"ERRAIETAKO TXIMELETA" kontakizunaren aurkezpena
GOITIBERA antzerki konpainiako Saioa Irribarren eta Ander Basalduaren proiektua Udalbiltzak antolatutako GEURETIK SORTUAK bekaren hirugarren edizioaren deialdian hautatuetako bat izan zen. Beka horrek lau diziplina biltzen ditu: literatura, antzerkia, komikia eta zinema. Eta oraingo honetan Saioak eta Anderrek parte hartu dute literaturaren atalean.
Proiektua hiru fasetan egiten da: ikerketa, dokumentazioa eta idazketa. Dokumentazioaren lehen bi faseetan, Saioa Irribarren eta Ander Basaldua hiru astez egon ziren Oiartzungo Karrika auzoko haurtzaindegi zahar batean, informazioa biltzen eta adineko jendearekin eta inguruko memoria historikoa lantzen duten elkarteekin elkarrizketatzen. Oiartzunera iritsi aurretik zuten premisa bakarra zen memoriarekin zerikusia zuen zerbait idatzi nahi zutela. Datu guztiak aztertu eta ideia nagusiak aukeratu ondoren, azken fasean bi/lau eskutara idatzi zuten kontakizuna. Dijitalidadea argitaletxeko Gotzon Barandiaranek lagunduta.
Jende askok lagundu zuen istorio hau sortzen, eta eskerrik asko guztiei: Oiartzungo Kattin-Txiki elkartea, bereziki Kaxka, Pikabea eta Arantxa, Zaintzadiko Miren eta Maitane, Maria Jesus eta gurekin elkartu ziren erabiltzaile guztiak, Gazte Izanak elkartea, Oiartzungo Udala, Udalbiltza eta Lezoko Etxetxo, Tito eta Miguel.
ERRAIETAKO TXIMELETA ipuina gerra ondorengo maitasun istorio bat da. Eta bertan ahaztuak izan zirenak eta haien bizipenak gogoratzen eta argitara ateratzen dira, gertatutakoa ezagutarazteko eta berriro gerta ez dadin saiatzeko. Gerran isilik bizi behar izan zutenei, sufritu zutenei, torturatu, fusilatu edo ihes egitera behartu zituztenei, laguntza eskaintzeagatik errepresaliatu zituztenei eta errepikatu beharko ez liratekeen bidegabekeriak jasan zituztenei omenaldia.
HAMAIKA IRAKURTZEKO JAIOAK (bertan ERRAIETAKO TXIMELETA kontakizuna dago) liburuaren aurkezpen orokorraren ondoren, otsailaren 17an, Donostian, martxoaren 20an, ipuinaren aurkezpena Oiartzunen egingo da. Ekitaldiak 2 zati izango ditu, lehenengoan kontakizunaren irakurketa dramatizatua egingo da eta ondoren elkarrizketa filosofiko bat izango da, Jakinmin elkarteko Imanol Alvarezek dinamizatua.
Ekitaldia Oiartzungo udaletxean izango da, arratsaldeko 18:00etan eta bertara joan nahi duen ororentzat zabalik dago.
Laburrean
- Mota Hitzaldia
- Data 2026(e)ko Martxoak 20
- Ordutegia18:00
- LekuaUdaletxea
Oiartzun - ZenbatekoaDoan
- HizkuntzaEuskara
- Ikusi agenda Oiartzun


