Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2023ko irailaren 13koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez dirulaguntzak eskatzeko beste epe bat ematen baita eta finantzaketarako jarritako baliabide ekonomikoak aditzera ematen baitira, honen babespean: Autonomia Erkidegoan sektore estrategikoetako, pertsonen zaintzako eta despopulazio-arriskuan dauden guneetako kualifikazio profesionalarekin lotutako biztanleria aktiboaren kualifikazio eta birkualifikazioko prestakuntzarako reskilling eta upskilling ekintzak garatzeko dirulaguntzetarako bigarren deialdia, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 179
  • Hurrenkera-zk.: 4323
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/09/13
  • Argitaratze-data: 2023/09/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Ogasun; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Ekonomia

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak 2022ko abenduaren 21eko bilkuran erabaki zuen dirulaguntza hauetarako bigarren deialdia onartzea: Euskal Autonomia Erkidegoan sektore estrategikoetako, pertsonen zaintzako eta despopulazio-arriskuan dauden guneetako kualifikazio profesionalarekin lotutako biztanleria aktiboaren kualifikazio eta birkualifikazioko prestakuntzarako reskilling eta upskilling ekintzak garatzeko dirulaguntzak, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Deialdia 2022ko abenduaren 20ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 249. zenbakian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2022ko abenduaren 21eko Ebazpenaren bidez.

Deialdi horretan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 3.951.352,62 euroak izan ziren; horietatik, 3.648.880,57 euro Estatutik 2022an programa hori gauzatzeko helburu horrekin transferitutako zenbatekoari zegozkion, eta 302.472,05 euro, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2022ko apirilaren 6ko Ebazpenaren bidez (2022ko apirilaren 13ko EHAA) argitaratutako lehen dirulaguntza-deialdiko kreditu-gerakinari, dirulaguntzok reskilling eta upskilling ekintzak garatzeko izanik.

Deialdiaren 2.3 artikuluan ezartzen denez, baldin eta 2023. eta 2024. urteetan Euskal Autonomia Erkidegoari Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planetik datozen eta helburu bera duten funts berriak transferitzen bazaizkio, eta funtsok laguntza horiekin lotutako ordainketa-kreditu berriak sortzen badituzte indarrean dauden legeekin bat etorriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen batean kredituen zenbatekoa argitaratuko da, eta deialdi horren oinarri arautzaileak aplikatuta erantzun beharreko eskabideak aurkezteko beste epe bat emango da.

Ministro Kontseiluak, bi mila eta hogeita hiruko maiatzaren hiruan egindako bileran, 2023ko aurrekontu-ekitaldian autonomia-erkidegoek kudeatutako kredituen lurralde-banaketarako proposamena eta banaketa-irizpideak baimentzen dituen erabakia onartu du. Kreditu horiek biztanleria aktiboaren reskilling eta upskilling ekintzak garatzeko dira, sektore estrategikoetako lanbide-kualifikazioei loturik, eta despopulazio-arriskuan dauden pertsonak eta eremuak zaintzeko, Enplegurako Kualifikazio eta Lanbide Heziketaren Sistemaren Konferentzia Sektorialaren mende jarrita; horretarako, 5.072.676,65 euroko zenbatekoa esleitu zaio Euskal Autonomia Erkidegoari, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren «Lanbide Heziketa sustatzeko plan estrategikoa» 20. osagaiaren esparruan.

2023an transferitutako kreditua handitu egin da programa horretan dagoen 1.175.910,4 euroko gerakinarekin; beraz, beste epe honetan eman beharreko laguntzak finantzatzeko aurrekontu-kredituaren zenbatekoa 6.248.587,05 euro dira.

Bestalde, enpresa eta entitate interesdunei jakinarazi behar zaie Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 3 bis apartatua berriki sartu eta aldatu dela. Apartatu hori deialdi honetan aplikatu behar da, eta berankortasunaren aurkako borrokari lotutako eskakizun bat gehitzen du, onuradunak 30.000 eurotik gorako dirulaguntza hartu behar badu eta eskatzailea irabazi-asmorik gabeko pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitatea izan gabe, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen mende.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.2 artikuluan ezartzen denez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, dirulaguntzetarako deialdiez gain, interesdunentzat garrantzitsua den eta oro har interesdunei eragiten dien edozein egintza.

Horrenbestez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hau

Lehenengoa. Eskabideak aurkezteko epea.

Beste epe bat ematen da dirulaguntzetarako bigarren deialdiaren babespean eskabideak aurkezteko; dirulaguntzok Euskal Autonomia Erkidegoan sektore estrategikoetako, pertsonen zaintzako eta despopulazio-arriskuan dauden guneetako kualifikazio profesionalarekin lotutako biztanleria aktiboaren kualifikazio eta birkualifikazioko prestakuntzarako reskilling eta upskilling ekintzak garatzeko dira, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2022ko abenduaren 21eko bilkuran hartutako erabakiaren bidez bigarren deialdi hori onartu ondoren (2022ko abenduaren 30eko EHAA, 249. zk.).

Eskabideak aurkezteko epe berria 10 egun baliodunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Eskabideak elektronikoki izapidetuko dira, deialdiaren 19. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Helbide hauetan eskuratu ahal izango da izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa:

Enpresek, enpresa-taldeek eta irabazi-asmorik gabeko entitateek garatu behar dituzten lehentasunezko sektoreetako prestakuntza-planak: https://www.euskadi.eus/servicios/1211703

Prestakuntza-entitateek sektore estrategikoen, pertsonen zaintzaren eta 5.000 biztanletik beherako udalerrietan bizi diren pertsonen eremuan garatu behar dituzten prestakuntza-planak: https://www.euskadi.eus/servicios/1211704

Bigarrena. Baliabide ekonomikoak.

Eman beharreko laguntzak finantzatzeko aurrekontu-kreditua 6.248.587,05 euro dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2023ko ekitaldiko aurrekontuaren ordainketa-kredituaren kargura, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari lotuta.

Baliabide horiek jarduketa-lerro hauen artean daude banatuta, prestakuntza-ekintzen tipologiaren eta dirulaguntzaren onuradunen arabera:

A lerroa: 3.431.222,73 euro, lehentasunezko sektoreetako prestakuntza-ekintzen eskaintza modularrerako. Eskaintza hori bitan banatzen da:

  1. 1 lerroa: 2.431.222,73 euro, enpresek, enpresa-elkarteek eta irabazi-asmorik gabeko entitateek egin beharreko prestakuntza-ekintzetarako, honela banatuta:

    366,82 euro (% 30), enpresen prestakuntza-planetarako.

    458.733,64 euro (% 60), enpresa-taldeen prestakuntza-planetarako.

    122,27 euro (% 10), irabazi-asmorik gabeko entitateen prestakuntza-planetarako.

  1. 2 lerroa: 1.000.000 euro, prestakuntza-entitateek garatutako prestakuntza-ekintzetarako.

    B lerroa: 1.473.462,01 euro, pertsonen zaintzarako prestakuntza-ekintzen eskaintza modularra egiteko, prestakuntza-entitateen eskutik.

    C lerroa: 1.343.902,31 euro, 5.000 biztanletik beherako udalerrietan bizi diren pertsonei prestakuntza-ekintzen eskaintza modularra egiteko, prestakuntza-entitateen eskutik.

    Hirugarrena. Diruz lagundutako prestakuntza-planak gauzatzeko epea.

    2024ko azaroaren 30ean amaituko da kreditu honen kargura diruz lagundutako prestakuntza-planak gauzatzeko epea.

    Laugarrena. Dirulaguntzen enpresa eta entitate onuradunak. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 artikuluan ezarritako berankortasunaren baldintza.

    Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz (ekainaren 28ko 5/2023 Errege Lege Dekretuan idatzita dagoen moduan), 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eskatzailea irabazi-asmorik gabeko pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitatea izan gabe, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen mende, dirulaguntzen onuraduna izateko, egiaztatu egin beharko da lege horrek ezarritako ordainketa-epeak betetzen dituela.

    Betekizun hori betetzat joko da, abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila enpresak sortu eta handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren berdina edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztien gainean ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epean).

    Betekizun hori agiri hauen bidez egiaztatuko da:

    Enpresa edo entitate eskatzaileak, kontabilitate-araudiaren arabera, galera eta irabazien kontu laburtua aurkeztu ahal badu, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) apartatuan adierazitako ziurtagiriaren bidez, Lanbidek emandako ereduaren arabera.

    Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

    Enpresa edo entitate eskatzaileak, kontabilitate-araudiaren arabera, galera eta irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin badu, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluaren b) apartatuan aipatzen den dokumentazioaren bidez, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukiarekin; edo ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, aipatutako apartatuaren 2. zenbakian eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

    Aurreko paragrafoan adierazitako agiriak aurkezteko eskatuko die Lanbidek entitate onuradunei, hala badagokie, dirulaguntzak emateko ebazpena eman aurretik.

    Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 13a.

    Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

    FRANCISCO PEDRAZA MORENO.