Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ebaluazio-prozesua

Zuen erakundeak euskararen kudeaketa hobetzeko eta hizkuntzaren erabilera areagotzeko dinamikan badihardu, kanpoko adituen ekarpen kualifikatuak jasotzeko aukera emango dizu BIKAINek; horrela, besteak beste, indarguneak sendotu ahal izango dituzu, zer hobetu hauteman, eta aurrera egiteko laguntza jaso.

BIKAINek zuen erakundeari euskararen kudeaketa eta erabileraren aldeko dinamika sortzen lagunduko dio, eta etengabeko hobekuntza-prozesua egonkortzen.

Halaber, ziurtagiriaren bidez orain arte egin duzuen lanaren eta ahaleginaren aitortza jasoko duzue.

HPSk ahalegin berezia egin du hizkuntza-kudeaketaren eta erabileraren egoera jaso eta emaitzak neurtzeko adierazle-sistema berritzen eta erakunde publikoen ezaugarrietara egokitzen: KEMEN. Marko berri horren bitartez;

  • Euskararen erabilera sustatzera bideratutako kudeaketa indartzea bilatzen da.
  • Jarraipen sistematikoa bermatzera bideratuta dago.
  • Erakundeetako kargudunen eta arduradunen inplikazio eta lidergoan jartzen du arreta.
  • Zeharkakotasuna du erronka.

Bikain - Euskararen Kalitate-ziurtagiria eskuratzeko ebaluazioetan parte hartu ahal izango dute erakundeen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema arautzen duen Dekretuan aipatutako erakundeak, eta ESKATZAILE MOTAK atalean jasotakoak.

Aurretik BIKAIN - Euskaren Kalitate-ziurtagiri maila bat egiaztatu duen erakundeak ezingo du ebaluazioa berriro eskatu, harik eta eskatutako azken ebaluazioari dagokion ebazpena eman eta 12 hilabeteko epea pasatu arte. 

Ebaluaziora partzialki aurkeztu nahi duten erakundeak zehazteko aintzat hartuko diren gutxieneko atalak administrazio-unitateak izango dira, indarrean dagoen ebazpenean zehaztutakoaren arabera. Zehaztutako erakunde motek parte hartu ahal badute ere, zenbait muga jartzea ezinbestekotzat jo da, Bikain – Euskararen Kalitate-ziurtagiriaren eraginkortasun, efizientzia eta kalitatea bermatze aldera. Hortaz, Bikain ebaluazioan parte hartu ahal izateko, erakundeek —edo horien administrazio-unitateek— kontuan hartu beharreko zehaztapenak zerrendatu ditugu jarraian: 

Zenbait erakunderen ezaugarri edota izaeragatiko kasu berezien azterketa

Erakunde baten tamainak, langileen kopuruak, egiturak, osaerak zein antolaketak garatuko den ebaluazio-sistema orokorra aplikatzea eragozten dutenean, kasu bakoitzean aztertuko da ebaluazioa egitea bideragarria den, eta bideragarri izatekotan, zein den egiteko modurik egokiena.

Bikain ebaluazioa jaso ahal duten erakunde publikoen administrazio-unitateek honako baldintzak bete behar dituzte ezinbestean:

  • Antolatzeko oinarrizko elementuak izan behar dute, zerbitzu jakin bat eskaintzen diotenak kanpoko edo barruko hartzaile bati. Funtzionalki lotuta dauden eta organikoki burutza berak batzen dituen lanpostu edo plantillako dotazioez osatzen dira, eta berezko izena eta antolaketa-izaera definituta dute.

Horrez gain, ezinbestekoa da:

  • Dotazio batez baino gehiagoz osatutako administrazio-unitatea izatea.
  • Osatzen duen erakunde-egituraren barnean antolatzeko eta kudeatzeko nolabaiteko autonomia-maila izatea.
  • Euskararen erabilera normalizatzeko plan estrategiko eta kudeaketa-plan propioak izatea, edota administrazio-unitate hori barnean hartzen duen erakundearen plan estrategiko eta kudeaketa-planek eragina izatea horretan.
  • Berdintasun Plana izatea, edota administrazio-unitate hori barnean hartzen duen erakundearen Berdintasun Planak eragina izatea horretan.
  • KEMEN adierazle-sistemaren araberako aurkezpen eta autodiagnostikoa  osatzea, horretarako prestatutako eredua baliatuta.

Erakunde Publikoentzako Bikain bulego teknikoak eskumena du eskaerak aztertu eta goian zerrendatutako baldintzak betetzen ez dituzten administrazio-atalak prozesutik baztertzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko http://www.euskadi.eus/nirekarpeta  gunearen bitartez egin beharko da.

Eskaerak egitea eta ebaztea, eta ebaluazioa egiteko epea

Erakunde interesdunek urteko edozein momentutan egin ahal izango dute ebaluazioa jasotzeko eskaera. Nolanahi ere, ebaluazioa ebazteko epea gehienez ere 3 hilabetekoa izango da, kanpo-ebaluazioa onartua izanaren ebazpena jasotzen denetik zenbatzen hasita.

Organo kudeatzaileak eskaerak aztertuko ditu, eta eskatzaileek ebaluazioa jaso ahal izateko ezinbesteko baldintzak betetzen dituztela eta aurkeztu beharreko dokumentazioa zuzen dagoela egiaztatuko du. Ondoren, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariaren ebazpen bidez, eskatzaileetako bakoitzari jakinaraziko zaio kanpo-ebaluazioaren prozesuan parte hartzeko eskaera onartua izan den edo ez, eta onartua izanez gero, zein izango den ebaluazioaren kronograma.

Eskabidea aurkeztu, eta handik 3 hilabeteko epean ebazpenik jasoko ez balitz, administrazio-isiltasunak eskaera ukatua izan dela ulertuko da.

 

Bikain kanpo-ebaluazioaren prozesuaren fase edo eginkizun nagusiak hauek dira:

1.– Erakundeak autodiagnostikoa prestatzea (Aurretxostena) eta eskaerarekin batera aurkeztea.

2.– Kanpo-ebaluazioa egingo duen talde ebaluatzailearen arduraduna harremanetan jarriko da onartutako erakundearekin, Bikain ebaluazio-prozesua azaldu eta zalantzak argitzeko. Horrez gain, erakundeak egin beharreko autodiagnostikoa (Aurretxostena) osatzeko edo zuzentzeko laguntza ere emango zaio erakundeari saio horretan.

3.– Erakundearen autodiagnostikoaren azterketa eta aldez aurreko ebaluazioa + agenda lotzea erakundearekin (talde ebaluatzailearen esku).

4.– Ebaluazio-egunak: erakundeko langileekin kontraste-elkarrizketak egitea.

5.– Ebaluatutako erakundearen ebaluazio-txostena landu eta erakundeari bidaltzea.

6.- Ziurtagiria lortzen duten erakundeei berehala emango zaie ziurtagiri digitala eta berau erabiltzeko estilo-liburua.

7.– HPSek bidalitako gogobetetze-inkestak betetzea erakundeek.

8.– Ebaluazio ostean, ebaluazio-txostenari buruzko zalantzak argitzeko saioa, erakundearen eta talde ebaluatzailearen artean (hautazkoa).

9.– Ziurtagiriak banatzeko ekitaldia