Dantzari Txiki eguna 2024 (Legorreta)
XXII. Dantzari Txiki eguna egingo da igande honetan, apirilak 14, Legorretan. Beasaingo Aurtzaka, Ordiziako Amets Bide, Zaldibiako Iztueta eta Legorretako Irrintzi Alai dantza taldeetako dantzariak elkartuko dira gurean.
11:30ean plazan elkartu eta hamaiketakoa banatuko zaie dantzariei. Ondoren, 12:00etan, herriko auzoetan barrena ibiliko dira hiru geldiune eginez. Eta bazkal aurretik, 13:00etan, plazan elkartuko dira berriz ere bost dantza desberdin egiteko: ikurrin dantza, aurreskua, txulalai, fandangoa eta arin arina, eta kalejira.
Arratsaldean, 16:30ean, dantzaldia izango dute herriko plazan. Eguraldiak ez badu laguntzen, Herri Antzokian egingo da. Eta 17:30 aldera haurrak jaso eta eguna amaitutzat emango da.
Trafiko mozketak
Dantzari ugari bilduko direnez herrian, parte hartzaileen segurtasuna bermatzeko beharrezko neurri batzuk hartu ditu Legorretako Udalak. Hori dela eta, 12:00etatik 13:30era bitartean itxita egongo dira Kale Nagusia, Joxe Iturrioz kalea, eta Guadalupe eta Bidarte auzoak.
Legorretako Udaletik herritarren laguntza eskatzen dugu neurri hauek betetzeko, Dantzari Txiki eguna egoki burutu dadin. Udaletik barkamena eskatu nahi da neurri hauek sor ditzaketen eragozpenengatik.


