Egoitza elektronikoa

Arautegia

Inprimatu

78/2000 DEKRETUA, maiatzaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta bere erakunde autonomoen Administrazio Orokorreko Prebentzioko Zerbitzuaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ogasun eta Herri Administrazio Saila; Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila; Osasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 115
  • Hurrenkera-zk.: 2585
  • Xedapen-zk.: 78
  • Xedapen-data: 2000/05/16
  • Argitaratze-data: 2000/06/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Osasun eta kontsumoa; Administrazioaren antolamendua; Gizarte gaiak eta emplegua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Lana eta enplegua

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legea, azaroaren 8koa, indarrean jarri zenetik, langileen segurtasunari eta osasunari buruzko araudi berria sortu da. Araudi horren aplikazio-eremua ez da soilik herri-administrazioetara mugatzen; aitzitik, berariaz ezartzen du administrazio horiek beren langileak laneko arriskuetatik eraginkortasunez babesteko duten betebeharra.

Urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak, Prebentzioko Zerbitzuen araudia onesten duenak, zehazten du laneko arriskuen prebentzioa lan-esparruan egiten diren jardueren eta hartzen diren erabakien barruan kokatu behar dela; eta hori horrela egin behar da bai prozesu teknikoei dagokienez, bai lanaren antolamenduari eta lana egiten den baldintzei dagokienez, bai eta lana egiten den erakundearen ildo hierarkikoari dagokionez ere, horren maila guztiak barne direla.

Bi premisa horiek, alegia, langile publikoak eraginkortasunez babesteko beharra eta erakundean segurtasuna eta osasuna integratzea abiapuntutzat hartuz, Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordeak, 1999ko apirilaren 15ean egin zuen bilkuran, onetsi egin zituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen laneko arriskuen prebentzioaren kudeaketarako sistema integratuaren estrategiari eta antolamenduari buruzko oinarrizko alderdiak. Erabaki horretan, kudeaketa-sistema ezartzeko behar diren ekintzen plangintza ezarri zen; kudeaketa-sistema horrek langile publikoen lan-jardueraren ondorioz sortzen diren arriskuak eraginkortasunez kontrolatuko direla bermatu behar du.

Aipaturiko ekintza horietako bat Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen Prebentzioko Zerbitzu Propioa eratu eta arautzea da; izan ere, Prebentzioko Zerbitzua arriskuen kudeaketarako sistema ezartzeko funtsezko tresna da. Hortaz, langileen ordezkariei kontsulta egin ondoren, prebentzioa antolatzeko eredu propioa aukeratu da, Laneko Arriskuen Prebentzioko Legeak xedatzen duena betez.

Prebentzioko Zerbitzuaren jardun-eremuari dagokionez, dekretu honetan arautzen den Prebentzioko Zerbitzu Propioak Euskal Autonomia Erkidegoaren eta bere erakunde autonomoen Administrazio Orokorreko langileak hartzen ditu bere baitan, dekretu honen 2. artikuluan zehazten den moduan. Beste sektore batzuetako langileak, ordea, ez ditu hartzen, kasu horietako bakoitzean eskumena duten erakundeei baitagokie laneko arriskuen prebentzioari loturiko jarduera antolatzea; horrela, prebentzioak langile publiko guztiak babestea lortu nahi da, inolako bereizketarik egin gabe. Eta hori guztia Laneko Arriskuen Prebentzioko Legeak 31. artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz egingo da; hau da, administrazio publikoetan prebentzioko zerbitzuak ezartzeko, kontuan hartu beharko da erakundearen antolamenduzko egitura, bai eta bestelako sektore deszentralizaturik baduen ere.

Prebentzioko Zerbitzua sail asko hartzen dituen zerbitzua denez gero, Ogasun eta Herri Administrazio Sailean kokatzen da. Mota horretako prebentzioko antolamendua berria da administrazio publikoetan; horrez gain, segurtasunari eta osasunari loturiko jarduera guztiek langileen parte-hartze aktiboa izan behar dute oinarri, ez soilik Segurtasun eta Osasuneko Batzordeen bitartez, baita horretarako sortuko diren tresnen bitartez ere, esate baterako, Segurtasun eta Osasuneko Unitateen bitartez. Hori dela eta, gai honekin zerikusia duten alderdi guztiak moldatu, koordinatu eta ebatziko dituen xedapen espezifikoa ematea komeni da.

Administrazio honek bultzatu egin nahi ditu Prebentzioko Zerbitzuak lan-istripu eta gaixotasun profesionalen mutualitateekin, beste administrazio publiko batzuetako prebentzioko zerbitzuekin eta prebentzio-jarduerari loturiko erakundeekin dituen harremanak. Harreman horiei esker, ezaupideak eta esperientziak trukatzearen poderioz, langile publikoen segurtasunaren eta osasunaren babes-maila handitu egingo da.

Bestalde, uztailaren 27ko 306/1999 Dekretua, prebentzioko zerbitzuek Euskal Autonomia Erkidegoan burutzen dituzten jarduera sanitarioak arautzen dituena, aldatu egingo da; helburua laneko arriskuen prebentzioari buruzko legeria Euskal Autonomia Erkidegoaren eta bere erakunde autonomoen Administrazio Orokorrera egokitzea da, osasun-arloari dagokionez.

Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuordearen, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren eta Osasun sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2000ko maiatzaren 16an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, hau

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoaren eta bere erakunde autonomoen Administrazio Orokorreko Prebentzioko Zerbitzu Propioa Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Negoziazio Kolektiboko Zuzendaritzari atxikita egongo da.

  2. – Prebentzioko Zerbitzu honek laneko arriskuen prebentzioaren arloko jarduerak egingo ditu; horretarako, zerbitzuak eskainiko dizkie Administrazioari, langile publikoei, horien ordezkariei eta beren ordezkaritza-organo espezializatuei.

  1. – Prebentzioko Zerbitzuaren jardun-eremuak Euskal Autonomia Erkidegoaren eta bere erakunde autonomoen Administrazio Orokorreko langileak hartzen ditu.

  2. – Prebentzioko Zerbitzu honen jardun-eremutik kanpo geratuko dira honakoak hauek:

    1. Ertzaintzako langileak eta bere laguntza-zerbitzuetako langileak.

    2. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko unibertsitatez kanpoko irakasleak, bai eta sail horri dagozkion gainerako langile-taldeak ere.

  3. – Era berean, dekretu honen jardun-eremutik kanpo geratuko dira Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako langileak, baldin eta arrisku larriko egoeratan, katastrofeetan eta hondamen publikoetan honako eginkizun hauek betetzen badituzte: segurtasun-lan publikoak, babes zibileko zerbitzu operatiboak eta auzitegi-peritazioa.

  1. – Prebentzioko Zerbitzuak hiru arlo hartzen ditu: Osasun Arloa, Arlo Teknikoa eta Arlo Juridikoa.

  1. – Osasun Arloa araudi aplikagarriaren arabera beharrezkoak diren Oinarrizko Osasun Unitateez (OOU) osaturik egongo da.

  2. – Arlo Teknikoak gutxienez unibertsitateko tituludun bat edukiko du; pertsona horrek goi-mailako eginkizunak betetzeko behar den prestakuntza eduki beharko du, urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak, prebentzioko zerbitzuen araudia onesten duenak, VI kapituluan ezartzen duenarekin bat etorriz.

  3. – Arlo Juridikoa zuzenbideko lizentziatura duen pertsona batek osatuko du; pertsona horrek oinarrizko mailako eginkizunak betetzeko beharrezkoa den prestakuntza eduki beharko du, urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak, prebentzioko zerbitzuen araudia onesten duenak, VI kapituluan ezartzen duenarekin bat etorriz.

  1. – Zerbitzuaren hiru arloak elkarrekin koordinatzeko zereginak Prebentzioko Zerbitzuaren arduradunak beteko ditu. Hala ere, horrek ez du esan nahi Negoziazio Kolektiboko zuzendariak berari dagozkion zuzendaritzako eta kudeaketako eginkizunak bete behar ez dituenik.

  1. – Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen Prebentzioko Zerbitzu Propioaren zaintza-eginkizunak prebentzioko zerbitzuen osasun-jarduera arautzen duen araudiaren arabera beteko dira.

  2. – Behar bezala egiaztatuta eta baimenduta dauden zentro espezializatuekin azpikontratak egin ahal izango dira, zerbitzuaren oinarrizko osasun-jardueratik harantzago doazen jarduerak nahiz diagnostikoko teknika osagarri jakinak eskain ditzaten.

Prebentzioko Zerbitzuko pertsonal sanitarioak, edo bere kargua edo zeregina dela eta, datu mediko pertsonalak eskura dituen beste edozeinek bermatu egingo du pertsonaren duintasuna eta intimitatea eta datu horien konfidentzialtasuna errespetatuko direla. Horretarako, langileek datuen konfidentzialtasuna bermatuko duten zaintza-sistemez hornituriko ekipoak eta artxiboko materiala izango dituzte eskura, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzkoak, xedatzen duenaren arabera.

  1. – Arlo Teknikoko langileei ondoren zehazten diren eginkizunak dagozkie; hala ere, Zerbitzuko gainerako arloetako langileek lagundu egin beharko diete premia sortzen denean:

    1. Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen prebentzioko politika aplikatzeko beharrezkoak diren dokumentuak eta prozedurak sortu eta gauzatuko ditu, lanaren ondorioz sortzen diren arriskuak kontrolatu eta murrizteko. Eginkizun hori bere kabuz edo Administrazioaren beste organo batzuekin lankidetzan egin ahal izango du.

    2. Lantokietako arriskuak ebaluatuko ditu.

    3. Helburuak eta xedeak finkatuko ditu, bai eta eduki medikorik ez duten prebentzioko programak eta planak ere. Era berean, laneko arriskuen prebentzioaren kudeaketarako sistema integratua ezartzeko beharrezkoak diren eta datu pertsonalik ez daukaten erregistro eta informazioko sistemen mantenimendua eta zaintza egingo du.

    4. Prebentzioko Zerbitzuaren urteko planaren edukia zehaztuko du alderdi teknikoei dagokienez.

    5. Ezbeharrak eta gertakariak ikertu egingo ditu, horiek sortzeko arrazoiak zein diren jakiteko eta arrazoi horiek deuseztatzeko.

    6. Laneko segurtasunari eta osasunari buruzko prestakuntza-beharrak hauteman eta aztertuko ditu. Betiere, prestakuntza honako hauek errespetatuz egingo da: alde batetik, uztailaren 27ko 16/1983 Legeak, HAEEren araubide juridikoari buruzkoak, erakunde honi Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionarioen eta kontratupeko langileen prestakuntzari eta hobekuntzari buruz ematen dizkion eskumenak; eta, beste aldetik, prebentzioaren arloan eskumena duten Administrazioko erakunde espezializatuei dagozkien eskumenak.

    7. Beharrezko diren segurtasun-ikuskaketak egingo ditu.

    8. Segurtasunari eta osasunari buruzko estatistikak egingo ditu.

    9. Sistemaren ekintza zuzentzaileak proposatuko ditu.

    10. Larrialdietarako planak diseinatuko ditu eta horien eraketa zuzenduko du.

    11. Segurtasun eta Osasuneko Unitateek prestakuntzari dagokionez egiten dituzten eskariei erantzungo die, betiere f) idatz-zatian ezarritakoarekin gatazkarik sortzen ez badute.

  2. – Arlo Teknikoko langileek laneko segurtasuneko edo/eta higiene industrialeko prebentzioko diziplinei dagozkien eginkizunak beteko dituzte, bai eta ergonomia eta psikosoziologia aplikatuko eginkizunak ere.

  3. – Arlo honek prebentzio-jarduerak egin ahal izateko beharrezkoak diren neurketak, azterketak edo saiakuntzak egiteko ekipamendua eskuratuko du. Halaber, ekintza horiek ohiz kanpokoak direnean edo ekipamendua erostea komeni ez denean, horiek egiteko kanpoko enpresak kontratatzea proposatu ahal izango du.

Arlo Juridikoko langileei ondoren zehazten diren eginkizunak dagozkie; hala ere, Zerbitzuko gainerako arloetako langileek lagundu egin beharko diete premia sortzen denean:

  1. Prebentzioko Zerbitzuak prebentzio-jardueran aplikatu behar dituen irizpide juridiko eta lege-eskakizunen berri emango du.

  2. Dekretu honetako III kapituluan jasotzen diren erregistroen zaintzaz eta, hala badagokio, mantenimenduaz arduratuko da.

  3. Administrazio Orokorreko Lantoki arteko Segurtasun eta Osasuneko Batzordearen Idazkaritza bere gain hartuko du.

  1. – Jarraian aipatzen diren bi erregistroak sortuko dira; bi erregistro horiek Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Negoziazio Kolektiboko Zuzendaritzari atxikita egongo dira, Prebentzioko Zerbitzuak kudeatuko ditu, eta Administrazio Orokorra eta bere erakunde autonomoak hartuko dituzte beren baitan.

    Prebentzioko Ordezkarien Erregistroa

    Ezbehar eta Gertakarien Erregistroa

  2. – Erregistro horiek prebentzio-jarduerak ezagutzeko, antolatzeko eta egiaztatzeko tresnak izatea dute helburu, bai eta segurtasunaren eta osasunaren arloan ezarritako xedeak lortzea ere.

  3. – Era berean, Prebentzioko Zerbitzuari dagokion prebentzio-jarduera behar bezala egiteko beharrezkoak diren beste erregistro batzuk ere sortu ahal izango dira.

  1. – Langile publikoen ordezkaritza-organoek Prebentzioko Zerbitzuari jakinarazi beharko dizkiote prebentzioko ordezkariei buruzko datuak, izendapena egin eta hamabost egun balioduneko epean; Prebentzioko Zerbitzuak kudeatuko du Prebentzioko Ordezkarien Erregistroa.

  2. – Datu horiek erregistroko fitxa batean jasoko dira; bertan, honako informazio hau agertuko da: izena, bi deiturak, zein sindikatu-erakunde ordezkatzen duen, zein zentro organikotan egiten duen lan eta, hala badagokio, zein Segurtasun eta Osasuneko Unitatetakoa den.

  3. – Erregistroko fitxa batean jasotako datuei eragiten dieten aldaketa guztiak hamabost egun balioduneko epean jakinarazi beharko dira, aldaketa gertatzen den unetik hasita, erregistroan dagokion aldaketa egin dadin.

  1. – Erregistro honetan Prebentzioko Zerbitzu honen jardun-eremuan sartzen diren langile publikoek beraien lan-jardueraren ondorioz gertatutako gora-beheren, gertakarien, edo egitateen eraginez jasan dituzten edo jasan ditzaketen kalteak jasoko dira.

  2. – Halaber, Administrazioak gertakari horiek erasan dieten langileen segurtasuna eta osasuna babesteko hartutako neurriak eta egindako ekintzak ere jasoko dira.

  3. – Ezbeharren eta Gertakarien Erregistroan jasotako datuen tratamendua profesional sanitario batek edo sekretua gordetzeko obligazio baliokidea duen beste pertsona batek egitea hobetsiko da, abenduaren 13ko 15/1999 Legeak, izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzkoak, 7. artikuluan xedatzen duenaren arabera.

Administrazio Orokorreko sail eta erakunde autonomo bakoitzean Segurtasun eta Osasuneko Unitate bat osatuko da, prebentzio-jardueraren ardura erakunde administratibo osora zabaltzeko asmoz.

  1. – Segurtasun eta Osasuneko Unitateak honako hauek osatuko dituzte: Zerbitzu zuzendariak edo sailetako nahiz erakunde autonomoetako langileriaren arloan eskumena duen zuzendariak, eta berak izendatzen dituen langileek.

  2. – Zerbitzu zuzendariak edo langileriaren arloan eskumena duen zuzendariak finkatuko du Segurtasun eta Osasuneko Unitatean parte hartuko duten langileen kopurua, langileen kopuruaren eta barreiaketaren nahiz langileek jasan ditzaketen arriskuen arabera. Kopuru hori gehienez ere hiru langilekoa izango da; izan ere, sailak edo erakunde autonomoak langileak dituen lurralde historiko bakoitzetik langile bakarra izendatu ahal izango du.

  3. – Prebentzioko ordezkariek Segurtasun eta Osasuneko Unitateetan parte hartu ahal izango dute, Laneko Arriskuen Prebentzioko Legearen 36. artikuluak aitortzen dizkien eskumenen alorrean.

  • Segurtasun eta Osasuneko Unitateek honako ardura hauek izango dituzte beren sail edo erakunde autonomoaren barruan:

    1. Prebentzioko Zerbitzuak eginiko programak eta sistemak, laneko segurtasunari eta osasunari buruzko xedapenak eta arauak beteko direla ziurtatzera zuzendurikoak, praktikan jartzea.

    2. Sail eta erakunde autonomoetako langileen kexa, eskaera eta iradokizunei erantzuteko beharrezkoak diren ekintzak egitea.

    3. Kexa, eskaera eta iradokizun horiek konplexuegiak direlako, zehaztasun tekniko handiegiak dituztelako, edo sail edo erakunde autonomo bati baino gehiagori eragiten dietelako beraiek erantzun ezin diezaieketenean, Prebentzioko Zerbitzuari horiek behar bezala helaraztea.

    4. Bere langileek dituzten prebentzio-prestakuntzako beharren berri ematea Prebentzioko Zerbitzuari.

    5. Sailaren edo erakunde autonomoaren baitan segurtasunari edo osasunari buruz gertatzen diren ezbeharren edo gertakarien berri ematea Prebentzioko Zerbitzuari. Horrez gain, Prebentzioko Zerbitzuarekin lankidetzan jardungo du hala eskatzen zaionean.

    6. Laneko arriskuen prebentzioaren kudeaketarako sistema integratua gauzatzean zehaztu daitezkeen eduki eta xedapenak modu eraginkorrean beteko direla ziurtatzea.

    7. Prebentzioko Zerbitzuari hiru hilero txosten bat bidaltzea, segurtasunaren eta osasunaren arloan egindako eskaera, kexa eta ekintzen berri emateko.

      1. – Segurtasun eta Osasuneko Unitateek urtero-urtero memoria bat egingo dute, dagokion sail edo erakunde autonomoan egin diren prebentzioko ekintzak azaltzeko. Txosten hori Prebentzioko Zerbitzuari bidaliko zaio hurrengo urteko lehenengo hiruhilekoaren barruan.

  1. – Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako Segurtasun eta Osasuneko Batzordeek, Laneko Arriskuen Prebentzioko Legeak ematen dizkien eskumenak eta ahalmenak gauzatzeaz gain, ondorengo dokumentuen gaineko irizpena emango dute:

    1. Prebentzioko Urteroko Plana.

    2. Prestakuntzako Urteroko Plana.

    3. Prebentzioko Zerbitzuaren Urteroko Memoria.

    4. Segurtasun eta Osasuneko Unitateek egin beharreko urteroko memoriak, dekretu honetako 13.2 artikuluan jasotzen direnak.

  2. – Segurtasun eta Osasuneko Batzordeek Prebentzioko Zerbitzuari prebentzioaren arloan duen edozein informazio eskatu ahal izango diote. Halaber, segurtasunaren eta osasunaren arloko gai orokorrei nahiz bereziei buruzko aholkularitza ere eskatu ahal izango diote.

  3. – Funtzio Publikoaren Sailburuordetzak artikulu honetako 1. idatz-zatian aipatzen diren txostenak eskuratuko ditu, segurtasunaren eta osasunaren arloko helburuak eta xedeak zein mailaraino bete diren egiaztatzeko.

Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako langile publikoek informazioa jasotzeko, kontsultatuak izateko eta parte hartzeko duten eskubidea bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira; eskubide hori Laneko Arriskuen Prebentzioko 31/1995 Legeak jasotzen du, eta hori bermatzeko neurriak Segurtasun eta Osasuneko Unitateen nahiz Segurtasun eta Osasuneko Batzordeen bitartez hartu ahal izango dira, bai eta zuzenean Prebentzioko Zerbitzuaren bitartez ere.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzaren Kontseiluak zehaztuko du zein entitate edo erakunde arduratuko den Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen Prebentzioko Zerbitzu Propioaren auditoria egiteaz, Prebentzioko Zerbitzuen Araudiko V. kapituluan xedaturikoarekin bat etorriz.

  2. – Auditoria horren emaitzak txosten batean jaso beharko dira, eta txosten hori Segurtasun eta Osasuneko Batzordeen eta langile publiko guztien eskura egongo da.

Lehena.– Prebentzioko Zerbitzu Propioa sortzen da dekretu honen 2. artikuluan zehazten den eremurako.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko organo eskudunak beharrezkoak diren ekintzak egingo ditu pertsonal sanitarioa laneko arriskuen prebentzioko zereginak betetzen dituzten langileen eginkizun eta prestakuntza-mailetara moldatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko zerbitzu medikoetako pertsonal sanitarioa eratzen den prebentzioko zerbitzuan integratuko da; hala ere, esleiturik dituen eta prebentzioko zerbitzuari dagozkion eginkizunetatik bestelakoak diren eginkizunak ere betetzen jarraituko du.

Pertsonal sanitarioaren inkorporazio berriek Lan Medikuntzako fakultatibo espezialistak, Enpresa Medikuntzan diplomatuak edo enpresako OTLak izan beharko dute.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2000ko maiatzaren 16an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.

Osasun sailburua,

GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR.