Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

DOBLA Proiektua


Doblak hainbat jarduera uztartzen ditu: koreografiaren arloko profesionalen sare baten garapena eta balioztatzea, prestakuntza-programak, inkubazio-prozesuak, esperimentazioa eta hibridazioa, ibilbide partekatuak eta eragileei zuzendutako laguntza-neurri koordinatuak. Horrez gain, ikerketa-ekintzaren ikuspegia hartzen du bere gain, proiektuaren iraunkortasuna bermatzera bideratutako ekintza espezifiko baten bidez.


Gobernantza-eredua, iraunkortasun-mekanismoak eta erreplikagarritasun-aukerak aztertuz, helburua da kolektiboaren sendotasuna eta moldagarritasuna indartzea, etorkizuneko trantsizioei aurre egiteko, haiei eusteko eta, batez ere, indartuago eta eraldatuago ateratzeko. Horren guztiaren xedea da koreografia-sektore egituratu eta erresiliente baten alde egitea.


Dobla proiektuak Iparraldeko eta Hegoaldeko Euskal Herriko 5 bazkide biltzen ditu:


CCN Malandain Ballet Biarritz (proiektuaren buru den erakundea), Euskal Hirigune Elkargoa, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Errenteriako Udala.


Dobla proiektuaren aurrekontua 1.506.388,60 eurokoa da, eta horren %65 Europar Batasunak kofinantzatzen du Interreg VI-A Espainia–Frantzia–Andorra (POCTEFA 2021-2027) programaren bidez. POCTEFA programaren helburua da Espainia, Frantzia eta Andorraren arteko mugaz gaindiko eremuaren integrazio ekonomiko eta soziala indartzea.

Dobla mugaz gaindiko lankidetza-proiektua da, eta haren helburua da Hegoaldeko eta Iparraldeko Euskal Herriko nahiz Nafarroako koreografia-sektoreko eragileen arteko sare-lana indartzea, sektorearen eredu berri bat eta egituraketa iraunkorrago bat definitzeko, balio-kateko eragile guztiak inplikatuz.
36 hilabetetan zehar garatuko diren 5 ekintza-ildoren bidez, Doblak mugaz gaindiko koreografia-sektorea egituratzeko estrategia bat proposatzen du, elkarren artean lotuta dauden erronka nagusiei erantzuteko: autonomia ekonomikoa, ekoizpenen zabalkunde handia lurraldean eta nazioartean, sorkuntza-prozesuen balio-katearen deskarbonizazioa eta publikoekin harreman berriak eraikitzea.