Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2023ko ekainaren 23koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Fotovoltaica Comunión II SLk Lantarón udalerrian (Araba) sustatutako «Comunión II» instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 142
  • Hurrenkera-zk.: 3628
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/06/23
  • Argitaratze-data: 2023/07/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Industria; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2023ko martxoaren 16an, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Arabako Industriako Lurralde Ordezkaritzak eskabide bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Fotovoltaica Comunión II SLk Lantarón udalerrian (Araba) sustatutako «Comunión II» instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren indarrez, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuko prozeduraren esparruan.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2023ko martxoaren 27an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Bestalde, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko xedez.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie lege horren II.E eranskinean biltzen diren proiektu publiko zein pribatuei.

Ebazpen honen xede den proiektua II.E eranskinean jasota dago; zehazki, 4.h epigrafean aipatzen da: «Energia fotovoltaikoaren instalazioak, 5 hektareako azalera edo handiagoa hartzen dutenak. Barne hartuko dira, azalera txikiagoa hartuta ere, beste instalazio fotovoltaiko baten mugan dauden titular beraren edo beste batzuen instalazioak, baldin eta instalazio horiek, guztira, 5 hektareako azalera edo handiagoa hartzen badute. Ez dira sartzen energia fotovoltaikoko instalazioak, baldin eta finkaturik dauden lurzoru urbanizatuetan edo lehendik dauden eraikinetan badaude».

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Fotovoltaica Comunión II SLk Lantarón udalerrian (Araba) sustatutako «Comunión II» instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, honela:

  1. Proiektuaren xedea da planta fotovoltaiko bat eraikitzea eta martxan jartzea, «Comunión II» izenekoa, Lantarongo udalerrian. Instalazioak 3,42 ha-ko azalera hartzen du guztira, eta horietatik 2,1 ha panel fotovoltaikoek hartzen dute.

    Proiektu hori zuzenean lotuta dago beste sustatzaile batek (Fotovoltaica Comunión I, SL) garatutako «Comunión I» instalazio fotovoltaikoaren proiektuarekin. «Lantarón» instalazioak 7,61 ha-ko azalera du guztira, eta horietatik 4,96 ha panel fotovoltaikoetarako dira. Bi instalazioak elkarren ondoan egongo dira, eta sarbidea, perimetroko hesia eta sare elektrikora husteko puntua partekatuko dituzte; beraz, ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduran kontuan hartu dira bi instalazioek sortutako inpaktu metagarriak.

    Era berean, baloratu da inguruan beste bi eguzki-instalazio daudela proiektuan, eta beste bat funtzionamenduan. Lehenengo biak Comunión I eta Comunión III instalazioak dira, 1.000 bat m-ra kokatuak, eta 13,46 ha hartzen dituzte guztira. Martxan dagoen instalazioa, berriz, 1.300 m iparraldera dago, eta 0,334 ha-ko azalera hartzen du.

  2. «Comunión II» instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat:

    1. Proiektuaren ezaugarriak.

      Proiektuaren xedea da instalazio fotovoltaiko bat eraikitzea eta martxan jartzea, «Comunión II» izenekoa, 2,1 MW-ko potentzia nominala (MWn) eta 2,62 MW-ko puntako potentzia (MWp) izango duena. Instalazioa Lantarón udalerrian kokatuko da, eta 3,42 ha-ko azalera hartuko du guztira; horietatik 2,1 ha panel fotovoltaikoetarako izango dira.. Instalazioaren ekoizpena hau izango da: 0,4071 Gwh, urtean.

      Panelen konfigurazioa.

      «Comunión II» instalazio fotovoltaikoa kristal bakarreko 4.368 panel fotovoltaikok osatuko dute, 600 W-ko potentzia unitariokoak.

      Panelen neurriak hauek izango dira: 2.274 x 1.134 mm. Panelak ardatz bakarreko eguzki-jarraitzaileetan jarriko dira (ekialde-mendebalde jarraitzaile zenitala), ardatza iparraldetik hegoaldera orientatuta, gutxi gorabehera 55.º-ko inklinazioarekin gehienez. Hala, panelen altuera, behin muntatuta, 4,5 m da. Guztira, 84 eguzki-jarraitzaile ipiniko dira. Jarraitzaile bakoitzak 6 ainguratze izango ditu. Instalazioak, beraz, 504 ainguratze izango ditu guztira, tinkatuta instalatuko direnak (ez da, beraz, inolako zimendatzerik egin beharrik izango), 1,5 eta 1,7 m arteko sakoneran.

      Jarraitzaileak autonomoak izango dira, motorra 30 W-ko eguzki-panel batez elikatuko da-eta. Ilaren artean egon daitezkeen itzalak optimizatzeko sistema izango dute, panelen inklinazioa automatikoki doituko duena. Hala, egitura finkoko instalazioetan baino % 18 gehiago ekoitziko da.

      8 jarraitzailetik behin inbertsore bat elikatuko da, paneletatik datorren tentsioa zuzenetik alternora bihurtzen duena. Inbertsorearen irteerako tentsioa, korronte alternoan, 800 V-ekoa izango da; hala, kableatuko elektrizitate-galera optimizatu ahal izango da. Guztira, 200 KW-ko 10 inbertsore eta 100 kW-ko inbertsore bat instalatuko dira.

      Inbertsore guztiak behe-tentsioko koadrora batuko dira, zuzenean lurperatutako aluminiozko kablezko linea trifasikoen bidez, transformazio-zentroekin konektatu arte.

      Transformazio-zentroak eta ebaketa-zentroak.

      Instalazioak bi transformazio-zentro eta sekzionatze-zentro bat izango ditu. Aire zabaleko transformadorea eta lurgaineko eraikin prefabrikatu trinkoko erdi-tentsioko gelaxkak hautatu dira. Transformadoreak kubeta bat izango du, gerta daitezkeen olio-ihesak biltzeko. Transformazio-zentro horretan, tentsioa 0,8 kV-tik 30 kV-ra igoko da, energia guztia erdi-tentsioan ebaketa-zentrora eramateko, 1.594 m-ko luzera duen lurpeko linea baten bidez. Ebaketa-zentroak 2,5 x 3,0 m neurtuko du, legar-geruza batean eta eraikin prefabrikatu batean instalatuko da, eta 1 metroko zabalerako espaloi perimetrala izango du.

      Parkean sortutako energia hustea.

      Ebaketa-zentrotik aurrera, instalazio fotovoltaikoa aireko eta lurpeko lotura bikoitz baten bidez konektatuko da goi-tentsioko banaketa-sarearekin, «LAMT- L1, Miranda Puentelarra» linean, 65 eta 66 bitartean instalatu beharreko euskarrian.

      Zerbitzu-hornidura.

      Instalazioak ez du beharko ur-, telefono- eta argi-hornidurarik. Halaber, ez da aurreikusten ur sanitarioen zerbitzurik izango duenik.

      Sarbidea.

      Instalaziora A-4322 errepidetik sartuko da, zeina A-2122 errepidetik abiatzen baita, Garlan Lantaron nekazaritza- eta abeltzaintza-instalazioaren parean, Leciñana del Camino kontzejurantz doan norabidean. Ez da beharrezkoa egungo sarbidea egokitzea.

      Barneko bideak eta bide perimetrala.

      747 m-ko luzera eta 5 m-ko zabalera dituen bide perimetral bat egokituko da, zolatu gabe; lurra trinkotu baizik ez da egingo, quad-en edo pick-up-en zirkulazioa errazteko. Ez da biderik egingo barnean.

      Lurzatiaren itxitura.

      Ingurumen-dokumentuaren arabera, itxitura ehiza-hesi motakoa izango da. Sarea altzairu lakatuzko 2,5 m-ko altuerako zutabeen artean ipiniko da, eta zutabeak lurzoruan ainguratuta egongo dira, hormigoizko zapata isolatuen bitartez. Sarearen behealdea zapata gainean berdinduta jarriko da, sarearen tamaina (100 x 50 mm) baino handiagoa den animaliarik igaro ez dadin.

      Lur-mugimenduak.

      Ingurumen-dokumentuaren arabera, instalazioak eremuko morfologiara egokituko dira, eta aurreikusitakoaren arabera egingo diren indusketak txikiak izango dira (kable elektrikoak jartzeko zanga irekitzeko indusketak). Kalkulatzen da 750 tona indusketa-soberakin sortuko direla soilik, eta soberakin horiek baimendutako betelanerako erabiliko dira.

      Instalazioaren balio-bizitza.

      Instalazioa 40 urtez aktibo egotea aurreikusten da; errendimendua galtzen hasiko da hortik aurrera. Instalazio fotovoltaikoa ixteko unea iristen denean, jarduketa garatzeko ipinitako egitura eta elementu artifizial oro kenduko da, propio idatzitako proiektu bati jarraikiz.

      Gainazal ukitu guztiak lehengoratu eta landareztatu beharko dira, eremuaren paisaia-kalitatea leheneratuz eta lurzatia berriz ere nekazaritzarako erabili ahalko dela bermatuz.

      Proiektuak hondakinen azterketa bat jasoko du, eta bertan zehaztuko da instalazioa desegitean sortutako hondakinen kudeaketa egokia.

      Proposatu diren alternatibei dagokienez, ingurumen-dokumentuak 0 alternatiba baztertzen du, ezer ez egitearena, ez lukeelako ekarriko CO2 emisioak murriztea, eta nekezagoa litzatekeelako markatutako helburu energetikoak betetzea.

      Ingurumen-dokumentuaren arabera, alternatiba teknikoetatik, aldaketa bakarra litzateke egingarria: hegoaldera begirako egitura finkoko makinak erabiltzea. Makina mota hori disimulatzea errazagoa da, altuera txikiagoa dutelako, eta behar den obra zibila txikiagoa da, baita mantentze-lan gutxiago ere; aitzitik, espazio gehiago okupatzen dute, eta errendimendua kaskarragoa da (mota zenitalekoek baino % 18 gutxiago ekoizten dute).

      Instalazioak izan ditzakeen kokaguneei dagokienez, ingurumen-dokumentuak hautatutako kokagunea justifikatzen du, monolabore intentsiboetarako nekazaritza-lursaila delako, natura-ondareko elementurik ez duena, ezta kultura-ondarekorik ere.

      Hautatu den lurzatia laua da oso; beraz, ez da lur-mugimendu handirik behar. Sare elektrikoa elikatzeko puntua instalazioetatik hurbil dago eta lurzatiak sarbide zuzena du A-4322 errepidetik; ondorioz, ez dago sarbide berriengatiko inpakturik, ezta linea elektriko berriak egitearen ondoriozkorik ere.

    2. Proiektuaren kokalekua.

      Proiektua Lantarongo udal-mugarteko 796 katastro-lurzatiko 4. poligonoan kokatuko da, «Berezedo» parajean, eta 34.186 m2-ko azalera hartuko du. Laborantza-eremuekin muga egiten du, eta ekialdean A-4322 errepidearekin. A-2122 errepidetik eta Lantarongo enpresa-parketik 800 bat metrora dago.

      Proiektuaren esparruan ez dago naturagune babesturik, interes naturalistikoko gunerik edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik. Halaber, ez du Interes Geologikoko Leku katalogaturik, ez hezegunerik, ez Plan Hidrologikoak babestutako eremurik, eta ez da atzeman kultura-ondare babestua osatzen duen elementurik.

      Instalazioa kokatuko den lurzatia zereala landatzeko erabiltzen da gaur egun. Intereseko landaredi-formazio bakarra larre-gune bat da, zeina 6220* «Brachypodium retusum larre xerofiloak» izeneko Batasunaren Lehentasunezko Intereseko habitata baita. Habitat hori lurzatiaren hego-mendebaldeko perimetroan dago, instalazioen irismenetik kanpo. Habitat hori erdi-tentsioko lineak lurperatuko diren bidearen inguruko irtengune batzuetan ere badago. Ez da flora-espezie mehatxaturik detektatu.

      Lurzatiaren iparraldeko mugaren ondoan, ur-ibilgu kanalizatu bat dago, proiektuaren zuzeneko eragin-eremutik kanpo. Ez da hezegunerik identifikatu proiektuaren ezarpen-eremuan.

      Arriskuei dagokienez, ez da aurkitu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta dagoen lurzatirik. Eremuak ez du uholde-arriskurik eta akuiferoak kutsatzeko arriskua oso txikia da.

      Proiektuak ukitutako eremua «Nekazaritza- eta abeltzaintza-lurrak. Trantsizioko landa-paisaia» kategoriaren barruan dago, EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Planaren arabera.

      Proiektuak adierazten duenez, Lantarongo HAPNaren arabera, jardueraren lurzatia eremu urbanizaezinean dago, Z4 motakoan: «Nekazaritza- eta abeltzaintza-lurrak eta landazabala. Trantsizioko landa-paisaia». Eremu horietan, 200. artikuluaren 4.4 apartatuaren arabera («Lurzoru urbanizaezineko zonetako kalifikazio orokorraren bidez zuzenean baimendu daitezkeen erabileren sailkapen orokorra»), A motako zerbitzu ez-linealen instalazio teknikoak daude sartuta, eta, zehazki, hor sartzen dira energia berriztagarriko parkeen instalazio teknikoak; beraz, ondorioztatzen du ez dagoela jarduerari eragiten dion inolako mugarik.

      Hala ere, 200. artikulu horren 5. apartatuaren arabera, 200. artikuluaren 4.4 apartatuan jasota dauden, eta horretaz gain, ingurumen-inpaktuaren adierazpen indibiduala behar duten azpiegiturak eta 5.000 m2-ri baino gehiagori eragiten diotenak baimentzeko, onura publikoko edo gizarte-intereseko deklarazioaz gain, plan berezi bat idatzi eta onartu beharko da, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 59.2.c.7 artikuluan adierazten denarekin bat etorriz.

    3. Inpaktu potentzialaren ezaugarriak.

      Proiektuko jarduketen ezaugarriak eta proiektuak eragingo dion eremuarenak ikusita, instalazioa egitearen ondoriozko inpaktu nagusiak izango dira eguzki-panelek nekazaritza-lurrak okupatzea, elektrizitate-kableak hedatzeko zangak irekitzea, eguzki-jarraitzaileak tinkatzea eta transformazio-zentroen, ebaketa-zentroaren eta perimetroko hesiaren zutabeen oinarriak hormigoiztatzea.

      Lurzorua okupatzearen ondoriozko inpaktua obra-fasean sortuko da, eta ustiapenean ere jarraituko du, instalazioa baliagarri dagoen aldi osoan. Inpaktua lehengoratu ahal izango da epe luzean, instalazioa desmuntatuta; izan ere, lurzoruak eragin txikia pairatuko du, eta lehengora itzuli ahal izango da, neurri zuzentzaile soil batzuk hartuta.

      Hautatu den lurzatia laua da oso; beraz, ez da lur-mugimendu handirik behar. Sare elektrikoa elikatzeko puntua instalazioetatik hurbil dago eta lurzatirako sarbideek egokitzapen-lan txikia behar dute; ondorioz, ez dago sarbide berriengatiko inpakturik, ezta linea elektriko berriak egitearen ondoriozkorik ere.

      Sustatzaileak igorritako dokumentazioaren arabera, 6220* «Brachypodium retusum larre xerofiloak» habitatari ez eragiteko prebentzio-neurri gisa (habitat hori erdi-tentsioko lineak lurperatuko diren bidearen ertzetako batean dago), linea elektrikoaren zangak bidearen beste aldeko arekan irekiko dira, aipatutako habitatari ez eragiteko.

      Kontuan hartu beharreko beste eragin bat laborantza-lurzati bat okupatzearen ondorioz galduko den nekazaritza-produktibitateari buruzkoa da. Horri dagokionez, ingurumen-dokumentuaren arabera, eguzki-instalazioak jarriko diren lurzatiak nagusiki nekazaritza-eremu batean daude, eta eremu horretan oso ohikoak dira eraginpeko laborantza-motak; horrenbestez, erabilera-aldaketak jarduera ekonomiko horretan eraginik ez duela izango aurreikusten da. Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Saileko Nekazaritza Garapenerako Zerbitzuak egindako txostenaren arabera, Nekazaritza Sektorearen gaineko Eragina Ebaluatzeko Protokoloaren emaitza kontuan hartuta, proiektuak sortutako inpaktua bateragarritzat jotzen da, Nekazaritza eta Basozaintzako LPSan ezarritakoaren arabera.

      Faunari dagokionez, ingurumen-dokumentuaren arabera, instalazioa kokatuko den nekazaritza-eremuak ez du ahalmenik fauna komunitate interesgarrien bizileku egokia izateko. Lantarongo udalerrian nekazaritzarako erabiltzen den azalera osoa kontuan hartuta, okupatutako azalera txikia da; beraz, zereal-soroak elikatzeko eta bizitzeko erabiltzen dituen faunaren gaineko inpaktua ez da handia izango. Perimetroko hesiak esparruaren konektagarritasun ekologikoan izan dezake eraginik, lurreko faunarentzat barrera bat izateagatik; beraz, iragazkor bihurtu beharko da, eta, horretarako, fauna bertatik igarotzeko pasabideak prestatuko dira, eta/edo ornodun txikiak pasatu ahal izateko tamainako zuloak dituen sarea jarriko da.

      Eguzki-instalazio fotovoltaikoaren paisaia-inpaktuari dagokionez, ingurumen-dokumentuaren arabera, jarduketa ezkutu samarrean geratuko da. Kasu honetan, instalazioa industrialde baten eta errepide-sarearen alboko eremu batean dago, eta biztanleguneetatik hurbil; beraz, ez du gehiegizko paisaia-inpakturik izango. Aurreikusitako landareztatze-neurriek instalazioen paisaia-integrazioa bultzatuko dute, eta instalazioak gutxiago ikusiko dira.

      Instalazioaren obren eta funtzionamenduaren ondorioz, hondakinak sortuko dira eta lurzoruak nahiz ingurune hidrologikoa kutsatzeko arriskua egongo da, istripuzko isurien edo hondakin-kudeaketa okerraren eraginez.

      Azkenik, balizko inpaktuen artean, kontuan hartzekoa da giza-osasunaren eta atseden publikoaren gaineko eragin zuzena edo zeharkakoa. Izan ere, jendea bizi den eremuetan hauts gehiago harrotuko da, soinu-maila igoko da eta beste eragozpen batzuk sortuko dira. Hala ere, eremua ez dago biztanleguneetatik gertu.

      Energia eoliko eta fotovoltaikoarekin lotutako ingurumen-zonifikazioaren proposamenaren arabera Energia eoliko eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna EAEko natura-ondarearen kontserbazioarekin (2022) (https://www.euskadi.eus/dokumentazioa/2022/energia-eoliko-eta-fotovoltaikoaren-garapena-eta-horren-bateragarritasuna-eaeko-natura-ondarearen-kontserbazioarekin/web01-a2ingdib/eu/), zeina Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzak argitaratu baitu, instalazioa energia fotovoltaikoko instalazioak ezartzearekiko «sentiberatasun txikiko» ingurune batean kokatuko da.

      Bestalde, halako instalazio batek beste energia-alternatiba batzuen aurrean sortzen duen eragin positiboa baloratzen da.

      Eremuaren ezaugarriak eta proposatutako jarduketak aintzat hartuta, eta indarrean dagoen legeria betetzen bada bereziki, hondakinei, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei, isurketei eta kultura-ondareari buruzkoa, ondorioztatu da eraginak txikiak izango direla.

      Bigarrena. Ebazpen honetan, zenbait neurri babesle eta zuzentzaile ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Fotovoltaica Comunión II SLk Lantarongo udalerrian (Araba) sustatutako «Comunión II» instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egiteko beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Babesteko eta zuzentzeko neurriak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

      Neurrien norainokoa eta kontrolerako langile kopurua egokiak izan beharko dira, ingurumen-dokumentuan eta ingurumen-txosten honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatzeko.

      Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

      Horrez gain, honako apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.

    1. Natura-ondarea babesteko neurriak.

      Bai obrak bai lurzorua okupatzen duten eragiketa osagarriak proiektuaren mugen barruan garatuko dira. Parke fotovoltaikoa instalatzeko landaredi belarkara kentzean, behar-beharrezkoa dena bakarrik kenduko da, eta instalazioaren kanpoko ertzetan edo mugetan dagoen zuhaixka- eta zuhaitz-landaredia mantendu behar da, bai eta energia ekoizteko jarduera nabarmen oztopatzen ez den eremuetan ere. Bereziki, Batasunaren lehentasunezko intereseko 6220 «Brachypodium retusum larre xerofiloak» habitata duten landaredi-bandak babestuko dira. Habitat hori lurzatiaren hego-mendebaldeko perimetroan dago, baita linea elektrikoa lurpean instalatzea aurreikusi den bidearekin mugakide diren azaleretan ere.

      Aipatutako mugetatik kanpo, obrako makinak eta ibilgailuak ahalik eta gutxien erabiliko dira. Adierazitako eremutik kanpo ustekabeko afekziorik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

      Obrak egin aurretik, sasi-garbitzeak eta lur-mugimenduak egiten diren eremuen prospekzio zehatza egin behar da, zeinaren helburua izango baita fauna aleak eta habiak, gordelekuak edo txitaldiak topatzea, halakorik ez suntsitzeko.

      Lur-mugimenduak minimizatu egingo dira, eta modulu fotovoltaikoak zimendurik gabe eta lur naturalaren gainean kokatuko dira, aztertu den dokumentazioan zehazten denari jarraikiz; horrela, lurzoruaren jatorrizko profila aldatzea saihestuko da. Era berean, panelak muntatzeko etapak planifikatuko dira, materialak pilatzeko guneen azalera murrizteko eta horiek parke fotovoltaikoaren mugaketaren barruan kokatzeko, alboko eremuak okupatu gabe.

      Landare-lurra modu selektiboan kenduko da zangak, transformazio-zentroak eta ebaketa-zentroa egiten diren leku guztietan; landare-lur hori modu selektiboan kenduko da, eta landareztatzeko lanetan berrerabiliko da. Instalazioko gainerako lurrazaletan lurzoruaren gainazaleko horizontea in situ gordeko da.

      Jarduketak gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira, kendutako landaredia interesgarria birjarrita, hala behar bada. Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, espezie autoktonoak erabiliz, higadura-prozesuak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredia naturalarekin lotzeko.

      Instalazio fotovoltaikoaren perimetroko hesiak fauna bertatik igarotzeko modukoa izan behar du, eta barrera-efektua ekidin. Beraz, ez da elementu puntazorrotzik edo ebakitzailerik erabiliko. Sareak 15 cm-ko altuera eta 30 cm-ko zabalera izango du beheko aldean, eta 500 metrotik behin katazuloak instalatuko dira. Hesia lurzorura finkatu gabe egongo da, eta ez du tenkatze-kablerik izango, ezta faunaren joan-etorriak eragotzi edo oztopatuko dituen ezein elementu ere.

      Sustatzaileak aurkeztu duen dokumentazioaren arabera, landare-hesi bat jarriko da instalazioaren perimetro osoan: 5 m-ko zabalerako landare-zerrenda bat jarriko da, zuhaixka-espezie autoktonoekin. Horrela, instalazio fotovoltaikoa gutxiago ikusiko da.

      Landaredi autoktonoa landatzeko lan horietan, gutxienez, eragiketa hauek egin behar dira:

      Lursaila aldez aurretik destrinkotzea, modelatzea eta profilatzea, forma fisiografiko egokia emateko eta behar bezala doitzeko lursail naturalarekin kontaktuan eta trantsizioan dauden eremuetan.

      Gutxienez 0,3 m-ko kalitatezko landare-lurra duen geruza bat gehitzea eta ondoren xehetasunez profilatzea.

      Lurzorua lantzeko eta birrintzeko eta ondoren fintzeko lanak egitea, ereite eta hidroereiterako gainazalak behar bezala prestatzeko.

      Honako hauek izango dira jarduketa-eremuetan egin beharreko zuhaixka-espezieen landaketen ezaugarriak (ingurumen-dokumentuan adierazitako espezieak eta jarduketa-eremuko baldintza edafiko eta klimatikoetara egokitu daitezkeen antzeko beste batzuk):

      Metro batetik beherako aleak. Landareen arteko distantzia: 1,5 m-tik 2 m-ra. Zuloaren gutxieneko neurria: 0,4*0,4*0,4 m.

      Landareak sartu ondoren, zuloa edo zanga beteko da: hondoan, kalitatezko landare-lurra jarriko da, behar bezala trinkotutako 20 cm-ko geruzatan, 1/3 hareaz edo legarrez medeatuta, iragazkortasuna handitzeko; ondoren, kilo bat ongarri organiko konpostatu gehituko zaio.

      Zuloa kalitatezko lurrekin bete ondoren, 40 cm-ko erradioa eta 10 cm-ko kabailoi-altuera duen zuhaitz-txorko bat egingo da gainazalean, eta ureztatu egingo da (50 l/landare).

      Oso gomendagarria da landare guztien oinarrian belarren aurkako oinarri-babesgarri bat jartzea, «Horsol» motakoa, 110 g/m2-koa, metro bateko zabalera duena. Alde bakoitzean 20 cm lurperatuko dira, ondo ainguratzeko, eta 0,6 m utziko dira agerian.

      Landatzeko garaia: abendua-otsaila.

      Bermatu beharko da zurezko landare-estalduraren mantentze-lanak egingo direla ezarpenaren hasierako aldian, behin betiko sustraitzea eta ezartzea ziurtatzeko. Honako hauek aurreikusi beharko dira: ur-eskasiaren sasoian ureztatzea, hildako landareak birjartzea, oinarri babesgarriak eta zurkaitzak lehengoratzea, ongarritzea, konformazio-inausketak, belar-sastrakak kentzea, etab.

      Ahalmen inbaditzaileko landare-espezie aloktonoak kentzeko eta ugaltzea ekiditeko neurriak hartuko dira. Era berean, eta ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduketa-eremutik.

      Obra amaitu ondoko bi urteetan, lehengoratzea bermatzeko, hala behar bada, mantentze-lanak egingo dira: lurra urratu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.

      Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzak egindako txostenaren arabera, eremuko lurgaineko jariatze-urak biltzea baloratuko da, punturik baxuenean eraikiko den dekantazio-putzu txiki baterantz. Putzu edo hezegune hori eremu hezeetako berezko landarediarekin lehengoratu beharko litzateke; horrela, hasierako faseetatik, basafaunarentzako babesleku izango da, eta, bereziki, anfibioen ugalketarako habitaterako onuragarria izango da.

      Ustiatze-fasean, instalazio fotovoltaikoaren barruan, landaredia kontrolatzeko, bitarteko mekanikoak erabiliko dira, ahal dela, ardi-aziendaren larratzearen bidez. Edonola ere, debekatuta dago herbizidak erabiltzea instalazioak hartzen duen azalerako landaretza kontrolatzeko.

    2. Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

      Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, zamalanei, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen Errege Dekretuan (otsailaren 22ko 212/2002 Dekretua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Bestalde, proiektua garatzean, obraren afektazio-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, hargatik eragotzi gabe dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoa.

    3. Hondakinak kudeatzeko neurriak.

      Proiektuaren exekuzioan eta funtzionamenduan sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean (Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Legea) eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

      Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

      Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira ezabatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen denean aldez aurretik.

      Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta haiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

      Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera kudeatuko dira.

      Zabortegira eramateko hondakinak, gainera, Hondakinak zabortegian utzita ezabatzeari buruzko uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegian utzita ezabatzea eta betelanak egitea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Indusketako soberakinak kudeatzeko, hondakinen kudeaketako hierarkia- eta hurbiltasun-printzipioei jarraituko zaie; lehenetsiko da horiek balorizatzea material horiek behar dituzten gertuko eraikuntza-obretan, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk lehengoratzeko lanetan. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan xedatutakoa hartuko da kontuan (Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko Agindua).

      Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

      Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihur badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako obligazioak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

      Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi baterako pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Hondakinak biltzeko edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.

      Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

      Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

    4. Atmosfera ahalik eta gutxien kutsatzeko eta ahalik eta hauts gutxien aireratzeko neurriak.

      Obrek dirauten bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek eraginpean hartutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako estali gabe dauden pista eta eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen kasuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatuko dira.

    5. Kultura-ondarea babesteko neurriak.

      Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa betez, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako bestelako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

    6. Garbiketa eta obren akabera.

      Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua inolako obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak deseginda.

    7. Jarduera etetea.

      Jarduera uzten den unean aplikatu beharreko berariazko araudia alde batera utzi gabe, deuseztatzeko lanak egiteko orduan, obren faserako ezarritako neurri babesleen zein neurri zuzentzaileen antzekoak aplikatuko dira, bereziki hondakinen kudeaketari dagokionez. Deuseztatze-prozesuan okupatutako azalera guztiak lehengoratu beharko dira.

      Hirugarrena. Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da ingurumenaren jarraipena egiteko programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

      Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirian sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

    1. Gorabeheren erregistroa.

      Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesleak, zuzentzaileak eta konpentsaziokoak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Proiektua exekutatzean aldaketa puntualak egin badira, xehetasunez dokumentatu beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketa horiek. Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txostena egin beharko da, indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsita.

    2. Obraren okupazio-mugen kontrola.

      Egiaztatuko da lanek okupatutako eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela, aurreikusitako azalera baino eremu handiagoa hartu gabe.

    3. Lehengoratzea ongi egin den kontrolatzea.

      Obra amaitu ondoko bi urteetan, aldizkako jarraipena egingo da, ikusteko zenbateraino lortu den proiektuak eragindako eremuak lehengoratzea.

      Laugarrena. Zehaztea ezen, lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan zehaztutako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten proiektua exekutatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Fotovoltaica Comunión II SLk Lantarongo udalerrian (Araba) sustatutako «Comunión II» instalazio fotovoltaikoaren proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.

      Bosgarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Saileko Arabako Lurralde Ordezkaritzari.

      Seigarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

      Zazpigarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua exekutatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 23a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.