo birkokatzeko prozesurik egin behar izanez gero, dagokion Lanpostu Zerrendan agertutako hezkuntza-plangintzaren aldaketak direla eta, apirilaren 16ko 86/2002 Dekretuan jasotako prozedura, irizpideak eta gainerako erregulazioa aplikatuko dira, irakaskuntza horien berezkotasunen kalterik gabe".

Honako Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2006ko urriaren 10ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (4)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.