Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

AriGara Aurkezpena

Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Joseba Lozano Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariak AriGara izeneko proiektu berria aurkeztuko dute hurrengo ostegunean, urriaren 28an.

Proiektua Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) sortu du, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzak sustatuta. Euskal Herri osoan hizkuntzaren plangintza eta normalizazio arloan diharduten profesionalei eta arduradunei euren lana egiten laguntzeko plataforma izan nahi du AriGarak. Eguneroko lanean modu praktikoan lagungarriak izango diren prestakuntza saioak eskainiko dira, formatu ezberdinetan, eta teknikarien lanerako lagungarriak diren materialen bilgunea zein hizkuntza-plangintzaren alorrean gertatzen diren berriak ezagutarazteko euskarria ere izango da. Halaber, lurralde ezberdinetako euskara teknikariak elkarlanean aritzeko egitura eta norberaren esperientziak partekatzeko plataforma izateko asmoz ere sortu da proiektu berria. 

Aurkezpena 9:30ean hasiko da, eta ordubete inguruko iraupena izango du; horren barnean Maite Goñi adituaren eskutik lehen formazio-saio laburra ere izango da. Ekitaldia oso modu errazean jarraitu ahalko da Eusko Jaurlaritzako Irekia plataformaren bidez, ondorengo loturan sakatuta: https://www.irekia.euskadi.eus/eu/events/72529. Aukera daukanak modu presentzialean ere jarraitu ahalko du aurkezpena, Eusko Jaurlaritzako Lakuako egoitzaren Euskaldun Berria aretoan.

Ekitaldi-mota:
Aurkezpena
Online ekitaldia
Hasiera data - Amaiera data:
-
Ordutegia:
9:30