Arautegia
Inprimatu674/2022 EBAZPENA, abuztuaren 12koa, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez deialdia egiten den Erizaintzako Gainbegirale lanpostu bat betetzeko, izendapen aske bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Barrualdeko Eskualdean.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 200
- Hurrenkera-zk.: 4487
- Xedapen-zk.: 674
- Xedapen-data: 2022/08/12
- Argitaratze-data: 2022/10/19
Gaikako eremua
- Gaia: Osasun eta kontsumoa; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Funtzio publikoa
Testu legala
Hutsik dago Barrualdeko Eskualdeko arlo komunitarioko Erizaintzako Gainbegirale lanpostua Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarean, eta bat etorrita Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluko hirugarren arau komunarekin, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuarekin eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezarritakoarekin, Zuzendaritza Gerentzia honek erabaki du lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea, honako oinarrien arabera
OINARRIAK
Parte hartzeko baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:
Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-legepeko kontratuduna) eta lanpostua jabetzan edukitzea B1 lanbide-taldean.
B1 lanbide-taldeko titulua edukitzea.
Gutxienez, 3 urteko esperientzia edukitzea B1 lanbide-taldean.
Euskararen 2. hizkuntza-eskakizuna izatea (Lanpostuak iraungita dauka derrigortasun-data: 2008-06-01).
Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta Osakidetzako Euskara Planean ezarritako gainerako betekizunak.
Aintzat hartzekoak diren merezimenduak.
Lan-esperientzia edo prestakuntza izatea erizaintzako unitateetan.
Lan-esperientzia edo prestakuntza izatea psikiatriako unitateetan, paziente psikiatrikoen tratuan eta arretan.
Lan-esperientzia edo prestakuntza izatea lantaldeen antolamenduan eta kudeaketan.
Lan-esperientzia edota prestakuntza izatea erizaintzako metodologian eta taxonomietan.
Ezagutza edukitzea aditu mailan historia digitalari lotutako asistentzia-programetan: Osanaia, Osabide Global, e-Osabide, Global Clinic eta bestelakoetan.
Informatikako ezagutzak erabiltzaile mailan: Word eta Excel.
SAP-Gizabide aplikazioaren ezagutza izatea.
Aurkeztu ahal izango dira, halaber, lanpostu honetan jarduteko interesgarriak diren eta balioa eransten duten beste merezimendu batzuk.
Euskararen ezagutza.
Balioetsiko da, bat etorrita Euskararen erabilera Osakidetzan normalizatzeko den martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta hura garatzen duten arauekin.
Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
Interesdunek eskabideak aurkeztuko dituzte Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Langileen Zuzendaritzan (María Díaz de Haro k. 58, 48010 Bilbo), 15 egun balioduneko epean, Ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Eskabideak aurkeztu ahal izango dira, halaber, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako lekuetan eta moduan.
Interesdunek datu pertsonal guztiak beteko dituzte eskabide-orrian, eta hura aurkeztuko dute, dokumentatutako curriculum vitaearekin batera, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Langileen Zuzendaritzan.
Honakoa da eman beharreko dokumentazioa:
NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-legepeko kontratudun finkoa izatea egiaztatzen duen agiriarena.
Eskakizunak betetzea egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.
Aintzat hartzekoak diren merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.
Ez da beharrezkoa izango aurreko paragrafoan adierazitako moduan egiaztatzea jadanik CV aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala balioztatutakoa. Horrela bada, izangaiak hala adieraziko du bere eskabidean.
Balorazio Batzordea.
Balorazio batzorde bat eratuko da, eta haren kideak izango dira: Erizaintzako zuzendaria, Arlo komunitarioko Erizaintzako ondokoa eta Langileen Zerbitzuko burua (idazkari izango dena, eta ahotsa eta botoa izango dituena).
Eskabideak behin balioztaturik, Batzordeak eginbide osagarriak egin ditzake. Horrela bada, izangaiei jakinaraziko dizkie.
Izangaien balorazioa eginda, eta hura ikusita, proposamen bat egingo da, dagokion izendapena gauzatze aldera. Baldin eta izangaiek eskatutako baldintzak betetzen ez badituzte, Batzordeak lanpostua hutsik uztea erabaki dezake, aurretiazko txosten arrazoituaren bidez.
Egingo da Batzordeko bilera guztien akta, eta bertan jasoko da, batetik, aurkeztutako izangaien zerrenda, eta bestetik, lanpostua esleitzeko edo deialdia bete gabe uzteko egon diren arrazoiak.
Hautaketa-prozedura.
Ez dira inolaz ere balioetsiko izangaiek deialdia EHAAn argitaratu den egunean ez dituzten merezimenduak, ezta eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen behar bezala aurkeztu eta egiaztatu ez direnak ere.
Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.
Hemen hasitako prozedura amaituko da (lanpostua esleitzea edo hutsik uzteko deklarazioa) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zuzendari-gerentearen ebazpen baten bidez. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Osakidetzako intranetean eta web-orri korporatiboan argitaratuko da.
Ebazpenak ondorioak izango ditu EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hartan besterik xedatu ezean.
Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Bilbao, 2022ko abuztuaren 12a.
Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zuzendari-gerentea.
EB (216/2012 Ebazpena, apirilaren 20koa).
Langileen zuzendaria,
ARATXU LOZANO OTERO.