Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2023ko ekainaren 19koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Fotovoltaica Comunión I SLk Lantarongo udalerrian (Araba) sustatutako «Lantarón» instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 136
  • Hurrenkera-zk.: 3475
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/06/19
  • Argitaratze-data: 2023/07/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Industria; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2023ko martxoaren 13an, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Arabako Industriako Lurralde Ordezkaritzak eskabide bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Fotovoltaica Comunión I SLk Lantarongo udalerrian (Araba) sustatutako «Lantarón» instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren indarrez, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuko prozeduraren esparruan.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2023ko martxoaren 28an, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait erakunderen txostenak jaso dira, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Bestalde, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko xedez.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie lege horren II.E eranskinean zerrendatzen diren proiektu publiko zein pribatuei.

Ebazpen honen xede den proiektua II.E eranskinean jasota dago; zehazki, 4.h epigrafean: «Energia fotovoltaikoaren instalazioak, 5 hektareako azalera edo handiagoa hartzen dutenak. Barne hartuko dira, azalera txikiagoa hartuta ere, beste instalazio fotovoltaiko baten mugan dauden titular beraren edo beste batzuen instalazioak, baldin eta instalazio horiek, guztira, 5 hektareako azalera edo handiagoa hartzen badute. Kanpo gelditzen dira jada finkatutako lur urbanizatuetan edo lehendik dauden eraikinetan kokatutako energia fotovoltaikoaren instalazioak».

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Fotovoltaica Comunión I SLk Lantarongo udalerrian (Araba) sustatutako «Lantarón» instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, honela:

  1. Proiektuaren xedea da instalazio fotovoltaiko bat eraikitzea eta martxan jartzea, «Lantarón» izenekoa, Lantarongo udalerrian. Instalazioak 7,61 ha-ko azalera hartzen du guztira, eta horietako 4,96 ha panel fotovoltaikoetarako dira.

    Proiektu hau zuzenean lotuta dago beste sustatzaile batek (Fotovoltaica Comunión II SL) garatutako «Comunión II» instalazio fotovoltaikoaren proiektuarekin. «Comunión II» instalazioak 3,42 ha-ko azalera hartzen du guztira, eta horietatik 2,1 ha panel fotovoltaikoek hartzen dute. Bi instalazioak partzela berean daude, elkarren ondoan egongo dira, eta sarbidea, perimetro-hesia eta sare elektrikora husteko puntua partekatuko dituzte; beraz, ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduran kontuan hartu dira bi instalazioen inpaktu metagarriak.

    Era berean, baloratu da inguruan beste bi eguzki-instalazio daudela proiektuan eta bat funtzionamenduan. Lehenengo biak Comunión I eta Comunión III instalazioak dira, eta 1.000 metro ingurura daude; guztira 13,46 ha hartzen dituzte. Funtzionamenduan dagoen instalazioa, berriz, 1.300 metrora dago iparraldean, eta 0,334 ha-ko azalera hartzen du.

  2. «Lantarón» instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat:

    1. Proiektuaren ezaugarriak.

      Proiektuaren xedea da instalazio fotovoltaiko bat eraikitzea eta martxan jartzea, «Lantarón» izenekoa, 4,995 MW-ko potentzia nominala eta 6,24 MW-ko puntako potentzia izango duena, eta urtean 0,9629 GWh inguruko ekoizpena izango duena. Instalazioak 7,61 ha-ko azalera hartuko du guztira, eta horietatik 4,96 ha panel fotovoltaikoek hartuko dute.

      Adierazi den bezala, instalazio hori «Comunión II» instalazio fotovoltaikoaren ondoan egongo da, eta sarbidea, perimetroko hesia eta sare elektrikora isurtzeko puntua partekatuko dituzte.

      Panelen konfigurazioa.

      «Lantarón» instalazio fotovoltaikoak kristal bakarreko 10.400 panel fotovoltaiko izango ditu, 600 Wp-ko potentzia unitariokoak.

      Panelen neurria 2.274 x 1.134 mm-koa izango da. Panelak ardatz bakarreko eguzki-jarraitzaileetan jarriko dira (ekialde-mendebalde jarraitzaile zenitala), ardatza iparraldetik hegoaldera orientatuta, ±55 º-ko inklinazioarekin gehienez. Hala, panelen altuera, behin muntatuta, 4,5 m-koa da. Guztira, 200 jarraitzaile fotovoltaiko ipiniko dira. Jarraitzaile bakoitzak 6 ainguratze izango ditu, eta, beraz, instalazioak 1.200 ainguratze izango ditu guztira, eta horiek tinkatuta instalatuko dira ondorioz, ez da zimendatzerik egin beharko, 1,5 eta 1,7 m arteko sakoneran.

      Jarraitzaileak energetikoki autonomoak izango dira, motorra 30 W-ko eguzki-panel batez elikatuko da eta. Ilaren artean egon daitezkeen itzalak optimizatzeko sistema izango dute, panelen inklinazioa automatikoki doituko duena.

      8 jarraitzailetik behin inbertsore bat elikatuko da, paneletatik datorren tentsioa zuzenetik alternora bihurtuko duena. Inbertsorearen irteerako tentsioa, korronte alternoan, 800 V-ekoa izango da; hala, kableatuko elektrizitate-galera optimizatu ahal izango da. Guztira, 200 kW-ko 25 inbertsore instalatuko dira, baina bat 195 kW-ra mugatuta egongo da.

      Inbertsore guztiak behe-tentsioko koadrora batuko dira, zuzenean lurperatutako aluminiozko kablezko linea trifasikoen bidez, transformazio-zentroarekin konektatu arte.

      Transformazio-zentroak eta ebaketa-zentroak.

      Instalazioak bi transformazio-zentro izango ditu, bakoitza 3.250 kVA-koa, eta ebaketa-zentro bat. Aire zabaleko transformadorea eta lurgaineko eraikin prefabrikatu trinkoko erdi-tentsioko gelaxkak hautatu dira. Transformadoreak kubeta bat izango du, gerta daitezkeen olio-ihesak biltzeko. Transformazio-zentro horretan, tentsioa 0,8 KVtik 30 KVra igoko da, energia guztia erdi-tentsioan garraiatzeko ebaketa-zentroraino, lurpeko linea baten bidez. Ebaketa-zentroak 2,5 x 3,0 m neurtuko du, legarrezko ohantzean eta eraikin prefabrikatuan instalatuko da, eta metro bateko zabalerako espaloi perimetrala izango du.

      Bi transformazio-zentroak lotzen dituen lurpeko linea elektrikoak 255 m-ko luzera izango du, eta ebaketa-zentroarekiko konexioa 1.108 m-ko lurpeko linea baten bidez egingo da.

      Parkean sortutako energia hustea.

      Ebaketa-zentrotik abiatuta, instalazio fotovoltaikoa goi-tentsioko banaketa-sarearekin konektatuko da, aireko edo lurpeko lotune bikoitz baten bidez, «LAMT- L1, Miranda Puentelarra» linean, 65.aren eta 66.aren artean instalatu beharreko euskarrian.

      Zerbitzu-hornidura.

      Instalazioak ez du beharko ur-, telefono- eta argi-hornidurarik. Halaber, ez da aurreikusten ur sanitarioen zerbitzurik beharko denik.

      Sarbidea.

      Instalaziora A-4322 errepidetik sartuko da, zeina A-2122 errepidetik abiatzen baita, Garlan Lantaron nekazaritza- eta abeltzaintza-instalazioaren parean, Leziñana Lantaron kontzejurantz. Ez da beharrezkoa izango egungo sarbidea egokitzea.

      Barneko bideak eta perimetroko bidea.

      Perimetroan 1.112 m luzeran eta 5 m zabaleran dituen bide bat egokituko da, zolatu gabe; lurra trinkotu baizik ez da egingo, quadak edo pick-upak ibiltzeko. Ez da biderik egingo barnean.

      Lurzatiaren itxitura.

      Ingurumen-dokumentuaren arabera, itxitura ehiza-hesi motakoa izango da. Sarea altzairu lakatuzko 2,5 m-ko altuerako zutabeen artean ipiniko da, eta zutabeak lurzoruan ainguratuta egongo dira, hormigoizko zimendu isolatuen bitartez. Sarearen beheko aldea zapataren gainean berdinduta jarriko da, sarearen tamaina (100 x 50 mm) baino handiagoak diren animaliak igaro ez daitezen.

      Lur-mugimenduak.

      Ingurumen-dokumentuaren arabera, instalazioak eremuko morfologiara egokituko dira, eta aurreikusitakoaren arabera egingo diren indusketak txikiak izango dira (kable elektrikoak jartzeko zanga irekitzeko indusketak). Kalkulatzen da 1.543 tona indusketa-soberakin sortuko direla, eta soberakin horiek baimendutako betelanerako erabiliko dira.

      Instalazioaren balio-bizitza.

      Instalazioa 40 urtez aktibo egotea aurreikusten da; errendimendua galtzen hasiko da hortik aurrera. Instalazio fotovoltaikoa ixteko unea iristen denean, jarduketa garatzeko ipinitako egitura eta elementu artifizial oro kenduko da, propio idatzitako proiektu bati jarraikiz.

      Gainazal ukitu guztiak lehengoratu eta landareztatu beharko dira, eremuaren paisaia-kalitatea leheneratuz eta lurzatia berriz ere nekazaritzarako erabili ahalko dela bermatuz.

      Proiektuak, halaber, hondakinen azterketa bat jasoko du, eta bertan zehaztuko da instalazioa desegitean sortutako hondakinen kudeaketa egokia.

      Proposatu diren alternatibei dagokienez, ingurumen-dokumentuak 0 alternatiba baztertzen du, ezer ez egitearena, ez lukeelako ekarriko CO2 emisioak murriztea, eta nekezagoa litzatekeelako markatutako helburu energetikoak betetzea.

      Ingurumen-dokumentuaren arabera, alternatiba teknikoetatik, aldaketa bakarra litzateke egingarria: hegoaldera begirako egitura finkoko makinak erabiltzea. Makina mota hori disimulatzea errazagoa da, eta behar den obra zibila txikiagoa da, baita mantentze-lan gutxiago ere; aitzitik, espazio gehiago okupatzen dute, eta errendimendua kaskarragoa da (mota zenitalekoek baino % 18 gutxiago ekoizten dute).

      Instalazioaren kokaguneei dagokienez, ingurumen-dokumentuak hautatutako kokagunea justifikatzen du, monolabore intentsiboetarako nekazaritza-lursaila delako, natur ondareko elementurik ez duena, ezta kultur ondarekorik ere. Horrez gain, kokagune horretan ez dago ur-ibilgurik, ez eta hezegunerik ere.

      Hautatu den lurzatia laua da oso; beraz, ez da lur-mugimendu handirik behar. Sare elektrikoa elikatzeko puntua instalazioetatik hurbil dago eta lurzatiak sarbide zuzena du A-4322 errepidetik; ondorioz, ez dago sarbide berriengatiko inpakturik, ezta linea elektriko berriak egitearen ondoriozkorik ere.

    2. Proiektuaren kokalekua.

      Proiektua Lantarongo udal-mugarteko 796 katastro-partzelako 4. poligonoan kokatuko da, «Berezedo» parajean, eta 76.091 m2-ko azalera hartuko du. Laborantza-eremuekin muga egiten du, eta ekialdean A-4322 errepidearekin. A-2122 errepidetik eta Lantarongo enpresa-parketik 750 metro ingurura dago.

      Proiektuaren esparruan ez dago naturagune babesturik, interes naturalistikoko gunerik edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik. Halaber, ez du Interes Geologikoko Leku katalogaturik, ez hezegunerik, ez Plan Hidrologikoak babestutako eremurik, eta ez da atzeman kultura-ondare babestua osatzen duen elementurik.

      Instalazioa kokatuko den lurzatia zereala landatzeko erabiltzen da gaur egun (garia eta garagarra, txandaka). Intereseko landaredi-formazio bakarra larre-gune bat da, zeina 6220* «Brachypodium retusum larre xerofiloak» izeneko Batasunaren Lehentasunezko Intereseko habitata baita. Habitat hori lurzatiaren hego-mendebaldeko perimetroan dago, instalazioen irismenetik kanpo. Habitat hori erdi-tentsioko lineak lurperatuko diren bidearen inguruko irtengune batzuetan ere badago. Ez da flora-espezie mehatxaturik identifikatu.

      Lurzatiaren iparraldeko mugaren ondoan, ur-ibilgu kanalizatua dago, proiektuaren zuzeneko eragin-eremutik kanpo. Ez da hezegunerik identifikatu proiektuaren ezarpen-eremuan.

      Arriskuei dagokienez, ez da aurkitu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta dagoen lurzatirik. Eremuak ez du uholde-arriskurik eta akuiferoak kutsatzeko arriskua oso txikia da.

      Proiektuak ukitutako eremua «Nekazaritza- eta abeltzaintza-lurrak. Trantsizioko landa-paisaia» kategoriaren barruan dago, EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Planaren arabera.

      Proiektuak adierazten duenez, Lantarongo HAPNaren arabera, jardueraren lurzatia Z4: «Nekazaritza eta abeltzaintzakoa eta landazabalekoa. Trantsizioko landa-paisaia» motako eremu urbanizaezinean dago. Eremu horietan, 200. artikuluaren 4.4 apartatuaren arabera, «Lurzoru urbanizaezineko zonetako kalifikazio orokorraren bidez zuzenean baimendu daitezkeen erabileren sailkapen orokorra», A motako zerbitzu ez-linealen instalazio teknikoak daude sartuta, eta, zehazki, hor sartzen dira energia berriztagarriko parkeen instalazio teknikoak; beraz, ondorioztatzen du ez dagoela jarduerari eragiten dion inolako mugarik.

      Hala ere, 200. artikulu horren 5. apartatuaren arabera, 200. artikuluaren 4.4 apartatuan jasotako azpiegituretan, ingurumen-inpaktuaren adierazpen indibiduala behar badute, eta 5.000 m2-ri baino gehiagori eragiten dioten azpiegituretan, onura publikoko edo gizarte-intereseko deklarazioaz gain, plan berezi bat idatzi eta onartu beharko da, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 59.2.c.7 artikuluan adierazten denarekin bat etorriz.

    3. Inpaktu potentzialaren ezaugarriak.

      Proiektuko jarduketen ezaugarriak eta proiektuak eragingo dion eremuarenak ikusita, instalazioa egitearen ondoriozko inpaktu nagusiak izango dira eguzki-panelek nekazaritza-lurrak okupatzea, elektrizitate-kableak hedatzeko zangak irekitzea, eguzki-jarraitzaileak tinkatzea eta transformazio-zentroen, ebaketa-zentroaren eta perimetroko itxituraren zutabeen oinarriak hormigoiztatzea.

      Lurzorua okupatzearen ondoriozko inpaktua obra-fasean sortuko da, eta ustiapenean ere jarraituko du, instalazioa baliagarri dagoen aldi osoan. Inpaktua lehengoratu ahal izango da epe luzean, instalazioa desmuntatuta; izan ere, lurzoruak eragin txikia pairatuko du, eta lehengora itzuli ahal izango da, neurri zuzentzaile soil batzuk hartuta.

      Hautatu den lurzatia laua da oso; beraz, ez da lur-mugimendu handirik behar. Sare elektrikoa elikatzeko puntua instalazioetatik hurbil dago eta lurzatirako sarbideek egokitzapen-lan txikia behar dute; ondorioz, ez dago sarbide berriengatiko inpakturik, ezta linea elektriko berriak egitearen ondoriozkorik ere.

      Sustatzaileak igorritako dokumentazioaren arabera, 6220* «Brachypodium retusum larre xerofiloak» habitatari ez eragiteko prebentzio-neurri gisa (habitat hori erdi-tentsioko lineak lurperatuko diren bidearen ertzetako batean dago), linea elektrikoaren zangak bidearen beste aldeko arekan irekiko dira, aipatutako habitatari ez eragiteko.

      Kontuan hartu beharreko beste eragin bat laborantza-lurzati bat okupatzearen ondorioz galduko den nekazaritza-produktibitateari buruzkoa da. Horri dagokionez, ingurumen-dokumentuaren arabera, eguzki-instalazioak jarriko diren lurzatiak nagusiki nekazaritza-eremu batean daude, eta eremu horretan oso ohikoak dira eraginpeko laborantza-motak; horrenbestez, erabilera-aldaketak jarduera ekonomiko horretan eraginik ez duela izango aurreikusten da. Nolanahi ere, Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera, instalazio fotovoltaikoa A motako zerbitzu-instalazio tekniko ez-lineala da. Instalazio hori nekazaritza eta abeltzaintzako eta landazabaleko zonan instalatu ahal izango da, baldin eta nekazaritza eta basozaintzako jardueran izango duen eragina aztertzen bada eta neurri zuzentzaileak hartzen badira, aipatutako Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialeko sektore-eragina ebaluatzeko protokoloan jasotako baldintzetan (I. eranskineko D dokumentua, «Jarduketa-tresnak»).

      Faunari dagokionez, Lantarongo udalerrian nekazaritzarako erabiltzen den azalera osoa kontuan hartuta, okupatutako azalera txikia da; beraz, zereal-soroak elikatzeko eta bizitzeko erabiltzen dituen faunaren gaineko inpaktua ez da handia izango. Perimetroko hesiek esparruaren konektagarritasun ekologikoan izan dezakete eraginik, lurreko faunarentzat batik bat; beraz, iragazkorrak izan beharko dute, faunak zeharkatzeko modukoak, ornodun txikiak pasa ahal izateko tamainako zuloak dituen sarearekin.

      Eguzki-instalazio fotovoltaikoaren paisaia-inpaktuari dagokionez, ingurumen-dokumentuaren arabera, jarduketa ezkutu samarrean geratuko da. Kasu honetan, instalazioa industrialde baten eta errepide-sarearen alboko eremu batean dago, eta biztanleguneetatik hurbil; beraz, ez du gehiegizko paisaia-inpakturik izango. Aurreikusitako landareztatze-neurriek instalazioen paisaia-integrazioa bultzatuko dute, eta instalazioak gutxiago ikusiko dira.

      Instalazioaren obren eta funtzionamenduaren ondorioz, hondakinak sortuko dira eta lurzoruak nahiz ingurune hidrologikoa kutsatzeko arriskua egongo da, istripuzko isurien edo hondakin-kudeaketa okerraren eraginez.

      Azkenik, balizko inpaktuen artean kontuan hartu behar dira giza-osasunaren eta atseden publikoaren gaineko eragin zuzena edo zeharkakoa; hauts gehiago harrotuko da, soinu-maila igoko da, etab. Hala ere, eremua ez dago biztanleguneetatik gertu.

      Energia eoliko eta fotovoltaikoarekin lotutako ingurumen-zonifikazioaren proposamenaren arabera Energia eoliko eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna EAEko natura-ondarearen kontserbazioarekin 2022 (https://www.euskadi.eus/dokumentazioa/2022/energia-eoliko-eta-fotovoltaikoaren-garapena-eta-horren-bateragarritasuna-eaeko-natura-ondarearen-kontserbazioarekin/web01-a2ingdib/eu/), zeina Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzak argitaratu baitu, energia fotovoltaikoko instalazioak ezartzearekiko «sentiberatasun txikiko» ingurune batean kokatuko da instalazioa.

      Bestalde, halako instalazio batek beste energia-alternatiba batzuen aurrean sortzen duen eragin positiboa baloratzen da.

      Eremuaren ezaugarriak eta proposatutako jarduketak aintzat hartuta, eta indarrean dagoen legeria betetzen bada, gehienbat hondakinei, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei, isurketei eta kultur ondareari buruzkoa, ondorioztatu da eraginak txikiak izango direla.

      Bigarrena. Ebazpen honetan, zenbait neurri babesle eta zuzentzaile ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Fotovoltaica Comunión I SLk Lantarongo udalerrian (Araba) sustatutako «Lantarón» instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egiteko beharrik egon ez dadin; betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Babesteko eta zuzentzeko neurriak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

      Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.

      Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.

      Horrez gain, honako apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.

    1. Natura-ondarea babesteko neurriak.

      Obrak eta lurzorua okupatzea dakarten eragiketa osagarriak proiektuaren mugen barruan egingo dira. Parke fotovoltaikoa instalatzeko landaredi belarkara kentzean, behar-beharrezkoa dena bakarrik kenduko da, eta instalazioaren kanpoko ertzetan edo mugetan dagoen zuhaixka- eta zuhaitz-landaredia mantendu behar da, bai eta energia ekoizteko jarduera nabarmen oztopatzen ez den eremuetan ere. Bereziki, Batasunaren lehentasunezko intereseko 6220 «Brachypodium retusum larre xerofiloak» habitata duten landaredi-bandak babestuko dira. Habitat hori lurzatiaren hego-mendebaldeko perimetroan dago, baita linea elektrikoa lurpean instalatzea aurreikusi den bidearekin mugakide diren azaleretan ere.

      Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatutako mugetatik kanpo zirkulatzea. Adierazitako eremutik kanpo istripuz eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

      Obrak egin aurretik, sasi-garbiketak eta lur-mugimenduak egingo diren eremuen prospekzio zehatza egin behar da, fauna aleak eta habiak, gordelekuak edo txitaldiak topatu, eta ez suntsitzeko.

      Lur-mugimenduak minimizatu egingo dira, eta modulu fotovoltaikoak zimendurik gabe eta lur naturalaren gainean kokatuko dira, aztertu den dokumentazioan zehazten denari jarraikiz; horrela, lurzoruaren jatorrizko profila aldatzea saihestuko da. Era berean, panelak muntatzeko etapak planifikatuko dira, materialak pilatzeko guneen azalera murrizteko eta horiek parke fotovoltaikoaren mugaketaren barruan kokatzeko, alboko eremuak okupatu gabe.

      Landare-lurra modu selektiboan kenduko da zangak, transformazio-zentroak eta ebaketa-zentroa egiten diren leku guztietan; landare-lur hori modu selektiboan kenduko da, eta landareztatzeko lanetan berrerabiliko da. Instalazioko gainerako lurrazaletan lurzoruaren gainazaleko horizontea in situ gordeko da.

      Jarduketak gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira, kendutako landaredia interesgarria birjarrita, hala behar bada. Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, espezie autoktonoak erabiliz, higadura-prozesuak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredia naturalarekin lotzeko.

      Instalazio fotovoltaikoaren perimetroko hesiak fauna bertatik igarotzeko modukoa izan behar du, eta hesi-efektua ekidin. Beraz, ez da elementu puntazorrotzik edo ebakitzailerik erabiliko. Sare-bilbeak 15 cm-ko altuera eta 30 cm-ko zabalera izango du beheko aldean, eta 500 metrotik behin katazuloak instalatuko dira. Hesia lurzorura finkatu gabe egongo da, eta ez du tenkatze-kablerik izango, ezta faunaren joan-etorriak eragotzi edo oztopatuko dituen ezein elementu ere.

      Sustatzaileak aurkeztu duen dokumentazioaren arabera, landare-hesi bat jarriko da instalazioaren perimetro osoan, 5 m-ko zabalerako landare-hesia, zuhaixka-espezie autoktonoak landatuta; horrekin, instalazio fotovoltaikoaren ikus-inpaktua txikiagoa izango da.

      Landaredi autoktonoa landatzeko lan horietan, gutxienez, eragiketa hauek egin behar dira:

      Lursaila aldez aurretik destrinkotzea, modelatzea eta profilatzea, forma fisiografiko egokia emateko eta behar bezala doitzeko lursail naturalarekin kontaktuan eta trantsizioan dauden eremuetan.

      Gutxienez 0,3 m-ko kalitatezko landare-lurra duen geruza bat gehitzea eta ondoren xehetasunez profilatzea.

      Lurzorua lantzeko eta birrintzeko eta ondoren fintzeko lanak egitea, ereiteko eta hidroereiterako gainazalak behar bezala prestatzeko.

      Jarduketa-eremuetan egin beharreko zuhaixka-espezieen landaketen ezaugarriak, ingurumen-dokumentuan adierazitako espezieekin eta jarduketa-eremuko baldintza edafiko eta klimatikoetara egokitu daitezkeen antzeko beste batzuekin, honako hauek izango dira:

      Metro batetik beherako aleak. Landareen arteko distantzia: 1,5 m-tik 2 m-ra. Zuloaren gutxieneko neurria: 0,4*0,4*0,4 m.

      Landareak sartu ondoren, zuloa edo zanga beteko da; hondoan, kalitatezko landare-lurra jarriko da, behar bezala trinkotutako 20 cm-ko geruzatan, iragazkortasuna handitzeko 1/3 hareaz edo legarrez medeatuta; ondoren, kilo bat ongarri organiko konpostatu gehituko zaio.

      Zuloa kalitatezko lurrekin bete ondoren, 40 cm-ko erradioa eta 10 cm-ko kabailoi-altuera duen txorko bat egingo da gainazalean, eta 50 l/landarako ureztapena egingo da.

      Oso gomendagarria da landare guztien oinarrian belarren aurkako oinarri-babesgarri bat jartzea, «Horsol» motakoa, 110 g/m2-koa, metro bateko zabalera duena, alde bakoitzean 20 cm lurperatuz ondo ainguratzeko, eta 0,6 m agerian utziz.

      Landatzeko garaia: abendua-otsaila.

      Bermatu beharko da zurezko landare-estalduraren mantentze-lanak egingo direla ezarpenaren hasierako aldian, behin betiko sustraitzea eta ezartzea ziurtatzeko. Honako hauek aurreikusi beharko dira: ur-eskasiaren sasoian ureztatzea, hildako landareak birjartzea, oinarri babesgarriak eta tutoreak lehengoratzea, ongarritzea, konformazio-inausketak, belar-sastrakak kentzea, etab.

      Ahalmen inbaditzaileko landare-espezie aloktonoak kentzeko eta ugaltzea ekiditeko neurriak hartuko dira. Era berean, eta ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduketa-gunetik.

      Obra amaitu ondoko bi urteetan, leheneratzea bermatzeko, hala behar bada, mantentze-lanak egingo dira: lurra urratu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.

      Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzak egindako txostenaren arabera, eremuko lurgaineko jariatze-urak biltzea baloratuko da, punturik baxuenean eraikiko den dekantazio-putzu txiki baterantz. Putzu edo hezegune hori eremu hezeetako berezko landarediarekin lehengoratu beharko litzateke; horrela, hasierako faseetatik, basafaunarentzako babesleku izango da, eta, bereziki, anfibioen ugalketarako habitaterako onuragarria izango da.

      Ustiatze-fasean, instalazio fotovoltaikoaren barruan, landaredia kontrolatzeko, bitarteko mekanikoak erabiliko dira, ahal dela, ardi-aziendaren larratzearen bidez. Edonola ere, debekatuta dago herbizidak erabiltzea instalazioko landaretza naturala kontrolatzeko.

    2. Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

      Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, zamalanei, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Bestalde, proiektua garatzean, obraren afektazio-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, hargatik eragotzi gabe dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoa.

    3. Hondakinak kudeatzeko neurriak.

      Proiektua gauzatzean eta hark funtzionatzean sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

      Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

      Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.

      Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

      Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

      Zabortegira bidali beharreko hondakinak kudeatuko dira Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

      Indusketako soberakinak kudeatzeko, hierarkia- eta hurbiltasun-printzipioei jarraituko zaie; material horiek behar dituzten gertuko eraikuntza-obretan balorizatzea lehenetsiko da, baita erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanetan ere. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa xedatutakoa izango da aplikatzekoa.

      Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

      Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

      Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Hondakinak biltzeko edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.

      Apirilaren 8ko 7/2022 legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zoru iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.

      Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

    4. Atmosfera ahalik eta gutxien kutsatzeko eta airera ahalik eta hauts gutxien botatzeko neurriak.

      Obrak egin bitartean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak, bai egin beharreko jardunaren eraginpeko ingurunean, bai jardun-eremuetara sartzeko guneetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako estali gabe dauden pista eta eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen kasuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilak ureztatu egingo dira.

    5. Kultura-ondarea babesteko neurriak.

      Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa betez, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako bestelako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

    6. Garbiketa eta obren akabera.

      Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua inolako obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak deseginda.

    7. Jarduera uztea.

      Jarduera uzten den garaian aplikatu beharreko berariazko araudia betetzeaz gain, instalazioak desegiteko lanak babes- eta zuzenketa-neurri batzuk aplikatuz egingo dira, obra-lanetarako ezarri zirenen antzeko neurriak, hain zuzen, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionez. Desegite-prozesuan okupatutako azalera guztiak lehengoratu beharko dira.

      Hirugarrena. Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da ingurumenaren jarraipena egiteko programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

      Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirian sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

    1. Gorabeheren erregistroa.

      Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesleak, zuzentzaileak eta konpentsaziokoak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Proiektua exekutatzean aldaketa puntualak egin badira, xehetasunez dokumentatu beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak. Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txostena egin beharko da, indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsita.

    2. Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.

      Egiaztatuko da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela, aurreikusitako azalera baino eremu handiagoa hartu gabe.

    3. Lehengoratzearen arrakastaren kontrola.

      Obra amaitu ondoko bi urteetan, aldizkako jarraipena egingo da, ikusteko zenbateraino lortu den proiektuak eragindako eremuak lehengoratzea.

      Laugarrena. Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere aurrekoen aurkakoak ez badira, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo esanguratsurik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Fotovoltaica Comunión I SLk Lantarongo udalerrian (Araba) sustatutako «Lantarón» instalazio fotovoltaikoaren proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.

      Bosgarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Arabako Industriako Lurralde Ordezkaritzari.

      Seigarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

      Zazpigarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 19a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.