Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2023ko martxoaren 6koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez berriz ere ontzat ematen den «Bilboko Metropoli Trenbidearen 5. linea eraikitzeko proiektua. Galdakao-Ospitalea tartea».
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 59
- Hurrenkera-zk.: 1460
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2023/03/06
- Argitaratze-data: 2023/03/24
Gaikako eremua
- Gaia: Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: ---
Testu legala
2005eko otsailaren 22an, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailak behin betiko onartu zuen Euskadiko Trenbide Sarearen Lurralde Plan Sektorialaren aldaketa, Bilboko metropoliaren eremuko trenbidearen antolamenduari buruzkoa.
Aldaketa horrek, beste ekintza batzuen artean, metroaren adar bat egitea jasotzen zuen, Aperribaiko herrigune txikitik igarota Galdakaoko herriguneari zerbitzua emateko.
2007ko abenduaren 11n, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailak «BHT Bilboko Hiri Trenbidea Galdakaora sartzeko Informazio Azterketa idazteko Laguntza Teknikoa» kontratatzeko Lehiaketa Publikorako deialdia egin zuen, eta 2008ko urriaren 29an, Garraio eta Herri Lan Saileko Zerbitzuetako zuzendariaren ebazpenaren bitartez, Fulcrum enpresari esleitu zitzaion kontratua.
Lizitazio- eta esleipen-prozesuak luze iraun zuen, eta, bitartean, hainbat hirigintza-azterketa eta azterketa funtzional amaitu ziren. Haien arabera, trazatua Usansoloraino luzatzea komeni zen, eskualdeko ospitaleari zerbitzua emateko, hurbil baitago.
Hala, Informazio Azterketa Idazteko Laguntza Teknikoko kontratuan, metroko linea Usansoloraino luzatzea eta ibilbidean bi geltoki gehiago jartzea jaso zen (Galdakaoko Ospitalekoa eta EuskoTrenekin aldatzeko geltokia, Usansolon), eta azterketaren hasierako izena aldatu, eta «BHTren 5. Linearen Informazio Azterketa» izena jarri zitzaion.
Aurrerago, Informazio Azterketa bitan banatu zen, 5. lineako Ariz-Galdakaoko erdigunea eta Galdakao-Usansolo tarteen arabera.
2016ko irailaren 27ko ebazpenaren bitartez, Informazio Publiko eta Audientzia espedientea onartu zen, eta behin betiko onartu zen «Bilboko Hiri Trenbidearen 5. linearen informazio-azterlana. Galdakaoko erdigunea-Ospitalea tartea».
2011ko martxoan, 5. lineako eraikuntza-proiektuak idazteko lanak hasi ziren haien barruan dago 5. linearen Galdakao-Ospitalea tartea definitzen duen proiektu hau, eta 2013an amaitu ziren. Proiektuok BHTk ustiatuko zituela pentsatuta idatzi ziren.
2021ean, eguneratu egin ziren proiektuen araudia eta haien ustiapenari zegozkion alderdiak, eta ustiapena Euskotrenen esku geratu zen.
Dokumentu honek Bilboko Hiri Trenbidearen 5. lineako hirugarren tartea (Galdakao-Ospitalea tartea) eraikitzeko proiektuari heltzen dio.
BHT Bilboko Hiri Trenbidearen 5. linea berria Sarratuko eremuan hasiko da, Basaurin; jarraipena emango dio BHTren Etxebarri-Ariz tarteari, eta Galdakaoko Ospitalean amaituko da. Basauriko Sarratu auzoari eta Galdakaoko biztanleei zerbitzua emateko diseinatu da; Galdakao da Bilboko Hiri Trenbidearentzat zedarritutako esparruko azken udalerria ekialdean.
Hala, lineak guztira bost geltoki ditu ibilbidean zehar: bat Basauriko udalerrian (Sarratuko geltoki intermodala) eta beste laurak Galdakaoko udalerrian (Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Ospitalea).
Galdakao-Ospitalea tartea 4+340 kilometro-puntuan hasten da, Aperribai-Galdakao aurreko tartea amaitzen den lekuan, eta Ospitaleko Geltokia gainditu ondoren amaitzen da. Proiektuan, hauek sartzen dira: lineako tunela (aurreko tartea amaitzen den tokian hasi eta tartea amaitzen den artekoa da), Puentelatorreko larrialdietako irteera eta Ospitaleko geltokia (lurpean diseinatua).
Ebazpen honen bitartez onartzen den proiektuaren xedea da Bilboko Hiri Trenbidearen 5. linearen hirugarren tartea ezarri ahal izateko egin beharreko herri lanak eraikuntza mailan zehaztea. Tarte hori Euskotrenek ustiatuko du, eta Galdakaoko Ospitalearen eta Usansoloko auzoaren ingurumarian amaituko da.
Galdakao-Ospitalea tartea 4+340 kilometro-puntutik lineako tunelaren amaieraraino doa, ospitaleko geltokia gaindituta. Tarte guztia Galdakao udalerriaren barruan dago, eta tartean ospitaleko geltokia eta Puentelatorreko larrialdietako irteera ditu.
Hauek dira BHTren 5. lineako Galdakao-Ospitalea tartearen eraikuntza-proiektu honetan egitekoak diren obra nagusiak:
BHTren 5. lineako bidearen plataforma eta gainegitura 4+340 eta 6+270 kilometro-puntuen artean.
Puentelatorreko larrialdietako irteera.
Ospitaleko lurpeko geltokia.
Proiektua egikaritzeko aurrekontua berrogeita hamar milioi zortziehun eta laurogeita hamabi mila zazpiehun eta hirurogeita bederatzi euro eta bi zentimo da (50.892.769,02 euro). Horrek esan nahi du lizitaziorako oinarrizko aurrekontua hirurogeita hamabost milioi ehun eta hogeita zazpi mila bederatziehun eta bost euro eta hirurogeita bi zentimo dela (75.127.905,62 euro), BEZa barne; eta Administrazioak horren berri izateko, aurrekontua BEZik gabe hirurogeita bi milioi berrehun eta berrogeita hamaika mila eta laurogeita hamaika euro eta laurogei zentimo da (62.251.091,80 euro).
Obrak berrogeita sei (46) hilabetean egitea aurreikusten da.
ETS Euskal Trenbide Sareko zerbitzu teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber, maila formalean berrikusi du proiektua, eta berresten du bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, maila formalean, beharrezkoak diren dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, behar diren kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.
Organo honek eskumena du trenbide sareko proiektuak egiteko eta onartzeko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2 b) artikuluan xedatutakoaren arabera.
«Bilboko Hiri Trenbidearen 5. linea eraikitzeko proiektua. Galdakao-Ospitalea tartea» Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2022ko urriaren 21eko Ebazpenaren bidez onartu zen.
Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2022ko abenduaren 26ko Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen «Bilboko Hiri Trenbidearen 5. linea eraikitzeko proiektua. Galdakao-Ospitalea tartea» proiektuak eragiten zien ondasun eta eskubideen zerrenda. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2023ko urtarrilaren 10ean.
Gerora, eraikuntza-proiektuaren aurrekontua zuzentzeko beharra ikusi da, eta, beraz, beste aurrekontu bat idatzi da horretarako, eta «Bilboko Hiri Trenbidearen 5. linea eraikitzeko proiektua. Galdakao-Ospitalea tartea» berriro onartu da, ebazpen honen bidez.
Proiektu berri horretan sartutako aldaketak proiektuaren aurrekontuari buruzkoak baino ez dira, eta, beraz, 2023ko urtarrilaren 10eko Ebazpenaren bidez jendaurrean jarritako Eraginpeko Ondasun eta Eskubideen Zerrendari ez dio eragiten, eta ez du aldatzen.
Aipatutako xedapenak, haiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau
Lehenengoa. «Bilboko Metropoli Trenbidearen 5. linea eraikitzeko proiektua. Galdakao-Ospitalea tartea» berriz ere onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, hirurogeita hamabost milioi ehun eta hogeita zazpi mila bederatziehun eta bost euro eta hirurogeita bi zentimokoa da (75.127.905,62 euro), eta obrak berrogeita sei (46) hilabetean egitea aurreikusi da.
Bigarrena. Eraikuntza-proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta eraikuntzak eragiten dien eta eraikuntza-proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.
Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari bidali beharko zaio.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabete igaro baino lehen, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien aretoan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.
Gasteiz, 2023ko martxoaren 6a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (3)
- Ikus: EBAZPENA, 2023ko ekainaren 26koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baita «Bilboko Metropoli Trenbidearen 5. Linea eraikitzeko proiektua. Galdakao-Ospitalea tarteak» ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda, eta titularrei dei egiten baitzaie okupazioaren aurreko aktak egiteko.
- Ikus: EBAZPENA, 2022ko abenduaren 26koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Bilboko Metropoli Trenbidearen 5. Linea eraikitzeko proiektua. Galdakao-Ospitalea tartea»k ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
- Ikus: EBAZPENA, 2022ko urriaren 25ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen da «Bilboko Metropoli Trenbidearen 5. Linea eraikitzeko proiektua. Galdakao-Ospitalea tartea».