Arautegia
Inprimatu648/2025 EBAZPENA, uztailaren 21ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariarena, zeinaren bidez deialdia argitaratzen baita Administrazioko Azpitaldeko buruaren lanpostua izendapen askez hornitzeko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusian, Ekonomiako eta Finantzako Zuzendaritzan, Azpiegituren Zuzendariordetzan, Azpiegituren eta Arkitekturaren Administrazioko Taldearen Zerbitzuan.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 158
- Hurrenkera-zk.: 3630
- Xedapen-zk.: 648
- Xedapen-data: 2025/07/21
- Argitaratze-data: 2025/08/22
Gaikako eremua
- Gaia: Osasun eta kontsumoa; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Funtzio publikoa
Testu legala
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko Administrazioko Azpitaldearen buruaren lanpostua hutsik dago Ekonomiako eta Finantzako Zuzendaritzan, Azpiegituren Zuzendariordetzan, Azpiegituren eta Arkitekturaren Administrazioko Taldearen Zerbitzuan. Hori dela-eta, bat etorriz Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arau komunean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan xedatutakoarekin, Giza Baliabideen Zuzendaritza honek erabaki du deialdi publikoa iragartzea aipatutako lanpostua izendapen askez hornitzeko, oinarri hauen arabera:
OINARRIAK
Lanpostuaren atxikipena.
Atxikipena: Administrazioko Azpitaldeko burua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Ekonomiako eta Finantzako Zuzendaritzan, Azpiegituren Zuzendariordetzan, Azpiegituren eta Arkitekturaren Administrazioko Taldearen Zerbitzuan.
Lanaldi zatitua: Vitoria-Gasteiz.
Hizkuntza-eskakizuna: 2. HE (Derrigortasun-data: 2005-06-01).
Lanpostuaren funtzioak.
Administrazioko taldeak edo prozesuak kudeatzea eta gainbegiratzea, Azpiegituren Zuzendaritzaren zereginen jarduerari edo garapenari lotutako bitartekoak eta baliabideak koordinatuz.
Zuzenean laguntzea zuzendariordetzako talde teknikoari kontratazio-, jarraipen- eta gainbegiratze-txostenak garatzen, definitzen eta diseinatzen.
Administrazioko taldeak garatutako jarduerak betetzen direla gainbegiratzea, desbideratzeak aztertuz eta jardun alternatiboak proposatuz.
Administrazioko taldearen jarduerarako behar diren materialen eta zuzkiduren erabilgarritasuna gainbegiratzea.
Lantaldearen jarduerak antolatzea eta banatzea, ezarritako lan-planak behar bezala betetzeko.
Garatutako jardueren kalitatea koordinatzea eta ebaluatzea, balizko eraginkortasunik ezak atzemateko eta hobetzeko arloak proposatzeko.
Lantaldea koordinatzea, behar bezala integratzeko eta motibatzeko.
Aholkularitza, prestakuntza eta informazioa ematea taldekideei beren jarduera garatzen dutenean.
Lan-eremuko beste talde eta profesional batzuekin koordinatzea.
Kudeaketa-prozesuak abiaraztea, gainbegiratzea eta jarraitzea.
Parte hartzeko baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:
Estatutupeko, funtzionario edo langile lan-kontratudun finkoa izatea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko edozein zerbitzu-erakundetan eta lanpostua jabetzan edukitzea C2/D2 lanbide-taldean.
Gutxienez 2 urteko lan-esperientzia izatea C2/D2 lanbide-taldean.
C2/D2 lanbide-taldeko edozein titulazio akademiko izatea.
Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Euskara Planaren gainerako betebeharrak betetzea.
Aintzat hartuko diren merezimenduak.
Baloratuko da esperientzia eta ezagutzak izatea lanpostuaren eginkizunen atalean aipatutako arloetan.
Era berean, lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen eta balioa erants dezakeen edozein merezimendu aurkeztu ahalko da.
Ezagutza espezifikoak.
Gutxienez 3 urteko esperientzia kontratazio administratiboan.
Esperientzia izatea SAPeko kontabilitate-modulua erabiltzen.
Esperientzia edota prestakuntza izatea giza baliabideen administrazioan eta kudeaketan.
Ezagutza izatea finantza-kontabilitatean.
Prestakuntza izatea sektore publikoko kontratazio administratiboan.
Esperientzia izatea Osakidetzako kontratazio administratiboari lotuta dauden tresna informatikoen erabileran (SAP, Izapide, Kontratatzailearen profila).
Ofimatikari buruzko ezagutzak izatea (Word, Excel eta Access).
Euskararen ezagutza.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.
Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
Hautagaitzak aurkezteko 10 egun balioduneko epea izango da, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran aurkeztu ahalko dira eskabideak.
Interesdunek Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzara bidali beharko dute eskabidea (Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz), beren datu pertsonal guztiekin eta dokumentatutako curriculum vitaearekin batera.
Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, langile lan-kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.
Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten dokumentu guztien fotokopia konpultsatua.
Merezimendu baloragarriak egiaztatzen dituzten dokumentu guztien fotokopia konpultsatua.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Curriculum Vitae aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan azaldu den moduan; hala ere, izangaiak horren berri eman beharko du eskabidean.
Balorazio Batzordea.
Balorazio Batzordea osatuko da, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 21. artikuluak ezarritakoaren arabera; hortaz, horren burua Giza Baliabideen Hautaketako eta Horniketako zuzendariordea edo haren eskuordea izango da eta kide hauek izango ditu: Azpiegituren zuzendariordea eta goi-mailako teknikari bat (azken horrek idazkari gisa jardungo du eta hitza eta botoa izango ditu)
Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake, eta izangaiei horien berri emango zaie.
Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.
Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta emango dira lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia hutsik uzteko kontuan hartutako arrazoiak.
Hautaketa-prozedura.
Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.
Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariaren ebazpenaren bidez amaituko da honen bidez hasitako prozedura (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea), Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dena.
Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 21a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendaria,
JOSUNE RETEGI ORMAZABAL.