Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2025eko ekainaren 11koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Eólicas de Euskadi SAk Iruraiz-Gaunan (Araba) Bat San Millán metatze-sistema gauzatzeko sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 135
  • Hurrenkera-zk.: 3145
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2025/06/11
  • Argitaratze-data: 2025/07/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Industria; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2025eko otsailaren 24an, Arabako Industria Administrazioaren Lurralde Ordezkaritzak Iruraiz-Gaunako (Araba) Bat San Millán metatze-sistema gauzatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txosten sinplifikatua egiteko eskatu zuen proiektuaren ingurumen-inpaktu sinplifikatuaren ebaluazio-prozeduraren esparruan, zeina Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. kapituluko 2. atalean arautzen baita.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2025eko apirilaren 7an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsultatzeko izapidea hasi zuen. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatua egin behar zaio, lege horren II. eranskineko 4. taldeko n) epigrafean deskribatutakoarekin pareka daitekeelako: Stand-alone motako energia-metatzea, bateria elektrokimikoen bidez edo energia elektrikoko instalazioekin hibridatutako edozein teknologiaren bidez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen aztertuko da, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu eta ingurumena egokiro babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

Lehenengoa. Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Eólicas de Euskadi SAk Iruraiz-Gaunan (Araba) Bat San Millán metatze-sistema gauzatzeko sustatutako proiekturako, honela:

  1. Proiektuaren xedea da Iruraiz-Gaunako udalerrian Bat San Millán metatze-sistema gauzatzea.

  2. Ebazpen honen bidez, Arabako Iruraiz-Gauna udalerrian Bat San Millán metatze-sistema gauzatzeko proiektuaren (aurrerantzean, Proiektua) ingurumen-inpaktuaren txostena egiten da, eta proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin:

    1. Proiektuaren ezaugarriak.

      Proiektuaren xedea da Iruraiz-Gauna udalerrian, Gereñuko kontzejuan, energia metatzeko sistema bat eraikitzea, Bat San Millán izenekoa, stand alone motako bateriekin. Sistema horrek 24,773 MWh-ko metatze-ahalmena du (baterietan instalatuta), baterietan instalatutako potentzia 6,193 MW-ekoa da, 4 orduko autonomia dute, 6,454 MVA-ko potentzia dute inbertsoreetan, eta sare elektrikora konektatzeko behar diren azpiegiturak ditu. Bat San Millán metatze-sistema 220/30 kV-eko San Millán ATaren barruan ezarriko da, hots, Aixeindar SAren azpiestazioan, zeina Azazetako Parke Eolikoa sustatzeko proiektatu baita.

      Instalazioak potentzia-estazio bat (1) izango du, honako hauek dituena: transformadore bat (1) eta bi (2) inbertsore, sei (6) DC/DC bihurgailu, sei (6) DC bloke eta 344,064 kWh-ko energia instalatuko hirurogeita hamabi (72) rack.

      Bat San Millán metatze-sistemako energia ebakuatzeko, erdi-tentsioko lurpeko linea bat (30 kV) (aurrerantzean, ETLL) proiektatu da, 85,8 m-ko luzerakoa, bere sekzionamendu-zentroa San Millán AT konexio-puntuarekin lotuko duena. San Millán AT azpiestazioak ETLL hori konektatzeko gelaxka bat izango du eskuragarri. ETLLaren trazadura azpiestazioaren esparruaren barrutik igaroko da.

      Bat San Millánek REEren baimena du Elgeako sare elektrikora atxiki, eta 220 kV-eko lotunean konektatzeko. Horregatik, Elgea ATan konektatzeko, Bat San Millán metatze-sistemak Azazeta Parke Eolikorako izapidetutako ebakuazio-azpiegiturak erabiliko ditu: 220/30 kV-eko San Millán ATa eta San Millán-Elgea 220 kV-eko linea.

      Gauzatze proiektuak elementu hauek ditu:

      1. Metatze-sistema: bateriak eta horien sistema osagarriak.

      2. Azpiegitura elektrikoa:

        6 edukiontzi, bakoitza 12 rackekoa (hau da, guztira 72 bateria-rack, 344,064 kWh-ko ahalmen instalatua).

        2 inbertsore.

        Power Block (PB), KZ/KA inbertsorea eta transformazioa barne.

        30 kV-eko lurpeko linea elektrikoa, sekzionamendu-zentroa transformadorearen ondoko gelaxkarekin konektatzen duena.

        Sekzionamendu-zentroa.

        Lehendik dagoen gelaxken eraikinean sartuko den gelaxka.

        Laguntza-zerbitzuen transformatzailea.

        Korronte zuzeneko kableak.

        Korronte alternoko kableak.

        Komunikazio-sarea.

        Lur-sarea.

        Sarbide- eta segurtasun-instalazioak.

      3. Obra zibila.

        Barneko bidea.

        DC blokeen zimendatzea.

        Linea elektrikoetarako, lur-sarerako eta komunikazioetarako zangak.

        Baterien bidez energia metatzeko sistema instalatzeko hautatutako lurzatia 270104370D000000FX da, katastroaren arabera. Baterien bidez energia metatzeko instalazioen multzoak 146,72 m-ko luzerako perimetro-hesi bat izango du, eta horrek 1.335 m2-ko azalera bat mugatzen du San Millán ATaren eremuaren barruan. Hesi hori bihurdura bakunekoa izango da, 2,3 m-ko garaierakoa, eta orri bikoitzeko bi ate eraisgarri izango ditu; zutoin bertikalak mate-koloreko altzairu galvanizatuzkoak izango dira, eta zimenduan 0,40 m sartuko dira. Bateriak metatzeko ekipo nagusiek 294,33 m2-ko azalera hartuko dute.

        Sarbideei dagokienez, Bat San Millán metatze-sistemak sarbide nagusi bat du, kokagunearen ondoko bide publikotik eta 220/30 kV-eko San Millán AT azpiestazioko barneko bideetatik. Bide publikorako sarbidea A-4139 errepidearekiko lotunetik egingo da, eta lotune hori 220/30 kV-eko San Millán AT proiektuan izapidetzen da. Azpiestaziorako sarbidetik, bideak azpiestazioaren barrutik jarraitzen du, Bat San Millán sistemaren hesian dagoen sarreraraino, eta, bertatik, barruko bideetan barrena, Bat San Millán instalazioaren sarbideraino.

        Lanen iraunaldi aurreikusia 11 astekoa da.

        Bestalde, garatu nahi den jarduera lurzorua kutsa dezakeen jarduera gisa dago jasota (EJSN-2009, 35.12 Energia elektrikoaren garraioa. Azpiestazio elektrikoak eta potentzia- nahiz erreaktantzia-transformadoreak). Beraz, sustatzaileak 4/2015 Legean eskatzen den lurzoruaren egoerari buruzko txostena egin eta izapidetu beharko du, akreditatutako entitate baten eskutik.

    2. Proiektuaren kokapena.

      Proiektuaren eremua Iruraiz-Gauna udalerrian dago, Araban, eta nekazaritza nahiz abeltzaintzako eta landazabaleko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatzen da. Eremuko litologia metakin alubioi-kolubioi zaharrez osatuta dago, porositateagatiko iragazkortasuna altua dutenak.

      Proiektuaren eremua Zadorrako Unitate Hidrologikoan (UH) sartzen da, Ebroko Demarkazio Hidrografikoan. Zehazki, proiektuaren xede den lurzatia Dulantziren arroan dago, Zadorraraino, eta gertuen dagoen ibilgua Dulantzi ibaia da (Azpiegitura Berdearen Bilbe Urdinaren barruan jasotzen dena), instalazio-eremutik 300 metrora baino gehiagora. Plan Hidrologikoaren Eremu Babestuen Erregistroari dagokionez, eremua nitratoen kutsadurarekiko kaltebera den eremu batean eta Uribarriko urtegiko mantenugaien ekarpenarekiko sentikorrak diren eremuen bilketa-eremuan kokatzen da.

      Lurpeko uren hidrografiari dagokionez, eremua Vitoria-Gasteizko lurpeko ur-masa alubialaren sektore Kuaternarioaren gainean dago (ES091MSBT012). Akuiferoen kutsadurarekiko kalte­beratasunari dagokionez, eremuak kalteberatasun txikia du.

      Ez dago geologia-intereseko lekurik (GIL), baina lurzatia Salburuako hezeguneak eta kuaternarioa GILaren eragin-eremuan dago (79).

      Proiektuaren esparrua ez dago naturagune babestu baten barruan kokatuta, ez eta natura-intereseko leku batean ere. Dena den, ezarpen-eremutik 2 km hego-ekialdera, Entzia kontserbazio bereziko eremua (aurrerantzean, KBE) (ES2110022) dago, eta 2 km iparraldera, gutxi gorabehera, Arabako Lautadako irla-hariztiak KBEa (ES2110013).

      Bestalde, jarduketa-eremutik hurbil, Entzia mendilerroa (1 km ekialdera) eta Ekialdeko Gasteizko mendiak (4 km hego-mendebaldera) daude biak ala biak Azpiegitura Berdeko natura-intereseko espazioen artean sartzen dira, Lurraldearen Antolamenduaren Gidalerroen arabera (aurrerantzean, LAG), bai eta bi eremuak lotzen dituen korridore ekologikoa ere (1 km hegoaldera). Gainera, hegoaldera, 500 m-ra baino gutxiagora, Gereñuko ureztaketarako urmaela dago, LAGetako azpiegitura berdeko hezeguneen inbentarioan jasota dagoena.

      Lurzatiak ez du ukitzen arriskuan dagoen faunaren kudeaketa-planen xede den ezein espazio. Dena den, oso hurbil daude abifaunaren babes-eremu hauek: Entzia (200 m-ra baino gutxiagora, hegoaldera) eta Gasteizko Mendiak (1 kilometrora, hego-mendebaldera). Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoei dagokienez, 2 km hego-ekialdera Entzia dago, interes bereziko eremua eta elikatzeko babesgunea. Bestalde, Arganzubi ibaia dago 700 metro ipar-ekialdera, interes bereziko eremu gisa dago sartuta bisoi europarraren (Mustela lutreola) Kudeaketa Planean.

      Euniseko (Geoeuskadi) habitaten kartografiaren arabera, instalazioak hartzen dituen lurzatiko landaredia monolaborantza intentsiboak dira. Eremuan ez dago Batasunaren intereseko habitat (aurrerantzean, BIH) katalogaturik. Halaber, Geoeuskadik emandako informazioaren arabera, ez dago flora espezie mehatxatuen erregistrorik. Hala ere, ingurumen-dokumentuaren arabera, Basoko eta Itsasoko Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan agertzen diren 4 espezie botaniko daude: Dryopteris karthusiarra, Ophioglossum vulgatum, Osmunda regalis eta Primula farinosa.

      Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera (aurrerantzean, LPS), instalazioek okupatzen duten lursaila «baso-mendi mehatza» gisa katalogatuta dago. LPS horren erabilera-matrizearen arabera, hala LSMT nola BESS erabilerak onargarritzat jotzen dira (2a), baina nekazaritza eta basozaintzako jardueraren gaineko eraginaren azterketa egin behar zaie.

      Eremua Dulantziko ikuspen-arroan dago, zeina ez baitago EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan sartuta (Eusko Jaurlaritza, 2005). Hala ere, 2 km ingurura, Opakua, Iturrieta eta Legardako gurutzea daude, eta horiek katalogoan jasotzen diren ikuspen-arroak dira.

      Baterien bidez energia metatzeko sistemak onura publikoko mendiaren (aurrerantzean, OPM) azaleraren zati bat hartuko du: 515-1, 515 Ankobaso, Gustaran eta Idui.

      Proiektuan ez dago babestutako kultura-ondareko elementurik.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, baztertu egin dira sismikotasunari, uholde-arriskuari, baso-suteei, salgai arriskutsuen garraioari eta SEVESO enpresen hurbiltasunaren ondoriozko arrisku kimikoari lotutako arriskuak. Era berean, ez da hauteman lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen presentziak eragindako arriskurik. Bestalde, lurzatiak muturreko higadura-prozesuak ditu.

    3. Inpaktu potentzialaren ezaugarriak.

      Obren fasean, hauek dira eragina izan dezaketen jarduketak: aldi baterako instalazioek lurra okupatzea; landare-estalkia kentzea; bideak, zangak eta drainatze-sistema irekitzea; perimetro-hesiak jartzea; baterien edukiontzien zimenduak, potentzia-estazioa eta sekzionamendu-zentroa instalatzea; lurpeko ebakuazio-linea instalatzea; lan-eremua, instalazio osagarriak, materialak eta hondakinak pilatzeko eremua egitea; makinak mugitzea eta erabiltzea; ingurunean elementu antropikoak sartzea eta eskulana egotea.

      Ustiapen-faserako, aurreikusitako inpaktuak instalazioen presentziarekin eta funtziona­menduarekin lotutakoak dira; izan ere, instalazioen mantentze-lanez gain, tarteka makineria eta eskulana egotea ekarriko dute.

      Bestalde, eraikuntza- eta desegite-fasean lurzoruak eta urak kutsatzeko arriskua dago, obrako makineriak oharkabean eragindako isurketengatik; ustiapen-fasean, instalatutako ekipoetako olio mineralak edo erregaiak oharkabean isurtzeagatik.

      Ez dakigu zer-nolako eragina izan dezakeen bateria-ekipoak hausteak edo ordezkatzeak, ez eta balizko ezbehar horiek minimizatzeko aurreikusitako neurriek ere. Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinaren arabera, lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat da (EJSN-2009, 35.12 Energia elektrikoaren garraioa. Azpiestazio elektrikoak eta potentzia- nahiz erreaktantzia-transformadoreak); lege hori abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuak aldatzen du (209/2019 Dekretua, abenduaren 26koa, zeinaren bidez garatzen baita Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea). Ondorioz, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritakoa aplikatu behar da: Lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazio berriak jarri nahi dituzten pertsona fisiko edo juridikoek lurzoruaren egoeraren txosten bat bidali beharko dute, jarduera edo instalazioa jartzeko egin behar den baimen-eskaerarekin edo jakinarazpenarekin batera, ingurumen-organo eskudunak, hala badagokio, lurzoruaren inguruko neurriak sar ditzan.

      Aztertutako dokumentazioa ikusita, proiektuak sor dezakeen eragin nagusia obren fasean gertatuko da, baterien bidez energia metatzeko instalaziorako eta ETLLrako zangak irekitzeko lurrak mugitzeagatik.

      Ingurumen-dokumentuak bateragarritzat jotzen du lur-mugimenduaren eragina, kontuan hartuta proiektua San Millán ATaren instalazioak izango dituen lurzati batean kokatzen dela. Era berean, uste da proiektuaren eragina bateragarria dela landarediarekin, baterien bidez energia metatzeko instalazioa etorkizuneko San Millán AT azpiestazioaren barruan egongo delako.

      Ez da kontuan hartu proiektuak nekazaritzaren gainean izango duen eragina, nekazaritza-lurretan kokatu nahi den arren. Nolanahi ere, kontuan hartu behar da Nekazaritza eta Basozaintzako LPSak «Baso mendi mehatz» gisa sailkatzen duen lurzoru bat dela, eta okupatutako lurzorua San Millán ATaren esparruaren barruan dagoela, zeina Azazetako parke eolikoaren aurreproiektuaren esparruan baimentzen baita.

      Gainerako inpaktuak obra-fasearekin daude lotuta (hondakinak sortzea, zarata sortzea, partikula-emisioak, etab.), edozein obraren ohiko inpaktuekin, eta horiek guztiak bateragarritzat jotzen dira.

      Paisaia-inpaktuari dagokionez, nahiz eta bateria-edukiontziek intrusio bat sortu paisaian, sustatzaileak uste du paisaia-inpaktua hutsala dela instalazioa Bat San Millán AT azpiestazioaren mugen barruan kokatzen delako eta San Millán ATaren paisaia-integraziorako neurriak hartuko direlako, eta posible ikusten da hesia landare-itxitura izatea.

      Instalazioak sortutako zarata-mailei dagokienez, ingurumen-dokumentuak onartzen du immisio-balioak ez direla aldatuko bateria-sistemak funtzionatzen duen bitartean, sistema hori San Millán ATaren mugen barruan kokatuko delako, eta horrek dagoeneko bere funtzionamenduarekin lotutako soinu-maila izango duelako. Hala, uste da hondoko zarata eremuaren berezkoa izango dela, eta inpaktua bateragarritzat jotzen da.

      Oro har, ingurumen-dokumentuak bateragarritzat jotzen du proiektuaren ingurumen-inpaktu globala, ez du hauteman inpaktu larririk edo kritikorik, eta inpaktu bateragarriak minimizatzeko neurriak aplikatzeko aukerak daude.

      Obrak amaitu ondoren, ingurumen-dokumentuaren arabera, lursailaren ingurumen-lehengoratzeari ekingo zaio. Horretarako, hondakinak garbitu eta kudeatuko dira, eta goldatu egingo da, eskarifikatze arinaren edo zorrotzaren bidez, makinen joan-etorriek trinkotutako lurzoruak destrinkotzeko, eta aldez aurretik biltegiratutako landare-lurra utziko da, birsortze naturala errazte aldera.

      Bigarrena. Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-jarraipeneko kontrolak ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Iruraiz-Gaunako Bat San Millán metatze-sistemaren gauzatze-proiektuan ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

      Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Eusko Jaurlaritzaren Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa kontuan hartuta.

      Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenak xedatuko dituenak bermatzeko.

      Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.

      Atal hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:

      Ingurumen-integrazioari buruzko neurriak:

      Obrek eragindako eremu guztiak lehengoratzeko neurriak zehaztea, eta espezie autoktonoek osatu beharko duten konpentsazio-neurri gisa proposatutako landare-pantaila nola eratuko den zehaztea.

      Landa-ingurunea babesteko neurriak:

      Onura publikoko mendien erabilera pribatiboa edo okupazioa Arabako Foru Aldundiaren baso-organoaren administrazio-emakidaren mende dago.

      Erregistratutako mendi-bideei eragiten dien edozein jarduketa gauzatu aurretik, dagokion txosten teknikoa eskatu beharko zaio Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Garatzeko Zerbitzuari, eta Arabako Lurralde Historikoko Mendi Bideen Erabilpen, Kontserbazio eta Zaintzari buruzko 6/1995 Foru Araua aplikatuko da.

      Gereñuko Ureztatzaileen Komunitateari eragiten dion edozein obra komunitate horri jakinarazi beharko zaio, eta lehengoratu egin beharko dira ureztatze-sareko elementuei eragindako kalte guztiak.

      Lurzoruak babesteko neurriak:

      Bideak eta pistak balizatuko dira, ibilgailuak ez daitezen baimendutako eremuetatik kanpo ibili.

      Ingurumen-agenteek gainbegiratuko dituzte honako hauek, jarraibide espezifiko egokiak emate aldera: hondakinak aldi baterako biltegiratzeko edo biltzeko guneak, makineria-parkeak, garbitokiak, hormigoi-makinak, landare-lurren aldi baterako pilaketak eta abar kokatzeko zuinketak.

      Lursaila berdintzea eta lurzoru-profila aldatzea saihestuko da, bai eta lurzorua eraldatzea ere.

      Jarduketa-eremuetatik kanpo lurzorua trinkotzea saihestuko da, higadura murrizte aldera.

      Lurzoruaren jatorrizko landare-geruza zainduko da, bideragarria den guztietan, gainazalean geruza emankor bat mantentze aldera, landaredia azkarrago leheneratzeko, eta, hala, epe laburrean balizko higadura kontrolatzeko.

      Hondeatutako lur piloek 1,5 m-tik beherako altuera izango dute, ez trinkotzeko. Metatze-denbora ahalik eta laburrena izango da.

      Instalazio osagarrietarako eta makineria-parkeetarako lursailek iragazgaiztuta egon beharko dute.

      Hondakinak kudeatzean, lurrean ez metatzea gomendatzen da.

      Oharkabeko jario edo isuriak daudenerako jarduteko protokolo bat hartuko da kontuan.

      Berehala jakinaraziko zaie udalari eta autonomia-erkidegoko ingurumen-organoari sumatzen bada obra-fasean lurzorua kutsatuta dagoela.

      Lurra azaletik landu edo eskarifikatuko da makina astunen joan-etorriak lurzorua trinkotu duen eremuetan, landaredia birsortzea zaildu dutelako. Horren bidez, lurzorua aireztatuko da eta haren egitura hobetuko da.

      Obrak amaitu ondoren, biltegiratutako landare-lurra erabiliko da induskatutako zangak betetzeko, betiere erauzteko baliatutako kontrako ordenari jarraituz, lurzoru-profilari eragin gabe.

      Landarediak naturalki birsortzeko duen gaitasuna bultzatuko da, prozesu edafogenikoak bizkortzeko eta landare-estalkia lurrean dauden hazietatik lehengoratzeko.

      Eremutik kanpoko ekarpenak behar izanez gero, beste espezie nitrofilo batzuk ugaltzea eragin dezaketen hazirik ez dagoen eremu batetik ekarri beharko dira.

      Lurzoruak oharkabean kutsatuko balira, kendu eta baimendutako kudeatzaileari emango litzaizkioke, kutsadura motaren arabera.

      Obrako instalazio osagarriak behin lanak amaitzean erretiratuko dira.

      Akreditatutako entitate batek 4/2015 Legean eskatzen den lurzoruaren egoerari buruzko txostena egin eta izapidetu beharko du, garatu nahi den jarduera lurzorua kutsa dezakeen jarduera gisa jasota baitago (EJSN-2009, 35.12 Energia elektrikoaren garraioa. Azpiestazio elektrikoak eta potentzia- nahiz erreaktantzia-transformadoreak).

      Urak eta lurzoruak babesteko neurriak:

      Oro har, eraikitzeko fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze naturaleko sarera; horrez gain, uren kalitateari eragiten ez zaiola bermatu beharko da. Horretarako, euste-sistema egokiak eduki beharko dira, egiten diren balizko isurketek ez dezaten eraginik izan jabari publiko hidraulikoan.

      Hidrokarburoen material xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, oharkabean isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

      Infiltrazio bidezko kutsadura saihesteko neurriak ezarri beharko dira, eta, zehazki, proiektuaren fase guztietan hondakinak, olioak eta erregaiak erabiltzeko neurriak.

      Beharrezkoa bada, obra-eremuetan, obren eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ahalik eta ondoen eusten dietela eta isuriak lokalizatuak direla bermatzeko. Zangen, putzuen edo kutxatilen xukatzeetatik datozen urak ezingo dira isuri aldez aurretik iragazteko eta jalkitzeko tratamendurik egin gabe. Bestalde, eremuan debekatuta dago hormigoi-ontzien upelak garbitzea; hormigoi-ontzien kanaletak edo mahukak garbitu behar badira, garbiketatik datorren ura putzu berezietan tratatu beharko da, isuri aurretik. Nolanahi ere, ibilgura zuzenean egiten diren isuri guztiek Uraren Euskal Agentziaren baimena izan beharko dute.

      Obrako makinak gordetzeko eremua eta makina horien mantentze-lanak egiteko eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Ezin izango da erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta konponketa-lantegiko jarduerarik egin horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.

      Zarataren ondorioak gutxitzeko neurriak:

      Lanek iraun bitartean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, zamalanei, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

      Obrak 6 hilabetetik gora luzatuko direla aurreikusten bada, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, zuzenketa-neurri aproposak definitzeko.

      Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluaren arabera, energia metatzeko instalazioak bete egingo ditu zarata-foku berriei aplikatu beharreko zarataren muga-balioak, I. eranskineko 2. zatian jasotakoak.

      Kultura-ondarea babesteko neurriak:

      Arabako Foru Aldundiko Museo eta Arkeologia Zerbitzuaren txostena kontuan hartuta, ekintza hauek bilduko dituen arkeologia-proiektu bat aurkeztuko da:

      Ikusizko prospekzioa, inbentario ofizialetan jasota ez dauden beste ondare-elementu batzuk aurkitzeko.

      1. Obrek balizko ondare-elementu bakoitzean izango duten eraginaren berariazko balorazioa.

      1. Kasuan kasuko zuzenketa-neurri egokienak proposatzea, aztarnategien eta obren ondoriozko aurreikusitako inpaktuen ezaugarri zehatzen arabera.

        Elektrizitatea baterien bidez metatzeko sistema instalatzetik eratorritako lurzoru-iraulketa guztien kontrol arkeologikoa, bai eta sare elektrikora konektatzeko beharrezkoak diren azpiegiturena eta ebakuazio-linearena ere; kontrol arkeologikoa egin beharko da, halaber, sarbideak egokitzen edo irekitzen direnean.

        Eragindako ingurunean ondare-ondasun guztiak balizatzea.

        Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa betez, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailari proiektuaren aldaketa guztien berri eman beharko zaio, berehala, bai eta trazaduraren gainerakoan egiten ari diren lanetan egon daitekeen edozein aurkikuntza arkeologikoren berri ere.

        Hondakinak kudeatzeko neurriak:

        Proiektua egikaritzean eta haren funtzionamenduan sortutako hondakin guztiak kudeatzeko, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoari jarraituko zaio, eta, kasuan-kasuan, sailkatu egin beharko dira hondakin mota eta norakorik egokiena zehazteko.

        Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

        Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.

        Berariaz debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinetako hondakinak edo efluenteak elkarren artean edo beste batzuekin nahastea; jatorritik bertatik bereiziko dira, eta biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak jarriko dira, nahasketa horiek saihesteko.

        Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan agindutakoa betez kudeatuko dira.

        Gainera, zabortegira bidali beharreko hondakinak dekretu hauen arabera kudeatuko dira: Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretua eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua.

        Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

        Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (AEBA) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

        Indusketako soberakinak kudeatzeko, hierarkia- eta hurbiltasun-printzipioak beteko dira; lehentasuna emango zaio material horiek balorizatzeari, dela materialok behar dituzten gertuko eraikuntza-obretan, dela erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk lehengoratzeko lanetan. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, kontuan izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua (Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa).

        Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketen baten ondorioz nahasiz gero, arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

        Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Hondakinak biltzeko edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.

        Sortzen den olio erabilia kudeatzeko, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituko zaie. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zoru iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kuboetan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.

        Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

        Atmosfera ahalik eta gutxien kutsatzeko eta ahalik eta hauts-emisio gutxien egiteko neurriak:

        Obrek irauten duten bitartean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak, bai egin beharreko jardunaren eraginpeko ingurunean, bai jardun-eremuetara sartzeko guneetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako soilduta dauden edo ibilgailuak pasatzean partikulak aireratu daitezkeen pista eta eremuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatuko dira.

        Jardunbide egokien sistema bat hartzea:

        Langileek jardunbide egokien sistema bat ezarri beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:

      1. Obraren okupazio-mugak kontrolatzea.

      1. Hondakin-uzterik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramateagatik lurzorua eta ura ez kutsatzea.

      1. Proiektuaren eraginpeko biztanleguneetan bizi direnei zarata eta hautsarekin enbarazurik ez eragitea.

        Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Eremu horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Adierazitako eremutik kanpo oharkabeko afektaziorik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

        Kontratistak elementu hauek egokitu beharko ditu egin beharreko jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak ahalik eta txikienak izan daitezen: lur geldo eta begetalak aldi baterako metatzeko guneak; obrako instalazioak eta eraikinak; makinak; materialen, olioen eta erregaien biltegiak; ibilgailuak edo bestelako egiturak garbitzeko eremuak; urak arazteko sistemak, eta obrako sarbideak eta pistak. Obra-zuzendaritzak onetsi beharko ditu kontratistaren instalazio-eremu horien mugaketa eta ezaugarriak.

        Obrak amaitzean, kanpaina bat egingo da sobran dauden material guztiak eta obretan sortutako hondakinak kentzen direla bermatzeko, eta azken horiek indarreko legeriaren arabera kudeatuko dira.

        Garbitzea eta obra amaitzea.

        Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegin beharko dira.

        Jarduera uztea.

        Instalazioaren bizitza baliagarria amaitzen denean, jarduera uzten den garaian aplikatzekoa den berariazko araudia betetzeaz gain, instalazioak desmuntatzeko lanetarako, babes- eta zuzenketa-neurri batzuk aplikatuko dira, eraikitze-lanetarako ezarri zirenen antzekoak, hain zuzen, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionez. Desmuntatze-prozesuan okupatutako eremu guztiak leheneratu beharko dira.

        Ingurumen-aholkularitza.

        Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz obra-zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, aholkulariek txosten bat egin beharko dute aldez aurretik.

        Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra egikaritzean. Besteak beste, proiektuko ekintzen eragina aztertuko du, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, ibilguen gaineko eragina, hondakinen kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.

        Hirugarrena. Zehaztu behar da ez dela uste izatekoa proiektua gauzatuta kalte handirik egingo zaionik ingurumenari, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta baldin eta ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen eta ezarritako kontrolak ezartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere adierazitakoen aurkakoak ez badira. Hortaz, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Eólicas de Euskadi SAk Iruraiz-Gaunan (Araba) Bat San Millán metatze-sistema gauzatzeko sustatutako proiektuari.

        Laugarrena. Ebazpen honen edukia Industria Administrazioko Arabako Lurralde Ordezkaritzari jakinaraztea.

        Bosgarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

        Seigarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gehienez lau urteko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatuaren prozedura.

        Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 11.

        Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

        NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik