Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 28koa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena, 2025eko «Jesús María Leizaola» sariaren deialdia egiten duena, euskal autonomia edo XXI. mendeko politika publikoen garapenean eragina duten erronkei aurre egiteko gobernantza publikoa xede duten ikerlanetarako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Saila; IVAP
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 103
  • Hurrenkera-zk.: 2449
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2025/05/28
  • Argitaratze-data: 2025/06/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Instituzional

Testu legala

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Araubide Juridikoari buruzko Legearen testu bateginak, irailaren 21eko 3/2023 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutakoak, eginkizun ugari aitortzen dizkio IVAPi. Besteak beste, azpimarratzekoa da gure autonomia-sistemak dituen berezitasunei buruzko azterlanak sustatu eta zabaltzeko eginkizuna.

Helburu hori lortu nahian, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak «Jesús María Leizaola» ikerketa-saria sortu zuen 1990ean, inolako zalantzarik gabe gure herriaren eredu eta ordezkari izan genuen gizon ospetsu haren omenez. Baina izan genuen beste asmorik ere saria eratzerakoan: alde batetik, etapa autonomikoaren garapenaren hasierari buruzko azterlanak bultzatu nahi genituen; eta bestetik, lehengo garai historikoen gaineko ikerlanak sustatu nahi genituen, aldi horiek euskal autonomiaren aurrekariak izan baitziren eta eragina izan baitzuten haren konfigurazioan.

Autonomia-estatutua indarrean jarri zenetik hainbat hamarkada iragan ondoren, egin beharreko hausnarketa ezin da mugatu erakunde berriak abiaraztera eta martxan jartzera eta aurreko historialdien tratamendura bakarrik. Gaur egun, dagoeneko, bada zertaz hausnarketa egin, eta baita egin beharra ere: erakunde horien finkatzea eta garapena, eta etorkizuna eraikitzen lagunduko duten eredu, parametro eta proposamenen ekarpena eta aurreratzea. Hori guztia, mendebaldeko demokrazien multzoari begira, eta kontuan hartuta sistema ekonomiko eta sozial gero eta globalizatuagoaren eragina ukaezina dela, eta sistema horrek gure autogobernuari eta sistema federalei eskatzen diela gobernantza publikoaren eredu bat garatzea eta erronka jakin batzuekin bat datozen politika publikoak lantzea; betiere erronka horiei erantzuteko, mundu interkonektatu batean deszentralizazio politiko eta administratiboak, XXI. mendean estaturik gabeko nazioek Europar Batasunaren testuinguruan duten zereginak eta herritarrak politika publikoen defentsan eta kudeaketan sartzeak ekar ditzaketen aukeretatik abiatuta.

Gaur egun, «Jesús María Leizaola» saria Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan gauzatzen den dirulaguntza-lerro bat da. Plana IVAPeko zuzendariaren 2025eko otsailaren 26ko Ebazpenaren bidez onartu da, eta erakundearen web orrian argitaratu da (https://www.euskadi.eus/contenidos/plan_departamental/2025_dirulaguntzen_plana/eu_def/adjuntos/2025eko-dirulaguntzen-plan-estrategikoa_07B.pdf)).

Hori guztia kontuan hartuta, honako hau

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren zuzendariaren ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoen arabera. Horretarako, hilabeteko epea egongo da, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Errekurtso hori ebazpen hau eman duen organoari aurkez dakioke edo, bestela, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari. Gora jotzeko errekurtsoa jarri zenetik hiru hilabete igarota berariazko ebazpenik ematen ez bada, errekurtsoa ezetsi egin dela ulertu beharko da, eta administrazioarekiko auzietako bidera jotzeko aukera irekita egongo da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 28a.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria,

LEIRE CORRALES GOTI.

Lehenengoa. Xedea.

2025eko «Jesús María Leizaola» sarira aurkez daitezke edozein ikuspegi zientifikotatik egindako eta argitaratu gabeko monografia izaera duten ikerlanak, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitakoak. Ikerlan horiek xede izan behar dute:

  1. Euskal autonomia, euskal autogobernua, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamendua, edo

  2. Globalizazioaren, eraldaketa digitalaren edo klima-aldaketaren erronken edo XXI. mendeko politika publikoen garapenean eragina duten beste erronka batzuei aurre egiteko gobernantza publikoa.

    Bigarrena. Hautagaiak.

    Pertsona fisikoak eta horretarako eratutako lantaldeak aurkez daitezke sarira.

    Lantaldea aurkezten bada, argi eta garbi adieraziko da nor izango den ikerketa-talde horren arduraduna, eta ikerketa-taldearen ordezkari bat izendatuko da, ikerketa-taldeari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adina botere duena. Ordezkaritza egiaztatzeko, hala dela sinesgarritasunez erakusten duen edozein bide erabili ahal izango da, zuzenbidean baliozkoa bada. Ondorio horietarako, ordezkaritza egiaztaturik geldituko da apud acta ahalordetzearen bitartez egin bada, agerraldi pertsonala eginez edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan agerraldi elektronikoa eginez, edo egoitza elektroniko horren ordezkarien erregistro elektronikoan (https://euskadi.eus/ordezkariak) inskribatu izana egiaztatuz.

    Era berean, eskabidean berariaz adierazi beharko da taldearen kide bakoitzak zer partaidetza-ehuneko duen aurkeztutako ikerlanean.

    Ezin izango dute deialdi honetan parte hartu jarraian aipatzen diren kasuren batean dauden banakoek edo jarraian aipatzen diren kasuren batean dauden pertsonak kide dauzkaten taldeek.

  1. Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren bat duten edo administrazio-zehapen penalaren mende dauden pertsona fisikoek, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginean, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoan, aurreikusitako debekuak eta zehapenak ere barruan direla; eta, era berean, laneko, merkataritzako edo kargu publikoko izaera dela-eta deialdi honetan parte hartzea bateraezina daukaten pertsonek, betiere izaera horri aplikatu behar zaion legedia kontuan hartuta.

  2. Funtsean aurreko urteetan aurkeztutako beste ikerlan batzuekin antzekotasun handia duten ikerlanek.

  3. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako beste kasuren batean dauden pertsonek.

    Deialdi honetan parte hartu ahal izateko, eskatzaileek oinarrietan zehaztutako betekizun guztiak bete beharko dituzte, baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan aurreikusitako betebeharrak ere. Zehazki, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan beharko dituzte. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du baldintza hori betetzen dela, saria eta accesita esleitu eta ordainketa egin aurretik. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio uko egiaztapen horri; kasu horretan, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

    Hirugarrena. Diru-kopurua.

    Sariaren zenbatekoak honako hauek dira:

  1. Lehenengo saria: 20.000 euro.

  2. Accesita: 10.000 euro.

    Lantalde batek aurkeztutako ikerlan bati ematen bazaio saria edo accesita, taldekide guztiak izango dira onuradun, legez dagozkien ondorioetarako. Sariaren edo accesitaren zenbatekoa lantaldeak zehaztu duen ehunekoaren arabera banatuko da taldekideen artean; partaidetza-ehunekoa adierazi ezean, zati berdinetan banatuko da.

    Laugarrena. Monografien baldintzak.

    Ikerlanek gutxienez ehun orrialde izango dituzte. Monografiaren diseinua zein testua edozein formatutan aurkeztu ahal izango da; hala ere, gutxieneko luzeraren baldintza betetzen den ala ez egiaztatzeko, erreferente gisa hartuko da formatu hau: justifikatutako testua, lerroartea 1,5ekoa eta letra mota Times New Roman 12. Ikerlana orrialde-zenbakiak jarrita aurkeztuko da; eta aurkibide bat izango du, edukien hasierako orrialde zenbakia aipatzen duena.

    Monografiak argitaratu gabeko lanak izan beharko dira. Argitaratu gabeko lanak dira jabetza intelektualari buruzko legerian ezarritako eran hedatu edo argitaratu ez direnak. Horren ondorioz, ez dira argitaragabetzat joko bitarteko telematikoen bidez, hau da, Interneten zein beste sare batzuen bitartez argitaratutako, hedatutako edo publikoaren eskura jarritako lanak. Hori dela eta, zientzia- edo literatura-ekoizpeneko biltegietan sartutako lanen kasuan, argitaragabetzat jo ahal izateko, modu frogagarrian jasota egon behar da lan horiek enbargatuta mantendu direla edo publiko orokorrak edo espezializatuak sarbidea erabat murriztuta izan duela, biltegi horietan dauden bitartean.

    Era berean, ezin izango da aurkeztu edozein pertsona edo erakunderekin edozein modutan konprometitutako eskubideak dituen lanik.

    Halaber, deialdi honetara aurkezten diren monografietan, alde batetik, ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, genero-ikuspegia errespetatzen duten hizkuntza eta irudiak erabili beharko dira; eta, bestetik, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatu eta, bereziki, diruz lagundutako jarduerarekin lotutako argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean euskararen erabilera bermatu beharko da.

    Sarira aurkezten direnen nortasuna isilpean gordeko da, eta bakar-bakarrik argitaratuko dira sariaren eta accesitaren irabazleen izenak.

    Bosgarrena. Aurkeztu beharreko dokumentuak eta izapidetzea.

    Deialdi honetan parte hartu nahi duten interesdunek izapidetze elektronikoaren bidez egingo dute eskaera eta dokumentazioa aurkeztea, ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuarekin bat etorriz (Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa).

    Eskabidearekin batera, monografia eta azalpen-dokumentu labur bat aurkeztu beharko dituzte, 200 eta 500 hitz artekoa; bertan, ikerketa-lanaren xedea eta lana egiteko erabili den diziplina edo ikuspegi zientifikoa zehaztu beharko dira.

    Eskabideak izapidetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa) identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartutako edozein bitarteko erabili ahal izango da; bitarteko horiek kontsulta daitezke egoitza elektroniko horretako «Tramiteak eta zerbitzuak» ataleko «Identifikazio elektronikorako onartutako baliabideak» aukeran.

    Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2025eko uztailaren 8an bukatuko, azken egun hori epe barruan egongo delarik.

    Bai eskabidea baita ikerlana ere helbide elektroniko honetan aurkeztu beharko dira: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0029412

    Norberaren espedientean sartzeko eta haren jarraipena eta izapideak egiteko, «Nire Karpeta» atalera jo behar da https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

    Seigarrena. Organo kudeatzailea.

    Honako deialdi honen kudeaketa Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuari dagokio.

    Zazpigarrena Balorazio-irizpideak.

    Bai saria, bai accesita emateko, balorazio-irizpideak izango dira ikerlanen kalitate zientifiko-teknikoa eta horietan egiten diren ekarpenen garrantzia.

    Epaimahaiak proposatu dezake saria edo accesita ikerlan batzuei ex aequo ematea. Kasu horietan, deialdian aipatzen diren diru-kopuruak lan saridun guztien artean banatuko dira zati berdinetan.

    Halaber, epaimahaiak proposatu dezake saria edo accesita eman gabe uztea, baldin eta uste badu aurkeztutako lanek ez dituztela eskatutako kalitate-baldintzak edo -betekizunak betetzen.

    Zortzigarrena. Epaimahaia.

    Hauek dira sariak emango zaizkien hautagaiak erabakiko dituen epaimahaiko kideak:

    Epaimahaiburua:

    Gobernantza Publiko, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua edo hark izendatutako ordezkoa.

    Bokalak:

    Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria edo hark izendatutako ordezkoa.

    Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko idazkari nagusia edo hark izendatutako ordezkoa.

    Eusko Jaurlaritzako Autogobernu zuzendaria edo hark izendatutako ordezkoa.

    Eusko Jaurlaritzako Erakunde Harremanetarako sailburuordea edo hark izendatutako ordezkoa.

    Sarira aurkeztutako ikerlanen gaien inguruan prestigio handia duten aditu bi. Horiek Gobernantza Publiko, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak izendatuko ditu agindu baten bidez, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariak proposatuta.

    Idazkaria:

    Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko Azterlan eta Argitalpen zerbitzuburua edo hark izendatutako ordezkoa IVAPi atxikita egon behar du. Hitza eta botoa emateko eskubidea izango du.

    Epaimahaia osatzerakoan, ahaleginak egingo dira trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua egon dadila bermatzeko. Ondorio horretarako, ordezkaritza orekatua izango da sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza baldin badu.

    Edozein sexuri dagokionez aurrean adierazitako ehunekoa betetzea ezinezkoa edo oso zaila gertatzen bada, ezintasun edo zailtasun hori arrazoituko da epaimahaia osatzen duten aditu biak izendatzen diren aginduan.

    Saria edo accesita emateko, epaimahaia bildu eta daudenen gehiengoaren aldeko botoa beharko da. Berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiburuak izango du kalitateko botoa.

    Epaimahaiburua edo idazkaria, edo haiek izendatutako ordezkoa, epaimahaiaren bilerara agertu ezean, eta quorum nahikoa betetzen bada, bilerara azaldutako kideen gehiengo soilaz erabakiko da haien artean nork beteko dituen epaimahaiburuaren edo idazkariaren eginkizunak.

    Bederatzigarrena. Epaimahaiaren txostena.

    Epaimahaiak hartuko du erabakia, eta dagokion txostena egingo du, non ebaluazioaren emaitza zehaztuko den.

    Hamargarrena. Ebazpen-proposamena.

    Organo kudeatzaileak, espedientea eta epaimahaiaren txostena ikusi ondoren, ebazpen-proposamena egingo du, eta esleipendunei jakinaraziko die. Esleipendunek saria eta accesita onartzen dutela edo hari uko egiten diotela jakinarazteko, idazki bat aurkeztu beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), telematikoki, bost egun balioduneko epean. Epe hori aipatutako ebazpenaren proposamena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasiko da zenbatzen.

    Adierazitako epean onartu ezean, onuradun gisa proposatutako pertsonak eskaerari uko egiten diola ulertuko da.

    Hamaikagarrena. Ebazpena.

    Prozedura Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpenaren bidez ebatziko da. Ebazpen hori interesdunei jakinaraziko zaie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

    Deialdia indarrean jartzen den egunetik sei hilabete igarota, sarien esleipen-ebazpena interesdunei jakinarazi ez bazaie, interesdunek ezetsitzat hartu beharko dute beren eskabidea. Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluari eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluari jarraikiz.

    Hamabigarrena. Ordainketa.

    Sarien ordainketa aldi bakarrean egingo da, esleipena egin eta gero. Zergei buruzko arauekin bat etorriz, aplikatu behar diren atxikipenak egingo dira hirugarren oinarrian aipatzen diren diru-kopuruetan.

    Halaber, sarien ordainketa bateragarria izango da ikerlan saridunek beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik jasotako edozein motatako dirulaguntzarekin.

    Hamahirugarrena. Saria edo accesita itzultzea.

    Sariaren edo accesitaren esleipendunek dirulaguntza publikoak arautzen dituen araudia edo deialdi honetako baldintzak beteko ez balituzte, organo emaileari itzuli behar zaizkio jasotako kopuruak, eta esleipendunari berandutze-interesak exijitu behar zaizkio, saria edo accesita ordaindu zenetik organo emaileari itzuli behar zaiola erabakitzen den egunera arte sortutakoak, edo zordunak organo emaileari saria edo accesita itzuli dion egunera arte sortutakoak data hori saria edo accesita organo emaileari itzuli behar zaiola erabakitzen den eguna baino lehenagokoa bada.

    Hamalaugarrena. Egile-eskubideak.

    Saria eta accesita onartzeak berekin dakar Administrazio Publikoaren Euskal Institutuari egile-eskubideak doan lagatzea, hamar urteko eperako eta edozein hizkuntzatarako. Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak urtebeteko epean ikerlanaren argitalpena aurrera eramateko konpromisoa hartzen du; epe hori zenbatzeko, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak edo erakunde horren argitalpen zerbitzuen esleipendun diren enpresek bete behar dituzten izapideak eta betebeharrak burutzeko denborak besterik ez dira kontuan hartuko.

    Saritutako ikerlanak beste lan zabalago batzuen atal badira, epaimahaiak osorik argitaratzea erabaki dezake; hala eginez gero, egileak obra osoaren ustiapen-eskubideak lagako dizkio administrazioari. Edozein modutan, saria irabazi duela adierazteko, izenburu hau jaso beharko da: «Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren 2025eko "Jesús María Leizaola" saria» eta «Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren 2025eko "Jesús María Leizaola" accesita».

    Hamabosgarrena. Datuen babesari buruzko informazio oinarrizkoa.

    Datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: «Ikerketen sustapena».

    Arduraduna: IVAP.

    Helburua: deialdi hau kudeatzea eta ebaztea.

    Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da misio bat betetzeko, zeina egiten baita interes publikoaren izenean, edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzeko.

    Hartzaileak: Ogasun publikoa eta zerga-administrazioa. Esleipendunen datuak argitalpenetan agertuko dira. IVAPeko zabalkunde-jardueretan agertu ahal izango dira. Aldizkari Ofiziala.

    Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

    Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta daiteke Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/060200-capa2-eu.shtml

    Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

    Hamaseigarrena. Oinarriak onartzea.

    Deialdi honetara ikerlan bat aurkezteak berekin dakar deialdiaren oinarrietan zehaztutako baldintza guztiak onartzea.