Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2025eko otsailaren 19koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, euskara eta euskal kulturako irakurleak hautatzeko deialdia egiteko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 44
- Hurrenkera-zk.: 1039
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/02/19
- Argitaratze-data: 2025/03/05
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Ogasun eta Ekonomía; Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Ogasun; Funtzio publikoa
Testu legala
Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean, EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak xedatzen duenez, institutu horren helburua hauxe da: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura eskaintza sustatuz eta hedatuz».
Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren 19. artikuluak xedatzen du Institutuaren helburuen artean dagoela munduan zeharreko unibertsitateetan eta beste zentro batzuetan euskararen presentzia, azterketa eta ikasketak sustatzea, batik bat unibertsitateetan irakurletzak ezartzea bultzatuz.
Ondorioz, Etxepare Euskal Institutuak erabaki du lehiaketa publikorako deialdia egitea unibertsitate hauetarako euskara eta euskal kulturako irakurleak hautatzeko: Alemaniako Berlingo Freie Unibertsitatea, Kubako Habanako Unibertsitatea, Finlandiako Helsinkiko Unibertsitatea, Txileko Santiagoko Unibertsitatea eta Txileko Santiagoko Pontificia Universidad Catolica Unibertsitatea, Uruguaiko Montevideoko La Republica Unibertsitatea eta Amerikako Estatu Batuetako Santa Barbarako UCSB Unibertsitatea.
Hori dela eta, hau
Deialdi honen helburua da euskara eta euskal kulturako irakurlea hautatzea, unibertsitate hauetan aritzeko:
Alemaniako Berlingo Freie Unibertsitatean.
Kubako Habanako Unibertsitatean.
Finlandiako Helsinkiko Unibertsitatean.
Txileko Santiagoko Unibertsitatean eta Txileko Santiagoko Pontificia Universidad Católica Unibertsitatean.
Uruguaiko Montevideoko La Republica Unibertsitatean.
Amerikako Estatu Batuetako Santa Barbarako UCSB Unibertsitatean.
Etxepare Institututik egindako diru ekarpenak:
Berlingo Freie Unibertsitaterako: berrogeita hiru mila berrehun eta hemeretzi euro (43.219) ikasturteko.
Habanako Unibertsitaterako: hamar mila eta zortziehun euro (10.800) ikasturteko.
Helsinkiko Unibertsitaterako: gehienez ere hamabi mila eta ehun euro (12.100) ikasturteko. Zenbatekoa emango diren irakasgaien kopuruaren arabera doituko da.
Txileko Santiagoko Unibertsitaterako: lau mila laurehun eta berrogei euro (4.440) ikasturteko.
Txileko Santiagoko Pontificia Universidad Católica Unibertsitaterako: hamahiru mila laurehun eta lau euro eta berrogeita sei zentimo (13.404,46) ikasturteko.
Montevideoko La Republica Unibertsitaterako: hogeita bost mila zazpiehun eta berrogeita hamalau euro eta hemezortzi zentimo (25.754,18) ikasturteko.
Santa Barbarako UCSB Unibertsitaterako: hogeita bi mila eta bostehun euro (22.500) ikasturteko.
Aurreko baliabide ekonomiko guztiak irakurletzak mantentzeko gastuak finantzatzeko erabiliko dira. Bideratutako zenbateko hori ez da bat etorriko, zehatz-mehatz, irakurlearen soldatarekin. Kontuan hartu behar da zergak eta bestelako kenkari eta atxikipenak daudela, irakurletza kokatuta dagoen herrialdean indarrean dagoen araudiarekin bat.
Unibertsitateko transakzio guztietan euroa izango da dibisa-patroia.
Unibertsitateetatik egindako diru ekarpenak:
Helsinkiko Unibertsitateak bideratutako ekarpenak.
Sinatutako hitzarmenaren arabera, Helsinkiko Unibertsitateak hogei mila euroko (20.000) ekarpena egingo du ikasturteko irakurlearen soldata osatzeko. Kontuan izan behar da irakurlearen soldata emandako ikasgai kopuruaren eta unibertsitateko titulazio mailaren arabera doituko dela.
Santa Barbarako UCSB Unibertsitateak bideratutako ekarpenak.
Sinatutako hitzarmenaren arabera, Santa Barbarako UCSB Unibertsitateak hogeita hiru mila eta berrehun dolarreko (23.200) ekarpena egingo du ikasturteko irakurlearen soldata osatzeko.
Berlingo Freie Unibertsitaterako:
Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia), euskarako C1 maila (3. HE) edo baliokidea izatea eta alemaneko A2 maila egiaztatua izatea eta ingeleseko B2 maila egiaztatua izatea. Lehentasuna emango zaie Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretazioko (A hizkuntza: euskara) gradua edo lizentzia eta euskararen arloko masterrak dituztenei; baita euskararen C2 maila (4. HE) egiaztatuta izatea ere. Hori dena, 11. artikuluko hautapen-irizpideen arabera.
Habanako Unibertsitaterako:
Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia) eta euskarako C1 maila (3. HE) edo baliokidea izatea. Lehentasuna emango zaie Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretazioko (A hizkuntza: euskara) gradua edo lizentzia eta euskararen arloko masterrak dituztenei; baita euskararen C2 maila (4. HE) egiaztatuta izatea ere. Hori dena, 11. artikuluko hautapen-irizpideen arabera. Gainera, bereziki baloratuko da euskararekin eta euskal kulturarekin lortutako argitalpen, jarduera-antolaketa edo gisakoetan eskarmentua izatea, eta irakurletza kokaturik dagoen gizarte eta kulturaren ezagutza.
Helsinkiko Unibertsitaterako:
Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia), euskarako C1 maila (3. HE) edo baliokidea izatea eta ingeleseko C1 maila egiaztatua izatea. Lehentasuna emango zaie Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretazioko (A hizkuntza: euskara) gradua edo lizentzia eta euskararen arloko masterrak dituztenei; baita euskararen C2 maila (4. HE) egiaztatuta izatea ere. Hori dena, 11. artikuluko hautapen-irizpideen arabera. Bereziki baloratuko den meritua: soziolinguistikako ezagutza izatea.
Txileko Santiagoko Unibertsitaterako eta Txileko Santiagoko Pontificia Universidad Católica Unibertsitaterako:
Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia) eta euskarako C1 maila (3. HE) edo baliokidea izatea. Lehentasuna emango zaie Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretazioko (A hizkuntza: euskara) gradua edo lizentzia eta euskararen arloko masterrak dituztenei; baita euskararen C2 maila (4. HE) egiaztatuta izatea ere. Hori dena, 11. artikuluko hautapen-irizpideen arabera.
Montevideoko La Republica Unibertsitaterako:
Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia) eta euskarako C1 maila (3. HE) edo baliokidea izatea. Lehentasuna emango zaie Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretazioko (A hizkuntza: euskara) gradua edo lizentzia eta euskararen arloko masterrak dituztenei; baita euskararen C2 maila (4. HE) egiaztatuta izatea ere. Hori dena, 11. artikuluko hautapen-irizpideen arabera.
Santa Barbarako UCSB Unibertsitaterako:
Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia), euskarako C1 maila (3. HE) edo baliokidea izatea eta ingeleseko C1 maila egiaztatuta izatea. Lehentasuna emango zaie Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretazioko (A hizkuntza: euskara) gradua edo lizentzia eta euskararen arloko masterrak dituztenei; baita euskararen C2 maila (4. HE) egiaztatuta izatea ere. Hori dena, 11. artikuluko hautapen-irizpideen arabera.
Berlingo Freie Unibertsitaterako:
Eskola-orduak: 19,7 eskola-ordu astean.
Habanako Unibertsitaterako:
Eskola-orduak: Gehienez ere 10 eskola-ordu astean. Bisa: Kuban lan egiteko bisa indarrean izatea unibertsitate-ikasturtea hasi baino lehen.
Helsinkiko Unibertsitaterako:
Eskola-orduak: irakurleak 224 orduko gutxieneko irakaskuntza-zama izango du ikasturte bakoitzean, eta 271 orduko irakaskuntza-zama gehienez. Ordu-kopurua soziolinguistika ikastaroa ematearen edo ez ematearen arabera aldatuko da. Kontratua lan-ordutegiaren % 60koa da.
Txileko Santiagoko Unibertsitaterako eta Txileko Santiagoko Pontificia Universidad Católica Unibertsitaterako:
Txileko Santiagoko Unibertsitaterako: eskola-orduak: 1,5 ordu astean. Bisa: Txilen lan egiteko eskubidea onartzen duen bisa indarrean izatea unibertsitate-ikasturtea hasi baino lehen.
Txileko Santiagoko Pontificia Universidad Católica Unibertsitaterako: eskola-orduak: irakurleak astean 11 eskola-orduko lan-karga izango du, eta ordu horien artean eskola-orduak eta ordu horien prestakuntza hartzen dira kontuan. Bisa: Txilen lan egiteko eskubidea onartzen duen bisa indarrean izatea unibertsitate-ikasturtea hasi baino lehen.
Montevideoko La Republica Unibertsitaterako:
Eskola-orduak: irakurleak astean 30 eskola-orduko lan-karga izango du.
Santa Barbarako UCSB Unibertsitaterako:
Eskola-orduak: euskara eta euskal kulturako 7 ikastaro espezializatu eskainiko ditu ikasturteko. Bisa: Amerikako Estatu Batuetan lan egiteko eskubidea onartzen duen bisa indarrean izatea unibertsitate-ikasturtea hasi baino lehen.
Hautatua deialdi honen helburu den tokian tokiko unibertsitateari atxikiko zaio, 4. artikuluko baldintzen arabera. Tokian tokiko unibertsitatearen herrialdean indarrean dagoen legediaren araberako eta unibertsitatearen beraren araudiaren araberako kontratua sinatuko du eta unibertsitate kontratugilearen klausula zehatzak bete beharko ditu, bereziki kontratuak irauten duen bitartean aplikagarri zaion ordainsari- eta zerga-erregimenari dagokionez.
Euskara eta euskal kulturako irakurle izateak ez dakar inolako lan- edo administrazio-harremanik Etxepare Euskal Institutuarekin eta, ondorioz, Institutuak ez du bere gain hartuko irakurleak helburuko unibertsitatearekin duen kontratu-harremanetik edo ekintzetatik eratorritako erantzukizunik, bereziki bere funtzioak betetzean sor daitezkeen kalteengatik.
Etxepare Euskal Institutuak tokian tokiko unibertsitaterako lehenengo joan-etorrien gastuak baino ez ditu hartuko bere gain. Hasierako bidaia Etxeparek ordainduko du eta, beharrezkoa izanez gero, hiru hilabeteko bidaia-asegurua kontratuko du. Etxeparek kudeatuko ditu bidaia eta asegurua, eta gastu horien kargu egin.
Tokian-tokian, irakurleak baloratu beharko du ea aseguru pribatu bat kontratatu nahi duen ala ez. Aseguru horren kudeaketa eta gastuak irakurlearen kontura izango dira.
Aurkeztutako hautagaitzari loturik, onartze-agiria eta harrera-saioko agiriak sinatzea.
Unibertsitateak esleitutako ordutegia betetzea.
Euskara eta euskal kulturaren programa didaktiko bat prestatzea (ikasturteko hasierako fitxa) ikasturtearen hasieran. Programa hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da.
Ikasleen ebaluazioa egitea eta ikastaroa kudeatzea, bai eta ekintza akademikoak antolatzea ere (hitzaldiak, literatura-jardunaldiak...), euskara ikertzeko eta euskal kultura sustatzeko helburuarekin.
Tokian tokiko irakasleak eta ikertzaileak euskara, euskal kultura eta antzeko gaiekin zerikusia duen guztian lagundu eta orientatzea.
Behean zehazturiko datarako helburuko unibertsitatera bertaratzea, klaseak ematen hasteko.
Klaseak ematea ikasturtea amaitu arte; Montevideoko kasuan, 2026ko uztailaren amaiera arte (hala badagokio, luzatzeko aukera egongo da). Kontratuaren luzapena urtez urte egingo zaio irakurleari, eta, betiere, urteroko berritzea unibertsitateak eta Etxepare Euskal Institutuak berritzearekin adostasuna izateari baldintzatuta dago.
Montevideoko La Republica Unibertsitateari, Santa Barbarako UCSB Unibertsitateari eta Helsinkiko Unibertsitateari dagokionez, hautetsia (irakurlea) gehienez 4. ikasturtea osatu arte izango da irakurle-postuan. Salbuespen gisa, eta betiere Etxepare Euskal Institutuak eta unibertsitateak euskal ikasketen sendotze estrategiarako egokitzat adostutako irizpide eta prozedurei jarraikiz, aztertu ahal izango da behin-behinekoa izango den luzatzeko aukera. Luzapen horren gehieneko epea urtebetekoa izango da edo unibertsitatearekin euskal ikasketak indartzeko estrategiarako adostutako trantsizio epea.
Berlingo Freie Unibertsitateari, Habanako Unibertsitateari eta Txileko Santiagoko Unibertsitateari eta Txileko Santiagoko Pontificia Universidad Católica Unibertsitateari dagokionez, hautetsia (irakurlea) gehienez 2. ikasturtea osatu arte izango da irakurle postuan.
Habanako Unibertsitateari, Txileko Santiagoko Unibertsitateari eta Txileko Santiagoko Pontificia Universidad Católica Unibertsitateari eta Santa Barbarako UCSB Unibertsitateari dagokionez, irakurleak bisa kudeatzeaz arduratu beharko du. Bisa ateratzeko gastuak estaltzeko 500 euro arteko laguntza jasoko du.
Bertaratzeko datak:
Berlingo Freie Unibertsitatera, 2025eko irailaren 25a baino lehenago bertaratzea, kontratua sinatu eta handik egun batzuetara klaseak ematen hasteko.
Habanako Unibertsitatera, 2025eko irailaren 1a baino lehenago bertaratzea, handik egun batzuetara klaseak ematen hasteko.
Helsinkiko Unibertsitatera, 2025eko irailaren 1a baino lehenago bertaratzea, handik egun batzuetara klaseak ematen hasteko.
Txileko Santiagoko Unibertsitatera eta Txileko Santiagoko Pontificia Universidad Católica Unibertsitatera, 2025eko abuztuaren 1a baino lehenago bertaratzea, hainbat izapide egin eta klaseak abuztuan ematen hasteko.
Montevideoko La Republica Unibertsitatera, 2025eko uztailaren 28tik abuztuaren 3rako astean bertaratzea, izapide batzuk egiteko, abuztuaren 4an klaseak ematen hasi baino lehen.
Santa Barbarako UCSB Unibertsitatera, 2025eko irailaren 26a baino lehenago bertaratzea, klaseak ematen hasteko. Lanerako bisa goizago lortuz gero, bertaratze-data hori aurreratu daiteke.
2025-2026 ikasturtearen amaieran, irakurleak urteko memoria bat idatzi behar du, irakurlearen sailaren oniritzia jasoko duena. Urteko memoria Etxepare Euskal Institutura igorri behar da, hitzarmena behar bezala betetzen dela ikuskatzeko eta irakurlearen lana ebaluatzeko.
Irakurleak konpromisoa hartzen du, halaber, Etxepare Euskal Institutuak antolatzen dituen online prestakuntza-ikastaroetan parte hartzeko. Udako ikastaroetan eta irakurle-topaketan parte hartzea biziki gomendatzen da, baina ez da nahitaezko baldintza.
Etxepare Euskal Institutuak ordainduko dizkio tokian tokiko unibertsitateari irakurletzak mantentzetik eratorritako gastuen finantzaketarako zenbatekoak.
Tokian tokiko unibertsitateari dagokio Etxepare Euskal Institutuak egindako diru-ekarpenak justifikatzea.
Salbuespenez, Etxepare Euskal Institutuak zuzenean egingo dio ordainketa Txileko Santiagoko Unibertsitateko irakurleari eta Habanako Unibertsitateko irakurleari, unibertsitatearen izenean. Irakurleari hemengo araudia aplikatuko zaio ordainsarien eta zergen erregimenari dagokionez, eta horren arabera dagozkion atxikipenak ezarriko zaizkio.
Azkenik, unibertsitateak ordainduko dio irakurleari dagokion soldata.
Hautagaiek aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte eskabideak:
Aurrez aurre: eskabideak helbide honetan aurkeztuko dira: Etxepare Euskal Institutua, Tabakalera eraikina, Andre zigarrogileen plaza 1, 3. solairua (20012) Donostia, goizeko 08:30etik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean aurkeztu ahal izango dira eskabideak.
Bide elektronikoa: www.euskadi.eus guneko egoitza elektronikoan aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honetako 2. apartatuan adierazitako helbidean. Bide bat edo bestea erabili, eskatzaileak prozedurako edozein unetan aldatu ahal izango du ordura arte hautatutako bidea.
Eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz nola izapidetu, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-eko helbide honetan daude ikusgai:
Berlingo Freie Unibertsitatea:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1042341
Habanako Unibertsitatea:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1042336
Helsinkiko Unibertsitatea:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1042337
Txileko Santiagoko Unibertsitatea eta Txileko Santiagoko Pontificia Universidad Catolica Unibertsitatea:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1042338
Montevideoko La Republica Unibertsitatea:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1042340
Santa Barbarako UCSB Unibertsitatea:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1042339
Identifikazio elektronikorako, bitarteko elektronikoren bat izan beharko du eskatzaileak, onartua eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratua.
Eskabidea egiterakoan, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute hautagaiek:
Nortasun-agiria, AIZa edo pasaportearen kopia. Espainiako nortasun-agiria baduzu, hautazkoa duzu fotokopia aurkeztea.
Unibertsitate-mailako tituluaren kopia.
Euskara-maila egiaztatzen duen agiriaren kopia. HABE, EGA, IVAP edo Hizkuntza Eskola Ofizialeko agiria baduzu, hautazkoa duzu fotokopia aurkeztea.
Proiektu pedagogikoa, euskarako eta euskal kulturako programazioek osatua. Euskarako lehen mailetan irakasteko programazio laburra aurkeztu beharko da: helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak (teknikoak eta didaktikoak), eskoletarako ikasleekin erabiliko den oinarrizko bibliografia eta ikasleek beren gisara erabiltzeko bibliografia adierazita. Euskal kulturako gaiei (musika, zinema, antzerkia, eskultura...) buruzko programazio laburra ere aurkeztu beharko da: helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak (teknikoak eta didaktikoak), eskoletarako ikasleekin erabiliko den oinarrizko bibliografia eta ikasleek beren gisara erabiltzeko bibliografia adierazita. Proiektu pedagogiko guztiaren luzera gehienez 9.000 karakterekoa izango da (zuriuneak barne). Karaktere-kopurua gainditzen duten proiektuak ez dira onartuko. Proiektu pedagogikoa euskaraz idatzia egongo da. Proiektu pedagogikoa word formatuan atxiki beharko da, edo karaktereak automatikoki kontatzea ahalbidetzen duen formatu batean.
Hautagaiek aipatzen dituzten meritu guztiak (hizkuntzak, emandako ikastaroak, jasotako formazioa...) ziurtagirien bidez frogagarriak izan beharko dira. Horretarako, hautagaiek agiri guztien fotokopiak aurkeztu beharko dituzte eskabidea egitean. Bestalde, notarioak konpultsatutako fotokopiak edo aurkeztutako fotokopien jatorrizko agiriak aurkeztu beharko ditu aukeratutako hautagaiak Etxepare Euskal Institutuak hala eskatutakoan; horrela, Etxepare Euskal Institutuan agiri horiek egiaztatu ahal izango dira. Hala egin ezean, deialditik kanpo geratuko da dagokion hautagaia.
Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako agiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Eskabideak aurkezteko, hilabeteko epea egongo da, xedapena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin, interesdunek eskubidea dute ez aurkezteko administrazio jardulearen esku dauden edo beste administrazio batek egindakoak diren agiriak. Horrela, Administrazioak agiriok kontsultatu eta atera ahal izango ditu, interesdunak aurka egin ezean. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.
Hautagaiak Espainiako nortasun-agiri edo pasaporterik ez duenean, pasaportearen fotokopia aurkeztu beharko du. Hautagaiak espainiarra ez den unibertsitate bateko titulua baldin badu, haren fotokopia aurkeztu beharko du. Hala badagokio, eskatutako beste edozein agiri ere aurkeztu beharko du.
Bat eginez abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez:
Hautagaiak ez izatea zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.
Era berean, hautagaiak eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraztea.
Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, hautapen-batzorde bat eratuko da. Balorazio-batzordeko kideak izendatzerakoan, aintzat hartuko da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.10 artikuluan xedatutakoa.
Batzordearen osaera EHAAn argitaratuko da.
Hautagaiak baremo honen arabera hautatuko dira (guztira 25 puntu lortu ahal izango dira, gehienez):
Unibertsitateko titulua eta HE. Gehienez 5 puntu, irizpide hauen arabera:
Euskal Filologia, Euskal Ikasketak, Itzulpengintza eta Interpretazioa (A hizkuntza: euskara): 5 puntu.
Giza zientzien, Gizarte-zientzien eta Letretako gradu edo lizentziak, baldin eta 4. HE egiaztatuta badute: 4 puntu.
Giza zientzien, Gizarte-zientzien eta Letretako gradu edo lizentziak, baldin eta EGA edo 3. HE egiaztatuta badute: 3 puntu.
Gainerako gradu edo lizentziak, baldin eta 4. HE egiaztatuta badute: 3 puntu.
Gainerako gradu edo lizentziak, baldin eta EGA edo 3. HE egiaztatuta badute: 2,5 puntu.
Eskarmentua euskara eta beste hizkuntza batzuk irakasten. Gehienez 5 puntu, irizpide hauen arabera.
Euskara unibertsitateetan irakatsi izana: 3 puntu bederatzi hilabeteko.
Euskara euskaltegi eta ikastetxeetan irakatsi izana: 2 puntu bederatzi hilabeteko.
Bestelako hizkuntzak unibertsitatean irakatsi izana: 1 puntu bederatzi hilabeteko.
Bestelako hizkuntzak ikastetxeetan irakatsi izana: 0.5 puntu bederatzi hilabeteko.
EAEko hizkuntza ofizialak ez diren beste hizkuntzak ezagutzea eta agiri ofizial bidez egiaztatuta izatea. Gehienez 3 puntu, hizkuntza bakoitzeko, irizpide hauen arabera, baldin tokian tokiko unibertsitatearen berariazko eskakizuna ez bada:
A2 = 0.25 puntu.
B1 = 0.50 puntu.
B2 = 0.75 puntu.
C1 = 1 puntu.
C2 = 1.5 puntu.
Bestelako prestakuntza. Gehienez 5 puntu, irizpide hauen arabera, tokian tokiko unibertsitatearen berariazko eskakizuna ez bada, betiere:
Doktoregoak:
Euskararekin edo euskal gaiekin zuzenean loturiko doktoregoa: 5 puntu.
Euskararekin edo euskal gaiekin zuzenean loturiko doktoregoa egiten aritzea: 3 puntu.
Beste hizkuntzekin edo hezkuntzarekin loturiko doktoregoa: 2 puntu.
Bestelako doktoregoa: 1 puntu.
Masterrak:
Euskararekin edo euskal gaiekin zuzenean loturiko masterra. Euskal filologiako lizentzia egin dutenei maila hau aitortzen zaie, MECES baliokidetzaren arabera: 3 puntu.
Euskararen edo euskal gaien masterra egiten ari diren ikasleak (amaituta eta defentsa egiteke): 1,5 puntu
Hezkuntzarekin edo beste hizkuntzekin loturiko masterra / ikerketarako nahikotasunaren aitortza arlo horretan. Beste hizkuntzetako filologia lizentzia egin dutenei maila hau aitortzen zaie, MECES baliokidetzaren arabera: 1 puntu.
Bestelako masterrak edo ikasketa aurreratuen ziurtagiri diploma / ikerketarako nahikotasunaren aitortza arlo horretan, MECES baliokidetzaren arabera: 0,5 puntu.
Ikastaroak:
Atzerriko Unibertsitateetan euskara irakasteko prestakuntza-ikastaroa: 1 puntu.
Beste hizkuntza batzuk atzerriko hizkuntza gisa irakasteko prestakuntza-ikastaroa: 0,15 puntu.
IGI-CAP: 0.5 puntu.
Glotodidaktika-ikastaroa: 0.5 puntu.
Excellence in Basque Studies / Bikaintasuna Euskal Ikasketetan ikastaroa: 0.25 puntu.
Egonaldiak:
Ikerketa-egonaldiak:
Ikerketa-egonaldiak, euskararekin edo euskal gaiekin zerikusia dutenak. Ikerketa-egonaldia jarraian lau astekoa izan beharko da, gutxienez. 0,1 puntu hilabeteko. Gehienez ere 1 puntu.
Egonaldiak, ikerketarako beste hizkuntzekin/hezkuntzarekin zerikusia dutenak. Ikerketa-egonaldia jarraian lau astekoa izan beharko da, gutxienez. 0,05 puntu hilabeteko. Gehienez ere 0,75 puntu.
Egonaldi akademikoak:
Espainiar Estatutik kanpo egindako ERASMUS programako egonaldiak. Egonaldi akademikoa jarrian 4 astekoa izan beharko da, gutxienez. 0,02 puntu hilabeteko. Gehienez ere 0,5 puntu.
Egonaldi profesionalak:
Espainiar Estatutik kanpo lanean arituta egindako egonaldiak; jarraian 4 astekoa izan beharko dira, gehienez. 0,01 puntu hilabeteko. Gehienez ere 0,5 puntu.
Proiektu pedagogikoa. Gehienez 5 puntu.
Proiektu pedagogikoa ebaluatzeko, irizpide hauek erabiliko dira, bai euskarako, bai euskal kulturako programazioa aztertzean: zehaztasuna, tokian tokiko unibertsitatearekiko eta hartzaileekiko egokitasuna eta koherentzia atal hauetan: helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta bibliografia. Proiektu pedagogikoko gehieneko puntuazio hori, berriz, aipatutako atal horietako bakoitzean lortutako puntuen batezbestekoa izango da.
Beste merezimendu batzuk: gehienez 2 puntu. Honako hauek hartuko dira kontuan: euskal kulturarekin zerikusia duten jardueren antolakuntza, argitalpenak eta humanitateen irakaskuntzako lan-eskarmentua. Irakaskuntzako lan-eskarmentuari dagokionez, modua eman beharko da lan egindako ordu kopuru zehatza eta lan hori zein hizkuntzatan egin den/irakaskuntzan emandako gaia zein izan den frogatzeko (kontratua / ziurtagiri ofiziala) eskarmentu hori baloratu ahal izateko.
Izangaien profila ezarritako baldintzekin bat datorrela egiaztatu ondoren, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik gehienez hamabost eguneko epearen barnean, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan, eta berariaz adieraziko da zergatik baztertu diren. Baztertuek 10 egun balioduneko epea izango dute baztertzeko arrazoia zuzentzeko, hala badagokio. Hala egiten ez badute, eskaerari uko egiten diotela ulertuko da.
Adierazitako epea igarotakoan, Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da hautaketa-prozesuan parte hartzeko onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda, eta berariaz adieraziko da zergatik baztertu diren.
Hautapen-batzordeak hautagaien merezimenduak 11. artikuluko irizpideen arabera ebaluatu ondoren, eta balorazio-batzordeak ezarritako hurrenkerari jarraituz, Etxepare Euskal Institutuak hiru izangai proposatuko dizkio unibertsitateari.
Hiru horiek aztertuta, unibertsitateak hautagai egokirik ez dagoela irizten badio, zerrendaren hurrenkerari jarraituta, ahal bada Etxepare Institutuak zerrendako hiru hautagai berri proposatuko dizkio. Unibertsitateak hurrengo dauden izangaien artean aukeratu ahal izango du irakurletzat nahi duena.
Irakurlearen egokitasuna baloratzeko, unibertsitatetako ordezkariek eskubidea izango dute proposatutako hiru hautagaiak elkarrizketa batera deitzeko.
Deialdi honetan eskainitako plazak esleitu gabe gelditu ahal izango dira kasu hauetan:
Eskabide bat bera ere aurkeztu ez bada.
Deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez badituzte hautagaiek.
Baldin eta, deialdi hau argitaratu ondoren, unibertsitateak aldatzen baditu Institutuaren eta bien arteko lankidetza-hitzarmenetan ezarritako baldintzak, edo, bi aldeei egotzi ezin zaizkien arrazoiengatik, hitzarmena betetzen ez bada edo hitzarmena bertan behera geratzen bada.
Hautagairik aurkezten ez bada edo ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen ez badituzte, Etxepare Euskal Institutuak aurreko deialdietako hautagaiengana jo ahal izango du, betiere deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Kasu horretan, lehentasuna emango zaio deialdi honetan jasotako irizpideen arabera puntuazio handiena lortzen duenari. Hala ere lanpostua ezin bada bete, prozesuaren beste deialdi bat egingo da.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak ebatziko du deialdi hau, zioak behar bezala azalduz, eta bertan zehaztuko du zein izangai proposatzen dizkion Etxepare Institutuak tokian tokiko unibertsitateari. Unibertsitateak hartuko du azken erabakia.
Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izango da organo eskuduna betearaztean sor daitezkeen zalantzak eta gertaerak kudeatu eta argitzeko.
Unibertsitateak edo/eta Etxepare Euskal Institutuak hala eskatzen badute, hautatuek medikuaren ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko dute, beren esku utzitako funtzioak inolako eragozpenik gabe bete ditzaketela egiaztatzen duena.
Gainera, tokian tokiko unibertsitateko euskara eta euskal kulturako irakurle izaera onartu beharko dute, xede horretarako dokumentu bat sinatuz, eta, halaber, dagokion hautagaitzako harrera-saioko agiriak sinatu beharko dituzte.
Behin unibertsitate bakoitzak irakurlea aukeratu duenean, irakurletza bakoitzerako hautatuak izan ez diren izangaiekin osatuko dira lan-poltsak, eta hautapen-batzordeak emandako puntuazioaren araberako hurrenkera jarraituko dute. Etxepare Euskal Institutuak irakurle-postuan hutsuneak sortzen direnean, lan-poltsetara jotzeko aukera izango du.
Hautatuek 2025-2026 ikasturteari dagokien lan-jarduna amaitu baino lehenago uko egiten badiote euren lanpostuari, ezingo dira berriz hautagai izan Etxepare Euskal Institutuko irakurleak hautatzeko hurrengo bost urteetako deialdietan, beraien ukoa behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoietan oinarritu ezean.
Aurretik aipatutako ukoa onartzen bada, Etxepare Euskal Institutuak dagokion lan-poltsara jotzeko aukera izango du
Eskatzailearen datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Euskal hizkuntza eta kultura irakurleak eta katedretako irakasle gonbidatuak.
Arduraduna: Etxepare Euskal Institutua.
Helburua: Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko unibertsitateetara bidalitako euskal hizkuntza eta kulturako irakurleen zein katedretako irakasle gonbidatuen erregistroa eta kudeaketa.
Legitimazioa:
Tratamendua beharrezkoa da, aplikagarriak diren lege-eginbideak betetzeko.
Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
3/2007 Legea, apirilaren 20koa, Etxepare Euskal Institutua Sortzekoa eta Arautzekoa (2007-05-10eko EHAA, 89. zk.).
Hartzaileak: ez da daturik lagatzen.
Eskubideak: datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eskubidea du eskatzaileak, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: web-orri honetan kontsultatu daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/057400-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).
ID: 0574.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.
Donostia, 2025eko otsailaren 19a.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,
IRENE LARRAZA AIZPURUA.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Ikus: EBAZPENA, 2025eko apirilaren 4koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, Euskara eta Euskal Kulturako irakurlea hautatzeko Hautapen Batzordearen osaera xedatu eta argitaratzen duena.
- Zuzendutakoa: EBAZPENA, 2025eko martxoaren 17koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, 2025eko otsailaren 19ko euskara eta euskal kulturako irakurleak hautatzeko deialdia egiteko Ebazpena aldatzen duena.